231. zk., 2023ko abenduaren 4a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (218 KB - 16 orri.)
- EPUB (137 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LAN ETA ENPLEGU SAILA
5408
EBAZPENA, 2023ko azaroaren 24koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Horren bidez, argitaratzen da Euskal Autonomia Erkidegoan sektoreko prestakuntza-beharrak aztertu eta antzemateko azterlanak egiteko 2024. urteko dirulaguntzen deialdia.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2023ko azaroaren 24ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan sektoreko prestakuntza-beharrak aztertu eta antzemateko azterlanak egiteko 2024. urterako dirulaguntzen deialdia onetsi du. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluko n) apartatuan xedatutakoaren arabera (abuztuaren 30eko 98/2022 Dekretuak emandako idazkeran), erakunde autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.
Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Argitara ematea Euskal Autonomia Erkidegoan sektoreko prestakuntza-beharrak aztertu eta antzemateko azterlanak egiteko 2024. urterako dirulaguntzen deialdia, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2023ko azaroaren 24ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez onetsia (ebazpen honen eranskinean dago jasota).
Bigarrena.– Jakinaraztea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak laguntza-deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiak.
Hirugarrena.– Aditzera ematea deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dela zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 24a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
FRANCISCO PEDRAZA MORENO.
ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN SEKTOREKO PRESTAKUNTZA-BEHARRAK AZTERTU ETA ANTZEMATEKO AZTERLANAK EGITEKO 2024. URTERAKO DIRULAGUNTZA-DEIALDIA.
Deialdi honen helburua da produkzio-sektore jakin bateko enpresek dituzten prestakuntza-behar errealak antzematea, eta sektore horretako langileen gaitasunak eta kualifikazioa garatzea eta hobetzea, enpresa horien lehiakortasuna eta produktibitatea areagotzeko. Horretarako, sektoreko prestakuntza-beharrak aztertu eta antzemateko azterlanak egingo dira, eguneratuta eta euskal enpresa-ehunaren premietara egokituta. Beharrezkoa da azterlan horiek eguneratzea.
Euskadirako Enplegurako Lanbide Heziketa antolatzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak era honetako ekimenak aurreikusten ditu V. kapituluko 1. atalean, zeinetan «Prestakuntzari laguntzeko ekintzak» arautzen diren, eta, horien artean, 32 a) artikuluan azterketa eta ikerketarako ekintzak. Ekintza horien helburua da produkzio-sisteman dagoen Enplegurako Lanbide Heziketaren eskaria egituratzen duten faktoreak aztertzea. Horrela, aurre hartu ahal izango zaie aurrerapen teknikoaren eta lan-antolamenduaren ondorioz lanbide-kualifikazioetan egon daitezkeen aldaketei, hainbat sektore ekonomikotan eta lurralde-eremutan dauden prestakuntzako arazo eta beharrizan berezien ezagutzan sakondu ahal izango da, eta hainbat ekimen garatu ahal izango dira enplegurako prestakuntza-eskaintza lanbideen edukiek izandako bilakaerara egokitzeko.
Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (zeinaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen baitira eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen) Lan eta Enplegu Sailari esleitzen dizkio enplegu-politika eta enplegurako lanbide-heziketa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetzarekin –betiere hark dauzkan erantzukizunen barruan–, hargatik eragotzi gabe oro har Lanbide Heziketaren eremuan zuzendaritza, antolamendu eta plangintzan Hezkuntza Sailak dituen eginkizunak.
Bestalde, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoak –zeina Lan eta Enplegu Sailari atxikita baitago– egitekoen artean du, besteak beste, enplegurako prestakuntza-programen kudeaketa, maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaz onarturiko organismo autonomoaren estatutuen 3.b) artikuluan ezarritakoaren arabera.
Lan eta Enplegu Sailaren 2021-2024 Enplegu Plan Estrategikoak 7.5.1 ildo estrategikoan honako hau zehazten du: «Ildo honen helburua Enplegurako Prestakuntzaren Euskal Esparrua eraldatzen laguntzea da, euskal enpresen eta langileen behar espezifikoetara egokitu dadin eta kalitate-, aurrerapen- eta berrikuntza-printzipioen arabera jardun dezan lortzeko sistema propio bat eratuz. Informazio- eta prospekzio-sistemak hobetzea planteatzen da, enpresen enplegu-eskaria edo birkualifikazioa langabeen edo enplegatuen eskumenekin lerrokatzeko. Lan-merkatuaren behaketak eta etorkizuneko bilakaeraren prospekzioak programazioa eta prestakuntza-ibilbideak markatu behar dituzte, pertsonek zein enpresek hautemandako premiei eta eskaerei erantzuteko.»
