246. zk., 1997ko abenduaren 24a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Jaurlaritzaren Lehendakaritza
6324
20/1997 LEGEA, abenduaren 4koa, Irisgarritasuna Sustatzekoa.
Eusko Legebiltzarrak ondoko legea onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei:
ABENDUAREN 4KO 20/1997 LEGEA,
IRISGARRITASUNA SUSTATZEKOA.
ZIOEN ADIERAZPENA
Bizitza sozialean eta komunitarioan sartzea eta parte hartzea, bidezko den helburua ez ezik, pertsona orok edozein gizarte aurreratutan duen nahia ere bada. Halere, sarri askotan, eskubide horietaz baliatzea zaildu eta eragotzi ere egiten dute fisikoak zein komunikaziozkoak diren oztopoek, pertsonak era normalean moldatzen ez baitute uzten. Gauzak horrela, ingurune fisikora eta komunikaziora irisgarritasuna izatea funtsezko elementuak dira, herritar guztiek oinarrizkotzat definitzen diren eskubideez gozatu dezaten ahalbideratzeko.
Gizarteak, orohar, eta botere publikoek haren ordezkari direnez, sustatu eta bermatu egin behar dute herritar guztiak ingure fisikora eta komunikaziora iristea. Botere publikoen ihardunak ezin du, inolaz ere, elkartearen ihardun zuzena ordeztu edo murriztu; alderantziz, inguru fisikora eta komunikaziora iristeko zailtasun handienak dituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea xede duten herritar-erakundeen ekimenak sustatu behar ditu.
Euskal Autonomi Elkartean etxegintza eta hirigintza-oztopoak kentzeari buruz indarrean dauden xedapenak, aurrerapausoa izan dira, eman zirenetik, aipatutako helburua lortzeko. Dena dela, zenbait aldetan izan den zehaztapen eskasak, eta jarraipena eta kontrola egiteko bideen faltak, behin eta berriro ez betetzea ekarri dute ondorio, eta xedapen horiek, azken finean, egun aurkezten diren helburuak lortzerakoan egoki ez diren egiterapide bihurtu dituzte.
Gaur egungo gizartean, gero eta biziraupen handiagoa dagoela eta istripuz edo gaixotasunez mugitu eta komunikatzeko gaitasuna murriztuta duten pertsona asko eta asko dagoela eta inoizka mugikortasuna mugatuta duen pertsona-kopuru garrantzitsua daukagula, irisgarritasun-baldintzak hobetzeak bizi-kalitate hobea ekarriko du ondorio gisa nola mugitzeko eta/edo komunikatzeko zailtasunik handienak dituzten pertsonentzat hala gizarte guztiarentzat.
Nazio Batuen Batzar Nagusiak, 1993ko abenduaren 20ko 48/46 Erabakiz, arau estandarrak hartu zituen gutxituen aukeren berdintasunaren arloan, eta helburu orokortzat ezarri zuen pertsona horiek gainerako herritarrek dituzten eskubide eta betebehar berberez baliatzen direla bermatzea, izan ere, helburu hori Europako Batzordeak 1994ko uztailaren 27an onartutako «Europako Gizarte Politika-Batasunerantz Emandako Aurrerapausoa» Liburu Zurian jasotzen da.
Langileen funtsezko eskubide sozialei buruzko Elkarte Agiriak, Estrasburgoko Europako Kontseiluak 1989ko abenduaren 9an onartuak, ezartzen du minusbaliotasunen bat duen pertsona orok, horren jatorria eta izaera kontutan hartu gabe, integrazio profesional eta soziala ahalbideratzeko neurri gehigarriez baliatzeko aukera izan behar duela, neurriok, interesatuen ahalmenaren arabera, ergonomiari, irisgarritasunari, mugikortasunari, garraiobideei eta etxebizitzari buruzkoak izan behar dutelarik.
Europako Batasuneko Kontseiluaren eta horko kide diren estatuetako gobernuetako ordezkarien 1996ko abenduaren 20ko Erabakiak, minusbaliotasunak dituzten pertsonek aukera berdinak izateari buruzkoak, herritar guztiek aukera berdinak izateko printzipioa kide diren estatu guztien balio ukaezin komuna dela jotzen du, eta, ondorioz, aipatutako pertsonen aurka egindako bereizkeria negatiboari utzi eta horien bizi-kalitatea hobetu behar da, kide diren estatuei ahalbideratuz, helburu hori lortzerakoan, kasuan kasuko arauak eman ditzaten gizartearen baliabideek ahalbideratzen duten zabaltasunaz.
