Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

191. zk., 2024ko urriaren 1a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
4512

EBAZPENA, 2024ko irailaren 12koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez ontzat ematen baita «Altza-Galtzaraborda tarteko instalazio elektrikoen eta ekipoen proiektua».

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak egin duen jarduketetako bat Donostia-Hendaia linearen pixkanakako bikoizketa da, Donostiatik hasita, eta zatika aurrera eginez, metropoli-eremuaren edukiera eta, ondorioz, trenbide-eskaintza handitu ahal izateko.

2007ko uztailean, Herrera-Galtzaraborda tartean trazadura-alternatibak aztertzeari ekin zitzaion, eta dokumentua 2008ko azaroan entregatu zen. Dokumentu horren helburua Donostia-Hendaia linearen funtzionamendua hobetzea zen, bai eta salgaien trafikoa sustatzea ere, salgaiak eta bidaiarien trafikoa batera egotea arrazionalizatuz, eta Lurraldearen Arloko Planaren aldaketan formulatutako irizpideak eta helburuak bereziki kontuan hartuz.

Proposatutako alternatibaren ondorioz, Herrerako eta Altzako geltokien arteko bikoizketa beharrezkoa da.

2009ko martxoan, EBAOn argitaratu zen trenbidea bikoizteko eta Altza/Pasaiako geltoki berria egiteko informazio-azterlana idazteko zerbitzuaren lizitazioa, eta 2009ko irailaren 11n esleitu zen. Bertan, aurreko azterlanak egin bitartean agerian utzi ziren baldintza guztiak berrikusi ondoren, Herrerako eta Galtzarabordako geltokien artean egin beharreko jarduketaren behin betiko konponbidea definitu eta zehaztu zen.

Informazio-azterlana jendaurrean jarri zen 2010eko azaroaren 23an.

2012ko martxoaren 22ko Ebazpenaren bidez, Ingurumeneko sailburuordeak proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpenaren alde egin zuen.

2012ko apirilaren 27ko Ebazpenaren bidez, Garraio eta Herri Lanetako sailburuordeak behin betiko onartu zuen «Herrerako eta Galtzarabordako geltokien arteko bikoizketari eta Altza-Pasaiako geltoki berriari buruzko informazio-azterlana».

2011ko ekainean, Herrera-Altza tarteko eraikuntza-proiektua idazten hasi ziren, eta 2012ko otsailean amaitu.

Garraio Azpiegituraren zuzendariaren 2012ko maiatzaren 10eko Ebazpenaren bidez, honako hau onartu zen: «Donostialdeko metroa eraikitzeko proiektua. Herrera-Altza tartea».

2012ko ekainean, ETSk Donostialdeko metroaren Altza-Galtzaraborda tarteko eraikuntza-proiektua idazteko zerbitzua kontratatzeko lehiaketarako deia egin zuen. EPTISA-TEAM aldi baterako enpresa-elkarteak aurkeztutako eskaintzak irabazi zuen, eta 2012ko azaroaren 12an sinatu zen esleipen-kontratua.

2012ko abuztuan, Herrera-Altza tarteko obrak hasi ziren, eta obra horiek 2016ko azaroan amaitu ziren. 2014ko urrian, EPTISA-TEAM aldi baterako enpresa-elkarteak eraikuntza-proiektua entregatu zion Euskal Trenbide Sareari.

2021eko urtarrilaren 28an, Euskal Trenbide Sarea erakundeko Kontratazio Batzordeak onartu zuen «Donostialdeko metroaren eraikuntza proiektuaren araudia egokitzeko eta eguneratzeko zerbitzua. Tartea: Altza-Galtzaraborda» helburu duen lizitazioaren espedientea hastea eta gastua onartzea.

2021eko otsailaren 4an, ETSk EPTISA-TEAMek osatutako aldi baterako enpresa-elkarteari esleitu zion «Donostialdeko Metroaren Eraikuntza Proiektuaren araudia egokitzeko eta eguneratzeko zerbitzua. Tartea: Altza-Galtzaraborda». Hauek dira haren lanak:

• Eraikuntza-proiektua indarrean dagoen araudira egokitzea.

