Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

152. zk., 2024ko abuztuaren 6a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEBIZITZA ETA HIRI AGENDA SAILA
3813

170/2024 DEKRETUA, uztailaren 23koa, zeinaren bidez presazko deklaratzen baita Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasun hauek okupatzea, Ajangizko eta Gernika-Lumoko udalerrietan: Oka ibaiaren marea-mugako presa txikian, larrialdi-harpena egiteko proiektua gauzatzeko ondasun eta eskubideak.

Ajangizen, Oka ibaiaren marea-mugako presa txikian, larrialdi-harpena egiteko proiektuaren espedientea formalki prestatu eta onartu ondoren, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak adierazi zuen lursail guztiak erabilgarri behar zituela proiektua gauzatzeko.

2023ko maiatzaren 2an, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak erabaki zuen nahitaezko desjabetze-espedientea hastea, eta hamabost eguneko epean jendaurrean jartzea ondasunen eta eskubideen zerrenda, hala prentsan nola 2023ko ekainaren 9ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (111 zk.). Geroago, hodiaren trazadura aldatzera behartzen duen txosten sektorialaren ondoren, entzunaldi-izapidea onartu zaie aldaketa horren eraginpeko ondasun eta eskubideen titularrei, hamabost eguneko epean.

Azkenik, 2024ko apirilaren 29an egindako bilkuran, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari eskatzea proiektuak eragiten dituen eskubideak eta ondasunak okupatzeko urgentziaren adierazpena, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen eta entzunaldi-izapidea egin zen, egoki zenean, eta lau alegazio aurkeztu ziren, administrazio-espedientean adierazten denez.

Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da eskatzaileak adierazitako honako inguruabar hauengatik:

«Gainazaleko eta lurpeko baliabide hidrikoei, emari ekologikoei eusteari, egungo eta etorkizuneko eskaerei, ustiapen-arau eta -lehentasunei, eta berme-irizpideei erreparatuta, Busturialdean ateratzen den balantze hidraulikoa da bertako sistema globalak 100 l/s-ko baliabide-gehikuntza beharko lukeela (bai egungo konfigurazioa hartuta, bai etorkizuneko egoera hartuta) hornidura-zerbitzua murrizketarik gabe eman ahal izateko. Guztia, Plangintza Hidrologikoaren Jarraibideak (IPH) ezartzen dituen berme-irizpideen arabera, eta ur-baliabidea hartzen den ubideetarako ezarritako emari ekologikoen erregimena errespetatuta.

Indarrean dagoen Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Hornidurako Lurralde Ekintzako Planak (Busturialdeko Ur Partzuergoaren Kontseilu Nagusiak 2020ko urtarrilaren 22an onetsita; 2020ko apirilaren 7ko BAO, 67. zk.), bederatzi aukera proposatzen ditu. Aukera horiek guztiz edo partzialki konpon ditzakete detektatutako defizit-arazoak, eta, halabeharrez, dauden baliabide erabilgarrien gehikuntza eskatzen dute. Proposatutako aukera horietatik guztietatik, defizita erabat ezabatzeko gai den bakarra da Busturialdeko hornidura-sistemak Partzuergoaren lehen mailako sarearekin lotzea, Solluben. Lotura hori osatzeko, Bermeoko, Buspemuneko eta Gernikako sistemen arteko interkonexioa ere eginez.

Dagoeneko hasiak dira Busturialdeko hornidura-sistemak Partzuergoaren lehen mailako sarearekin behin betiko lotzeko proiektuaren idazketa lanak.»

«Partzuergoak eskualdeko uraren kudeaketa integrala bere gain hartu zuenetik (2022ko urtarrilaren 1ean), baliabidea kudeatzeko arazoari egin behar dio aurre, eta arazo hori oso modu kezkagarrian larriagotzen da agorraldietan. Hori dela eta, eskualdeko baliabide-defizitaren arazoa behin betiko konponduko duen proiektuaren eta obraren garapenarekin batera, beharrezkoa da behin-behineko konponbideak bilatzea (exekuzio-epe laburragoa dutenak) datozen agorraldietan sistema hidrologikoen gaineko presioa arintzeko.

2022ko agorraldian, Partzuergoa lanean aritu zen, URArekin koordinatuta, jarduera-protokolo bat abian jartzeko. Horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko alerta egoeretan eta balizko lehorteetan jarduteko plan berezia (LPB) osatu zen».

«Proiektu honen xedea da Oka ibaiaren ibilguan behin-behineko ur-harpena instalatzeko eta, ondoren, ur hori Kanpantxuko ponpaketa-estazioraino (Gernika sistemakoa) ponpatzeko jarduketak zehaztea eta baloratzea. Jarduketa horien helburua da agorraldietan eta ezohiko egoeretan eremuak duen defizit hidrikoa arintzea.»

«Ezinbestekotzat jotzen da azaldutako jarduketak exekutatzea (kontratu honen xede dira). Izan ere, jarduketa horiek baliabide hidriko garrantzitsuak emango dizkiote Burgoako EUTEari.

Gernikako sistemak (Burgoa) duen defizit hidrikoa kontuan hartuta (lehen aipatutakoa), justifikatutzat ematen da lursailak urgentziaz okupatu beharra.»

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari dagokio horretarako proposamena aurkeztea Gobernu Kontseiluari.

Horregatik, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak, 2024ko uztailaren 23an egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, deklaratzea Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak urgentziaz okupatu behar dituela Ajangizen, Oka ibaiaren marea-mugako presa txikian, larrialdi-harpena egiteko proiektua burutzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak, nahitaez desjabetzeko. Berariaz abiarazitako espedientean jasotako zerrendan zehazten dira, banakatuta, ondasun eta eskubide horiek.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko uztailaren 23an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,

DENIS ITXASO GONZÁLEZ.


Azterketa dokumentala