Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

60. zk., 1998ko martxoaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Merkataritza, Kontsumoa eta Turismoa
1389

AGINDUA, 1998ko martxoaren 9koa, Merkataritza, Kontsumo eta Turismo sailburuarena, atzerrian tituluak lortu dituztenak trebatzeko bekak emateko eta trebakuntza burutzeko enpresa lankideak aukeratzeko lehiaketarako deialdia egiten duena.

Euskal enpresak geroz eta gehiago internazionalizatzeko beharrezkoak diren baldintzak sortzea da Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Sailaren helburuetariko bat. Eta helburu hori lortu ahal izateko, beharrezkotzat jotzen da, geroz eta enpresa ugariago atzerrian jartzea. Horiek horrela, Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Sailaren jardunak, alde batetik, lagundu egin behar die enpresei eta, bestetik, atzerriko tituluak dituztenei ezagutzak eman behar dizkie, euskal enpresek komertzializazio-ahaleginetan erabili ohi dituzten metodoen gainean; era honetan, euskal enpresak nazioarte mailako merkatuetan sar daitezela lortu behar da. Ondorioz, hauxe

XEDATU DUT:

1. atala.– a) Atzerrian tituluak lortu dituztenei bekak emateko eta enpresa laguntzaileak aukeratzeko deialdia egitea da agindu honen helburua. Tituludun horiek trebatzeko difinituta dagoen kanpo-sustapeneko plan baten barruan burutu beharko da hori.

b) Euskal Herriko Ogasun Orokorra Antolatzeko Printzipioei buruzko Legeko 51.4 atalean, hau da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaz onartutako bateratutako testuan, ezartzen denaren arabera emango zaio ebazpena deialdi honi, lehiaketak duen prozedura orokorrari jarraituaz. Agindu honetan finkatzen diren irizpideen arabera eskuragarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira horretan.

c) 28 milioi pezeta jarriko dira gehienera egiteko honetarako.

2. atala.– 1.– Agindu honetan xedatutakoaren onuradun izan daitezen bekari atzerritarrak trebatzeko eta hobetzeko bideak eskaini beharko dituzte aukeratuak izan diren enpresek. Enpresa horietako esportazio-departamenduekin batera lan eginez burutuko dute atzerritar horiek beren trebakuntza eta gaikuntza lana eta, guztiori, agindu honetan ematen diren baldintzei jarraituaz noski.

2.– Programa honen bidez eskaintzen direnaz baliatuz aukeratuak izan daitezen enpresetako esportazio-departamenduetako gai berezietan bekarioak trebatzea izango da beken egitekoa.

Gehienera 10 izango dira bekak eta iraupena 6 hilabetekoa. Beka bat esleitzeak eta horretaz baliatzeak ez dute sortuko inolako kontratu edo estatutu mailako loturarik, ez Eusko Jaurlaritzarekin eta ez trebakuntza-jarduna bekarioak garatu dezaneko enpresarekin ere.

3. atala.– 1.– Honako hauek bete beharko dituzte enpresek:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan beren egoitza izatea.

b) Kooperazio eta Garapen Ekonomikorako Antolakundekoak (KGEA) ez diren nazioetarako ongi definitutako kanpo-sustapen plan bat landuta izatea. Era berean, Mexiko, Txekiar Errepublika, Turkia, Hungria eta Poloniarako eratutako kanpo-sustapenerako planak ere onartuko dira.

c) Bekarioaren jardun eta trebakuntza plan bat lantzea. Bekaren idarraldi osoa hartu behar du plan horrek.

2.– Honako baldintza hauek bete dituztenak izan daitezke beken onuradun:

a) Goi mailako titulu baten jabe izatea.

b) 35 urte baino gehiago ez izatea.

c) Kooperazio eta Garapen Ekonomikorako Antolakundekoak (KGEA) ez diren nazioetakoren bateko nazionalitatea izatea eta bertan egoitza izatea, hau da, Mexiko, Txekiar Errepublika, Turkia, Hungria edo Polonian.

d) Merkataritzako teknikari-lanetan edo antzeko batean urte eta erdi baino gehiagoko esperientzia izatea.

e) Gaztelerari buruzko ezagutza zabalak izatea. Beste hizkuntza batzuei buruzko ezagutzak izatea baloratu egingo da. Salbuespen gisa baldin bada ere, gaztelera ez den beste hizkuntza bat hartu ahal izango da lehenengo hizkuntza gisa. Bekarioak beka garatzeko kredita ditzan esperientzia eta ezagupenen arabera egingo da hori horrela eta bekaria hari esleitu dadineko enpresak horretan duen interesa ere kontuan hartuko da.

f) Edukiari eta helburuei dagokienetan ezaugarri berdinak edo antzeko dituzten beken onuradun lehenago izandakoa ez izatea.

