191. zk., 2024ko urriaren 1a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (150 KB - 3 orri.)
- EPUB (105 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ONGIZATE, GAZTERIA ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN SAILA
4509
AGINDUA, 2024ko irailaren 19koa, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuarena, zeinaren bidez eskumenak eskuordetzen baitzaizkio Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren Zerbitzuen zuzendariari langileen kudeaketaren, kontratazioaren, baliabide material eta informatikoen horniduraren eta ekonomia- eta aurrekontu-kudeaketaren arloetan.
Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak 9. artikuluan adierazten du administrazio publikoek beren eskumenak eskuordetzan eman diezazkieketela bai administrazio bereko beste organo batzuei, nahiz eta bata bestearen mendekoa ez izan, baita administrazio horiei lotuta edo administrazio horien mendean dauden organismo publikoei edo zuzenbide publikoko entitateei ere. Era berean, adierazten du eskumenen eskuordetzea eta errebokatzea argitaratu egin beharko dela «Estatuaren Aldizkari Ofizialean», Autonomia Erkidegokoan edo Probintziakoan, kontuan izanda organo eskuordetzailea zein administraziotakoa den eta zein lurralde-eremutan duen eskumena; gainera, berariaz zehaztu beharko da zein diren eskuordetza bidez emandako administrazio-ebazpenak, eta, era berean, adierazi organo eskuordetzaileak emandakotzat joko direla.
Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 25. artikuluan aurreikusten denaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko organoen titulartasunpekoak diren eskumenak Administrazioko beste organo batzuei eskuordetu ahal izango zaizkie, nahiz eta bata bestearen mendekoa ez izan; horrez gain, salbuespen gisa eta beste era batera baliatzeko ezintasunean oinarritutako arrazoiengatik, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren beste ente instituzional bati ere eskuordetu ahal izango zaizkio. Bestalde, eskumenak eskuordetzea eta errebokatzea «Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean» publikatu beharko da, eta une oro egon behar du eskuragarri sail edo organo eskuordetzailaren web orrian, baita sail edo organo eskuordetuarenean ere. Gainera, eskuordetzaz emandako egintza eta ebazpen administratiboetan, inguruabar horren berri jasoko da, argitalpen ofizialaren zenbakia eta data zehaztuta, eta organo eskuordetzaileak emandakotzat joko dira.
Bestalde, lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen baititu, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila sortu zuen. Sail horren sailburua 29/2024 Dekretuak izendatu zuen (29/2024 Dekretua, ekainaren 24koa, lehendakariarena, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua izendatzeko dena).
Gainera, lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak, Zortzigarren Xedapen Gehigarriaren bidez, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Zerbitzu Zuzendaritza sortu zuen, eta Zuzendaritza horren zuzendaria, berriz, 150/2024 Dekretuak, izendatu zuen (150/2024 Dekretua, uztailaren 16koa, Zerbitzuen zuzendaria izendatzeko dena).
Beraz, egun Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren egitura-dekretua tramitatzen ari denez (haren bidez, eginkizunak deskontzentratuko dira Sailaren parte izango diren organoen artean, Zerbitzu Zuzendaritza barnean dela), dekretu hori onartu arte, administrazio-jarduna zuzendu behar duten efizientzia- eta eraginkortasun-printzipioak betetze aldera, egokitzat jotzen da eginkizunak eskuordetzea, agindu honetan ezarritakoaren arabera.
Azaldutakoagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Zerbitzuen zuzendariaren esku uztea honako eginkizun hauek:
a) Sailaren kudeaketa ekonomikoa egitea eta aurrekontua betearazteko faseak izapidetzea. Sailean 1.000.000 eurora heltzen ez diren gastuak baimentzea.
b) Sailaren eskumeneko gaietako aurrekontuetan eragin ekonomikoa duten xedapen-proiektuak izapidetzea, eta Sailaren barruan Gobernu Kontseiluari aurkeztu behar zaizkion ekonomia- eta aurrekontu-edukiko gaiak prestatzea.
c) Sailaren giza baliabideak planifikatzea eta kudeatzea. Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 19. artikuluaren arabera Sailari dagozkion eginkizunak egitea.
d) Sailak langile-beharrei buruz egindako aurreikuspenak ebaluatzea, eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritzari proposatzea saileko plantilla eta lanpostu-zerrendak egiteko.
e) Sailaren aholkularitza juridikoa eta araugintza lantzea, honako hauen arabera: Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legearen 4. eta 5.3 artikuluak, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoaren apirilaren 25eko 144/2017 Dekretuaren 42. artikulua eta Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legearen 3. eta 15. artikuluak.
f) Sailaren barruan Gobernu Kontseilura eta batzordeetara bidali beharreko gaiak bideratzea, baita Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo beste edozein aldizkari ofizialetan argitaratu beharreko xedapenak eta administrazio-egintzak ere.
g) Herritarrentzako informazio- eta arreta-zerbitzuen funtzionamendua kudeatzea (2. eta 3. mailak) eta Zuzenean – Herritarren Arreta Zerbitzuarekiko harremanak antolatzea, bere eskumen-eremuko gaietan solaskide operatiboak daudela ziurtatuta.
h) Informazioaren argitalpen aktiboa, informazio publikoa eskuratzeko eskubidearen eskaerei emandako erantzuna eta Sailaren datu publikoen irekiera koordinatzea eta horien jarraipena egitea, gardentasun-politikarekin bat etorriz.
i) Sailaren Estatistika Plana egitea, lankidetzan arituta Euskal Estatistika Erakundearekin Euskal Estatistika Plana eta urteko estatistika-programak eratzeko lanetan.
j) Sailaren jarduera dela-eta sortzen diren ondare-erantzukizuneko prozeduretan ebazpen-proposamenak hasi, instrukzioa egin eta prestatzea.
k) Kontratazio-espedienteak eta bitarteko propioei eta zerbitzu teknikoei egindako enkarguak izapidetzea.
l) Sailaren kontratazio-organo gisa jardutea, lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 1.000.000 eurotik gorakoa ez duten kontratuetan, bat etorrita sektore publikoko kontratazioaren araudian ezarritakoarekin.
m) Negozio juridikoak sinatzea, sektore publikoko kontratazioaren araudian ezarritakoaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren bitarteko propio pertsonifikatuaren izaera duen erakunde bati prestazio jakin bat egiteko enkargua emateko.
Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da, eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren egitura-dekretua indarrean sartu arte.
Hirugarrena.– Agindu honen aurka berraztertze-errekurtsoa jarri ahalko da Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuaren aurrean hilabeteko epean. Epe hori Euskal Herriko Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da. Era berean, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jarri ahal izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren dagokion salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko irailaren 19a.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,
NEREA MELGOSA VEGA.