Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

235. zk., 2024ko abenduaren 3a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5521

389/2024 DEKRETUA, azaroaren 26koa, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua onartu zuen abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.2 artikuluan, gure autonomia-erkidegoaren eskumen esklusiboen artean, badago autogobernatzeko erakundeen antolamenduari, araubideari eta funtzionamenduari dagokiena, betiere Estatutuaren arauen barruan. Ondorioz, Autonomia Estatutuaren 10.2 eta 30. artikuluarekin eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 8.c) artikuluarekin bat, lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena– berrantolatu egin du irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak aurreko legegintzaldirako onartu zuen sailen egitura, hauteskundeen ondorengo errealitate berrira egokitzeko, baita Eusko Legebiltzarrari aurkeztutako gobernu-programaren ildo nagusietara egokitzeko ere, lan politiko-administratiboaren jarraitutasuna bermatzen duen trantsizio ordenatua errazte aldera.

Bestalde, lehendakariaren ekainaren 24ko 20/2024 Dekretuak Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua izendatu du. Dekretu horrek honako ahalmen hauek esleitzen dizkio Jaurlaritzako lehenengo lehendakariordeari: lehendabizi, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legean aurreikusitakoak, baita lehendakariak berariaz eskuordetzen dizkionak ere. Horien artean, honako hauek daude: lege horren 11.2 artikuluan zehaztutakoa, alegia lehendakariaren behin-behineko edo aldi baterako jardun ezintasuna aurreikusten duena, eta lege bereko 14. artikuluan ezarritakoa, lehendakariaren ordezkotza hurrenkera aurreikusten duena.

Bigarrenik, lehendakariaren ekainaren 24ko 20/2024 Dekretuak zehazten du, egitekoak betetzeko, lehenengo lehendakariordeak ez duela berariazko egiturarik izango; aitzitik, dagokion sailaren egituraketari eta egitekoei buruzko dekretuan ezarritako organoek beteko dituztela zeregin horiek.

Hori horrela izanik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzko dekretu honek zehaztu egiten du zeintzuk diren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egiturari dagozkion berezko organoak, eta organo horiei atxikitzen die bai sailari dagozkion eskumenak egikaritzea, indarrean den araudiaren arabera, bai Jaurlaritzako lehenengo lehendakariordeari esleitutako eskudantzietan hari euskarria ematea.

Bestalde, lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak, honako egiteko eta jardun-arlo hauek esleitzen dizkio, 6. artikuluan, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari:

a) Hizkuntza-politika.

b) Euskara sustatzea.

c) Kultura-ondarea.

d) Historia- eta arte-ondarea kudeatu eta zaintzea; museoak, liburutegiak eta agiritegiak.

e) Artearen eta kulturaren arloko jarduerak eta horien sustapena eta zabalkundea.

f) Jarduera fisikoa sustatzea.

g) Kirolak.

h) Gizarte-hedabideak; irratien kontzesioak eta frekuentzien esleipena.

i) Sailari atxikita dauden edo haren mendeko diren sektore publikoko entitateak zuzentzea, legeek eta erregelamenduek ezartzen dutenaren arabera.

j) Legeek eta erregelamenduek ematen dizkioten gainerako ahalmenak.

18/2024 Dekretuaren 6.2 artikuluaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikita daude «Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE)» organismo autonomoa, «Euskal Irrati Telebista (EiTB)» eta «Etxepare Euskal Institutua» zuzenbide pribatuko ente publikoak, «Euskadiko Orkestra SA» sozietate publikoa eta «Basque Team» eta «Euskal Herriko Gazte Orkestra» sektore publikoko fundazioak.

Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoak ezarritakoaren arabera, sailburuek, 2024ko urriaren 31 baino lehen, euren sailei dagozkien erregelamendu organikoen proiektuak aurkeztuko dizkiote lehendakariari, onarpena eman diezaien. Proiektu horiek gobernu-programan sailei izendatutako jardun-arlo bakoitzerako aurreikusitako helburuetara eta printzipio gidarietara egokitu beharko dira, baita antolamendu-irizpide hauetara ere: austeritatea, egiturak lautzea, eduki zabaleko arlo funtzionalak elkartzea, egiturazkoak ez diren staff arlo funtzionalak identifikatzea eta informazioaren teknologiak ahalik eta gehien aprobetxatzea.

Hori dela eta, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren proposamenez, lehendakariak onartuta eta Gobernu Kontseiluak 2024ko azaroaren 26an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
ANTOLAKETA OROKORRA

1. artikulua.– Egitekoak eta jardun-arloak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 6. artikuluan zehaztutako egitekoak eta jardun-arloak dagozkio Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari; eta egiteko eta jardun-arlo horiek sailburuaren zuzendaritzapean gauzatuko dira.

2. artikulua.– Egitura.

Aurreko artikuluan adierazitako egitekoei eta jardun-arloei dagozkien eskumenak baliatzeko, honako organo hauek egituratuko dute Kultura eta Hizkuntza Politika Saila:

1.– Organo zentralak:

a) Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua:

a.1.– Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritza.

a.2.– Zerbitzu Zuzendaritza.

a.3.– Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza.

b) Kultura Sailburuordetza:

b.1.– Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritza.

b.2.– Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritza.

c) Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza:

c.1.– Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritza.

c.2.– Euskara Sustatzeko Zuzendaritza.

c.3.– Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritza.

2.– Sailari atxikitako Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateak:

a) Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE) organismo autonomoa.

b) Euskal Irrati Telebista zuzenbide pribatuko ente publikoa eta haren mendeko EiTB Media SAU. Hauek izango dira Euskal Irrati Telebista zuzenbide pribatuko ente publikoko zuzendaritza postuak:

– EiTBko Zuzendaritza Nagusia.

– EiTBko Zuzendaritza Kudeatzailea.

– EiTBko Estrategia eta Komunikazio Korporatiboko Zuzendaritza.

c) Etxepare Euskal Institutua zuzenbide pribatuko ente publikoa.

d) Euskadiko Orkestra SA sozietate publikoa.

e) Basque Team fundazioa.

f) Euskal Herriko Gazte Orkestra fundazioa.

3.– Kide anitzeko organoak:

a) Kulturaren Euskal Kontseilua.

b) Euskararen Aholku Batzordea.

c) Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Euskal Kontseilua.

d) Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseilua.

e) Euskal Kultura Ondarearen Erakundearteko Organoa.

f) Euskadiko Museoen Aholku Batzordea.

g) Euskadiko Liburutegien Aholku Batzordea.

h) Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentazioaren Balioespenerako, Aukeraketarako eta Dokumentaziora Jotzeko Batzordea.

i) Euskal Autonomia Erkidegoko Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Kontseilua.

j) Euskadiko Antzoki Sarearen Batzar Nagusia, Sarea.

k) Baliokidetzen Jarraipen Batzordea.

l) Kiroleko Dopinaren aurkako Aholku Batzordea.

m) Erabilera Terapeutikoko Baimenen Euskal Batzordea.

3. artikulua.– Zuzendaritza Kontseilua.

1.– Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua buruan dela, Zuzendaritza Kontseiluak, administrazio-organotzat hartzen ez bada ere, sailburuari lagunduko dio sailaren politika gainbegiratzen eta jarraipena egiten, jardueren plangintza orokorra egiten, eta gomendioan uzten zaizkion gai guztietan.

2.– Sailburua zuzendari gorena izanik, hauek osatuko dute Zuzendaritza Kontseilua: saileko sailburuordeek, Zerbitzuen zuzendariak eta Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen zuzendariak.

3.– Horietaz gain, sailburuak izendatutako beste pertsona batzuek ere parte hartu ahal izango dute Zuzendaritza Kontseiluan.

4.– Sailburuak izendatuko du nork beteko dituen Kontseiluaren idazkaritza-egitekoak.

II. KAPITULUA
SAILBURUA ETA SAILEKO GOI-KARGUDUNAK

4. artikulua.– Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua.

1.– Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako moduan, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua izendatzeko ekainaren 24ko 20/2024 Dekretuan aurreikusitako egitekoak beteko ditu. Hain zuzen ere, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legean aurreikusitakoak beteko ditu, bai eta lehendakariak agintzen edo eskuordetzen dizkion gainerakoak ere.

2.– Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu moduan dagokio Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. eta 28. artikuluetan ezarritako eskumenak baliatzea, baita indarrean dagoen legeriak esleitzen dizkionak ere, lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren arabera sail honi dagozkion egiteko eta jardun-arloen esparruan (18/2024 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena).

3.– Saileko organo gorena denez, bera arduratuko da saileko organo guztien eta bertako jarduera guztien zuzendaritzaz, koordinazioaz eta kontrolaz. Zainduko du euskara normaltasunez eta orokortasunez saileko zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza izatea, herritarrek sailarekin dituzten harremanetan bi hizkuntza ofizialen artean aukeratzeko duten eskubidea baliatu ahal izan dezaten.

4.– Langileen alorrean, berriz, sailburuak eskumen hauek izango ditu, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen arabera:

a) Saileko lanpostuen diseinua eta funtzioak eta lanpostu-zerrendak proposatzea, Euskal Enplegu Publikoaren Legearen 19.1 artikuluaren d) letran xedatutakoarekin bat.

b) Falta astun eta oso astunen ondoriozko zehapenak ezartzea, enplegu publikoaren legeriaren arabera, hauek izan ezik: zerbitzutik behin betiko kentzea edo, hala badagokio, kaleratzea.

c) Izendapen askeko lanpostuak betetzea, aurretiaz deialdi publikoa eginda, baita behin-behineko langileak izendatzea ere.

