Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

234. zk., 2023ko abenduaren 11, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
5465

AGINDUA, 2023ko abenduaren 1ekoa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta haren organismo autonomoetan sexu-jazarpenagatiko eta sexuan oinarritutako jazarpenagatiko salaketen kasuetan jarduten duten ikerketa-batzordeen antolamendu- eta funtzionamendu-erregelamendua.

Martxoaren 9ko 83/2010 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura diharduten funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen akordioa onartzen duenak, eta Laneko zuzendariaren 2010eko martxoaren 26ko Ebazpenak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko lan-kontratudunen kolektiboentzako hitzarmen kolektiboa erregistratu, gordailatu eta argitaratzea xedatzen duenak (gaur egun indarrean jarraitzen dute biek), sexu-jazarpeneko eta sexuan oinarritutako jazarpeneko egoeretan jarduteko prozedura espezifiko bat prestatu eta ezartzeko administrazio honen konpromisoa jasotzen dute. Konpromiso hori berretsi zen Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako emakume eta gizonen berdintasunerako I. Planean.

Horrela, 2021eko irailaren 1ean, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren uztailaren 9ko Agindua argitaratu zen, zeinaren bidez arautzen baita zer prozeduraren arabera jardungo den Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen eremuan sexu-jazarpeneko eta sexuan oinarritutako jazarpeneko kasuak gertatzen direnean. Agindu horrek aurreko paragrafoan jasotako xedapenetako aurreikuspenak betetzen zituen.

Aipatutako 2021eko uztailaren 9ko Aginduaren 8. artikuluaren arabera, jarduteko protokoloa hiru fasetan garatuko da: harrerako eta aholkularitzako lehen fasea, «Aholkularitza Konfidentziala» izenekoa; bigarren fasea, «Ikerketa Fasea» izenekoa, ustez jazarria izan den pertsonak aurkeztutako salaketarekin hasten dena, eta gaia aztertzeko propio sortutako ikerketa-batzordeak salatutako gertaerak aztertuko dituena, eta hirugarren fasea, non batzordeak bere txostena bidaliko dien administrazio honetako organo eskudunei, zehapen-prozedura bat ireki dezaten, baldin eta sexu-jazarpen edo sexuan oinarritutako jazarpen hori egon dela baieztatzen badu ikerketa-batzordeak, edo, horrela ez baldin bada, salaketa artxibatzeko.

Erregelamendu hau sortu da administrazio honetan sexu-jazarpeneko edo sexuan oinarritutako jazarpeneko egoera bat salatzen denean egiten diren ikerketak modu koherentean eta ordenatuan egin daitezen. Batzorde guztiek antolaketa- eta funtzionamendu-arau komun bat izango dute, ikerketa bakoitzean jarraitu beharreko prozedura ez dadin utzi unean-uneko ikerketa-batzordeko lehendakariaren esku.

Hori dela eta, 2021eko uztailaren 9ko Aginduaren azken xedapenetako laugarrenak dioen bezala, ordezkaritza sindikalak parte hartu duen lan-talde batean, ikerketa-batzordeen antolaketa eta funtzionamendua arautzen duen erregelamendu hau sortu da, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena salatzen den kasuetarako.

Hala egin da Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1 artikuluko e) eta m) letrekin eta xedapen iragankor bakarrarekin bat etorriz, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3. artikuluari dagokionez.

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta haren organismo autonomoetan sexu-jazarpenagatiko eta sexuan oinarritutako jazarpenagatiko salaketa-kasuetan jarduten duten ikerketa-batzordeen antolaketa eta funtzionamendu-erregelamendua onartzea, agindu honen eranskin gisa doana, bat etorriz Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren 2021eko uztailaren 9ko Aginduaren azken xedapenetako laugarrenean ezarritakoarekin (agindu horren bidez arautzen da zer prozeduraren arabera jardungo den Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen eremuan sexu-jazarpeneko eta sexuan oinarritutako jazarpeneko kasuak gertatzen direnean).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Egokitzat jotzen denean, agindu hau Berdintasunerako Batzorde Iraunkorrak edo, bestela, Funtzio Publikoko Sailburuordetzak propio izendatutako organoak berrikusiko du, beharrezkotzat jotzen dituen aldaketak, eguneratzeak eta hobekuntzak proposa ditzan.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abenduaren 1a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.

ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORREAN ETA HAREN ORGANISMO AUTONOMOETAN SEXU-JAZARPENA ETA SEXUAN OINARRITUTAKO JAZARPENA SALATZEN DEN KASUETAN JARDUTEN DUEN IKERKETA-BATZORDEAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUARI BURUZKO ERREGELAMENDUA

1. artikulua.– Ikerketa-fasea irekitzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen eremuan sexu-jazarpeneko eta sexuan oinarritutako jazarpeneko kasuak gertatzen direnean zer prozeduraren arabera jardungo den arautzen duen Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren 2021eko uztailaren 9ko Aginduaren 17.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, kalteturiko pertsonak sinatutako idatzizko salaketa baten bidez hasiko da ikerketa-fasea. Salaketa horretan, honako hauek azalduko dira: egitateak, ustezko jazarpenaren egilea, jazarpenak salatzailearengan izan dituen ondorioak eta eskura dituen frogak.

2. artikulua.– Ikerketa Batzordeko kideak izendatzea.

1.– Funtzio Publikoko Zuzendaritzak EAEko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako langileen artetik izendatuko ditu Ikerketa Batzordeko kideak, 2021eko uztailaren 9ko Aginduaren 18. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

2.– Ikerketa Batzordea osatzen duten pertsonek ezin izango dute inola ere Aholkularitza Konfidentzialaren fasean parte hartu, eta 2021eko uztailaren 9ko Aginduaren 18.3 artikuluan ezarritako prestakuntza eduki beharko dute.

3. artikulua.– Ikerketa Batzordeko kideen abstentzioa eta errekusazioa.

Ikerketa Batzordea osatzen duten pertsonak abstenitzen edo errekusatzen badira, 2021eko uztailaren 9ko Aginduaren 19. artikuluan xedatutakoa beteko da.

4. artikulua.– Ikerketa Batzordeko lehendakaria.

Ikerketa Batzordeko lehendakaria Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako Prebentzio Zerbitzuaren ordezkaria izango da.

5. artikulua.– Lehendakariaren eginkizunak.

Lehendakariak honako eginkizun hauek ditu:

a) Ikerketa Batzordearen bilerak bideratzea eta horietan buru izatea, hitzarekin eta botoarekin. Bilerak aurrez aurre edo telematikoki egin ahal izango dira.

b) Bilkuren deialdia egitea erabakitzea eta gai-zerrenda finkatzea.

c) Eztabaidak diskrezio haztatuaren irizpideen arabera bideratzea. Irizpide horiei jarraituz arautuko ditu batzordekideen esku-hartzeak eta haien iraupena.

d) Ikerketa Batzordearen izenean, erakunde, organismo, entitate eta ikerketan modu batera edo bestera parte hartu behar duten pertsona fisiko edo juridiko guztiengana jotzea.

e) Beharrezkoa izanez gero, gaian gaitasun eta ospe aitortua duen pertsona bat izendatzea, Ikerketa Batzordeari aholkuak eman diezazkion esleitu zaion zereginean, batzordeak hala erabakitzen badu.

f) Batzordearen jarduera bultzatzea, agindutako helburua eraginkortasunez eta bizkor bete dezan.

g) Erregelamendu honetan xedatutakoa betetzea eta betearaztea, eta batzordeko idazkariak egiten dizkion proposamenei buruz erabakitzea, erregelamendu honen 7. artikuluko g) letran xedatutakoaren arabera.

h) Kide izateari datxekion beste edozein eginkizun.

6. artikulua.– Batzordekideen eginkizunak.

a) Bilkuretako eztabaidetan parte hartzea, hitz egiteko eta botoa emateko eskubidearekin. Bileretan aurrez aurre edo telematikoki parte hartu ahal izango dute.

b) Botoa emateko eskubideaz baliatzea, boto partikularra ematea, eta botoaren esanahia eta arrazoiak adieraztea.

c) Galde-eskeak egitea.

d) Gaian gaitasun eta ospe aitortua duen pertsonari proposatzea Ikerketa Batzordeari aholku eman diezaion, 5. artikuluko e) letran ezarritakoaren arabera.

e) Lehendakariari Ikerketa Batzordearen bilerarako deia egiteko eskatzea.

f) Batzordekide izateari datxekion beste edozein eginkizun.

7. artikulua.– Idazkariaren eginkizunak.

