Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

237. zk., 1991ko azaroaren 25a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Euskal Autonomia Erkidegoko Xedapen Orokorrak

Jaurlaritzaren Lehendakaritza
3561

4/1991 LEGEA, azaroaren 8koa, Euskal Herriko Autonomi Elkartean jokoa arautzekoa.

Eusko Legebiltzarrak ondoko Legea onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei:

AZAROAREN 8KO 4/1991 LEGEA, EUSKAL HERRIKO AUTONOMI ELKARTEAN JOKOA ARAUTZEKOA

Zioen Adierazpena

Honako Lege hau Gernikako Estatutuaren 10.35 atalak dioenaren arabera Euskal Autonomi Elkartearen ardurapean osorik jarria den jokoari buruzko aginpidea garatzeko asmoz ematen da.  

Arau hauek, osoko eta orokor izan nahirik, lege mailan arautzen dute joko-iharduketa, eta jokoaren inguruan gertatzen diren alderdiak, pertsonei zein gauzei dagozkienak, zehazki ohartematen dituen araudi bat ezartzen dute.  

Jokoaren alorra euskal egitura ekonomikoaren zati gisa hartzen da, Administrazioari jokoaren plangintza eta kontrolean parte hartzeko ahalmena eskuratzen zaizkiola. Jokoaren eskaintza joko moeta desberdinen artean orekaturik egotea da finkatu den diseinuaren oinarria; horretarako azpialorren kontrolgabeko garapenari mugak jartzen zaizkio, baina bezeroen lehentasunek osatzen duten gizarte errealitateari behar zaion begirunea gordez.

Hurrengo adierazpen hauetan biltzen dira Legearen erizpide nagusiak: administrazioaren baimena bereganatua izatea baldintza da jokoaren ustiaketa egin ahal izateko; legezkotasunaz bestalde uzten da legez kontrako edo baimenik gabeko jokoa, bi kontzeptu horiek, legez kontrako eta baimenik gabeko izatea, berdintzen direlarik; hemezortzi urtetik beherakoen eta erabakitzeko ahalmena murrizturik duten pertsonen eskubideak babesteko xedez, saririk jasotzekoak diren jokoetan esku hartzea eragozten zaie eta arau hori hausten dutenak adorez zigortuak izango dira; araugintza esparru bat eratzen da, ez jokoa bultzatzeko edo galerazteko gogoz, baizik eta, arau orokor batzuen bitartez, herritarrei lege segurantza bermatu eta Jaurlaritzari jokoaren alorreko jokaera-eredu batzu, gizarte errealitatearekin egokituak, finkatzeko bidea eman nahian. Legeak, era berean, eta oinarri nagusi diren enpresa eta gizabanakoaren askatasunari zor zaien begirunez, bideak eskaintzen dizkio Administrazioari orekatzeko eta zuzentzeko lana egin dezan, herritar guztiak, jokoak ustiatzeko baimenaren jabe izan nahi badute, legearen aldetik berdinak izango direla bermatzen duelarik.

Legeak, orohar, jokoaren eta apostuen iharduera guztiak ohartematen ditu, baita Euskal Herriko herri kirol tradizionalen ingurukoak ere; denbora-erizpidea zehazten du joko-baimenen eta ustiaketa-haizugoen jabe izateko; jokoan aritzen den lekuetan gehienez zenbat pertsona sar daitezkeen ezartzen du; baimena duten jokoen Zerrenda egitea Gobernu Batzarrari doakiola esaten du; Jokoaren Errolda Nagusia sortarazten du jokoaren alderdi administratiboak kontrolatu eta biltzeko; Euskal Joko Batzordea eratzen du jokoa elkarkidetzeko eta aztertzeko erakunde gisa. Batzorde horretan Autonomi Elkartearen Administrazioen ordezkotza izango da eta, aldian-aldian, jokoarekin harremana duten alor profesionalenan ere.

Legeak, azkenik, arau hausteak eta zigor administratiboak sailkatzen dituen zigorbidea ezartzen du, oinarri gisa hartzen dituen legezkotasun, sailkatze, erantzukizun eta heintasunaren arabera; zigortzeko ahalmena Herrizaingo Sailak eta Gobernu Batzarrak osatzen duten ardatzaren inguruko zenbait erakunderen ardurapean jartzen du, ezarri diren arauak hausten dituzten ekintza edo utzierak legezkotasunaren bidera eramatea helburu harturik.

I. ATALBURUA

ERABAKI OROKORRAK 

1. Atala.- Xedea 

1.- Euskal Autonomi Elkarteko lurralde eremuan jokoarekin zerikusia duten iharduera guztiak arautzea da honako lege honen xedea, Autonomi Estatutuaren 10.35 atalak dioenaren arabera.

2.- Denborapasa edo atsegingarri hutseko jolas edo lehiaketak, tradizio, senitarte edo lagunarte mailako gizarte-ohitura direnak, lege honen esparrutik kanpo gelditzen dira, baldin eta ekintza horietatik landa dauden beste jokalari edo pertsonak haietaz irabazte-xedezko ustiaketa egiteko baliatzen ez badira.

2. Atala.- Esparrua

1.- Hurrengo alderdi hauek Lege honen esparruaren barnean sartzen dira:

a) Euskal Autonomi Elkartearen Joko Zerrendaren barnean agertzen diren joko guztiak. Zori-joko, apostu, zozketa, tonbola, zortezko elkarketa guzti-guztiak, eta, orohar emaitzen esku dirua edo balio neurgarria duten gauzak arriskatzen diren iharduera guztiak jasoko dira Zerrenda horretan, alde batera utzirik jokoan partaideen trebetasun, antze edo iaiotasuna garrantzitsuena izatea nahiz guztiz gain edo soil-soilean apostu, zori edo zortezkoak izatea, eta berdin delarik makina automatikoak erabiliz zein giza ekintzak burutuz egitea.

b) Joko ustiaketa, joko-gaien ekoizpen, banaketa eta merkataritzan edo jokoarekin zerikusia duten beste ekintzetan diharduten enpresak.

c) Atal honetako a) azpiatalean aipaturiko ekintzak egiten diren tokiak.

d) Arestian aipaturiko ekintza eta enpresetan parte hartzen duten pertsonak, eta jokoen bezero eta baliatzaileak.