5.– Sailburua kontratazio-organoa izango da sailburuordetza bakoitzaren esparrutik kanpo geratzen diren gaietarako, baldin eta indarreko legeriaren arabera kontratu txikitzat jo ezin badira, bai eta Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzari, Zerbitzu Zuzendaritzari eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzari dagozkien kontratu ez txikietarako ere.

6.– Sailburuari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretako dirulaguntza izendunak ematea sailaren jardun-arloan.

7.– Halaber, Gobernu Kontseiluaren aldez aurretiko baimena behar ez bada, sailburuari dagokio sailaren alorreko hitzarmenetarako eta akordioetarako baimena ematea, eta, hala badagokio, horiek sinatzea.

8.– Sailburuari dagokio ondare-erantzukizunari buruzko espedienteak ebaztea, baldin eta horien ebazpena ez bada Gobernu Kontseiluaren eskumenekoa.

9.– Sailburuari dagokio xedapen eta administrazio-ekintza deusezak ofizioz berrikusteko espedienteak hasi eta ebaztea, berak edo sailaren gainerako organoek emandako ekintzak edo xedapenak badira.

10.– Sailburuari dagokio hasiera eta, hala badagokio, kaltegarritasun-deklarazioa ematea, deusezta daitezkeen egintza eta xedapenei dagokienez, berak edo sailaren gainerako organoek emandako ekintzak edo xedapenak badira.

11.– Sailburuari dagokio sailaren organismo edo agintarien aurka jarritako errekurtsoak ebaztea, beste organo baten eskumenekoak ez badira.

12.– Sailburuari dagokio bere eskumen-arloko helburu estrategikoak definitzea, betiere Gobernu Programan ezarritako lerro estrategiko eta konpromiso programatikoen arabera.

13.– Sailburuari dagokio helburu estrategikoak garatuz gizartean zer-nolako eragina lortzen den aztertzea, eta saileko jarduera-sektore bateko eta besteko helburuetan egin beharreko aldaketak edo garapenak zehaztea.

5. artikulua.– Sailburuordetzak.

1.– Kultura eta Hizkuntza Politika Sailean, sailburuaren mendean, Kultura Sailburuordetza eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza egongo dira.

2.– Sailburuordeek ahalmen hauek izango dituzte ematen zaizkien jardun-arloetan:

a) Sailburuordetzaren mendeko zuzendaritzen eta bestelako organo eta administrazio-unitateen jarduerak zuzendu, koordinatu eta gainbegiratzea.

b) Jardun-politikak lantzea eta sailburuari proposatzea, Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzarekin koordinaturik.

c) Sailburuari asistentzia teknikoa ematea gomendioan utzi zaizkion egitekoen eremuan.

d) Sailburuari xedapenetarako proiektuak proposatzea, ezarritako jardun-politikaren arabera.

e) Sailburuordetzaren jarduerak kudeatzea.

f) Sailburuordetzako zuzendariek emandako ebazpenen aurka jartzen diren errekurtsoak ebaztea.

g) Plan estrategikoen eta urteko jardun-planen edo izaera exekutiboko beste plan batzuen lanketa, kudeaketa eta garapena gainbegiratzea.

h) Kontratazio-organoa izatea esleituta dauzkaten jardun-arloetako gaietan, baldin eta indarreko legeriaren arabera kontratu txikitzat jo ezin badira. Dena den, zuzenean beren mendeko diren zuzendaritzen jardun-eremua gainditzen duten kontratu txikietan eta beren jardun-arloko gaietan ere jardungo dute kontratazio-organo gisa.

i) Sailaren eta administrazio honetako organoen arteko harreman-organoa izatea beren eskumeneko arloan, behar denean. Zerbitzu Zuzendaritzak eta Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzak dituzten egitekoak eragotzi gabe egingo dute lan hori.

j) Zehapen-prozedurak hastea eta zehapenak jartzea beren jardun-eremuetan, baldin eta beste organo bati ez badagozkio.

k) Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin elkarlanean jardutea «Etxepare Euskal Institutua» zuzenbide pribatuko ente publikoari dagokionez esleitzen zaizkion jardun-arloetan, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikitako erakundea den aldetik.

l) Beheragoko organoen jarduna gainbegiratzea eta jarraibideak eta zirkularrak ematea sailburuordetzaren administrazio-unitateek egoki funtziona dezaten.

m) Organikoki mendean dauzkaten zuzendaritzen arteko gatazkak ebaztea.

n) Eskumenak eskuordetzea edo beheragokoen eskumenak bereganatzea, organikoki mendean dauzkaten zuzendaritzei dagokienez.

ñ) Sailburuordetzako zuzendaritzen helburuetarako behar diren aldaketak eta garapenak zehaztea.

o) Harremanak izatea gaiaren arabera eskumena duten Estatuko, autonomia-erkidegoetako eta foru-aldundietako organoekin, bai eta Europako eta nazioarteko entitateekin ere.

p) Sailburuordetzaren antolamendu operatiboa proposatzea, zuzendaritzetan eta administrazio-unitateetan antolatuta, ezarrita dauden antolamendu-irizpideekin bat.

q) Azterlanak eta txostenak egitea, eta azterlan-txosten horiek aztertzea beren eskumenen esparruan.

r) Beren eskumeneko arloetan zerbitzu- eta lan-hizkuntza euskara izan dadila bultzatzea, Gobernu Kontseiluak onartutako Euskararen Agenda Estrategikoarekin bat.

6. artikulua.– Zuzendaritzak.

Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko zuzendaritza bakoitzaren burua zuzendaria izango da, zuzenean eta organikoki dagokion sailburuordearen mende egongo dena, salbu eta Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzaren, Zerbitzu Zuzendaritzaren eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzaren kasuan, horiek sailburuaren mende egongo baitira. Zuzendariek honako egiteko hauek izango dituzte, oro har:

a) Zuzendaritzako jarduerak programatu, zuzendu, koordinatu eta kontrolatzea organo eskudunek emandako arauen arabera.

b) Organo arduradunei planak, jardun-programak eta arau-garapenak proposatzea bakoitzak eskumeneko dauzkan gaietan.

c) Dekretu honek esleitzen dizkien egitekoetarako behar diren administrazio-egintzak ematea.

d) Mendeko zerbitzu eta unitateak antolatzea, baita horien lan-sistemak ere.

e) Indarreko legeriaren arabera txikitzat jotzen diren kontratuen gastuak baimentzea, bakoitzak bere jardun-arloan, eta, oro har, kontratu horietako kontratazio-organoa izatea.

f) Indarrean dagoen Euskara Normalizatzeko Planeko helburuak definitzea berari dagokion alorrean, eta horiek lortzeko ekimenak garatu eta ebaluatzea, bere zuzendaritzako zerbitzuburuekin batera euskararen kudeaketa integratua eginez; hori guztia, Zerbitzu Zuzendaritzaren gidaritzapean eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin elkarlanean.

g) Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak ezartzea eta horien jarraipena egitea Zuzendaritzako jardun-esparruetan, besteak beste: itzulpen-irizpideak, langileen etengabeko prestakuntza orokorra, izendapen ofizialak eta sailak antolatutako jendaurreko ekitaldiak. Halaber, hala badagokio, hizkuntza-irizpideak txertatzea administrazio-kontratazioan eta dirulaguntza-deialdietan.

III. KAPITULUA
SAILBURUAREN MENDEKO GOI-KARGUDUNAK

7. artikulua.– Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritza.

1.– Sailburuak, ematen zaizkion ahalmenez baliatzeko, zuzenean izango du bere mende Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzaren laguntza eta aholkularitza. Zuzendaritza horri, dekretu honen 6. artikuluak saileko zuzendariei ematen dizkien egiteko orokorrez gain, artikulu honetako apartatuetan zerrendatutako egitekoak eta jardun-arloak ere badagozkio.

