Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

80. zk., 1998ko maiatzaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Merkataritza, Kontsumoa eta Turismoa
1787

AGINDUA, 1998ko martxoaren 3koa, Merkataritza, Kontsumo eta Turismo sailburuarena, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak eta interesak sustatzeko eta defendatzeko toki erakundeentzat eta horiek sustatutako entitateentzat 1998ko dirulaguntzak arautzeko dena.

Alde batetik, kontsumitzaileak informatzeko udal bulegoen zentroak eta zerbitzuak jarri, berritu, handitu, bildu edo lekutik aldatzearen ondorioz sortzen diren gastuei, eta bestetik, funtzionamendu-gastuei eta kontsumitzaileak eta erabiltzaileak informatu, trebatu eta hezitzeari buruzko jarduera-gastuei aurre egiteko bideak jarri nahi dira, aurreko urteetako politikari jarraituz. Horretarakotxe eman da, hain justu, agindu hau: toki erakundeei eta horiek sustatutako entitateei dirulaguntzak emateko.

Horiek horrela, hau

XEDATU DUT:

1. atala.– Xedea.

1.– Kontsumitzaileak eta erabiltzaileak defendatzeko jarduerak egiten dituzten toki erakunde eta horiek sustatutako entitateentzat 1998ko dirulaguntzak arautu nahi dira agindu honen bidez. Jarduera hauek sortzen dituzten gastuak ordaintzeko izango dira dirulaguntzak:

a) Kontsumitzaileak informatzeko udal bulegoetarako (KIUB) zentroak eta zerbitzuak jartzea, aldatzea, handitzea, ekipatzea edo lekutik aldatzea.

b) Kontsumitzailek informatzeko udal bulegotarako (KIUB) diren zentro eta zerbitzuen funtzionamendu-gastuak.

c) Kontsumitzaileak eta erabiltzaileak informatzeko, trebatzeko eta hezitzeko jarduerak; kontsumitzaileentzat interesgarriak diren argitalpenak, euren eskubideak defendatzeari buruzkoak, argitaratzea eta dibulgatzea; ondasun eta zerbitzuei buruzko inkestak eta kalitate-analisiak eta ohikoak ez diren ikuskapen kanpainak, baldin eta Kontsumo Zuzendaritzak egindako ikuskapen programekin koordinatuz gauzatzen badira.

2.– Horretarako, 89.000.000 PTA erabiliko dira.

2. atala.– Onuradunak.

Kontsumitzaileak informatzeko udal bulegoa duten Euskal Autonomia Erkidegoko toki erakundeek eta horiek sustatutako entitateek jaso ahal izango dituzte agindu honetako dirulaguntzak. Jendearentzako egunean lau ordu eta astean hogei ordu egon beharko dira zabalik. Izaera bereko dirulaguntza edo laguntzen alorrean itzulketa nahiz zigor prozedura batean sartuta daudenek ez dute eskabidea egiterik izango.

3. atala.– Eskabideak eta agiriak.

1.– Agindu honetako dirulaguntzak eskatzeko eskabideak Kontsumo Zuzendaritzan (Wellingtongo Dukearen hiribidea, 2, 01010, Vitoria–Gasteiz) aurkeztu beharko dira eredu arautuan. Eredu hori, Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Sailak Donostia–San Sebastiánen, Bilbaon eta Vitoria–Gasteizen dituen ordezkaritzetan eskura daiteke. Horretaz gain, agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

a) Organo eskumendunak dirulaguntza eskatzeari buruz hartutako erabakiaren egiaztagiria eta eskatzen den zenbatekoa.

b) Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen galderak erantzuteko eta aurkezten diren erreklamazio edo salaketei izapideak egiteko bulegoak izango duen ordutegiari buruzko egiaztagiria, udaleko idazkariak edo organo eskumendunak egina. Bulegoak, egunero, lau ordutan egon beharko du zabalik, eta astean hogei ordutan, gutxienez.

c) KIUBak tokian tokiko udalean hierarkikoki eta funtzionalki duen organigramari buruzko egiaztagiria, udaleko idazkariak edo organo eskumendunak egina.