Adierazitakoari atxikiz, beharrezko da arautegi berria onartzea, aipatutako printzipioak gordez eta «etxegintza-oztopoak kentzea» kontzeptu klasikoa gaindituz eredu berri baten alde egingo duena, pertsonak ingurune sozial eta komunitarioan osoki eta libre garatzen direla bermatzea izanik helburua. Horretarako, gure Elkarteko pertsona guztiak ingurune fisikora eta komunikaziora iristen direla bermatu behar da, batez ere, mugaren bat duten pertsonak.
Ildo honetatik, lege hau beharrezko erreferentzia esparru gisa eratu da, botere publikoen iharduna bideratu eta koordinatzen duena, bere jarduera-esparruan sartuta dauden pertsonei dagokienez, nazioarteko antolamenduan jasotako aukera-berdintasunaren oinarrizko printzipioak, bai eta Konstituzioaren 14. atalean eta Autonomi Estatutuaren 9. atalean jasotzen den berdintasunaren printzipioa ere, gizartean desberdintasun-egoeran dauden gizataldeentzat ekintza positiboko neurriak hartuz, bermatzera bideratuta, lurraldearen antolamendu, hirigintza, etxebizitza edo garraioa bezalako arloetan estatutuen bidez Euskal Autonomi Elkarteari emandako berariazko aginpidetza garatu eta burutuz.
Testuaren arau-maila ere ezinbesteko elementua da, zigorbidezko erregimeneko arauak eransten baititu, eta horiek legea egoki ezarri eta bete egiten dela kontrolatzeko oinarrizko zutabe dira.
Aipatutako helburua lortzekotan, honelaxe egituratzen da legea: atariko idazpurua, legearen xedea eta aplikazio-esparrua jasotzen dituena, eta bost idazpuru, irisgarritasuna bermatzeko neurri orokorrak, kontrolerako neurriak, zigorbidezko erregimena eta Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseilua arautzen dituztenak.
ATARIKO IDAZPURUA
LEGEAREN XEDEA ETA APLIKAZIO ESPARRUA
1. atala.– Xedea.
1.– Hona hemen lege honen xedea: hiri-ingurunearen, gune publikoen, eraikinen, garraiobideen eta komunikabideen irisgarritasuna bermatzea, pertsona guztiek eta, batez ere, mugikortasun murriztua, zailtasunak komunikazioan edo muga psikiko zein sentsoriala, aldi baterako zein betirako, dituztenek era autonomoan erabil eta goza ditzaten.
2.– Botere publikoek legea eraginkortasunez bete dadin beharrezkoak diren ekintza positiboko neurriak hartzea sustatuko dute, bai eta laguntza teknikoak erabiltzea ere, pertsonen bizi-kalitatea hobetzen lagunduko dutenak.
2. atala.– Legearen aplikazio-esparrua.
Lege hau Euskal Autonomi Elkartearen esparruan ezarriko da, nortasun fisikoa edo juridikoa duen edozein sujetu publiko zein pribatuk egiten dituen jardueretan, hirigintza, eraikuntza, garraio eta komunikazio arloetan.
I. IDAZPURUA
IRISGARRITASUNA BERMATZEKO NEURRIAK
I. ATALBURUA
IRISGARRITASUNARI BURUZKO XEDAPEN
OROKORRAK
3. atala.– Hirialdeen eta leku publikoen irisgarritasunari buruzko xedapen orokorrak.
1.– a) Erabilera publikoko guneek, eta batez ere bide publikoek, parkeek eta plazek, bai eta horiei dagozkien elkarte-hornidurek ere, zerbitzu publikoen instalazioek eta hiriko altzariek, bermatu egingo dute euren irisgarritasuna lege honek eta berau garatzeko arauek ezartzen dutenaren arabera.
b) Botere publikoek sustatu egingo dute lehendik daudenak lege honen aginduetara pixkanaka-pixkanaka egoki daitezen.
c) Bide emango zaio Euskal Autonomi Elkarteko ondare historiko-artistikoa lege honek ezarritako irisgarritasun-irizpideetara arian-arian egokitzeari.
