Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

105. zk., 1998ko ekainaren 8a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitateak eta Ikerketa
2536

AGINDUA, 1998ko maiatzaren 27koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuarena. Agindu honen bidez, Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Mailako Hezkuntza, Bigarren Mailako Hezkuntza eta Hezkuntza Bereziko itunpeko ikastetxeak egokitzeko, handitzeko edo berriak eraikitzeko inbertsioei diru-laguntzak emateko deialdia egiten da.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak 1992tik deitu ditu itunpeko ikastetxeak egokitzeko, handitzeko edo berriak eraikitzeko inbertsioetarako laguntzak, ikastetxe horiek ekainaren 14ko 1004/1991 Errege Dekretuan ezarritako gutxiengoko baldintzak bete ditzaten, eta horrela L.O.G.S.E. Hezkuntza Lege berriaren eskakizunei egokituz. <P ALIGN="JUSTIFY">

1993. eta 1997. urteen bitartean 379 eskakizun izan dira, 26.783.219.000 PTA inguruko laguntza eskatuz, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak 1.590.355.000 PTAko laguntzak ematea erabaki du; beraz, eskatutakoaren %6 eman du.

Legealdi honetan hainbat irakaskuntza-mota berri hasi dira: Haur Hezkuntza, Lehen Mailako Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (ikasturte bat falta da osorik ezartzeko), eta Batxilergoa (ikasturte bat falta da osorik ezartzeko); beste alde batetik, Lanbide Hezkuntzako ikastetxe asko aurrez hasi dira Prestakuntza Zikloak ematen. Ikastetxeek beharrezko inbertsioak egin dituzte aipatutako irakaskuntzei egokitzeko, eta kasu batzuetan hezkuntza proiektuen martxa ona oztopa dezaketen zenbait arazo ekonomiko ekarri dizkie ahalegin horrek.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, ikastetxe horien egoera aztertu du eta euskal hezkuntza sisteman horien eskaintza beharrezkotzat jo du. Itunpeko ikastetxeek Hezkuntzako Erreformara egokitu behar dutela kontuan hartuta, hezkuntza-itunen erregimenak besterik ezar dezakeela alde batera utzi gabe, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak egoki jotzen du inbertsioak finantzatzen laguntzea. Horretarako, ondorengoa

ERABAKI DUT:

1. atala.– Helburua.

Agindu honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Mailako Hezkuntza, Bigarren Mailako Hezkuntza eta Hezkuntza Bereziko itunpeko ikastetxeak egokitzeko, handitzeko edo berriak eraikitzeko inbertsioei laguntzak emateko erregimena arautzea.

2. atala.– Onuradunak.

Deialdi honen onuradunak izan daitezke EAEko ikastetxe pribatuetako titularrak, eta eskaria aurkezten den egunean itunpean dauden ikastetxeetako titularrak.

3. atala.– Laguntza jaso dezaketen jarduerak. Alde batetik, baldintza hauek bete behar dituzte ikastetxeek laguntzak jasotzeko: erakunde finantzarioekin, deialdi honetan ezarritako baldintzetan, sinatutako maileguak izatea; mailegu hori EAEko Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Mailako Hezkuntza, Bigarren Mailako Hezkuntza eta Hezkuntza Bereziko itunpeko ikastetxeak egokitzeko, handitzeko edo berriak eraikitzeko behar diren inbertsioak finantzatzeko eskatzea itunpeko ikastetxeko titularrak; Hezkuntzako Erreformagatik izatea; eskaria aurkeztu bai baina laguntzarik lortu ez izana, edo aurreko deialdietako Erabakiek onartutako inbertsioaren %50 baino gutxiagoko laguntza jaso izana. Aurreko deialdi horiek 1993ko uztailaren 13, 1994ko maiatzaren 31, 1995eko uztailaren 18, 1996ko maiatzaren 14, eta 1997ko apirilaren 8ko Aginduetan jasotzen dira; edo, azkenik, 1997ko eskariak izatea, zegokien deialdian aurkeztu izan ez arren.

Bestetik, erakunde finantzarioekin, deialdi honetan ezarritako baldintzetan, sinatutako maileguek ere laguntza jaso dezakete, 1998ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako inbertsioak finantzatzeko, inbertsio horiek bukatzeko gehienezko epea 1999ko irailaren 1a denean.

