Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

80. zk., 1998ko maiatzaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Jaurlaritzaren Lehendakaritza
1777

9/1998 LEGEA, apirilaren 3koa, Donostiako erdiko mailako Musika Kontserbatorioa (Donostia-San Sebastián) eta "Jesús Guridi" erdiko mailako Musika Kontserbatorioa (Vitoria-Gasteiz) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren menpeko ikastetxeen sare publikoan sartzekoa.

Eusko Legebiltzarrak ondoko legea onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei:

APIRILAREN 3KO 9/1998 LEGEA, DONOSTIAKO ERDIKO MAILAKO MUSIKA KONTSERBATORIOA (DONOSTIA-SAN SEBASTIÁN) ETA

«JESÚS GURIDI» ERDIKO MAILAKO MUSIKA KONTSERBATORIOA (VITORIA-GASTEIZ) EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO

ADMINISTRAZIO OROKORRAREN

MENPEKO IKASTETXEEN SARE PUBLIKOAN

SARTZEKOA.

ZIOEN ADIERAZPENA

Musikaren irakaskuntzak etengabeko garapen ikusgarria izan du Euskal Autonomia Erkidegoan, azken 15 urteotan. 18 ikastetxe izatetik gaur egun 96 izatera pasa da. Ikasleak eta irakasleak ere neurri berean ugaritu dira eta irakaskuntzak dibertsifikatu egin dira. Esan daiteke erabat homologatuta gaudela gai honetan Europako ingurunean ditugun herrialderik garatuenekin, biztanleriarekiko ikastetxe eta ikasle kopuruari, finantzaketa publikoaren parte-hartzeari, irakaskuntzen dibertsifikazioari eta abarri dagokienez.

Hala eta guztiz ere, eskasegiak izan dira gizarte-mailako begirunea eta administrazioek eman dioten arreta, arautzeari, hezkuntza-sistemaren barruan sartzeari, eta finantzaketari dagokienez. Horrek guztiak irakaskuntza marjinalaren itxura eman dio; aisialdiko edo kultura-osagarriko gauzatzat hartzen da musika-irakaskuntza. Gabezia horiek gero eta gehiago antzutasunean hertsita zegoen erregimena eragiten zuten: irakaskuntza profesionalizatzailea besterik ez zen ematen eta hori gehiegizkoa zen musika aisialdiko kultura-jardueratzat hartzen zuen jende gehienarentzat, eta eskasegia musika helburu profesionaltzat hartzen zutenentzat. Jende askok ikasketak utzi egiten zituen eta ikasketak bukatzen zituzten urriek prestakuntza eskasegia izaten zuten. Horrek guztiak sistema lehenbailehen ikuskatzeko premia nabarmentzen zuen.

Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako urriaren 3ko 1/1990 Lege organikoak (LOGSE) berrantolatu zituen musika-irakaskuntzak eta unibertsitatez kanpoko irakaskuntzei buruzko lege orokor batean sartu zituen lehenengo aldiz. Legearen II. idazpuruan tratamendu berezia ematen zaie musika-irakaskuntzei, idazpuru horrek irakaskuntza bereziez (artistikoak eta hizkuntzak) dihardu oso-osorik eta. Antolaketa berriak musika-irakaskuntzei dagokienez gure autonomia-erkidegoan eman zuen lehenengo emaitza izan zen plangintza goitik behera berregokitzea, eta pixkanaka-pixkanaka musika-hezkuntza zer den eta nola ekin behar zaion, horiei buruzko ikuspegi tradizionala aldatzea (gizarte-mailan, irakasle-mailan, ikasle-mailan eta ikastetxeko titularren mailan). Bereizi egiten dira irakaskuntza profesionalizatzailea, arautua, eta ez profesionalizatzailea, ez arautua. Eta hori guztia egiteko guk dugun errealitatera egokitu ditugu Europan alor horretan tradiziorik eta eraginkortasunik handienak dituzten herrialdeetako (Alemania, Danimarka edo Eskandinaviako herrialdeak) pedagogiako eta antolaketako korronteak.

