Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

62. zk., 2024ko martxoaren 26a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
1505

AGINDUA, 2024ko martxoaren 12koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2024. urtean Euskal Autonomia Erkidegoan kultura arloko publikoak garatzeko proiektuak eta jarduerak gauzatzeko dirulaguntzak emateko arauak ezarri eta haien deialdia egiten duena.

Erakunde publikoek aurre egin behar diote sorkuntzaren eta kultura arloko publikoen arteko bat egitea zailtzen duten oztopoak gainditzeko lanari, ahaztu gabe publikoak direla kultura-proiektuen ardatza, protagonistak eta kulturaren benetako subjektuak. Nahiz eta eskaintzak ohitura sortzen duen, errutina edo ohitura den aldetik, ezin da egintzat eman eskaintzak automatikoki aktibatzen duenik eskaria. Kultura arloko publikoak garatzea urrats bat harago doa, eta kulturaren benetako demokratizazioarekin konprometitzeko beharrari lotzen zaio; horrek esan nahi du kultura arloko publikoak areagotzeaz gain, haren gizarte-egitura ere aldatu beharra dela.

Kultura arloko publikoak garatzeko estrategietan ez dute balio orotariko planteamenduek, eta publiko profil bakoitzari zuzendutakoak izatea eskatzen dute. Kultura-motibazioa eta -partaidetza sendotzea da helburua, kulturan parte hartu ohi ez duten publiko berrietara iritsiz; noizbehinkako ohitura aktibatzea edo jarduera horietan publikoak lortutako esperientzia hobetzea, parte hartu ohi dutenen fidelizazioa bilatzeko. Hori guztiori kulturan parte hartzeko oztopoak gainditzeko helburuaz eta publikoak fidelizatzeko.

COVID-19ak sortu duen ezohiko elkarbizitza egoerak erabilera berriak ekarri ditu gizartera, baina bizi izan berri dugun talka horrek aldaketa iraunkorrak ekarri ote ditu herritarrek kultura kontsumitzeko duten ohituretan? Kulturan parte hartzeko modu tradizionalarekin talka egiten duten modu berriak sortu ote dira? Kultura jardueretan parte hartzea erabat berreskuratuko dela aurreikus daiteke? Zer dela eta aldatu dira herritarrek kultura kontsumitzeko dituzten ohiturak? Zer jarduera alternatibo egiten dituzte? Aldatzen ari al da gizarteak kulturari buruz duen irudipena? Zein dira publikoak erakartzeko eta inplikatzeko gakoak?

Errealitate berri honek kulturarentzat oro har eta sortzaileentzat beren-beregi ahultasun larria ekarri du. Kultura sorkuntzaren eta kultura horren publikoen arteko elkarrekintzak eta berau emango deneko testuingurua zehazteak lanak emango dizkigu, eta Eusko Jaurlaritzak ezartzen dituen neurrietara egokitzen jarraitu beharko dugu.

Pandemiaren ondoren kultura-praktiketan izandako beherakada bereziki kezkagarria da bi alderditan. Lehenik eta behin, kultura sektoreak behar beharrezkoak ditu publikoaren presentzia eta parte hartzea iraun ahal izateko, eta, bigarrenik, kulturarako sarbidea funtsezkoa da gizarte-kohesioa hobetzeko, nortasuna garatzeko, balioak transmititzeko eta, oro har, gizartea demokratikoki hobetzeko.

Egiteko horri ekiteko, baliabideak ez ezik, ideiak eta proposamen berriak ere behar dira, transformazio betean den testuinguru honetan jardunbide berriak probatzeko aukera ematen dutenak. Praktika kulturalak sendotzen eta bultzatzen dituzten proiektuak, kulturako publiko berriei erakusten dietenak eta dagoeneko publiko diren horiek sendotzen eta fidelizatzen dituztenak behar dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 14. artikuluaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio, besteak beste, arte- eta kultura-jardueren eta haien sustapen eta zabalkundearen gaineko eskumenak. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuaren bidez esleitzen zaizkio eginkizun horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari.

Halaber, arau hauek dira indarrean Euskal Autonomia Erkidegoan, laguntza eta dirulaguntzetarako: 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.

2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduak (zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira erregelamendu horren bidez, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz –2014-06-26ko AO, L 187–. Aurrerantzean salbuespenen 651/ 2014 Erregelamendu orokorra esango diogu) kulturako eta ondarea babesteko dirulaguntzak, eta, zehatzago, gune edo espazio artistiko eta kulturaletakoak sartzen ditu Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren (EBFI) 108. artikuluko 3. apartatuan agertzen diren jakinarazpen beharrik ez daukaten estatu dirulaguntzen kategorien artean.

Horregatik egokituko zaizkio agindu honen bidez araututako dirulaguntzak aipatu 2014ko ekainaren 17ko salbuespenen 651/2014 (EB) Erregelamenduari. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz, 53. artikuluko 2. apartatuak ezarritakoarekin bat hain zuzen ere.

Deialdi hau Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dago aurreikusita (2021eko otsailaren 18an onartua eta 2023ko urtarrilaren 26an aldatua Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren agindu bidez), eta sailaren beraren webgunean argitaratu dira: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/sail-plana/sailaren-dirulaguntzen-plan-estrategikoa-2021-2024/

Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren arabera (erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz), laguntza-araubide hori ez zaio Europako Batzordeari jakinarazi behar, eta barne-merkatuarekin bateragarria da Tratatuaren 107. artikuluaren 3. apartatuari jarraiki, aipatutako 651/2014 Erregelamenduaren 53. artikuluko eta I. kapituluko baldintza guztiak betetzen baititu.