Deialdi honetatik kanpo geratuko dira aurreko deialdietan onartutako kopuruaren %50 jaso duten inbertsioak. Aurreko deialdi horiek 1993ko uztailaren 13, 1994ko maiatzaren 31, 1995eko uztailaren 18, 1996ko maiatzaren 14, eta 1997ko apirilaren 8ko Aginduetan jasotzen dira.

Era berean, deialdi honetatik kanpo geratuko dira benetako inbertsioak hornitzeko izan diren edo diren lanak, indarrean dagoen hezkuntza-itunari buruzko arauak ezarritakoaren arabera.

4. atala.– Eskariak aurkeztea.

Diru-laguntzako eskariak Agindu honetako eranskinetan datorren ereduaren araberakoak izango dira. Eskariarekin batera, ondoren zehazten diren dokumentuak aurkeztuko dira:

1.– Dokumentu orokorrak:

a) Eskariaren sinatzaileak laguntza eskatzeko ahalmen nahikoa daukala bermatzen duen legezko dokumentua.

b) Betebehar sozial eta zerga-betebeharrak bete direla ziurtatzen duen agiria, Ogasun eta Finantza Sailaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan jasotakoaren arabera (urriaren 15eko EHAA).

c) Helburu berarekin udaletxe edo EAEko, herrialdeko edo tokiko beste edozein administrazio publikoko laguntzarik hartu bada, laguntza horiek eman direla ziurtatzen duen agiria.

2.– Egindako inbertsioen maileguei dagokienez:

a) Teknikari aginpidedunak sinatu eta dagokion elkarte ofizialak onetsitako proiektua. Proiektu horrek derrigorrez izango ditu ikastetxe osoko planoak, 1/100 edo 1/200 eskalan, aldaketa edo zabalketa egin baino lehen eta ondorengoak. Kasu guztietan argi adieraziko da espazio bakoitzaren helburua eta bere azalera erabilgarria.

10.000.000 PTA baino gutxiagoko lanak egiteko, eta udalak ez badu eskatzen, ez dira elkartearen onespena ez eta teknikari aginpideduna ere beharko. Kasu horretan ezinbestekoa izango da udalak emandako lan-baimena aurkeztea. Gainerako dokumentu guztiak proiektu modura aurkeztuko dira, aurreko atalean zehaztutako dokumentuak izanik.

b) Egindako inbertsioa justifikatzeko, jatorrizko fakturak edo fotokopia konpultsatuak eta lanaren likidazioa aurkeztu beharko dira. Likidazio horretan, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak kontratatzen dituen lanetarako eskatzen diren dokumentu berdinak aurkeztu beharko dira, hain zuzen ere:

– Argibide-memoria

– Egindako neurketak

– Aurrekontu konparatiboa

– Lana hartu denaren akta. Bertan parte hartuko dute ikastetxearen ordezkariak, lanaren zuzendariak eta kontratadunak.

c) Ikastetxeak berak kudeatu badu lana, gremio eta hornitzaileak kontratatuz, kontratista bakarra ez egotea gerta daiteke, eta zaila izatea lana hartu denaren akta sinatzea. Kasu horretan, ikastetxearen titularrak akordio bat idatziko du lanak amaitutzat hartuz. Horrekin batera, hornitzaile eta gremio guztiak agertzen diren zerrenda aurkeztuko du, bai eta bakoitzari ordaindutako kopurua ere. Kopuru osoa eta aurkeztutako fakturen batuketa eginez ateratzen den kopurua berdinak izango dira.

d) Ikastetxearen titularra ez bada inbertsioa egingo den lekuaren jabe, alokairu edo lagapen kontratua aurkeztuko da eta, behar izanez gero, jabearen baimena lanak egiteko.

e) Inbertsioak finantzatzeko, mailegu-erakundeek emandako maileguen ziurtagiriak. Bertan egongo dira maileguen baldintza guztiak, eta eskariaren egunean daukaten egoera.

Azkenik, 2. atal honetako a), b), c) eta d) azpiataletan zehaztutako dokumentuak aurkezteko salbuetsita egongo dira Agindu honetako 3. atalak jasotzen dituen deialdietan aurkeztu dituztenak.