2.– Sailburuaren kabinetea den aldetik, zeregin hauek izango ditu:

a) Sailburuari laguntzea Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari emandako eskumenak era koordinatuan baliatzen.

b) Jardun-irizpideak aztertzea eta sailburuari proposatzea, sailaren eskumeneko gaietan, ezertan ere urratu gabe saileko sailburuordeek gai horietan dituzten ahalmenak.

c) Sailaren harremanak koordinatu eta zaintzea, bai Eusko Legebiltzarrarekikoak, bai Arartekoarekikoak, bai gainerako erakundeekikoak, sailean erakunde-harremanen eskumena duen organoaren bidez.

d) Sailaren kanpoko harremanen alorrean behar diren ekintzak egitea. Bereziki, sailak Europar Batasuneko erakundeekin izan behar dituen jardunak koordinatu eta zaintzea, sailean kanpo-harremanetarako eskumena duen organoaren bidez.

e) Sailak beste administrazio publiko batzuekin izan behar dituen jardunak koordinatu eta zaintzea, sailean eskumen hori duen organoaren bidez.

f) Sailak sustatutako kongresuak, jardunaldiak edo mintegiak antolatzeko lanak koordinatzea dagokion zuzendaritzarekin.

g) Sailaren ekitaldi publiko eta ofizialak antolatzea, kasu bakoitzean dagokion zuzendaritzarekin koordinatuta.

h) Sailak gizarte-hedabideekin, informazio-agentziekin eta prentsa idatziarekin dituen harremanak koordinatzea, irudi-lanak eta sailaren kanpo-harremanak egikaritzea, baita sailaren iragarki ofizialak, prentsa-oharrak eta publizitate-kanpainak kudeatzea ere, beste sail batzuen eskumenak eragotzi gabe.

i) Sailaren arlokako atalekin koordinatzea barruko kudeaketa-planak eta horien jarraipen- eta ebaluazio-txostenak egiteko lanak.

j) Informazioaren argitaratze aktiboa, informazio publikoa eskuratzeko eskubidea baliatuz egindako eskaerei ematen zaizkien erantzunak eta sailaren datu publikoak irekitzeko lana koordinatu eta guztien jarraipena egitea, gardentasun politikarekin bat etorrita.

k) Sailak herritarrekin interakzioan aritzeko jarritako bide elektronikoak koordinatzea eta bide presentzial edo birtualak sustatzea, herritarrek parte har dezaten arauak planifikatzeko eta prestatzeko prozesuetan eta politikak eta zerbitzu publikoen kalitatea ebaluatzeko prozesuetan. Halaber, bide horien guztien jarraipena egitea.

3.– Gizarte-hedabideen alorrean, dagozkion administrazio-jarduera guztiak egingo ditu, baldin arauz Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko beste organo bati ez badagozkio. Berdintasunerako Administrazio Unitatearekin eta Euskararen Administrazio Unitatearekin lankidetzan egingo ditu jarduera horiek, eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta euskara sustatzeko politikak sustatuko ditu. Egitekoen arlo honetan, nolanahi ere, hauek sartuko dira:

a) Telekomunikazioen arloko eskumenak dituzten organoekin lankidetzan, teknologia digitalari loturiko komunikabideak eta bestelako zerbitzuak ezartzeko eta egikaritzeko egin beharreko administrazio-jardunak garatzea.

b) Behar den administrazio-kudeaketa egitea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskumenekoak diren irrati-telebistako zerbitzuak emateko behar diren titulu juridikoak ematera bideratutako prozeduretan.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskumenekoak diren irrati-telebistako operadoreek irratiari eta telebistari buruzko xedapen orokorrak eta operadoreek zerbitzua emateko izenpetutako dokumentuetako aurreikuspenak betetzen dituztela jarraitu eta egiaztatzea.

d) Zehapen-prozedurei hasiera ematea eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari jardun-arlo horretan dagozkion zehapenak jartzea, beste organo bati ez badagozkio, eta ikuskapen- eta instrukzio-egitekoetarako Gizarte Hedabideen Zerbitzuko teknikariek autoritate izaera izango dute.

e) Ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuetan behar diren erregistroez arduratzea.

f) Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin elkarlanean jardutea «Euskal Irrati Telebista» ente publikoarekin egin behar diren jardunetan, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikitako erakundea den aldetik.

8. artikulua.– Zerbitzu Zuzendaritza.

1.– Dekretu honen 6. artikuluak saileko zuzendariei ematen dizkien egiteko orokorrez gain, zerrendatutako egiteko hauek ere izango ditu Zerbitzu Zuzendaritzak, sailburuaren mende:

1.1.– Kudeaketa ekonomikoaren eremuan:

a) Sailaren eskumeneko arloetan, ekonomiari buruzko azterlan eta memoriak programatzea eta, hala badagokio, saileko gainerako zuzendaritzekin koordinatuta egitea. Sailaren aurrekontuen aurreproiektua prestatzeko, zuzendaritzak koordinatuko ditu eta aurreproiektu propioa formulatuko du sailburuaren gainbegiradapean.

b) Sailaren ekonomia eta aurrekontua kudeatzeko jarduketak egin eta koordinatzea, haiek betearaztea, eta jarraipena eta ebaluazioa egitea. Zerbitzuen zuzendariak sailaren gastuak baimenduko ditu, baldin eta dekretu honetan xedatutakoaren arabera beste organo bati ez badagozkio, eta Gobernu Kontseiluaren eskumenak eragotzi gabe.

c) Sailak dituen ondasunak direla eta, zuzendaritza eskudunarekin izan beharreko harremanak koordinatzea, Euskal Ondareari buruzko Legeak dioen bezala. Era berean, sailarekin elkarlanean, sailarenak diren ondasun eta eskubideen ondare-inbentarioa osatzen laguntzea.

1.2.– Asistentzia juridikoaren eremuan, Zerbitzu Zuzendaritzari atxikitako Aholkularitza Juridikoa sailaren zuzenbideko aholkularitzako administrazio-zerbitzua da. Sailaren zerbitzu erkidea da, eta irizpide-batasunarekin jarduten du eremu horretan. Honako hauek dagozkio:

a) Saileko organoei aholkularitza juridikoa ematea, eta eskatutako zuzenbide-txostenak ematea, beste organo batzuen eskumenak eragotzi gabe.

b) Sailaren edo berari atxikitako Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateen egintzen aurka jarritako edo sailaren gaietan jarritako administrazio-errekurtsoak ebazteko proposamenak aztertu, izapidetu eta formulatzea.

c) Sailaren jarduerari lotutako ondare-erantzukizunari buruzko erreklamazioak hasi eta izapidetzea.

d) Administrazioarekiko auzibidera jo aurretik eta Konstituzio Auzitegiko eta Arbitraje Batzordeko prozedurak abiatu aurretik, beste administrazio publiko batzuek egindako errekerimenduei buruzko ebazpen-proposamenak prestatzea, Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridiko Nagusiarekin lankidetzan.

e) Sektore publikoaren kontratuei buruzko legeriari lotutako prozedurak izapidetzea, saileko gainerako zuzendaritzek izapidetzen dituzten kontratu txikiak izan ezik, hargatik eragotzi gabe Kontratazio Batzorde Nagusiaren eskumenak eta beste organo batzuei arauz esleitutako eskumenak. Halaber, saileko organoei gai hauei buruzko aholkularitza ematea dagokio: sektore publikoko kontratuen arloko legeei buruz, lege horietan bertan araututako prozeduretan lege horiek zuzen aplikatzeari buruz eta kontratuak gauzatzeari buruz; hargatik eragotzi gabe beste organo batzuei esleitutako eskumenak.

f) Fundazioen gaian, indarreko legeek sailari esleitzen dizkioten gai horretako egitekoak bereganatu eta koordinatzea.

g) Xedapen orokorreko proiektuak prestatzea, baita txosten juridikoak ematea eta aurretik behar diren lan tekniko-juridikoak egitea ere.

h) Gobernu Kontseiluari edo haren organo delegatuei aurkeztu behar zaizkien espedienteak eta gaiak izapidetzea, koordinatzea eta prestatzea.

i) Oro har, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legeak eta Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoaren apirilaren 25eko 144/2017 Dekretuak sailetako aholkularitzei esleitzen dizkieten egitekoak, bai eta aholkularitza tekniko-juridikoaren arloan esleitzen zaizkion eta Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiari ez dagozkion gainerako egitekoak ere.

1.3.– Langileak kudeatzeko eremuan:

a) Sailari atxikitako langileen gaineko prozedurak administratu eta kudeatzea, Euskal Enplegu Publikoaren Legearen 19. artikuluak zehazten dituen eskumenez baliatuta, betiere beste organo batzuei dagozkien eskudantziak urratu gabe.

b) Saileko langileen beharrizanak ebaluatzea, eta saileko lanpostuen zerrendak eta plantillak prestatzeko proposamenak egitea.

c) Sailari atxikitako giza baliabideen esparruan, jarduera bateragarritasunari buruzko espedienteak ebaztea.

d) Langileentzako prestakuntza- eta hobekuntza-planak eta -programak sustatzea, hargatik eragotzi gabe IVAP-Administrazio Publikoaren Euskal Institutuarekin eta gaian eskumena duen sailarekin lankidetzan egin behar direnak.

e) Organo eskudunek langileen gainean hartutako erabaki eta ebazpenen gaineko informazio egokia ematea saileko zerbitzuei, eta betetzen direla zaintzea.

f) Langileen arloan, indarrean dagoen legeriaren arabera behar diren espedienteei hasiera ematea eta zehapen arinak jartzea.