• Eraikuntza-proiektua eguneratzea, proiektua idatzi zenetik inguruan gertatu diren eguneraketekin.

Obra zibileko kontratu horietan ez dira sartzen instalazio elektromekanikoak, eta, beraz, proiektua idaztea beharrezkoa da horiek definitzeko.

2021eko uztailaren 30ean, ETSk CAF Turnkey & Engineering enpresari esleitu zion Altza-Galtzaraborda tarteko instalazioen proiektuak idaztea. Proiektu horien lanen barruan sartzen da geltokiei, larrialdietako irteerei, aireztapenei eta tunel-zatiei dagozkien instalazioak definitzea, ondoren gauzatzeko.

Proiektuaren xedea da Donostialdeko metroaren Altza-Galtzaraborda tarteko instalazio elektrikoak osatzen dituzten sistema guztiak behar bezala diseinatzea, legeztatzeko.

Altza-Galtzaraborda tarteko instalazio elektrikoak eta ekipoak hornitzeko eta instalatzeko egin beharreko lanak deskribatzea da dokumentu honen xedea:

• Instalazio elektrikoak eta argiak.

• Suteen aurkako sistemak eta gasen detekzioa.

• Sarbideak eta intrusioaren aurkakoak.

• Ponpaketak.

• Aireztapena.

• Erdi-tentsioko instalazioa.

• Sarbide mekanizatuak.

• Instalazioen kontrola. Teleagintea.

• Aldaketak Altzako geltokian (gaur egun funtzionamenduan dago eta Sasuategiko larrialdietako-irteeraren eta Pasaiako geltokiaren elikadura-puntua da).

Proiektua egikaritzeko aurrekontua hiru milioi zortziehun eta hirurogeita sei mila eta hirurogeita hamazazpi euro eta berrogeita sei zentimokoa (3.866.077,46) da. Horrek esan nahi du lizitaziorako oinarrizko aurrekontua bost miloi bostehun eta hirurogeita sei mila zazpiehun eta hirurogeita lau euro eta laurogeita hamalau zentimokoa (5.566.764,94) dela, BEZa barne; eta Administrazioak horren berri izateko aurrekontua: lau milioi seiehun mila seiehun eta hogeita hamabi euro eta hemezortzi zentimokoa (4.600.632,18), BEZa kanpo.

Obrak egiteko hamaika (11) hilabeteko epea aurreikusten da.

Euskal Trenbide Sareko (ETS) Zerbitzu Teknikoek egiaztatu dute proiektu honek bere xedeari erantzuten diola eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrak eskatutako baldintzak betetzen dituela, kontrata bidez egikaritzeko behar diren alderdi nahikoak jasotzen baititu; halaber, maila formalean berrikusi dute proiektua, eta berresten dute bete egiten duela Sektore Publikoko Kontratuen Legean eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoa, maila formalean, beharrezko dokumentuak eta indarrean dagoen araudia sartzeari dagokionez, edukiari, sinadurei eta alderdi formalei, beharrezko kalkulu-oinarri eta -hipotesiei eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 233.1 artikuluan zerrendatutako edukiari lotuta.

Organo honek eskumena du trenbide-sareko proiektuak egiteko eta onartzeko, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 2021eko urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2 b) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatu beharrekoak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Altza-Galtzaraborda tarteko instalazio elektrikoen eta ekipoen proiektua» onartzea. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, BEZa barne, bost miloi bostehun eta hirurogeita sei mila zazpiehun eta hirurogeita lau euro eta laurogeita hamalau zentimokoa (5.566.764,94) da, eta obrak egiteko epea hamaika (11) hilabetekoa izango dela aurreikusi da.

Bigarrena.– Eraikuntza-proiektu hau onartzeak berekin dakar obrak onura publikokoak edo interes sozialekoak direla deklaratzea, okupatzeko beharra adieraztea eta dagokion eraikuntza-proiektuaren beraren eranskinean zerrendatuta dauden erasandako ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla adieraztea.

Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Idazki hori organo honi edo Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari bidali beharko zaio.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien aretoan, hargatik aldez aurretik errekerimendua egitea eragotzi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 12a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.


Azterketa dokumentala