3.– Amaitu gabeko lanak edo egitekotan dauden lanak finantzatzeko diren maileguei dagokienez, aurreko ataleko a) eta d) azpiataletan zehaztutako dokumentuak aurkeztuko dira. Era berean, e) azpiatalean zehaztutakoa edo/eta ikastetxeko titularraren konpromisoa aurkeztuko da, hain zuzen ere inbertsioak finantzatzeko mailegua erakunde finantzarioei mailegua eskatzeko konpromisoa. Edozein kasutan ere, salbuetsita egongo dira Agindu honetako 3. atalak jasotako deialdian eskaria aurkeztu dutenak.

Eskariak, behar bezala beteta eta beharrezko dokumentuekin, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren lurralde ordezkaritzetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Komunaren azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. atalean zehaztutako lekuetan aurkeztuko dira. Horretarako, 30 eguneko epea izango da, Agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

5. atala.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Lurralde ordezkaritzek Baliabide eta Kontratazio Zuzendaritzari bidaliko dizkiote jasotako eskabideak, Unitate Teknikoaren txostenekin batera. Hori guztia bidaltzeko ez dituzte 30 egun baino gehiago hartuko, laugarren atalean eskariak emateko zehazten den epea bukatzen denetik hasita.

6. atala.– Emandako eskarien akatsen zuzenketa.

Baliabide eta Kontratazio Zuzendaritzak akats edo zehaztu gabeko gauzaren bat aurkitzen badu, eskatzaileari jakinaraziko dio eta 10 eguneko epea emango dio hori zuzentzeko. Epe hori bukatzen denean ez badira akatsak zuzendu, eskaria beste izapiderik egin gabe artxibatuko da.

7. atala.– Epaimahaia.

Eskariak aztertu, sailkatu eta aukeratzeko balorazio-batzorde bat sortuko da, eta honakoak izango dira batzordekideak:

– Baliabide eta Kontratazio zuzendaria, presidente lanetan. – Ikastetxeetako zuzendaria edo berak izendatutako pertsona. – Lanbide Heziketako zuzendaria edo berak izendatutako pertsona.

– Baliabide eta Kontratazio Zuzendaritzako teknikari bat, idazkari lanetan; hitza izango du, baina botorik ez.

Balorazio-batzorde horrek Estrategia eta Planifikazio sailburuordeari bidaliko dio proposamena. Bertan jasoko dira aukeratutako ikastetxeak eta laguntza bakoitzaren kopurua.

8. atala.– Diru-laguntzak emateko irizpideak. Ezin badira aurkeztutako eskari guztiak onartu, aurrekontua gainditzen dutelako, baremo hau erabiliko da puntuak emateko:

a) Baimena lortzeko baldintzak betetzen dituzten inbertsioak, 1004/1991 Errege Dekretuko aldibaterako xedapenek jasotakoaren arabera: 10 puntu.

b) Urritasun-egoerak ezeztatzeko diren inbertsioak. Inbertsio horiek alokairuan hartutako lokalak, ikasgela prefabrikatuak, etxebizitzetako beheko solairuak, eskolatzeko desegokitzat jotzen diren lekuak izango dira: 8 puntu.

c) Ikastetxeak aipatutako Errege Dekretuko aldibaterako xedapenek ezarritako baldintzak bete arren, dekretu bereko I., II., III., IV. eta V. Idazpuruetan eta xedapen gehigarrietan ezarritako baldintzak betetzen laguntzen duten inbertsioak: 6 puntu.

d) Ikastetxeak aurreko paragrafoan ezarritako baldintzak bete arren, bertan ikasten duten haurren kopururako lekurik ezagatik espazioak zabaltzeko diren inbertsioak: 4 puntu.

9. atala.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, onartutako inbertsioaren kopurua zehaztu beharko da. Inbertsio hori beharrizan-programa betetzeko behar diren inbertsioen zerrendak ezarriko du. Horretarako, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak hezkuntza-mailetarako egindako plana eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak 1997ko apirilaren 8an emandako Aginduko 5.c) atalean jasotako ekonomia-modulua hartuko dira oinarritzat.

Onartutako inbertsioaren zenbatekotik, Agindu honetako 3. atalean jasotako deialdien erabakiak betez emandako diru-laguntzaren bikoitza kenduko da, hala badagokio.

