Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

62. zk., 2024ko martxoaren 26a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1503

EBAZPENA, 2024ko otsailaren 22koa, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariarena, zeinaren bidez ebazten baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko uztailaren 26ko Aginduaren bidez abian jarritako deialdia. Agindu horren bidez, mahastizaintza eta ardogintzako esku-hartze sektorialaren programa hirugarren herrialdeetan sustatzeko eta komunikatzeko laguntzen 2024. urterako deialdia egin zen.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko uztailaren 26ko Aginduaren bidez, mahastizaintza eta ardogintzako esku-hartze sektorialaren programa hirugarren herrialdeetan sustatzeko eta komunikatzeko laguntzen 2024. urterako deialdia egin zen (2023ko abuztuaren 2ko EHAA, 146. zk.).

Deialdi horri honako hauetan xedatutakoa aplikatuko zaio: (EB) 2021/2115 Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2021eko abenduaren 2koa, Nekazaritza Politika Bateratuaren esparruan estatu kideek landu behar dituzten plan estrategikoetarako laguntzari buruzko arauak ezartzen dituena eta 2013/1305 (EB) eta 2013/1307 (EB) Erregelamenduak indargabetzen dituena; (EB) 2022/126 Erregelamendu Delegatua, Batzordearena, 2021eko abenduaren 7koa, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren (EB) 2021/2115 Erregelamendua osatzen duena estatu kideek 2023-2027 aldirako NPBren plan estrategikoetan zehaztutako esku-hartze mota jakin batzuetarako betekizun gehigarriei dagokienez; (EB) 2022/129 Exekuzio Erregelamendua, Batzordearena, 2021eko abenduaren 21ekoa, zeinaren bidez ezartzen baitira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren (EB) 2021/2115 Erregelamenduari jarraikiz olio-hazien, kotoiaren eta ardogintzako azpiproduktuen gaineko esku-hartze motetarako arauak, bai eta Batasunaren laguntzarekin lotutako informazioaren, publizitatearen eta ikusgarritasunaren arloko eskakizunetarako eta NPBren plan estrategikoetarako arauak ere; (EB) 2021/2116 Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2021eko abenduaren 2koa, nekazaritza politika bateratuaren finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoa, eta 2013/1306 (EB) Erregelamendua indargabetzen duena; Nekazaritza Politika Bateratuaren Plan Estrategikoaren esparruan mahastizaintzako eta ardogintzako esku-hartze sektoriala arautzen duen urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 5. atala (55. – 72. artikuluak); Plan Estrategikoaren esku-hartzeak eta Nekazaritza Politika Bateratuaren beste laguntza batzuk kudeatzeko eta kontrolatzeko sistema arautzen duen abenduaren 27ko 1047/2022 Errege Dekretuaren 98. artikulua; eta otsailaren 28ko 147/2023 Errege Dekretuaren II. kapitulua eta azken xedapenetako laugarrena (147/2023 Errege Dekretuak Nekazaritza Politika Bateratuaren Plan Estrategikoan jasotako esku-hartzeetan zigorrak aplikatzeko arauak ezartzen ditu eta 2023-2027 aldirako Nekazaritza Politika Bateratua Espainian aplikatzearekin lotutako alderdi batzuk arautzen dituzten zenbait errege-dekretu aldatzen ditu).

Aipatutako 2023ko uztailaren 26ko Aginduan ezarritako epearen barruan, eta bertan ezarritako prozeduraren arabera, laguntza-eskabideak aurkeztu ziren.

Behin 2023ko uztailaren 26ko Aginduaren bitartez eratutako Balorazio Batzordeak aztertu eta baloratuta aurkeztu ziren eskabideak, abenduaren 9ko 227/2014 Dekretuan xedatutakoa betez, behin-behineko zerrenda bat egin zen lehenetsitako programa hautatuekin, eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren Nekazaritza eta Landa Garapenaren Sektoreko Konferentziara bidali zen.

Autonomia-erkidegoen proposamenak aztertuta, Nekazaritza eta Landa Garapenaren Sektoreko Konferentziak, urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 64. artikuluan xedatutakoa betez, Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion programak onartu ditu 2024ko urtarrilaren 15ean.

Ikusita Sektoreko Konferentziak onartu duen behin betiko zerrendan Euskal Autonomia Erkidegoarenak diren programak, eta abenduaren 9ko 227/2014 Dekretuaren 12. artikuluan xedatutakoa betez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ebazpen honen eranskinean zerrendatzen diren eskatzaileei laguntzak ematea mahastizaintza eta ardogintzako esku-hartze sektorialaren programa hirugarren herrialdeetan sustatzeko eta komunikatzeko, 2025eko NBEF ekitaldia, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko uztailaren 26ko Aginduaren babesean, zeinaren bidez egiten baita mahastizaintza eta ardogintzako esku-hartze sektorialaren programa hirugarren herrialdeetan sustatzeko eta komunikatzeko laguntzen 2024. urteko deialdia. Aipatu eranskinean zehazten dira diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoa eta onuradun bakoitzari aitortutako zuzeneko laguntzaren zenbatekoa; hala, guztizko zenbatekoa 7.237.925,29 euro da (diruz lagun daitekeen gastuaren % 50,00), Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren kontura (NBEF).