Idazkariak honako eginkizun hauek ditu:

a) Ikerketa Batzordeari aurkezten zaizkion gai eta dokumentu guztiak jaso, antolatu eta bideratzea.

b) Bilkuretarako deialdia gutxienez bi egun baliodun lehenago egitea, eta deialdi horietan bileretako gai-zerrenda eta behar den dokumentazio guztia sartzea.

c) Ikerketa Batzordearen bilkuretako aktak egitea.

d) Espedientean dauden dokumentu guztiak zaintzea, bai eta dokumentuen sarrera eta irteera-erregistroa ere, eta batzordekideen edo alderdien eskura jartzea, beharrezkoa denean.

e) Kide anitzeko organoaren jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaintzea, haren jarduketak ziurtatzea, lehendakariaren oniritziarekin, eta eratzeko eta erabakiak hartzeko prozedurak eta arauak errespetatzen direla bermatzea.

f) Bileretara joatea, hitzarekin baina botorik gabe. Bertaratzea presentziala edo telematikoa izan daiteke.

g) Ikerketa Batzordeko lehendakariari erregelamendu honen interpretazioa proposatzea zalantzazko edo ez-egitezko kasuetan.

h) Ikerketa Batzordeak ikerketa garatzeko behar dituen komunikazio-egintzak egitea. Komunikazio horiek posta elektronikoz egin ahal izango dira, administrazio honetako pertsona eta organoentzat nahiz kanpoko pertsona eta organoentzat badira, eta jaso izana eta irakurri izana jasota geratzen bada.

i) Ikerketa Batzordeko lehendakariak agintzen dizkion kudeaketa- eta koordinazio-ekintza guztiak, edo karguari dagozkionak.

8. artikulua.– Bilkuren akta.

Ikerketa Batzordearen bilkura bakoitzean, idazkari-lanak egiten dituen pertsonak akta bat egingo du, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 18. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta honako hauek zehaztuko ditu:

a) Bertaratutakoen izen-abizenak.

b) Bilerako gai-zerrenda.

c) Bilera non eta noiz egin den.

d) Aztertutako gaiak eta eztabaiden puntu nagusiak.

e) Hartutako erabakien edukia.

f) Ikerketan parte hartzen duten pertsonen lekukotzak.

9. artikulua.– Ikerketa Batzordearen hasierako bilera.

1.– Idazkariak, lehendakariaren aginduz, Batzordearen lehen bilerarako edo hasierako bilerarako deia egingo die batzordekideei, izendapenetik edo, hala badagokio, batzordekideen errefusatze- edo abstentzio-intzidenteak ebazten direnetik gehienez ere 5 egun balioduneko epean.

2.– Hasierako bilera horretan, gainera, kideek:

a) Ikerketan zehar ezagutuko duten informazioari eta dokumentazioari buruzko konfidentzialtasun-akordioa sinatuko dute.

b) Alderdiek aurkeztutako salaketa eta alegazioen inguruko eztabaida egingo dute, halakorik aurkeztu bada, 2021eko uztailaren 9ko Aginduaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera.

c) Batzordeko lehendakariak, erregelamendu honen 3. artikuluaren arabera administrazio honetako prebentzio-zerbitzu propioko ordezkari bat izango denak, aholkularitza konfidentzialeko fasean emandako dokumentuak eta txostenak aurkeztuko ditu, 2021eko uztailaren 9ko Aginduaren 19. artikuluaren arabera.

d) Ikerketa hasi aurretik ebatzi beharreko gorabeherarik dagoen zehaztuko dute, erregelamendu honen 10. artikuluan ezarritakoaren arabera.

10. artikulua.– Ikerketaren aurreko gertakariak.

1.– Batzordeko lehendakariak deitutako hasierako bileran, batzordekideek une horretara arte espedientean dagoen dokumentazioa aztertu ondoren eta ikerketa egiteko jarraitu beharreko jarduketak zehaztu aurretik, Batzordeak honako hauek egin ahal izango ditu:

a) Ikerketa ez hastea komeni dela erabaki, zalantzarik gabe uste badu gertakariak ez direla sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena. Erabaki hori aho batez hartuko da, arrazoitu egin beharko da, idatziz jaso beharko da eta alderdiei jakinarazi beharko zaie.