Kenketa horretatik geratzen den kopuruari edo, kenketarik ez badago, onartutako inbertsioari aurrerantzean eman daitekeen diru-laguntza esango diogu, eta hori hartuko da diru-laguntza kalkulatzeko oinarritzat. Hala ere, ikastetxeak diru-laguntzaren eskaria egiten duenean, mailegu-erakundeekin daukan zor erreala baino altuagoa bada kopuru hori, mailegua hartuko da oinarritzat.

Diru-laguntzak amortizazioaren %40 eta interesaren %40, hau da, %2,4, beteko ditu, 8 urterako den eta kuota jarraia daukan mailegu batean. Diru-laguntzaren zatirik nagusia aurreko paragrafoan ezarritako eman daitekeen diru-laguntza izango da.

Agindu honen helburu diren inbertsioak finantzatzeko, mailegu-erakundeekin maileguak hitzartuta izango dituzte itunpeko ikastetxeetako titularrek. Mailegu horiek sortzen duten kuota baino txikiagoa izango da urteko diru-laguntza hori. Beste alde batetik, diru-laguntza ezeztatuta geratuko da maileguak erabat amortizatzen direnean.

10. atala.– Bateragarritasunak.

Deialdi honek aipatzen dituen laguntzak beste edozein administrazio publikok emandakoarekin batera daitezke, kopuru guztien batuketa ez bada eman daitekeen diru-laguntza baino altuagoa. Altuagoa bada, Agindu honek ematen duen diru-laguntzari gehiegizko kopurua kenduko zaio.

Era berean, hezkuntza-itunaren barruan dagoen eskola-unitateko euste-modulu ekonomikoaren berritze eta inbertsio partida jasotzearekin batera daitezke.

11. atala.– Erabakia.

Egindako inbertsioen maileguei dagozkienez, Estrategia eta Planifikazio sailburuordeak behin-betiko erabakia hartuko du. Erabaki hori 1998ko uztailaren 1etik aurrera egongo da indarrean.

Bukatu gabeko edo egiteko asmoa dagoen inbertsioen maileguak direnean, eskaria egiten denean gauzatuta egon ala ez, Estrategia eta Planifikazio sailburuordeak emakida-erabakia hartuko du. Inbertsioa justifikatzen duten agiriak eta emandako maileguen ziurtagiriak aurkezten direnean, Agindu honen 4. atalak jasotako moduan, kitapen-erabakia hartuko du Estrategia eta Planifikazio sailburuordeak. Egindako inbertsioa eta gauzatutako maileguak justifikatzen dituzten agiriak aurkezteko azken eguna 1999ko irailaren 30a izango da. Agiriak ez badira egun horretarako aurkezten, eskuratutako diru-laguntza galdu egingo da.

Kasu horietan, kitapen-erabakiaren egunetik aurrera izango du eragina diru-laguntzak.

Goian aipatutako erabakiek ez dute administrazio-bidea ixten, eta euren aurka errekurtso arrunta jartzeko aukera izango da, hilabetez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari zuzenduta.

12. atala.– Ikastetxe onuradunen betebeharrak.

Agindu honek arautzen duen diru-laguntza hartzen duten ikastetxeek ondorengoak bete beharko dituzte derrigorrez:

a) Emandako diru-laguntza onartu. EHAAn argitaratu, diru-laguntza eman eta hamabost eguneko epean ikastetxe onuradunek ez badiote uko egiten, beren-beregi eta idatziz, diru-laguntza onartu egiten dela ulertuko da.

b) Diru-laguntza bere helbururako erabili.

c) Ekonomi Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dieten informazioa eman, deialdi honen bidez hartutako diru-laguntzekin lotutako jarduerak burutzeko.

13. atala.– Diru-laguntzaren ordainketa.

Deialdi hau indarrean dagoen bitartean, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak hiruhileko bakoitzaren amaieran ordainduko dio ikastetxe bakoitzeko titularrari sail horrek onartutako diru-laguntza. Horretarako, ikastetxeetako titularrek hiruhileko horretan ordaindu beharreko zenbatekoak mailegu-erakundeei ordaindu dizkietela ziurtatu beharko dute.

Eskariak aurkezten direnean bukatu gabe edo egiteko asmoa dagoen inbertsioen maileguen kasuan, Agindu honen 11. atalak aipatzen duen kitapen-erabakia hartzen denean ordainduko da diru-laguntza.

