Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

60. zk., 1998ko martxoaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Merkataritza, Kontsumoa eta Turismoa
1390

AGINDUA, 1998ko martxoaren 9koa, Merkataritza, Kontsumo eta Turismo sailburuarena, Kanpo Merkataritzaren arloan adituak prestatzeko beketarako deia egiteko dena.

Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Sailaren helburuetariko bat Euskal enpresak nazioartean gero eta gehiago sartzeko beharrezkoak diren baldintzak sortzea denez gero, eta horretarako, esportazioaren alorrean behar den moduan kualifikatutako profesionalak behar direnez gero, sail honek komenigarritzat jo du bere jarduera Kanpo Merkataritzan adituak prestatzera bideratzea. Hori dela eta, hau

XEDATU DUT:

1. atala.– 1.– Deialdi honek Kanpo Merkataritzaren arloan adituak prestatzeko bekak ematea du helburu.

2.– Euskal Autonomi Erkidegoko Ogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 51.4 atalean lehiaketarako zehaztutako prozedura orokorrari jarraituz ebatziko da deialdi hau eta Aginduan bertan finkatutako irizpideen arabera erabiliko dira horretarako dauden baliabide ekonomikoak.

3.– Bekak, gehienez, hogeita zortzi (28) izango dira.

4.– Bekaz baliatzeko aldia 18 hilabetekoa izango da.

5.– Prestakuntza aldiak irauten duen bitartean, bekariak beka bakoitza emateari buruzko erabakian zehazten diren alor eta herrialdeetan kokatuko dira.

2. atala.– Aurreko atalean adierazitako xederako izendatutako diru-zenbatekoak, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan horretarako jarritako diru-izendapenetik aterako dira, muga izendapen horien ekonomia-erabilgarritasuna izango dela.

3. atala.– Eskegileak.

Beka hauek eskuratu ahal izateko, izangaiek ezaugarri hauek bete beharko dituzte:

a) Administrazio egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan edukitzea, sei hilabetetik gorako aintzinatasunaz, eskabidea aurkezteko unean.

b) Unibertsitateko goi mailako titulua edukitzea, batez ere Ekonomia eta/edo Enpresa Zientziek, Zuzenbidea merkataritzako prestaketarekin, eta Injenierutza (karrera amaierako proiektua bukatuta eduki beharko dute) edo Informazio-Zientziak (publizitatearen adarra).

Kanpoan ateratako tituluek edo publikoak ez diren Espainiako zentruetan ateratakoek homologatuta egon beharko dute.

Salbuespenez, kalifikapenak hartzeko zain egonik, eskatutako goi mailako titulua egiaztatu ezin duten izangaiek, beka eskatu ahal izango dute baina, nolanahi ere, uztailean justifikatu egin beharko dute prestakuntza ikastaroaren aurretiko aukeraketa saioak egiterakoan.

c) 32 urtetik gorakoa ez izatea.

d) Ingelesa ondo jakitea eta Kanpoko beste hizkuntza bat ere nahiko ondo jakitea.

Salbuespen moduan, Kanpoko lehen hizkuntzatzat aurreko lerroaldian nagusitzat jotako hizkuntza ez den beste bat ere hartu ahal izango da, bekaren destinoaren arabera.

e) Bai edukiz eta bai helburuz ere ezaugarri berbereko edo antzerakoren baten onuradun ez izatea.

f) Izaera bereko dirulaguntza edo laguntzen esparruan hasitako itzultze edo zigortze prozeduraren batean sartuta ez egotea.

4. atala.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eusko Jaurlaritzako Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Saileko Kanpo Merkataritza eta Ekonomi Lankidetza Sustatzeko Zuzendaritzari egingo zaizkio eskabideak eta Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Sailak lurralde historikoetan dituen ordezkaritzetan aurkeztu beharko dira, eskutan edo Herri Administrazioen Lege-Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio Ihardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean adierazitako bideetariko edozein erabiliaz.

