Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

105. zk., 1998ko ekainaren 8a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Industria, Nekazaritza eta Arrantza
2534

ERABAKIA, 1998ko maiatzaren 4koa, Industri, Energi eta Meategien Administrazioko zuzendariarena, "Euskadiko Gas Balztua, SA" merkataritza-erakundeari administrazio-emakida ematen diona, gas natural bideratua banatzeko, bai etxeetan bai merkataritzan, Anoetan, Gipuzkoan. Espediente zk.: 24.110/CGA 19/96/A.u.

GERTAKARIAK

1.– Esandako lurralde-bulegoan, 1996ko otsailaren 27an, «Naturgas, SA» merkataritza-erakundeak administrazio-emakida eskatu zuen, gas natural bideratua banatzeko, etxeetan eta merkataritzan, Anoetan, 75 urtetan. Eskabidearekin batera egitasmoa aurkeztu zuen, eta horren ezaugarriak ondokoak dira:

– Elikadura: industriarako erabiliko den sarerako lotura zuzena, Anoetan industria-emakida hartu duen «Sociedad de Gas de Euskadi, SAk» proiektatua.

– Banaketa-sarea: dentsitate erdiko polietilenozko hodia, 1.026 m-ko luzera duena, 110, 90 eta 63 mm-ko diametroetakoa.

– Zerbitzuko gehieneko presio erlatiboa: B presio erdia.

– Merkataritza eta etxerako sare hori Anoetan baino ez da jarriko.

– Aurrekontua: guztira, hamahiru milioi hirurehun eta hogeita hemezortzi mila pta (13.338.000,- PTA).

– «Naturgas, SAk» 96/02/27ko eskabidean agertutako beste ezaugarri teknikoak lurralde bulego honetan dagoen espedientean azaltzen dira. 2.– Eskabide hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian agertu zen, 1996ko apirilaren 16an; Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, 1996ko apirilaren 1ean, eta «El Diario Vascon», 1996ko martxoaren 28ko argitalpenean. Horren guztiaren bidez, «jendeari ezagutarazteko» izapidea bete da, urriaren 26ko 2913/1973 Dekretuak onartutako Erretzeko Gasen Zerbitzu Publikoaren Araudi Orokorraren 11. artikuluari jarraituz.

3.– «Jendeari ezagutarazteko» epean - 96/05/22an amaitu zen hori - ez zen inolako eskabide edo egitasmo aurkeztu, «Naturgas, SAk» 96/02/27an aurkeztutakoekin lehian aritzeko.

4.– Anoetako Udalak, 96/05/6an, alkateak sinatutako 96/05/3ko ofizioaren bidez, «egitasmoari buruzko eritzien txostena» bidali zuen hona. Txosten hori alegaziotzat jo eta espedientearekin batera jarri zen eta, Anoetako Ordezko Arauen arabera, bertan «plan berezia» eskatzen zen, gasa etxeetan eta merkataritzan, baita industrietan, banatzeko, proposatuko den trazadurak ordezko arau horiek errespetatu behar dituela esanda. Arau horiek eguneratzen ari dira. Gainera, txostenak agintzen du hainbat lur—eremutan -jendeari ezagutarazteko egitasmoan agertzen ez ziren hainbatetan- fasez fase aritzea. Azkenik, komunikazioak bideratzeko lanak obrarekin batera egingo direla ziurtatzea eskatu da.

5.– Bestalde, 96/05/28an, aurreko lurralde-ordezkaritzak «Naturgas, SAri» eman zion Anoetako Udaletxeak 96/05/6an aurkeztutako alegazioaren berri, enpresa horrek horri erantzuteko.

6.– Maiatzaren 28ko 123/96 Dekretuaren bidez, Eusko Jaurlaritzak onartu zuen zurgapen bidezko bategitea: «Euskadiko Gas Balztua, SAk» «Naturgas, SA» enpresa irentsi zuen. Horren ondorioz, «Naturgas, SA» desagertu egin zen. Eragiketa hori guztia eskritura publikoan jasota geratu zen, 1996ko uztailaren 15ean.