2.– Hirigintza-planeamendurako egiterapideek, batez ere azterlan zehatzek, eta urbanizatzeko eta lanak burutzeko proiektuek behar bezala bermatuko dute beren esparruan sartuta dauden urbanizazio-elementuek eta hiriko altzariek duten irisgarritasuna, eta ez dira ez onartu ez emango kasuan kasuko lizentziak, lege honetan eta berau garatzeko arauetan ezartzen diren oinarrizko betekizunak eta irizpideak betetzen ez badira.
4.– atala.– Eraikuntzaren irisgarritasunari buruzko xedapen orokorrak.
1.– Oin berriko eraikinak eraikitzeko lanak, lur azpikoak barne, familia bakarreko etxebizitzei dagozkienak izan ezik, lege honetan eta berau garatzeko arauetan ezartzen denaren arabera gauzatuko dira irisgarritasuna bermatzeko moduan.
2.– Egoitza gisa erabiltzeko diren oin berriko eraikinek bermatu egingo dute euren irisgarritasuna, honako irizpide hauen arabera:
a) Eraikinak bide publikoarekin, elkarte-erabilpena duten atxikitako zerbitzu edo eraikinekin, garajeekin eta inguruko eraikinekin dituen sarbideak eta komunikabideak edozein pertsonak era autonomoan erabiltzeko modukoak izango dira.
b) Etxebizitzek elementu komunekin, garajeekin, trastelekuekin eta atxikitako eranskinekin dituzten komunikabideak edozein pertsonak era autonomoan erabiltzeko modukoak izango dira.
3.– 1.– Ostalaritzan erabiltzeko diren oin berriko eraikin edo instalazioek honako irizpide hauen arabera bermatuko dute irisgarritasuna: a) Eraikinak bide publikoarekin, elkarte-erabilpena duten atxikitako zerbitzu edo eraikinekin eta aparkalekuekin dituen sarbideak edozein pertsonak era autonomoan erabiltzeko modukoak izango dira.
b) Egonlekuek elementu komunekin dituzten komunikabideak, bai eta gordetako egonlekuen sarbidea eta erabilpena ere, edozein pertsonak era autonomoan erabiltzeko modukoak izango dira.
2.– Etxe partikularretarako edo nekazalturismoko egonlekuetarako eraikinak eraldatu, handiagotu edo aldatzeko lanetan, gutxienez unitate bat lege honetan jasotako irisgarritasun-irizpedeetara egokitzea gomendatzen da.
4.– Lehendik dauden erabilera edo zerbitzu publikoko eraikinetako eraldaketa, handitze edo aldaketa-lanak, hirigintzari buruzko arautegiak ematen dien izenaren arabera, betekizun funtzional eta neurrikoak betez gauzatuko dira, irisgarritasuna bermatzeko moduan, lege honetan eta berau garatzeko arauetan finkatutakoaren arabera. Gainerako kasuetan, lan horiek, eraikinen irisgarritasunari dagozkion elementuei eragiten dietenean, era berean betekizun funtzional eta neurrikoei egokituz gauzatu beharko dira, irisgarritasuna bermatzeko moduan aipatutakoaren arabera.
5. atala.– Garraioko irisgarritasunari buruzko xedapen orokorrak.
1.– EAEko herri-administrazioen aginpidetzakoak diren bidaiarien garraio publikoek bermatu egingo dute euren irisgarritasuna lege honetan eta berau garatzen duten arauetan ohartemandakoaren arabera.
2.– Bidaiarien garraio publikorako den material erosi berria araudiz ezarritako baldintza teknikoei egokitu beharko zaie. Baldintza horiek lege honen helburuekin bateragarri izan beharko dute.
3.– Bidaiarien garraio publikorako diren eraikin edo instalazioek informazio eta komunikazio akustiko, ikustezko eta sentsorialerako sistema egokiak izango dituzte, edozein pertsonak era autonomoan eta behar bezalako segurtasun-baldintzetan erabiltzeko modukoak.
4.– Garraio arloan aginpidedunak diren herri-administrazioek bidezko diren neurriak hartuko dituzte garraio publikoak, bai eta horiekin lotutako eraikin, zerbitzu, instalazio eta altzariak ere, lege honetako eta berau garatzen duten arauetako aginduei pixkanaka-pixkanaka egoki dakizkien.
