Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

191. zk., 2024ko urriaren 1a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
4510

EBAZPENA, 2024ko irailaren 11koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez ontzat ematen baita «Donostialdeko metroaren obraren 2. proiektu aldatua. Altza-Galtzaraborda zatia».

Ebazpen honen bidez onartu beharreko dokumentuak Donostialdeko metroaren Altza-Galtzaraborda zatiko 2. proiektu aldatuari heltzen dio.

Linea Altzan hasten da, Herrera-Altza tartearekin jarraituta, eta Galtzarabordako geltokian amaitzen da. Proiektu hau Pasai Antxo auzoari eta Errenteriako Galtzaraborda auzoari zerbitzua emateko diseinatu da. Horretarako, zatiak bi geltoki ditu guztira ibilbidean zehar: bat Pasaiako udal-mugartean eta bestea Errenteriako udal-mugartean.

Zati hau Herrera-Altza tartearen ondoren hasten da, Altzako geltokian aurreikusitako maniobra-heldulekutik aurrera, eta egun dagoen Galtzarabordako geltokian amaitzen da, trazadura hori etorkizunean Galtzaraborda eta Errenteria artean garatuko den zatiarekin koordinatuz. Proiektuaren barruan sartzen dira lineako tunela, aurreko zatiarekin lotzen denetik bide-zatiaren amaieraraino, Sasuategi kaleko larrialdietako irteera eta Pasaiako eta Galtzarabordako geltokiak.

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak egin duen jardueretako bat Donostia-Hendaia linearen pixkanakako bikoizketa izan da, Donostiatik hasita eta zatika aurrera eginez, metropoli-eremuaren edukiera eta, ondorioz, trenbide-eskaintza handitu ahal izateko.

2007ko uztailean Herrera-Galtzaraborda tartean trazadura-alternatiben azterlana hasi zen, eta dokumentua 2008ko azaroan entregatu zen. Dokumentu horren helburua Donostia eta Hendaia arteko linearen funtzionamendua hobetzea zen, bai eta salgaien trafikoa indartzea ere, trafikoa bidaiarien trafikoarekin batera egotea arrazionalizatuz, eta bereziki Lurralde Plan Sektorialaren aldaketan formulatutako irizpideak eta helburuak kontuan hartuz. Proposatutako alternatibaren ondorioz, Herrera eta Altza geltokiak bitan banatu behar dira.

Garraio Azpiegituraren zuzendariaren 2012ko maiatzaren 10eko Ebazpenaren bidez, honako hau onartu zen: «Donostialdeko metroa eraikitzeko proiektua. Herrera-Altza tartea».

2012ko ekainean, ETSk Donostialdeko Metroaren Altza-Galtzaraborda zatia eraikitzeko proiektua idazteko zerbitzua kontratatzeko lehiaketarako deialdia egin zuen. Lehiaketa horren bidez, EPTISA-TEAM ABEEk aurkeztutako eskaintza irabazi zen, eta esleipen-kontratua 2012ko azaroaren 12an sinatu zen.

2012ko abuztuan hasi ziren Herrera-Altza zatiaren obrak, eta 2016ko azaroan amaitu ziren.

2021eko otsailaren 4an ETSk EPTISA-TEAMek osatutako ABEEari esleitu zion «Donostialdeko Metroaren Eraikuntza Proiektuaren araudia egokitzeko eta eguneratzeko zerbitzua. Zatia: Altza-Galtzaraborda».

2021eko apirilaren 12an, Ebazpen bidez, «Donostialdeko metroa eraikitzeko proiektua. Altza-Galtzaraborda tartea» onartu zen.

2021eko uztailaren 30ean, kontratazio-arloko eskumenak dituen ETSren Batzordeak erabaki zuen obra COMSA SAU – Campezo Obras y Servicios SA – AZVI SAU eta Nortunel SA enpresek eratutako Altza-Galtzaraborda aldi baterako enpresa-elkarteari esleitzea, 64.116.342,58 euroko aurrekontuarekin, BEZa aparte, eta 46 hilabeteko egikaritze-epearekin.

2023ko martxoaren 23an, ETSko Kontratazio Batzordeak 1. proiektu aldatua onartzea erabaki zuen, aurrekontua handitu gabe eta epea hiru (3) hilabete luzatuta, 2025eko abenduaren 18ra arte.

2023ko urriaren 5ean, kontratazio-organoak 2. proiektu aldatua idazteko baimena eman zuen.