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezinbestekotzat jo du sektoreko elkarteek beharrezko bitartekoak izatea sektoreko prestakuntza-beharrak aztertu eta antzemateko azterlanak egiteko, eguneratuak eta euskal enpresa-sarearen beharretara egokituak, eta beharrezkoa da eguneratze hori babestea.
Azterlan horiei esker, sektorea osatzen duten enpresa, langile eta lantokien kasuan honako hauek identifikatu ahal izango dira lehentasunez: eskumen profesionalen gabeziak, ezagupen teorikoen gabeziak, ezagutza praktikoen gabeziak eta enpresen eta langileen lehiakortasuna garatzeko beharrezkoak diren trebetasunak. Hartara, prestakuntza-planak garatu ahal izango dira, prestakuntza-ekintzez eta -ibilbideez osatuak, azken finean ordezkatutako enpresetako langileen eskumen profesionalak hobetzeko eta, ondorioz, horien lehiakortasuna areagotzeko.
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren proposamenez, erakunde autonomo horretako Administrazio Kontseiluak, 2023ko azaroaren 24ko bilkuran, onartu egin zuen Euskal Autonomia Erkidegoan sektoreko prestakuntza-beharrak aztertu eta antzemateko azterlanak egiteko 2024. urterako dirulaguntzen deialdia, honako baldintza hauekin:
1. artikulua.– Laguntzen eta baliabide ekonomikoen izaera.
1.– Deialdi honen xedea da, 2024ko ekitaldirako, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako enpresa eta lantokientzat eta bertan lan egiten duten langileentzat enpresaz gaindiko sektoreko prestakuntza-beharrak aztertu eta antzemateko azterlanak egitea finantzatzeko laguntzak arautzea.
2.– Deialdi hau finantzatzeko baliabide ekonomikoak guztira 1.000.000 eurokoak dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2024ko aurrekontuko ordainketa-kredituaren kontura.
3.– Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuak 2007ko apirilaren 26an Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruz emandako Aginduaren 5.3 artikuluaren ondorioetarako, sektoreko prestakuntza-beharrak aztertu eta antzemateko azterlanak egiteko 2024ko ekitaldiko ebazpena emateko, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko Aurrekontu Orokorretan.
2. artikulua.– Erakunde onuradunak eta aplikazio-eremua.
1.– Deialdi honetako laguntzen onuradun izan daitezke Euskal Autonomia Erkidegoan lantokia duten jarduera ekonomikoko sektore bateko enpresak eta/edo enpresa horietako langileak biltzen edo ordezkatzen dituzten erakundeak, baldin eta erabakitzen badute, zuzenean edo beste erakunde aditu batekin edo batzuekin batera, prestakuntza-premien azterketari buruzko azterlan sektorial bat egitea lantoki horietan lan egiten duten langileentzat. Era berean, sektorearteko erakundeak ere izan daitezke onuradun, baldin eta azterlana sektoriala baino ez bada.
Erakunde eskatzaileek nortasun juridiko propioa izan beharko dute, 2022ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik formalki eratuta egon beharko dute, administrazio publikoetako enpresaburuen elkarte, talde edo erakundeen edo sindikatuen erregistroren batean identifikatuta egon beharko dute, eta lantegia Euskal Autonomia Erkidegoan izan beharko dute.
Erakunde horiek langile propioak izan beharko dituzte, azterlanaren garapena zuzentzeko eta kudeatzeko gaitasun nahikoa dutenak, edo, horretarako, beren interesak ordezkatzen dituzten elkarte, federazio, talde edo erakundearen baliabide pertsonalez baliatu beharko dira, elkarte, federazio, talde edo erakunde horretako kide izanik. Hala ere, gastu hori diruz laguntzeko, bi erakundeek xede horrekin sinatzen duten akordioa edo kontratua aipatutako jardueren azpikontratazioa arautzen duen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan xedatutakoaren mende egongo da. Ondorio horietarako, bi erakundeak artikulu horretako 7. apartatuko d) letran aurreikusitakoaren arabera lotuta daudela ulertuko da, eta, beraz, honako baldintza hauek bete beharko dira:
– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak aldez aurretik baimena eman beharko du akordio edo kontratu hori egiteko.