3.– Izakera berdineko dirulaguntzei edo laguntzei dagokienetan hasiarazitako diru-itzulpen edo zigor prozeduraren batean sartuta ez egotea, ez enpresa eta ez bekarioa ere.

4. atala.– 1.– Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Sailak 1.200.000 PTAtik edo 2.000.000 PTAra arteko diru-zenbatekoa emango du beka bakoitzerako. Diru-hornidura hori aldatu egingo da, bekaren garapena oso-osoan Euskal Autonomi Erkidegoan burutzen ez baldin bada, aurrekontuetan eman daitezen diru-erabilgarritasunak kontuan hartuaz noski. Kasu honetan, bekariak Euskal Autonomia Erkidegoan egin behar duen denboraldiari eta bekaria hangoa deneko nazioko bizimoduaren nibelari egokituko zaie diru-hornidura.

Bekariak bere trebatze-jardunak burutuko ditueneko enpresak, bekaria bere naziotik etortzeko eta bertaratzeko gastuak ordaindu beharko dizkio bekariari eta bai jardun eta trebakuntza planean sartuta egon eta bekariari eska dakizkiokeen egintzek ekar ditzaketenenak ere.

Bekariak ordaindu beharko ditu bisatua eskuratzeak sor ditzan gastuak. Istripuekiko aseguruaren eta bidaietan laguntzeko osagarriaren kontratazioa Eusko Jaurlaritzak egin beharko du.

2.– Bekariak bere trebakuntza jasoko dueneko enpresak ordaindu beharko du beka, hilero-hilero zenbateko osoari dagokion zati proportzionala pagatuaz. Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Sailak, trebakuntza aldia amaitutakoan, kitatu egin beharko du enpresak aurreratu duen zenbatekoa; baina horretarako, justifikatu egin beharko dira ordainketak eta azalpen-memoria aurkeztu.

Salbuespen gisa baldin bada ere, enpresek eskatu ahal izango diote Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Sailari, bekaren zenbateko osoa aurrez ordaindu dezala. Eta eskabideari onarpena eman ahal izango zaio, bidezkoa den banku-abal bidez behar den bezala bermatzen baldin bada eta bekaria enpresan lanean egon dadinaren baldintzapean.

5. atala.– 1.– a) Enpresen eskabide horiek Kanpo Merkataritza eta Ekonomi Lankidetza Sustatzeko Zuzendaritzara bidali behar dira, nahiz artez, nahiz azaroaren 26ko 30/1992 Legean aipatzen diren medioetakoren batez baliatuaz. Entregatzeko epealdiak, agindu hau indarrean jarri dadin egunetik hasi eta 1998ko apirilaren 30era arte iraungo du. Bestalde, agindu honetako I. eranskinean aipatzen diren agiriak ere aurkeztu beharko dira.

b) Eskabideak aurkezteko epea amaitu dadinean, Kanpo Merkataritza eta Ekonomi Lankidetza Sustatzeko zuzendariak, zuzendaritza horretakoak izan eta zuzendari horrek izendatuko dituen bi teknikarik osatuko duten Aukeraketa-Komiteak aztertu egingo ditu enpresak eta onuradun izan daitezkeenen proposamena egingo dio Merkataritza eta Kontsumo Sailordetzari, honek, ebazpena eman diezaion enpresa horrek duen kanpo-sustapenerako planaren egokitasuna kontuan hartuta. Horretaz aparte, Aukeraketa-Komiteak, ordezkoak izan daitezkeen enpresen aldeko proposamena egingo du, aukeratu daitezkeen bekarien jatorri-nazioak bereiztu egingo direla bata bestearengandik.

c) Ebazpen proposamena landu ahal izateko, honako irizpide hauek hartuko ditu kontuan Aukeraketa-Komiteak:

– Curriculum vitae-aren balorazioa eta eskegileak merkataritzan duen esperientzia: %33,3.

– Gaztelerari edo eskabidea egingo deneko hizkuntzari buruzko ezagutzak: %33,3.

– Enpresek aurkeztutako eskabideari, eskegilearen perfil profesionala egokitze maila: % 33,3

Halaber, aukeraketa egiteko beharrezkotzat jotzen baldin badu komiteak, elkarrizketa pertsonalak egin ahal izango dira izangaiekin eta bai froga psikoteknikoak ere. Hizkuntzei buruzkoa alde batera utzi gabe.

2.– a) Eusko Jaurlaritzako Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Saileko Kanpo Merkataritza eta Ekonomi Lankidetza Sustatzeko Zuzendaritzara bidali behar dira beken eskabideak. Deialdiaren argitalpena egin beharko da aurretik, eskabideak aurkezteko epeak finkatu, eskabideak non aurkeztu behar diren zehaztu, eta gainontzeko baldintzak aditzera eman behar dira aipatu diren nazio horietako komunikabideetan. Eskabideak aurkezteko azken eguna, 1998ko irailaren 1a izango da.

