194. zk., 2024ko urriaren 4a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (166 KB - 8 orri.)
- EPUB (111 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SEGURTASUN SAILA
4584
AGINDUA, 2024ko irailaren 25ekoa, Segurtasuneko sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita laguntzak emateko 2024an Bragan (Portugal) egingo diren Polizien eta Suhiltzaileen Europako X. Jokoetan parte hartuko duten Ertzaintzako kirolariei.
Segurtasun Sailaren aburuz, garrantzitsua da kirol-esparruarekin zuzenean lotuta dagoen jarduera-arlo bat sustatzea, bi helbururekin. Batetik, Ertzaintzaren irudi positiboa sustatzea hala Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan nola kanpoan. Bestetik, kirol-lehiaketen balioak sustatzea, aintzat hartuta horietako asko parte-hartzaileen jarduera profesionalarekin lotuta daudela modu batera edo bestera, eta parte-hartzaileok forma fisiko onenean egoteko balio dutela. Horregatik, sailak uste du Ertzaintzako agenteek Polizien eta Suhiltzaileen Europako Jokoetan parte hartzea kirol-erronka bat dela, baina baita ere aukera ona dela Ertzaintzako kideek erakundearen parte direla are gehiago sentitzeko eta beste kultura eta komunitate batzuekin laguntasun- eta truke-harremanak zehazteko. Horrela, Ertzaintzaren irudi ona sustatu eta hedatuko da zeregin profesionalaren alderdi guztietan.
Segurtasun Sailak 2024. urterako duen dirulaguntzen plan estrategikoan, helburuen artean, hau ezarri du: Ertzaintzako langileek Polizien eta Suhiltzaileen Jokoetan parte har dezaten sustatu eta bultzatzea. Aintzat hartu behar da polizia-lanak egoera fisiko berezia eskatzen duela; izan ere, eskakizun hori argi geratzen da kidegorako hautaketa-prozesuan bertan. Baina egoera horri ibilbide profesionalean zehar eutsi behar zaio. Beraz, ibilbide profesionalean zehar sasoiko egotea sustatzeko, Segurtasun Sailak polizia-kidegoko kideek jarduketa publikoetan parte hartzea sustatzen du, esaterako, polizia eta suhiltzaileen jokoetan. Izan ere, parte hartzea, jokoon sonagatik, akuilu eta pizgarri gisakoa da beste funtzionario batzuentzat, ariketa fisikoa eta kirola egiteko ohitura izan dezaten, sasoiko egoteko eta esparru profesionalean errendimendua eta segurtasuna areagotzeko. Eta, bestetik, horretaz gain, egiaztatu da kirol-jarduera publikoetan parte hartzea eredugarria dela, batez ere komunikabideetan duen oihartzun publikoagatik, joan diren urteetan parte-hartzearekin lortutako arrakasta kontuan hartuta; izan ere, eragiten du gainerako funtzionarioek ikustea kirol-jardueraren bidez gaitasun fisikoari eustea komeni dela, eta, aldi berean, kirol-lorpenak taldearentzat gauza prestigiotsutzat hartzen dira. Hori dela eta, EAEko 2024ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrek aurreikusten dute 2024an Polizien eta Suhiltzaileen Jokoetan parte hartuko duten Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoko langile kirolariei laguntzak ematea.
Laguntza hauen helburua da 2024ko urriaren 11tik 20ra bitartean Bragan (Portugal) egingo diren Polizien eta Suhiltzaileen Europako X. Jokoetan parte hartzea erraztea.
Horiek horrela, Segurtasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 6/2021 Dekretuak ematen dizkidan eskumenei jarraikiz, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia onestea.
Onestea agindu honetan azaltzen diren oinarriak, eta deialdia egitea 2024ko urriaren 11tik 20ra bitartean Bragan (Portugal) egingo diren Polizien eta Suhiltzaileen Europako X. Jokoetan parte hartuko duten Ertzaintzako kirolariei dirulaguntzak emateko.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Segurtasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere aurkez dezakete zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 25a.