d) Beste erakunde batzuei dirulaguntza izango duten jardueretarako egin zaizkien eskabideei buruzko egiaztagiria, udaleko idazkariak edo organo eskumendunak egina.

e) Kontsumorako Kontseilu Sektoriala jadanik eratuta badago, hori egiaztatzen duen agiria, idazkariak edo organo eskumendunak egina; oraindik eratzeko badago, aldiz, 1998an sortzeko organo eskumendunak hartutako erabakiaren egiaztagiria.

f) Kontsumitzaileak informatzeko udal bulegoaren zerbitzua emateko beste udal batekin edo batzuekin mankomunitate edo hitzarmenen bat egin bada, hori egiaztatzen duen agiria, idazkariak edo organo eskumendunak egina; edota batzuekin mankomunitate edo hitzarmenena 1998an sortzeko organo eskumendunak hartutako erabakiaren egiaztagiria

g) Kontsumoko Kontseilu Sektoriala sortuta egonez gero, kontseiluak 1997an egin dituen jarduerei buruzko txostena eta 1998rako batzarren plana.

h) Kasua bada, kontsumitzaileak informatzeko udal bulegoaren zerbitzua beste udal batzuei eskaintzeari buruz, udaleko idazkariak edo organo eskumendunak egindako egiaztagiria.

i) KIUB-eko langileen aurtengo eta iazko ordainketei buruzko egiaztagiria, udaleko idazkariak edo organo eskumendunak egina.

j) eskatu den dirulaguntza zentroa jartzeko, aldatzeko, handiagotzeko, hornitzeko edo lekutik aldatzeko erabiltzen bada, a), b), c), d), e), f), g), h) eta i) idazatietan aipatzen denaz aparte, agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

– organo eskumendunak proiektua onartzeko hartutako erabakiari buruzko egiaztagiria. Teknikari eskumendunak izenpetu beharko du eta, jendea behar den moduan atenditzeko bete behar diren baldintzak bermatzeaz gain, proiektuaren kostea baloratuko da erabaki horretan;

– KIUB berri bat jarri nahi bada, aurreko idazatian adierazitakoaz gain, udalbatzak osoko bilkuran hartutako erabakia, KIUBa sortzeko asmoari eta gutxienez 5 urtetan jardunean edukitzeko asmoari buruzkoa. Zerbitzu hori beste udalen batekin edo batzuekin amankomunean emateko erabakia hartzen bada, ez da agiri hori aurkezteko beharrik izango.

k) Eskatzen den dirulaguntza funtzionamendu-gastuetarako bada, a), b), c), d), e), f), g), h) eta i) idazatietan adierazitakoaz gain, agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

– funtzionamendu-gastuei buruzko aurrekontua, behar den moduan banandua eta udaleko kontuhartzaileak edo eskumendun organoak bisatua; – KIUBk zerbitzuren bat kontsumitzaileen elkarteren batekin itunduta eskeintzen badu, itun horren kopia ere aurkeztu beharko du, toki erakundeak elkarteari ematen dion ordainaren zenbatekoa azalduz;

– 1997an egindakoaren memoria eta 1998an egin nahi diren jardueren aurreproiektua.

l) Dirulaguntza 1. ataleko 1. lerroaldeko c) idazatian aipatzen diren jarduerak egiteko bada, a), b), c), d) e), f), g), h) eta i) idazatietan adierazitakoaz gain, gauzatu nahi den jardueraren azalpen txosten bat aurkeztu beharko da, datu hauek jasoko dituena:

– burutu nahi den jardueraren helburuak;

– jarduera non eta noiz egingo den eta zenbat iraungo duen; – proiektuaren ardura duen taldea;

– gastuen aurrekontua, zehatz-mehatz;

– behin-behineko programa;

– hartzaileak nortzu diren eta jardueraren onura zenbatek jasotzen duen.

2.– Dirulaguntzak eskatzen dituzten toki erakundeek 1. idazatian aipatzen den araututako eskeidazkia aurkeztu beharko dute, behar den moduan beteta eta behar diren agiriekin.