2.- Lege honen ondorioetarako, apostu hitza erabiltzen da aldez aurretik ondo zehazturiko gertaera baten emaitzen esku diru-zenbateko bat arriskatzen den joko-iharduera izendatzeko, emaitza ezin jakinezkoa eta apostuan parte hartzen dutenengandik kanpokoa delarik.

3. Atala.- Joko Zerrenda

1.- Gobernu Batzarrari dagokio Joko Zerrenda onartzea;Zerrendan jokoen izenak eta jokatzeko modu desberdinak, behar diren elementu eta pertsonak eta funtsezko arauak zehazki adieraziko dira.

2.- Zerrenda gertatzea gidatuko duten erizpide nagusiak hauek dira:

  a) Jokoen egiketa argia eta gardena izatea.

 b) Azpikeriarik gertatuko ez dela bermatzea.

 c) Jokotik kanpoko inork kalterik izateko posibilitatea baztertzea.

 d) Administrazioak eskuhartzeko eta kontrolatzeko ahalmena edukitzea.

  3.- Euskal Autonomi Elkartearen baimendun Joko Zerrendan gutxienez honako joko hauek sartuko dira:

  a) Bingoa, dituen moeta guztiekin.

  b) Jolas makinak, jolas makina saridunak eta zori makinak erabiliz burutzen direnak.

  c) Kirol edo norgehiagokako ihardueretan, baita herri kirolarenetan ere, oinarrituriko apostuak.

  d) Boletu-joko eta loteria zortezko elkarketak.

  e) Zozketak, tonbolak eta horien inguruko jokaera-moduak.

  f) Kasinoetan aspalditik burutu izan diren jokoak.

  4.- Euskal Autonomi Elkartearen Joko Zerrendan agertzen ez diren jokoak debekaturik daude, eta, baita ere, zerrendan agertu arren, behar duten baimena ez dutenak edo jokoak egiteko modu, leku edo pertsonei buruz baimenetan eta dagozkien lege-arauetan zehazten dena betetzen ez dutenak.

  4. Atala.- Jokoari buruzko plangintzako irizpideak

Jokoari buruzko plangintza onartzea ere Gobernu Batzarrari doakio, honako erizpide hauei jarraiki:

  1.- Sektorea enpresa baten edo gutxi batzuen menpe egon dadin galeraztea.

  2.- Joko-iharduerak sortarazten dituen eragin ekonomiko eta zerga-ondorioak aztertzea.

3.- Joko zaletasuna ez sustatzea eta horren eragin ezezkoiak gutxitu ere, bereziki hemezortzi urtetik beherakoen artean, eta, orokorrean, erabakitzeko ahalmena murrizturik duten pertsonen artean.

5. Atala.- Baimenak

1.- Herrizaingo Sailari dagokio Lege honetan araupetzen diren iharduerak burutzeko baimenak arauzkotasunez ematea, eta baita iharduera horien alde guztiak arautzen dituzten aginduak beteko direla ziurtatzen dituzten beharrezko bermeak eskatzea.

2.- Lege honetako 3. atalaren 3 zenbakiaren d) eta e) azpiataletan araupeturik dauden jokoak ustiatzeko baimenak emateko orduan, ongintza edo sorozpide xede duten erakunde, bazkun edo elkarteen eskaerak hartuko dira kontutan bereziki, baldin eta ustiaketa zuzenean baimena duen bazkunak eta arauetan zehazten den moduan kudeatzen badu.

Aipatutako joko moeten ustiapenean baimendun bazkunarekin batean Administrazioak eskuhar dezake, bazkuna bilatzen diren heburuei egokitzen zaiola bermatzeko. Esku hartze hori nolakoa izango den Gobernu Batzarrak zehaztuko du.

3.- Lege honen 3. atalean ohartemanda dauden joko moetak kudeatzeko baimenak eskuz aldatu ezinak dira, iraunaldi mugatukoak eta, hala badagokio, berritu daitezkeenak, baldin eta berritzeko eskaera egiten denean baldintza guztiak betetzen badira.

4.- Baimenak, indarrean dauden bitartean, kendu nahiz indargabetu ahal izango dira, baldin eta baimen horiek lortzeko bete beharreko baldintza guztiak edo baten bat galtzen badira, Lege honetako IV. Atalburuan ezarritakoaren arabera jar daitezkeen zigorren kaltetan izan gabe.

6. Atala.- Iragarkuntza

1.- Lokalen kanpokaldean eta komunikabideetan okoaren iragarkiak nolakoak izan daitezkeen Gobernu Batzarrak arautuko du.

2.- Araubidez zehaztuko dira:

a) Lokalen barruko iragarkiak nolakoak izango diren.

b) Bezero eta baliatzaileek joko bakoitzaren erregela eta baldintzak zein diren ondo dakitela bermatzeko arau egokiak ezartzea.

7. Atala.- Berarizko araudiak

Joko Zerrendan dauden jokoen berarizko araudiak Herrizaingo Sailak onartuko ditu, gutxienez honako puntu hauek zehazten dituela:

 1.- Ezarpen esparrua.

2.- Joko zehatz bat ustiatzeko baimena izan dezaketen pertsona fisiko edo juridikoek nahiz bazkunek bete beharreko balditzak.

3.- Dagokion Erroldan izena emateko baldintzak.

4.- Beharrezko baimenak izapidatzeko, emateko, aldatzeko, berritzeko, iraungitzeko, kentzeko eta, hala badagokio, uzteko errejimena.

5.- Jokatu ahal izateko edo emaitza baldintzagarriak gertatzeko moduko tokiak zein diren, bai eta, hala badagokio, tokien arau teknikoak, zenbat pertsona sar daitezkeen eta tokien arteko gutxienezko distantziak.

6.- Apostuen gehienezko zenbatekoa, irabaziaren gehienezko balioa apostu-unitateko eta, hala badagokio, jokatzeko abiada.

7.- Joko lokalak irekitzeko eta isteko ordutegiak.

8.- Jokoak ustiatzeko dituzten enpresa edo bazkunetan lan egiten duten pertsonek bete beharrekoak.

9.- Jokoaren osagarri edo elementuak balioztatzeko arau teknikoak.

10.- Kudeatzeko eta ustiatzeko errejimena.

11.- Ikerketa eta kontrol administratiboaren xederako eskatu beharreko agirisorta.

12.- Iragarkuntza-errejimen berarizkoa.

13.- Arau hauste eta zigorren errejimena, lege honek ohartematen duenaren arabera.