Horren ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da 2024. urtean Euskal Autonomia Erkidegoan kultura arlokoko publikoak garatzeko proiektu eta jarduerak gauzatzeko dirulaguntzak emateko baldintzak arautzea eta dirulaguntzen deialdia egitea.

Kultura arloko publikoen garapenak publikoekin harremanetan jartzeko modu berriak aurreikusten ditu, bai sorkuntzaren eta publikoen artean, bai praktika aktiboan. Publikoak dibertsifikatzea eta zabaltzea dakar, bai eta parte-hartze kulturala hobetzea ere.

2. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak eta baldintzak.

1.– Diruz lagun daitezkeen proiektu eta jarduerek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Proiektu eta jarduera bereziak eta espezifikoak izatea, kulturarako irispidea galarazten edo mugatzen duten oztopoak gainditzeko, kultura arloko publikoekiko harreman-eredu berriak eratzeko, sorkuntza eta kultura arloko publikoen arteko elkarrekintzaren garrantzia nabarmentzeko edota kultura arloko publikoek egiten duten praktika aktiboaren garrantzia nabarmentzeko.

b) Diruz lagun daitezkeen proiektu eta jarduera motak:

1) Publikoak dibertsifikatzekoak: interesik gabeko publikoengana (hau da, ez-publikoengana) bideratutakoak dira, eta hezkuntza-trabak, psikologia-trabak eta gizarte-inguruko trabak ezabatzera bideratutakoak.

2) Publikoak hedatzekoak: kulturan interesa izanda ere, kultura-jardueretan parte hartzen ez duten publikoei zuzendutako proiektuak edota jarduerak, kultura-jardueretara erakartzeko eta haietarako irispidea errazteko esku-hartzeak behar dituztenak.

3) Parte hartzea areagotzekoak: kultura-jardueretan parte hartzen duten publikoak gero eta fidelagoak izan daitezen, partaidetza-maila eta inplikazio-maila handiagoa lortzera bideratutako proiektu eta jarduerak.

c) Proiektu edo jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoan garatu beharko dira, 2024ko urtarrilaren 1etik 2025eko azaroaren 30era bitartean. Proiektuak 2024an jarri beharko dira abian.

d) Diruz lagundu beharreko proiektu eta jarduerak herritarrei irekiak izango dira.

e) Onartutako guztizko aurrekontuaren % 20ko autofinantzaketa-maila izatea gutxienez. Deialdi honetan iturri publikoetatik ez bestetatik jasotakoa hartuko da autofinantzaketatzat, eta onartutako guztizko aurrekontua, berriz, hala behar den kasuetan 10. artikuluan zehaztutakoaren arabera araztutakoa.

f) Euskara izatea jardueren komunikazio-hizkuntza, % 50ean behintzat.

2.– Deialdi honen xedetik kanpo geratuko dira:

a) Artikulu honetako 1. puntuak jasotakoa betetzen ez duten proposamenak.

b) Jende gehiago erakartzeko estrategiak garatze hutsera mugatzen diren proiektu eta jarduerak.

c) Zabalkundera edota komunikazio hutsera mugatzen diren proiektu eta jarduerak.

d) Kultura-programazioa eta ikuskizunak kontratatzea.

e) Sari eta lehiaketak.

f) Irakaskuntza arautu, ez-arautu eta aisialdi zentroetako esparruan gauzatzen diren jarduerak.

g) Jaialdi, erakustaldi nahiz zikloen barruan antolatutako proiektu eta jarduerak, baldin eta antolatzailea jaialdia, erakustaldia edo zikloa antolatzen duena bera bada.

h) Txostenak, planak zein azterlanak egitea.

i) Kultura eta artearen sektoreetako profesionalentzako prestakuntza-jarduerak.

3. artikulua.– Diru kopurua.

Agindu honen babespean ematen diren dirulaguntzak finantzatzeko kredituaren guztizko zenbatekoa berrehun mila (200.000) eurokoa da, horietatik 100.000 euro izanik 2024ko ekitaldirako eta beste 100.000 euroko konpromiso-kreditua 2025erako.

4. artikulua.– Onuradun izateko bete beharreko baldintzak.

1.– Honako hauek jaso ahal izango dituzte agindu honetako dirulaguntzak, betiere euren jarduera kultura-eskaintzari lotua bada, honako tipologia hauetako batean edo batzuetan: arte eszenikoak, ikusizko arteak, ikus-entzunezkoa, bertsolaritza, liburua, musika eta sormen-industriak.

a) Pertsona fisikoek.

b) Erakunde pribatuek. Betiere, partaidetza publikoa kapitalaren % 50 baino gutxiago bada. % 50eko edo hortik gorako partaidetza publikoa badu, dirulaguntza jaso dezake baldin eta kapitalean erakunde publikoen partaidetzarik ez duten entitate pribatuekin lankidetzan antolatutako proiektu eta jarduerak badira.

c) Erakunde publikoek, betiere kapitalean erakunde publikoen partaidetzarik ez duten erakunde pribatuekin lankidetzan antolatutako proiektu edota jarduerak baldin badira.

Onuradunak ez dira, inola ere, nortasun juridikorik gabeko pertsona taldeak izango, eta erakunde pribatuekin lankidetzan gauzatutako erakunde publikoen proiektuen kasuan, onuradunak erakunde publikoak izango dira beti.

2.– Eskatzaileek bete beharreko baldintzak:

a) Hala dagokienean, egokitzen zaien erregistroan izena emana izatea (elkarte zibilen eta pertsona fisikoen kasuan izan ezik).

b) Ezin izango dira onuradun izan sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zigor administratibo edo penala jaso duten pertsona fisiko eta juridikoak, kasuan kasuko zehapenean ezarritako aldian.