Segurtasuneko sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
ERANSKINA
OINARRIAK
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da deialdia egitea 2024ko urriaren 11tik 20ra bitartean Bragan (Portugal) egingo diren Polizien eta Suhiltzaileen Europako X. Jokoetan parte hartuko duten Ertzaintzako kirolariei dirulaguntzak emateko.
2. artikulua.– Zuzkidura ekonomikoa, diruz lagun daitezkeen gastuak eta bateragarritasuna beste laguntza batzuekin.
1.– Agindu honen zuzkidura ekonomikoa hogei mila (20.000,00) eurokoa da. Eskatzaile bakoitzari, gehienez ere, parte hartzeagatik benetan sortu eta justifikatutako gastuaren % 60 emango zaio, agindu honetan ezarritako mugekin; hala ere, eskabide bakoitzeko, gehienez, mila (1.000,00) euro emango dira.
2.– Egiaztatutako gastuen zenbatekoa eurotan zenbatuko da, eta laguntzak ere moneta horretan ordainduko dira.
3.– Agindu honetarako, bidaia, ostatua, mantenua eta inskripzio-kuota hartuko dira gastutzat, betiere baldintza hauekin:
a) Bidaia-gastuei dagokienez, hau ordainduko da: ordaindu eta justifikatutako joan-etorriko txartelaren zenbatekoa, hautatutako garraiobidean, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Braga (Portugal) hiriaren artean. Norberaren ibilgailua erabiltzea aukeratu bada, egindako kilometroak eta bidesari-gastuak ordainduko dira.
Halaber, ostatuaren eta lehiaketak egiteko instalazioen arteko joan-etorrien gastuak ordainduko dira, horretarako ezarritako egunetan, bai eta jokoak irekitzeko eta ixteko ekitaldietara joateko gastuak ere.
Garraio publikoan egindako joan-etorriko txartelaren bidez justifikatutako gastuak ordainduko dira edo, hala badagokio, kilometrajea eta bidesaria, Ertzaintzan egindako zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko urtarrilaren 17ko 5/2012 Dekretuaren aurreikuspenen arabera; kasu horretan, bi puntuen arteko distantzia egiaztatu beharko da.
b) Ostatuko gastutzat joko dira, berriz, logela eta gosaria ordaintzekoak. Gehienez ere lau izarreko hoteletan hartu beharko da ostatu; hala ere, ostatu partekatuak ere onartuko dira eta, horrelakoetan, zati proportzionala ordainduko da.
Ostatu-gastuengatik jasoko den zenbatekoa benetan ordaindutakoa eta justifikatutakoa izango da, hurrengo apartatutan ezarritako mugen barruan.
Hartutako ostatuan gosaririk eduki ezean, benetan gastatutako eta justifikatutako gosaria ordainduko zaie, eta gehienez ere 6 euro.
c) Mantenu-gastuetarako laguntzak ordaindutako eta justifikatutako zenbatekoetan emango dira, eta zenbateko horiek ezin izango dute gainditu urtarrilaren 17ko 5/2012 Dekretuan ezarritako muga (5/2012 Dekretua, urtarrilaren 17koa, Ertzaintzan egindako zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzkoa).
Dagokion diru-kopurua sortze aldera, mantenu-gastutzat joko dira bazkaldu edo afaltzekoak, banan-banan hartuta.
d) Aukeratutako modalitateetan izena emateko gastuak joko dira inskripzio-gastutzat.
4.– Deialdi honen xede diren laguntzak bateratu ahal izango dira beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batzuek helburu bererako eman ditzaketen beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin eta beste edozein diru-sarrera edo baliabiderekin, betiere gainfinantzaketarik eragiten ez bada. Kasu horretan, gehiegizko kopuru hori kenduko zaio deialdi honen bidez emandako laguntzari.
3. artikulua.– Laguntzen onuradunak.