7.– Aurreko «lurralde-ordezkaritzak», 96/08/23ko idazkiaren bidez, eskatu zion «Euskadiko Gas Baltzua, SAri» 96/05/28ko idazkiari erantzutea. Hori desagertutako «Naturgas, SAri» bidali zitzaion hasiera batean, 96/02/27an eskatutakoaren onuraduna izango zenari, baina enpresa zurgatzailearen eskuetan geratu zen, azkenean.

8.– Geroago, 96/11/12an, «Euskadiko Gas Baltzua, SAk» erantzuna eman zien Anoetako Udaletxeak aurkeztutako alegazioei, 96/11/4ko idazkiaren bidez. Bertan zera azaltzen zen: «96/10/29an Anoetako Udaletxearekin (José M.ª Sarasola Alkatearekin eta udaletxeko arkitekto-aholkularia den Labayen jaunarekin) bilera bat egin da, eta udaletxekoei administrazio-emakidaren gaia azaldu zaie, baita emakida lortuz gero egingo diren plan zuzendaria eta eraikuntza-egitasmoak. Bestalde, osoko bilkuran erabaki bat hartzeko beharra jakinarazi zaie, Udaletxeak gasa udalean banatzeko eskubidea berarentzat gorde ala horri uko egitea erabaki dezan.

9.– Udaletxeak bere alegazioak egin zituen eta aurreko «lurralde-ordezkaritzak», horra bidali zuen «Euskadiko Gas Baltzua, SAk» alegazioei emandako erantzuna, 96/11/14ko idazkian. Horrekin batera, lurralde zuzendaritzak udalari gogorarazi zion aldez aurretiko eskubideari «baiezkoa» edo «ezezkoa» eman behar ziola, artean adierazi gabe baitzegoen -gasez hornitzeko zerbitzuari dagokionez-. Adierazpen hori egitea eskatu zuen «gasezko erregaiekin zerikusia duten ekintzak modu koordinatuan gauzatzeko arauei buruzko» ekainaren 15eko 10/1987 Legeak, «Toki Jaurpidearen Oinarriak» arautzen dituen apirilaren 2ko 87/1985 Legeari lotuta.

10.– Udal idazkariaren 97/01/27ko idazkiaren bidez, Anoetako Udaletxeak jakinarazi zion aurreko lurralde-ordezkaritzari udalbatzak 96/12/5ean izandako ohiko bileran erabakitakoa. Hona hemen: «Alkateak udalbatzari azaldu dizkio «Naturgas» eta «Repsol» enpresekin izandako elkarrizketa, Anoetara gas naturala ekartzeko egin zena, eta enpresen proposamenak:/ -Repsolek urtebetean egingo luke lana eta udalean gas-depositua jarriko luke./ -Naturgasek hiru urtetan egingo luke, eta ez luke inolako depositurik jarriko./ -Enpresa horiek zerbitzua eman ahal izateko, udaletxeak bere kabuz hornitzeko duen eskubideari uko egin behar dio, eta alkateak honakoa proposatu du: uko egiteko bi baldintza jartzea, hau da, herri osorako plan berezia egitea./ -Alkatearen proposamena aho batez onartu da».

11.– Aurreko lurralde-ordezkaritzak, 97/02/20an, Anoetako Udaletxeari errepikatu zion erreferentziako espedientean «Naturgas, SA» enpresa bakarrik agertzen zela administrazio-emakidaren eskatzaile bezala. Geroago agertu zen bertan «Euskadiko Gas Baltzua, SA», besteak irentsia. Horrekin batera, lurralde erakundea oraindik udalbatzaren erabakien zain zegoela jakinarazi zitzaien - ikus Gertakari hauen 9. puntua -.