1.4.– Aurrekoez gain, sailaren zeharkako kudeaketako organoa den aldetik:

a) Eusko Jaurlaritzaren ekimen eta jarraibide orokorrak garatzeko eta gauzatzeko beharrezkoa den sostengua bermatzea, arlo hauetan: kudeaketa aurreratua, modernizazioa, administrazio elektronikoa, gobernantza eta berrikuntza. Halaber, ekimen eta jarraibide horiek sustatzea sailaren barruan.

b) Sailean herritarrentzako informazio- eta arreta-zerbitzuek egoki funtzionatzen dutela bermatzea (arretarako 2. eta 3. mailak), eta Eusko Jaurlaritzako Zuzenean – Herritarren Arreta Zerbitzuarekin izan beharreko harremanak egokiro antolatzea.

c) Herritarrek beren eskubideen eta betebeharren inguruan egiten dituzten iradokizun, kexa eta erreklamazioen kudeaketaren koordinazioa eta jarraipena egitea, sailaren jardun-eremuetan.

d) Sailaren ikus-entzunezkoen argitalpen elektroniko, informatiko eta telematikoak koordinatzea, eta saileko zuzendaritzekin batera bermatzea bere eskumen-eremuko gaietan solaskide operatiboak daudela.

e) Lanpostuen banaketa fisikoarekin, ekipamenduarekin eta eraberritze-lanekin zerikusia duten saileko unitate guztien jardunak zuzentzea; hala ere, administrazioko beste sail batzuei gai horretan esleitutako eskumenak errespetatuko dira. Sailaren bulegoen mantentze-lanak egitea, atxikitako ondarea administratzea eta kontserbazioaz arduratzea.

f) Sailaren informatika-gaietako beharrizanak –aplikazioak eta euskarriak– planifikatu eta koordinatzea, baldin eta ez badaude Administrazioko beste sail batzuei esleituta.

g) Administrazio-xedapen eta -egintzen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariko argitalpena izapidetzea eta koordinatzea.

h) Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzarekin, gainerako zuzendaritzek hizkuntza-normalizazioaren arloan egiten duten lana koordinatu eta dinamizatzea, eta euskara sustatzea saileko politika publikoetan eta sailak kudeatzen duen beste edozein eremutan; horretarako, Euskararen Administrazio Unitatea atxikiko zaio.

i) Sailburuordetza edo zuzendaritzaren baten eremua gainditzen duten gaietan, kontratazio-organo gisa jardutea, baldin eta, indarreko legeen arabera, kontratuak txikitzat jotzen badira.

j) Sailean kalitate- eta berrikuntza-ereduak diseinatu eta garatzea.

k) Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren edukiak eta Eusko Jaurlaritzak onartutako Berdintasunerako Planaren edukiak identifikatu eta garatzea, gainerako zuzendaritzekin, Administrazio instituzionaleko entitateekin eta hari atxikitako organoekin batera bultzatu, lan egin eta koordinatuta, legean aurreikusitako neurriak bete daitezen, gizon eta emakumeen berdintasunerako unitateei emandako egitekoekin bat.

l) Sailaren administrazio-unitateen funtzionamendua eta egitura arrazionalizatzeko proposamenak eta txostenak egitea, bai eta kudeaketa-prozedurak diseinatu eta eguneratzea ere, hargatik eragotzi gabe beste sail batzuei gai berean esleitutako eskumenak.

m) Datu pertsonalen pribatutasun-neurrien arduradun gisa dagozkion egitekoak betetzea.

2.– Zerbitzu Zuzendaritzaren mende, Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko estatistika-organoak dagozkion eskumenak izango ditu, eta ahalmenak baliatuko, honako dekretu hauetan ezarritakoaren arabera: 180/1993 Dekretua, ekainaren 22koa, Jaurlaritzaren Sailetako Estatistikarako Organo Bereziak arautzen dituena, eta 86/1996 Dekretua, apirilaren 23koa, Kultura Sailaren estatistikarako organo berezia sortzeari buruzkoa. Eta, bereziki, informazio-, estatistika-, azterketa- eta analisi-sistemen arloko kudeaketa eta koordinazioa egingo du, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari dagozkion eskumenei kalterik egin gabe.

9. artikulua.– Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza.

1.– Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzari dagokio dekretu honen 6. artikuluan ezarritako egitekoak betetzea jarduera fisikoa eta kirola sustatzeko arloetan.

Halaber, euskara bultzatuko du bere eskumen-eremuan garatzen diren jarduera fisikoa eta kirola sustatzeko politika publikoetan, saileko Euskararen Administrazio Unitatearekin lankidetzan eta elkarrekin koordinatuta. Era berean, genero-ikuspegia txertatuko du bere eskumen-eremuan garatzen diren jarduera fisikoa eta kirola sustatzeko politika publikoetan, eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako neurriak ezarriko ditu, bai eta ekintza positiboak ere horiek beharrezkoak diren eremuetan, saileko Berdintasunerako Administrazio Unitatearekin lankidetzan eta elkarrekin koordinatuta. Gainera, emakumeen eta gizonen tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko politikak garatuko ditu kirol-modalitate guztietan eta emakumeen zein gizonen kirol-jardueren babesletzan, horien parte-hartzea gutxiengoa den modalitateetan.

a) Beharrizanak aztertzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari dagozkion arauzko neurriak proposatzea.

b) Era guztietako kirol elkarteen sorrera bultzatzea.

c) Kirol federazioei laguntzea eta haiekin lankidetzan jardutea beren egitekoak garatzen, indarreko arauen arabera, baita Estatuko, Europako eta Europaz gaindiko organismo eta entitateekin elkarlanean aritzea ere kirol-arloan guztien interesekoak diren jarduketetan.

d) Jarduera fisikoaren eta kirolaren politika integralak garatzea, erakundearteko eta sailarteko lantaldeak koordinatuta.

e) Jarduera fisikoaren eta kirolaren inguruko informazioa eta dokumentazioa bildu eta hedatzea, bai eta horren gainean egoki iritzitako ikerketa eta azterketa guztiak egin eta bultzatzea ere.

f) Jarduera fisikoari eta kirolari loturiko zientzia- eta teknika-ikerketak bultzatzea.

g) Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-eremuan, goi-mailako kirol jarduerak sustatu eta koordinatzea.

h) Bertoko kirolak bultzatzea eta horiei laguntza ematea.

i) Estatuan eta nazioarteko eremuan euskal kirolaren eta jarduera fisikoaren presentzia ziurtatzeko neurriak ezartzea.

j) Erkidego-mailako eskola-lehiaketak antolatzea.

k) Euskal Autonomia Erkidegoan kirola eta jarduera fisikoa egiteko instalazioen sarea planifikatu eta bultzatzea.

l) Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroa zuzendu eta kudeatzea.

m) Euskal Autonomia Erkidegoko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren arloko Profesionalen Erregistroa zuzendu eta kudeatzea.

n) Indarreko legeriak esleitzen dizkion ikuskapen-egitekoak betetzea, eta Eusko Jaurlaritzari lege hauen eremuan dagozkion zehapen-espedienteak instruitzea: Euskadiko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren martxoaren 30eko 2/2023 Legea, Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legea eta Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideetan sartzeari eta jarduteari buruzko ekainaren 30eko 8/2022 Legea.

2.– Euskadiko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren martxoaren 30eko 2/2023 Legean eta Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legean xedatutakoaren arabera, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzaren administrazio-zerbitzu zentralez gain, administrazio-zerbitzu hauek ere egongo dira bertan:

a) Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Euskal Eskola.

b) Basque Team Euskadiko Goi Mailako Kirolaren Zentroko zerbitzu biomediko eta teknikoak.

c) Dopinaren aurkako Euskal Agentzia.

d) Jarduera Fisikoaren Euskal Agentziaren Zerbitzua.

3.– Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak emango dizkio Kirol Justiziako Euskal Batzordeari bere egitekoak behar bezala gauzatzeko behar dituen baliabideak.

IV. KAPITULUA
KULTURA SAILBURUORDETZA

10. artikulua.– Kultura Sailburuordetza.

1.– Kulturako sailburuordeari dagozkio dekretu honen 5. artikuluan saileko sailburuordeei esleitutako egiteko orokorrak, jardun-arlo hauetan:

a) Ondare historiko artistikoa, museoak, liburutegiak, artxiboak eta lege gordailua eta jabetza intelektuala kudeatzea, babestea eta balioestea.

b) Arte- eta kultura-jarduerak eta kultura- eta sormen-industriak zabaltzea eta sustatzea.

c) 2030 Agenda garatzea bere eremuko kultura-politiketan.

d) Kulturaren Euskal Behatokiaren eta Kulturklik proiektuaren zuzendaritza.

2.– Kulturako sailburuordeak honela jardungo du esleituta dituen jardun-arloetan:

a) Euskara sustatuz kultura eta ondarea sustatzeko politika publikoetan eta bere eskumen-eremuan garatzen diren politika publiko guztietan, saileko Euskararen Administrazio Unitatearekin lankidetzan eta elkarrekin koordinatuta.

b) Genero-ikuspegia txertatuz kultura eta ondarea sustatzeko politika publikoetan eta bere eskumen-eremuan garatzen diren politika publiko guztietan, eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako neurriak ezarriz, bai eta ekintza positiboak ere horiek beharrezkoak diren arloetan, saileko Berdintasunerako Administrazio Unitatearekin lankidetzan eta elkarrekin koordinatuta.

3.– Kulturako sailburuordeak emango die hasiera euskal kultura-ondarea osatzen duten ondasunak kalifikatzeko eta inbentariatzeko espedienteei, eta espediente horien izapideak egiteko behar diren erabakiak hartuko ditu baldin eta erabaki horiek hartzea Administrazioko beste organoren bati ez badagokio.

4.– Beste organo bati ez badagokio, Kulturako sailburuordeak hasi eta ebatziko ditu sailari lege hauen arabera dagozkion espedienteak: Euskadiko Museoei buruzko abenduaren 1eko 7/2006 Legea, Euskadiko Liburutegiei buruzko urriaren 26ko 11/2007 Legea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentu-kudeaketa Integralaren eta Dokumentu-ondarearen ekainaren 23ko 5/2022 Legea.

5.– Sailburuordeak Kulturaren Euskal Behatokia zuzenduko du.