1.– Ertzaintzako kirolariek eska dezakete dirulaguntza hau, eskakizun hauek betez gero:
a) Ertzaintzako funtzionarioa izatea, eskabidea egiten den unean eta jokoek iraun bitartean.
b) Eskatutako laguntzaren xede den modalitateari edo modalitateei dagokien federazio-lizentzia izatea, edo, federatu gabeko kirol-jardueren kasuan, parte hartuko den modalitatean aritzen den kirol-elkarte bateko kide izatea. Edonola ere, kirol-ekitaldia egin bitartean, indarrean egon behar izan du federazio-lizentzia horrek edo elkarteko kide izate horrek.
c) Europako Osasun Txartela edo indarreko osasun-laguntzako aseguru bat izatea Portugalerako joan-etorria eta kirol-ekitaldia egin bitartean.
d) Egunean ordainduta izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, baita dirulaguntzak organo emaileari berreskuratzeko betebeharrak ere. Eskakizun horiek bete beharrekoak dira, bai onuradun izateko, bai izaera horri eusteko, emandako dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, dirulaguntza ematen den unean eta ordainketak egiten direnean egiaztatuko da.
e) Segurtasun Sailak ezin badu egiaztatu artikulu honetan ezarritako eskakizunen bat, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatu beharko da. Adierazpen hori eskabidearekin batera jasoko da.
2.– Ezin izango dira laguntza hauen onuradun izan laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalen bat jaso dutenak, ez eta horretarako gaitasuna eragozten dien legezko debekuren batean daudenak ere, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan xedatutakoaren arabera.
4. artikulua.– Dirulaguntzako kirol-modalitate eta -diziplinak.
Aurten, 2024an, agindu honetan adierazitako kirol-txapelketen programa ofizialetan agertzen diren kirol-modalitate eta -diziplinek eta polizia-espezialitateek hartu ahal izango dituzte agindu honetan araututako laguntzak.
5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Agindu honetan aipatutako laguntzak lortu nahi dituzten pertsonek elektronikoki soilik izapidetu ahal izango dute eskabidea eta, horretarako, egoitza elektroniko honetan sartu eta hor aurkeztuko dituzte eskabideak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1217803
Eskabidearen ondorengo izapideak bide elektronikoz egin beharko dira, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Horretarako, ziurtagiri elektroniko bat eduki beharko da, administrazio honen aurrean behar bezala identifikatzeko (IZENPE herritar-txartela, NAN elektronikoa edo antzeko beste bat). Erabil daitezkeen ziurtagiriei buruzko informazio guztia Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri (www.euskadi.eus), «Nire karpeta», «Sartu Nire karpetan» atalean.
2.– Kirolari bakoitzak eskabide bakarra aurkeztuko du, azalduta zein modalitatetarako (baterako zein bat baino gehiagotarako) eskatzen duen dirulaguntza, eta eskabidean adierazitako agiriak ere aurkeztuko ditu. Beste eskabide bat aurkezteak aurretik aurkeztutakoak baliogabetuko ditu.
3.– Eskabideak aurkezteko epea 2024ko urriaren 21ean hasi eta azaroaren 11n bukatuko da, biak barne.
4.– Administrazioak ofizioz egiaztatuko du Ertzaintzako karrerako funtzionario izateko eskakizuna betetzen den. Era berean, ofizioz egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ordainduta dituela, baita dirulaguntzak organo emaileari berreskuratzeko betebeharrak ordainduta dituela ere, salbu eta interesdunak aurka dagoela adierazten badu; kasu horretan, agiri bidez egiaztatu beharko du.
Gainerako eskakizunak interesdunak egiaztatu beharko ditu, dagozkion agiriak aurkeztuta, eskabideak aurkezteko epean, agindu honen eranskinean agertzen den moduan.
6. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.
Eskabideak oinarri honetan eskatutako eskakizunak betetzen ez baditu, osorik ez badago edo akastuna bada, interesdunari errekerimendua egingo zaio hamar egun balioduneko epean falta zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko dokumentuak eramateko, eta adieraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egindakotzat joko dela, Giza Baliabideen Zuzendaritzari dagokion sailburuordeak horretarako ebazpena eman ondoren, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan jasotako moduan.