12.– Ondoren, 97/04/1ean, Anoetako Udaletxeak, alkatearen 97/03/19ko idazkian, honakoa jakinarazi zion aurreko lurralde-ordezkaritzari: «1996ko abenduaren 5eko osoko bilkuran egin ziren jakinarazpenak, udalean gas naturalaz hornitzeko interesa zuten beste guztiei zuzendutakoak, udalbatzak kudeaketaren berri emateko asmoz egin zituela. Inola ere ez zen zalantzan geratu udaletxeak berak hornitzeko eskubideari uko egin ziola. Hala ere, emakidaren hartzaileari ezarri zizkion, bilerako aktan dioenez, plan berezi bat egiteko eta hornidura herri osora zabaltzeko baldintzak».

13.– Aurreko lurralde-ordezkaritzak, 97/04/8ko idazkian, Anoetako Alkateari honakoa jakinarazi zion, horrek bidalitako idazkiari erantzuteko: «Zuk 97/03/19an bidalitako idazkia irakurrita, badirudi udalak hornitzeko eskubideari uko egiteko asmoa duela. Hala ere, gaur arte udalak bidalitako gutunetan ez da ukorik agertu. /-Beraz, udalbatza osoaren erabakiak nola hartu eta jakinarazi gogorarazten dizugu; hau da, udal idazkariak erabakiaren berri eman behar duela, ziurtagiri batean, alkatearen oniritziarekin».

14.– Anoetako Udalak, 97/06/27an, jarduneko idazkariaren 97/06/23ko idazkiaren bidez, bertan alkatearen oniritzia agertuta, honakoa jakinarazi zion aurreko lurralde-ordezkaritzari: «Udalbatzak, 1997ko maiatzaren 6ko ohiko bileran, honakoa erabaki zuen: aurreko guztia ikusita, udalbatzak, legeak agindutako gehiengoa lortuta, honakoa erabaki du:/ Lehenengoa: udaletxeak zerbitzua bere gain hartzeko duen eskubideari uko egiten dio. Erreserba egiteko aukera ematen zion«gasezko erregaiekin zerikusia duten ekintzak modu koordinatuan gauzatzeko arauei buruzko» ekainaren 15eko 10/1987 Legeak, bere 1. artikuluaren 3 lerroaldean. / Bigarrena: emakida hartuko duen enpresa Naturgas, SA izango da. / Hirugarrena: erabaki hau bi baldintzarekin hartu da, plan berezia egiteko eta hori udal osora zabaltzeko baldintzak, alegia. / Laugarrena: Eusko Jaurlaritzako Industria eta Energia Sailaren lurralde-ordezkaritzari erabakiaren berri ematea.»

Gertakari horiei ondokoa dagokie:

ZUZENBIDE OINARRIAK

1.) Erabaki hau hartzeko eskumena Industria, Energia eta Meategien Administrazioko Zuzendaritzari dagokio, urriaren 14ko 227/1997 Dekretuari jarraituz. Dekretu horrek Industria, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren organo- eta funtzio-egitura ezarri zuen.

2.) «Gas Zerbitzu Publikoaren Araudia» den urriaren 26ko 2913/1973 Dekretuaren 11 artikuluan aipatzen den berriemate-epea bukatu egin da, eta inolako eskabide edo egitasmorik ez da lehian sartu; horrez gain, «Naturgas, SAk» («Euskadiko Gas Baltzua, SAk» gero zurgatu zuena) 96/02/27an lurralde-ordezkaritza honetan aurkeztutako eskabide eta egitasmoari buruz ez da inolako alegaziorik aurkeztu.

3.) Anoetako Udaletxeak 97/06/23ko ohiko bileran erabaki zuen gasez hornitzeko zerbitzua bere gain ez hartzea. Ahalmen hori «gasezko erregaiekin zerikusia duten ekintzak modu koordinatuan gauzatzeko arauei buruzko» ekainaren 15eko 10/1987 Legeak eman zion, «Toki Jaurpidearen Oinarriak» arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearekin harremanetan.