5.– Garraio arloan aginpidedunak diren euskal herri-administrazioek bidezko diren neurriak hartuko dituzte atal honetan garraio publikoentzat jasotzen diren erregimen eta betebeharrak pixkanaka-pixkanaka garraio pribatuei aplika dakizkien.
6. atala.– Komunikazio-sistemetako irisgarritasunari buruzko xedapen orokorrak.
1.– Komunikaziorako sistemak herritar guztiei izango zaizkie irisgarri, lege honetan eta berau garatzen duten arauetan ohartemandakoaren arabera.
2.– Komunikaziorako sistemetan egokienak diren baliabide teknikoak ezartzen direla bermatuko dute herri-administrazioek, herritar guztiei eta, batez ere, komunikazioan zailtasunak dituztenei, komunikaziorako duten eskubidea bermatzeko.
3.– Herri-administrazioek sustatu egingo dute keinuen lengoaiako interpretariak eta gor-itsuen gidari interpretariak heztea, komunikazioan zailtasunak dituzten pertsonekin komunikazio zuzena errazteko, eta funtzio publikora pixkanaka-pixkanaka sar daitezen ere bultzatuko dute.
4.– Titulartasun publikoa duten komunikabideek neurri teknikoen plan bat egingo dute, pixkana-pixkana herritar guztiek komunikaziorako duten eskubidea behar bezala bermatu ahal izango duena.
II. ATALBURUA
ERRESERBAK
7. atala.– Erreserbak hirialdean, gune publikoetan eta erabilera publikoko eraikinetan.
1.– Erabilera publikoko gune eta eraikinak:
a) Mugikortasun murriztua duten pertsonek lehentasunez erabiltzeko guneak izan beharko dituzte honako hauek: auditorio, kontzertu-areto, ikuskizun-areto, kiroldegi, gela eta jendea biltzen den antzeko guneek.
b) Araudiz finkatuko dira gordetako gune eta aldeek gutxienez izan behar duten proportzioa.
2.– Aparkalekuak:
a) Zabalguneetan eta erabilera publikoko garaje eta aparkalekuetarako diren eraikinetan, mugikortasun murriztua duten pertsonen ibilgailuentzako soilik izango diren plazak gordeko dira oinezkoentzako sarbideetatik hurbil.
b) Gorde beharreko plazen kopurua hauxe izango da: plaza bat 40 edo frakzio bakoitzeko.
3.– Komunak, aldagelak eta dutxak:
Gune publikoetan eta erabilera publikoko eta/edo jendeari zabaldutako eraikinetan kokatuta dauden komun, aldagela, dutxa eta antzeko elementuetan elementu bat gordeko da hamar edo frakzio bakoitzeko, sexu bakoitzerako, mugikortasun murriztua duten pertsonek erabiltzeko behar bezala egokituak. Eraikinetan elementuen pilatzearen arabera ezarriko da aipatutako proportzioa.
4.– Telefonoak:
a) Jendeak erabiltzeko diren telefono, mintzategi eta kabinetan eta/edo gune eta eraikin publikoetan jendeak erabiltzeko kokatuta daudenetan aparatu bat gordeko da hamar edo frakzio bakoitzeko, mugikortasun murriztua edo komunikaziorako zailtasunak dituzten pertsonek erabiltzeko behar bezala egokituta. Eraikinetan elementuen pilatzearen arabera ezarriko da aipatutako proportzioa.
b) Erabilera publikoko mintzategietan testu-telefono bat ezarriko da gutxienez.
8. atala.– Erreserbak turismo-egonleku eta beste establezimendu batzuetan.
1.– Turismo-egonlekuetan kasuan kasuko erreserbak egingo dira mugikortasun murriztua edo komunikaziorako zailtasunak dituzten pertsonentzako, atal honetan xedatutakoaren arabera. Erreserba-gai diren egonleku-plazek behar bezalako irisgarritasun-baldintzak bete beharko dituzte, lege honetan eta berau garatzen duten arauetan ohartemandakoaren arabera.
2.– Sailkapen eta maila guztietako hotel eta ostatuetan egonleku bat gordeko da berrogeita hamar edo frakzio bakoitzeko, mugikortasun murriztua duten pertsonek lehentasunez erabil dezaten.