14. atala.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartzen diren baldintzak aldatzen badira, laguntzaren helburua bete bada eta, horrela bada, beste edozein erakunde publiko ala pribatuk emandako beste laguntza batzuk hartu badira, diru-laguntza ematen duen erabakia alda daiteke.

Horretarako, Baliabide eta Kontratazio Zuzendaritzak kitapen-erabakia hartuko du, eta bertan berrezarriko da diru-laguntzaren zenbatekoa.

15. atala.– Ez betetzeak.

Agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, diru-laguntza kenduko da. Kopururik hartu bada itzuli egin beharko da, bai eta dagozkion berandutze-interesak ere. Hala ere, beste erantzukizun batzuk egon daitezke. Hori guztia, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura betez (26. EHAA, 1992ko otsailaren 7koa).

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.– Agindu honek arautzen ez duen egoerarik gertatzen bada, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak ezarritakoa beteko da. Bigarrena.– Deialdi honen aurka eta beronetik datozen jarduera guztien aurka egiteko aukera izango dute ikastetxe interesatuek, Herri-Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Komunaren azaroaren 26ko 30/1992 Legeak ezarritako epean eta moduan. Hirugarrena.– Agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 1998ko maiatzaren 27a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

INAXIO OLIVERI ALBISU.

I. ERANSKINA

Ekainaren 14ko 1004/1991 Errege Dekretuan (1991ko ekainaren 26ko BOE) ezarritako eskakizunak betetzeko, espazioak egokitzeko obrak egiteko izendatutako diru-laguntzetarako eskaria.

Ikastetxea:

Kode-zenbakia:

Telefonoa:

Udalerria:

P.K.:

jaunak/andreak,

adinez nagusia, NAN zenbakia: non eman zen: eguna , egoitza (herria) , kalea , zenbakia , P.K. , telefonoa , aipatutako ikastetxeko titularra den ren izenean, eskritura publiko bidez eratua, (honekin batera doana), zenbakia:

, non eman zen:

notarioaren aurrean.

Inbertsio-proiektu hau pezetako diru-zenbatekoa da,

BEZ eta ordainsariak barne.

Erantsitako agiriak:

n Eskariaren sinatzaileak laguntza eskatzeko ahalmen nahikoa daukala bermatzen duen eskritura publikoa, 4.1.a) idazatia betez.

n Ogasun eta Gizarte Segurantzaren ziurtagiria, 4.1.b) idazatia betez.

n 4.1.c) idazatiak aipatzen dituen diru-laguntzak jaso edo eskatu ez izanaren zinpeko aitorpena. Hala gertatu ezik, diru-laguntzaren eskaria edo emakida egiaztatzen duen agiria.

n Teknikari aginpidedunak sinatu eta dagokion elkarte ofizialak onetsitako proiektua, 4.2.a) idazatia betez, eta obraren deskribapena, II. eranskinari jarraiki. (Proiektua ez da aurkeztu behar 3. atalak jasotako deialdietan aurkeztu bada.)

n Alokairu edo lagapen-kontratua eta obra egiteko baimena (4.2.d) idazatian jasotako kasuan baino ez).

n Inbertsio berriak egiteko baimenak edo lizentziak lortzeko oztoporik ez dela ezagutzen adierazten duen zinpeko aitorpena.

n Udalak emandako obra-baimena (10.000.000 pezetatik beherako obretarako baino ez, 4.2.a) idazatiak jasotzen duen moduan.) n Inbertsioa finantzatzeko, mailegu-erakundeek emandako maileguen ziurtagiriak, 4.2.e) idazatiak jasotakoa betez.

n Bukatu gabe edo egiteko dauden obrak gauzatzeko, ikastetxeko titularren konpromisoa mailegu-erakundeei maileguak eskatzeko (III. Eranskina).

Aipatutako ikastetxean egin beharreko inbertsio-gastuak ordaintzeko diru-laguntza eskatzen du, .......................... ko Aginduan ezarritakoaren arabera. Ikastetxearen agiriak honekin batera doaz. Aldi berean, alor horri buruz Aginduan ezarritakoa betetzeko eta horri eusteko hitza ematen du.


Azterketa dokumentala