Era berean, ezin izango dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plana indarrean izan behar duten enpresek, halakorik ez badute, ezta sexu-jazarpenari edo sexuan oinarritutako jazarpenari aurre hartzeko eta aurka egiteko neurriak ezarri izana egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresek ere, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuko legeriak ezarritakoaren arabera.

c) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako gainerako inguruabarrak betetzea.

d) Agindu honen bidez ematen diren dirulaguntzak jaso ahal izateko, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dira, eta itzultzeagatiko obligazioak ordaintzerakoan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Aginduan eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. eta 7. artikuluek ezarritakoak bete beharko dira.

Deialdiaren organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du dirulaguntza-eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen ote dituzten, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, abenduaren 21eko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearekin bat etorriz. Hala ere, eskatzaileak egiaztapen hori egitearen aurka egin ahal izango du; kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztuko du.

3.– Bazterturik geratuko dira:

a) Krisian diren enpresak, krisian diren enpresa ez-finantzarioak salbatu eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko Jarraibideen definizioaren arabera (DO C249, 2014-07-31).

b) Titulartasun publikoa duen eremu baten zerbitzu-kontratu edota zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratu baten esleipendun gisa eskabidea egiten duten eskatzaileak.

c) Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2023ko otsailaren 28ko Aginduaren bidez egindako deialdiaren onuradunak. Agindu horren xedea zen 2023. urtean Euskal Autonomia Erkidegoan kultura arloko publikoak garatzeko proiektuak eta jarduera bereziak eta berariazkoak gauzatzea.

d) Dirulaguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela adierazi duen Europar Batasuneko Batzordearen aurretiazko erabaki baten ondorioz berreskuratzeko agindu baten mende dauden enpresak.

e) Onuradunek enpresa-deslokalizariorik egin badute 20/2023 Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 49. artikuluan ezarritakoarekin bat.

f) Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikulua betetzen ez duten eskatzaileak.

g) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetarako, eskatzaileak Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen aplikazio-eremuan sartzen direnean soilik, ezingo dira onuradun edo erakunde laguntzaile izan lege horretan aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten enpresak. Kontabilitateko araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen sozietateek egiaztatuko dute hori, lege horren Erregelamenduaren 26. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

Kontabilitateko araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten sozietateentzat, ordaintzeko legezko epeak betetzen direla egiaztatzeko beharra ezartzen da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez. Ziurtagiri horrek kontuan hartuko du enpresa bezeroaren ordainketen benetako epea, enpresa hornitzaileak aldez aurretik kobratzeko finantzazioa edozein dela ere.

5. artikulua.– Betekizunak egiaztatzea eta eskatzen den dokumentazioa.

Dirulaguntzaren eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1.– Eskatzaileari buruzko dokumentazioa:

1.1.– Pertsona fisiko eta juridikoaren legezko ordezkariaren nortasuna eta honek daukan legezko ordezkaritzako ahalmena egiaztatzea.

1.2.– Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea.

1.3.– Pertsona juridikoak izanez gero: Administrazio honetako erregistroetan inskribatutako entitateek zein erregistrotan inskribatuta dauden adieraziko dute, eta ez da beharrezkoa izango inskripzioa adierazten duen agiria aurkeztea.

Beste administrazioetako erregistroetan inskribatutako entitateek egiaztatu beharko dute sortze-eskritura eta estatutuak eta dagozkien erregistro publikoetan izena emanda daudela.

1.4.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin bat etorriz, interesdunek eskubidea dute ez aurkezteko Administrazio jardulearen esku diren edo beste edozein administraziok egindakoak diren eskatutako agiriak. Horrela, Administrazioak dokumentu horiek kontsultatu edo eskuratu ahal izango ditu, pertsona fisikoen berariazko aurkakotasunik ezean.

1.5.– Eskatzaileek beren jarduerak kultura-eskaintzarekin lotura zuzena duela justifikatu behar dute, eta, horretarako, Jarduera Ekonomikoaren gaineko Zerga, Estatutuak, eskatzailearen ibilbidea edota lotura hori egiaztatzen duen beste ezein dokumentu aurkeztu beharko dute.

2.– Abenduraren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluak xedatutakoaz bat, inguruabar hauek egiaztatu beharko dira erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, zeina eskabidearekin batera aurkeztu beharko baita:

– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri emango da.

– Halaber, eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela laguntza hauek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

3.– Proiektuari eta jarduerei buruzko dokumentazioa:

a) Lan-egutegia: 2024koa eta 2025ekoa.

b) Jardueran zer komunikazio-hizkuntza erabiliko den adierazten duen erantzukizuneko adierazpena.

c) Proiektuaren memoria. Bertan, proposamena agindu honen 11. artikuluan xedatutako irizpideen arabera egoki balioztatzeko behar diren alderdiak zehaztu eta garatuko dira (I. eranskina). Halaber, berariaz adieraziko da memorian:

– Proiektuaren eta jardueren tipologia.

– Proiektuak eta jarduerek dituzten helburuak.

– Proiektua eta jarduerak garatzeko proposatutako metodologia.

– Bitarteko digitalen bitartez publikoen garapenerako estrategia eta komunikazio-estrategia.

– Xede-publikoak.

– Xede-publikoekin harremanetan jartzeko ekintzak edota baliabideak: esku-hartze sistemak.

– Sektoreari edota sektore arteko testuinguruari egiten dion ekarpena.

– Beste lurralde edo sektore-testuinguruetan duen inpaktua eta aplikagarritasuna.

– Lantaldea: proiektu eta jardueretan diharduen lantaldearen profilak eta gaitasunak. Curriculumak erantsi beharra dago.

– Euskal sortzaile eta kultura-eragileek duten esku-hartze maila.

– Proiektuan zehar ebaluaziorako ezartzen diren sistema edota tresnak: kudeaketan, prozesuan, garapenean eta emaitzetan.