4. atala.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Kontsumo Zuzendaritzari dagozkio deialdi honetako laguntzak kudeatzeko lanak.

5. atala.– Aurkezten diren eskabideetako akatsak zuzentzea.

Kontsumo Zuzendaritzak aurkeztutako eskabidean akatsen bat edo zehaztasun faltaren bat dagoela ikusten badu, eskatzaileari jakinaraziko dio eta 10 eguneko epea emango akatsok zuzen ditzan. Epe horroetan ez bada zuzenketarik egiten, eskabidea artxibatu egingo da beste izapiderik egin gabe. 6. atala.– Epaimahaia.

Aurkezten diren eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, epaimahai bat osatuko da; epaimahaia osatuko dutenak hauek izango dira:

– Lehendakari, Kontsumo zuzendaria.

– Bokalak, Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Sailaren lurralde ordezkariak eta Euskal Udaletxeen Elkartea (EUDEL) izendatutako ordezkari bi.

– Idazkari bat, Kontsumo Zuzendaritzari atxikitako teknikarien artetik izendatua; hitzerako eskubidea edukiko du, baina ez botua ematekoa.

Epaimahai horrek, dirulaguntzen zenbatekoak ezartzeko irizpideak kontuan hartuta, proposamena helaraziko dio Merkataritza, Kontsumo eta Turismo sailburuari.

7. atala.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Kontsumitzailea informatzeko udal bulegoen funtzionamendu–gastuetarako eta jarduerengatiko gastuetarako 86.000.000 PTAko kreditua dago aurrekontuetan. Horietarik 76.000.000 funtzionamendu-gastuetarako izango dira eta 10.000.000 jardueretarako.

Funtzionamendu-gastuetarako onduradun batek 7.000.000 PTA jaso ditzake, gehienez ere.

Atal honen 4. puntuan zehaztutako ehunekoak aplikatu ondoren, dirulaguntzen guztirako zenbatekoak aurrekontuetan erabilgarri dagoen kreditua gainditu egiten badu, onuradun guztiei koefiziente zuzentzailea aplikatuko zaie.

2.– Bulegoak berriak sortzeko edo daudenak berritzeko, handitzeko, ekipatzeko edo lekuz aldatzeko, 3.000.000 PTAko kreditua dago aurrekontuetan.

Atal honen 4. puntuan zehaztutako ehunekoak aplikatu ondoren, dirulaguntzen guztirako zenbatekoak aurrekontuetan erabilgarri dagoen kreditua gainditu egiten badu, onuradun guztiei koefiziente zuzentzailea aplikatuko zaie.

3.– Dirulaguntzen zenbatekoak kalkulatzerakoan, langileen %2,1etik gorako soldata eta ordainsari igoerak ez dira onartuko.

4.– Emandako dirulaguntzen erabaki-proposamena egiteko, Epaimahaiak irizpide hauek izango ditu kontuan:

a) kontsumitzaileak babesteko udal bulegoen funtzionamendu eta jarduerengatiko gastuen kasuan:

– Kontsumitzaileak informatzeko udal bulegoaren zerbitzua emateko beste udal batekin edo batzuekin mankomunitate edo hitzarmenen bat egin bada, aurkeztutako eta kontuan hartutako aurrekontuaren %60 emango da.

– 1997an Kontsumoko kontseilu sektoriala jardunean badago eta 1998rako ekintzen plana badago, aurkeztutako eta kontuan hartutako aurrekontuaren %50 emango da.

– Kontsumoko Kontseilu Sektoriala 1997an jardunean ibili gabe ere, 1998rako ekintzen plana baldin badu, aurkeztutako eta kontuan hartutako aurrekontuaren %40 emango da.

– 1997an Kontsumoko Kontseilu Sektoriala jardunean jarri gabe badago eta 1998rako ekintzen planik ez badago, aurkeztutako eta kontuan hartutako aurrekontuaren %20 emango da.

– Kontsumoko Kontseilu Sektoriala eratu gabe baldin badago, aurkeztutako eta kontuan hartutako aurrekontuaren %10 emango da.