4.) «Euskadiko Gas Baltzua, SAk» 2913/1973 Dekretuaren 10. artikuluak eskatutakoa bete zuen: eskabidea, burutzeko epea, hornidura hastea eta egitasmoa (memoria, bideratzeen plano orokorra eta aurrekontua), eta, horrekin batera, hornidura-bermea, ustiaketaren erregimen ekonomikoa eta B presio erdiko sareen arau teknikoak, bai eraikuntza bai mantenimenduari dagozkienak.

eta 5.) «Euskadiko Gas Baltzua, SAk» esperientzia du gasa banatzen, bere etxe- eta merkataritza-arloaren bidez, hau da, «Naturgasen» bidez, bai etxeko bai merkataritzako erabilerarako, lurralde historiko honetan (sareak jarri eta mantentzen ditu; hornidura bermatu eta zerbitzua kudeatzen du). Hori bere eskabidean eta bere memoria teknikoan agertu du.

Horregatik guztiagatik, honakoa

ERABAKI DUT:

1. atala.– «Euskadiko Gas Baltzua, SA» enpresari administrazio emakida ematea, gas naturalaz hornitzeko zerbitzu publikoaz ardura dadin, bai etxeko bai merkataritzako horniduraz, Anoetan, Gipuzkoako Lurralde Historikoan.

2. atala.– «Euskadiko Gas Baltzua, SA» enpresak lortutako emakidak honako baldintzak beteko ditu:

1.– «Euskadiko Gas Baltzua, SAk» bi hilabeteko epea izango du 266.760, berrehun eta hirurogeita sei mila zazpiehun eta hirurogei pezetako fidantza (edo fidantzak) emateko, instalazioa burutuko duela bermatzearren, ekainaren 15eko 10/1987 Legearen 7. artikuluari jarraituz. Fidantza Euskal Herriko Gordailuen Kontu Zentralean sartuko da, dirutan edo estatuko baloreetan, edo banku-abaletan, uztailaren 21eko 1775/1967 Dekretuaren 11. artikuluko 3. atalean agindu zen bezala; edota aseguru-erakunde batzuen aseguru-kontratuaren bidez. Erakunde horiek hiru arau hauen pean daudenak izango dira: 1954ko abenduaren 16koa eta Aseguru Pribatua arautzen duen abuztuaren 2ko 33/1984 Legea eta, azkenik, ekainaren 6ko 1255/1986 Dekretua, Espainia Europako Elkarteko Tratatuaren baldintzei egokitzeko.

Fidantza «Euskadiko Gas Baltzua, SAk» berreskuratuko du, behin instalazioak baimenduta eta muntatzeko baimeneko epeetan eraikita, eta martxan jartzeko akta eginda.

2.– Urriaren 26ko 2913/1973 Dekretuak onartutako Erretzeko Gasen Zerbitzu Publikoaren Araudi Orokorraren 8. artikuluko a) eta b) puntuei eta 21. artikuluari jarraituz, behin erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik, urtebetea dauka enpresak ordezkaritza honetan instalazioak burutzeko baimena eskatzeko, dagokien egitasmo zehatza aurkeztuz.

«Euskadiko Gas Baltzua, SAk» instalazioak martxan jartzeko akta sinatzen den egunetik aurrera hilabetea dauka gas naturala bideratzen hasteko.

3.– Instalazioek Gas-erregaien Sartune eta Sareen Araudiak agindutakoa bete beharko dute. Araudi hori 1974ko azaroaren 18ko Industria Ministeritzaren Aginduak onartu zuen, eta gero Industria eta Energia Ministeritzaren 1983ko urriaren 26ko eta 1984ko uztailaren 6ko Aginduek aldatu zuten.

Instalazioen ezaugarriak gasaren arloko teknologia-aurrerapenei egokitzeko gauza izango dira, hornidura malguago eta seguruago izan dadin. Beraz, gasa bideratzeko sistemak etengabe berriztatu eta hobetu behar dira, eskumena duten organoen aginduei jarraituz.

Hornituko den gasaren ezaugarriak aldatzeko, edo bere ordez beste bat banatzeko, ezinbestekoa izango da Industria, Energia eta Meategien Administrazioko Zuzendaritzaren baimena lortzea. Horrela agintzen du Erretzeko Gasen Zerbitzu Publikoaren Araudiak, urriaren 26ko 2913/1973 Dekretuak onartutakoak.