«Altza-Galtzaraborda tartea eraikitzeko proiektuaren» xedea da eraikitze-mailan zehaztea zer obra zibil egin behar den Donostialdeko metroaren aipatutako zatia ezartzeko, trazadura berrikoa eta trenbide bikoitzekoa, Altzako geltoki berria eta Galtzarabordako egungo geltokia lotzen dituena, Errenteriako etorkizuneko lurperatzearekin koordinatuta.

Obrak egin bitartean, beharrizan berriak sortu dira, eta, horien ondorioz, beharrezkoa da kontratuaren oinarrizko proiektuan agertzen ez diren soluzio teknikoetara jotzea. Soluzio tekniko horiek berekin dakarte kontratuaren oinarrizko aurrekontuan jasotzen ez diren eta aurrekontua aldatzea eskatzen duten obra-unitate berriak sartzea.

Indarrean dagoen legediaren arabera –2018-03-9an indarrean sartu zen SPKLa, alegia–, aldaketa horiek eragindako obra-zatiak gauzatu aurretik proiektu aldatua idatzi behar da.

2. proiektu aldatuaren xedea aipatutako aldaketak definitzea eta administrazio-dokumentu egokian jasotzea da.

2. proiektu aldatua idazteko baimena eskatzeko txostenean argudiatzen zen bezala, oinarrizko proiektuaren aginduei dagokienez obran gertatzen diren eta 2. proiektu aldatua idaztea justifikatzen duten aldaketak hauek dira:

• Galtzarabordako geltokia berritzeko proiektuarekin integrazioa.

• Loreteko larrialdietako aireztapenaren aldaketa.

• Hormen aldaketa Molinaoko errekastoan.

• Trenbide konexioaren aldaketa Galtzarabordan eta definizioa Errenteriako saihesbidea etorkizunean gauzatzeari begira.

• Larrialdiko irteeraren aldaketa Pasaiako geltokian.

• Neurketen eguneraketa.

Proiektua egikaritzeko aurrekontua berrogeita hamahiru milioi seiehun eta laurogeita bat mila laurehun eta hogeita zortzi euro eta hogeita hamalau zentimokoa (53.681.428,34) da. Eta obrak kontrata bidez gauzatzeko aurrekontua hirurogeita bost milioi laurehun eta laurogeita hamaika mila hirurehun eta berrogeita bi euro eta berrogeita hamazazpi zentimokoa (65.491.342,57) da.

Obrak egiteko kontratatutako epea berrogeita sei (46) hilabetekoa da.

Euskal Trenbide Sareko (ETS) Zerbitzu Teknikoek egiaztatu dute proiektu honek bere xedeari erantzuten diola eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrak eskatutako baldintzak betetzen dituela, kontrata bidez egikaritzeko behar diren alderdi nahikoak jasotzen baititu; halaber, maila formalean berrikusi du proiektua, eta berresten du bete egiten duela Sektore Publikoko Kontratuen Legean eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoa, beharrezko dokumentuak eta indarrean dagoen araudia sartzeari dagokionez, edukiari, sinadurei eta alderdi formalei, beharrezko kalkulu-oinarri eta -hipotesiei eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 233.1 artikuluan zerrendatutako edukiari lotuta.

Organo honek eskumena du Gobernu Kontseiluari erreserbatuta ez dauden trenbide-sareko proiektuak egiteko eta onartzeko, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 2021eko urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2 b) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatu beharrekoak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Donostialdeko metroaren obraren 2. proiektu aldatua. Altza-Galtzaraborda zatia» onartzea. Obrak kontrata bidez gauzatzeko aurrekontua hirurogeita bost milioi laurehun eta laurogeita hamaika mila hirurehun eta berrogeita bi euro eta berrogeita hamazazpi zentimokoa (65.491.342,57) da, eta obrak egiteko kontratutako epea berrogeita sei (46) hilabetekoa da.

Bigarrena.– Proiektu aldatu hau onartzeak berekin dakar obrak onura publikokoak edo interes sozialekoak direla deklaratzea, okupatzeko beharra adieraztea eta dagokion eraikuntza-proiektuaren beraren eranskinean zerrendatuta dauden erasandako ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla adieraztea.

Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Idazki hori organo honi edo Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari bidali beharko zaio.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien aretoan, hargatik aldez aurretik errekerimendua egitea eragotzi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 11.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.


Azterketa dokumentala