2.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau indarrean jartzen den egunean hasiko da eta 1998ko maiatzaren 1ean bukatuko.

3.– Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira: a) Eskegilearen oinarrizko datuen laburpenak, Merkataritza, Kontsumo eta Turismoko lurralde ordezkaritzetan eskuratzen den ereduaren arabera.

b) Eskegilearen curriculum vitae; prestakuntza akademikoa edo egindako ikasketen zerrenda eta egindako jarduketa profesionalak adieraziko dira bertan. Zein hizkuntza dakien eta zenbateraino dakien ere adierazi beharko du, eta bai eskegilearentzat interesgarriak diren gainerako merezimenduak.

c) Eskegilearen ikasketa-espedientearen egiaztagiria, ikasturte guztietan lortutako puntuak eta goi mailako ikasketak noiz bukatu zituen adierazi beharko direlarik (kasuan kasu, karrera amaierako proiektua eta lizentziaturako proba barne), agindu honen 3. ataleko b) idazatian adierazitakoa gertatzen denean salbu; hori gertatuz gero, egiaztapen hori, bertan aipatutako egunean aurkeztu ahal izango da.

d) Egindako ikastaroen egiaztagiriak eta esperientzia profesionala. Eskabidea aurkezterakoan agiri-bidez egiaztatuta ez dauden ikastaroak edo esperientzia ez dira kontutan hartuko.

e) Erroldaratze egiaztagiria, administrazio egoitza sei hilabetetik gora Euskal Autonomia Erkidegoan duela egiaztatzen duena.

f) Karnet tamainako bi argazki, oraintsukoak.

g) NANaren fotokopia.

Jatorrizko agiriak edo behar bezala kautotutako fotokopiak aurkeztu beharko dira.

4.– Bazter uzteko arrazoiak:

a) Eskabideak atal honetako 2. zenbakian eskabideak aurkezteko ezartzen den epealditik kanpo aurkeztea.

b) Agindu honetan adierazitako betekizunak ez betetzea.

5. atala.– Ebaluaketa eta aukeraketa.

1.– Aukeraketa Batzordea.

Izangaiak ebaluatu eta aukeratuko dituen Kolegiatutako Organoko kide, hauek izango dira:

– Kanpo Merkataritza eta Ekonomi Lankidetza Sustatzeko zuzendaria, edo berak delegatzen duena; Batzordeko Lehendakaritza beteko du eta berdinketa gertatuz gero, bere botoak erabakiko du.

– Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Saila ordezkatuz bokal bat, Saileko sailburuak izendatua.

– Euskal Herriko Unibertsitatea ordezkatuz bokal bat, Merkataritza, Kontsumo eta Turismo sailburuak izendatua.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza, Industria eta Nabigazio Kamera Ofizialetako bokal bat, Merkataritza, Kontsumo eta Turismo sailburuak izendatua.

– Idazkari bat, hitz egiteko eskubidea duela baina ez botoa ematekoa, Merkataritza, Kontsumo eta Turismo sailburuak Saileko teknikarien artetik aukeratua.

Aukeraketa Batzordea, bere erabakiak hartzen dituenean, subiranoa izango da eta erabakiak, bozketa-bidez hartuko dira. Atal honetan jasotzen ez den guztian, Herri Administrazioen Lege–Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio Ihardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. idazpuruaren II. atalburuan ezarritakoa aplikatuko da.

2.– Aukeratzeko irizpideak.

