246. zk., 1997ko abenduaren 24a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Herrizaingoa
6325
298/1997 DEKRETU abenduaren 16koa, ertzaintzako funtzionarioen ordainsariei buruzkoa.
Euskal Herriko Poliziari buruzko 4/1992 Legearen 74. atalean ezarri denez, Euskal Poliziako funtzionarioen ordainsari–erregimena eta egitura Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen III. idazpuruko VII. atalburuan xedatutakoak araupetuko ditu.
Dena den, Ertzaintzako ordainsari-sistemaren egokitzapena atzeratu egin zen Legean bertan, harik eta kidegoaren behin betiko egituraren ikuspegi globala edukitzeko aukera izan arte. Horrela, bada, Ertzaintza lurralde guztian ezarri ondoren, beharrezkoa da ordainsari-sistema egokitzea.
Beraz, dekretu honen helburua hauxe da: Ertzaintzaren ordainsari-sistema Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen aurreikuspenetara egokitzea eta zehaztea, eta hori egiteko kontuan izan behar dira batez ere, batetik, zerbitzu publiko polizialak dituen berezitasunak eta, bestetik, Ertzaintzak Autonomia Erkidegoaren Administrazio orokorrari dagokionez duen estatutu-erregimena, izan ere, berezitasun horiek isladatu egin beharko dira ordainsari-erregimenean eta egituran.
Ondorioz, Herrizaingo sailburuaren proposamenez, Ertzaintzaren Kontseiluak txostena eman ondoren, Estatuko Kontseiluarekin bat etorriz eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 1997ko abenduaren 16an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATU DUT:
1. atala.– Dekretu honen helburua da Ertzaintzako funtzionarioen ordainsari-erregimena zehaztea, Euskal Herriko Poliziari buruzko 4/1992 Legearen 74. atalean ezarritakoarekin bat etorriz.
2. atala.– Oinarrizko ordainsarien zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan agertu beharko dira eta zenbateko horiek Funtzio Publikoari buruzko Legearen aplikazio eremuaren barruan dauden funtzionarioentzat ezarritakoak izango dira, dagokien sailkapen taldearen arabera.
3. atala.–
1.– Ertzaintzako eskala gorenari, egiterapen-eskalari, ikuskapen eskalari eta oinarrizko eskalari dagozkien lanpostuak honela sailkatu dira:
– agente kategoria: 1. maila
– agente lehena kategoria: 2. maila
– ofiziale-ondoko kategoria: 3. maila
– ofiziale kategoria: 4. maila
– komisario-ondoko kategoria: 5. maila
– komisario kategoria: 6. maila
– intendente kategoria: 7. maila
– intendenteburu kategoria: 8. maila
2.– Lanpostu-mailako osagarria Ertzaintzako eskala eta kategorietako lanpostuen sailkapen mailari dagokion ordainsari osagarria da, eta ordainsari osagarri horren zenbatekoa Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan agertu beharko da urtero.
4. atala.–
1.– Berariazko osagarria lanpostuen zerrendetan agertuko da eta osagarri horrekin Ertzaintzako lanpostuen baldintza bereziak ordainduko dira. Berariazko osagarria elkarrekin bateragarriak diren osagai bik osatuko dute:
a) Osagai orokorra: osagai horren bidez arriskua, bateraezintasuna, etengabeko gertutasuna eta Ertzaintzako lanpostu guztietan dauden baldintza bereziak ordainduko dira.
b) Osagai berezia: lanpostuen zerrendan osagai hori duten lanpostuei bakarrik dagokie, bakoitzak bere osagaia izango du eta lanpostu bakoitzak dituen baldintza bereziak bakarrik ordainduko ditu, honako irizpideak kontuan hartuz:
1.a.– Erantzukizun eta zailtasun teknikoa: lanpostuak Ertzaintzaren egitura organikoan duen posizioaren arabera, lanpostu horretan egin beharreko jardueraren izaera, helmena eta eraginaren arabera, eta lanpostuan izateko eskatutako betekizunen arabera zehaztuko da.
2.a.– Dedikazioa: dedikazioaren osagaia kontuan izango da, baldin eta lanpostuaren ezaugarriak direla-eta lanpostu horri dagokion lanaldia luzeagoa bada, hain zuzen ere, indarrean dagoen lanaldi normalizatua baino gutxienez hamabirena luzeagoa bada, eta debekatuta dago ohiko lanalditik kanpo egindako orduak ordutan edo dirutan ordaintzea. Era berean, dedikazioaren osagai hori kontuan izango da lan ordutegitik kanpo erabateko gertutasuna eskatzen denean.
3.a.– Nekagarritasuna: toxikotasun, deserosotasun edo eragozpen ezaugarriek lanpostuan etengabeko eragina dutenean hartuko da kontuan osagai hau.
Era berean, nekagarritasuntzat hartuko da normalean zerbitzua eman behar izatea jai egun eta gau jakin batzuetan, edo baldintza hori dagoela ikusten den beste egun batzuetan.
4.a.– Arrisku berezia: Ertzaintzako lanpostu guztiek berez duten arriskua baino arrisku berezi handiagoa duten lanpostuetan izango da kontuan osagai hau, baldin eta arrisku hori etengabekoa denean lanpostu horretan.
2.– Oinarrizko eskalan, ikuskapen eskalan, egiterapen-eskalan eta eskala gorenean, berariazko osagarriaren osagai bereziaren gehienezko zenbatekoak, ezin izango du lanpostuari dagokion eskalaren beheko kategoriari dagozkion oinarrizko soldataren, aparteko ordainsarien, lanpostu-mailako osagarriaren eta berariazko osagarriaren osagai orokorraren batuketaren %35 baino handiagoa izan.