8. Atala.- Jokoaren Errolda Nagusia

1.- Herrizaingo Sailaren Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzaren menpe dagoelarik Euskal Autonomi Elkartearen Jokoaren Errolda Nagusiak, jasoko ditu hala badagokio, onartuko diren erroldaratze-agirien bidez, jokoaren ustiaketa ekonomikoan aritzen diren pertsona fisiko edo juridikoei buruzko xehetasunak, eta ekoizkigileei buruzkoak, jokoan aritzeko baimendun lokalei eta joko makinei dagozkienak, ustiatzeko eta antolatzeko baimenei buruzkoak eta joko-iharduerarekin zerikusia duten beste argibide interesgarriak, bai eta xehetasun eta argibide horietan gertatzen diren jabe-aldakuntza eta bestelako aldaketa guztiak ere.

2.- Jokoaren Errolda Nagusian erroldaturik egotea ezinbesteko baldintza izango da Euskal Autonomi Elkartean joko-iharduerak burutu ahal izateko.

9. Atala.- Balioztapena

Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari dagokio Euskal Autonomi Elkartean baimendurik dauden jokoaren materiale, osagarri, tresna edo elementuak zehaztea, berdintzea eta ikuskatzea.

II. ATALBURUA

JOKO LEKUAK, JOKO MOETAK ETA JOKOEN ELEMENTUAK

10. Atala.- Baimena duten joko lekuak

1.- Lege honetan aipatzen diren jokoak honako leku hauetan burutu daitezke:

a) Joko kasinoetan.

b) Bingo lekuetan.

c) Joko aretoetan.

d) Jolas aretoetan.

e) Hipodromoetan, zaldi-lasterketarako pistetan, pilotalekuetan edo apostuak egiteko gai izan daitezkeen ihardunak burutzen diren beste lekuetan.

2.- Ezarriko diren mugapenekin, ostalaritza alorreko establezimenduetan joko makinak ustiatzeko, txartelen salmentarako hala nola baimendutako apostuak egiteko baiespena eman daiteke.

3.- Administrazioak baimendu ondoren jolas makinak atsedenerako lekuetan jartzeko baimena eman daiteke.

11. Atala.- Joko Kasinoak

1.- Legearen aldetik kasinotzat joko dira jarraian aipatuko diren jokoetatik guztiak edo zenbait burutzeko baimena duten lekuak:

  - Frantziar erruleta.

- Amerikar erruleta.

- Bola edo "boule"a.

- Hogeitabatekoa edo "Black Jack"a.

- Hogeitamar eta berrogeikoa.

- Puntu eta Zuria.

- Trenbidea, "Baccare" edo "Chemin de Fer"a.

- "Baccare"a bi oihaletan.

- Dadoak.

Berariz baimendu ondoren, bingo leku eta joko aretoetan egiteko baimena duten jokoak ere burutu daitezke kasinoetan, eta C moetako makinak jarri daitezke.

2.- Lege honen ondorioetarako, era berean joko dira kasinotzat legearen aldetik aurreko zenbakian ohartemanda dauden jokoak antolatzeko eta ustiatzeko Euskal Herriko Autonomi Elkarteak emandako baimena duten itsasuntziak.

3.- Joko kasionoak, baimena duten joko guztiak barruan daudela, gutxienez hirurehun eta gehienez seirehun jokalari sar daitezen proiektatuko dira.

4.- Euskal Autonomi Elkartean egon daitezkeen kasinoen kopurua zehaztuko du Gobernu Batzarrak, eta baita zein izango den kasinoen lurralde-banaketa ere. Baimenak lehiaketa publikoren bidez emango dira, eragileen ordaintzeko gaitasun eta diru-ezarpenen egitarauari, beste alderdiren artean, balioa emango zaielarik.

5.- Zerbitzu hauek edukiko dituzte kasinoek gutxienez:

a) Taberna.

b) Jantokia.

c) Egongela.

6.- Joko kasinoak ustiatzeko baimenak 10 urteko eperako emango dira eta berritu ahal izango dira.

12. Atala.- Bingoak

1.- Bingo jokoan aritzeko bereziki baimendurik dauden lekuak dira bingo aretoak. Bingoan aritzeko txartelek balio ofizialekoak izan behar dute, eta jokoa burutzen den aretoaren barruan soilik sal daitezkeenak.

2.- Euskal Autonomi Elkarteko bingo areto guztietan batera ezin izango dira hamar mila pertsona baino gehiago sartu.

3.- B moetako saridun jolas makinak jar daitezke bingo aretoetan, aretoek hartzen duten pertsona kopuruaren arabera.

4.- Bingo aretoak ustiatzeko baimenak bost urteko eperako emango dira, eta berritu ahal izango dira.

13. Atala.- Joko makinak eta ustiatzeko baimenak

1.- Lege honen ondorioetarako, txanponez edo ordaintzeko beste antzeko zerbaiten bidez eragiten diren joko-tresnak hartzen dira joko makinatzat, baldin eta ondoren aipaturik dauden moetetako batean sailka badaitezke:

 A MOETA.- Jolas makinak: Denborapasa hutsekoak dira, jokaldiaren prezioaren truke erabiltzeko aldi zehatz bat besterik eskaintzen ez dutenak. Ezin dute saririk eman, ez dirutan, ez gauzatan, ez alda daitezkeen puntuen bidez. Makina horiek eskain dezaketen pozgarri bakarra egindako jokaldiaren zenbatekoa itzultzea edo hasierako zenbatekoaren bidez jokoan irauteko aukera da.

B MOETA.- Saridun jolas makinak: Baliatzaileari jokaldiaren prezioaren truke erabiltzeko aldi zehatz bat eta, aldian-aldian, diru-saria eskaintzen dizkiotenak dira.

C MOETA.- Zori makinak: Baliatzaileari sari baten truke erabiltzeko edo jokatzeko aldi zehatz bat eta, aldian-aldian, zoriaren araberako diru-saria eskaintzen dizkiotenak dira.

Lege honetan arauturik dauden jokoen moeta, elementu edo mekanikak nahasiz sariak eskuratu ditzaketen makinak eskuzko zein automatikoak, aurreko moetetan ohartemanda ez baldin badaude, moeta berezitzat jo daitezke eta haien errejimena eta ezarpen eremua berarizko araudiak zehaztuko ditu.