Eskabidea aurrez aurre aurkeztu bada, eskatzaileari eskatuko zaio zuzen dezala, eta elektronikoki aurkez dezala. Ondore horietarako, zuzenketa hori egin den eguna joko da eskabidearen aurkezpen-datatzat.
7. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako laguntzen onuradunek betebehar hauek bete beharko dituzte (Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan eskatutakoaz gain):
a) Izena eman zuen proban edo probetan benetan parte hartu izana.
b) Segurtasun Sailak antolatzen dituen ekitaldietan parte hartzea, zerbitzu aktiboko edo bigarren jarduerako administrazio-egoeran egon bitartean, agindu honetan aipatzen diren jokoak egiten direnetik hurrengo jokoak egiten diren arte, edo Europako jokoetan parte hartzen duten pertsonen presentzia egokitzat jotzen den bestelako ekitaldietan, Ertzaintzako langileek kirol-jardueretan duten partaidetza hedatzeko, zenbait balio sustatzeko neurri gisa, hala nola gaikuntza fisikoari eustea edo kirol-jarduera orori datxezkion balioak, taldean izan zein ez.
c) Emandako dirulaguntza onartzea, emateko ebazpenean ezarritako baldintzetan. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiola jakinarazten zaion egunetik hasi eta hamabost eguneko epean onuradunak berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egin ezean, dirulaguntza onartu duela ulertuko da.
d) Zertarako ematen den dirulaguntza, horretarako erabiltzea, eta ez beste ezertarako.
e) Azalpen-memoria aurkeztea, honako hauek zehaztuta: eginiko bidaiaren egutegia; justifikatutako gastuak, kronologikoki adierazita; gastuak norekin partekatu diren, hala badagokio, eta gastuak bidezkoak eta egokiak izan direla justifikatzeko balio duten gainerako alderdiak.
f) Fakturak edo tiketak aurkeztea, deialdiko oinarrietan ezarrita dauden eta diruz lagundu daitezkeen gastuei dagozkienak. Europar Batasuneko hizkuntza ofizial batean aurkeztu beharko da dokumentazio hori.
g) Giza Baliabideen Zuzendaritzari jakinaraztea Estatuko edo nazioarteko beste edozein administraziok edo ente publikok nahiz pribatuk helburu bererako bestelako dirulaguntzak edo laguntzak eman dizkiola.
h) Deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzen gainean eskatutako informazioa helaraztea Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.
i) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu bada, horren berri ematea laguntza eman duen entitateari.
j) Segurtasun Sailak eskatzen duen informazioa ematea, bereziki betebeharrak bete izana justifikatzeari dagokionez. Informazio hori dirulaguntza ordaindu aurretik eman beharko da.
k) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
8. artikulua.– Laguntzak eskuratzeko kirol-irizpideak.
Eskatzaileek, agindu honetan araututako laguntzak eskuratzeko, gutxienez baldintza hauetako bat betetzen dutela egiaztatu beharko dute:
– Edo 2024ko agindu honetan aipatutako jokoetan 5. postua edo hobea lortu izana egiaztatzea. Taldekako probetan, nahikoa izango da taldeko partaide batek egiaztatzea postu hori.
– Edo, bestela, urrezko domina bat edo zilarrezko bi edo brontzezko hiru lortu izana 2009tik 2023ra bitartean (biak barne) izandako munduko edo Europako jokoetan, eta hala egiaztatzea.
9. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.
1.– Eskatzaileen artean emango dira laguntzak, Segurtasun Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzari dagokion sailburuordearen ebazpen baten bidez.
2.– Agindu honen 3. artikuluko eskakizunak, 7. artikuluko betebeharrak eta 8. artikuluan ezarritako kirol-irizpideak betetzen dituzten eskabideen artean esleituko da aurreikusitako zuzkidura ekonomikoa.
