Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

235. zk., 2024ko abenduaren 3a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA SAILA
5522

381/2024 DEKRETUA, azaroaren 19koa, Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoa.

Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren bitartez –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena–, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailen egitura berrantolatu da, eta, bestetik, Administrazioko sailen artean eskumenak berriro esleitu dira; eta hori guztiori legegintzaldi honetan gobernu-programa osatzen duten konpromisoak betetzeko orduan ahalik eta eraginkortasun handiena lortzeko xedez egin da.

2023ko abenduaren 21ean, Eusko Legebiltzarrak Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzaren 17/2023 Lege berria onartu zuen. Hezkuntzaren Legea eraginkorra izango bada, eta Euskal Hezkuntza Sistema eraldatzeko eta bertan irauteko bokazioa izango badu, egitura indartuak eta eguneratuak dituen Hezkuntza Sail bat behar du, sail horrek beharrezko tresnak izan ditzan hezkuntza-eraldaketan aurrera egiteko sistema hobetzeko neurriak aplikatu ahal izateko.

18/2024 Dekretuaren 12.1 artikuluak honako egiteko eta jardun-arlo hauek esleitzen dizkio Hezkuntza Sailari:

Autonomia Estatutuaren ondoriozko ahalmenak, araubide orokorreko nahiz bereziko irakaskuntzei dagokienez, etapa eta maila desberdinak barnean direla, unibertsitateaz kanpoko hezkuntzan.

Lanbide-heziketaren arloa zuzendu, antolatu eta planifikatzeko egitekoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legearen 19.1 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, eta, betiere, enplegurako lanbide-heziketaren arloan eta nekazaritza-, nautika- eta arrantza-esparruko lanbide-heziketa ez arautuaren arloan eskumena duten sail edo organismoekin lankidetzan.

Bizitza osoan kualifikazioak eskuratu edo areagotzeko ikaskuntza-jarduerak.

Sailari atxikita dauden edo haren mendeko diren sektore publikoko entitateak zuzentzea, legeek eta erregelamenduek ezartzen dutenaren arabera.

Legeek eta erregelamenduek ematen dizkioten gainerako ahalmenak.

Egiteko horiek betetzeko, saila hiru sailburuordetzatan egituratuko da. Halaber, Hezkuntza Sailari sektore publikoko zenbait entitate atxikitzen zaizkio, horiek lanabes funtsezkoak baitira lehenago aipatutako egitekoen eta jardun-arloen eremuan sailak bultzatu beharreko politikak garatzeko.

Ondorioz, Hezkuntzako sailburuaren proposamenez, lehendakariak onartuta eta Gobernu Kontseiluak 2024ko azaroaren 19an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
ANTOLAKETA OROKORRA

1. artikulua.– Egitekoak eta eskumenak.

Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena– 12. artikuluan zehaztutako egitekoak eta jardun-arloak dagozkio Hezkuntza Sailari; eta egiteko eta jardun-arlo horiek sailburuaren zuzendaritzapean gauzatuko ditu.

2. artikulua.– Egitura orokorra.

1.– Hezkuntza Sailak, bere eskumenak baliatzeko, honako organo hauek izango ditu:

A) Organo zentralak:

1.– Hezkuntzako sailburua.

1.1.– Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritza.

1.2.– Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza.

2.– Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetza.

2.1.– Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritza.

2.2.– Langileak Kudeatzeko Zuzendaritza.

2.3.– Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia Zuzendaritza.

3.– Hezkuntza Politiketako Sailburuordetza.

3.1.– Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritza.

3.2.– Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritza.

3.3.– Aniztasunerako eta Inklusiorako Zuzendaritza.

3.4.– Familiekin eta Hezkuntza Komunitatearekin Koordinatzeko Zuzendaritza.

4.– Lanbide Heziketako Sailburuordetza.

4.1.– Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritza.

4.2.– Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritza.

4.3.– Ikaskuntza Berezien Zuzendaritza.

B) Organo periferikoak:

Lurralde historiko bakoitzean Hezkuntza Sailak dauzkan lurralde-ordezkaritzak.

2.– Aurreko paragrafoan adierazitako organoen mailatik beheragoko administrazio-unitateak Hezkuntzako sailburuaren agindu baten bidez garatuko dira.

3.– Organo hauek ere Hezkuntza Sailari atxikita egongo dira, sorrera-arauetan zehaztutakoaren arabera:

3.1.– Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzaren abenduaren 21eko 17/2023 Legearen 90. artikuluan xedatutakoaren arabera sortua.

3.2.– Euskadiko Eskola Kontseilua.

3.3.– Musika Irakaskuntzen Aholku Batzordea.

3.4.– Lanbide Heziketako Euskal Kontseilua.

3.5.– Lanbide Heziketako Talentuaren Euskal Institutua (iTlent).

3.6.– Hezkuntzaren Ebaluazio, Ikerketa eta Prospektibarako Euskal Institutua, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzaren abenduaren 21eko 17/2023 Legearen 83. artikuluan xedatutakoaren arabera.

3.7.– Unibertsitateaz kanpoko Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea (ISEI-IVEI), iraungitzeko.

3.8.– Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroa (Tknika).

3.9.– Lanbide Heziketako Koordinazio Organo Gorena.

3.10.– Berritzegune Nagusia eta zonako Berritzeguneak.

3.11.– Lanbide Heziketako Etorkizuneko Ikaskuntzen Euskal Institutua (EIEI).

4.– Hezkuntza Sailari atxikita daude Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitate hauek:

4.1.– Haurreskolak Partzuergoa.

3. artikulua.– Zuzendaritza Kontseilua.

Zuzendaritza Kontseilu bat izango da, Hezkuntzako sailburua presidente duela, titularrari lagunduko diona sailaren politika ikuskatzen eta jarraitzen, bai eta esleitzen zaizkion eginkizun eta jardueren plangintza orokorra egiten ere. Ez da administrazio-organotzat hartuko.

Sailburuaren zuzendaritzapean, honako hauek osatuko dute Zuzendaritza Kontseilua: sailburuordeek, Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen zuzendariak eta Kabinete eta Komunikazioko zuzendariak, zeinak Kontseiluko idazkari jardungo duen. Horietaz gain, sailburuak izendatutako beste pertsona batzuek ere parte hartu ahalko dute Zuzendaritza Kontseiluan.

II. KAPITULUA
SAILBURUA, KABINETE ETA KOMUNIKAZIO ZUZENDARITZA ETA ARAUBIDE JURIDIKOAREN ETA ZERBITZUEN ZUZENDARITZA

4. artikulua.– Sailburua.

Hezkuntzako sailburuari dagokio Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. eta 28. artikuluek ezarritako eskumenak baliatzea, bai eta sailaren berezko egitekoen eta jardun-arloen eremuan indarreko legeriak esleitzen dizkionak ere, lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuarekin bat etorriz, non ez dauden beste organo bati esleituta.

Sailaren organo gorena denez, saileko organo eta jarduera guztiak zuzendu, koordinatu eta kontrolatuko ditu, eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan sailaren jardun-arloan esleituta dauden dirulaguntza izendunak emango ditu.

Horretaz gain, sailburua arduratuko da, deialdi publikoa egin ondoren, izendapen askeko lanpostuak betetzeaz, bai eta behin-behineko langileak izendatzeaz ere.

Sailburuari dagokio saileko kontratazio-organo gisa jardutea, 5.000.000 eurotik gorako lizitazioaren oinarrizko aurrekontua duten kontratuetan.

Sailburuari dagokio, halaber, sailaren berezko arloetan hitzarmenetarako eta akordioetarako baimena ematea eta horiek sinatzea, baldin eta horretarako Gobernu Kontseiluaren aldez aurretiko baimena behar ez bada, eta, betiere, hitzarmen eta akordio horiek beste organo batzuei berariaz esleitzen ez bazaizkio. Bai eta honako hauek ere: ondare-erantzukizuneko espedienteak ebaztea, administrazio-xedapen eta -egintza deusezak ofizioz berrikustea eta administrazio-egintza deuseztagarriak kaltegarri deklaratzea.

Sailburuak zainduko du euskara normaltasunez eta orokortasunez saileko zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza izatea, betiere herritarrek erakundearekin dituzten harremanetan bi hizkuntza ofizialen artean aukeratzeko duten eskubidea baliatu ahal izan dezaten.

Hezkuntzaren Ebaluazio, Ikerketa eta Prospektibarako Euskal Institutua eta Unibertsitateaz kanpoko Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak (ISEI-IVEI), sailburuaren mende dela, otsailaren 6ko 14/2001 Dekretuan ezarritako egitekoak garatuko dituzte, baita agintzen zaizkien beste batzuk ere.

Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuak, sailburuaren mende dela, indarrean dagoen araudiak ezarritako egitekoak gauzatuko ditu.

Organikoki sailburuaren mende, baina funtzionalki Hezkuntza Politiketako Sailburuordetzaren eta Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren mende, Hezkuntza Ikuskaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzaren abenduaren 21eko 17/2023 Legearen 87. artikuluak esleitzen dizkion egitekoak beteko ditu, baita indarrean dagoen araudiak esleitzen dizkionak ere.

5. artikulua.– Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritza.

Organikoki sailburuaren mende, Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzari honako hauek dagozkio, dekretu honek oro har esleitzen dizkion egitekoez gain:

a) Sailburuaren lan-programa planifikatzea eta haren segimendua egitea, eta sailaren arlo desberdinekin hura koordinatzea.

b) Bere eskumeneko arloetan, bera izango da sailaren eta gainerako sailen arteko harremanetarako organoa. Bera izango da, halaber, gai material horren inguruan eratutako sailen arteko koordinazio-organoekiko harremanetarako organoa.

c) Sailaren kanpo-jardueren eta ekitaldi publikoen protokoloa eta antolaketa koordinatzea, bai eta sailak sustatutako kongresu, mintegi, jardunaldi eta hitzaldiena ere.

d) Solaskide izatea sailak Legebiltzarrarekin, Arartekoarekin eta EAEko eta Estatuko gainerako organismo eta instituzioekin izaten dituen harremanetan, koordinaturik eta hargatik eragotzi gabe Eusko Jaurlaritzako beste organo eta sail batzuen eskumenak.

e) Sailaren eskumeneko gaiak koordinatzeko neurriak gauzatzea, Eusko Jaurlaritzak Europar Batasuneko araudia eta politikak lantzeko eta aplikatzeko izan beharreko esku-hartzea garatu ahal izateko. Horren haritik, saileko organoen eta Europar Batasuneko instituzioen arteko gaiak eta harremanak bideratuko ditu, Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren eskumeneko organoaren bitartez.

f) Sailaren eta beste administrazio publiko batzuen arteko harremanak koordinatzea eta bideratzea, Jaurlaritzaren Lehendakaritzako organo eskudunaren bidez.

g) Sailaren komunikazio-politika koordinatzea eta, ildo horretan, gizarte-komunikabideekiko harremanak garatzea eta zaintzea, sailaren jardueren, erabakien eta politiken hedapena eta zabalkundea errazteko.

h) Sailaren jardun-arloei buruzko informazioa herritarrei emateko lanak koordinatzea, eta sailaren jardun-arloen inguruko kexak eta iradokizunak jasotzea.

i) Dokumentazio-zerbitzuak eta dokumentu-baseak kudeatzea, eta sailak egin beharreko argitalpenen gaineko jarraipena eta koordinazioa egitea, hargatik eragotzi gabe Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzu Nagusiaren gainean eskumena duen sailak dauzkan eskumenak.

j) Informazioaren argitaratze aktiboa, informazio publikoa eskuragarri izateko eskubidea baliatuz egindako eskaerei ematen zaizkien erantzunak eta sailaren datu publikoen zabalkundea koordinatu eta horien guztien jarraipena egitea, betiere gardentasun-politikarekiko koherentziaz.

6. artikulua.– Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza.

1.– Organikoki sailburuaren mende, saileko zuzendaritzen egiteko orokorrez gain, honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritzari:

2.– Laguntza juridikoaren arloan, honako hauek dagozkio:

a) Lege-aurreproiektuak eta xedapen arauemaile orokorrak zuzendu, bultzatu eta koordinatzea, sailari edo haren mendeko edo hari atxikitako edozein entitateri eragiten dioten gaietan.

b) Xedapen orokorrei buruz eta sailak sinatu beharreko akordio eta hitzarmenei buruz txosten juridikoak egitea, bai eta, horretarako eskatzen denean, Gobernu Kontseiluak eta haren eskuordeko batzordeek aztertu beharreko gaiei buruzko txosten juridikoak ere, eta, saileko edozein organok eskatuz gero, aholkularitza ematea.

c) Sailaren jarduera administratiboaren aurka aurkezten diren administrazio-errekurtsoak izapidetzea.

d) Jurisdikzio-prozeduren jarraipena eta kontrola eta Auzibide Zuzendaritzarekiko harremana, sailak parte hartzen duen gaietan, eta horien gainean emandako ebazpenen jarraipena eta kontrola.

e) Sailaren jardueraren gainean sortzen diren ondare-erantzukizuneko prozedurak hastea eta izapidetzea.

f) Hezkuntzako zerbitzu publikoari atxikitako udal titulartasuneko ondasunak –jabari publiko direnak– desafektatzeari buruzko espedienteak, hargatik eragotzi gabe lurralde-ordezkaritzen eskumenak.

g) Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legeak Sailari ematen dizkion egitekoak baliatzea.

h) Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legeak eta Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoari buruzko apirilaren 25eko 144/2017 Dekretuak sailetako aholkularitzei esleitutako gainerako egitekoak.

3.– Langileen arloan, salbu eta dekretu honen 11. artikuluak aipatutako langileen kasuan, honako hauek dagozkio:

a) Behar diren prozedurak administratu eta kudeatzea, eta, hartarako, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 19. artikuluak zehazten dituen eskumenak baliatuko ditu, betiere beste organo batzuei dagozkien eskumenak eragotzi gabe.

b) Sailak langile-arloan dituen beharrizanak ebaluatzea, eta saileko lanpostuen zerrendak eta plantillak prestatzeko proposamenak egitea.

c) Langileentzako formazio- eta hobekuntza-planak eta -programak sustatzea, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoaren Euskal Institutuarekin eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailarekin arlo horretan gauzatu beharreko lankidetza.

d) Organo eskudunek langileen gainean hartutako erabaki eta ebazpenen gaineko informazio egokia ematea saileko zerbitzuei, eta betetzen direla zaintzea.

4.– Aurrekoez gainera, kudeaketa transbertsaleko organoa denez, honako hauek dagozkio:

a) Gobernu Kontseiluan aztertu behar diren gaiak koordinatzea eta Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzari helaraztea; halaber, argitaratu beharreko xedapen edo egintza administratiboak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo beste edozein aldizkari ofizialetan argitaratzea.

b) Saileko Erregistro Nagusiko Bulegoak funtziona dezan behar diren baliabideak jartzea.

c) Sailaren administrazio-unitateen funtzionamendua eta egitura arrazionalizatzeko proposamenak eta txostenak egitea, bai eta kudeaketa-prozedurak diseinatu eta eguneratzea ere, hargatik eragotzi gabe Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Sailari esleitutako eskumenak.

d) Administrazioa eraberritu eta modernizatzearen arloko organo eskudunak emaniko ekimenak eta jarraibideak garatu eta betetzea.

e) Irakaskuntzakoa ez den eremuan, lanpostuen banaketa fisikoari, lanpostuetako ekipamenduari eta eraberritze-lanei dagokienez, saileko unitateen jardunak zuzentzea, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari gai honetan esleitutako eskumenak eragotzi gabe. Saileko egoitzetako barne-erregimena zaindu eta babestea, eta sailari atxikitako ondarea eta ekipamendua administratu eta kontserbatzea.

f) Herritarrei informazio orokorra emateko egitekoak koordinatzea, eta herritarrei informazioa eta arreta eskaintzeko zerbitzuek (Sailekoek) Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko honako organo honekin interlokuzioa izateaz arduratzea: kanal anitzekoa eta zentralizatzailea izanik, herritarrei informazio eta arreta orokorra emateko zerbitzuen ardura duena.

g) Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren (martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) edukiak eta Eusko Jaurlaritzak onartutako Berdintasunerako Planaren edukiak identifikatu eta garatzea, gainerako Zuzendaritzekin, Administrazio instituzionaleko erakundeekin eta hari atxikitako organoekin batera lan eginda eta koordinatuta, lege horretan aurreikusitako neurriak bete daitezen, eta gizon eta emakumeen berdintasunerako unitateei emandako egitekoekin bat.

h) Euskara-unitatea izango da, eta, alde horretatik, saileko politiketan euskara sustatzen lagunduko du, hain justu ere Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren jarraibideen ildotik.

i) Sailak dituen ondasun guztiak direla-eta Ogasun eta Finantza Saileko Zuzendaritza eskudunarekin izan beharreko harremanak zentralizatzea, Euskal Ondareari buruzko Legeari jarraikiz; era berean, sail horrekin elkarlanean, sailaren ondasun eta eskubideen inbentarioa osatzen laguntzea, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren arabera.

j) Datuak babestearen gainean sailak diseinatzen dituen planak garatzea, eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoak ezarritako gomendioak eta jarraibideak gauzatzea. Horrez gain, sailak Datuak Babesteko Euskal Bulegoarekin dituen harremanez eta koordinazioaz arduratzea.

5.– Aurreko apartatuetan adierazitako gaietan, Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzak Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritzaren mende egongo dira funtzionalki.

III. KAPITULUA
SAILEKO SAILBURUORDETZAK ETA ZUZENDARITZAK

7. artikulua.– Sailburuordetzak.

Sailburuordetza bakoitzaren arduraduna Sailburuordea izango da, eta hierarkian Sailburuaren mendeko zuzena izango da. Sailburuordetzan garatutako jarduerei eta Sailburuordetzaren mendeko Zuzendaritzei eta gainerako administrazio-organo eta -unitateei dagokienez, egiteko hauek dagozkie Hezkuntza Saileko sailburuordeei:

a) Gauzatu beharreko politikak prestatu eta sailburuari proposatzea.

b) Sailburuari laguntza emango diote, eman zaizkien egitekoen eremuan.

c) Sailburuordetzaren jarduerak programatzea, eragin soziala aztertzea, eta behar diren aldaketak edo garapenak zehaztea Zuzendaritzen helburuetan.

d) Sailburuordetzako administrazio-unitateen funtzionamendurako jarraibide eta zirkularrak ematea.

e) Ezarritako jardun-politikaren araberako xedapen-proiektuak proposatzea.

f) Helburuen eta jardun-planen kudeaketa ikuskatzea.

g) Bere eskumeneko arloetan, sailaren eta gainerako sailen arteko harremanetarako organoa izatea, eta, halaber, eremu material horri lotuta eratutako sailen arteko koordinazio-organoekiko harremanetarako organoa izatea, betiere egiteko hori beste organo batzuei esleituta ez badago.

h) Bere gain hartzea Sailburuordetzako hizkuntza normalizazioaren ardura, eta bere eskumeneko eremuetan euskararen erabilera sustatzea, zerbitzu- eta lan-hizkuntza izan dadin, bat etorriz Gobernu Kontseiluak onartutako Euskararen Agenda Estrategikoarekin.

i) Bere Sailburuordetzan eta bere eskumeneko esparruetan emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko erantzukizuna bere gain hartzea, Gobernu Kontseiluak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Planean ezarritakoarekin bat etorriz.

j) Errekurtsoak ebaztea indarreko legerian aurreikusten diren kasuetan.

k) Mendeko organoen jarduera ikuskatu eta zaintzea.

l) Eskumenak mendeko organoei eskuordetzan ematea, organo horien arteko gatazkak ebaztea, eta goragokoak eskumenak bereganatzea, indarreko arauetan xedatutakoarekin bat etorriz.