4.– Emakida lortu duen enpresak hornidura egokia burutu beharko du, eta instalazioak behar bezala mantendu, matxurak konpondu, kexei erantzun eta, oro har, erabiltzaileei arreta eman. Instalazioak kontserbatzeaz arduratuko da, eta ondo funtzionatuko dutela ziurtatuko du, Erretzeko Gasen Zerbitzu Publikoaren Araudiaren 27. artikuluak agintzen duen bezala. Horrek betebeharrak ezartzen dizkie bai emakida lortu duenari bai instalazio edota hornidurarekin zerikusia duten pertsona fisiko eta erakundeei.

5.– Gasa saltzeko tarifak jartzean, enpresak horiei dagozkien arauei jarraituko die.

6.– Emakida lortu duena esandako araudien pean geratuko da, baita honekin batera doan polizaren pean eta erretzeko gasak, eta hornitzeko instalazioen gaineko eskumena duten organismoek emandako beste arau guztiak ere errespetatu beharko ditu.

7.– Emakida hau hirurogeita hamabost urterako eman da, erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik.

Aurkeztutako egitasmoko instalazioak emakida eman duen administrazioak hartuko ditu, jabe gisa, emakidaren epea amaitu eta gero.

8.– Eusko Jaurlaritzaren Industria, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Industri, Energi eta Meategien Administraziorako Zuzendaritzaren Gipuzkoako Lurralde Bulegoa arduratuko da erabaki honetako baldintzak zehatz-mehatz beteko direla.

Martxan jartzeko akta egin aurretik, Gipuzkoako Lurralde Bulegoak obra—zuzendaritzako azken egiaztagiria eskatuko du, dagokion teknikariak sinatu eta dagokion elkargo ofizialak baimenduta. Bertan, instalazioak eraikitzean egitasmoko arauak errespetatu direla frogatu behar da; era berean, lurralde-ordezkaritzaren arau zehatzei jarraitu zaiela eta, oro har, gainontzeko arau guztiei ere. Azterketak eta probak, orokorrak zein ez, arauen aginduz emakidaren gunean burutu behar direnak, aldez aurretik jakinarazi behar dizkio emakidadunak lurralde-ordezkaritzari. Bestalde, eta lanak hasi aurretik, emakidadunak burutzeko plan zehatza aurkeztu beharko du.

9.– Emakida iraungitzeko arrazoiak: «gasezko erregaiekin zerikusia duten ekintzak modu koordinatuan gauzatzeko arau oinarrizkoei buruzko» ekainaren 15eko 10/1987 Legean agertzen direnak.

10.– Emakida hirugarrenen kalterik gabe eman da, eta bakoitzaren eskubideak kaltetu gabe.

11.– Instalazioek dagozkien xedapen eta arau teknikoak beteko dituzte; bereziki, Erretzeko Gasen Zerbitzu Publikoaren Araudi Orokorrarenak, eta hori garatu edota osatzen duten arauak, Presiozko Aparailuen Araudia eta Elektroteknikako Araudiak.

12.– Gas-instalazioak burutzeko, udalak edo lurraldeak edo beste edozeinek eman behar dituen derrigorrezko baimen edo lizentziak eskatu beharko dira; emakida izatea ez da nahikoa.

13.– Erabaki honen aurka errekurtso arrunta jarri ahal izango da, Industri Antolamendu eta Administraziorako Sailordetzan, hilabeteko epean, jakinarazpena jasotzetik, azaroaren 26ko 30/1992 Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio-jardunbide Komunaren Legearen 107. artikuluak eta ondokoek agindutakoari jarraituz.

Vitoria-Gasteiz, 1998ko maiatzaren 4a.

Industri, Energi eta Meategien

Administrazioko zuzendaria,

MARÍA LUISA FUENTES ALFONSO.


Azterketa dokumentala