2.- Zenbat diren jokatutako jokaldiak eta zein den bildutako edo sartutako diruaren zenbatekoa adierazten duten kontrol elementuak araubidez finkatuko dira joko makina bakoitzerako.

3.- a) Ustiatu nahi den joko makina bakoitzerako ustiatzeko baimena izeneko haizugoa lortu beharko da; baimenek bi urterako iraupena izango dute eta berritu ahal izango dira.

b) Ustiatzeko baimenaren jabe-aldakuntza Herrizaingo Sailak baimendu behar du.

c) Saridun makinak ustiatzeko baimenen jabe den batek gehienez zenbat baimen izan ditzakeen araubidez mugatuko da, eta ezin izango du ezarritako mugapena gainditu ez gizabanako gisa, ezta tarteko baten bidez ere.

14. Atala.- Joko aretoak

1.- C moetako makinak kenduta saridun makinak soilik ustiatzea xede duten establezimenduak dira Joko aretoak.

2.- Euskal Autonomi Elkarteko joko areto guztien artean ezin izango dira 1.000 makina baino gehiago izan.

3.- Joko aretoak ustiatzeko baimenak hiru urteko eperako emango dira eta berritu ahal izango dira.

15. Atala.- Jolas aretoak

1.- A moetako makinak soilik ustiatzea xede duten establezimenduak dira jolas aretoak.

2.- Jolas aretoak ustiatzeko baimenak hiru urteko eperako emango dira eta berritu ahal izango dira.

16. Atala.- Ostalaritza alorreko establezimenduak

1.- Ostalaritza alorreko establezimenduetan gehienez A moetako bi makina eta B moetako bat jartzea baimendu daiteke.

2.- Lege honetan araututako iharduketen inguruko apostuak egitea ere baimendu ahal izango da.

3.- Hemezortzi urtetik beherakoek B moetako makinak erabiltzeko hala nola aurreko zenbakian zehaztutako apostuak egiteko debekuek agerian adierazita egon beharko dute ostalaritza alorreko establezimenduetan.

17. Atala.- Apostu lekuak

10. Atalaren 1. zenbakiko e) letran ohartemanda dagoenaz gain, apostuen gai den iharduna gertatzen den lekuen kanpokaldean dauden baimendutako idazgu edo bulego apostu-eratzaileak apostu lekutzat joko dira. Era berean, baimendun apostuak egiteko berariz onarturik dauden beste lokaletan ere egin ahalko dira.

18. Atala.- Boletoak

1.- Boletoen bidezko jokorik egitea baimendu daiteke, araubidez zehaztuko diren ezaugarri eta moeten arabera.

2.- Boleto-jokoaren joko moetan, horretarako prestaturik dauden establezimendu publiko edo pribatuetan prezio finkatu baten truke erosten diren baimendun boletoen bidez, aldez aurretik boletoan ezarritako saria irabaz daiteke, hala egokituz gero.

3.- Baimenak beti ere lehiaketa publikoaren bidez emango dira, bost urteko iraupena izango dute eta berritu ahal izango dira.

III. ATALBURUA

JOKOAN PARTE HARTZEN DUTEN PERTSONAK

19. Atala.- Jokoaren alorreko enpresen baimenak

1.- Berarizko baimena duten, eta dagokien gisan zehaztuko diren erroldetan izena ematen duten pertsona fisiko eta juridikoek jokoak antolatu eta ustiatu ditzaketen bakarrak izango dira.

2.- Jokoaren alorrean aritzen diren enpresak Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak kontrolatzeko, elkarkidetzeko eta estadistika egiteko funtzioak betetzeko asmoz eskatzen diren informazio guztia ematera behartuta daude.

3.- Lege honetan arauturik dagoen joko moetaren bat antolatu eta ustiatzeko behin behingo baimena dutenei ere aplikatuko zaie aurreko zenbakian ezarritakoa.

4.- Jarraian aipatuko diren egoeratan dauden pertsona fisikoak edo horien diruaz baliatzen diren baltzuak ezin izango dira inolaz ere lege honetan araututako joko moetarik antolatu edo ustiatzeko behar diren baimenen jabe izan:

a) Baimena eskatu aurretiko bost urteetan faltsukeriazko lege hausteagatik jabegoaren kontrako lege hausteagatik edo Herri Ogasunaren aurkako lege hausteagatik sendetsitako epai bidez zigorpeturik egon izana.

b) Legezko ordainketa-geldialdia edo hartzekodun-lehiaketa agertu ondoren ordaindu ezin dutela aldarrikatu edo hartutako eginbeharrak bete ez izana, eta porrot egin ondoren onbideratu ez izana.

c) Jokoari buruzko zerga-arauak bi aldiz edo gehiagoz larriki hausteagatik sendetsitako erabaki bidez azkeneko bost urteetan zigorpetua izana.

d) Jokoari buruz Euskal Autonomi Elkarteak emandako arauak nahiz Estatuko gainerako lurraldeetan indarrean daudenak larriki edo oso larriki hausteagatik sendetsitako erabakiak azkeneko bost urteetan zigorpetua izana.

5.- Era berean, zerbitzua dela eta Eusko Jaurlaritzaren Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari edo edozein eremutako beste Administrazioen antzeko beste erakundeei atxikirik dauden pertsonak edo horiekin zerikusia dutenak eta pertsona horien senar, emazte, aita, aima, seme eta alabak ezin izango dira joko eta apostuak antolatzeko eta ustiatzeko behar diren baimenen jabe izan.

6.- Baimen administratiboa lortu ondoren baltzu baten jabe edo partaide diren pertsona fisikoak atal honetako 4. zenbakiaren a), b), c) eta d) letretan aipatzen diren egoeretan gertatzen badira, aipatu baimena besterik gabe baliogabetuko da.

7.- Lege honetan arauturiko ihardunak burutzeko baimena duten baltzuen akzio edo partizipazioen jabe-aldakuntza egiteko Herrizaingo Sailaren aurretiko baimena behar da.

8.- Lege honetan baimenduriko jokoak ustiatzeko xede duten enpresa edo bazkunetan pertsona fisiko edo juridikoek parte hartzeari mugapenak jarriko zaizkio araubidez.