Ebaluazioak egiteko eta izangaiak aukeratzeko, Batzordeak ondoko hauek hartuko ditu kontutan:

a) Izangaiak garatu dituen ikasketa merezimenduak eta jarduketak, goian aipatutako ikasketa horien osagarri direnez, kanpo merkataritzarekin zerikusia dutenak baloratuko direlarik bereziki.

b) Ingelesaren jakintza-maila, edo bestela, 3 d) ataleko bigarren lerroaldian aipatutako hizkuntza edo Kanpoko besteren bat jakitea, hizkuntzen inguruan ahozko eta idatzizko azterketetarako deia eginez.

c) Hizkuntza-azterketak gainditzen dituzten izangaientzat, Batzordeak aurreko puntuko a) eta b) idazatietan aipatutako meritu eta betekizunak baloratuko ditu, baremo honi jarraituz:

1. hizkuntza: % 35

2. hizkuntza: % 25

Curriculum-a: % 40

Balorazio hori Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Sailaren lurralde ordezkaritzetan argitaratuko da.

d) Puntuaketarik onena duten 100 izangaiei dei egingo die Hautaketa Batzordeak, Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Sailaren lurralde ordezkaritzetako iragarki-oholen bidez, beharrezkotzat jotzen diren beste proba egin ditzaten. Elkarrizketei balio nabarmena emango zaie, horien bidez ikusiko da-eta izangaiak zenbateraino egokitzen diren bekentzako eskatutako profilera. Izangairen batek 100 zenbakia duen izangaiak hainbat puntu lortzea gertatuz gero, deitu egingo zaio horri ere hurrengo probetara.

e) Batzordeak 40 izangai aukeratuko ditu aldezaurretik, prestakuntza-aukeraketa ikastaro bat burutzeko. Aukeratuak izan diren 40 horien izenak Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Sailaren lurralde ordezkaritzetan argitaratuko dira. Izangai horiek, 5 eguneko epean, prestakuntza-aukeraketa ikastaroari hasiera emateko gertu daudela adierazi beharko diete Merkataritzako Lurralde Ordezkaritzei, idazki-bidez.

Aukeraketa eta prestakuntzarako ikastaroak bi hilabeteko iraupena edukiko du. Ikastaro osora joatea eta prestakuntza ikastaroa ondo betetzea derrigorrezkoa izango da bekari legez jarraitzeko edo bekari-ordezko izateko.

f) Ikastaroan izandako probetxuaren maila ebaluatu ondoren eta aurreaukeraketa egiterakoan Batzordeak izangai bakoitzari emandako balorazioa kontutan hartuta, aukeratu diren izangaien eta ordezko lez gelditu direnen zerrenda argitaratuko da Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Saileko lurralde ordezkaritzan; ordezko horiek uko egiten dutenen ordez sartuko dira edo bekaren lehenengo hiru hilabeteetan gertatzen diren gorabeheretarako. Ordezkapenerako hurrenkera, ukoak egin diren herrialderako eskatutako hizkuntza oinarri hartuta jarriko da.

Bekari moduan aukeratu direnei deialdia amaituko duen erabakiaren berri emango zaie; erabaki horretan, destinoa, dotazioa (oinarria eta osagarria) eta bekariek egin behar dituzten jarduketak ahalik ondoen garatzeko egokiak diren zernolakoak finkatuko dira.

Bekak esleitzeko erabakiak eta erabakien aldakuntzak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, Ogasun eta Herri Administrazio Sailak adieraz dezan moduan, betiere ekainaren 19ko 7/1997 Legearen 49.2 atalean xedautakoaren arabera.

Erabaki horrek ez duenez administrazio bidea amaitzen, bere aurka, errekurtso arrunta aurkez dakioke Merkataritza, Kontsumo eta Turismo sailburuari, erabakiaren berri izaten den egunetik kontatzen hasi eta hilabeteko epean. Errekurtso horrek ez badu erabaki adierazirik hartzen, ukatu egin dela ulertu beharko da.

Jakinarazpenaren berri izaten denetik kontatzen hasi eta bost eguneko epean onartu egin beharko da beka oso-osorik, eta horren berri Kanpo Merkataritza eta Ekonomi Lankidetza Sustatzeko Zuzendaritzari emango zaio.

