230. zk., 1995eko abenduaren 1a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Herrizaingoa
5051
AGINDUA, 1995eko azaroaren 15ekoa, Herrizaingo sailburuarena, Polizien Nazioarteko Kooperazioari buruzko azterlan bat burutzeko lankidetza-bekarako deia egiten duena.
Polizien nazioarteko kooperazioa geroz eta indartsuagoa da. Nazioarteko mailan izenpetutako ituneak ere egunetik egunera garrinzizkoagoak dira Ertzaintzaren jardunerako. Hor ditugu, besteak beste, Schengeneko akordioa, Europol hitzarmena eta TREVIko taldea. Lege Araubideko Zuzendaritzak proposamena egin, eta gai horiek ikertu nahi direnez, beharrezkotzat jotzen da horiei buruzko analisia beka baten bidez suspertzea. Ondorioz, hauxe
XEDATU DUT:
Atal bakarra.- Herrizaingo Saileko Lege Araubideko Zuzendaritzarako den lankidetza-bekaren deialdia onartzea, eraskinean azaltzen diren oinarri-arauen arabera.
AZKEN XEDAPENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin egunaren biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 1995eko azaroak 15.
Herrizaingo sailburua,
JUAN MARÍA ATUTXA MENDIOLA.
ERASKINA
Oinarri-arauak
Lehenengoa: Deialdiaren helburua.
Polizien Nazioarteko Kooperazioari buruzko azterlan bat burutzeko den beka esleitzea da deialdi honen xedea.
Bigarrena: Nortzuk eska dezakete.
Zuzenbidean lizentziatuentzat da beka.
Hirugarrena: Iraupena, zenbatekoa eta ordaintzeko modua.
1.- Hamabi hilabetekoa da bekaren iraupena. Nahiko dirurik balego, berriro ere esleitu daiteke beka hamabi hilabeteko beste epealdi baterako, baina egundo ere ez gehiagorako. Beka ukatu edo ezeztatu egingo balitz, ordezko lez daudenek eskuratuko lukete gelditzen den epealdirako.
2.- 1.992.000 PTAkoa izango da beka. Honako hau izango da ordaintzeko modua: laurdena (498.000 PTA) bekaren hasieran; gainerakoa, lauhilabeteko bakoitzaren amaieran (498.000 PTA). Azkeneko ordainketa egiteko beharrezkoa izango da bekariak memoria aurkeztea; Lege Araubideko zuzendariak, bere aldetik, aldeko txostena eman beharko du.
3.- Indarrean dauden arauen arauera, Herrizaingo Sailak berak ordainduko ditu bekariaren ikastaroak, hitzaldiak edo bisitak, baldin eta beharrezkoak badira bere trebaketarako. Hala ere, nahitaezkoa da Lege Araubideko zuzendariaren aldezko txostena.
Laugarrena: Beken zernolakoak.
1.- Beka honekin batera ezingo da beste bat eskuratu ez eta beste laguntzarik ere. Ordaindutako beste lanik ere ezingo du egin, ikerketa alorrekoak, irakaskuntzakoak edo norbere kabuzkoak kenduta; eta horretarako ere beharrezkoa izango da Lege Araubideko zuzendariak baimena ematea.
2.- Beka emateak eta gozatzeak ez dakar ezelango kontratu harremanik EAEko Administrazioarekiko.
3.- Bekariaren aldeko istripu-poliza bat harpidetuko du EAEko Administrazioak.
Bosgarrena: Aukeraketa sistema.
1.- Honako hauek osatuko dute Aukeraketa Batzordea:
Lehendakaria: José Luis Aurtenetxe Goiriena jauna, Herrizaingo Saileko Lege Araubideko zuzendaria, edo berak bere ordez jar dezana.
Bokalak:
Guillermo Aranzabe Pablos jauna, Herrizaingo Saileko Lege Araubideko Zuzendaritzako letratua.
Itziar Lizeaga Romero andrea, Herrizaingo Saileko Lege Araubideko Zuzendaritzako letratua.
Ordezkoak:
Juan Carlos Aguirre Huerga jauna, Herrizaingo Saileko Lege Araubideko Zuzendaritzako letratua.
Julia Sirés Bengoa andrea, Herrizaingo Saileko Lege Araubideko Zuzendaritzako letratua.
Idazkaria: José Luis Arruti del Rey jauna, Zerbitzu Zuzendaritzako langilegoaren administraziorako teknikaria.
Ordezkoa: Juan Manuel Urretavizcaya Quintana jauna, Herrizaingo Saileko Zerbitzu Zuzendaritzako Administrazio, Aurrekontu eta Kontratazio burua.
2.- Honako merezimendu hauek hartuko dira kontutan aukeraketa egiterakoan:
a) Bilakaera akademikoa; Europako gaiei buruzko ezaguera eta esperientzia batez ere.
b) Europako Batasuneko hizkuntza ofizialen ezaguera, bai hitzegiten eta bai idazten ere.
c) Euskeraren ezaguera, bai hitzegiten eta bai idazten ere.
d) Ikerketa lanetan duen esperientzia.
e) Argitaratutako lanak.
3.- Aukeraketa Batzordeak, on baderitzo, elkarrizketa bat egin diezaieke izangaiei.
4.- Aukeraketa Batzordeak, merezimenduak ebaluatu ostean, beka punturik gehien lortu duen izangaiari esleitzeari buruzko proposamena bidaliko dio Herrizaingo sailburuari. Zerrendan hurrengo dauden hiru izangaien aldeko proposamena ere egingo du, aukeratutakoak bekari uko egin edo beste egoeraren baten ondorioz hutsik utzitako beka bete dezaten.
5.- Aukeratutako izangaiari esleituko dio beka Herrizaingo sailburuak eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko du.
Seigarrena: Izangaiak bete beharrekoak.
1.- Beka onartzearekin batera deialdiko arauak onartu beharko ditu izangaiak.
2.- Izangaiak, Herrizaingo Saileko Lege Araubideko zuzendariak emandako ohartarauei jarraituz, bekaren iraupenaldia amaitzean aurkeztuko duen azterlan edo ikerlan bat gertatuko du. Bekariak betetako jarduna baloratuko du zuzendariak. Egindako ikerlanaren ustiapen-eskubideak EAEko Administrazioaren esku geldituko dira. Bekariak, bere aldetik, ez du ezelango ordainerako eskubiderik izango.
Zazpigarrena: Ezeztapena.
Seigarren oinarri-arauan ezarritako obligazioak betetzen ez badira, beka eskuratzeko eskubidea galdu egin dela eta, beharko balitz, eskuratu izan dituen dirukopuruak -dagozkien korrituak barne- Euskal Herriko Diruzaintza Nagusira itzultzeko obligazioa deklara dezake Lege Araubideko zuzendariak erabakibidez.
Zortzigarrena: Eskabideak.
Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa da, agindu hau Euskal Heriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin egunaren biharamunetik hasita. Herrizaingo Saileko Zerbitzu zuzendariaren izenean bidaliko dira honako helbide honetara: Wellingtongo dukea 2, solairuartea, 01010 Vitoria-Gasteiz. Jaso beharko dituen alderdiak:
a) Eskatzailearen izena eta abizenak. Harremanetarako egoitza eta telefonoa.
b) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.
c) Titulazio akademikoa.
d) Curriculum profesionala.