20. Atala.- Kasino eta bingoen jabe diren enpresak

Pertsona fisikoak eta zuzenbidean onartutako elkarte moetak kasino eta bingoak ustiatzeko baimenaren jabe izan ahalko dira, baldin eta baimen horiek ustiatzea xede bakarra badute eta Lege honetako 11.1 atalak dioenaren kaltetan ez badoaz. Jabea pertsona juridikoa den kasuan, haren kapitalak araubidez finkatzen diren kopuru eta moduaz banaturik eta jabe-izendun akzio edo partizipazioetan zatiturik egon beharko du.

21. Atala.- Joko makinen enpresa eragileak

1.- Joko makinak enpresa eragileek soilik ustiatu ditzakete baimendun lekuetan. 

2.- Aldez aurretik baimendurik daudela dagokien erroldan izena emana duten pertsona fisiko edo juridikoak joko dira enpresa eragiletzat.

3.- Elkarte gisa eratutako bazkun juridikoen kasuan, haien kapitalak partizipazio edo jabe-izendun tituluetan banaturik egon beharko du.

4.- Enpresa eragilea izateko baimenak bost urteko eperako emango dira eta berritu ahal izango dira.

5.- Makina dagoen establezimenduaren jabearen eta eragilearen erlazioa Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak onartutako agiri arautu batean zehaztuko da.

22. Atala.- Akuratutako lanariak

1.- Lege honek arautzen dituen jokoen ustiaketan diharduten enpresetan dagozkien funtzioak betetzeko lanbide-agiriaren jabe izan behar duten pertsonak zeintzu diren araubidez zehaztuko da. Herrizaingo-Sailak emango du agiri hori, berritzerik izango den hiru urteko gehieneko eperako.

2.- Lege honetan arauturiko jokoak ustiatzeko xedea duten enpresetan lan egiteko lanbide-agiria behar dutenek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

  a) Lege honetako 20. atalaren 4. zenbakiaren a) letrak ohartematen dituen egoeretan egoteagatik zigorpide-oharrik ez izatea.

b) Jokoari buruz Euskal Autonomi Elkarteak emandako arauetan nahiz Estatuko gainerako lurraldeetan indarrean daudenetan larri edo oso larri gisa sailkaturiko arau hausteren batengatik sendetsitako erabakiaren bitartez azkeneko bi urtetan administrazio aldetik zigorpeturik ez izatea.

3.- Joko enpresek haietan lan egiten duten pertsonei buruz araubidez ezarriko diren xehetasunen berri Herrizaingo Sailari eman beharko diote.

23. Atala.- Joko debekuak

1.- Hemezortzi urtetik beherakoak, legearen aldetik ezindurik daudenak, debekuen zerrendan daudenak, eta baita jokoen burubide, lasaitasun eta iharduerari kalte egiten diotenak ere, ezin izango dira ez jokoan aritu, ez saridun makinarik erabili, ez inolako apostu moetatan parte hartu. Joko moeta bakoitzarentzako araudi berarizkoak joko lekuetara sartzeko eta jokoan aritzeko baldintza zorrotzagoak finka ditzake.

2.- Lege honetako 10. atalaren 1 zenbakiaren a), b) eta c) letretan adierazitako establezimenduetara hemezortzi urtetik beherakoak sartzea berariz debekatua dago.

3.- Baimenduriko jokoetan ezin izango dute parte hartu ez akziodunek, partizipaziodunek, ez enpresa beraren jabeek, lanariek, zuzendaritzako kideek eta enplegatuek, ez eta horien senar-emazte, aita-ama eta seme-alabek ere.

4.- Herrizaingo Sailak honako pertsona hauei debekatuko die joko lekuetara sartzea:

  a) Lege honetako edo lege honen garapenean emango diren araudietako arauak larriki edo oso larriki hausteagatik zigorpetuak izan diren pertsonei.

b) Norbere gogoz eskatzen dutenei.

c) Horretarako espedientea izapidetu ondoren debekatuen zerrendan sartzen direnei. Erabaki administratiboren bidez izango dira sartuak eta erabaki horrek zehazten duen eperako, urte betekoa baino luzeago ezin izan delarik.

5.- Auzibidezko erabaki baten indarrez debekatua dutenak Debekatuen zerrendan sartuak izango dira.

6.- Baimena duten establezimenduetan pertsonak ez onartzeko kontrol sistemak ezar daitezke, bai baliatzaileen esku, bai Administrazioaren esku, Kexa Liburua izan beharko delarik.

IV. ATALBURUA

ARAUBIDE ZIGORTZAILEA

24. Atala.- Arau hauste administratiboak

1.- Jokoaren alorreko arau administratiboak dira Lege honetan eta berau garatu eta burutzeko emango diren xedapenetan sailkatutako ekintza eta utzierak.

2.- Egindako iharduketen bidez ikusten bada ekintzak lege penaletan sailkatutako lege edo arau hausteren bat izan daitezkeela, gai den barrutiko ordenari pasako dio administrazioak erru adierazpena, eta auzibidezko erabakia sendetsia ez den bitartean ez zaio zigorbideari ekingo.

3.- Jokoaren alorreko arau hauste administratiboak oso larriak, larriak eta arinak izan daitezke.

25. Atala.- Arau hauste oso larriak

Arau hauste oso larriak honako hauek dira.

1.- Administrazioaren baimenik gabe jokoak antolatu, egin nahiz ustiatzea eta jokoan aritzea, hala nola baimenik ez duten lokal edo tegietatik kanpo edo baimenik ez duten pertsonen bidez jokatzea.

2.- Joko enpresetako baltzuen kapitala arauz ezarrita dauden mugen azpitik murriztea.

3.- Administrazioaren baimenik gabe edozein akzio nahiz partizipazio eskuz aldatzea.

4.- Ustiaketarako baimenak ematea administrazioaren baiespenik gabe.

5.- Baimendutakoak ez diren makinak edo joko nahiz aposturako bestelako elementuak banatu edo saltzeko jartzea, hala nola balioztatu gabeko jokorako osagai edo elementuak erabiltzea eta materiale hori iruzurkeriaz ordezkatu edo manipulatzea.

6.- Jokoaren kudeaketaz, antolakuntzaz eta ustiaketaz arduratzen diren enpresetako langile edo zuzendaritzako kideek, akziodunek, partizipaziodunek nahiz jabeek hala nola beraien senar-emazte, aita-ama edo seme-alabek enpresa horiek kudeatu eta ustiatzen dituzten jokoetan parte hartzea.

7.- Jokoak eta apostuaren oinarri diren sariketak manipulatzea sari eta ehunekoen banaketa aldatzeko helburuarekin.

