Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

105. zk., 1998ko ekainaren 8a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitateak eta Ikerketa
2537

ERABAKIA, 1998ko maiatzaren 25ekoa, Hezkuntza sailburuordearena; horren bidez, Helduen Prestakuntzarako berariazko zentro publikoetan arautu gabeko prestakuntza-programak gauzatu ahal izateko baldintzak ezartzen dira, eta zentroei dei egiten zaie 1998-99 ikasturterako proiektuak aurkezteko.

Hezkuntza–Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak hau ezartzen du 51. artikuluan: helduen prestakuntzaren bidez, besteak beste, helduen lanbide-gaitasuna hobetu nahi da, edo beste lanbideetan aritzeko prestakuntza jaso, eta bizitza sozial, kultural, politiko eta ekonomikoan parte hartzeko ahalmena garatu.

Lege honen 53. artikuluan ezarrita dagoenez, legez derrigorrez egin beharrik ez dagoen ikasketa-mailara heltzeko aukera herritar guztiei eskaintzeko, hezkuntza-administrazioek hartu beharreko neurriak hartuko dituzte. Helburu horrekin, probak egingo dira lanbide-heziketako tituluak lortzeko, ezartzen diren baldintza eta kasuetan.

Era berean, ezartzen du hogeita bost urtetik gorakoak Unibertsitatean zuzenean sartu ahal izango direla, proba jakin bat eginda, inongo titulazioren beharrik gabe.

Horregatik guztiagatik, abenduaren 12ko 510/1995 Dekretuak (Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren egitura organikoa ezartzen duena) Hezkuntza Ordezkariordetzari ematen dizkion eskumenei jarraiki,

ERABAKI DUT:

1. atala.– Helburua.

Erabaki honen bidez Euskal Autonomia Erkidegoan Helduen Prestakuntzarako berariazko zentro publikoetan arautu gabeko heziketa-programak emateko baldintzak ezartzen dira, eta zentro horiei dei egiten zaie 1998-99 ikasturtean garatzeko proiektuak aurkezteko.

2. atala.– Programa-mota.

Helduen Prestakuntzako zentro publikoetan eman ahal izango diren arautu gabeko heziketa-programak hauek izango dira: helduen gaitasuna hobetzeaz gain, helduek euren kasa ikasteko ahalmena eta bizitza soziokulturalean zein lan-munduan parte hartzeko ahalmena garatzen dutenak. Alde horretatik, bereziki bultzatuko da: batetik, programa okupazionalak eta lanera bideratutakoak, ikaslea lan-eskaintzaren inguruan orientatu edo lanpostu berriak sortzeko prestatzen dutenak; eta bestetik, gizartean zein lanean murgiltzeko arazo bereziak eduki eta heziketa-behar handia duten giza talde edo sektoreekiko atentzioa.

3. atala.– Irakasleen dedikazio-orduak.

3.1.– Lehen aipatutako heziketa-programetarako irakasleek hartzen duten denbora irakastordu gisa hartuko da. Hortaz, irakasle bakoitzaren ordutegian agertu beharko du.

3.2.– Programa hauetan parte hartzen duten irakasleei ez zaie hori egiteko lan-ordurik murriztuko.

4. atala.– Ratioa.

Programa hauetan, talde bakoitzean 15 ikasle izango dira gutxienez, eta 20 gehienez; bestalde, programa horiek duten balio akademikoaren berri izan beharko dute ikasle guztiek.

5. atala.– Proiektuak.

5.1.– Heziketa-programa hauek eman nahi dituen zentroko irakasleek egin beharko dute heziketa-programaren Proiektua; bertan, programa emateko beharra justifikatu beharko da, eta, horretaz gain, ikasleen kopurua eta horien prestakuntza zehaztu. Aipatutako Proiektuan zehaztu egin beharko dira, halaber, programaren helburuak, edukiak eta ebaluaketa-irizpideak, bai eta zenbat ordutakoa izango den eta denbora nola banatuko den ere. Horretarako, zentroak lurraldeko PATeko Helduen Prestakuntzarako aholkulariaren laguntza jaso ahal izango du.