Horrela, profesionalizatzailea ez den eskaintza musika-eskolek egingo dute bereziki. Musika-eskolek bilduko dute musika praktikatzeko jarduera gisa ikasten duen jendearen gehiengoa. Printzipioz kalitatezko eskaintza eskainiko dute, eskatzaileen nahietara eta gaitasunetara egokituta. Eskaintza profesionalizatzailea, bestalde, benetako zaletasuna eta gaitasuna duten ikasleentzat izango da. Horrela, ikasketak amaitzean Europan dugun ingurunean lehiakor izatea ziurtatuko dugu.

Gaur egun, musika-irakaskuntzen plangintza, profesionalizatzailea nahiz profesionalizatzaile ez dena, finkapen-prozesuan dago. Batetik, musika-eskolak daude, 71 zentro eta 19.000 ikasle dituztelarik, erreformara sartu direnen %90 hain zuzen. Horien finkapena da musika-sistemaren oinarria. Gizartean gero eta onartuagoak daude; ikasleei eskaintzen dieten zerbitzua gero eta hobea da, bai eta gizarteari eskaintzen dioten zerbitzua ere, bertan garatzen duten jardueraren bidez, eta aukera egokiak eskaintzen dituzte. Bestetik, irakaskuntza profesionalizatzailea dago, pixkanaka-pixkanaka finkatzen ari dena, ezarpen-egutegiaren arabera; irakaskuntza horren eskaintzak publikoa izan behar du.

«Juan Crisóstomo de Arriaga» Erdiko Mailako Musika Kontserbatorioaren (Bilbao) jabetza Eusko Jaurlaritzarena da. Donostiako Erdiko Mailako Musika Kontserbatorioarena (Donostia-San Sebastián) eta «Jesús Guridi» Erdiko Mailako Musika Kontserbatorioarena (Vitoria-Gasteiz), ordea, ez. Donostia-San Sebastiángo eta Vitoria-Gasteizko udalek adierazi dutenez, kontserbatorio biekin dituzten betebeharrak utzi egin nahi dituzte. Horrenbestez, beharrezkoa da kontserbatorio horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren menpeko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen sare publikoan sartzea.

Integrazio hori justifikatzen duten beste arrazoi batzuk, plangintzaz gain, hauek dira: Euskal Autonomia Erkidegoan dauden baliabideak hobeto aprobetxatzea, kontserbatorio horien izen ona eta gizartearengandik jasotzen duten babesa, eta inola ere eten behar ez den ibilbide baten jarraipena.

Horrenbestez, lege honen asmoa da, legearen xede diren kontserbatorioak bere gain hartzeaz gain, kalitate uniformea duten eskaintza lortzea musika-irakaskuntzetan, hiru lurralde historikoetan. Beraz, hainbat betebehar eskatzen dira, baliabide materialei eta giza baliabideei dagozkienak bereziki.

Bestetik, kontserbatorioetan lanean ari den pertsonala dela eta, beharrezkoa da hainbat neurri espezifiko hartzea, indarrean dagoen legeriaren arabera, Euskal Herriko Autonomi Elkarteko Unibertsitatekoez kanpoko Irakaskuntzako Irakasleen Kidegoei buruzko Legean ezartzen den Musika eta Eszena-arteetako Irakasleen Kidegoan sartu ahal izan daitezen. Neurri horiek eragina izango dute baita ere «Juan Crisóstomo de Arriaga» Erdiko Mailako Musika Kontserbatorioan (Bilbao) lanean ari den pertsonalarengan, ezin izan baitira aipatutako irakasleen kidegoan sartu, nahiz eta Euskal Autonomia Erkidegoko langile gisa lanean aritu.

IDAZPURU BAKARRA

1. atala.–

Lege honen bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari ahalmena ematen zaio Donostiako Erdiko Mailako Musika Kontserbatorioa (Donostia-San Sebastián) eta «Jesús Guridi» Erdiko Mailako Musika Kontserbatorioa (Vitoria-Gasteiz) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren jabetzakoak diren ikastetxe publikoen sarean sartzeko.