– Jarraipenerako bokazioa: finantzaketa-plana eta epe ertain zein luzerako aurreikusitako lantaldea.

d) Jardueraren gastuen eta diru-sarreren aurrekontu orekatu, banakatu eta xehatua, 2024 eta 2025erako, 2.1.e) artikuluan ezarritako % 20ko gutxieneko autofinantzaketa-ehunekoa islatuta duena (II. eranskina).

e) Hala badagokio, zerbitzu profesional independenteak emateko kontratatu diren hornitzaileek egindako aurrekontuak, garatu beharreko prestazioak zehaztuta.

f) Erakunde publikoek eta pribatuek batera gauzatutako proiektu eta jardueren kasuan, dokumentu batean zehaztu beharko dituzte lankidetzaren nondik norakoak, erakunde kolaboratzaileak eta horien ordezkariak, eta partaide bakoitzak zer jarduera eta aurrekontu hartuko dituen bere gain. Dokumentua lankide diren erakundeek sinatu beharko dute.

6. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatzea.

Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak betetzea.

7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskatzaile bakoitzak eskabide bat baino gehiago egin badezake ere, eskatzaile bakoitzak proiektu baterako baino ezin izango du jaso dirulaguntza.

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan xedatutakoaren arabera, pertsona fisiko interesdunek bitarteko elektronikoak eta presentzialak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egin ahal izango dituzte prozedura honetako izapide guztiak, non eta ez dauden behartuta administrazio publikoekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzera. Eskabidea izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko bide bat, presentziala edo elektronikoa, erabiltzeak ez du esan nahi prozeduraren hurrengo izapideetan erabili behar denik, eta edozein unetan alda daiteke.

4.– Hala nahi duten pertsona fisikoek aurrez aurre aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak, ahal dela, Herritarrei Arreta Emateko Zuzenean Zerbitzuaren bulegoetan (aurrez hitzordua eskatuta), https://www.euskadi.eus/cita-preva-zuzenean helbidean edo EAEko erregistro osagarrietan (Herritarrei arreta integrala eta kanal anitzekoa emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan jasoak), eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean, eskabide normalizatuaren bidez, behar bezala beteta. Eskabide-eredua eskuragarri dago EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, esteka honetan:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1069007

Eskabidea izapidetzeko bide presentziala edo elektronikoa erabiltzeak ez du behartzen hurrengo izapideetan bide hori erabiltzera, eta hasieran aukeratutako edozein unetan alda daiteke.

5.– Pertsona juridikoek bide elektronikoa erabiliz baino ezin izango dituzte aurkeztu eskabideak.

6.– Eskabide-inprimakia eta erantzukizuneko adierazpenak eta gainerako ereduak, aurrez aurre nahiz elektronikoki, nola izapidetu behar diren azaltzen duten jarraibideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan izango dira eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1069007.

Eskabidearen ondorengo izapide elektronikoak, berriz, hemen egingo dira: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

7.– Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako batean zein bestean aurkeztu ahal izango dute beren eskabidea eta hari atxikitako dokumentazioa. Halaber, eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.

8.– Aurkezten diren agiri elektronikoek ezaugarri hauek bete behar izango dituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan deskarga daitezkeen ereduak erabiliko dira, eta ereduak duen formatu berean aurkeztuko dira.

b) Dokumentazio elektroniko guztien tamaina 30 Mb-koa izango da gehienez ere.

c) Bideoak dagokion dokumentuan web helbidea jarrita aurkeztu ahal izango dira.

9.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak berariaz eta formalki onartu direla adierazten du, aurkaratzeko bidea itxi gabe.

8. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Eskabideak izapidera onartzeko agiriak falta edota agirietan akats formalak dituela hautemanez gero, orobat hura baloratzeko aipatutako agiriei akatsik antzemanez gero, hamar eguneko epea emango zaio interesdunari, beharrezko agiriak aurkez ditzan edo hautemandako akatsak zuzen ditzan; horrekin batera, ohartaraziko zaio hala egin ezean eskabidean atzera egin duela edo izapide horretarako eskubidea galdu duela ulertuko dela, eta horren berri ebazpen baten bidez jakinaraziko zaio.

Eskabidea elektronikoki aurkeztu beharra dutenek aurrez aurre aurkezten baldin badute, akatsa zuzen dezaten eskatu eta eskabidea elektronikoki aurkezteko eskatuko zaie. Horretarako, zuzenketa egiten den eguna hartuko da eskabidearen aurkezte-eguntzat.

9. artikulua.– Dirulaguntzen muga.

1.– Agindu honetara biltzen diren jarduerek jasoko duten dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa ez da izango guztizko aurrekontu onartuaren % 50 baino gehiago.

2.– Diruz laguntzen diren proiektuek hau jasoko dute gehienez ere:

– Pertsona fisikoek eta euren kapitalean % 50etik beherako partaidetza publikoa duten entitate pribatuek: 40.000 euro.

– Entitate publikoek eta euren kapitalean % 50 edo gehiagoko partaidetza publikoa duten entitate pribatuek: 25.000 euro.

3.– Proiektu bati esleitutako dirulaguntza ez da eskatutako kopurua baino handiagokoa izango.

10. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.