Bigarrena.– Urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 66. Artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoa betez, ebazpen hau jakinarazi eta hilabeteko epean, onuradunek ebazpen honen eranskinean zehazten den laguntza onartu dutela jakinarazi beharko diote Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, eta frogatu beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailearen aldeko berme bat eratu dutela, emandako laguntzaren zenbatekoaren % 15ekoa gutxienez.

Abala honela aurkeztu ahal izango da:

– Aurrez aurre: abalaren jatorrizkoa aldez aurretik gordailutuko da Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintza Nagusian (Lakua II – 1. solairua), 09:00etatik 13:00etara.

– Telematikoki: Eusko Jaurlaritzaren Bermeen Erregistroan:

1.– Banketxe / Elkarrekiko Berme Sozietate / Aseguratzaile batek digitalki sinatutako abalak / kauzio-aseguruak posta elektronikoz bidali ahal izango dira Tesoreria-Aval@euskadi.eus helbidera.

2.– Eskudirutan eratutako abalak banku-transferentziaren bidez egin ahal izango dira. Interesdunak erregistratzeko behar diren datuak bidaliko ditu Tesoreria-Aval@euskadi.eus helbidera. Hauek dira datuok: enpresaren izena eta IFZ, abalaren zenbatekoa, espediente-zenbakia, «mahastizaintza eta ardogintzako esku-hartze sektorialaren programa hirugarren herrialdeetan sustatzeko eta komunikatzeko laguntzak, 2025eko NBEF ekitaldia» kontzeptua eta bermea Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailearen alde eratu dela. Datuak egiaztatu ondoren, dirua sartzeko kontu-zenbaki bat emango da eta, behin sartuta, egiaztagiria bidali beharko da. Diru-sarrera egin dela egiaztatu ondoren, bermea erregistratuta geratuko da. Hirugarrena alta emanda ez badago, horretarako behar den dokumentazioa eskatuko da.

Sustapen-ekintzetarako eta programetarako bakar-bakarrik erabiliko den banku-kontu baten bitartez egingo dira justifikazio-gastuen ordainketa guztiak.

Hirugarrena.– Otsailaren 28ko 147/2023 Errege Dekretuaren 44. artikuluan (mahastizaintzako eta ardogintzako esku-hartze sektorialeko hirugarren herrialdeetan sustapeneko eta komunikazioko esku-hartze programa bat ez osatzeagatik laguntza murrizteari buruzkoa da), hau adierazten da:

Hirugarren herrialdeetan egindako sustapen- eta komunikazio- esku-hartzeetan, egiaztatzen bada onartutako edo, hala badagokio, aldatutako eragiketa edo programaren bat ez dela guztiz gauzatu, 44. artikulu honetan ezarritakoa kontuan hartuta ordainduko da laguntza. Artikulu horretan honako hau jasotzen da:

Ezinbesteko arrazoiengatik edo salbuespenezko zirkunstantziengatik sustapen-programa bateko azpiekintza bat edo batzuk egikaritu ez direnean, azken laguntza honela kalkulatuko da: guztiz exekutatu diren banakako azpiekintzei dagozkien zenbatekoen batura, eta, zati batean exekutatutako azpiekintzak badaude, exekutatutako zati proportzionalaren batura, betiere exekutatu gabeko zatia ezinbesteko kausengatik edo salbuespenezko inguruabarrengatik gertatu bada.

Sustapen-programa bateko azpiekintza bat edo batzuk egikaritu ez direnean, edo haien egikaritzea partziala denean, ezinbesteko arrazoiak edo salbuespenezko inguruabarrak ez diren arrazoiengatik, baina eragiketaren edo programaren helburu globaletara iristen denean, azken laguntza murriztu egingo da, gauzatu ez diren edo egikaritu diren zatikako azpiekintzei dagokien zenbatekoaren % 100eko zigorra aplikatuz. Hau da, azken laguntza honela kalkulatuko da: guztiz exekutatu diren banakako azpiekintzei dagozkien zenbatekoen batura, exekutatu gabeko azpiekintzei eta/edo partzialki exekutatutako azpiekintzei legokiekeen zenbatekoa kenduta.