6.– Kulturako sailburuordeak esleituta dituen egitekoak gauzatzeko, zuzendaritza hauek izango ditu hierarkikoki mendean:

a) Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritza.

b) Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritza.

11. artikulua.– Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritza.

1.– Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzari dagokio dekretu honen 6. artikuluan ezarritako egitekoak betetzea euskal kultura-ondarea zaindu, aberastu, babestu, hedatu eta sustatzea xede duten eremuetan (Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean eta hura garatzeko ematen diren xedapenen arabera) eta museoei eta liburutegiei loturiko eremuetan (Euskadiko Museoei buruzko abenduaren 1eko 7/2006 Legean, Euskadiko Liburutegiei buruzko urriaren 26ko 11/2007 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentu-kudeaketa Integralaren eta Dokumentu-ondarearen ekainaren 23ko 5/2022 Legean, eta legeok garatzeko ematen diren xedapenetan ezarritakoaren arabera).

Halaber, euskara bultzatuko du bere eskumen-eremuan garatzen diren kultura-ondarea sustatzeko politika publikoetan, saileko Euskararen Administrazio Unitatearekin lankidetzan eta elkarrekin koordinatuta. Era berean, genero-ikuspegia txertatuko du bere eskumen-eremuan garatzen diren kultura-ondarea sustatzeko politika publikoetan, eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako neurriak ezarriko ditu, bai eta ekintza positiboak ere horiek beharrezkoak diren eremuetan, saileko Berdintasunerako Administrazio Unitatearekin lankidetzan eta elkarrekin koordinatuta.

2.– Egiteko horiek gauzatzeko, zerbitzu hauek ditu Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzak:

a) Kultura Ondarearen Zentroa.

b) Museoen Zentroa.

c) Euskadiko Artxibo Historikoa.

d) Liburutegien eta Lege Gordailuaren Zerbitzua.

e) Jabetza Intelektualaren Erregistroa eta Kultura Ondarearen Aholkularitza Juridikoa.

f) Euskariana – Euskadiko Liburutegi Digitalaren Zerbitzua.

2.1.– Kultura Ondarearen Zentroari hau dagokio:

a) Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 3.2 artikuluan aurreikusitako egitekoak garatzea.

b) Honako espediente hauek proposatzea eta izapidetzea: babes bereziko eta ertaineko ondasunak deklaratzeko espedienteak, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan edo Oinarrizko Babesa duten Kultura Ondasunen EAEko Erregistroan inskribatzeko espedienteak, inbentarioa eta balizko zona arkeologikoak, bai eta euskal kultura-ondarearen desafektazio-espedienteak ere.

c) Hala badagokio, esleitutako jardun-eremuan, txostenak egitea Euskal Autonomia Erkidegoko hirigintza-plangintzako eta lurralde-antolamenduko dokumentuei eta ingurumen-ebaluaziorako nahitaezko prozeduren mendean jarritako plan edo proiektuei buruz.

d) Euskal kultura-ondarea zaindu, aberastu, babestu, hedatu eta sustatzeko aurrekontuetan dagoen ehuneko bateko erreserbatik datozen funtsak aplikatzeko irizpideei dagokienez Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari esleitutako egitekoak garatzea, eta funts horiek erabiltzeko irizpide materialak proposatzea.

e) Euskal Autonomia Erkidegoan gordeta egon eta euskal kultura-ondarea –arlo dokumentalean izan ezik– osatzen duten elementuak eta artelanak esportatzeko eta mugimenduak ikuskatzeko Eusko Jaurlaritzari dagozkion administrazio-jardunak egitea.

f) Eusko Jaurlaritzak babes bereziko kultura-ondasunak –arlo dokumentalean izan ezik– lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko espedienteak izapidetzea, bai beretzat, bai bestelako erakunde publikoentzat edo irabazi-asmorik gabeko kultura-erakundeentzat.

g) Euskal Autonomia Erkidegoko material arkeologikoen gordailua kudeatzea, foru-aldundiekin koordinatuta.

h) Kultura-ondarearen arloko zehapen-espedienteak instruitzea, ebazpena edo zehapena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko organoei badagokie, betiere.

i) Industria-ondarea kontserbatu, ikertu eta sozializatzea bultzatzea.

j) Euskal Autonomi Erkidegoaren ondare immateriala ikertu, sailkatu eta ezagutzea bultzatzea.

k) 2030 Agendan ezarritako helburuak indartzeko ekintzak eta programak garatzea, bai eta 18. helburua zabaltzea eta sentsibilizatzea ere.

2.2.– Museoen Zentroari hau dagokio:

a) Euskadiko Museoei buruzko abenduaren 1eko 7/2006 Legeak 3. artikuluan aurreikusitako egitekoak garatzea, eta bereziki Museo eta Bildumen Sistema antolatu, eguneratu eta kudeatzea.

b) Museoen gaian diren beharrizanak aztertzea eta arauzko neurriak proposatzea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko museo eta bildumei laguntzak emateko sistema kudeatzea.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko museoetan gordetako kultura-ondasun higigarriak dokumentatu, kontserbatu eta babesteko irizpideak definitzea.

e) Euskadiko Museoei buruzko Legearen eremuan Eusko Jaurlaritzari dagozkion zehapen-espedienteak instruitzea.

2.3.– Euskadiko Artxibo Historikoari hau dagokio:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Artxiboen Sistemaren, Euskal Autonomia Erkidegoko Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Kontseiluaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentazioaren Balioespenerako, Aukeraketarako eta Dokumentaziora Jotzeko Batzordearen kudeaketarekin lotutako egitekoak garatzea, Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzari badagozkio, Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentu-kudeaketa Integralaren eta Dokumentu-ondarearen ekainaren 23ko 5/2022 Legearen III. tituluko I. kapituluaren arabera.

b) Kultura-ondareari buruzko politikaren esparru orokorraren barruan, dokumentu-ondareari eta artxiboei buruzko politika espezifikoa diseinatu eta kudeatzea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Artxibo Zerbitzuen kudeaketa-jarduerak koordinatzea.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Artxibo Zerbitzuetako dokumentuen tratamendua eta irizpideak normalizatzea, eta horien edukiaren hedapena sustatzea.

e) Euskal Autonomia Erkidegoan dauden edo hari buruzkoak diren artxibo publiko eta pribatuetako funtsetan dagoen informazioaren deskribapena eta hedapena sustatzea.

f) Dokumentu-ondarearen eta artxiboen gaian diren beharrizanak aztertzea eta arauzko neurriak proposatzea.

g) Funts historikoen ikerketa bultzatzea eta sustatzea, eta haien edukiak zabaltzea.

h) Euskal Autonomia Erkidegoko dokumentu-ondarearen eta artxiboen balioari buruzko kontzientzia sozial eta kolektiboa bultzatzeko neurriak aztertu eta proposatzea eta gai horretako prestakuntza eta hezkuntza sustatzeko behar diren organismoekin lan egitea.

i) Euskal Autonomia Erkidegoan gordeta egon eta euskal kultura-ondarea osatzen duten arlo dokumentaleko elementuak esportatzeko eta mugimenduak ikuskatzeko Eusko Jaurlaritzari dagozkion administrazio-jardunak egitea.

j) Eusko Jaurlaritzak arlo dokumentaleko kultura-ondasunak lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko espedienteak izapidetzea, bai beretzat, bai bestelako entitate publikoentzat edo irabazi-asmorik gabeko kultura-entitateentzat.

2.4.– Liburutegien eta Lege Gordailuaren Zerbitzuari hau dagokio:

a) Euskadiko Liburutegiei buruzko urriaren 26ko 11/2007 Legearen esparruan Euskadiko irakurketa publikoko sareari dagozkion planifikazio-, funtzionamendu- eta koordinazio-egitekoak garatu eta gauzatzea.

b) Euskadiko irakurketa publikoko sarearen liburutegi-politika diseinatu eta kudeatzea, horretarako behar diren proiektuak sustatu eta zuzenduz.

c) Sarea osatzen duten liburutegien arteko lankidetza koordinatzea, liburutegietako baliabideak hobeto aprobetxatzeko.

d) Sarea osatzen duten liburutegietako funtsen erreferentzia bibliografikoak biltzen dituen katalogo kolektiboa diseinatu eta kudeatzea, eta hartarako irispidea ziurtatzea.

e) Liburutegietan ematen diren zerbitzuak ebaluatzeko lanabesak diseinatu eta kudeatzea, eta lortutako datuak aztertzea, ondoren, liburutegiei beren ahalmenak ondoen aprobetxatzeko metodologia eskaintzeko.

f) Lege-gordailuaren eta ISBNaren arloan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari dagozkion egitekoak betetzea.

g) Irakurzaletasuna sustatzeko neurriak diseinatzea eta sarean lan egitea bultzatzea.

h) Liburutegien eremuan euskararen erabilera normalizatzeko zer beharrizan dagoen ikertu eta zehaztea.

i) Erabilera publikoko liburutegietan lan egiten duten pertsonen prestakuntza bultzatzea eta horien profila definitzea.

j) Euskadiko Liburutegi Sistema osatzen duten erabilera publikoko liburutegietarako jardun-eredu izango diren irizpide teknikoak eta jarraibideak ezartzea, Euskariana – Euskadiko Liburutegi Digitalaren Zerbitzuarekin lankidetzan.

k) Indarreko legeriak ematen dizkion ikuskapen-egitekoak gauzatzea eta Euskadiko Liburutegiei buruzko urriaren 26ko 11/2007 Legearen esparruan Eusko Jaurlaritzari dagozkion zehapen-espedienteak izapidetzea.

