Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

60. zk., 1998ko martxoaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura
1388

AGINDUA, 1998ko otsailaren 12koa, Kultura sailburuarena, Getariako Hirigune Historikoaren Esparru Arkeologikoa Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean, Monumentu Multzo izendapenaz Kultura Ondare gisa sartzen duena.

Getariako Esparru Arkeologikoaren balio historikoa eta kultura aldetik duen interesa ikusita eta arlo honetan erabilgarri den lege-arautegian ezarritakoa kontutan hartuz, hots, Konstituzioaren 149.1.28. atala, Autonomia Estatutuaren 10.19. atala eta uztailaren 3ko 7/1990 Legea bera aintzat hartuta, ondasun hori Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedienteari hasiera ematea erabaki zuen Kultura sailburuordeak 1997ko azaroaren 21eko dataz.

Espediente hori administrazio-bidetik izapidatu ahal izateko, aipatutako 7/1990 Legearen 17 eta 11.3. atalean, eta honekin bat datozen gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraituz, jende guztiak espedientearen berri izan zezan, jendaurrean ikusgai jarri zen, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Getariako Udalari entzuteko izapidetza ere burutuz.

Horrenbestez, legez ezarritako izapidetza guztiak behar bezala beterik, ez da inolako alegaziorik aurkeztu.

Orain arte adierazitako guztia kontuan hartuta; aipatutako Legearen 17. atalak ezarritakoari jarraituta; Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak proposatuta eta Euskal Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoen txostena ikusirik, hau,

ERABAKI DUT:

Lehenengoa.– Getariako Hirigune Historikoaren Esparru Arkeologiko Monumentu Multzo izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean, Kultura Ondare gisa sartzea.

Bigarrena.– Aipatutako Esparru Arkeologikoa mugatzea I. eranskinean ezarritakoaren arabera eta II.ean agertzen den deskribapenean oinarrituz.

Hirugarrena.– Getariako Hirigune Historikoaren Esparru Arkeologikoa Euskal Kultura Ondareari atxikitako Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko eskaria egitea.

Laugarrena.– Getariako Udalari, Esparru Arkeologiko hori babesteko bere udal hirigintzako planeamendu tresnan kontutan hartzea eskatzea, Euskal Kultura Ondarearen, uztailaren 3ko, 7/1990 Legearen 44.2 atalean ezarritakoa betetzeko.

Bosgarrena.– Getariako Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari zera jakinaraztea: esparru arkeologiko horretan egitekoak diren iharduera eta lan guztietarako, Foru Aldundiaren baimena beharko dela eta baimen hori lortzeko aurretiaz dagokion proiektu arkeologikoa aurkeztu beharko dela.

Seigarrena.– Getariako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Departamentuei eta Eusko Jaurlaritzako Lurraldearen Antolaketa, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailari agindu honen berri ematea.

Zazpigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Egunkari Ofizialean argitaratzea.

Administrazio-bidea agortzen duen agindu honen aurka administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Herriko Auzitegi Nagusian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 1998ko otsailaren 12a.

Kultura sailburua,

M.ª CARMEN GARMENDIA LASA.

I. ERANSKINA / ANEXO I

fotolito

II. ERANSKINA

DESKRIBAPENA

Getaria leku oso estrategikoan dago kokatua. Hiribildua istmo txiki batek osatzen duen lur-mihian eraiki zuten eta itsasoa ditu muga eta defentsa ekialdean eta mendebaldean.

Ezaugarri horrek garbi erakusten du bere fundazioaren jatorria. Izan ere kostaldean oso urte gutxitan hiribildu asko fundatu zen, eta horietako bat da Getaria. Bere funtzio nagusia kostaldea atzerritar eta piraten erasoetatik babestea zen, horrelako eraso ugari izaten baitzen garai hartan. Aldi berean, merkataritza bideak kontrolatzeko modua ere bazen, kostaldeko herriak baitziren barne aldeko produktuak, artilea batez ere, esportatzeko bidea.

Hiribildu handi samarra da (3,1 hektarea), Gipuzkoakoen batez bestekoa baino handiagoa. Planoa oso erregularra da eta kale paraleloak ditu, kantoi bidez elkartzen direnak. Herriko kaleen antolaketa hori jendea bertara bizitzera joan aurretik planifikatu zen. IE-HM zentzuan dago orientatu eta orubearen orografiari egokitzen zaio.

Lau kale luzez dago osatua: Aldamar kalea, Kale Nagusia, Elkano kalea Arnao Jeneral kalearekin eta San Roke kalea. Hirigintza ordenatzeko duen elementu bakarra eliza da. Iparraldeko muturrean dago baina, hiribilduaren egitura benetan definitzen duena, lehen ere esan dugun moduan, Getariako herriko kokapen geografikoa bera da.

Eremu honen mugak hauek dira: frontoiaren atzetik Zumaia aldera doan kamioa. Juan Sebastian Elkanoren omenez egindako monumentua kanpoan utzita, ipar-ekialderuntz doa, itsaslabarran barrena Arnao Jenerala kalera jaisteko eskaileretaraino. Hori ipar ekialdeko muturra izango litzateke, mendebaldeko itsaslabarrera gurutzatu eta hari jarraitu, Zumaira doan bideraino.

Kale horiek mugatzen dituzten etxadiak bakunak dira, denak, eta badute berezitasun bat: sakonera handikoak eta fatxada estukoak izan arren, garai hartan halakoak egiten baitziren, sakoneraren eta zabaleraren arteko aldea ez da horrenbestekoa. Orubeen sakonera ez da ohi bezain handia, ziur aski oso leku lau gutxi zegoelako eta zegoena ahalik eta hobekien aprobetxatu behar zelako.

Getariako barruko aldean ez dago espazio librerik, oso zoru erabilgarri gutxi dagoenez den-dena aprobetxatu beharra dago eta. Dena dela, elementu historiko bat aipatu beharra dago: katraponak. Leku horietan artilleriako piezak jartzen ziren eta, arkuak zeudenez, haien azpitik pasatzeko modua zegoen. Horrela defentsak jendeak ibiltzeko behar zuen lekuan ez jartzea lortzen zuten. Horrelako baten bat badago oraindik ere.

Garai batean lau zeudela badakigu, baina gaur egun bat besterik ez dago. Orain erabiltzen ez direnez plaza txiki modura fosildu dira. San Salbador eliza hiribilduaren mutur batean dago eta herriaren defentsa funtzioa betetzen du, harresi moduan. XIV. mendean eraikia egon arren aldaketa eta berrikuntza ugari izan ditu, hiribildua behin eta berriz suntsitu eta atzera berreraikia izan baita. Berritze-lan horiek ikusi egiten dira bertan.

Hiribilduaren barruan dauden etxe batzuk, dorretxeak izango zirenak behar bada, argi eta garbi erakusten dute Erdi Aroan sortutako herria dela, sarreretan arku zorrotzak baitituzte.


Azterketa dokumentala