3.– Bekak esleitzeko erabakiak aldatu ahal izango dira baldin eta beroiek emateko kontutan hartutako baldintzak aldatzen badira edo, nolanahi ere, deialdi honen bidez jasotakoez gain beste administrazioetatik edo izaiki publiko edo pribatuetatik dirulaguntzak, laguntzak edo xede horretarako beste edonolako dirusarrera edo baliabideak jasotzen badira, betiere deialdi honen onuradun izateko arau honetan ezarritako gutxienezko baldintzak betetzen direnean.

4.– Jarritako saioak gainditu ez dituzten izangaiek egindako eskabideak ukatutzat joko dira, 1998ko azaroaren 30a baino lehen ez bada erabaki adierazirik hartu.

6. atala.– Xedea.

1.– Aukeraketa eta prestakuntzarako ikastaroa igaro ondoren 18 hilabeteko iraupena edukiko du bekak. Epeak eta ezaugarriak, hauek izango dira:

a) Bi hilabeteko epean euskal enpresetarako ikustaldiak egingo dira.

Ikustaldien helburua Euskal Autonomia Erkidegoaren industria eta enpresa bilbadura ezagutzea da eta, horretaz gain, kanpoko merkatuei buruz zelango argibide beharrak dauden jakitea ere.

b) Hamar hilabete, destinoa erabakian adierazitako herria edo herrialdea izango dela.

Bekariak, epealdi horretan, Kanpo Merkataritza eta Ekonomi Lankidetza Sustatzeko Zuzendaritzak kanpo-merkataritzaren alorrean izenda diezazkiokeen ikasketak eta praktikak gauzatuko ditu.

Epe horren barruan bekariak 7 eguneko baimenaz gozatu ahal izango du.

c) Gainontzeko sei hilabeteetan, bekariak, enpresa bateko esportazio sailarekin lankidetzan beteko ditu bere eginkizunak, bai Euskal Autonomia Erkidegoan zein esleitzen zaion herri edo herrialdean. Kanpo destinoa, beraz, programan jasotzen diren prestakuntza helburuak hobetzeko alda daiteke.

Bekari bat edo gehiago praktika-alditan eduki nahi duten euskal enpresek lankidetzarako eskabidea aurkeztu beharko dute. Euren eskabidea bekarekin lortu nahi den helburura egokitzen direlako aukeratzen diren enpresek akordio bat izenpetuko dute Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Sailarekin.

Enpresaren eta Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Sailaren artean izenpetutako lankidetza akordio horretan argi eta garbi utziko da ez dela sortuko lan-harremanik bekariaren eta enpresaren artean.

2.– Beka esleitzeak eta horretaz baliatzeak ez dakarte ezelango kontratu edo estatutu mailako harremanik ez Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Sailarekin, ez eta Eusko Jaurlaritzarekin ere.

7. atala.– Dotazioa.

a) Beka bakoitzaren oinarrizko diru-zenbatekoa 2.250.000 PTAkoa da. Horretaz gain, beka gauzatuko deneko herria kontutan hartuta, herri horretako bizitza mailari egokitzeko osagarri bat eman ahal izango zaio bekari bakoitzari, gehienez ere 3.750.000 PTA.

b) Egokitzeko emandako osagarria aldatu ahal izango da, baldin eta herri edo herrialde baterako izendatu ondoren berori aldatzen bada.

c) Bekaren lehenengo ordainketa %37koa izango da eta bekaria bere destinora joan aurretik egingo da.

d) Hiru zatitan banatuko da bekaren gainerako diruzenbatekoa, lehenengo biak %20,5koak izango dira, 5. eta 10. hilabetetan eta bekaz baliatzen hasten den egunetik hasita kontatuko dela epe hori. Hirugarrena, %22koa, 15. hilabetean bekaz baliatzen hasten denetik.

e) Bekari dagokion izendapenaren barruan gastu hauek sartuko dira:

– Destinoko nazio edo eremu geografikora joan eta bertatik etortzeko txartelak erostea.

– Destinoko nazioko agintaritzak bizitzeko eskatzen duen bisatu edo baimena eskuratzea.