5.2.– Onartzen diren proiektuak zentroaren urteko planaren barruan sartu beharko dira.

6. atala.– Eskaerak aurkezteko epea.

6.1.– 1998-99 ikasturtean mota horretako programak emateko, eskaerak Lanbide Heziketako zuzendari jaunari bidali behar zaizkio, eta instantziak Erabaki honen I. Gehigarrian agertzen den ereduaren arabera egin behar dira. Zentroari dagokion Hezkuntza lurralde-ordezkaritzan edo azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Komunaren Legea) aurreikusitako bitartekoen bidez aurkeztu beharko dira eskabideak, eta hori egiteko hilabeteko epea izango da, Erabaki hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

6.2.– Programa horietarako eskaera eta, egokia bada, dagokion baimena, bi ikasturtetarako izango da. Bi urteak pasata, baimena berriro eskatu beharko da.

6.3.– Hurrengo ikasturteetan, Lanbide Heziketako Zuzendaritzak urtero dei egingo die Helduen Heziketako zentro publikoei, programa-mota horiek eman ahal izateko eskaerak aurkezteko.

Lehenengo baimena lortzeko edota baimena berritzeko dagokion unean eskaerarik egin ezean, zentroak ikasturte horretan arautu gabeko heziketa-programei uko egiten diela ulertuko da.

7. atala.– Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Zigilatu eta zentroko zuzendariak sinatutako eskaerarekin batera honako agiriak aurkeztu behar dira:

a) Zentroan eman nahi den prestakuntza-programaren proiektua, 5. artikuluan ezarritakoari jarraiki.

b) Ordezkaritza Organo Gorenaren akta; bertan agertuko dira: organo horrek proiektuari emandako onarpena, eskaera, prestakuntza-proiektuaren eta zentroko Proiektu sozio-hezitzailearen arteko egokitze-maila eta, proiektua onartuz gero, hori zentroaren urteko planean sartzeko konpromisoa.

c) Proiektuan parte hartuko duten irakasleen zerrenda; izenez gain, irakasle horien lan-egoera eta proiektua gauzatzeko astean zenbat ordu emango duten adierazi beharko da.

d) Proiektuaren laburpen-fitxa: alderdi garrantzitsuenak, antzeko interes eta proiektuak dituzten zentroei oinarrizko informazioa emateko.

8. atala.– Programak onartzeko irizpideak.

8.1.– Programa hauek onartzeko ez da nahikoa Erabaki honetan ezarritako baldintza guztiak betetzea; horretaz gain, bermatu egin beharko da araututako heziketaren beharrak ondo hornituta daudela. Gainontzean, ez da egokia izango programa horiei baimena ematea.

Programei baimena emateko, hezkuntza-ikuskaritzak dagokion txostena egingo du izena emateko epea bukatzen denean eta irakasleen asteko irakastorduen egutegia egitean.

8.2.– Proiektuak onartu baino lehen, eta proiektuari dagokion programarako baimena eman aurretik, proiektuen balorazioa egingo da, irizpide hauek kontuan hartuta:

a) Proiektuak 2. artikuluan ezarritako prestakuntza-programei eta 5.1. artikuluko edukiei egokitzea.

b) Aurkeztutako proiektuak modu zehatz eta xehean adieraztea.

c) Ikasleen kopurua eta ezaugarriak.

d) Kalitate pedagogikoa.

e) Arautu gabeko ikasketa hauek zonaldeko helduen prestakuntza-beharrei egokitzea.

f) Arautu gabeko ikasketetan zentroak duen ibilbidea.

g) Baimena berritzeko, kontuan izango dira programako bi ikasturteetan lortutako emaitzak; horiek, bete diren helburuen arabera neurtuko dira.

9. atala.– Lurralde-ordezkaritza bakoitzeko Osabidezko Hezkuntzako, Hezkuntza Okupazionaleko eta Helduen Hezkuntzako unitateak eskaerak jasoko ditu 10 eguneko epean, eta horretarako beharrezko informazioa jasoko du hezkuntza-ikuskaritzatik eta PATetik. Txosten horiek Lanbide Heziketako Zuzendaritzara bidaliko dira.