Ehuneko horiek igo egingo dira, ondoren zehazten diren zenbatekoekin, kontzeptu hauengatik:

– %5, Euskal Autonomia Erkidegoko Arbitraia Batzordearen hedatze-jarduerengatik;

– %5, kontsumitzaileak informatzeko udal bulegoaren zerbitzuak beste udal batzuei eskaintzeagatik hitzarmenik nahiz mankomunitaterik izan gabe.

Kontzeptu horiengatik onuradunak lor dezakeen zenbatekoak ezingo du gainditu aurkeztutako eta kontuan hartutako aurrekontuaren %70.

b) Dauden bulegoak berritu, handitu, ekipatu edo lekuz aldatzeagatiko gastuen kasuan:

– KIUBaren zerbitzuak emateako beste udalen batekin hitzarmenik egin edo mankomunitaterik sortu bada, aurkeztutako eta kontuan hartutako aurrekontuaren %70 emango da, gehienez ere.

– Gainerako kasuetan, aurkeztutako eta kontuan hartutako aurrekontuaren %50 eman ahal izango da, gehienez ere.

8. atala.– Epea.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

9. atala.– Beste dirulaguntza nahiz laguntza batzuen bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publiko nahiz pribatuk helburu bererako eman ditzakeen beste batzuekin, gainfinantzaketarik sortzen ez bada, betiere; gainfinantzaketa gertatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo da dagokion mugaraino. 10. atala.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetako dirulaguntzak emateko erabakia Merkataritza, Kontsumo eta Turismo sailburuak hartuko du, epaimahaiak helarazitako proposamena kontuan hartuta, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabeteko epearen barruan. Erabaki hori onuradunei jakinaraziko zaie eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

2.– Epe horretan erabaki adierazirik ematen ez bada, eskabideak ukatu egin direla esan nahiko du, Herri Administrazioen Lege Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio Ihardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43.2.c) atalean ezarritako ondorioetarako. Dena den, lege horrek modu adieraziz ebazteko obligazioa ezartzen dio Administrazioari.

11. atala.– Ordainketa.

Esleitutako dirulaguntzak honela ordainduko dira:

– esleitutako zenbatekoaren %75, dirulaguntzaren aldeko erabakia ematen denean;

– gainerako %25, gastua justifikatu eta erabakian ezarritako baldintzak bete ondoren. Hala ere, salbuespen moduan, zenbateko hori aurrez ordaintzea eskatu ahal izango da dagokion banku–abalaren bidez bermatzen bada. Abalak laguntzaren balio–izendatua eta korrituak bete beharko ditu, gehienez ere urtebeteko eperako, eta judizio nahiz judizioz kanpo aurkez daitezkeen erreklamazioen kostu eta gastuetarako, gehienez ere balio–izendatuaren %15 ere bete beharko du.

12. atala.– Justifikazioa.

1.– Emandako dirulaguntza justifikatzeko, onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 1999ko martxoaren 31 baino lehen:

a) Emandako dirulaguntza funtzionamendu-gastuetarako erabili bada, egindako gastu guztiei buruzko ziurtagiria, organo eskumendunak egina.

b) Zentroak jartzeko, berritzeko edo handitzeko diren inbertsioetarako, egindako inbertsioari buruz obraren teknikariak edo zuzendariak egindako ziurtagiria, edukitako gastuen fakturekin batera.

c) Erositako ondasun mugikorren inbentarioaren ziurtagiria, hala behar bada, eta kontsumitzaileak babesteko ondasunok duten epemugarik gabeko atxikipenaren ziurtagiria, eta egindako gastuaren fakturak.

d) Emandako dirulaguntza jardueraren bat burutzeko erabili bada, izan duen garapenaren azken txostena, edukitako gastuak justifikatzeko agiriak eta egindako guztirako gastuaz organo eskumendunak egindako ziurtagiria.

e) Kontsumorako Kontseilu Sektoriala 1998an sortzeko proiektua badago, hori egiaztatzen duen agiria, idazkariak edo organo eskumendunak egina.

f) Kontsumitzaileak informatzeko udal bulegoaren zerbitzua emateko beste udal batekin edo batzuekin hitzarmenen bat egin edo mankomunitate bat sortu bada, hori egiaztatzen duen agiria, idazkariak edo organo eskumendunak egina.

g) Behar izanez gero, Kontsumoko Batzorde Sektorialak 1998an egindako batzarren akten kopia.

