Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

105. zk., 1998ko ekainaren 8a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Osasuna
2520

AGINDUA, 1998ko maiatzaren 14koa, Osasun sailburuarena, jateko animalien presazko sakrifizioak eraenduko dituzten arauak emateko dena.

Okela freskoa ekoizteko eta merkaturatzeko osasun-baldintzak ezartzen dituen urtarrilaren 29ko 147/1993 Errege Dekretuaren 2.14 atalean presazko sakrifizio berezia zer den zehazten da eta, hurrengo ataletan, horrelako sakrifizioak burutzeko bete beharreko betekizun batzuk arautzen dira.

Arau horiek gora-behera, presazko sakrifizio bereziok osasun-arrisku handia dakarte. Izan ere, jateko animaliekin egindako laginketen datuen arabera, okeletan hondakinak agertzen dira.

Arrazoi horiek guztiek burutzen diren ante-mortem ikuskapenak hobetu egin behar direla adierazten digute; horretarako, animalia sakrifikatzeko agintzen duen albaitariak ziurtagiri bat eman beharko du. Ziurtagirian animaliaren jatorria, eman zaion tratamendua eta ante-mortem azterketaren emaitza zehaztuko dira.

Ondorioz, hau

XEDATU DUT:

1. atala.– Agindu honen xedea honakoa da: jateko animalien presazko sakrifizio bereziak eraenduko dituzten osasun-arauak ezartzea, animalia horien okelak giza kontsumorako egokiak diren zehaztearren.

2. atala.– Urtarrilaren 29ko 147/1993 Errege Dekretuaren 2.14 atalaren arabera, hauek dira presazko sakrifizio bereziak: istripu baten ondorioz edo gaitz fisiologiko eta funtzional larriak direla-eta albaitari batek agintzen dituenak. Albaitariak animalia garraiatzea ezinezkoa dela uste badu, edo horrek animaliari alferreko oinazeak ekarriko lizkiokeela, presazko sakrifizio berezia hiltegitik kanpo egin daiteke.

3. atala.– 1.– Animalia sakrifikatu aurretik, sakrifizioa agindu duen albaitariak ziurtagiri bat bete beharko du, ante-mortem ikuskapenaren emaitzaren berri emanez. Ziurtagirian Agindu honetako eranskinean adierazitako zehaztapenak azalduko dira nahitaez; horietaz gain, jarduneko albaitariak egoki deritzenak gaineratu ahalko ditu.

2.– Ante-mortem ikuskapena egindakoan animaliak gizakiarentzat arriskugarria izan daitekeen gaitzen bat duela edo gaitz kutsagarri bat barreiatzeko arriskua dagoela ikusten bada, jarduneko albaitariak animalia berehala sakrifikatzeko aginduko du.

4. atala.– Sakrifizioa egin ondoren, okelak eta erraiak eraman diren hiltegiko albaitari ofizialak zehaztuko du horiek giza kontsumorako egoki diren, post-mortem ikuskapena eginez. Hori egin ahal izateko, Agindu honetako 3. atalean aipatutako ziurtagiria beharko da.

5. atala.– Ahal dela, sakrifikatu behar den animalia dagoen lekutik hurbileneko hiltegi baimenduan burutuko da presazko sakrifizioa.

6. atala.– Animaliak gaitzen baten zioz sakrifikatu badira, okelei azterketa bakteriologikoa eta substantzia antimikrobiarren ikerketa bat egin beharko zaizkie.

Nolanahi ere, giza kontsumorako egoki den zehazteko, sakrifizioa egiten denetik gutxienez 24 ordu igarotzen utzi beharko da.

7. atala.– Hiltegi baimendu bakoitzeko albaitari-zerbitzu ofizialak presazko sakrifizio guztien erregistro berezi bat izango du. Erregistro horretan, batetik, sakrifizioaren zioa eta irizpena jasoko dira eta, bestetik, hiltegiko jarduera erregistroaren berezko datuak.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintzaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 1998ko maiatzaren 14a.

Osasun sailburua,

IÑAKI AZKUNA URRETA.

ERANSKINA

ALBAITARIAREN ZIRUTAGIRIAK GUTXIENEZ JASO BEHARREKOAK

1.– ANIMALIAREN JATORRIA

– Jabearen izena eta helbidea.

– Ustiategi-erregistroaren zenbakia.

– Animaliaren espeziea.

– Animaliaren identifikazio-zenbakia.

2.– JASOTAKO TRATAMENDUA

– Sinatzen duen albaitariak emandako tratamendua.

– Animaliak jasotako beste tratamendu batzuk, animaliaren jabearen, ukandunaren edo arduradunaren arabera.

– Azken tratamenduaren data.

3.– ANTE-MORTEM AZTERKETAREN EMAITZA

– Koadro klinikoa.

– Diagnostikoa.


Azterketa dokumentala