5. atala.–
1.– Ekoizgarritasun-osagarriaren bidez errentagarritasun berezia, aparteko lana eta lanpostuetan agertutako interes edo iniziatiba ordainduko dira.
2.– Herrizaingo Sailak gastu programa bakoitzean horretarako zehaztutako kredituetan ekoizgarritasun-osagarri gisa emango diren zenbatekoak zehaztuko ditu, bai eta zein funtzionariok merezi dituen ere, Ertzaintzan ordezkaritza duten sindikatuek txostena eman ondoren Euskal Herriko Poliziari buruzko 4/1992 Legearen 103.2. atalean ezarritako negoziazio mahaian dituzten ordezkarien bidez.
Osagarri hori lanpostuaren garapenarekin zuzen-zuzenean zerikusia duten gorabehera objektiboak eta Administrazioak eta langileen ordezkariek adostu lezaketen irizpide eta adordioak kontuan izanda emango da. 6. atala.–
1.– Aparteko zerbitzuengatik emandako lansarien bidez, ohiko lanalditik kanpo emandako zerbitzuak ordainduko dira, eta ez da inoiz zenbateko finkoa izango eta ordaintzean ere ez da aldizkakotasun jakinik izango.
2.– Aparteko lansariak Herrizaingo Sailak emango ditu gastu programa bakoitzerako zehaztutako kredituen barruan.
ALDIBATERAKO XEDAPENAK
Lehenengoa.–
1.– Euskal Poliziari buruzko 4/1992 Legearen aldibetarako xedapenetarik hirugarrenean ezarritakoarekin bat etorriz, dekretu honetan ezarritako ordainsari-erregimena 1997an ezarriko da.
2.– Aplikagarria den legerian ezarritakoaren arabera, Ertzaintzako funtzionarioen oinarrizko ordainsariak 1997rako, bat datoz I. eranskinean ezarritako zenbatekoekin.
3.– 1997ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorrak onartu zituen abenduaren 27ko 10/1996 Legearen 18. atalean ezarritakoaren arabera, Ertzaintzako lanpostuen sailkapen mailei dagokien lanpostu-mailako osagarria, finkatuta dago 1997rako II. eranskinean adierazitako zenbatekoetan.
4.– 1997rako kategoria bakoitzari dagokion berariazko osagarriaren osagai orokorraren zenbatekoa III. eranskinean zehaztuko da.
5.– Poliziaren Legearen aldibaterako xedapenetarik hirugarrenean ezarritakoaren arabera, Ertzaintzaren ordainsari-erregimena egokitzeko, Herrizaingo Sailak berariazko osagarriaren osagai berezia jasotzea dagokien lanpostuak zehaztuko ditu eta osagaien zenbatekoa ere adieraziko du.
Bigarrena.–
1.– Dekretu hau indarrean sartzean guztiz desagertuko dira ordainsariei buruzko lehengo erregimenean zehaztutako ordainsari guztiak, baita norbanakoaren osagarriak eta osagarri iragankorrak ere; horien ordez soldata, hirurtekoak, aparteko ordainsariak, lanpostu-mailako osagarriak, berariazko osagarriak eta ekoizgarritasun-osagarriak sartuko dira indarrean.
2.– Dekretu honetan zehaztutako ordainsarien erregimena ezartzerakoan ordura arte hartutako ordainsari finkoak eta aldian aldiko ordainsariak murriztu egingo balira, ukitutako langileak norberaren osagarria eta osagarri iragankorra hartzeko eskubidea izango luke, eta ordainsari orokorretan igoerak izanez gero, osagarri horiek irentsita geratuko lirateke.
3.– Aurreko puntuan aipatutako norberaren osagarria balorazio-prozesuaren ondorio baino ez denean, osagarri horrek ez du izaera irensgarririk izango harik eta lanpostuen horniketarako edo barne-sustapenerako prozesuan parte hartu eta beste lanpostu bat izan arte; horrek ez die kalterik egingo urrengo ekitaldi batzuetan zehaztutako eguneratzeei.
Hirugarrena.–
Ertzaintzako lanpostuen zerrenda onartu arte gaur egun indarrean dagoen lanpostuen egitura ezarriko da; hori bat dator 1997ko uztailaren 28ko Aginduko aldibaterako xedapenean zehaztutakoarekin, izan ere, horren bidez Ertzaintzako egitura zehaztu zen (abuztuaren 8ko EHAA, 150. zk.)
Laugarrena.–
Euskal Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legean fakultatiboen eta teknikarien eskalari buruz zehaztutakoa garatuko duen araua indarrean sartu arte, Musika Banda Zerbitzuko musikariek euskal administrazioko 16. maila izango dute, eta zuzendariak 21.a. Horien lanpostu-mailako osagarria maila horientzat zehaztutako urteko zenbatekoei dagokiena da; urteko zenbateko horiek euskal herri-administrazioko funtzionarioei dagozkien arauetan daude zehaztuta.
Musika Bandako musikariei eta zuzendariari berariazko osagarria ematen bazaie, Ertzaintzako lanpostuen zerrendan adieraziko da, eta osagarri horren bidez dekretu honetako 4. atalean zehaztutako irizpideei jarraituz lanpostu horiei dagozkien baldintza bereziak ordainduko dira.
INDARGABETZE XEDAPENA
Indargabetuta geratuko dira dekretu honekin bat ez datozen eta xedapen honen maila bera edo txikiagoa duten xedapen guztiak.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa: Herrizaingo sailburuari ahalmena emango zaio dekretu hau garatzeko beharrezko diren xedapenak emateko.
Bigarrena: dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.