1.– Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 53. artikuluak eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen 20/2023 Legearen 30. artikuluak xedatu bezala, gastu hauek lagundu ahal izango dira diruz:

a) Proiektu edo jarduera gauzatzen duten profesional eta langileen diru-ordainak, baldin eta ez badira titulartasun publikodun entitateak edo kapitalean % 50 eta hortik gorako partaidetza publikoa duten entitateak. Langile-gastuetarako, gehienez ere, onartutako guztizko aurrekontuaren % 15 erabil daiteke. Aurrekontuan xehetasunez adierazi beharko da zer lan egingo duten langile horiek proiektuan edota jardueretan.

b) Norberarenak ez diren tokiak alokatzea, kanpo edo barruko tokiak erabiltzea, eta ekipamenduak, makineria eta altzariak alokatzea, baldin eta eskatzailearen ohiko jarduerarako ez badira.

c) Amortizazio gastuak: ekipamendua, makineria, altzariak, edo norberaren tokiak, baldin eta titulartasun publikodunak ez badira. Gastuok ez dira aurrekontu onartuaren % 5 baino gehiago izango.

d) Bitarteko digital eta komunikazio-baliabide gastuak, ekoizpena barne. Gastuok ez dira aurrekontu onartuaren % 25 baino gehiago izango.

e) Proiektu zein jardueretan zuzenean parte hartzen duten profesionalen joan-etorriak eta ostatu-gastuak ezin izango dira guztizko aurrekontu onartuaren % 5 baino handiagoak izan.

2.– Onuradunak hirugarren batzuekin azpikontratatu ahal izango du jarduera, kontratu guztien prezioak batuta diruz lagundutako proiektu eta jardueren % 90era arte. Kontzeptu honetatik kanpo geratzen da onuradunak diruz lagundu den proiektu eta jarduerak bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.

Diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko, ezingo dira azpikontratatu zerbitzu profesional independenteak dirulaguntza kopuruaren % 50ean baino gehiagoan.

Edonola ere kontratu bakoitzean garatutako lanek edo eskainitako zerbitzuek aurrekontuko epigrafeetan jasotako kontzeptuekin etorri behar dute bat. Zerbitzu profesional independenteak emango dituzten hornitzaileek eginiko aurrekontuak aurkeztu ezean, gastu horiek murriztu egingo dira aurkeztutako aurrekontutik, aurrekontu onartua kalkulatzeko.

3.– Ezin izango dira diruz laguntzeko moduko gastutzat hartu, ez inbertsio-gastuak, ez BEZ kengarriaren zenbatekoa, eskatzaileak zerga horren aitorpena egiteko beharra badu. Halako kasuetan, justifikazio-agirien zerga-oinarriari dagokion kopurua bakarrik egotzi ahal izango da gastu gisa.

11. artikulua.– Hautaketa- eta balorazio-irizpideak.

Balorazio-batzordeak eskabide guztiak aztertuko ditu, eta zehaztutako alderdi guztiak balioetsiko ditu, irizpide, azpi-irizpide eta baremo hauen arabera:

1.– Lehendabiziko fasea: kultura-interesa, proiektuaren eta jardueren kalitate eta berrikuntza-maila. Gehienez ere 50 puntu. Honako hauek hartuko dira aintzat:

1.1.– Metodologia ikuspegia. Gehienez ere 15 puntu.

1.2.– Kultura arloko publikoek proiektuan eta jardueretan duten parte hartzea. Bereziki baloratuko dira kultura-aniztasuna eta eskuragarritasuna edo publikoak dibertsifikatzea. Gehienez ere 10 puntu.

1.3.– Proiektuan eta jardueretan zehar ebaluazioa egiteko ezarritako sistemak eta tresnak: kudeaketa, prozesuak, garapena eta emaitzak. Gehienez ere 10 puntu.

1.4.– Euskal sortzaile eta kultura-eragileek duten parte-hartze maila. Gehienez ere 10 puntu.

1.5.– Proiektuak eta jarduerek zenbaterainoko ekarpena egiten dioten lantzen den sektoreari edo sektorearteko testuinguruari. Gehienez ere 5 puntu.

Lehendabiziko balorazio fase honetan gutxienez 30 puntu ateratzen ez duten eskabideak deialditik baztertuko dira, eta ez dira bigarren fasean baloratuko.

2.– Bigarren fasea: eragiteko gaitasuna, bideragarritasuna eta jarraitzeko bokazioa. Gehienez ere 70 puntu. Hau balioetsiko da:

2.1.– Herritarrengan eragiteko gaitasuna. Gehienez ere 35 puntu. Hau hartuko da aintzat:

2.1.1.– Ekintzen kalitatea edo publikoekin harremanak lantzeko baliabide berriak eta ekintzen tipologia aniztasuna. Gehienez ere 15 puntu.

2.1.2.– Beste lurralde edo sektore testuinguru batzuetan proiektuak duen eragina eta aplikagarritasuna. Gehienez ere 10 puntu.

2.1.3.– Zenbaterainoko eragina duen haur eta gazteengan, eremu ez arautuetan. Gehienez ere 5 puntu.

2.1.4.– Euskal emakume sortzaileek duten esku-hartze aktiboa. Gehienez ere 5 puntu.

2.2.– Proiektuaren eta jardueren bideragarritasuna. Gehienez ere 30 puntu. Hauek hartuko dira aintzat:

2.2.1.– Proiekturako eta jardueretarako jarritako gizataldea. Profilak eta gaitasunak. Gehienez ere 10 puntu.

2.2.2.– Aurrekontua proiekturako eta jardueretarako egokia izatea. Gehienez ere 10 puntu.

2.2.3.– Dirulaguntza honetatik aparte aurreikusitako finantzaketa-maila. Onartutako aurrekontuaren % 20tik gorako autofinantzaketa-maila balioetsiko da. Gehienez ere 5 puntu. Autofinantzaketa-maila handiena duenari emango zaio puntuaziorik handiena eta gainerakoei proportzioan.

2.2.4.– Proiektua eta jarduerak nola hedatzen diren denboran zehar. Gehienez ere 5 puntu.