8. artikulua.– Zuzendaritzak.

Zuzendari bat izango da saileko zuzendaritza bakoitzeko burua, zeina zuzenean eta hierarkian dagokion sailburuordearen mende izango baita, salbu eta sailburuaren Kabinete Zuzendaritzaren eta Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritzaren kasuan. Egiteko hauek izango dituzte Hezkuntza Saileko zuzendariek:

a) Zuzendaritzako barne-zerbitzuak eta lan-sistemak antolatzea.

b) Garatzen diren jardunak bultzatzea, gidatzea, koordinatzea eta kontrolatzea.

c) Beren eskumeneko arloetan egin beharreko ekintzen planak edo programak proposatzea organo nagusiei.

d) Beren eskumeneko arloetan, laguntzen eta dirulaguntzen deialdiak proposatu, definitu eta kudeatzea.

e) Saileko zuzendariak izango dira kontratazio-organoak indarreko legerian txikitzat tipifikatutako kontratuetan, kasuan kasuko jardun-eremuan egin behar direnean eta bigarren xedapen gehigarrian jasota ez daudenean, bai eta horiei atxikitako gastua baimentzeko eta onartzeko eta behar bezala gauzatzen dela kontrolatzeko eskumena duten organoak ere.

f) Indarrean dagoen Hizkuntza Normalizaziorako Planeko helburuak definitzea eurei dagokien alorrean, eta horiek lortzeko ekimenak garatu eta ebaluatzea, zuzendaritza bakoitzeko zerbitzuburuekin batera euskararen kudeaketa integratua eginez. Hori guztia Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritzaren gidaritzapean eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin elkarlanean.

Halaber, hala dagokionean, kontratazio publikoan eta dirulaguntzak emateko deialdietan hizkuntza-irizpideak sartzea proposatzea.

g) Indarrean dagoen ordenamendu juridikoak agintzen dien beste edozein egiteko, edo, egiteko komunak, oro har, Jaurlaritzako zuzendariei atxikitzen zaizkienak.

9. artikulua.– Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetza.

1.– Saileko sailburuordetzen egiteko orokorrez gain, honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzari:

a) Saileko administrazio-unitateen barne-araubidearekikoak koordinatzea.

b) Saileko aurrekontuen aurreproiektuaren prestaketa koordinatzea, eta aurrekontuak ebaluatu era aztertzeko prozedurak antolatzea.

c) Eragin ekonomikoa duten egintza eta xedapenak ikuskatzea, eta sailari baimena ematea 1.000.000 eurotik gorako zenbatekodun espedienteetako gastua egiteko, betiere Gobernu Kontseiluaren eskumenak errespetaturik. Halaber, Gobernu Kontseiluaren eta eskuordeko batzordeen baimena behar duten gastu-espedienteak eta beste edozein espediente ekonomiko koordinatzea.

d) Euskadiko Ondareari buruzko Legeak sailari esleitzen dizkion eskumenak, non eta ez dauden beste organoren bati esleituta, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren arabera.

e) Hezkuntza-sistemako baliabide materialak eta kudeaketa ekonomikoa eta administratiboa koordinatzea; eta, hartarako, aipatutako baliabideak plangintza orokorrari egokitzen zaizkion ala ez gainbegiratu eta egiaztatzea.

f) Sailaren politika koordinatzea goi-mailakoak ez diren irakaskuntzetako, lanbide-heziketako eta MECES 1 mailako unibertsitateaz kanpoko goi-mailako beste titulazio batzuetako ikastetxe pribatuak ituntzeko eta finantzatzeko, Hezkuntza Politiketako Sailburuordetzak eta Lanbide Heziketako Sailburuordetzak beren eskumen-eremuetan zehaztutako plangintzarekin bat etorriz.

g) Goi-mailakoak ez diren irakaskuntzetako, lanbide-heziketako eta MECES 1 mailako unibertsitateaz kanpoko goi-mailako beste titulazio batzuetako hezkuntza-sistema publikoko langileei buruzko jarduketak koordinatu eta gainbegiratzea, Hezkuntza Politiketako Sailburuordetzak eta Lanbide Heziketako Sailburuordetzak beren eskumen-eremuetan zehaztutako plangintzarekin bat etorriz.

h) Beka eta laguntzen politika sustatu eta bultzatzea, honako eremu hauetan:

– Irakaskuntzarako instalazio eta eraikinetako obrak.

– Aurreko g) letran aipatu finantzaketa-akordioen ondoriozko beste laguntza batzuk.

i) Hezkuntza-sistema informazio-gizartearen beharrizan eta eskakizun berriei egokitzeko behar diren sistema informatikoak sustatu eta bultzatzea; hartarako, diseinuaren eta planifikazioaren arloan beharrezko eskumenak baliatuko ditu.

j) Sailaren barne-kudeaketarako behar diren baliabide informatikoak zuzendu, koordinatu eta bultzatzea, Internet eta Intranet zerbitzuak barnean direla.

k) Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea da sailaren kontratazio-organoa, baldin eta lizitazioaren oinarrizko aurrekontua edo, halakorik ezean, balio zenbatetsia 1.000.000 eurotik gorakoa bada.

2.– Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzaren mende daude zuzendaritza hauek: Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritza, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritza eta Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia Zuzendaritza.

10. artikulua.– Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritza.

1.– Saileko zuzendaritzen egiteko orokorrez gain, honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzari:

a) Sailaren aurrekontuei buruzko aurreproiektua koordinatu eta lantzea, eta haren jarraipena egitea; organismo autonomoen, zuzenbide pribatuko ente publikoen eta sailari atxikitako sektore publikoko gainerako entitateen aurrekontu-proiektuak koordinatu eta sailarenarekin bateratzea; aurrekontuan egin beharreko aldaketak izapidetzea, eta saileko gastu-programak ebaluatzea.

b) Sailaren kudeaketa ekonomikoa egitea, dagozkion informazio-sistemak, ebaluazio jarraitukoak eta jarraipen-sistemak ezarriz eta mantenduz.

c) Goi-mailakoak ez diren irakaskuntzetako, lanbide-heziketako eta MECES 1 mailako unibertsitateaz kanpoko goi-mailako beste titulazio batzuetako ikastetxeen eta hezkuntza-sistemako gainerako unitateen kostuen azterketa egitea, sistemaren finantzaketa-ereduak eta Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren doakotasunaren bermeak ezartzeko.

d) Saileko organo guztiei aholkularitza ematea, aurrekontuen kudeaketari eta finantzaketari dagozkien gaietan.

e) Goi-mailakoak ez diren irakaskuntzetako, lanbide-heziketako eta MECES 1 mailako unibertsitateaz kanpoko goi-mailako beste titulazio batzuetako ikastetxe pribatuak ituntzeko eta finantzatzeko era guztietako espedienteak aztertu, proposatu eta kudeatzea, betiere sistemaren planifikaziora egokitzea eragotzi gabe.

f) Aurreko e) letran aipatzen diren arloei eta finantzaketa-akordioei dagozkien laguntzak aztertu, proposatu eta kudeatzea.

g) Goi-mailakoak ez diren irakaskuntzetako, lanbide-heziketako eta MECES 1 mailako unibertsitateaz kanpoko goi-mailako beste titulazio batzuetako itunpeko ikastetxeetako irakasleei egin beharreko ordainketa eskuordetua kudeatzea.

h) Goi-mailakoak ez diren irakaskuntzetako, lanbide-heziketako eta MECES 1 mailako unibertsitateaz kanpoko goi-mailako beste titulazio batzuetako ikastetxeen kudeaketa ekonomiko-administratiboaren eredua ezarri, ikuskatu eta eguneratzeko txostenak eta proposamenak egitea, ikastetxe horien kudeaketa-autonomiaren printzipioa betetzeko xedez.

i) Zuzendariari dagozkio honako hauek: 1.000.000 euroko edo hortik beherako espedienteetan sailaren gastua baimentzea, eta Gobernu Kontseiluaren eta eskuordeko batzordeen baimena behar duten gastu-espedienteak eta izaera ekonomikoa duen beste edozein prestatzea.

j) Herri Kontuen Euskal Epaitegiarekiko harremanak koordinatzea.

k) Goi-mailakoak ez diren irakaskuntzetako ikastetxe publikoetan, garraioaren eta jantokien proposamena eta kudeaketa aztertu, diseinatu eta ezartzea, Familiekin eta Hezkuntza Komunitatearekin Koordinatzeko Zuzendaritzarekin elkarlanean.