2.5.– Jabetza Intelektualaren Erregistroa eta Kultura Ondarearen Aholkularitza Juridikoa zerbitzuari hau dagokio:

a) Inskripzioa eta idazpena egiteko eskaerak izapidetu eta ebaztea, eta, behar izanez gero, inskripzioak indargabetu eta egitea.

b) Jabetza Intelektualaren Erregistroan inskribatuta dauden eskubide, egintza eta kontratuak ziurtatzea eta publikotasuna ematea.

c) Txosten teknikoak egitea beren eskumen-eremuan.

d) Gordailuko dokumentu eta materialak artxibatu eta zaintzea.

e) Oro har, Jabetza Intelektualaren Erregistroa kudeatzeko behar diren jardunak, baita indarreko ordenamendu juridikoak esleitzen dizkionak ere.

f) Baimenak ematea eta errebokatzea beren kontura edo inoren kontura ustiatze-eskubideak edo ondarearen arloko beste batzuk kudeatu nahi dituzten entitate edo entitate-elkarteei, jabetza intelektualaren eskubideen autore batzuen edo beste titular batzuen kontura eta interesen alde jarduten badute.

g) Kudeaketa-entitate horien estatutuak eta horien aldaketak onartzea.

h) Kudeaketa-entitateek indarreko araudian ezarrita dauden baldintzak eta betebeharrak betetzen dituztela zaintzea.

i) Kudeaketa-entitateen jardunaren kontrola eta, hala badagokio, ordezkaritza edo kudeaketa egiten duten entitateena.

j) Bitartekaritza eta arbitrajea, Estatuko Administrazio Orokorraren ahalmenei kalterik egin gabe.

k) Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzari aholkularitza juridikoa ematea eskumeneko gaietan.

2.6.– Euskariana – Euskadiko Liburutegi Digitalaren Zerbitzuari hau dagokio:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan eta euskararen hizkuntza-esparruan argitaratu edo egindako lan guztiak eta euskararekin edo euskal kulturarekin erlazionatutako guztiak identifikatu, katalogatu eta zabaltzea, Liburutegien eta Lege Gordailuaren Zerbitzuarekin lankidetzan.

b) Euskal ondare bibliografikoaren gaian diren beharrizanak aztertzea eta arauzko neurriak proposatzea.

c) Euskal bibliografiaren katalogoak bateratu, kudeatu eta zabaltzea, Liburutegien eta Lege Gordailuaren Zerbitzuarekin lankidetzan.

d) Euskal ondare digitala sortu, babestu eta zabaltzeko eta ondarerako irispidea bermatzeko mekanismo egokiak jartzea.

e) Ondare digitalaren alorrean lankidetza-programak sustatzea.

f) Lege-gordailuaren eta ISBNaren arloan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari dagozkion egitekoak betetzea.

3.– Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzak 2.3 artikuluan zerrendatu diren kide anitzeko organoen inguruko egitekoak beteko ditu, baldin eta alorraren ondorioz hari atxikita badaude. Hona hemen:

a) Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseilua.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentazioaren Balioespenerako, Aukeraketarako eta Dokumentaziora Jotzeko Batzordea, maiatzaren 7ko 59/2024 Dekretuak arautua.

c) Euskadiko Museoen Aholku Batzordea, martxoaren 18ko 54/2008 Dekretuak arautua.

d) Euskadiko Liburutegien Aholku Batzordea, abenduaren 30eko 232/2008 Dekretuak arautua.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Kontseilua, apirilaren 30eko 54/2024 Dekretuak arautua.

4.– Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzari atxikita geratzen dira Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoetan dituen lurralde-zerbitzuak.

12. artikulua.– Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritza.

1.– Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzari dagokio dekretu honen 6. artikuluan ezarritako egitekoak betetzea honako arlo hauetan: musika, arte eszenikoak, liburua, ikus-entzunezkoak, ikusizko arteak eta kultura- eta sormen-industriak.

2.– Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritza lehen aipatutako arloetako lanbide-jarduerez arduratuko da bereziki.

Halaber, euskara bultzatuko du bere eskumen-eremuan garatzen diren kultura sustatzeko politika publikoetan, saileko Euskararen Administrazio Unitatearekin lankidetzan eta elkarrekin koordinatuta. Era berean, genero-ikuspegia txertatuko du bere eskumen-eremuan garatzen diren kultura sustatzeko politika publikoetan, eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako neurriak ezarriko ditu, bai eta ekintza positiboak ere horiek beharrezkoak diren eremuetan, saileko Berdintasunerako Administrazio Unitatearekin lankidetzan eta elkarrekin koordinatuta.

3.– Egiteko horiek gauzatzeko, zerbitzu hauek ditu Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzak:

a) Kultura Sustatzeko Zerbitzua.

b) Kultura eta Sormen Industrien Zerbitzua.

c) Kultura Garapen Estrategikoaren Zerbitzua.

3.1.– Kultura Sustatzeko Zerbitzuari hau dagokio:

a) Kultura-proiektuak sortu, ekoitzi eta zabaltzea sustatzeko ekintzak proposatu eta kudeatzea bere eskumeneko arloetan.

b) Kultura-eragileei zuzendutako dirulaguntzen programak eta lerroak kudeatzea.

c) Abian jarritako ekintzen jarraipena eta balorazioa egitea eta, hala badagokio, neurri zuzentzaileak proposatzea.

d) Kultura-sektorearekin biltzeko elkarrizketa- eta kontraste-espazioak sustatu eta kudeatzea, eta, hala badagokio, proposamen berriak bultzatzea.

3.2.– Kultura eta Sormen Industrien Zerbitzuari hau dagokio:

a) Euskadiko Kultura eta Sormen Barrutia proiektuaren garapena kudeatzea.

b) Euskadiko kultura- eta sormen-industrien sektorea garatzea sustatuko duten ekintzak proposatzea.

c) Eragile publiko eta pribatuekin koordinatzeko eta lankidetzan aritzeko formulak proposatzea.

d) Beste sektore eta jakintza-arlo batzuekin elkartzeko guneen sorrera kudeatzea.

e) Kanpoko sareetan harreman-eremuak proposatzea eta berrikuntzaren eta lehiakortasunaren arloan Euskadi aukera-lurralde gisa kokatzen duten programak edo proiektuak hautematea.

3.3.– Kultura Garapen Estrategikoaren Zerbitzuari hau dagokio:

a) Berariaz kultura- eta sormen-talentua sustatzera eta euskal kultura-sistemaren barruan sareak sendotzera bideratutako programak kudeatzea.

b) Kultura-publikoak garatzeko testuinguruak bultzatzea.

c) 2030 Agendan ezarritako helburuak indartzeko ekintzak eta programak garatzea, bai eta 18. helburua zabaltzea eta sentsibilizatzea ere.

d) Esparru digitalean kultura-proiektuak sustatzeko jarduerak proposatzea.

e) Etxepare Euskal Institutuarekin lankidetzan, sormen-talentua sustatzeko proposamenak koordinatzea, bai eta kultura-proiektuak ere nazioartean.

V. KAPITULUA
HIZKUNTZA POLITIKARAKO SAILBURUORDETZA

13. artikulua.– Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza.

1.– Hizkuntza Politikako sailburuordeak dekretu honen 5. artikuluan ezarritako egitekoak izango ditu honako jardun-arlo hauetan:

Hizkuntza-politika.

Euskara sustatzea.

Hizkuntza-politikari dagokion jardunean, hauek dagozkio: euskararen bilakaeraren zaintza (ikerketaren ikuspegitik), euskara sustatzea gizartean eta lan-munduan, euskararen normalizazioa eta indarberritzea administrazioan eta euskararen ezagutza.

Euskara sustatzeari dagokion jardunean, hauek dagozkio: euskara indarberritzeko politikak bultzatzea, erakunde publiko zein sozialen arteko lankidetza sustatuz eta gaikako plangintzak garatuz.

Arlo horietan, genero-ikuspegia txertatuko du bere eskumen-eremuan garatzen diren politika publikoetan, eta emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko neurriak ezarriko ditu, bai eta ekintza positiboak ere horiek beharrezkoak diren eremuetan, saileko Berdintasunerako Administrazio Unitatearekin lankidetzan eta elkarrekin koordinatuta.