2.3.– Jarraitzeko bokazioa. Proiektuarekin eta jarduerekin jarraitzeko asmoa izatea; kontuan hartuko dira denbora, langileak eta alderdi ekonomikoak. Gehienez ere 5 puntu.

3.– Baremo honetan ezarritako guztizko puntuaziotik gutxienez 70 puntu lortzen ez dituzten eskabideak ez dira kontuan hartuko proposamenerako.

12. artikulua.– Proiektuak eta jarduerak hautatzea eta dirulaguntzen zenbatekoa zehaztea.

1.– Agindu honetan aurreikusten diren dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez ebatziko dira, eta, 11. artikuluan xedatutako hautaketa- eta balorazio-irizpideetan oinarrituta, artikulu horretan xedatzen den puntuazioa edo hortik gorako puntuazioa lortzen duten eskabideei baizik ezin izango zaie dirulaguntza eman, betiere 9. artikuluak ezarritako gehienezko mugak errespetatuz.

2.– Eskatzaile bakoitzak laguntza-eskaera bakarra egin ahal izango du. Eskatzaileak laguntza-agindu honetan hainbat eskabide aurkeztu baditu, sarrera-erregistroaren arabera lehenengo aurkeztutakoa baino ez da onartuko.

3.– Eskatzaileak aurkeztutako aurrekontuan, 10. artikuluaren arabera, diruz lagundu ezin daitezkeen gastuak sartzen badira, gastu-aurrekontua araztu egingo da guztizko aurrekontu onartua zehazteko, eta horixe izango da dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko aintzat hartuko den oinarria.

4.– Hautatutako proiektu bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa-sistema bat aplikatuko da. Sistema horren arabera, 3. artikuluan aurreikusitako guztizko zuzkidura ekonomikoa balorazio-irizpideen arabera lortutako puntuazioaren arabera banatuko da, eta dirulaguntzaren zenbatekoa ez da, inola ere, eskatutako zenbatekoa baino handiagoa izango, ezta 9. artikuluan ezarritako mugak baino handiagoa ere. Horretarako, formula hau erabiliko da:

SP = SM*PO/PM

Non,

SP = Proposatutako dirulaguntza.

SM = Gehienezko dirulaguntza.

PO = Ateratako puntuazioa.

PM = Baloraziorik onena izan duen proiektuaren puntuazioa.

Aurreko paragrafoan aipatutako prozeduraren bidez kalkulatutako zenbatekoen baturak aurrekontu-muga gainditzen badu, muga guztiak errespetatzen dituen kopururik handienera arte murriztuko da emaitza. Deskribatutako prozesua errepikatu egingo da hautatutako proiektu eta jarduera guztiei erantzun arte edo 3. artikuluan deialdiari esleitutako zuzkidura ekonomikoa agortu arte. Prozesu hori formula honen bidez zehaztuko da:

SO = SP*DO/SUM(SPi)

Non,

SO = Esleitutako dirulaguntza.

SP = Aurreko urratsean proposatutako dirulaguntza.

DO = Diru-zuzkidura (3. artikuluan ezarria).

SUM(SPi) = Aurreko eragiketan proposatutako dirulaguntzak guztira (guztirako diru-zuzkidura gainditzen dutenak).

13. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Hauek osatuko dute:

Batzordeburua: Kultura Sustatzeko zuzendaria; hura falta denean, batzordekide zaharrenak ordezkatuko du.

Aditu-profesionalak; gutxienez hiru eta gehienez bost. Kulturako sailburuordeak izendatuko ditu. Kultura alorreko profesionalak izango dira, independenteak zein Euskal Autonomia Erkidegoko sektore erakundeetako kideak, eta alor honetako sektoreetako adierazgarri direnak.

2.– Batzordeko idazkari gisa, hitzarekin baina botorik gabe, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat ibiliko da, zuzendariak izendaturik.

3.– Balorazio-batzordeko kideak izendatzerakoan Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legearen Testu Bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.9 artikuluan xedatutakoa beteko da.

4.– Balorazio-batzordearen behin betiko osaera Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bitartez jakinaraziko da, eta EHAAn argitaratuko da, eratu aurretik interesdunek uko egiteko duten eskubidea erabili ahal izan dezaten, legez ezarritako zehaztapen eta baldintzetan.

5.– Balorazio-batzorde horretarako izendatutako aditu-profesionalek erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, honako hauek frogatzeko: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 8.5 artikuluaz bat, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean ezartzen diren abstentziorako ezein arrazoi ez dela ematen; konfidentzialtasuna bermatzen dutela; eskatzaileek aurkeztutako agiriak proiektuak baloratzeko baino ez direla erabiliko eta hori deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz egingo dela, eta, ebazpen-proposamena eman ondoren, espedienteetako agiri guztiak deialdia kudeatzen duen organoari itzuliko zaizkiola.

6.– Kultura Sustatzeko zuzendariari egokituko zaio aurkezten diren eskabideek 2.1 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituztela baieztatzea; 9. artikuluak ezarritako mugak aintzat hartuz aurrekontua aztertzea eta, hala badagokio, guztizko aurrekontu onartua zehaztea.

7.– Batzordeak balorazio-irizpideetan oinarrituta eskaerak ebaluatu ondoren txostena egingo du eta bertan azalduko ditu egindako ebaluazioaren emaitzak abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluan ezarritakoaz bat.

8.– Balorazio-batzordeak, beharrezkotzat jotzen badu, nahi beste argibide emateko eskatu ahal izango die eskatzaileei, bai eta proiektu eta jardueren arduradunekin elkarrizketak eduki ere.

9.– Kultura Sustatzeko zuzendariak, espedientea eta Balorazio Batzordearen txostena ikusita, behin betiko ebazpen-proposamena egingo du, eta proposamen hori onuradun gisa proposatu direnei jakinaraziko zaie, hamabost eguneko epean laguntza onar dezaten. Hamabost eguneko epean berariaz onartu ezean, dirulaguntzari uko egin diotela ulertuko da.

14. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Kultura sailburuordeak emango du agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzen ebazpena, Kultura Sustatzeko zuzendariak egindako proposamen arrazoitua ikusita eta betiere deialdiaren oinarrien gutxieneko edukiaren zati bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.g) artikuluak hala eskatzen baitu.

2.– Ebazpen hori banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei, agindu hau indarrean sartzen denetik gehienez ere sei hilabeteko epean. Jakinarazpen hori gorabehera, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Jakinarazpen-datatzat hartuko da 39/2015 Legearen 41.7 artikuluan ezarritakoaren arabera lehenik gertatu den jakinarazpen-data.

Ebazpena bide elektronikoz jakinaraziko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta»ren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Paperean egiten diren jakinarazpenek 39/2015 Legearen 42.1 artikuluan ezarritakoa bete beharko dute. Artikulu horren arabera, paperean egiten diren jakinarazpen guztiak interesdunaren eskura jarri beharko dira jarduten ari den administrazioaren edo organismoaren egoitza elektronikoan, haien edukia bere borondatez eskuratu ahal izan dezan.

4.– Ebazteko epea igarota interesdunari ebazpena jakinarazten ez bazaio, dagokion eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren ondorioetarako. Horrek ez du Administrazioa salbuesten, ordea, ebazpen espresua emateko duen obligaziotik.

5.– Ematen den ebazpenak ez du administrazio-bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

6.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

15. artikulua.– Bateragarritasunak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandakoak batera erabil daitezke helburu bererako, betiere gainfinantzaketarik ez badago. Gainfinantzaketa gertatzen bada, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion mugaraino.

2.– Hala ere, deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak ez dira bateragarriak izango Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako beste dirulaguntza batzuekin: ez proiektu bera egiteko, ez proiektuaren zatiren bat egiteko, arte eszenikoen, liburuaren, ikus-entzunezkoen, ikusizko arteen eta sormen-industrien arloetako dirulaguntzen aginduen babesean emandako beste edozein laguntza.

16. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Komunikaziorako euskarri guztien argitalpenak euskaraz behintzat egitea.

2.– Agindu honetan onetsitako dirulaguntzak jasotzen dituztenek, abenduraren 21eko 20/2023 Legearen 14., 17. eta 42. artikuluek xedatutakoaz bat, inguruabar hauek egiaztatu beharko dituzte:

– Dirulaguntza emateko ebazpena jasotzen den egunetik aurrera, diruz lagundutako jarduera dela-eta argitara ematen diren katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafiko eta entzunezkoetan Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza jaso dutela berariaz eta nabarmen aipatzea. Material hori euskaraz zabaldu beharko dute, hargatik eragotzi gabe beste hizkuntza batzuetan ere zabaltzea.

– Onuradunak konpromisoa hartzen du enpresa-deslokalizariorik ez egiteko, 20/2023 Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 49. artikuluan ezarritakoarekin bat.

– Dirulaguntza esleitu zaion xederako erabiltzea.

– Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.

– Laguntza ematen duen organoari jakinaraztea beste laguntza edo dirulaguntza batzuk jaso ote diren xede bererako, Estatuko nahiz mundu mailako beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek emanda.

– Argitaratutako promozio-material guztien ale bana Kultura Sustatzeko Zuzendaritzan aurkeztea.

– Diruz lagundutako proiektua jendaurrean jakinaraztea eta eskuragarri jartzea, osorik edo zati batean. Era berean, partzialtzat hartzen da erreferentziako terminoen, laburpen exekutiboaren, eranskinen edo kasu-azterlanen komunikazio berezia, horrelakorik denean.

Komunikazioa zati batean egiten bada, txosten osoaren erreferentzia jarri beharko da, testuinguruan egoki jartzeko moduan.

– Diruz lagundutako proiektuaren jarduerak eta edukiak Eusko Jaurlaritzaren eskumenen esparruko metaebaluazioak, sistematizazioak, sintesiak eta antzerako azterketak egiteko erabiltzea.

– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan ezarritako betebeharrak.

17. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Eskatzailea ez badago erregistratuta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edo han dituen banku-datuak aldatu nahi baditu, ordainketa jaso ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako hirugarrenaren interesdunaren alta-inprimakia aurkeztu behar izango du, eskabidearekin batera edo prozeduraren beste fase batean, egoitza elektronikoan eskuragarri den zerbitzuaren bidez. Hemen du eredua: https://www.euskadi.eus/hirugarrenarenak

2.– Agindu honen kontura ematen diren dirulaguntzak honela ordainduko dira:

a) Emandako dirulaguntzaren % 50 lehen ordainketan, behin emate-ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera hamabost eguneko epean ordainduko da, berariaz uko egin ezean.

b) Emandako dirulaguntzaren % 30 bigarren ordainketan, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera eta 2025eko otsailaren 28 izanik azken eguna, betiere 2024ko egikaritzea eta guztizko aurrekontu onartuari dagozkion gastuak zuritu badira era honetan:

– Diruz lagundutako proiektuaren eta jardueren gauzatzeari, betetze mailari eta ebaluazioari buruzko memoria zehatza, 2024. urteari dagokiona.

– Exekutatutako proiektuaren sintesi eta ebaluazioa, 2024. urteari dagokiona (III. eranskina).

– Proiektu eta jardueretan 2024an erabilitako komunikazio hizkuntzen gaineko txostena, hizkuntza ofizialen erabilera-datuak barne.