2. atala.–

Ikastetxe horiek sare publikoan sartzeko betebeharrak honako hauek izango dira:

– Kontserbatorioa eta instalazioak kokatzen diren lurzoruaren eta eraikinaren jabetza dohain ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari, kargarik gabe. Udalerri bereko beste kokaguneren bat egokiagotzat edo beharrezkotzat jotzen bada eta, horren ondorioz, kontserbatorioaren jabetza duen administrazioak utzi dizkioten ondasunak hezkuntzarako erabiltzeari uzten badio, administrazio lagatzaileak ondasuna itzultzea eska dezake, indarrean dagoen legeriaren arabera ezarritako epean (hogeita hamar urtean gehienez ere). Orduan administrazio lagatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari konpentsazio ekonomikoa emango dio, kontserbatoriorako izango diren ondasunak erosteko zenbatekoari dagokion konpentsazioa, itzulitako ondasunen baloreari dagokion proportzioan; bestela, ondasun baliokidea emango du.

– Ondasun higikorrak eta irakaskuntzarako ekipoak dohain ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari, kargarik gabe.

3. atala.–

Donostiako Erdiko Mailako Musika Kontserbatorioa (Donostia-San Sebastián) eta «Jesús Guridi» Erdiko Mailako Musika Kontserbatorioa (Vitoria-Gasteiz) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean sartzeak esan nahi du bertan ari diren irakasleak eta gainerako langileak, lege hau argitaratzeko unean zerbitzuak eskaintzen ari direnak, bere gain hartzen dituela administrazio horrek.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Donostiako Erdiko Mailako Musika Kontserbatorioko (Donostia-San Sebastián) karrerako funtzionario diren irakasleak indarrean dagoen legeriaren arabera sartuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Musika eta Eszena-arteetako Irakasleen Kidegoan; betiere, horretarako beharrezkoa den titulazio-baldintzak betetzen dituztenean.

Bigarrena.– Donostiako Erdiko Mailako Musika Kontserbatorioko (Donostia-San Sebastián) eta «Jesús Guridi» Erdiko Mailako Musika Kontserbatorioko (Vitoria-Gasteiz) lan-kontratu mugagabeko irakasleak indarrean dagoen legeriaren arabera sartuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Musika eta Eszena-arteetako Irakasleen Kidegoan. Horretarako, hautaproba espezifikoak eta murriztuak egingo dira, hezkuntza-administrazioak deituta. Betiere, beharrezkoa izango da eskatzen diren titulazio-baldintzak betetzea.

Kontserbatorioak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren jabetzakoak diren ikastetxe publikoen sarean sartu ondoren egingo da deialdia. Bertan baloratuko dira egindako zerbitzuak eta hautagaiaren gaitasuna edo egokitasuna adieraz dezakeen beste edozein merezimendu. Nolanahi ere, beharrezkotzat jotzen diren ezaguerak egiaztatzeko probak ere egingo dira.

Hautaketa-prozesu horren indarrez funtzionario izatera heltzeak hutsik dauden lanpostuen aldaketa automatikoa ekarriko du. Hutsik dauden lanpostuak eskuratutakoen artean sartuko dira.

Hirugarrena.– «Juan Crisóstomo de Arriaga» Erdiko Mailako Musika Kontserbatorioan (Bilbao) funtzionario diren irakasleei xedapen gehigarrietako lehenengoan xedatutakoa aplikatuko zaie.

Aipatutako kontserbatorioko lan-kontratu mugagabeko irakasleei xedapen gehigarrietako bigarrenean xedatutakoa aplikatuko zaie.

Laugarrena.– Langile integratuek eta hautaprobak gainditzen dituzten lan-kontratu mugagabeko irakasleek beren lanpostuak beteko dituzte aurrerantzean ere. Horrek ez ditu kaltetuko lanpostuetan egin daitezkeen egokitzapenak, kontserbatorioetako lanpostuak katalogatzearen ondorioz.