2.– Halaber, kontratazioaren arloan honako hauek dagozkio:

a) Saileko organo guztiei aholkularitza ematea honako arlo hauetan: sektore publikoaren kontratuei buruzko legeria; kontratuak gauzatzean eta legeria horretan araututako prozeduretan hura egoki aplikatzea, hargatik eragotzi gabe beste organo batzuei esleitutako eskumenak.

b) Sektore publikoaren kontratuei buruzko legeriari lotutako prozedurak izapidetzea, hargatik eragotzi gabe Kontratazio Batzorde Nagusiaren eskumenak eta beste organo batzuei arauz esleitutako eskumenak.

c) Kudeaketa Ekonomikoaren zuzendaria sailaren kontratazio-organoa izango da 1.000.000 euroko edo hortik beherako lizitazioaren oinarrizko aurrekontua duten kontratuetan, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren kontratazioaren araubidea erregulatzen duen araudian aurreikusitako baldintzetan, gastuaren onarpena barnean dela; kanpoan geratzen dira dekretu honetan beste organo batzuei esleitutako kontratu txikiak.

3.– Aurreko apartatuetan adierazitako gaietan, Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzak Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzaren mende egongo dira funtzionalki.

11. artikulua.– Langileak Kudeatzeko Zuzendaritza.

1.– Saileko zuzendaritzen egiteko orokorrez gain, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak artikulu honen 2. apartatuan zerrendatzen diren egitekoak eta jardun-arloak ditu esleituta. Honako hauei buruzkoak dira, berariaz besterik esaten ez bada: goi-mailakoak ez diren irakaskuntzetako, lanbide-heziketako eta MECES 1 mailako unibertsitateaz kanpoko goi-mailako beste titulazio batzuetako ikastetxeei, ikerkuntza eta irakaskuntza laguntzeko zerbitzuei, hezkuntza-ikuskaritzari eta Hezkuntza Sailaren lurralde-ordezkaritzei atxikitako langileak:

a) Irakasleak.

b) Hezitzaileak:

c) Saileko lan-kontratuko beste langile batzuk, sailaren hitzarmen kolektiboari lotuak direnak.

d) Administrazio Orokorreko langileak, ikastetxeei atxikiak direnak.

e) Espezialistak.

2.– Aipatutako langile horiei dagokienez, zuzendaritzari honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio:

a) Aurreko apartatuko a), b), c) eta e) letretan aipatutako langileei dagokienez, lan-kontratudun langile finko edo karrerako funtzionario izaera lortzeko hautaketa-proben oinarriak, programak eta edukiak prestatzea, betiere bat etorriz Hezkuntza Politiketako Sailburuordetzak eta Lanbide Heziketako Sailburuordetzak, bakoitzak bere eskumeneko arloan, zehaztutakoarekin; eta, halaber, proba horietarako epaimahai kalifikatzaileak izendatzea, eta hautaketa-prozesua antolatu eta kudeatzea.

b) Karrerako irakasle funtzionarioen lekualdatze-lehiaketetako oinarriak prestatzea, baremazio-batzordeak izendatzea eta lehiaketen garapena kudeatzea. Halaber, Hezkuntza Saileko irakasleen eta lan-kontratudun langileen lekualdatze-lehiaketetako oinarriak prestatzea, eta lehiaketen garapena kudeatzea.

c) Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzarekin, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzarekin eta Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzarekin bat etorrita, Ikerketako eta Irakaskuntzari Laguntzeko Zerbitzuetako plazak betetzeko merezimendu-lehiaketen oinarriak prestatzea, eta lehiaketak kudeatzea.

d) Aurreko puntuko a), b), c) eta e) letretan zehaztutako langileen nominak kudeatu eta kontrolatzea, hargatik eragotzi gabe beste organo batzuen eskudantziak.

e) 1. paragrafoko a), b), c) eta e) apartatuetan zehaztutako langileen gastuak aurreikustea, eta gastu horien jarraipena egitea.

f) Aurreko apartatuko a), b), c) eta e) letretan zehaztutako langileei dagokienez, sindikatuekiko harremanak eta negoziazio kolektibo propioa zuzentzea.

g) Lan-absentismoa kontrolatzea eta hari buruzko azterlanak prestatzea.

h) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarentzat lanean diharduten langileen erregistroko irakasleen, hezkuntza-langileen eta lan-kontratudunen atala kudeatzea eta mantentzea (atal hori dekretu honen 7. artikuluan aurreikusita dago: 4/2023 Legegintzako Dekretua, irailaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako irakasleen kidegoei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena).

i) Irakasle, hezkuntza-langile eta lan-kontratudun funtzionarioen administrazio-egoeren deklarazioa egitea, eta haiek jardunera itzultzeko baimena ematea, zeregin hori beste organo bati ez badagokio.

j) Bateragarritasun-espedienteak ebaztea eta nahitaezko eta borondatezko erretiroen eta ezintasun fisikoagatiko erretiroen deklarazioa.

k) Zerbitzu-eginkizunak kudeatzea eta ematea. Kolektiboei dagozkien lizentziak eta baimenak ematea, onartutako akordio arautzaileek eta hitzarmen kolektiboek diotenari jarraituz, betiere.

I) Langileak ahalik eta egokien kudeatzeko irizpide eta jarraibideak ematea.

m) 1. apartatuko c) eta d) letretako kolektiboen lanpostuen zerrenden proposamena egitea.

n) Laneko arriskuen arloan aplikatu beharreko neurriak proposatzea, eta Laneko Arriskuak Prebenitzeko Zerbitzua zuzendu eta kudeatzea.

o) Irakasle, garbitzaile eta sukaldeko langileen gizarte- eta prestakuntza-funtsaren oinarriak prestatzea eta funtsak banatzea.

p) Ikasturte hasieran, irakasleen plazak esleitzeko eta bete beharreko lanpostuak betetzeko prozesua.

q) Hezkuntza Saileko langileak ordezkatzeko izangaien zerbitzuak birbarematzea.

r) Oro har, langileen buru izatea, eta administrazio eta ohiko kudeaketako egintzak burutzea.

3.– Aurreko apartatuan adierazitako gaietan, Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzak Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzaren mende egongo dira funtzionalki.

12.– artikulua. Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia Zuzendaritza.

1.– Saileko zuzendaritzen egiteko orokorrez gain, honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia Zuzendaritzari:

a) Hezkuntza-sistema egoki garatzeko, azpiegituretako zuzkidurak kudeatzea.

b) Goi-mailakoak ez diren irakaskuntzetako, lanbide-heziketako eta MECES 1 mailako unibertsitateaz kanpoko goi-mailako beste titulazio batzuetako ikastetxe publikoetan eta sailaren gainerako bulegoetan higiezinak eraiki, handitu eta hobetzeko prozedurak izapidetzea eta ikuskatzea.

c) Obra-proiektuak ikuskatzeko zerbitzu espezifiko gisa jardunez, obrak ikuskatzea, ikuskapen teknikoa, kalitate-kontrola eta ziurtapenen segimendua; eta, halaber, itundutako prestazioa egoki gauzatzeko beharrezko jarraibideak eman eta erabakiak hartzea; betiere, beste sail edo organo batzuei dagozkien egitekoak eragotzi gabe.

d) Goi-mailakoak ez diren irakaskuntzetako, lanbide-heziketako eta MECES 1 mailako unibertsitateaz kanpoko goi-mailako beste titulazio batzuetako ikastetxe publikoak eta Sailaren gainerako bulegoak hornitzeko zuzkidura orokor eta bereziak kudeatzea, hargatik eragotzi gabe beste organo batzuei dagozkien egitekoak.

e) Sistema eta baliabide informatikoak planifikatu, diseinatu eta ezartzea –sailari dagozkionak–, hezkuntza-sistema informazio-gizartearen premietara behar bezala egokitzeko xedez.

f) Sailaren informatika arloko beharrizanak planifikatzea eta koordinatzea, hala aplikazioei nola euskarriei dagokienez.

g) Goi-mailakoak ez diren irakaskuntzetako, lanbide-heziketako eta MECES 1 mailako unibertsitateaz kanpoko goi-mailako beste titulazio batzuetako irakaskuntza-instalazio eta -eraikinetan obrak egiteko laguntzak aztertu, proposatu eta kudeatzea.

h) Estatistikaren arloan sailari dagozkion egitekoak baliatzea; hartarako, Hezkuntza Sailaren berariazko estatistika-organoa atxikiko zaio.

2.– Aurreko apartatuan adierazitako gaietan, Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzak Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia Zuzendaritzaren mende egongo dira funtzionalki.

13. artikulua.– Hezkuntza Politiketako Sailburuordetza.