8.- Lege honen 23. ataleko 3. zenbakian aipatzen diren joko-enpresen esanetara lan egiten duten pertsonek joko lekuetan diru maileguak ematea.

9.- Baimenak lortzeko gezurrezko datuak edo manipulatutako agirisortak ematea eta baimen horiek eskuratzeko bete behar izan ziren arauak haustea.

10.- Baimenetan eskatutako baldintzak ez betetzea.

11.- Apostulari nahiz jokalariei irabazitako diru kopuru osoa edo horren zati bat ez ordaintzea, hori egitea arau hauste larria ez bada.

12.- Baimenik gabeko lekuetan eta baimenik ez duten pertsonen bidez jokoan aritzea utzi eta onartzea, hala nola behar den baimena ez daukaten joko elementuak jarri eta ustiatzea.

13.- Jartzeko baimena duten baino makina saridun gehiago jartzea.

14.- Hemezortzi urtetik beherakoek joka dezaten utzi eta onartzea.

15.- Jokoen iragarkuntzari buruzko arauak haustea.

16.- Urtebeteren buruan bi arau hauste larri egitea.

26. Atala.- Arau hauste larriak

Arau hauste larriak honako hauek dira:

  1.- Lege honek dioenaren arabera joko lekuetara joatea debekatua daukaten pertsonei bertaratzen uztea, hala nola bisitarien zerrenda nahiz sarrera-kontrolaren zerrenda oker eta osatu gabe eroatea.

2.- Gai diren organuei jokoa behar bezala kontrolatzeko beharrezkoa den informazioa ukatzea eta lege honen garapenean emango diren arauen arabera lokalean gorde beharreko agiriak bertan ez edukitzea.

3.- Agintaritza agenteei hala nola berariz ikuskaritzaz arduratzen diren funtzionariei kontrola eta zainketarako ikuskaritza lan horiek burutzen ez uztea edo oztopoak jartzea.

4.- Lege honetan ezarritako baimenaren egiaztagiria hala nola arau honen garapenean bertan agertu beharrezkotzat ematen direnak joko lekuan nahiz baimendutako makinetan ez agertzea.

5.- Lokaletan segurtasun neurririk ez egotea edo neurri horien funtzionamendua txarra izatea.

6.- Apostulari nahiz jokalariei irabazitako 500.000 pezeta edo gutxiagoko zenbatekotik diru kopuru osoa edo horren zati bat ez ordaintzea, hori egitea arau hauste larria ez bada.

7.- Lokalean, bertan sartzeko baimendua dagoen gehienezko pertsona kopurua baino gehiago egon dadin onartzea.

8.- Jokalari edo apostulariekiko jokaera begirunegabea izatea bai jokoan ari direnean eta bai kexak edo murtziloak egiten dituztenean ere.

9.- Jartzeko baimena daukaten baino A moetako makina gehiago jartzea.

10.- Baimenik gabe eta Jokoen Zerrendan sartuta daudenen antzeko iharduketen bidez salmentarako promozioak egitea.

11.- Joko lekuentzat ezarrita dagoen ordutegia gainditzea.

12.- Ostalaritza alorreko establezimenduetan joko makinak pizturik mantentzea lokal horiei dagokien ordutegietatik kanpo.

13.- Urtebeteren buruan hiru arau hauste arin egitea.

14.- Aurreko atalean aipatutako edozein arau hauste egitea, beren izaera, gertaldi nahiz inguramena dela eta oso larritzat jo ez daitezkeenean.

27. Atala.- Arau hauste arinak

Arau hauste arinak honako hauek dira:

  Lege honetan ezarrita dauden eta oso larri edo larritzat jotzen ez diren ezein moetatako baldintza nahiz debekurik ez betetzea, hala nola joko bakoitzeko Araudietan ezarritako arauak ez betetzea eta aurreko atalean aipatutako edozein arau hauste egitea, beren izaera, gertaldi nahiz inguramena dela eta oso larritzat jo ez daitezkeenak.

28. Atala.- Arau hausteen indargabetzea eta balio-galtzea

1.- Arau hauste arinak ekintzak gertatu eta bi hilabetetara indargabetuko dira, eta larri eta oso larriak berriz handik bi urtetara.

2.- Administraziopekoari egozterik ez den arrazoiagatik sei hilabete baino gehiagoz etenda gelditzen denean ere galduko du balioa zigortze-bideak.

29. Atala.- Arau hausteak baliogabetzea

Arau hausteak egiteagatiko oharrak ofizioz baliogabetuko dira baldin eta honako betekizun hauek betetzen badira:

  1.- Lege honen edo bere garapenean emango den araudiaren xedapenak atal honen 3. azpiatalean adierazitako epeetan hautsi ez izana.

2.- Aurretik ezarritako behin betiko zigorrekiko zehapen eta diru erantzukizunak ordaindu izana.

3.- Zigor erabakia behin betiko ebatzi zenetik arau hauste arinentzat sei hilabeteko epea eta larri eta oso larrientzat bi urteko epea bukatua izatea.

30. Atala.- Erantzukizuna

1.- Lege honetan nahiz garapenerako araudian sailkatutako arau hausteren erantzuleak dira arau hauste horiek egiten dituzten pertsona fisiko eta juridikoak.

2.- Joko leku edo makinak dauden lokaletan zuzendaritzako kideek eta langileek orohar egin ditzaten arau hausteen erantzule lagunkide izango dira pertsona horien nagusiak edo lan egiten duten erakundeak ere.

31. Atala.- Zigorrak eta neurri bermezko eta osagarriak

1.- Aurreko ataletan sailkatutako arau hausteak egiteagatik honako zenbateko hauek ordaindu beharko dira zigor gisa.

a) Oso larriengatik, hamar miloi eta pezeta batetik ehun miloi pezetara. 100 miloi pezetatik gorako legezkontrako irabazia egiaztatzen den kasuetan, zigorra irabazi hori hiru halako izango da.

b) Larriengatik, miloi bat eta pezeta batetik hamar miloi pezetara.

c) Arinengatik, hamar mila pezetatik ehun mila pezetara.

2.- Gobernu Batzarrak isunen zenbatekoak urtero berraztertu ahal izango ditu aldian aldiko egoera ekonomikoari egokitzeko.