2.– Funtzionamendu eta instalazio-gastuak justifikatzerakoan, aurkeztutako eta dirulaguntza emateko kontuan hartutako aurrekontuaren % 15 baino gehiagoko eta % 25eko edo gutxiagoko aldea agertzen bada, izendatutako dirulaguntza gutxitu egingo da eta horrela, benetan gastatu den kopuruari ezarriko zaion ehunekoa eta dirulaguntza kalkulatzeko aurrekontuko zenbatekoari aplikatu zitzaiona bera izango da. Onuradunak, itzuli egin beharko ditu neurriz kanpo hartutako zenbatekoak, jakinarazpenaren egunetik kontatzen hasi eta hilabeteko epean.

Aldea %25 baino handiagoa bada, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu egingo da, halabeharrezko kasuetan eta behar bezala justifikatutako atzerapenen kasuetan izan ezik. Kasu horretan, dirulaguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo da aurreko idazatian agindutako moduan eta dirulaguntzaren onuradunari neurriz kanpo jaso dituen zenbatekoak itzuli egin behar dituela jakinaraziko zaio. Dirua itzultzeko hilabeteko epea edukiko du, jakinarazpenaren egunetik kontatzen hasita.

3.– Kontsumitzaileari informazioa emateko udal zerbitzua emateko, 1998an zehar beste udal batekin edo batzuekin hitzarmena edo mankomunitatea egiteari buruz organo eskumendunak hartutako erabakiaren egiaztagiria aurkezten badu onuradunak, baina 1998ko abenduaren 31n erabaki hori gauzatua dela ez badu egiaztatzen, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da. Kontsumitzaileari informazioa emateko udal zerbitzua emateko udalen arteko hitzarmen edo mankomunitaterik ez duten erakundeen dirulaguntzak kalkulatzeko erabilitako ehunekoak izango dira zenbateko berria kalkulatzeko kontuan hartuko direnak.

13. atala.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzak jasotzen dutenek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartu beharko dute. Dirulaguntza eman izana jakinarazten zaien egunetik hasi eta hamabost eguneko epean pertsona edo erakunde onuradunek dirulaguntzari ez badiote modu adieraziz eta idatziz uko egiten, dirulaguntza onartu egin dela esan nahiko du.

b) Dirulaguntza eskabidean jasotako helbururako erabili beharko dute, 15. atalean aplikagarri gertatzen denean izan ezik.

c) kontsumitzailea informatzeko udal bulegoetan izandako jarduerei buruzko txostena bidali beharako diote, hiruhilero, Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Saileko Kontsumo Zuzendaritzari.

d) Dirulaguntzak jaso dituzten jarduerak dibulgatu, hedatu edo, hala izanez gero, argitaratu egiten badituzte, guztietan berariaz adierazi beharko dute Eusko Jaurlaritzako Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Sailaren babesa eduki dutela.

e) Deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei dagokienez, Ekonomi Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren egitekoak burutzean, eskatzen dieten informazio guztia eman beharko diete.

14. atala.– Ez betetzea.

Dirulaguntza emateko arrazoi izan zen baldintzaren bat bete gabe utzi dela ikusten bada, jasotako diruzenbatekoak, dagozkien korrituekin batera, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusira itzultzeko obligazioa izango du onuradunak, ekainaren 19ko 7/1997 Legean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

15. atala.– Errekurtsoak.

Deialdi hau eta hortik sortzen diren egintza guztiak aurkatu ahal izango dituzte interesatuek, Herri Administrazioen Lege Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio Ihardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako moduan eta epean.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 1998ko martxoaren 3a.

Merkataritza, Kontsumo eta Turismo sailburua,

ROSA DÍEZ GONZÁLEZ.


Azterketa dokumentala