1.– Saileko sailburuordetzei dagozkien egiteko orokorrez gainera, Hezkuntza Politiketako Sailburuordetzak honako egiteko eta jardun-arlo hauek ditu esleituak, goi-mailakoak ez diren irakaskuntzei dagokienez:

a) Hezkuntza-sistema antolatu, eraldatu eta eraberritzeko ekintzak planifikatzea; goi-mailakoak ez diren irakaskuntzen arloko hezkuntza-politika eta hark curriculumaren eta arauen garapenean duen eragina definitu eta koordinatzea; irakasleen prestakuntza; hezkuntza-laguntzako premia espezifikoak, eta hezkuntza-berrikuntzako programen garapena.

b) Aurreko puntuan aipatutako irakaskuntzen programazioa bultzatu, koordinatu eta unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan abiaraztea.

c) Ikaskuntza ebaluatzeko jarduerak ikuskatzea, hezkuntza hobetzeko planak ezartzeko behar diren neurriak hartzeko eta kontrolatzeko, hargatik eragotzi gabe Unibertsitateaz kanpoko Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak (ISEI-IVEI) arlo horretan dituen eskumenak.

d) Hezkuntza Politiketako Sailburuordetzaren eskumen-eremuko irakaskuntzak antolatu, eraberritu eta ikertzeko ekintzak koordinatzea.

e) Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzarekin koordinatuta, irakaskuntzako funtzio publikoan eta hezkuntza-ikuskaritzako eta -laguntzako zerbitzuetan sartzeko gaien edukiak nola ezartzen diren ikuskatzea, bai eta sarrera-proben oinarriak, programak eta edukiak prestatzen parte hartzea ere.

f) Hezkuntza-sistemaren plangintza egitea, 18. artikuluaren lehenengo puntuan ezarritakoa eragotzi gabe, Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzarekin koordinatuta; ildo horretatik, ikastetxeen tipologia eta kokapena zehazteko irizpideak finkatuko ditu, eta honako hauek aztertuko: langile-premiei erantzuteko proposamenak, giza baliabideak hobetzeko eta kualifikatzeko planak eta azpiegitura- eta ekipamendu-baliabideen zuzkidura berriei buruzko proposamenak.

g) Hizkuntza-arloko helburuak hobetzeko proposamenen plangintza eta jarraipena egitea, hezkuntza-sistemaren barruan. Ildo horretan, helburu horiek erdiesteko proposamen pedagogiko berritzaileak diseinatu eta abiaraziko ditu.

h) Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1998 Oinarrizko Legea garatzeko jarduerak zehaztu eta koordinatzea, Lanbide Heziketako Sailburuordetzarekin koordinatuta, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzaren abenduaren 21eko 17/2023 Legearen IV. tituluaren esparruan.

i) Goi-mailakoak ez diren irakaskuntzetako ikastetxeetan, euskara ardatz duen hizkuntza eta kultura anitzeko hezkuntza-eredua diseinatzea, planifikatzea, koordinatzea eta ebaluatzea, Lanbide Heziketako Sailburuordetzarekin koordinatuta.

j) Digitalizazioa eta kultura digitala sustatzea, egungo hezkuntza-sistema eraldatzeko eragile gisa, dagozkion hezkuntza-etapa guztietan.

k) Ikerketa-lana egitea hezkuntzaren eta hezkuntza-berrikuntzaren esparruan, betiere goi-mailakoak ez diren irakaskuntza-mailetan.

l) Goi-mailakoak ez diren irakaskuntza-mailetako irakasleei prestakuntza eta aholkuak ematea, hezkuntza-ikerketaren eta -berrikuntzaren ondorioz sortzen diren metodologia eta teknologiei buruz.

m) Ikaskuntza-prozesuak hobetuko dituzten ingurune digital eta presentzial berrietan aurrera egitea, irakasleen eta ikasle guztien prestakuntzan etengabeko hobekuntza garatuz.

n) Goi-mailakoak ez diren irakaskuntzetako ikastetxeen autonomia areagotzea eta haien lidergo pedagogikoa bultzatzea, bai eta zuzendarien jarduna koordinatzea ere, baliabideak, pertsonak, antolamendua eta autonomia pedagogikoa hobetzeko.

o) Lanbide Heziketako Sailburuordetzarekin eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailarekin koordinatzea Euskadiko Steam Estrategiaren garapena eta ezarpena.

p) Aniztasunaren tratamendua bultzatzea esparru inklusibo baten barruan, bere eskumen-eremuko hezkuntza-etapetan.

q) Hezkuntza Politiketako Sailburuordetzaren eskumen-eremuan, ikastetxe eta unitate publikoak sortu, eraldatu eta kentzeko proposamenak egitea, bai eta goi-mailakoak ez diren irakaskuntzetako ikastetxe eta unitate publikoei baimenak eman, aldatu eta azkentzeko proposamenak ere.

r) Haurreskolak Partzuergoarekiko eta Bizkaiko Osabidezko Hezkuntza Partzuergoarekiko harremanak bultzatu eta koordinatzea.

s) Goi-mailakoak ez diren irakaskuntzetako ikastetxe publikoetan jantoki- eta garraio-politika sustatu eta bultzatzea.

t) Beka eta laguntzen politika sustatu eta bultzatzea, honako eremu hauetan: Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza-mailetarako bekak, izaera orokorrekoak.

u) Unibertsitateen eta unibertsitateaz kanpoko hezkuntzaren arteko lankidetza sustatu, bultzatu eta ezartzea prestakuntzaren eta ikerketa eta berrikuntza aplikatuen esparruan, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailarekin lankidetzan eta hargatik eragotzi gabe hari esleitutako eskumenak.

2.– Berritzegune Nagusia Hezkuntza Politiketako Sailburuordetzaren mende egongo da organikoki eta funtzionalki, hargatik eragotzi gabe Hezkuntzako Ikuskaritzari dagozkion gainbegiratze-egitekoak.

3.– Hezkuntza Politiketako Sailburuordetzaren mende daude honako zuzendaritza hauek: Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritza, Aniztasunerako eta Inklusiorako Zuzendaritza, Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritza eta Familiekin eta Hezkuntza Komunitatearekin Koordinatzeko Zuzendaritza.

14. artikulua.– Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritza.

1.– Saileko Zuzendaritzen egiteko orokorrez gain, honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritzari:

a) Hezkuntza Politiketako Sailburuordetzaren eskumen-eremuan, irakaskuntza-ikaskuntza prozesua planifikatu, bultzatu eta garatzea, bai eta hezkuntza berriztatu eta eraldatzeko programen jarraipena egitea ere.

b) Goi-mailakoak ez diren irakaskuntzen curriculuma garatzeko material didaktikoen prestaketa bultzatzea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoan goi-mailakoak ez diren irakaskuntza-mailetan, hezkuntza-curriculuma egoki garatzera bideratutako arauak aplikatzeko proposamenak, ebaluazio-lanak eta azterlanak egitea. Esparru orokor horren barruan, arreta berezia eskainiko zaio euskal curriculuma hezkuntza-sistemaren eremu guztietan definitu, garatu eta ezartzeari.

d) Irakasleen eta ikasleen gaitasun digitalak sustatzeko jarduketa- eta estrategia-planak bultzatzea, bikaintasunerako bidean didaktika eta irakasteko eta ikasteko prozesua hobetzen lagun dezaketen metodologia aktiboei eta tresna tekno-pedagogikoei buruzko prestakuntzaren bidez.

e) Irakaskuntzaren ebaluazioa arautzeko proposamena egitea, ISEIrekin koordinatuta.

f) Ebaluazioaren kultura sustatzea, eta irakasleen jarduna eta Zuzendaritza-lana ebaluatzeko prozesuak aplikatzea, Hezkuntza Ikuskaritzarekin koordinatuta.

g) Ikastetxeetan, hezkuntza-sistemaren berrikuntzak identifikatzea esparru desberdinetan, bai curriculumean, bai metodologian, bai didaktikan eta bai antolamenduan, eta berrikuntza horiek emaitza akademikoetan duten eragina neurtzea.

h) Hezkuntza Politiketako Sailburuordetzaren eskumen-eremuan, irakaskuntzaren arloko Europako programetan eta Europar Batasuneko ekintzetan parte hartzeko beharrezkoak diren ekintzak sustatu eta bultzatzea.

i) Irakasleen eta Zuzendaritza-taldeen etengabeko prestakuntza-plana diseinatu, aplikatu eta ebaluatzea, Hezkuntza Sailak ikastetxeen beharrak aintzat hartuta zehaztutako ildo estrategikoen arabera.

j) Estrategiak diseinatzea irakasleei eta ikastetxeei laguntzeko irakasleen garapen profesionala eta haien arteko sare-lana bultzatzen, ikaskuntza arrakastatsua ahalbidetuko duten inguruneetan.

k) STEAM kultura sustatzea, genero-ikuspegitik, irakaskuntza-etapa guztietan, ikasleen aukerak eta itxaropenak bateratzeko.

l) Ikastetxeei laguntzeko programak garatzeko beharrezkoak diren ekintzak eta hitzarmenak kudeatzea.

m) Unibertsitateekin koordinatzea Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen praktiken tutoretza.

n) Euskal Autonomia Erkidegoan goi-mailakoak ez diren irakaskuntza-mailetan, lanbide-heziketako irakaskuntza-mailetan eta MECES 1 mailako unibertsitateaz kanpoko goi-mailako beste titulazio batzuetan titulu akademikoak eta profesionalak ematea, atzerriko ikasketak homologatzea, agiri akademikoen sinadurak egiaztatzea ondoren legeztatzeko, eta EAEko tituluen eta homologazio-kredentzialen erregistroa egitea.

2.– Aurreko apartatuan adierazitako gaietan, Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzak Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritzaren mende egongo dira funtzionalki.

15. artikulua.– Aniztasunerako eta Inklusiorako Zuzendaritza.