3.– Hotelak ez diren turismo-egonlekuetan honako erreserba hauek egingo dira, mugikortasun murriztua duten pertsonek lehentasunez erabil ditzaten:
a) Sailkapen eta maila guztietako turismo-kanpamendu edo kanpinetan plaza bat gordeko da berrogeita hamar edo frakzio bakoitzeko.
b) Maila guztietako turismo-apartamentuetan eta oporretarako turismo-etxebizitzetan plaza bat gordeko da berrogeita hamar edo frakzio bakoitzeko.
4.– Gazteentzako kanpamendu, aterpe, eskolako oporretarako egonleku eta antzekoetan plaza bat gordeko da berrogeita hamar edo frakzio bakoitzeko, mugikortasun murriztua duten pertsonek lehentasunez erabil dezaten.
lizentzia, baimen edo emakida-eskabideetan, berariaz azalduko da lege honetan xedatutakoa betetzen dela.
IV. IDAZPURUA
ZIGORBIDEZKO ERREGIMENA
18. atala.– Lege-hausteak.
1.– Lege honetako I. idazpuruan jasotzen diren aginduak urratu edo horien aurka doazen egintza edo ez betetzeak lege-hausteak dira eta zigortu egingo dira, idazpuru honetan arautzen diren betekizun eta jardunbidearen arabera.
2.– Lege-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke:
a) Lege-hauste arinak dira:
– Lege honetan ohartematen denaren arabera irisgarritasun-baldintzak ez betetzea, erabilera publikoko guneetan, eraikuntzan, garraioan eta informazio eta komunikazio-sistemetan.
– Lege hau ezartzearen ondorio diren irisgarritasunerako elementuak andeatu edo ez erabiltzea, erruz edo arduragabekeriagatik.
– Lege honetan ohartemandakoaren eta araudiz ezartzen diren irisgarritasun-baldintzen aurka doazen egintza edo ez betetzeak, larritzat jotzen ez direnak.
b) Lege-hauste larriak dira:
– Lege hau ezartzearen ondorio diren irisgarritasunerako elementuak andeatu edo, engainuz, ez erabiltzea.
– Kanpoko guneetako eraikuntza berriko lanetan eta handitze, eraldaketa eta hobekuntza-lanetan hirigintzako eta hiri-altzarien elementuen irisgarritasun-baldintzak ez betetzea.
– Jendea biltzea ekartzen duen erabilerarako diren eraikinetako eraikuntza berriko lanetan eta handitze, eraldaketa, bereoneratze, hobekuntza, egokitzapen eta erabilera-aldaketa lanetan irisgarritasun-baldintzak ez betetzea.
– Etxebizitzaren erabilpen kolektiborako diren eraikin berriak eraikitzeko lanetan irisgarritasun-baldintzak ez betetzea, kanpoaldea eta barrualdea era irisgarrian lotuta ez daudelako, eta barrualdea eta etxebizitza, garaje, trasteleku eta eranskinak ere ez.
– Erosi berri diren garraiobide publikoetan irisgarritasun-baldintzak ez betetzea.
– Komunikabideetan irisgarritasun baldintzak ez betetzea.
– Lege honen I. idazpuruko II. atalburuan ezarritako erreserbak ez betetzea.
– Beste lege-hauste arin bat egitea hiru urteko epea igaro aurretik.
c) Oso lege-hauste larriak dira:
– Lege honek ezarritako betebeharrak iruzurrez edo agiriak faltsifikatuz ez betetzea.
– Lege-hauste larriak errepikatzea.
19. atala.– Zigorrak.
1.– Honako zigor hauek ezarri ahal izango dira
lege-haustearen kalifikazioaren arabera:
a) Lege-hauste arinak: 50.000 eta 500.000 pezeta bitarteko isunak.
b) Lege-hauste larriak: 500.001 eta 10.000.000 pezeta bitarteko isunak.
c) Oso lege-hauste larriak: 10.000.001 eta 20.000.000 pezeta bitarteko isunak.
2.– Isunaren zenbatekoa neurtzeko, honako hauek hartuko dira kontutan: lege-hauslearen erantzukizun-maila, egin beharreko irisgarritasun-lanetatik sortutako kostu ekonomikoa, sortarazi den kalte zuzena edo zeharkakoa, erantzuleek errepikatzea eta lege-hausle bakoitzaren partehartze-maila.