Laguntzak esleitzeko, aldibereko konkurrentzia-prozedura bat beteko da eta, prozedura horretan, garaiz eta behar bezala aurkeztutako eskabide guztiei emango zaizkie deialdiko laguntzak, baldin eta eskatutako eskakizun objektibo eta subjektiboak betetzen badituzte. Horretarako, eskabide bakoitzari dagokion zenbatekoa kalkulatuko da, agindu honen 2. artikuluan aurreikusitako gehieneko muga kontuan hartuta.
Bigarren artikulu horretan adierazitako zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada artikulu honetako aurreko paragrafoan adierazitakoaren arabera hasiera batean kalkulatutako zenbatekoak estaltzeko, dagozkion zenbatekoen laguntzak esleituko dira. Horrela ez bada, kalkulatutako zenbatekoen murrizketa lineala aplikatuko da, harik eta zuzkidura hori guztiei laguntza eman ahal izateko nahikoa izan arte.
10. artikulua.– Kudeaketa-organoa.
Giza Baliabideen Zuzendaritza izango da aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta dokumentazioa egiaztatzeko organo eskuduna.
11. artikulua.– Ebazpena, publizitatea eta errekurtsoak.
1.– Deialdian aurkeztutako eskabideak dagokien prozeduraren bidez izapidetuko dira, eta Giza Baliabideen Zuzendaritzari dagokion sailburuordeak ebatziko du prozedura hori.
2.– Ebazpen horretan zehaztuko da eskatutako laguntzak emango diren ala, hala badagokio, ukatu egingo diren; lehenengo kasuan, adierazi behar dira, gutxienez, onuradunaren izena eta zenbateko laguntza eman zaion. Ukatuz gero, berriz, eskatzaileen izena eta laguntza zergatik ukatu den adieraziko da.
3.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Segurtasuneko sailburuari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluei jarraikiz.
4.– Ebazpena Gurenet atarian eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak jakinarazpenak. Argitaratzen den egunean bertan emango zaie horren berri interesdunei, eskabidean gailu elektroniko edo helbide elektroniko bat zehaztu badute harremanetarako.
5.– Prozedura ebazteko eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igaro eta aurreko apartatuan ezarritako argitalpena egin ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 22.5 artikuluan xedatutako ondoreetarako.
12. artikulua.– Laguntzen ordainketa.
Ordainketa bakarrean ordainduko dira laguntza hauek, ebazpena egin ondoren, gehienez bi hilabeteko epean eta berariaz uko egiten ez bada. Horretarako, Hirugarrenaren datuen alta eguneratuta izan beharko du onuradunak, esteka honetan:
https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
13. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Laguntza emateko agindu honetan ezarritako baldintzak aldatzen badira eta beste administrazio edo ente publiko edo pribatuek, estatukoek edo atzerrikoek, dirulaguntzak eta laguntzak ematen badituzte, eta, ondorioz, agindu honetan ezarritako mugak gainditzen badira, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Ondorio horietarako, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen 25. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, dagokion likidazio-ebazpena emango du Segurtasun Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzari dagokion sailburuordeak, emandako laguntzaren zenbatekoak egokitzeko.
14. artikulua.– Dirulaguntza emateko eskakizunak ez betetzea.
Dirulaguntza emateko baldintzak betetzen ez direla frogatzen bada, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, batetik, jasotako kopuruak eta, bestetik, dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko legezko berandutze-interesa, hala agintzen baitute Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak. Itzultzeko modua ere aipatutako lege-xedapenetan dago jasota. Batez ere egoera hauetan egin beharko da adierazitakoa:
a) Laguntzaren helburua ez betetzea.
b) Laguntza jasotzea horretarako eskatzen ziren baldintzak bete gabe.
c) Agindu honen 7. artikuluan ezarritako betebeharren bat ez betetzea.
d) Jardueraren kostua kontuan izanda, gehiegizko finantzaketa gertatzea.
e) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan adierazitako kausak.