1.– Saileko Zuzendaritzen egiteko orokorrez gain, honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Aniztasunerako eta Inklusiorako Zuzendaritzari, Hezkuntza Sailburuordetzaren eskumen-eremuaren barruan:

a) Bizikidetza positiboa bultzatzea askotariko eskola baten ardatz gisa, gizarte kohesionatua lortzeko.

b) Ikasle guztien ongizate emozionala lortzen laguntzea, curriculum sozioemozional propioa garatuz.

c) Hezkidetza-eskolaren garapenean sakontzea, zeinak barnean hartuko baititu genero-ikuspegia eta aniztasun afektibo-sexualarenganako errespetua, indarkeria matxistaren prebentzioan lagunduko duen planteamendu integral batetik.

d) Ikasle guztien sarbidea, iraunkortasuna, aurrerapena eta akreditazioa sustatzea, hezkuntza-sisteman berriki sartu direnena barnean dela.

e) Ikasle guztien ikaskuntza eta partaidetza sustatzea, ahalik eta garapen pertsonal, akademiko eta sozialik handiena eta orekatuena izan dezaten, testuinguru inklusibo batean.

f) Ikastetxeetan, inklusioan laguntzeko zerbitzuen eta irakasleen prestakuntza sustatzea, hain zuzen ere ikasle guztien gaitasunak garatzen lagunduko duten praktika inklusibo eraginkorrak garatzen laguntzeko, Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzarekin batera.

g) Ikasleen aniztasunari erantzun inklusiboa emango dioten programa espezifikoen garapena sustatu eta koordinatzea.

h) Aniztasunari erantzuten espezializatutako profesionalak eta aholkularitza- eta laguntza-egiturak antolatu eta koordinatzea.

i) Sistema sanitario eta sozialarekiko elkarreragina sustatzea, ikasle guztien ongizate psikosoziala lortzeko.

j) Igarobide pertsonalizatuko prozesuak bultzatzea, bai eta ikasle guztien absentismoa eta eskola-uztea prebenitzea ere.

k) Hezkuntza-laguntzako premia espezifikoak detektatzea, ebaluatzea eta horiei erantzun azkarra ematea sustatzea, gaitasun handiko ikasleenak barnean direla.

l) Hezkuntza-laguntzako premia espezifikoak dituzten ikasleentzako neurriak eta laguntza proposatu eta ebaluatzea, baliabideen aprobetxamendu integrala eta efizientea sustatzeko.

m) Hezkuntza-premia bereziak dituzten eta zerbitzu osagarriei dagokienez arreta bereizia behar duten ikasleentzako laguntzak planifikatzeko eta emateko irizpideak definitzea eta ezartzea.

n) Desparekotasunak konpentsatzeko ekintzak garatzea osabidezko hezkuntza-planen bitartez, gizarteratzea eta laneratzea errazteko.

2.– Aurreko puntuan adierazitako gaietan, Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzak Aniztasunerako eta Inklusiorako Zuzendaritzaren mende egongo dira funtzionalki.

16. artikulua.– Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritza.

1.– Saileko zuzendaritzen egiteko orokorrez gain, honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzari, betiere Hezkuntza Politiketako Sailburuordetzari dagozkion eskumenen eremuan:

a) Ikastetxe publikoen sarea antolatzea eta planifikatzea, eta ikasleen prestakuntza-ibilbideak diseinatzea, irakaskuntza-maila eta -etapa guztietako ikastetxeen arteko atxikipenen bidez.

b) Ikasturte bakoitzean, ikastetxe publikoen eta itunpeko ikastetxe pribatuen hezkuntza-eskaintza planifikatzea, eta hezkuntza-etapa edo -maila bakoitzeko maila eta modalitate bakoitzean ikastetxe bakoitzak gehienez zenbat ikasle eta talde onar dezakeen zehaztea.

c) Goi-mailakoak ez diren irakaskuntzetako unitate eta ikastetxe pribatuak baimentzeko eta baimen horiek aldatu eta azkentzeko prozedurak hasi eta izapidetzea, bai eta emandako baimenen betekizunei eusten zaiela gainbegiratzea ere.

d) Goi-mailakoak ez diren irakaskuntzetako ikastetxe eta unitate publikoak sortu, eraldatu eta kentzeko prozedurak hasi eta izapidetzea.

e) Ikastetxeetako oinarrizko ekipamendu-moduluak eta baliabide materialak diseinatzea, Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia Zuzendaritzarekin batera.

f) Ikastetxeek egoki funtziona dezaten behar diren administrazio-neurriak hartzea.

g) Ikastetxeen gobernu-araubidea kontrolatzea.

h) Ikastetxeak hezkuntza-itunen deialdirako planifikatzeari buruzko informazioa ematea Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzari.

i) Ikasturte bakoitzean, ikastetxe publiko bakoitzaren irakasle-premiak definitzea, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzarekin eta Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzarekin koordinatuta, eta, horren ondorioz, etapa, maila, ikastetxe eta zerbitzu bakoitzeko irakasle-lanpostuen zerrenda egitea, sailaren premien eta lehentasunen arabera, eta aurrekontuan aurreikusitako zuzkidurak kontuan hartuta.

j) Artikulu honetan esleitutako egitekoek ez dituzte eragotziko 19. artikuluan Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzarentzat ezarritakoak.

k) Araubide bereziko irakaskuntzen (hizkuntza- eta arte-irakaskuntzen) ezarpena eta garapena programatzea eta diseinatzea, hargatik eragotzi gabe bigarren xedapen iragankorrean xedatutakoa.

2.– Aurreko apartatuan adierazitako gaietan, Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzak Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzaren mende egongo dira funtzionalki.

17. artikulua.– Familiekin eta Hezkuntza Komunitatearekin Koordinatzeko Zuzendaritza.

1.– Saileko Zuzendaritzen egiteko orokorrez gain, honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Familiekin eta Hezkuntza Komunitatearekin Koordinatzeko Zuzendaritzari:

a) Hezkuntza-eragileen sarea egitea, haiekin koordinazio- eta komunikazio-estrategia eraginkorra garatzeko.

b) Eskola-komunitatearekiko eta hezkuntza-komunitatearekiko komunikazioa bultzatzea eta koordinatzea, eta familien eta eskola-komunitatearen elkarrizketa eta ohiko arreta zuzentzea.

c) Familiei laguntzea eta koordinazioa eta orientazioa eskaintzea hezkuntza-lanean, eta familien parte-hartzea bultzatzea euren seme-alaben hezkuntza-prozesuan.

d) Eskolako bizikidetza hobetuko duten programak eta estrategiak zabaltzea familiei.

e) Sailen arteko harremanak bultzatzea, ikasleei arreta emateko jarduera koordinatua errazteko.

f) Hezkuntza-sektoreek ikastetxeetako bizitzan parte har dezaten sustatzea.

g) Hezkuntza-arloan, toki-enteekiko lankidetza eta koordinazioa sustatzea.

h) Inguruneko hezkuntza-planak eta beste gizarte- eta hezkuntza-programa batzuk bultzatzea eta monitorizatzea toki-enteekin eta gainerako hezkuntza-komunitatearekin, gizarte-kohesioa eta eskola-bizikidetza sustatzeko eta ikasleen hezkuntza-prozesuari laguntzeko.

i) Familien partaidetzarako organoak (eskola-kontseiluak) arautuko dituzten arau-proposamenak egitea.

j) Toki-administrazioekiko kogobernantza-esparrua garatzea.

k) Hezkuntza-komunitateko kideek eskubideak eta aukerak baliatzeari dagokionez, generoagatiko, sexu-aukeragatiko edo beste edozein motatako desparekotasunik egon daitekeen identifikatzea, eta horiek ezabatzeko behar diren neurriak proposatzea.

l) Ikasleei eta familiei zuzendutako laguntzen eta beken politika diseinatzea, aztertzea, proposatzea eta kudeatzea, Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzarekin elkarlanean.

2.– Aurreko apartatuan adierazitako gaietan, Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzak Familiekin eta Hezkuntza Komunitatearekin Koordinatzeko Zuzendaritzaren mende egongo dira funtzionalki.

18. artikulua.– Lanbide Heziketako Sailburuordetza.

1.– Saileko sailburuordetzen egiteko orokorrez gain, honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Lanbide Heziketako Sailburuordetzari:

a) Lanbide-heziketaren eta MECES 1 mailako unibertsitateaz kanpoko goi-mailako beste titulazio batzuen eremuko zuzendaritza-, antolamendu- eta plangintza-egitekoak betetzea, bizialdi osoan lanbide-kualifikazioak eskuratzea edo areagotzea dakarrenean, enpleguaren arloan eskumena duten sail eta organismoekin eta nekazaritza-, nautika- eta arrantza-arloan eskumena duten sail eta organismoekin lankidetzan.

b) Lanbide Heziketako Euskal Plana garatu, aplikatu eta eguneratzea, horretarako beharrezkoak diren neurriak hartuta.

c) Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketa programatu eta ezartzea, hura irakasten duten ikastetxeetan.

d) Lanbide-heziketa antolatu, eguneratu, ikertu eta eraberritzeko jarduerak planifikatzea hezkuntza-sisteman.

e) Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketan, langileen arloan eta baliabide materialetan dauden beharrizanak aztertu, planifikatu eta definitzea, eta, orobat, irakasleentzako kualifikazio- eta -hobekuntza-planak ezartzea.

f) Hezkuntza-sisteman lanbide-heziketa emateko beharrezkoak diren espazioak, instalazioak eta ekipamenduak hornitzeko baliabideak planifikatzea.

g) Lanbide-heziketa ebaluatzea, haren kalitatea kontrolatzeko eta kalitate hori ziurtatzeko neurriak hartzeko.

h) Lanbide-heziketari dagokionez, unitate eta ikastetxe pribatuak baimentzeko eta baimen horiek aldatu eta azkentzeko proposamenak egitea, bai eta unitate eta ikastetxe publikoak sortu, eraldatu eta kentzeko proposamenak egitea ere.

i) Eremu ez-formaletan, bizialdi osoko ikaskuntzarako ekintzak diseinatu, definitu eta aplikatzea, jakintzaren gizartean konpetentzia berriak eskuratzeko beharrezkoak direnak.

j) Herritarrei informazio orokorra emateko egitekoak koordinatzea, eta herritarrei informazioa eta arreta eskaintzeko zerbitzuek (Sailekoek) Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Saileko honako organo honekin interlokuzioa izateaz arduratzea: kanal anitzekoa eta zentralizatzailea izanik, herritarrei informazio eta arreta orokorra emateko zerbitzuen ardura duena.

k) Eraldaketa digitalaren estrategia ezartzea lanbide-heziketako sistema osoan.