Hautaprobetan parte hartzen ez duten edo hautaprobak gainditzen ez dituzten irakasleek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren zerbitzuan jarraituko dute, lehenago zuten harreman berberarekin. Horien plazak iraungi egingo dira.

Bosgarrena.– Irakasleak Euskal Autonomia Erkidegoko Musika eta Eszena-arteetako Irakasleen Kidegoan sartzeak ez ditu kaltetuko eskuratutako eskubideak, eskuratutako kidegoko eskubideen edukiei eta norainokoari dagokienez.

Seigarrena.– Donostiako Erdiko Mailako Musika Kontserbatorioan (Donostia-San Sebastián) eta «Jesús Guridi» Erdiko Mailako Musika Kontserbatorioan (Vitoria-Gasteiz) bitarteko funtzionarioak diren irakasleek, eta baita «Juan Crisóstomo de Arriaga» Erdiko Mailako Musika Kontserbatorioan (Bilbao) bitarteko funtzionarioak direnek ere, aplikaziokoa izango dute Euskal Herriko Autonomi Elkarteko Unibertsitatekoez kanpoko Irakaskuntzako Irakasleen Kidegoei buruzko Legearen aldibaterako xedapenetatik lehena, 1, Irakasleen Funtzio Publikora sartzeko.

Zazpigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak dagokion ordezkotza hartuko du Donostiako Erdiko Mailako Musika Kontserbatorioko (Donostia-San Sebastián) eta «Jesús Guridi» Erdiko Mailako Musika Kontserbatorioko (Vitoria-Gasteiz) titularrek izan ditzaketen aldibaterako irakasleen kontratuetan; dauden daudenean jarraituko dute kontratua amaitzen den arte.

Zortzigarrena.– Lege honen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean sartzen diren langileei bertan sartzen diren kontserbatorioetan egindako zerbitzu guztiak aitortuko zaizkie, ordainsariei dagokienez.

Bederatzigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak dagokion ordezkotza hartuko du Donostiako Erdiko Mailako Musika Kontserbatorioko (Donostia-San Sebastián) eta «Jesús Guridi» Erdiko Mailako Musika Kontserbatorioko (Vitoria-Gasteiz) titularrek izan ditzaketen ez-irakasleen lan-kontratuetan; dauden daudenean jarraituko dute.

Hamargarrena.– Donostiako Erdiko Mailako Musika Kontserbatorioan (Donostia-San Sebastián) eta «Jesús Guridi» Erdiko Mailako Musika Kontserbatorioan (Vitoria-Gasteiz), eta baita «Juan Crisóstomo de Arriaga» Erdiko Mailako Musika Kontserbatorioan (Bilbao), irakasle ez diren langileek, lege hau indarrean sartzen denean ikastetxe publikoetako administratzaileen zeregin berberak betetzen badituzte, administratzaile-izaera izango dute eragin guztietarako, eta horien egoera iraungitzeko izango da.

ALDIBATERAKO XEDAPENAK

Donostiako Erdiko Mailako Musika Kontserbatorioko (Donostia-San Sebastián) eta «Jesús Guridi» Erdiko Mailako Musika Kontserbatorioko (Vitoria-Gasteiz) titularrek sei hilabeteko epea izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean sartzeko aukera gauzatzeko, legea argitaratzen den egun berean hasiko delarik epe hori. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak arautuko du aukera gauzatzeko modua, eta, nolanahi ere, lege honetako 2. eta 3. ataletan xedatutakoa errespetatuko du.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Eusko Jaurlaritzak lege hau garatzeko beharrezkoak diren xedapen guztiak emango ditu.

Bigarrena.– Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Beraz, lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteizen, 1998ko apirilaren 20an.

Lehendakaria,

JOSÉ ANTONIO ARDANZA GARRO.


Azterketa dokumentala