Sexu-jazarpeneko edo sexuan oinarritutako jazarpeneko jokabideak zehazteko, 2021eko uztailaren 9ko Aginduaren 4. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.

b) Ikerketarik ez hasi, baldin eta salaketaren oinarri diren jokabideak lan-esparruan gertatu ez badira, 2021eko uztailaren 9ko Aginduaren 5. artikuluak ezartzen duen bezala. Erabaki hori aho batez hartuko da, arrazoitu egin beharko da, idatziz jaso beharko da eta alderdiei jakinarazi beharko zaie.

c) Ikerketa eten, baldin eta ustezko jazarlearen aurka prozedura judizial bat irekita badago ikertu beharreko egitate berberengatik, gaiari buruzko ebazpen judiziala izan arte. Erabaki hori idatziz jasoko da eta alderdiei jakinaraziko zaie.

d) Ikerketarekin jarraitu. Erabaki hori idatziz jasoko da eta alderdiei jakinaraziko zaie.

2.– Batzordeak ikerketarekin jarraitzeko edo ez jarraitzeko erabakiaren berri emango die honako hauei:

a) Prozedurako alderdiei.

b) Alderdiak zerbitzuak ematen ari diren administrazio honetako zerbitzu-zuzendaritzari edo langileak kudeatzeko organoari.

c) Funtzio Publikoko Zuzendaritzari edo, ustezko jazarlea Funtzio Publikoko zuzendaria bada, Funtzio Publikoko Sailburuordetzari.

d) Berdintasunerako Batzorde Iraunkorreko lehendakariari, prozedura hori irekita dagoela jakinaraz diezaien batzordekideei.

11. artikulua.– Ikerketa-jarduketak eta ikerketaren iraupena.

1.– Ikerketa Batzordeak behar diren jarduketak egingo ditu administrazio honen eremuan sexu-jazarpenik edo sexuan oinarritutako jazarpenik egon den zehazteko, 2021eko uztailaren 9ko Aginduaren 21. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Ikerketa, une oro, 2021eko uztailaren 9ko Aginduaren 9. artikuluan jasotako printzipioen eta bermeen arabera arautuko da.

3.– Ikerketa Batzordeak bilerak egin ahal izango ditu alderdiekin, baina bi aldeek berariaz baimena ematen badute soilik egin ahal izango dira.

4.– Ikerketa Batzordeak ikertu beharreko gertakariekin harreman zuzena duten pertsonak elkarrizketatu ahal izango ditu, bai egoeraren lekuko izan direlako, bai beste bide batetik gertakarien berri izan dutelako. Kasu horretan, bileretara joango diren pertsonen berri emango zaie alderdiei beti.

5.– Era berean, administrazio honetako sail eta organismo autonomoen lankidetza eskatu ahal izango du, ikerketa amaitzeko behar diren judizio-elementu guztiak bildu ahal izateko, aholkularitza konfidentzialeko kide izan diren pertsonen lankidetza barne.

6.– Ikerketa Batzordeko lehendakariak ikerketa-fasean lekuko gisa edo beste egoera batean parte hartuko duten administrazio honetako langile guztiei jakinaraziko die prozeduran lagundu behar dutela, Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 29. artikuluaren arabera, eta haien lankidetzarik ezak zer ondorio izan ditzakeen, bai eta konfidentzialtasuna gordetzeko zer betebehar duten ere.

7.– Batzordeak sexu-jazarpenean eta sexuan oinarritutako jazarpenean adituak diren pertsonen aholkularitza eskatu ahal izango du, ikertutako egitateak behar bezala baloratzen eta interpretatzen lagun dezaten, bai eta agindutako ikerketa amaitzeko beharrezkoak diren beste jarduketa batzuei buruz ere.

8.– Ikerketa-prozesuak, azken txostena idaztea eta jakinaraztea barne, gehienez ere 3 hilabeteko iraupena izango du, Batzordearen hasierako bilera egiten den egunetik zenbatzen hasita. Hala ere, epe hori beste bi hilabetez luzatu ahal izango da, baldin eta luzapen hori behar bezala arrazoitzen bada, kasu zehatzaren inguruabarrak, enplegatuen beharrezko babesa eta jarraitutako prozeduraren gainerako bermeak kontuan hartuta. Epe hori luzatzeko arrazoiak idatziz jaso beharko dira, arrazoitu egin beharko dira eta alderdiei jakinarazi beharko zaizkie.

12. artikulua.– Ikerketa gidatu behar duten printzipioak.