– Gastu hori finantzatzeko dirulaguntzaren zenbatekoak ezin izango du gainditu azterlana zuzentzeko jarduerak benetan egiten dituen langileak dituen erakundearen kostua.
2.– Ezingo dira onuradun izan honako egoera hauetako batean diren erakundeak:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea.
Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten baldin badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.
b) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta ez edukitzea.
c) Zigor-zehapena edo administrazio-zehapena ezarrita izatea, dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera kentzen diona, honako hauek barne:
– Sexu-bazterkeriagatik ezarritako zehapena, lege hauetan ezarritakoaren arabera: emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina (martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eraginkorrerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa.
– Ebazpen irmo baten bidez zehapen osagarri bat jasotzeagatik, Lan-arloko arau-hausteei eta zehapenei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuko 46.1.b) eta 46.bis.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.
d) Legez ezarritako kausaren bat izatea, laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten diona, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabeko bizitzei buruzko Legearen testu bateginean aurreikusitakoak barne:
– Ez edukitzea berdintasun-planik indarrean, nahiz eta enpresa horretara behartuta egon Estatuaren araudiaren arabera.
– Ez edukitzea ezarrita neurririk sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena edota indarkeria sexualak prebenitu eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.
e) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetan, eta eskatzailea irabazi-asmorik gabeko pertsona fisikoa edo juridikoa bada, zuzenbide publikoko erakundea ez dena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 3 bis apartatuan aurreikusitako baldintzetan, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak ez betetzea (3/2004 Legea, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituena).
Betekizun hori betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila Enpresak sortu eta handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legeko azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren berdina edo handiagoa denean (aurreko ekitaldian hornitzaileei egindako ordainketa guztietatik ordaindutako fakturen % 90, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako gehieneko epean).
f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan xedatzen diren gainerako egoeretako batean egotea.
3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ez badu egiaztatzen 2. apartatuan xedatutako eskakizunen bat, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatu beharko da; adierazpen hori eskabide-orrian jasota dago.
Aurreko e) apartatuan jasotako betekizuna egiaztatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
–. Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak, kontabilitate-araudiaren arabera, galera eta irabazien kontu laburtua aurkez badezake, 38/2003 Legeko 13.3 bis artikuluaren a) apartatuan aurreikusitako ziurtagiriaren bidez, Lanbidek emandako ereduaren arabera.
Ziurtagiri hori dirulaguntza-eskaerarekin batera aurkeztu beharko da.
–. Eskatzaile horrek ezin badu, kontabilitate-araudiaren arabera, galera eta irabazien kontu laburtua aurkeztu 38/2003 Legeko 13.3 bis artikuluaren b) letran aipatzen den dokumentazioaren bidez, hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez, apartatu horren 1. zenbakian eskatutako edukiarekin; edo ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostenaren bidez, aipatutako letraren 2. zenbakian eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartutako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko Erregelamenduko 22 bis artikuluan aurreikusitako baldintzetan.
Aurreko paragrafoan adierazitako dokumentazioa aurkezteko eskatuko die Lanbidek erakunde eskatzaileei, hala badagokio, dirulaguntzak emateko ebazpenak eman aurretik.
3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.
1.– Deialdi honen bidez, dirulaguntzak emango dira sektoreko prestakuntza-beharrak aztertu eta antzemateko azterlanak egiteko, lantokia Euskal Autonomia Erkidegoan duten jarduera ekonomikoko sektore jakin bateko enpresen gainean eta horietan lan egiten duten langileen gainean, ebazpena jakinarazi ondoren eta 2024ko azaroaren 29a arte.
Sektoreko prestakuntza-beharrak aztertu eta antzemateko azterlanak deialdi honetan eta aurkeztutako eskabidean jasotako baldintzen arabera egin beharko dira, eta amaitutakoan aurkeztu beharko dira.
2.– Sektoreko prestakuntza-beharrak aztertu eta antzemateko azterlantzat jotzen da honako gai hauei buruzko hausnarketa- eta azterketa-prozesua jasotzen duena:
– Enpresan eta langileen artean dauden ezagutza eta eskumen profesionalen egoera, horiek dituzten eskakizun lehiakorrekin lotuta.
– Enpresetako kideek dituzten ezagutza, gaitasun edo/eta jarreren eta beren etorkizuneko proiektua bermatzeko eskatutakoen artean dauden desorekak.