10. atala.– Ebaluaketa Batzordea.

Proiektuen balorazioa horretarako berariaz sortutako Batzordeak egingo du. Batzordeko partaideak hauek dira:

– Horretarako berariaz izendatutako pertsona bat, Lurralde-ordezkaritza bakoitzeko Osabidezko Hezkuntzako, Hezkuntza Okupazionaleko eta Helduen Hezkuntzako unitatekoa.

– Horretarako berariaz izendatutako pertsona bat, Osabidezko Hezkuntzako, Hezkuntza Okupazionaleko eta Helduen Hezkuntzako zerbitzukoa.

– Ikuskaritza zentralak horretarako berariaz izendatutako pertsona bat.

11. atala.– Programak onartzea.

1.– Ebaluaketa Batzordeak proiektuak baloratuko ditu, eta arautu gabeko heziketa-programak emateko baimen-proposamena Lanbide Heziketako zuzendariari bidaliko dio, eta horrek behin-behineko erabakia hartuko du, 8.1. artikuluan aipatzen den hezkuntza-ikuskaritzaren txostenarekin bat etorrita.

2.– Behin-behineko erabakia eta ikuskaritzaren txostena kontuan hartuta, Lanbide Heziketako zuzendariak behin betiko erabakiko du zein programari emango dion baimena eta zeini ez, bai eta baimena ez emateko arrazoiak zeintzuk diren ere.

3.– Erabaki honen aurka errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza-sailburuorde jaunari, hilabeteko epean Erabakia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

12. atala.– Programen segimendua eta ebaluazioa.

Proiektuaren garapenaren segimendua eta emaitzen ebaluazioa zonaldeko hezkuntza-ikuskaritza teknikoak egingo du; horretarako, programa horien bidez lortzea espero ziren helburuak zein neurritan erdietsi diren jasoko du urteko berariazko txosten batean, eta hori Lanbide Heziketako Zuzendaritzari bidaliko zaio.

13. atala.– Agiria.

Ikasleek agiria jasoko dute, egindako ikasketak eta lortutako gaitasunak zeintzuk diren adieraziz.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Lanbide Heziketako zuzendariari baimena ematen zaio Erabaki hau betetzeko behar diren jarraibideak emateko.

Bigarrena.– Erabaki hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 1998ko maiatzaren 25a.

Hezkuntza sailburuordea,

ALFONSO UNCETA SATRÚSTEGUI.

I. eranskina

HP-KO ZENTRO PUBLIKOEK ARAUTU GABEKO PROGRAMAK EMATEKO ESKAERA ORRIA

zentroko zuzendariak,

Ordezkaritza Goreneko Organoaren onarpenaz, honako programa hauek eskatzen ditu 1998-99 ikasturtean bere zentroan emateko:

1.– ESKATUTAKO PROGRAMAK:

1.1.–

1.2.–

1.3.–

1.4.–

1.5.–

2.– PROGRAMA BAKOITZERAKO AURREIKUSITAKO IKASLEAK, EZAUGARRIAK ETA HELBURUAK.

PROGRAMA IKASLE KOPURUA EZAUGARRIAK HELBURUAK 3.– ZENTROAREN IBILBIDEA ARAUTU GABEKO IKASKETEN ESPARRUAN. 96-97 ETA 97-98 IKASTURTEAK:

IKASTURTEA IKASKETA EDO PROGRAMAREN IZENA IKASLEAK LORTUTAKO HELBURUAK

4.– PROIEKTUAN PARTE HARTZEN DUTEN IRAKASLEAK.

IZEN-ABIZENAK ESPEZIALITATEA ASTEAN LAN LANPOSTUA

PROGRAMARI EGOERA

ESKAINITAKO

RDUAK

5.– BALIABIDE MATERIALAK.

INFORMATIKA TALDEAK

GELA KOPURUA

BESTE BALIABIDE BATZUK


Azterketa dokumentala