– Aurrekontu exekutatua (gastuak eta diru-sarrerak), ahalik eta xehatuena, 2024. urteari dagokiona. Besteak beste, entitate onuradunaren behin betiko ekarpena eta 2024rako beste administrazio edo entitate publiko nahiz pribatuek egindako ekarpenak sartu beharko dira (IV. eranskina).

– Diruz lagundutako proiektu eta jarduerak garatzean 2024an izandako gastuen justifikazio agiri guztien zerrenda sailkatua (V. eranskina).

– Egindako gastuen egiaztagiriak eta fakturak, 2024rako onartutako aurrekontu osoari dagozkionak. Ez da onartuko tiketekin justifikatzea. Kasu bakoitzeko hirugarren interesdunaren aldeko ordainketaren librantza egin izana egiaztatzen duen dokumentazioarekin batera.

– Xede edo helburu bererako, 2024. urtean beste erakunde publiko edo pribatuetatik jasotako beste edozein ekarpenen erantzukizunpeko adierazpena (VI. eranskina). Onuradunak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarenaz gain beste inolako dirulaguntzarik jaso ez badu ere, erantzukizunpeko adierazpena erantsi beharko du.

– Jardueraren karietara 2024an argitaratutako katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafiko eta entzunezkoen hizkuntza-bertsio bakoitzaren ale bana; halakoetan, bestalde, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesaren aipamena berariaz adierazita agertu behar da.

Justifikatzeko erabiliko den dokumentazioak 7.7 artikuluaren ezaugarriak bete behar izango ditu.

c) Azken ordainketa, emandako dirulaguntzaren % 20koa, dirulaguntza justifikatu ondoren, betiere, 2025eko abenduaren 15a izanik gastuak justifikatzeko azken eguna, baldintza hauetan:

– Memoria xehea: diruz lagundutako jarduerari buruzko 2025eko gauzatze-memoria, non jasoko baita betetze-maila eta proiektu eta jardueren ebaluazioa.

– Exekutatutako proiektuaren sintesi eta ebaluazioa, 2025. urteari dagokiona (III. eranskina).

– Proiektu eta jardueretan 2025ean erabilitako komunikazio-hizkuntzen gaineko txostena, hizkuntza ofizialen erabilera-datuak barne.

– 2024-2025ean gauzatutako egutegia.

– Aurrekontu exekutatua (gastuak eta diru-sarrerak), ahalik eta xehatuena, 2025. urteari dagokiona. Besteak beste, erakunde onuradunaren behin betiko ekarpena eta beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuen 2025. urterako ekarpena jaso beharko dira (IV. eranskina).

– Diruz lagundutako proiektua eta jarduerak gauzatzeko egindako gastua justifikatzen duten dokumentu guztien zerrenda sailkatua eta osatua, 2025. urteari dagokiona (V. eranskina).

– Egindako gastuen egiaztagiriak eta fakturak, 2025. urterako onartutako aurrekontu osoari dagozkionak. Ez da onartuko tiketekin justifikatzea.

– Xede edo helburu bererako, 2025. urtean beste erakunde publiko edo pribatuetatik jasotako beste edozein ekarpenen erantzukizunpeko adierazpena (VI. eranskina). Onuradunak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarenaz gain beste inolako dirulaguntzarik jaso ez badu ere, erantzukizunpeko adierazpena erantsi beharko du.

– Jardueraren karietara 2025ean argitaratutako katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafiko eta entzunezkoen hizkuntza-bertsio bakoitzaren ale bana; halakoetan, bestalde, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesaren aipamena berariaz adierazita agertu behar da.

Erakunde edo pertsona onuradunei laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura.

Zergei buruzko araudia aplikatzerakoan Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari (PFEZ) dagozkion atxikipenak eta ordainketak kenduko zaizkio laguntza edo dirulaguntzaren zenbatekoari.

18. artikulua.– Likidazio-ebazpena.

Laguntza emateko orduan kontuan izan ziren baldintzetakoren bat aldatzen bada –baina laguntzaren helburua betetzat jotzen bada–, eta, hala badagokio, beste edozein entitate publiko eta pribatutatik beste laguntza edo dirulaguntza batzuk jasotzen badira, laguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.k) artikuluarekin bat eta 16.4. eta 25. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

19. artikulua.– Ez-betetzeak eta dirulaguntza itzultzeko arrazoiak

1.– Hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako laguntzak, osorik edo zatika, agindu honetan adierazi bezala onartutako proiektu eta jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza esleitzean ezartzen direnak ez betetzea.

c) Hala badagokio, dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean zehaztutako diru-kopurua ez itzultzea, horretarako emandako epearen barruan.

d) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitakoak.

2.– Kasu horietakoren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan bidezkoak diren berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 39. artikuluan aurreikusitakoaren arabera eta artikulu horretan aurreikusitakoa bete ondoren.

20. artikulua.– Izaera Pertsonaleko Datuen Babesaren Arloko Informazio Klausula (abenduaren 5eko 3/2018 Legea, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa).

Arduraduna: Kultura Sustatzeko Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.

Helburua: Kultura eta sormen sektoreko laguntza ekonomikoak eta dirulaguntzak kudeatzea.

Lege-oinarria: interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko beharrezkoa suertatzen den tratamendua da (Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea).

Jasotzaileak: Gaiaren gaineko eskumena duten administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea dago; baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

Informazio gehigarria: web helbide honetan: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/024300-capa2-eu.shtml

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetan aurreikusten diren dirulaguntzak Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren mende egongo dira; zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarriak direla xedatzen du erregelamendu horrek, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz, zehazki 53. artikuluaren 2. apartatuan ezarritakoarekin bat hain zuzen ere.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak lege-arau hauen mende daude: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta, halaber, 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian eskumen hori duen salaren aurrean, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 12a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala