Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

191. zk., 2024ko urriaren 1a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
4511

EBAZPENA, 2024ko irailaren 11koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez onesten baita «Bilbo-Donostia lineako 37+154 KPan Torretxoko trenbide-pasagunea kentzeko eraikuntza-proiektua».

2016ko urtarrilean, Euskal Trenbide Sareak (ETS) TYPSA taldeari esleitu zion Bilbo-Donostia linean (Berrizko udalerrian) Torretxoko trenbide-pasagunea (37+154 KP) kentzeko eraikuntza-proiektua idazteko eginkizuna.

2016ko apirilean, aurretiazko lanak hasi ziren, baina, ondoren, proiektua gelditu egin zen, harik eta 2017ko urrian Berrizko Udalak eta ETSk bilera egin zuten arte eragindako jabeekin, eta berriro ekin zioten proiektuari.

Torretxoko trenbide-pasagunea Bilbo-Donostia linean dago, 37+154 KPan. Pasagunearen gainazala asfalto aglomeratuzkoa da. Bidegurutzeko bidea Udalaren titulartasunekoa da, eta ibilgailu arinak eta oinezkoak ibiltzen dira bertatik. Pasagunea Berriz herritik bi baserritara iristeko erabiltzen da. Hesi automatizatuak ditu, hots- eta argi-seinaledunak.

Tokia bateragarria da trenbide-bikoizketa posible batekin; beraz, azkenean irtenbide hori gauzatzen bada, burututako soluzioak ez du bikoizketa hipotekatuko. Soluzioak trenbideko trafikoari eutsiko dio, eta aintzat hartuko ditu horretarako behar diren jarduketak.

Bilbo-Donostia lineako 37+154 KPan Torretxoko trenbide-pasagunea kentzea da proiektuaren xedea; horretarako, bide berri bat eraikiko da, Errotatxoko bidearen zati bat ordezteko, oraingo trenbidearen azpian pasagune bat jarriz. Horrela, trazadura berriari geometria eman dakioke hala oinplanoan, nola altxaeran, trenbide-plataformaren azpiko pasaguneari bide emateko, gaur egungo trazadurek eta baldintzatzaileek ezartzen dituzten mugak kenduta.

Soluzio horri esker, lehen aipatutako baserrietara normaltasunez iritsi ahalko gara, obraren erasanak direla-eta behin-behineko irtenbiderik gauzatu behar izan gabe. Lehendik dagoen bidea jardunean mantenduko da, gaur bezala, eta trenbidearen azpiko bidegurutzea mendebaldean egingo da, 25 bat metrora (beheranzko KPak, Bilborako noranzkoan). Horri esker, trenbide-pasagunea jardunean izango da obrak irauten duen bitartean, baina, gauzatutako irtenbidearen bidez pasagunea ezartzen denean, baliogabetu egingo da.

Bide berriaren trazadura-sestrak, trenbidearen azpitik igarotzen denean, lursail naturalaren antzeko malda hartzen du, eta azpiestazio elektrikoaren inguruan dagoen bidearen sestrarekin lotzen da.

Proposatutako bide berriaren zeharkako sekzioa 7,50 metro zabal da, eta 2,50 metroko zabalera duten bi erreiko galtzada, 2,00 metroko zabalera duen espaloia eta 0,50 metroko zabalera duen bazterbidea ditu.

Trenbide-plataformari, hormigoi armatuzko marko batek eutsiko dio bide gainean, hegaldun marko batek, egiturazko estradoseko lur-jauziei eusteko. Markoaren zabalera doituta dago, bide bikoitzeko plataforma bat hartu ahal izan dezan, etorkizunean trenbidea bikoiztuko dela aurreikusita.

Lubakia ohiko bitarteko mekanikoen bidez hondeatuko da, eta ezpondek malda egokia izango dute, epe luzera egonkorrak izan daitezen. Hormigoi armatuzko markoa trenbide-plataformaren inguruan egingo da, eta, ondoren, haren azpira bultzatuko da, katu hidraulikoen bidez. Horretarako, beharrezkoa izango da errepidea behin-behinean zurkaiztea eta bertatik ibiltzeko abiadura murriztea, baita seinale berriak jartzea eta joan-etorrien segurtasuna bermatzeko behar diren ekintza guztiak egitea ere.

Gaur egun jardunean dagoen trenbide-pasagunea itxi ondoren amaituko dira lanak. Horretarako, Torretxoko trenbide-pasagunean dauden trenbide-instalazioak altxatuko dira (hesiak, automatismoak, seinaleak...), eta bertako trenbide-plataforma itxi.

Proiektua materialki egikaritzeko aurrekontua milioi bat bederatziehun eta hogeita hamabi mila zazpiehun eta hirurogeita hamabost euro eta hogeita hamabi zentimokoa (1.932.775,32 euro) da. Horrek esan nahi du lizitaziorako oinarrizko aurrekontua bi milioi zazpiehun eta laurogeita hiru mila eta hiru euro eta hamazortzi zentimokoa (2.783.003,18 euro) dela, BEZa barne, eta Administrazioak horren berri izateko aurrekontua bi milioi hirurehun eta berrogeita sei mila zazpiehun eta hogeita hamazortzi euro eta laurogeita hamar zentimokoa (2.346.738,80 euro) da, BEZik gabe.

Obrak egiteko, hamabi (12) hilabeteko epea aurreikusten da.

Euskal Trenbide Sareko (ETS) Zerbitzu Teknikoek egiaztatu egin dute proiektu honek beren xedeari erantzuten diola eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak eta Administrazio Publikoko Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrak eskatutako baldintzak betetzen dituela, kontrata bidez egikaritzeko behar diren alderdi nahikoak jasotzen baititu; halaber, maila formalean berrikusi dute proiektua, eta berretsi egin dute Sektore Publikoko Kontratuen Legean eta Administrazio Publikoko Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoa betetzen duela, barruan jasotzen baititu edukia dela-eta dagozkion beharrezko dokumentuak eta indarreko araudia, sinadurak eta alderdi formalak, beharrezko kalkulu-oinarri eta -hipotesiak eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 233.1 artikuluan zerrendatutako edukia.

Organo honek eskumena du Trenbide Sareko proiektuak egin eta onesteko, bat etorrita Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen 2021eko urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2.b) artikuluan xedatutakoarekin.

Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatu behar direnak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Bilbo-Donostia lineako 37+154 KPan Torretxoko trenbide-pasagunea kentzeko eraikuntza-proiektua» onestea. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, BEZa barne, bi milioi zazpiehun eta laurogeita hiru mila eta hiru euro eta hamazortzi zentimokoa (2.783.003,18 euro) da, eta obrak egiteko epea hamabi (12) hilabetekoa izango dela aurreikusi da.

Bigarrena.– Eraikuntza-proiektu hau onesteak berekin dakar obrak onura publikokoak edo gizartearen interesekoak direla deklaratzea, okupatzeko beharra adieraztea eta dagokion eraikuntza-proiektuaren eranskinean zerrendatuta dauden eraginpeko ondasun eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla adieraztea.

Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, errekurtso-idazkia organo honi edo Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari zuzenduz.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan; hala ere, aldez aurretik errekerimendua egin ahalko dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 11.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.


Azterketa dokumentala