2.– Jardun-esparru horretan, Hizkuntza Politikako sailburuordeak egiteko hauek izango ditu:

a) Euskararen erabilera normalizatu eta indarberritzeari dagokionez Eusko Jaurlaritzak duen hizkuntza-politika artikulatzea eta jarraipena egitea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateek, Eusko Jaurlaritzak emanda, arlo honetan bete behar dituzten jardun-irizpideak ezarri eta garatzea.

b) Jaurlaritzaren egungo egituran, hizkuntzaren eremuan egiteko espezifikoak dituzten organo eta zerbitzu guztiek sarean, koordinatuta eta modu osagarrian jarduten dutela bermatzea, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren zuzendaritzapean.

c) Arlo honetako zuzendaritzek hizkuntza-politikaren arauak ezartzeko, aldatzeko edo aplikatzeko egiten dituzten proposamen orokorrak eta espezifikoak koordinatzea eta, hala badagokio, sailburuari helaraztea.

d) Eusko Jaurlaritzako sailek edo mendeko organismoek egindako ikerketa soziolinguistikoak edo alderdi soziolinguistikoak jasotzen dituzten bestelako lanak koordinatzea, horien eremua edozein dela ere, Jaurlaritzaren hizkuntza-planifikazioak koherentzia eta efizientzia handiagoa izan dezan.

e) Euskal Autonomia Erkidego osorako hizkuntza- planifikazioa prestatzea eta baterako jardunak gauzatzeko planak formulatzea, Jaurlaritzak onar ditzan.

f) Hizkuntza-politikan eskumena duten botere publikoak elkarlanean aritzeko neurriak dinamizatu eta bultzatzea, horretarako behar diren ekimen guztiak sustatuta eta erakundeen arteko elkarlana eta koordinazioa areagotzen duen beste edozein formula ikertuta.

g) Azaroaren 24ko 10/1982 Legea (Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa) eta gainerako xedapen osagarriak egoki garatzen eta aplikatzen direla zaintzea, hargatik eragotzi gabe administrazioko beste organo batzuek berariaz esleituta dituzten egitekoak. Esleitutako jardun-eremuan, euskararen erabilera normalizatzeko xedez, arreta berezia jarriko du botere publikoek xedapen orokorrak bete ditzaten, baita Eusko Jaurlaritzaren jarraibideak eta Euskararen Aholku Batzordearen gomendioak ere, eta betetze-maila ebaluatuko du.

h) Hizkuntza normalizatzeko arloan, harremanak izatea euskara normalizatzen eta araupetzen diharduten entitateekin, eta euskal hiztunen komunitateren bat duten beste lurralde batzuetako era guztietako entitateekin egitea jardunak.

i) Hizkuntza-eskakizunak zehazteko eta eskakizun horiek aplikatzeko proposamena egitea, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legean eta Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko otsailaren 22ko 19/2024 Dekretuan ezarritako ondorioetarako. Gainera, administrazio publikoekin batera arituko da irizpide horietara egokitzeko planak lantzen eta ezarritako helburuen betetze-maila ebaluatzen. Horrek ez ditu eragotziko administrazio horietako bakoitzak dituen eskumen eta eskudantziak, ezta Jaurlaritzako sailek dituztenak ere.

j) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailek edo horien mendeko organismoek ematen dituzten euskararen jakintza-mailari dagozkion titulu eta ziurtagiriak homologatzeko prozedura aurrera eramatea, izan hizkuntza-eskola ofizialek emandakoak, edo izan berez helduen euskalduntzearen arlotik kanpo egonda ere euskara irakasten duten beste ente batzuek emandakoak. Halaber, dagoeneko homologatuta daudenak eguneratzea edo egokitzea ere badagokio. Horretarako, azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan jasotako aurreikuspenak beteko ditu, besteak beste, eta, ondorioz, Baliokidetzen Jarraipen Batzordeari esleitutako eginkizunak zuzenduko ditu, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari atxikita baitago.

k) Aroa Marko Estrategikoa diseinatu, zabaldu eta horren jarraipena eta ebaluazioa egitea toki- eta foru-erakundeen artean.

l) Euskararen Aholku Batzordearen gidalerroetan oinarritutako politikak garatu, jarraipena egin eta ebaluatzea.

3.– Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak esleituta dituen egitekoak gauzatzeko, zuzendaritza hauek izango ditu hierarkikoki mendean:

a) Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritza.

b) Euskara Sustatzeko Zuzendaritza.

c) Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritza.

4.– Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE) organismo autonomoa, azaroaren 25eko 29/1983 Legean xedatutakoarekin bat, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari atxikita dago, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren bidez.

5.– Euskararen Aholku Batzordea, urriaren 16ko 176/2007 Dekretuan xedatutakoarekin bat, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikita dago.

14. artikulua.– Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritza.

1.– Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikokoan euskararen erabilera normalizatzeko dekretu honen 6. artikuluan ezarritako egitekoak betetzea.

Era berean, genero-ikuspegia txertatuko du bere eskumen-eremuan garatzen diren administrazio publikoetako hizkuntza-normalizazioko politika publikoetan, eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako neurriak ezarriko ditu, bai eta ekintza positiboak ere horiek beharrezkoak diren eremuetan, saileko Berdintasunerako Administrazio Unitatearekin lankidetzan eta elkarrekin koordinatuta.

2.– Ildo horretatik, Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzak egiteko hauek izango ditu:

a) Euskararen erabilera normalizatzeko legeria garatzeko arauzko neurriak aztertu eta proposatzea, baita hizkuntza ofizialak erabiltzeko hizkuntza-irizpide orokorrak ere.

b) Euskararen erabilera normalizatzeko hartutako arauzko neurriak eta administrazio-neurriak benetan betetzen diren eta eraginkorrak diren aztertzea eta horren jarraipena egitea.

c) Eusko Jaurlaritzan euskararen erabilerarako plangintza-lanabesak lantzeko eta garatzeko beharrezkotzat jotzen diren jardunak proposatzea, eta egoki irizten diren neurriak proposatzea horien koordinazioa eta jarraipena Eusko Jaurlaritzako sailetako arduradunekin batera egiteko nahiz Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateetako arduradunekin batera egiteko.

d) Aholkularitza eta laguntza eskaintzea Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateetako euskara-planak diseinatzeko eta ezartzeko, Aroa Marko Estrategikoa eta Bikain – Euskararen Kalitate Ziurtagiria oinarri hartuz.

e) Hizkuntza-plangintzarako lanabesen betetze-mailaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko lanak gauzatzea eta planak berrikusteko irizpideak zehaztu eta ezartzea, Aroa Marko Estrategikoa eta Bikain – Euskararen Kalitate Ziurtagiria oinarri hartuz.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateetan hizkuntza-plangintzako lanabesak abiarazteko behar diren zerbitzuak antolatu, egituratu eta funtzionamenduan jartzeko proposamenak egitea.

g) Aholkularitza eta laguntza ematea sozietate publikoetako eta zuzenbide pribatuko ente publikoetako euskara-planak diseinatu eta ezartzeko.

h) Esleiturik duen helburu nagusiaren araberako azpiegiturak bultzatzea eta, hala badagokio, horien arduradunei prestakuntza ematea behar diren metodologia eta baliabideak egoki erabil ditzaten, bestelako administrazio-organoen eskumenak urratu gabe.

i) Dekretu honen 13.2 artikuluaren i) letran ezarritakoa betetzeko behar diren jardunak garatzea. Horrekin batera, Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua ere kudeatuko du.

j) Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, goi-mailako ikasketak eta unibertsitatekoak eginda lortutako hizkuntza-maila aztertzea eta, horrela, maila hori egiaztatzetik salbuestea edo maila-baliokidetza ezartzea, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arabera eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren arabera, hargatik eragotzi gabe Jaurlaritzako beste organo batzuei esleitu zaizkien eskumenak. Halaber, bide berriak aztertu eta proposatzea sektore publikoan euskararen komunikagaitasuna nahitaezkoa duten lanpostuetan aritzeko, erabili ohi izan den hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko bidetik at.

k) Behar diren txostenak ematea, aldez aurretik eta nahitaez, Eusko Jaurlaritzan egiten diren xedapen orokorren proiektuek euskararen erabileraren normalizazioan zer eragin duten eta hizkuntza arloan indarrean dagoen araudia betetzen duten argitzeko.

l) Hizkuntza-inpaktuaren azterlanari buruzko txostena egitea, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak egin behar baitu, Euskadiko toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzko azaroaren 19ko 179/2019 Dekretuak 56. artikuluan ezartzen duena betez.

m) Hizkuntza-inpaktuaren ebaluazioa egiteko behar diren aholkularitza- eta prestakuntza-ekintzak egitea.

n) Bikain ziurtagiriaren ebaluazio eta kudeaketan parte hartzea, organismo publikoen ebaluazioak kudeatuz eta idazkaritza teknikoan eta artezkaritza-kontseiluan parte hartuz. Arlo horretan, aholkularitza ematea 19/2024 Dekretuaren eraginpeko entitateei Bikainera aurkezteko prozesuan, eta ebaluazio-simulazioak egitea.

ñ) Instituzio eta entitate publikoekin batera, koordinazio-ekimenetan zein bestelako proiektuetan parte hartzea.

o) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateei aholkularitza ematea euskararen normalizazioan izan ditzaketen arazo tekniko eta juridikoak argitzeko.

p) IVAPekin batera, berariazko prestakuntza-saioak antolatu, kudeatu eta burutzea Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateetako langile teknikoentzat.

q) Hala eskatzen duten herritarrei beren hizkuntza-eskubideak defendatzen laguntzea eta hizkuntza-eskubideak babesteari buruzko informazioa eta aholkularitza ematea, eta eragindako organismoei elkarlana eskaintzea eskubide horiek benetan bete ditzaten, uztailaren 29ko 150/2008 Dekretuak arautzen duen Elebide-Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuaren bitartez.

r) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateetako lanpostuetan ezarri beharreko hizkuntza-eskakizunen eta derrigortasun-daten gaineko nahitaezko txostenak egitea, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 187.4 artikuluan xedatutakoarekin bat. Halaber, erabilera-planei buruzko nahitaezko txostenak egingo ditu, aipatutako 11/2022 Legearen 187.4 artikuluarekin eta otsailaren 22ko 19/2024 Dekretuarekin bat.

s) Herri Administrazioak Koordinatzeko Batzordearen bidez (Hakoba), hizkuntza-politikan eskumena duten botere publikoen arteko lankidetza bultzatzea, koordinatuta jardun dezaten.

t) Dekretu honen 13.2 artikuluaren j) apartatuan ezarritakoa betetzeko behar diren jardunak garatzea.