3.- Arau hauste larri eta oso larriak egiten diren kasuetan honako zigor hauek ere jarri ahal izango dira:

  a) Jokoarekin zerikusia duten iharduketak ustiatzeko baimena bi urtetako gehinezko denboraldi baterako baliogabetzea, edo behin betiko kentzea.

b) Jokorako makinak ustiatzeko baimena urte beteko gehienezko denboraldi baterako baliogabetzea, edo behin betiko kentzea, hala nola ostalaritza alorreko establezimenduetan joko makinak ustiatzeko baimena kentzea urtebeteko gehienezko eperako.

c) Jokoan aritzeko lokala behin behingo istea gehienez bi urte iraun dezakeen denboraldi baterako, edo behin betiko istea.

d) Jokorako eduki behar den baimenaren titularra izateko gaitasungabetzea, eta hala egokituz gero, joko enpresa eta lekuetan jokoan aritzeko behin behingo edo behin betirako gaitasungabetzea. Behin behingo gaitasungabetzea bi urtetako gehienezko denboraldi baterako izango da.

e) Arau haustearekin zerikusia duten jokorako osagai, makina edo elementuak bahitu, suntsitu nahiz baliogabetzea.

4.- Zigorra jartzerako orduan, dauden gorabeherak neurtuko dira, lurralde eta gizarte eremuan daukaten eragina kontutan hartuz eta beti ere heintasun erizpideak erabiliz eta zigorra inoiz ez da behar ez denez lortutako irabazien hiru-halakotik beherakoa izango.

32. Atala.- Organu zigortzailea

1.- Herrizaingo Saileko Joko eta Ikuskizun Zuzendariari dagokio arau hauste larri eta arinentzako zigorrak jartzea, hala nola, 31. ataleko 3 zenbakiko b) letran adierazten diren baimenak indargabetzea.

2.- Herrizaingo Sailburuordeari dagokio Joko eta Ikuskizun Zuzendariaren eskariz arau hauste oso larrientzako zigorrak jartzea, hala nola makinak ustiatzeko baimenak aldi baterako indargabetzea, joko lokalak behin behingoz istea, ustiaketa haizugoak behin betiko kentzea eta behin behingo gaitasungabetzea.

3.- Berrogeitamar miloi pezetatik gorako zigorrak jartzea Herrizaingo Sailburuari dagokio.

4.- Istea, gaitasungabetzea edo behin betiko kentzea dakarten zigorrak jartzea Gobernu Batzarrari dagokio Herrizaingo Sailburuaren eskariz.

33. Atala.- Zigorbidea

1.- Arau hauste larri edo oso larriak egiteagatiko espedienteak izapidetzeko, Administrazioak jokoari dagokionean daukan ahalmen zigortzaileari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako ihardunbidea jarraituko da, eta ordezkotasunez, Administrazioaren Jardunbideari buruzko Legean ezarritakoa.

 Joko eta Ikuskizun Zuzendaria izango da zigorbidea hasteko organu gaitua, zigorra jartzeko organu gaituaz gainera.

 2.- Arau hauste arinak egiteagatiko zigorrak orokortasunez ezarritako ihardunbideari atxikiko zaizkio honako berezitasun hauek izango dituela:

  a) Proposatutako froga egiteko epea, hala egokituz gero, 15 egunekoa izango da.

b) Espedientearekin bukatzen duen erabakia, espedientea hasi zen eguna baino gehienez 2 hilabete igaro aurretik eman beharko da.

3.- Zigor espedienteetan emandako erabakiak, doakionari jakinarazi ondoren, administrazio bidean egoera sortzen dutenean izango dira derrigorrezkoak.

4.- Zigor espedienteetan emandako erabakien aurka ohizko errekurtsoak egin ahal izango dira.

5.- a) Arau hauste larri edo oso larriak egin izanaren aztarnak daudenean, jokoan aritzeko lokalak istea erabaki ahal izango da bermezko neurri gisa, hala nola leku horiek zigilatzea eta jokoan aritzeko elementuak gorde nahiz bahitzea.

b) Horretan parte hartzen duten agintaritza agenteek berek hartu ahal izango dute presazko neurri bermatzaile gisa joko elementuak edo jokoan aritzeko bestelako materiale baimenik gabekoak edo bidegabeki lortutako dirua bahitu nahiz gordetzeko erabakia.

Neurri hori Joko eta Ikuskizun Zuzendariak sendetsi edo baliogabetu beharko du gehienez 72 ordu igaro aurretik.

V. ATALBURUA

IKUSKAPENA

34. Atala.- Ikuskapena eta kontrola

1.- Lege honetan eta berau osatzen duten xedapenetan ezarritakoa betetzea bermatzeko helburuarekin, Herrizaingo Sailari dagokio Joko eta Ikuzkizun Zuzendaritzaren bitartez jokoaren alderdi administratibo eta teknikoak eta iharduketa horrekin zerikusia duten enpresa eta lokalak ikuskatu eta kontrolatzea.

2.- Aurreko zenbakian adierazitakoa bete asmoz, Joko eta Ikuskizun Atala Euskal Autonomi Elkarteko lurralde eremu osoan aritzeko aginpidea duen Ertzaintzaren zerbitzu espezializatu gisa, ihardunez Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzaren menpe eta organikoki Herrizaingo Saileko SegurtasunSailordetzaren menpe egongo da.

35. Atala.- Joko eta Ikuskizun Atala

Honako hauek dira Ertzaintzaren Joko eta Ikuskizun Atalaren zereginak:

  1.- Jokoari dagokionean indarrean dagoen araudia zaindu eta ikuskatzea.

2.- Zeregin horiek betetzerakoan egindako aktak Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari jakinaraztea.

3.- Lege eta arau hausteak egin baldin badira, egoki diren eginbideak izapidetuko ditu atxilotutakoekin eta behar diren gauza edo tresnekin batera gai diren epai agintariei bidaltzeko.

4.- Elementuak zigilatu eta bahitzea edo joko lokalak istea, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak emandako artezpideak jarraituz eta Lege honetan ezarritakoaren arabera.

5.- Indarrean dagoen arautegian oinarrituta egotz dakizkiokeen beste zeinahi.

VI. ATALBURUA

EUSKAL JOKO BATZORDEA

36. Atala.- Eraketa

1.- Euskal Joko Batzordea, Euskal Autonomi Elkartearen eremuan jokoarekin zerikusia duten iharduketak aztertu, bateratu eta haietaz aholku emateko organua da.