2.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren mende daude Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritza, Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritza eta Ikaskuntza Berezien Zuzendaritza.

Lanbide Heziketako Koordinazio Organo Gorena Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren mende egongo da funtzionalki.

Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren mende egongo dira, organikoki eta funtzionalki, Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroa (TKNIKA), Lanbide Heziketako Talentuaren Euskal Institutua (iTlent) eta Lanbide Heziketako Etorkizuneko Ikaskuntzen Euskal Institutua (EIEI).

19. artikulua.– Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritza.

1.– Saileko Zuzendaritzen egiteko orokorrez gain, honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzari:

a) Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketako graduak garatu eta ezartzeko behar diren ekintzak planifikatu eta ezartzea, oinarrizko graduko hasierako lanbide-heziketa izan ezik.

b) Titulazio bikoitzak eta ibilbide integratuak garatu eta ezartzeko behar diren ekintzak planifikatu eta ezartzea.

c) Neurrira egindako espezializazio-programak garatzea, Lanbide Heziketako Etorkizuneko Ikaskuntzen Euskal Institutuaren (EIEI) laguntza eta lankidetzarekin.

d) Lanbide-heziketaren arlo osoa antolatu eta erregulatzen duten araudiei buruzko proposamenak egitea, gure eskumenen esparruan.

e) Lanbide-heziketaren sistemako graduak osatzen dituzten curriculum-diseinuak garatzeko araudi-proposamenak egitea.

f) Lanbide-heziketako ikastetxe eta unitate publiko eta pribatuak sortu, eraldatu eta kentzeko prozedurak hasi eta izapidetzea.

g) Hezkuntza- eta ekoizpen-sektoreek lanbide-heziketako ikastetxeetako bizitzan parte har dezaten bultzatzea.

h) Lanbide-heziketako master, titulu, ziurtagiri eta akreditazio bakoitzari lotutako lanbide-heziketarako beharrezkoak diren espazio, instalazio eta ekipamenduen oinarrizko moduluak definitzea.

i) Produkzio- eta gizarte-inguruneak eskatzen dituen kualifikazioak aldatzen diren neurrian, prestakuntza-eskaintza aldaketa horietara etengabe egokitzeko tresnak ezartzea.

j) Gizarte-eragileen erantzunkidetasuna sustatzea, araubide orokorreko eta araubide intentsiboko prestakuntza-eskaintza duala ezartzen lagun dezaten beren enpresa edo organismo parekatuetan, bai eta konpetentzia profesionalen akreditazioa bultzatzen eta garatzen ere. Horrela, lanbide-heziketako sistema osoa eta produkzio-sistema lotuko dituen baterako parte-hartzearen kultura sortuko da lanbide-heziketan.

k) Araubide orokorreko eta araubide intentsiboko lanbide-heziketa dualaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko sistema bat artikulatzea, enpresetan edo organismo parekatuetan garatu beharrekoa.

l) Lanbide-heziketako ikastetxe publikoen antolamendu-egitura bat ziurtatzea, emandako egiteko eta zeregin guztiak betetzeko gai izango dena.

m) Txostena egitea lanbide-heziketako ikastetxe pribatuak hezkuntza-itunen deialdirako planifikatzeko proposamenari buruz.

n) Lanbide-heziketako irakasle-lanpostuen zerrenda egitea, Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren beharrizan eta lehentasunen arabera, eta aurrekontuan ezarritako zuzkidurak kontuan izanda.

o) Lan-esperientziaren bidez eskuratutako konpetentzia profesionalak aitortzeko ekintzak planifikatzea, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailarekin koordinatuta.

2.– Aurreko apartatuan adierazitako gaietan, Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzak Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzaren mende egongo dira funtzionalki.

20. artikulua.– Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritza.

1.– Saileko zuzendaritzen egiteko orokorrez gain, honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari:

a) Lanbide-heziketan eta dagozkion prozesuetan digitalizazioaren aurrerapena eta garapena bultzatu eta zuzentzea, Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren jarraibideak betez.

b) Lanbide-heziketan aplikatutako adimen artifizialaren garapena eta ezarpena bultzatzea, baita irakaskuntza-lanean eta irakasleei laguntzean ere.

c) Lanbide-heziketan konputazio kuantikoaren garapena eta ezarpena bultzatzea, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailarekin lankidetzan.

d) Ikasketa-metodologia aktiboen ezarpen orokorra sustatzea, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketan berrikuntza metodologikoa indartzeko xedez.

e) Lanbide-heziketako irakasle eta ikasleen artean, sormen-gaitasuna, berrikuntzarako gaitasuna eta pentsamendu konstruktiborako gaitasuna sustatzen duten ekintzak bultzatzea.

f) Hezkuntza Politiketako Sailburuordetzarekin eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailarekin koordinatuta, STEAM kultura sustatzea lanbide-heziketako ikaskuntza-maila guztietan.

g) Lanbide-heziketako ikastetxeetan ikerketa aplikatuko proiektuak sustatzea, enpresekin lankidetzan egin ahal izango direnak, bereziki Lanbide Heziketako Sailburuordetzatik ezarritako estrategiekin bat datozen ETEekin.

h) Sektore emergenteetan ingurune estrategiko espezializatuak eta espezializazio-arloak sor daitezen sustatzea, zenbait sektore produktibotan lanbide-heziketako zentroen eta enpresen artean elkartze eta lankidetza eraginkorra bultzatzeko, batez ere ETEen, mikroETEen eta autonomoen artean, betiere enpleguaren eta lehiakortasunaren erronka berriei erantzuteko.

i) Lanbide-heziketako ikastetxeetan, egungo eta etorkizuneko teknologia aurreratuak aztertzea, sustatzea eta ezartzea, ingurune konplexuetan irakasleen eta ikasleen konpetentziak hobetzeko xedez.

j) Lanbide-heziketako irakasleentzako etengabeko prestakuntza-planak diseinatu, aplikatu eta gauzatzea, barnean hartuta eguneratzea eta espezializatzea.

k) Irakasleen konpetentziak hobetzeko prestakuntza-ekintzak diseinatzea, ikasgelan zenbait ikasketa-metodologia garatzeko.

l) Irakasleen prestakuntzara zuzendutako ekintzak diseinatu eta gauzatzea, ingurune teknologikoki oso aurreratuetan behar bezala erantzuteko gai izan daitezen.

m) Lanbide-heziketako ikasleen artean espiritu ekintzailea eta enpresa-kultura sustatzeko beharrezkoak diren ekintzak ezartzea, ekintzailetza pertsonala sustatuz eta ikasleei enpresa-proiektu berriak hasteko gaitasuna emanez.

n) Lanbide-heziketako zentroei laguntzea enpresa-proiektuak garatzen eta enpresak sortzen, barnean hartuko dituztenak digitalizazioa, jasangarritasuna, berrikuntza, konpromiso soziala eta pertsonetan oinarritutako antolaketa-egiturak, euskal produkzio-sarea berroneratzen, modernizatzen eta zabaltzen joateko.

o) Lanbide-heziketako ikastetxeetan kudeaketa- eta antolaketa-eredu berritzaileak garatzeko jarduerak planifikatu eta zuzentzea, ikastetxe horietan konplexutasunaren kudeaketa eta ikerketa eta berrikuntza aplikatuak lantzeko.

p) Lanbide-heziketako sistema osoaren nazioartekotzea bultzatzea.

q) Lanbide-heziketarekin lotutako Europako eta nazioarteko programetan parte hartzeko beharrezko diren ekintzak sustatzea.

r) Unibertsitateen eta lanbide-heziketaren arteko lankidetza sustatu, bultzatu eta ezartzea prestakuntzaren eta ikerketa eta berrikuntza aplikatuen esparruan, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailarekin lankidetzan eta hargatik eragotzi gabe hari esleitutako eskumenak.

2.– Aurreko paragrafoan adierazitako gaietan, Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzak Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzaren mende egongo dira funtzionalki.

21. artikulua.– Ikaskuntza Berezien Zuzendaritza.

1.– Saileko Zuzendaritzen egiteko orokorrez gain, honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Ikaskuntza Berezien Zuzendaritzari:

a) Oinarrizko graduko hasierako lanbide-heziketa garatu eta ezartzeko behar diren ekintzak planifikatu eta ezartzea.

b) Oinarrizko graduko hasierako lanbide-heziketa emateko eskumena udalei eskuordetzea kudeatu, garatu eta izapidetzea.

c) Araubide bereziko kirol-irakaskuntzak garatu eta ezartzeko behar diren ekintzak planifikatu eta ezartzea.

d) Helduen hezkuntzako (HHE) programak garatzeko eta ezartzeko beharrezkoak diren ekintzak planifikatzea eta ezartzea.

e) Helduen hezkuntzako zentroetako langileen eta baliabide materialen beharrizanak planifikatzea.

f) Helduen hezkuntzarako unitateak eta ikastetxeak sortu, eraldatu eta kentzea, bai eta irakasle-premiak definitzea ere, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzarekin eta Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzarekin koordinatuta.

g) Esparru ez-formalean, bizialdi osoan ikasketa-jarduerak garatzeko beharrezkoak diren ekintzak planifikatu eta ezartzea, betiere unean uneko premiak kontuan hartuta.

h) Espetxeetan helduen hezkuntza eta lanbide-heziketa garatzeko eta ezartzeko beharrezkoak diren ekintzak planifikatu eta ezartzea, Justizia eta Giza Eskubideen Sailarekin lankidetzan.

i) Bizialdi osoko ikaskuntzarekin lotutako bitartekaritza-zerbitzuak planifikatzea.

j) Euskal Hezkuntza Sistemaren Orientazio estrategiaren garapena bultzatzea, lanbide-heziketari dagokionez, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzarekin eta Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzarekin elkarlanean.