Agindu honetako II. eranskinean aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira eskabidearekin batera:

b) Epealdia amaitutakoan, Merkataritza eta Kontsumo sailburuordeak beken esleipena egingo du, lehen aipatu den Aukeraketa Komitearen proposamena aztertu ondoren.

c) Jarraian, aukeratuak izan direnei horren berri eman beharko zaie. Era berean, ordezkotzarako aukeratuak izan diren izangaien proposamena egingo du Aukeraketa Komiteak, nazioak eta izangaien trebakuntzan lan egiteko aukeratuak izan diren enpresak bereiztu egingo direla elkarren artean.

3.– Merkataritza eta Kontsumo sailburuordeak 1998ko azaroaren 30a baino lehen erabaki espresurik ez ematea gerta dadinean, eskabideek ukoa jaso dutela ulertuko da.

4.– Erabakiak ez dio amaiera emango administrazio bideari eta, berorren aurka, errekurtso arrunta aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Merkataritza, Kontsumo eta Turismo sailburuari.

5.– Enpresa laguntzaileak aukeratzeari buruzko erabakiak, bekak esleitzeko erabakiak eta bai horiei buruzko aldaketak ere Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, Ogasun eta Herri Administrazio Sailak, ekainaren 19ko 7/1997 Legeko 49.2 atalean xedatzen denaren arabera, agindu dezan erari jarraituaz.

Era berean, onar daitezen erabakien berri emango zaie interesatuei.

6.– Beka esleitzeko kontuan hartu ziren baldintzak aldatzeak, beste administrazio edo ente publiko eta pribaturen batek emandako laguntzak edo dirulaguntzak hauekin batera eskuratzeak eta, dadina dadila, beste diru-sarrera edo errekurtso batzuek helburu berdinerako izateak, aldaketak ekarri ahal izango dituzte esleitze-erabakian; baina agindu honen bidez finkatzen diren laguntzen onuradun izateko arau honetan ezartzen diren baldintzak bete daitezenaren baldintzapean noski.

6. atala.– 1.– Enpresek bete beharrekoak:

a) Deialdian jasotzen diren arauak eta oinarriak onartzea eta betetzea.

b) Beka ongi burutze-arloan eragina izan dezakeen zerbait gertatuz gero, Kanpo Merkataritza eta Ekonomi Lankidetza Sustatzeko Zuzendaritzari eman beharko zaio horren berri.

c) Bekaren indarraldia amaitzean, honako hauek aurkeztu beharko dira hilabeteko epearen barruan:

– Gauzatu diren ordainketen justifikazioa.

– Bekariek burututako jardunei buruzko azalpen-memoria. Helburuak betetze maila jarri beharko da nabarmen bertan eta bai garrantzizkotzat jotako beste edozein alde ere.

2.– Bekariek bete beharrekoak:

a) Esleitutako dirulaguntza onartzea. Ildo honi jarraituaz, beka esleitu zaionaren berri emateko komunikazioa eskuratu dadin egunetik hasi eta hamabost eguneko epearen barruan, onuradunek uko espresua eta idatzizkoa ez aurkeztea gertatuko balitz, bekari onarpena eman zaiola ulertuko da.

b) Deialdiak dituen arauak eta oinarriak onartzea eta betetzea eta bai honako instrukzio hauek ere, alegia, bertaratze epeei, destino enpresari edo bekaren helburuak betetzea xedetzat duten beste edozein arauei buruzkoak hain zuzen. Kanpo Merkataritza eta Ekonomi Lankidetza Sustatzeko Zuzendaritzak emango dio bekadunari horien berri.

c) Beka horretarako esleitu deneko destinoan erabiltzea.

d) Bekariaren trebakuntzaren ardura enpresan izan dezan pertsonak emandako instrukzioak onartzea eta betetzea.

e) Bekaz baliatzeaz amaitutakoan, memoria bat aurkeztu beharko zaio Kanpo Merkataritza eta Ekonomi Lankidetza Sustatzeko Zuzendaritzari. Hilabeteko epearen barruan egin behar da hori eta nabarmen jartzekotzat jotakoak jaso berorretan.

7. atala.– Bekaz baliatzea eta soldatadun edozein lan egitea edo beste beka bat eskuratzea batera-ezinezkoak izango dira. Enpresek eskainitako lankidetzak ez du ezarriko, administrazio publikoek eta entitate pribatuek eman ditzaketen laguntzak eskuratzearekiko bateraezintasunik.

8. atala.– Deialdi honetan aipatzen diren laguntzen kudeaketa eta bekariak enpresan trebatze-jardunen kontrola eramatea, Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Saileko Kanpo Merkataritza eta Ekonomi Lankidetza Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio.