Ikerketa Batzordea 2021eko uztailaren 21eko Aginduaren 9. artikuluan jasotako printzipioen arabera arautuko da une oro, honako hauei arreta berezia jarrita:

a) Ikerketa-prozesuan parte hartzen duten pertsona guztien osasuna babestea, bai berdintasun-unitatetik bai administrazio honetako prebentzio-zerbitzutik laguntza emanez.

b) Enplegatuen osasuna babestea, ikertutako gertaeren edo ikerketaren beraren ondorioz zerbitzuak ematen zituzten administrazio-unitatean edo -unitateetan lan-giro txarra egon daitekeelako; horretarako, Ikerketa Batzordeak Administrazioaren prebentzio-zerbitzu propioaren jarduna eskatu ahal izango du.

13. artikulua.– Osasun-azterketa eta babes-neurriak.

1.– Ikerketa Batzordeak ikerketa-fasearen edozein unetan erabaki ahal izango du komeni dela alderdiei osasun-azterketa bat egiteko proposatzea, haien osasun fisikoa edo psikikoa babesteko antolaketa-neurririk hartu behar den erabakitzeko. Proposamen hori prebentzio-zerbitzuko arlo medikoari jakinaraziko zaio.

2.– Ikerketa Batzordeak proposatzen dituen osasun-azterketa guztiak borondatezkoak izango dira, Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 22. artikuluan jasotako kasuetan izan ezik.

3.– Era berean, ikerketa-fasearen edozein unetan, Ikerketa Batzordeak erabaki ahal izango du neurriak hartu behar direla ikerketaren eraginpean egon daitezkeen alderdiak edo administrazio honetako beste langile batzuk babesteko.

14. artikulua.– Ikerketa-jarduketen amaiera.

Ikerketa Batzordeko lehendakariak ikerketa amaitutzat emango du sexu-jazarpeneko edo sexuan oinarritutako jazarpeneko jokabiderik dagoen ala ez ondorioztatzen denean, gutxienez Batzordea osatzen duten eta boto-eskubidea duten pertsonen gehiengo soilez.

15. artikulua.– Ikerketa Batzordearen azken txostena.

Batzordeko lehendakariak ikerketa amaitu dela adierazten duenetik gehienez ere 10 egun balioduneko epean, Batzordeak txosten bat egingo du, honako hauek jasoko dituena:

a) Batzordearen iritziz sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena egon den ala ez.

b) Ondorio horren oinarria, gutxienez 2021eko uztailaren 9ko Aginduaren 22. artikuluan aipatzen den informazioa jasoz, bai eta Batzordeak atera duen ondorioa sostengatzeko beharrezkotzat jotzen den beste edozein informazio ere.

16. artikulua.– Ikerketa Batzordearen azken txostena bidaltzea.

1.– Azken txostena bidaliko zaie:

a) Jazarlea zerbitzuak ematen ari den administrazio honetako zerbitzu-zuzendaritzari edo langileak kudeatzeko organoari, dagokion diziplina-espedientea hasi ahal izateko, baldin eta Ikerketa Batzordeak ondorioztatu badu sexu-jazarpeneko edo sexuan oinarritutako jazarpeneko egoera bat gertatu dela.

Organo horiei, azken txostenaz gain, ikerketa-espedientearen kopia konpultsatua bidaliko zaie, diziplina-espedientea izapidetzeko behar den informazio guztia izan dezaten.

b) Prozedurako alderdiei, adieraziz, gainera, dagokion diziplina-espedientearen hasieraren berri eman zaiola organo eskudunari, jazarpena egon dela ondorioztatu bada.

c) Funtzio Publikoko Zuzendaritzari edo, hala badagokio, Funtzio Publikoko Sailburuordetzari. Funtzio Publikoko Zuzendaritzari izapidetutako jatorrizko espedientea ere igorriko zaio, artxiba dezan.

d) Berdintasunerako Batzorde Iraunkorreko lehendakariari, batzordekideei horren berri eman diezaien.

2.– Txostenak ondorioztatzen badu ez dela sexu-jazarpenik edo sexuan oinarritutako jazarpenik gertatu, Ikerketa Batzordearen azken txostena aurreko letretan aipatutako pertsonei eta organoei bidaliko zaie.

17. artikulua.– Ikerketa-fasearen amaiera eta Ikerketa Batzordea azkentzea.

Azken txostena egin eta aurreko artikuluan aipatzen diren organoei jakinarazi ondoren, Ikerketa Batzordea azkendutzat joko da.


Azterketa dokumentala