2.- Euskal Joko Batzordea honela eratuko da:

  - Lehendakaria: Herrizaingo Sailburuordea.

  - Bokalak:

- Joko eta Ikuskizun Zuzendaria, zeinak lehendakari gisa jokatuko duen titularra ez egotea gertatuz gero.

- Herrizaingo Saileko ordezkari bat.

- Herriogasun, Osasuntza, Kultura eta Industria, lau arlo hauetan aginpidea duten sailek proposatutakoen artean Jaurlaritzak izendatutako lau ordezkari, gutxienez Zuzendari maila izan dezatenak.

- Lurralde Historikoetako Foru Aldundi bakoitzeko ordezkari bat.

- Euskal Herriko Udalen Elkarteko ordezkari bat.

Jokoarekin harremanak dituzten alorretako profesionalek ere Batzorde honetan parte hartu ahal izango dute, Batzordeko Lehendakariak hala eskatzen badu, zeinak hizketarako eskubidea bai baina botoa emateko eskubiderik ez duten izango.

Batzordeak, bere erabakiak hartzeko, beharrezko erizten dien aditu guztiei languntzeko eta aholku emateko eskatu ahal izango die.

Batzordearen idazkaria Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari atxikitako funtzionari bat izango da, zeinak hizketarako eskubidea bai baina botoa emateko eskubiderik ez duen izango.

3.- Euskal Joko Batzordea seihilabetean behin elkartuko da gutxienez.

 37. Atala.- Lehendakaria

  Euskal Joko Batzordeko Lehendakariak honako zeregin hauek ditu:

  1.- Batzordearen bilkuretarako deia egitea.

2.- Bilkuretako gaizerrenda zehaztea.

3.- Bilkurak eta Batzordearen eztabaidak zuzentzea.

 38. Atala.- Zereginak

 1.- Euskal Joko Batzordeak honako zeregin hauek izango ditu:

 a) Lege honetan ezarritakoaren arauera, Gobernu Batzordeak onartu beharreko erabaki orokorrei buruz legez argipidea ematea.

b) Erizpenak eta txostenak egitea, galderak argitzea, etamHerrizaingo Sailak nahiz Euskal Administrazio Publikoko bestelako organuek jokoari buruz eskatzen dioten aholkularitza ematea.

c) Jokoak Euskal Autonomi Elkarteko eremuan duen garapenari buruz Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak egingo duen urteroko memoria onartzea.

d) Batzorde honetan ordezkatuta dauden Administrazio ezberdinek burutuko dituzten iharduketa guztien koordinazioa bultzatzea, jokoarekin zerikusia duten iharduketena.

e) Lege honetan ezarritako helburuak lortzeko egoki erizten zaien ikerketa eta proposamenak egitea.

f) Euskal Autonomi Elkarteko Jokoaren Errolda Nagusian eta Batzorde horretan ordezkatuta dauden Administrazioetan, eta hala badagokio,Estatuan sortutako beste batzuk elkarren berri izan dezaten beharrezko baliabideak jartzea.

2.- Euskal Joko Batzordeari, era berean, jokoak antolatu eta ustiatzeko ematen diren baimenen berri, kentzen diren lanbide-txartelen berri, Jokoaren Errolda Nagusian izena ematen duten baimendutako enpresen berri, hala nola bertan gertatzen diren aldaketen eta dagokion zerbitzuak egindako joko materialearen balioztapenaren berri emango zaio.

VII. ATALBURUA

JOKO ZERBITZUAREN ZERGA-SARIA

39. Atala.- Jokoaren zerga-saria

Herrizaingo Saileko Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak emandako zerbitzuen zerga-saria indarrean dagoen Euskal Herriko Autonomi Elkarteko Ariel eta Herri-prezioei buruzko Legeak ezarritakoa izango da.

Aldi Baterako Xedapenak

Lehenengoa

Lege honetan aipatzen diren Araudiak Eusko Jaurlaritzak onartuko ditu bi urteko epean hura indarrean jartzen denetik kontatzen hasita.

Bigarrena

Eusko Jaurlaritza Lege honek ematen dizkion arauzko ahalmenez baliatzen ez den bitartean, Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioak emandako xedapen orokorrak aplikatuko dira Lege honek dioenaren aurkakoa ez den guztirako, eta horiek ezean, Estatuaren Administrazioaren xedapen orokorrak.

Hirugarrena

Lege hau indarrean jarri aurretik emandako aldi baterako baimenek baliagarri izaten jarraituko dute bertan adierazitako indarraldiko epearen barruan. Baimen horiek Lege honen xedapenek diotenari jarraiki, eta hala egokituz gero, osagarri diren arauzko xedapenei jarraiki berrituko dira.

Laugarrena

Baimen batzuk indarraldi epea adierazi gabea izatea gertatuz gero, baimen horiek berritzeko urtebeteko epea egongo da Lege hau indarrean jartzen denetik kontatzen hasita.

Boskarrena

Lege honetan adierazten den baino joko makina gehiago dituzten establezimendu edo enpresa eragileek, bertan ezarritakoari egokitzeko bi urteko epea izango dute indarrean jartzen denetik kontatzen hasita.

Seigarrena

Lege hau indarrean jartzen den unean dauden jolas areto mistoak, bertan xedatutakoaren arabera birmoldatu beharko dira, indarrean jartzen denetik kontatzen hasita bi urteko epean.

Azken Xedapenak

Lehenengoa

Euskal Autonomi Elkarteko Jaurlaritzari Lege honetan ezarritakoa garatu eta burutu ahal izateko xedapenak emateko ahalmena ematen zaio, eta baita bere organuen artean Lege honen bidez eskuratzen dituen botereak banatzeko ere.

Bigarrena

Gobernu Batzarrak, Lege honek ematen dion jokoaren plangintzari buruzko aginpideaz baliatuz eta egoera ekonomiko eta sozialari begira, hiru urtean behin aztertu ahal izango ditu baimenei, joko elementuei, baimendutako lokalei eta horietan sar daitezkeen pertsonei buruz ezarrita dauden gehinezko kopuruaren mugak.

Hirugarrena

Lege honetan xedatutakoaren kontra doazen arau guztiak ezeztatuak gelditzen dira.

Laugarrena

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den biharamunean hartuko du indarra Lege honek.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Ajuria-Eneako Jauregia, 1991ko azaroak 19.

Lehendakaria,

JOSE ANTONIO ARDANZA GARRO.


Azterketa dokumentala