9. atala.– Bekarien trebakuntza-jardunetan lankide diren enpresetakoren batek lanari uko egitea edo eginbeharrak ez betetzea gertatuz gero, ordezkaritzarako izendatuak izan direnen artetik beste enpresa bat izendatuko da trebakuntzako lehenengo bi hilabeteko epearen barruan. Enpresa ordezkariak, trebatu behar den bekariaren jatorri-nazioarentzako kanpo-sustapen plan bat eratuta izan behar du.

10. atala.– Bekaren pertsona onuradunak bekari ukoa egiteak edo baldintzak ez betetzeak, ordaindu gabe dauden eskubide ekonomiko guztiak galtzea ekarriko du.

Bekaz baliatzeko lehenengo bi hilabeteren barruan gertatuko balitz hori, beste bekari bat izendatuko da ordezkaritarako aukeratuak izan direnen artetik, ordezkaritarako hurrenkerari jarraituko zaiola horretan. Bekaz baliatzeko gelditzen den denboraldirako egingo da izendapena eta ukoa egin duenaren nazio berekoa izango da.

Bi hilabete igaro ondoren gertatzen bada hori, baliogabetu egingo da esleitutako beka eta ez du ondoriorik izango.

11. atala.– Aukeraketaren gai izan diren enpresek, zerga mailako eta Gizarte Segurantzarekiko obligazioak, indarrean dauden xedapenetan agintzen denaren arabera, beteta dituztela kreditatu beharko dute.

12. atala.– Informazioa eman beharraren obligazioa.

1.– Kanpo Merkataritza eta Ekonomi Lankidetza Sustatzeko Zuzendaritzak, egokitzat jotako ziurtapenak burutu ahal izango ditu beken garapenari dagokionetan, horretarako, eska dakiekeen osagarrizko informazio guztiak eskaini beharko dituzte onuradunek.

2.– Era berean, ekainaren 19ko 7/1997 Legeko 51.1.k) atalean xedatzen denari jarraituaz, kontrol ekonomikorako bulegoak eta Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak, laguntzen destinoa fiskalizatzeko dituen egitekoak beteaz, eskatutako informazio guztiak emateko obligazioa du onuradunak.

13. atala.– Dirulaguntza esleitzearen zio izan ziren baldintzak ez betetzeak eskuratu diren zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharra ekarriko du. Eta hori horrela egin behar da, Euskal Herriko Ogasun Orokorra Antolatzeko Printzipioei buruzko Legean, hau da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaz onartutako bateratutako testuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Errege Dekretuan halaxe aginduta dagoelako.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 1998ko martxoaren 9a.

Merkataritza, Kontsumo eta Turismo sailburua,

ROSA DÍEZ GONZÁLEZ.

I. ERANSKINA

Enpresek aurkeztu beharreko agiriak. Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Sailaren lurralde ordezkaritzetan emango den ereduaren arabera egin behar da hori:

– Enpresa sortze eskritura.

– Eskabidea aurkezten duen pertsonaren behar hainbateko boterea.

– Ustiaketa datuak, fakturazioa, esportazioen kopurua eta destinoa. Enpresak esportazioetarako duen departamenduaren egitura.

– Bekaria hangoa deneko naziorako eskatzen den sustapen-plana.

– Bekariak burutu behar duen trebakuntza plana. Enpresa barruan bekariaren arduradun izango litzatekeen pertsona aipatu behar da.

– Zerga mailako eta Gizarte Segurantzarekiko obligazioak beteta izatearen kreditazioa.

– Kontuaren zenbakia, sukurtsalaren eta bankuaren izena. Eta hori, ordainketak egin ahal izateko ebazpena positiboa izatea gertatu dadin kasurako.

II. ERANSKINA

Bekariek aurkeztu beharreko agiriak.

– Eskegilearen curriculum vitae, jaioteguna eta jaioterria, helbidea, harremanetarako telefonoa, egindako ikasketen zerrenda, hizkuntzak eta izan dituen jardun profesionalak. Eskegileak interesgarritzat jo dezakeen beste edozein informazio.

– Eskatzen den tituluaren ziurtagiria.

– Esperientzia profesionala kreditatuko duten agiriak.

– Bekak iraun dezan bitartean sor daitezkeen beste jardun batzuek garatzeko duen prestasunaren deklarazioa.

– Pasaportearen edo nortasun agiri nazionalaren fotokopia. – Erresidentziaren ziurtagiria.

– Aurrikusita dauden jardunak burutzeko izangaia ezgaitu dezakeen gaixotasunik ez duenaren ziurtagiria, sendagile batek egindakoa.

– Beste beka bat ez duenaren edo soldatadun lanik burutzen ez duenaren deklarazioa.


Azterketa dokumentala