15. artikulua.– Euskara Sustatzeko Zuzendaritza.

1.– Euskara Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio dekretu honen 6. artikuluan ezarritako egitekoak betetzea euskararen erabilera bultzatzeko eta sustatzeko lanaren alorrean, beti gainbalio positiboa gehituta euskararen erabilerari.

Era berean, genero-ikuspegia txertatuko du bere eskumen-eremuan garatzen diren euskara sustatzeko politika publikoetan, eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako neurriak ezarriko ditu, bai eta ekintza positiboak ere horiek beharrezkoak diren eremuetan, saileko Berdintasunerako Administrazio Unitatearekin lankidetzan eta elkarrekin koordinatuta.

2.– Ildo horretatik, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak egiteko hauek izango ditu:

a) Euskarak hedabideetan duen presentzia sustatzeko ekimenak bultzatzea.

b) Euskarazko hedabideak indartzeko eta sustatzeko ekimenak bultzatzea.

c) Hizkuntza-bizikidetzan oinarritzen den gizarte-aktibazioa indartzeko ekimenak bultzatzea eta, bereziki, Euskaraldia sustatzeko eta koordinatzeko lanak egitea.

d) Euskarak ingurune digitalean duen presentzia sustatzeko ekimenak eta programak bultzatzea.

e) Adimen artifizialean oinarritutako hizkuntza-tresnak eskuratzea eta herritarren esku jartzea, bere kabuz edo beste organo edo entitate batzuekin elkarlanean.

f) Haurrak eta gazteak eremu informaletan euskara erabiltzera sustatzeko ekimenak eta programak proposatu eta kudeatzea, bereziki ahozkotasunari lehentasuna emanez.

g) Gazteen beharrak asetzeko euskarazko ingurunea sortzeko ekimenak bultzatzea.

h) Euskal-kulturaren arloan dabiltzan organismo eta elkarteekin batera, euskararen erabilerarako interes globaleko proiektuak garatzea.

i) Zuzendaritzaren eskumen-eremuarekin lotura zuzena duten sentsibilizazio-kanpainak edo neurriak garatu eta koordinatzea.

j) Bere kabuz edo beste entitate edo organo batzuekin elkarlanean, dagokion egiteko nagusia betetzera bideratutako beste edozein jarduni ekitea.

k) Herritarrei euskara bizitzaren eremu guztietan erabiltzeko aukera emango dieten hitzaldi positiboak lantzea (adierazpenak).

l) Euskarazko kultura-produktuen kontsumoa sustatzea.

16. artikulua.– Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritza.

1.– Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzari dagokio dekretu honen 6. artikuluan ezarritako egitekoak betetzea, bai euskararen normalizazioan inplikatuta dauden eragileekiko jardunbide eta harremanei dagokienez, bai euskararen egoerari eta garapenari buruzko ikerketei dagokienez.

Era berean, genero-ikuspegia txertatuko du bere eskumen-eremuan garatzen diren hizkuntza-ikerketa eta koordinaziorako politika publikoetan, eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako neurriak ezarriko ditu, bai eta ekintza positiboak ere horiek beharrezkoak diren eremuetan, saileko Berdintasunerako Administrazio Unitatearekin lankidetzan eta elkarrekin koordinatuta.

2.– Ildo horretatik, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak egiteko hauek izango ditu:

a) Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako zuzendaritzen arteko koordinazioa gauzatzea.

b) Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako zeharkako politikak garatu eta horien jarraipena egitea.

c) Euskararen Aholku Batzordeak eta haren batzorde bereziek lanerako behar dituzten datuak jaso eta prestakuntza-tratamendua egitea, lanak koordinatzea eta jarraipena egitea, baita batzordearen idazkaritza-lanak egitea ere.

d) Aroa Marko Estrategikoaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko eta aldian-aldian eguneratzeko behar diren azterlanak eta analisiak egitea.

e) Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Agenda Estrategikoa kudeatzea eta jarraipena egitea, hizkuntza-politika gobernu-jardunaren ardatzetako bat izan dadin.

f) Euskararen normalizazioa bultzatzea Iparraldeko eta Nafarroako Foru Komunitateko erakundeekin lankidetzan.

g) Lankidetza bultzatzea Espainiako gainerako hizkuntzen gaineko eskumenak dituzten erakundeekin.

h) Europako ikerketa- eta lankidetza-proiektuak koordinatu eta kudeatzea, hizkuntza-politikaren ardura duten beste elkarte eta organismo batzuekin batera.

i) Ikerketa- eta lankidetza-akordioak bideratzea, gutxiengoen hizkuntzek Europar Batasunean eta handik kanpora bizi duten errealitate sozialaren gaineko lanketa askotarikoak bideratzeko.

j) Euskararen eta hizkuntza gutxituen eremuan egokitzat jotzen diren azterlanak eta ikerketak dokumentatu, egin eta zabaltzea.

k) Euskal Herriko Inkesta Soziolinguistikoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Mapa Soziolinguistikoa aldian-aldian egin eta berrikustea.

l) Euskararen Adierazle Sistema elikatu eta jarraipena egin nahiz zabaltzea, euskararen beste eremu eta arlo batzuetako kideekin lankidetzan.

m) Bestelako hizkuntza-ikerketak egin eta bultzatzea, eta dekretu honen 13.2 artikuluko d) apartatuan aurreikusitako ikerketak eta lanak koordinatzea.

n) Behaketa- eta prospekzio-proiektu estrategikoak garatzea, hizkuntza-politikaren arlora berrikuntza dakarten jardueren jarraipena eginda.

ñ) Sektore sozioekonomiko pribatuari lotutako plana garatu eta jarraipena egitea, eta eremu sozioekonomikoan euskara sustatzeko baliabide askotarikoak kudeatzea.

o) Lankidetza eta koordinazioa bultzatzea sektore sozioekonomikoaren parte diren eremu askotarikoekin (erakunde publiko eta pribatuak), eremu sozioekonomikoan euskara sustatzeko baliabideak antolatu eta kudeatzeko.

p) Entitate publiko eta pribatuen jardueretan euskararen kudeaketa-, aitorpen- eta ebaluazio-sistemari lotutako tresna askotarikoak aztertu eta garatzea, indarrean dauden kalitate-ziurtapenen sistemetan jasotako parametroetan oinarrituta.

q) Erakunde pribatuetan kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak babestuko direla bermatzeko eta euskararen erabilera sustatzeko ekimenak garatzea.

r) Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE) organismo autonomo administratiboa Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikita egoteak sailari dakarzkion jardunak garatzea.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Ordezpenen araubidea.

Sailburuordeen edo zuzendarien postuak hutsik egonez gero edo beraiek absente edo gaixorik egonez gero, beren eskumenak lehenago inori eskuordetu ez badizkiote, egoerak dirauen bitartean arau hauen bidez egingo dira ordezpenak:

a) Sailburuordeek dituzten eskumenak eta egitekoak beren mende dauden zuzendariek beteko dituzte dekretu honetan ezarritako hurrenkeran.

b) Zuzendaritzei esleitutako eskumenak dagokion sailburuordetzako zuzendariek beteko dituzte, egiturako hurrenkeraren arabera; hau da, egituran aurre-aurretik dagoenari egokituko zaio dena delako zuzendaria ordezkatzea, eta lehenengo zuzendaria sailburuordeak ordeztuko du. Horiek ezin badute, hierarkikoki gain-gainetik dagoen hurrenak ordeztuko ditu, hurrengo apartatuan xedatzen den kasuan izan ezik.

c) Zuzenean sailburuaren mende dauden zuzendarien ordezpenak txandaka egingo dira dekretu honen 2.1.a) artikuluak ezarritako hurrenkeraren arabera.

d) Aurreko arauak nahikoa ez direnetan, gainetik dagoen hurrengo administrazio-organoak izendatzen duenak beteko ditu administrazio-organoaren eskumenak.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Bitarteko propio pertsonifikatuei mandatuak egitea.

Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko kontratazio-organoek eskumena izango dute, baldintza berberetan, obrak gauzatzeko eta zerbitzuak emateko mandatuak egiteko, sektore publikoko kontratazioa arautzen duen araudian ezarritakoaren arabera.

XEDAPEN IRAGANKORRA.– Izapidetzen ari diren espedienteak.

Dekretu hau indarrean jartzen denean, dekretu honetan xedatutakoaren arabera eskudun diren organoek izapidetuko eta ebatziko dituzte aribidean dauden espedienteak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA.– Arauak indargabetzea.

Berariaz indargabetuta geratzen da 73/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Gaikuntza.

Ahalmena ematen zaio Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari dekretu hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak emateko eta zuzendaritzaren mailara heltzen ez diren unitate organikoak bateratu, sortu edo desagerrarazteko baldin eta horrek gastuak areagotzen ez baditu.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko azaroaren 26an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.


Azterketa dokumentala