3.– Zigorra ezartzeak ez du esan nahi lege-hausleak birjartze-betebeharrik ez duenik edo, ez betetze kasuetan, proiektuaren aldaketa edo beharrezkoak diren egokitzapen-lanak egin behar ez dituenik araudi bidez ezarriko den epean.
4.– Lege-hauste beraren ondorioz pertsona desberdinei jartzen zaizkien isunek ez dute elkarren arteko loturarik izango.
5.– Atal honetan jasotzen diren zigorren zenbatekoak gaurkotu ahal izango dira, Eusko Jaurlaritzaren dekretuz, kontsumo-prezioen indizeen aldaketaren arabera.
20. atala.– Zigorbidezko jardunbidea eta erregimena.
1.– Lege honetan xedatutakoa ez betetzea zigortu egingo da zigorbidezko erregimenari buruz indarrean dauden xedapen orokorren arabera, aginpidedun den organoak kasuan kasuko espedientea izapidetu ondoren.
2.– Lege honen 1. atalean aipatzen diren pertsonak edo hauek osatzen dituzten elkarteak interesatutzat joko dira betiere administrazio-jardunbideetan.
3.– Elkarte horiek errekurtsoak edo, hala badagokio, bidezko deritzen ekintzak aurkezteko ahalmena izango dute legez, bai jarduerak artxibatzeko akordioaren aurka eta bai irisgarritasun-baldintzen kontrako balizko lege-hausteak salatzea edo Administrazioari jakinaraztea espresuki edo isilbidez ezetsi duen erabakiaren aurka.
21. atala.– Organo aginpidedunak.
Honako hauek izango dira lege honen hausteak direla-eta zigorrak ezartzeko aginpidetza duten agintariak:
a) Alkateak, dituzten eskumenen esparruan, lege-hauste arinengatiko isunak eta larriengatiko 5.000.000 pezetarainokoak jartzeko, eskala honen arabera: 10.000 biztanletik beherako udalerrietan, 1.000.000 pezetaraino; 10.000 eta 50.000 biztanle bitarteko udalerrietan, 2.500.000 pezetaraino, eta 50.000 biztanletik gorako udalerrietan, 5.000.000 pezetaraino.
b) Gaian aginpidetza duten Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioko sailetako sailburuak, dituzten eskumenen esparruan, lege-hauste arinengatiko isunak eta larriengatiko 5.000.000 pezetarainokoak jartzeko, eta betiere lege-hauste larriengatiko 5.000.001 eta 10.000.000 pezeta bitarteko isunak eta oso lege-hauste larriengatikoak jartzeko.
22. atala.– Erantzuleak.
1.– Nahitaezkoa den udal-lizentziarik gabe burutzen diren lan eta gainerako jardueretan, jarduera lege honetan agindutakoari egokitu behar zaionean, edo lege honek arautzen dituen gaiei dagokienez lizentziari buruzko klausulak bete gabe burututakoetan, zigortu egingo dira sustatzailea, proiektuaren egilea, obrak eraiki dituen enpresaria eta obren teknikari zuzendariak.
2.– Lege honen hauste larria edo oso larria den edukia duen udal-lizentzia baten babespeko lanetan, era berean, zigortu egingo dira proiektuaren aldeko irizpena eman duen teknikaria eta, nahitaezko txostenak aurretik izan gabe edo txostenok aipatutako lege-haustea dela-eta aurkakoak direnean, lizentziaren alde botoa eman duten udalbatzarreko kideak.
23. atala.– Preskripzioa.
1.– Lege-hausteak:
Lege honetan ohartemandako lege-hausteek preskribitzeko epeak honako hauek izango dira:
a) Oso lege-hauste larriek bost urteko epean preskribitzen dute.
b) Lege-hauste larriek hiru urteko epean preskribitzen dute. c) Lege-hauste arinek sei hilabeteko epean preskribitzen dute.
2.– Zigorrak:
Lege honetan ohartemandako zigorrek preskribitzeko epeak honako hauek izango dira:
a) Oso lege-hauste larriengatik ezarritako zigorrek hiru urteko epean preskribitzen dute.
b) Lege-hauste larriengatik ezarritako zigorrek bi urteko epean preskribitzen dute.
c) Lege-hauste arinengatik ezarritako zigorrek urtebeteko epean preskribitzen dute.