2.– Aurreko apartatuan adierazitako gaietan, Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzak Ikaskuntza Berezien Zuzendaritzaren mende egongo dira funtzionalki.

IV. KAPITULUA
ORGANO PERIFERIKOAK

22. artikulua.– Lurralde-ordezkaritzak.

1.– Hezkuntzako sailburuaren mendetasun organikoaren eta hari atxikitako sailburuorde eta zuzendaritza bakoitzaren mendetasun funtzionalaren mende, Hezkuntzako lurralde-ordezkaritza bat egongo da lurralde historiko bakoitzean, lurralde-ordezkari batek gidatuta; egiteko hauek izango ditu:

a) Sailaren ordezkaria izatea dagokion lurralde historikoaren eremuan.

b) Sailak kasuan kasuko lurralde historikoan dituen administrazio-zerbitzu eta -unitateak zuzentzea.

c) Sailak emandako jarraibideak eta arauak bideratzea, dagokion lurralde-eremuan bete daitezen.

d) Sailaren eskumenen arloan ematen diren xedapenak eta dagokion lurralde historikorako egindako programak eta aurrekontu-aurreikuspenak betetzen direla kontrolatzea.

e) Sailaren organo nagusiek eskatzen dizkioten espedienteei eta gainerako gai guztiei buruzko txostenak, azterlanak eta proposamenak egitea.

f) Goi-mailakoak ez diren irakaskuntzetako, lanbide-heziketako eta MECES 1 mailako unibertsitateaz kanpoko goi-mailako beste titulazio batzuetako bitarteko irakasle funtzionarioak izendatzea eta kargutik kentzea, eta unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioei kargu-hartzeei eta -uzteei buruzko jakinarazpenak egitea.

g) Goi-mailakoak ez diren irakaskuntzetako, lanbide-heziketako eta MECES 1 mailako unibertsitateaz kanpoko goi-mailako beste titulazio batzuetako ikastetxeetan edota sailaren gainerako lokaletan antolatzen diren jardueren jakitun egotea, eta, hala behar denean, horiek baimentzea, norbanakoek edo sailaren mende ez dauden organismoek sustatutakoak direnean.

h) Kontratazio-arloko eskumena, bigarren xedapen gehigarrian jasoa.

i) Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak eskuordetuta, hala ezartzen bada, lizentziak eta baimenak ematea.

j) Indarrean dagoen Euskara Normalizatzeko Planeko helburuak definitzea berari dagokion alorrean, eta horiek lortzeko ekimenak garatu eta ebaluatzea, bere lurralde-ordezkaritzako zerbitzuburuekin batera euskararen kudeaketa integratua eginez; hori guztia, Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritzaren gidaritzapean eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin elkarlanean.

k) Indarreko araudiak ematen dizkion bestelakoak.

2.– Zonako Berritzeguneak, organikoki, Hezkuntza Sailaren dagokion lurralde-ordezkaritzaren mende egongo dira, eta funtzionalki, berriz, Hezkuntza Politiketako Sailburuordetzaren mende, hargatik eragotzi gabe Hezkuntza Ikuskaritzari dagozkion gainbegiratze-egitekoak.

3.– Lurralde-ordezkariek funtzionalki gainetik duten organoak ebatziko ditu Hezkuntzako lurralde-ordezkariek emandako administrazio-egintzen aurkako gora jotzeko errekurtsoak, dekretu honek adierazten duenaren arabera, eta xede duen gaia aintzat hartuta; betiere, araudi sektorialak zeregin hori beste organo bati esleitzen ez badio.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Ordezkapenen araubidea.

Saileko sailburuordeen edo zuzendarien postuak hutsik egonez gero edo absente edo gaixorik badaude, haien eskumenak, egoera hori gertatu baino lehen eskuordetu ez badira, honela beteko dira, egoera horrek dirauen artean:

a) Sailburuordetzei esleitutako eskumenak sailburuordetza horietako zuzendariek beteko dituzte, egiturako hurrenkeraren arabera.

b) Zuzendaritzei esleitutako eskumenak dagokion sailburuordetzako zuzendariek beteko dituzte, egiturako hurrenkeraren arabera; hau da, egituran aurre-aurretik dagoenari egokituko zaio dena delako zuzendaria ordezkatzea, eta lehenengo zuzendaria sailburuordeak ordezkatuko du. Horiek ezin badute, hierarkikoki gain-gainetik dagoen hurrenak ordezkatuko ditu, hurrengo apartatuan xedatzen den kasuan izan ezik.

c) Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzari edo Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritzari esleitutako eskumenak Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak beteko ditu.

d) Aurreko arauak nahikoa ez direnetan, gainetik dagoen hurrengo administrazio-organoak izendatzen duenak beteko ditu administrazio-organoaren eskumenak.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Kontratu txikiak.

Beren eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren kontratuetan, funtzionamendu-gastuei badagozkie, kudeaketa zentralizatukoak ez badira, beste organo batzuen eskumenekoak ez badira, edo eskumena duen fakultatiboak egindako proiektu teknikoa behar duten obrak ez badira, eta indarreko legerian txikitzat tipifikatuta badaude, kontratazio-organotzat hartuko dira, eta haiei lotutako gastua baimentzeko eta onartzeko eskumena izango dute, hurrenez hurren, honako organo, organismo, institutu eta kontseilu hauen ordezkariak diren pertsonek:

– Lurralde-ordezkaritzak.

– Ikastetxeen ekonomia- eta finantza-kudeaketaren araudian aurreikusitakoak.

– Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroa (Tknika).

– Lanbide Heziketako Talentuaren Euskal Institutua (iTlent).

– Lanbide Heziketako Etorkizuneko Ikaskuntzen Euskal Institutua (EIEI).

– Euskadiko Eskola Kontseilua.

– Unibertsitateaz kanpoko Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea (ISEI).

– Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua.

– Hezkuntza-sistemaren laguntza-zerbitzuak eta sailaren mendeko bestelako organismoak, funts aurreratuak kudeatzeko baimena dutenak.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Bitarteko propio pertsonifikatuei egindako enkarguak.

Hezkuntza Saileko kontratazio-organoek eskumena izango dute, halaber, dekretu honen 4. artikuluan, 9.1 artikuluan eta 10.2 artikuluan ezarritako baldintza berberetan, bitarteko propio pertsonifikatuei obrak egikaritzeko eta zerbitzuak emateko egindako enkarguak onartzeko, indarrean dagoen araudian aurreikusitako baldintzetan.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzaren abenduaren 21eko 17/2023 Legearen 90. artikuluaren bidez, Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua sortu da, autonomia funtzionala duen organo gisa, hezkuntzaren arloan eskumena duen sailari atxikita.

2.– Gobernu Kontseiluan erabakitako dekretu baten bidez, hezkuntzaren arloan eskumena duen sailaren titularrak proposamen arrazoitua egin ondoren, Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuaren titularra izendatuko da, zeinaren ardura izango baita Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuaren osaera eta egitekoak zehaztuko dituen dekretua egiteko prozesua izapidetu eta zuzentzea. Dekretu hori Gobernu Kontseiluak onartu beharko du, gehienez ere Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzaren abenduaren 21eko 17/2023 Legeak ezarritako epean.

3.– Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuaren titular izendatua zuzendari-mailako goi-karguduna izango da, zerbitzu berezien egoeran geratuko da aurretik funtzio publiko bat betetzen ari bazen, eta kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen legeriaren mende egongo da.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Izapidetzen ari diren espedienteak.

Dekretu hau indarrean jartzen denean izapidetzen ari diren espedienteak dagokion arloaren arabera eskumena duten organoek izapidetuko eta ebatziko dituzte.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Goi-mailako arte-irakaskuntzak.

Goi-mailako arte-irakaskuntzen ezarpena eta garapena programatzeko eta diseinatzeko egitekoak Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sail berriari eskualdatzeko egin behar diren izapideak eta kudeaketak dekretu hau indarrean jarri eta gehienez ere 18 hilabeteko epean egin beharko dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA.– Egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen dekretua.

Partzialki indargabetuta geratzen da 71/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena, Hezkuntza Sail berriak bere gain hartutako arlo eta eginkizunei dagokien zatiari eragiten dion guztian, bai eta dekretu honetan xedatutakoaren aurkakoak diren bestelako erregelamenduzko xedapenak ere.

Indarrean jarraitzen du 71/2021 Dekretuak, otsailaren 23koak, Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak, desagertutako Unibertsitate Sailburuordetzari eta haren mendeko Zuzendaritzei dagozkien arlo eta egitekoen zatian, betiere Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren egitura eta funtzionamendua arautzen dituen dekretua onartu arte.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko azaroaren 19an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.


Azterketa dokumentala