Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

60. zk., 1998ko martxoaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura
1385

AGINDUA, 1998ko otsailaren 12koa, Kultura sailburuarena, Arrasateko Hirigune Historikoaren Esparru Arkeologikoa Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean, Monumentu Multzo izendapenaz Kultura Ondare gisa sartzen duena.

Arrasateko Esparru Arkeologikoaren balio historikoa eta kultura aldetik duen interesa ikusita eta arlo honetan erabilgarri den lege-arautegian ezarritakoa kontutan hartuz, hots, Konstituzioaren 149.1.28. atala, Autonomia Estatutuaren 10.19. atala eta uztailaren 3ko 7/1990 Legea bera aintzat hartuta, ondasun hori Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedienteari hasiera ematea erabaki zuen Kultura sailburuordeak 1997ko azaroaren 21ean.

Espediente hori administrazio-bidetik izapidatu ahal izateko, aipatutako 7/1990 Legearen 17 eta 11.3. atalean, eta honekin bat datozen gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraituz, jende guztiak espedientearen berri izan zezan, jendaurrean ikusgai jarri zen, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Arrasateko Udalari entzuteko izapidetza ere burutuz.

Arrasateko Udalak alegazio idatzi bat aurkeztu zuen adierazitako izapidetzatan, labur bilduz, babestutako objektua gehiago zehaztu beharra, Hirigune Historikoaren Arkeologia esparrua eta balizko arkeologi esparruei dagozkien planoak bateratzeak ekarriko lukeen hobekuntza eta azkenik, balio arkeologikoa izango lukeen elementurik ez duten guneak ez babesteko hauek zehaztu beharra eta baimen berezi baten beharrik izango luketen ihardueren zerrenda bat gauzatu beharra adieraziz.

Alegazio hauek ez dira onartu, baldintzapean bat salbu, Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek prestatutako eta espedientean dauden txostenak kontutan hartuz arrazoi moduan.

Espediente honen babesaren objektua Arrasateko Hirigune Historikoaren Esparru Arkeologikoa litzateke, honen mugapena ertaroko hiriaren sorrera zehazten duen dokumentu, hirigintza, e.a. erreferentzia kontutan hartuz burutu delarik. Esparru honen barruan dauden balio arkeologikoa duten eta ez duten elementuen arteko zehaztapena, beti ere, proiektu arkeologikoen bidez eta hauen ondorioz gauzatutako iharduera arkeologikoen bidez egiten da, beharrezko baimenik gabe egin litezkeen ihardueren eragina finkatzea bezala. Galdatzen den zehaztapen maila geroago burutzekoa da eta Esparru Arkeologikoa inskribatzeak ematen duen babesaren exekuzio bezala gauzatzen da, 7/1990, uztailaren 3ko, Euskal Kultura Ondareari buruzko Legearen 45. artikuluaren arabera. Bestalde, balio arkeologikoa duen elementurik ez dagoela nabariki ziurtatzen den guneetan, hauek ezabatuak izan direlako, ez du eraginik izango emandako babesak, objekturik ez izatean. Arrasateko Hirigune Historikoari dagokion eta udalerriko Balizko Arkeologia Guneen planoak bateratzeari dagokionean, hau ez da egoki irizten, espediente bakoitzaren izaera, izapidetza eta efektu juridikoak desberdinak direlako guztiz.

Orain arte adierazitako guztia kontuan hartuta; aipatutako Legearen 17. atalak ezarritakoari jarraituta; Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak proposatuta eta Euskal Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoen txostena ikusirik, hau,

ERABAKI DUT:

Lehenengoa.– Arrasateko Hirigune Historikoaren Esparru Arkeologiko Monumentu Multzo izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean, Kultura Ondare gisa sartzea.

Bigarrena.– Aipatutako Esparru Arkeologikoa mugatzea I. eranskinean ezarritakoaren arabera eta II.ean agertzen den deskribapenean oinarrituz.

Hirugarrena.– Arrasateko Esparru Arkeologikoa Euskal Kultura Ondareari atxikitako Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko eskaria egitea.

Laugarrena.– Arrasateko Udalari, Esparru Arkeologiko hori babesteko bere udal hirigintzako planeamendu tresnan kontutan hartzea eskatzea, Euskal Kultura Ondarearen, uztailaren 3ko, 7/1990 Legearen 44.2 atalean ezarritakoa betetzeko.

Bosgarrena.– Arrasateko Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari zera jakinaraztea: esparru arkeologiko horretan egitekoak diren iharduera eta lan guztietarako, Foru Aldundiaren baimena beharko dela eta baimen hori lortzeko aurretiaz dagokion proiektu arkeologikoa aurkeztu beharko dela.

Seigarrena.– Arrasateko Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Departamentuei eta Eusko Jaurlaritzako Lurraldearen Antolaketa, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailari agindu honen berri ematea.

Zazpigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Egunkari Ofizialean argitaratzea.

Administrazio-bidea agortzen duen agindu honen aurka administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Herriko Auzitegi Nagusian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 1998ko otsailaren 12a.

Kultura sailburua,

M.ª CARMEN GARMENDIA LASA.

I. ERANSKINA / ANEXO I

fotolito

II. ERANSKINA

DESKRIBAPENA

Arrasateko hiribildua ibar-hondoan dago kokatua, muino txiki baten gaineko orube lauan (216. metroko goiera). Estrategikoki kokatua dago, izan ere, batetik, mendi bana dauka mendebaldean eta ekialdean, Santa Barbara eta Santa Marina hain zuzen eta, bestetik, Aramaiona eta Deba ibaiak igarotzen dira bertatik, herriko defentsa naturala bailiran.

Erdi Aroan fundatutako hiribilduaren eremua ez da oso handia, gaur egungo Arrasate herriaren hiriguneak izan duen zabalduraren aldean. Hauek dira eremu horren mugak: iparraldean, Olarte kalea, hegoaldean, Zerkaoste kalea, ekialdean, San Franzisko komentua eta Maalako errebala kaleko hasiera eta, mendebaldean, Gazteluondo kalea.

Plano erregularra dauka, Erdi Aroan egiten ziren hirigintza lanak halakoak baitziren, eta itxia eta trinkoa da, kale paralelo eta kantoi elkarzuten inguruan egituratua. Eratzen diren etxadiak mehelindunak dira eta espazio publiko oso-oso gutxi dago.

Gaur egun ere argi eta garbi bereizten da eremu hori, gerora egindako zabaldura edo errebalek hirigunetik zuzen abiatuta egin baitziren (XV-XVI. m.), esate baterako Madalena (ekialdean, Bergararako bidean), Gazteluondo (mendebaldean, Leintz Gatzagarako bidean), Olarte eta Zarugalde (iparraldean, ibaiaren ertzean).

Hiribildu honen planoak forma obalatua dauka, kale guztiak muturretan ixtera jotzen baitute. Ekialde-mendebalde zentzuan dago orientatua batik bat. Barruko espazioa hiru kale paraleloren inguruan antolatzen da: Erdiko kalea (zuzena baita) eta horren ipar eta hegoaldean dauden beste bi kaleak, Ferrerias eta Iturrioz kaleak hurrenez hurren.

Badira, bestalde, kale horiek kontrako zentzuan, hau da, iparralde-hegoalde zentzuan, mozten dituzten bi kantoi ere, Olarte kaletik Zerkaoste kaleraino, zeinaren trazatua aldatu egin baita.

Horrela, hasiera-hasieratik etxadi bakunak egituratu ziren eremu honetako kanpoko aldeko kaleetan (Ferrerias kaleko zenbaki bikoitietan eta Iturrioz kaleko zenbaki bakoitietan) eta bikoitzak, berriz, barruko aldean. Etxeen fatxadak kale paralelotara ateratzen dira eta atzeko aldeak elkarri begira dituzte. Atzeko aldeetan garai batean gandola zenaren aztarnak daude gaur egun, eta patio txiki batzuk eratzen dira.

Etxe gehienak manposteriazkoak dira eta zurezko egitura dute, baina badira beste batzuk, planta berriko etxe berriak, alegia, erabat aldatu direnak. Etxe berri horien azpizoruan ez dugu uste Erdi Aroko aztarnarik egongo denik, batez ere kanpoko aldeko etxadietan eta hiribilduaren mendebaldean.

Plaza modura eratutako espazio publiko ireki bakarra hirigunearen erdian dago. Herriko Plaza du izena eta, udaletxea bezala, askoz ere beranduago egin zen (XVIII. mendean). Udaletxeak plazaren muga ezartzen du ekialdetik.

Beste aldean, plaza mendebaldetik ixten duela, hiribilduan dauden eraikin monumentaletako bat dago, San Joan eliza, hiribilduan nagusi diren mehelindun etxebizitzen ezaugarriak hausten dituela. Eraikin horrek, mendeak joan mendeak etorri, hainbat aldaketa izan ditu, gotikotik hasi (XIV. mendea) eta XVII. mendera arte (arkupea).


Azterketa dokumentala