– Beka egoki garatu beharretik sortzen den beste edozein gastu mota.

f) Eusko Jaurlaritzak kontratatuko ditu bekari bakoitzarentzako istripu eta gaixotasunerako aseguruak.

g) Salbuespenez, izendatutako estatu edo eremu geografikoaren barruan bekariak egindako gastuak ere, gauzatu aurretik sailak onartuz gero, Kanpo Merkataritza eta Ekonomi Lankidetza Sustatzeko Zuzendaritzaren kontura izango dira.

Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Sailaren kontura izango dira, 6-1-b eta 7.g) ataletan ezarritakoaren arabera, bekariari destinoa aldatzearen ondorioz bekaren dotazioan egiten diren aldaketak, bai eta Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Sailaren iritziz bekaren dotazioa funtsean aldatzen duen beste batzuk ere.

8. atala.– Bekariek bete beharrekoak.

1.– Bekariak bekaren helbururako erabiliko du diru-izendapena eta ez beste edozertarako.

2.– Beka esleitu zaien pertsonek, beken indarraldian, betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) 5.2 e) eta 5.2 f) ataletan jasotzen diren idazkiak formalizatzea.

b) Kanpo Merkataritza eta Ekonomi Lankidetza Sustatzeko Zuzendaritzak emandako jarraibideak betetzea.

c) Hilabetero, garatu duen jardunari buruzko txosten bat bidaltzea Kanpo Merkataritza eta Ekonomi Lankidetza Sustatzeko Zuzendaritzara, txosten horretan, ekonomia eta merkataritzako alderdi garrantzizkoenak zehaztuz, eta Euskal Herriko ekoizketaren alorraren esportazioa sendotzeko eta garatzeko eragingarri izan daitezen beste guztiak ere.

d) Hilabetero, egin diren gastuen azalpen zehatza eta jatorrizko ordainagiriak bidaltzea agindu honetako 7.g) atalean adierazitako kasuetan.

9. atala.– Bekariek garatu beharreko jardunaren kontrol eta jarraipena, Eusko Jaurlaritzaren Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Saileko Kanpo Merkataritza eta Ekonomi Lankidetza Sustatzeko Zuzendaritzari atxikirik daude.

Kanpo Merkataritza eta Ekonomi Lankidetza Sustatzeko Zuzendaritzak bekei buruz bidezko iritzitako egiaztapenak egin ahal izango ditu; beraz, horretarako eska dakizkiekeen argibide guztiak eman beharko dituzte bekariek.

Era berean, ekainaren 19ko 7/1997 Legeak 51.1.k) atalean dioenez, bekaren onuradunek beraiei eska dakizkien argibide guztiak eman beharko dizkiete Kontrolerako Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, dirulaguntzen zertarakoa fiskalizatzeko eginkizunak erakunde horienak baitira.

10. atala.– Beka duen pertsonak bekari uko egiten baldin badio, ordaindu gabe dauden diru-eskubide guztiak galdu egingo ditu.

Uko egitea bekaz baliatzeko lehenengo hiru hilabeteren barruan gertatzen bada, beste bekari bat aukeratuko da ordezkotzarako izendatuta daudenen artetik, hurrenkeraren arabera eta epealdia betetzeko falta den aldirako.

Uko egitea hiru hilabete igaro ondoren gertatzen bada, indargabetu egingo da izendatutako beka eta ez du ondoriorik edukiko.

11. atala.– Beka honekin batera ezingo da ordaindutako lanetan ari edo beste bekarik jaso.

12. atala.– Dirulaguntza jasotzearen zio den edozein baldintza bete ez dela egiaztatuz gero, jasotako diru-zenbatekoak eta bidezko izan daitezen legezko interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari, hain zuzen ere Euskal Herriko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen arabera (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartu zen lege horren testu bategina) eta abenduaren 17ko 698/1991 Errege Dekretuari atxikiz.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 1998ko martxoaren 9a.

Merkataritza, Kontsumo eta Turismo sailburua,

ROSA DÍEZ GONZÁLEZ.


Azterketa dokumentala