Sustapen-programa bateko azpiekintza bat edo batzuk egikaritu ez badira, edo haien egikaritzea partziala bada, ezinbesteko arrazoiak edo aparteko inguruabarrak ez diren arrazoiengatik, eta eragiketaren edo programaren helburu orokorrak lortzen ez badira, ez da inolako laguntzarik emango.

Murrizketa horiek aplikatuz gero, sustapen-azpiekintzengatiko laguntzak ordaindu badira, azpiekintza horiei dagozkien zenbatekoak eta dagozkien interesak itzultzeko eskatuko da.

Laugarrena.– Programen aldaketak. Aldaketak egin ahal izango dira, urriaren 25eko 905/2023 Errege Dekretuaren 67. artikuluan ezarritakoaren arabera:

1.– Hasieran onartutako sustapen-programaren aldaketak aurkeztu ahal izango ditu onuradunak, eta bi aldaketa mota bereiziko dira:

a) aldaketa handia, aldaketa txikia ez den edozein.

b) aldaketa txikia, 5. apartatuan zehazten diren ezaugarriak dituena.

2.– Aldaketa guztiak Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari aurkeztu beharko zaizkio, eta behar bezala justifikatuta egon beharko dira.

3.– Ez dira baimenduko aldaketa hauek:

a) Onartutako programaren helburu orokorrak aldatzen dituztenak.

b) Onargarritasun-baldintzak aldatzea dakartenak.

c) Onartutako programaren aurrekontua murriztu edo % 20tik gorako aldaketa dakartenak.

d) Programa gauzatzen atzeratzea dakartenak.

e) Laguntza-eskabideak lehentasun-fasean jaso zuen puntuazioa aldatzea dakartenak, baldin eta hautatutako eta hautatu gabeko eskaeren arteko eten-puntuazioaren azpitik geratzen bada.

4.– Azpiekintza egin baino gutxienez 15 egun lehenago aurkeztu beharko dira aldaketak; nolanahi ere, 2024ko azaroaren 15a izango da aldaketa-eskaera aurkezteko azken eguna.

Azpiekintza bat ez egitea aldaketa handitzat hartuko da beti.

5.– Aldaketa txikiek ez dute agintari eskudunaren aldez aurreko baimenik behar, eta azpiekintza gauzatu baino gutxienez 15 egun lehenago aurkeztuko dira. Nolanahi ere, 2024ko azaroaren 15a izango da aldaketa-eskaera aurkezteko azken eguna.

Aldaketa txikitzat joko dira onartutako programa bateko azpiekintzen arteko finantza-transferentziak, baldin eta onartutako edo aldatutako zenbatekoaren % 20koak badira gehienez.

Bosgarrena.– Onuradunak laguntzaren informazioari eta publizitateari buruzko betebeharrak bete beharko ditu, 2021/2115 Erregelamendua garatzen duen arauarekin bat etorriz:

Finantzatutako esku-hartzeen onuradunek honela jakinarazi beharko dute KEBPBren laguntza:

a) onuradunaren webgune ofizialean –halako webgunerik baldin badago– eta sare sozialetako kontu ofizialetan eragiketaren deskribapen laburra egingo dute, laguntzaren mailaren proportzioan, helburuak eta emaitzak adierazita, eta Batasunaren laguntza nabarmendu dute;

b) deklarazio bat emango dute, Batasunaren laguntza agerian jartzeko, eragiketa gauzatzearekin zerikusia duten dokumentuetan eta komunikazio-materialetan, jendearentzat.

Horretarako, Europar Batasunaren enblema erabili beharko da, dekretu honen II. eranskinean eta Batzordearen (EB) 2022/129 Betearazpen Erregelamenduan ezarritako baldintza teknikoekin bat etorriz (2021eko abenduaren 21ekoa, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren (EB) 2021/2115 Erregelamenduari jarraikiz, olio-haziei, kotoiari eta ardogintzako azpiproduktuei dagozkien esku-hartze motetarako arauak ezartzen dituena); era berean, bete beharko dira Batasunaren laguntzarekin eta NPBren plan estrategikoekin lotutako informazio-, publizitate- eta ikusgarritasun-arloko betekizunak, ikusgarritasun-, gardentasun- eta komunikazio-jarduerak gauzatzen dituztenean.

Enblema modu nabarmenean jasoko da komunikazio-material guztietan, hala nola produktu inprimatuetan edo digitaletan, webguneetan eta mugikorretarako bertsioetan, eragiketa bat gauzatzeari buruzkoak eta jendearentzat direnak. Enblemarekin batera, «Europar Batasunak finantzatuta» edo «Europar Batasunak kofinantzatuta» adierazpena jarri beharko da, kasuan-kasuan.

Seigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, erakunde interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo, edozein unetan, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 22a.

Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria,

RAÚL PÉREZ IRACHETA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala