Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

60. zk., 1998ko martxoaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Ogasuna eta Herri Administrazioa
1367

61/1998 DEKRETUA, martxoaren 24koa, etxebizitza eta lur arloan, kreditu-erakundeek 1998ko ekitaldian eman ditzaketen mailegu kualifikatuen interes-tasak ezartzeko dena.

Eusko Jaurlaritzak, etxebizitza eta lur arloan babesgarri izan daitezkeen ekintzei dagokienez, kreditu-erakundeek eman ditzaketen mailegu kualifikatuen interes-tasak arautu zituen ekainaren 3ko 128/1997 Dekretuaren bitartez.

Kreditu-erakundeekin 1997ko ekitaldirako izenpetutako finantzaketarako lankidetza-hitzarmena luzatuta dago egun, hitzarmenkideek salatu ez baitute, eta luzapenaren indarraldia aurtengo ekainaren 30ean bukatuko da.

Etxebizitza eta lur arloan babesgarri izan daitezkeen ekintzei dagokienez 1998an eman daitezkeen maileguen interes-tasak arautuko dituen xedapen berri honen bidez, aurreko Dekretuan ezarritako irizpideei jarraitzen zaie, hipoteka-merkatuko interesen jeitsiera finkatuz.

Ondorioz, arlo horretan legez ematen zaizkidan eskuduntzez baliatuz eta Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren eta Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 1998ko martxoaren 24an izandako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Atal bakarra.– 1.– Atal honetako 2. puntuan adierazitako jarduera babesgarrientzat 1998ko finantzaketarako lankidetza-hitzarmenaren esparruan kreditu-erakundeek ematen duten kualifikatutako maileguentzako urteko hasierako interes tasa nominala aipatutako finantzaketarako lankidetza-hitzarmenean araututakoaren arabera finkatuko da lehenengo urtean zehar, honako honen arabera:

1.– 1998an onartutako maileguei, ekainaren 30era arte, 100eko 4,80 nominal urteko aplikatuko zaie, sei hileko mugaegunez maileguaren lehenengo urtean zehar. Benetako tasa ezin izango da 100eko 4,86 baino handiagoa izan urteko.

2.– Uztailaren 1ean hasierako interes-tasa berraztertu egingo da, «Erakundeak Guztira» erreferentziaren indizearekin, Banco de Españako Estatistika Boletinean argitaratzen den Tesoro eta Finantza Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren 1991ko otsailaren 4ko Erabakian definituta, hain zuzen, eta maiatzari dagokiona. Berrikuspen horrek indarraldia izango du irailaren 30era arte eta uztailaren 1etik irailaren 30 bitartean onartutako maileguei aplikatuko zaie ondoriozko interes-tasa hori.

3.– Urriaren 1ean hasierako interes-tasa berraztertu egingo da, «Erakundeak Guztira» erreferentziaren indizearekin, Banco de Españako Estatistika Boletinean argitaratzen den Tesoro eta Finantza Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren 1991ko otsailaren 4ko Erabakian definituta, hain zuzen, eta abuztuari dagokiona. Berrikuspen horrek indarraldia izango du abenduaren 31ra arte eta urriaren 1etik abenduaren 31 bitartean onartutako maileguei aplikatuko zaie ondoriozko interes-tasa hori.

Hiruhileko bakoitzean aplikatu beharreko interes-tasa berrikusia honelaxe finkatuko da:

– «Erakundeak Guztira» erreferentzia indizearen datuaren 100eko 80aren portzentaia, 100eko 4,86 edo handiagoa bada baina 100eko 5 baino txikiagoa, hurrengo hiruhilekoan zehar aplikatu beharreko benetako interes-tasa berrikusia 100eko 4,86 izango da.

– «Erakundeak Guztira» erreferentzia indizearen datuaren 100eko 80aren portzentaia, ordea, 100eko 4,86 edo txikiagoa bada edo 100eko 5 baino handiagoa, hurrengo hiruhilekoan zehar aplikatu beharreko benetako interes-tasa berrikusia «Erakundeak Guztira» erreferentzia indizearen datu horren 100eko 80aren portzentaia izango da.

Kreditu-erakundeekin 1998rako izenpetutako finantzaketarako lankidetza-hitzarmena luzatzen bada, 100eko 80, luzapenari hasiera ematen zaionean (azaroa) argitaratutako azken hileari dagokion «Erakundeak Guztira» erreferentzia indizearekin biderkatzetik ematen duen benetako interes-tasa aplikatuko da.

Lehenengo urtetik aurrera interes-tasa aldakorra izango da, finantzaketarako lankidetza-hitzarmenean araututakoaren arabera.

2.– Atal honen 1. puntuan xedatutakoak eragiten dituen etxebizitza arloko jarduera babesgarriak honako hauek izango dira, berariazko arautegietan xedatutakoa betez:

a) Babes ofizialeko etxebizitzen sustaketa.

b) Babes ofizialeko lehenengo etxebizitzaren erosketa.

c) Tasatutako prezioa duten etxebizitzen erosketa.

d) Babespeko errentarako diren etxebizitzen erosketa.

e) Bereoneratzeko jarduerak.

f) Etxebizitza sozialak erregimen pribatuan sustatu eta erostea.

g) Batez ere babes ofizialeko etxebizitzetarako izango den lur arloko jarduera babesgarriak.

GEHIGARRIZKO XEDAPEN BAKARRA

Dekretu honen atal bakarrean xedatutakoa aplikagarri izango zaie, etxebizitza eta lur arloan babesgarri izan daitezkeen ekintzei dagokienez, kreditu-erakundeekin 1998rako izenpetuko den finantzaketarako lankidetza-hitzarmenean eta horrek izan ditzakeen luzapenetan xedatutakoaren babespean baimentzen diren mailegu kualifikatuei.

INDARGABETZE XEDAPEN BAKARRA

Indargabetuta gelditzen dira, etxebizitza eta lur arloan 1997an kreditu-erakundeek emandako mailegu kualifikatuen interes-tasa ezartzen duen 128/1997 Dekretua, ekainaren 3koa, eta Dekretu honen aurka doakeen beste arau oro.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuak, berarengan dituen eskuduntzen esparruaren barruan, Dekretu hau garatzeko eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzake.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik izango du indarra Dekretu honek.

Vitoria-Gasteizen, 1998ko martxoaren 24an.

Lehendakaria,

JOSÉ ANTONIO ARDANZA GARRO.

Ogasun eta Herri-Administrazio sailburua,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburua,

FRANCISCO JOSÉ ORMAZABAL ZAMAKONA.


Azterketa dokumentala