– Antzemandako desoreka gainditzeko ekintzen eta ekimenen deskribapen sistematiko eta globala. Deskribapen horretan jasota egon behar dira, gutxienez, azterlanaren ziozko prestakuntza-ekintzen, -ibilbideen eta -ekimenen hierarkizazioa, lehentasunak eta behin-behineko plangintza, lortu nahi diren helburuak, horretarako erabili beharreko metodologiak, eta horiek garatzeko kostu ekonomikoari eta bideragarritasunari buruzko aurreikuspena.
Hori guzti hori, sektoreko erakundeentzat eta bertako enpresentzat erabilgarria den tresna baten bidez egituratu eta eutsiko da, prestakuntza-plan propioak definitu, zehaztu, kudeatu eta ebaluatu ahal izateko.
3.– Beharrak aztertzeko azterlanak eta analisiak egitean jarraitzen den prozedura, gainera, lagungarria izango beharko da:
a) Enpresen behar espezifikoetara egokitutako prestakuntza-beharrak eskuratzeko (ez da ikastaroen katalogo orokor bat).
b) Eremu tekniko, pedagogiko edo ekonomikoan beharren azterketa eta ekintzen plangintza eta ebaluazioa sistematizatzeko.
c) Prestakuntzan egindako ahaleginen errentagarritasuna ebaluatzeko.
d) Produktuen/zerbitzuen eta prozesuen kalitate-mailak hobetzeko.
e) Antolaketako eta kudeaketako metodo eta sistema berrien aplikazioa errazteko.
f) Langileen integrazio, motibazio eta konpromiso handiagoa lortzeko enpresaren helburuekiko.
4.– Sektoreko prestakuntza-beharrak aztertu eta antzemateko azterlanek urte anitzeko irismena eduki beharko dute; gutxienez, 2 urtekoa.
5.– Beharrezkoa izango da sektoreko prestakuntza-beharrak aztertu eta antzemateko azterlanak sektoreko erakundeko enpresa guztiei, horietako langileei eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan antzeko ezaugarriak dituzten beste arlo batzuei zabaltzea, ahalik eta hedapen handiena lortzeko eta antzemandako beharretarako egokiak diren prestakuntza-erantzunak eskuratzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan dauden ekimen eta tresnetan aurreikusitako horiez harago.
Horrenbestez, lana amaitutakoan, egindako azterlanaren laburpen exekutiboa gauzatuko da. Bertan, berariaz jasoko dira haren ondorio nagusiak, kontsulta publikoa egingo da, eta sektorean inplikatutako langileen eta enpresen esku nahiz eremu geografiko desberdinetako elkarte edo antzeko taldeen esku jarriko da.
Diruz lagundutako azterlanen transferentzia, hedapena eta zabalkundea sustatzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua sektoreko prestakuntza-beharrak aztertu eta antzemateko egindako azterlanen emaitzak eta/edo azterlanaren laburpen exekutiboak argitara emateko prest egongo da.
Hala, batetik, azterlanaren emaitzen zabalkunde handiagoa lortu nahi da eta, bestetik, inguru desberdinetan antzeko sektoreetara zuzendutako azterlanak bikoiztea saihestu, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan ezaugarri antzekoak dituzten arloetan. Azterlaneko proiektuen artean bikoiztasunak egotea dirulaguntza ukatzeko arrazoia izango da.
6.– Ez da aurkeztutako ekimena finantzatutako, baldin eta haren balorazioak ez badu 4.3 artikuluan aurreikusitako gutxieneko puntuazioa lortzen, bertan ezarritako irizpideen arabera.
7.– Dagokion eskabidea aurkeztu ondoren, betiere beharrezkotzat jotzen bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak sektoreko erakunde eskatzailearen arduradunekin egiaztatuko ditu azterlana egiteko funtsezko alderdiak; besteak beste, metodologia, egikaritzaren arduradunen trebakuntza, eskuratu beharreko azken produktua eta abar.
8.– Erakundeek beren bitartekoen bidez garatu ahal izango dituzte produktuak. Hala eginez gero, dirulaguntza eskatzen duten ekimenak egiteko giza baliabideak eta baliabide materialak izan beharko dituzte, edo konpromisoa hartu beharko dute dirulaguntza esleitu ondoren horiek izango dituztela, azterlana hasten denerako. Ondore guztietarako, sektoreko erakundearen bitarteko propiotzat joko dira erakundeak kontratatutako besteren konturako langileak. Beharrezko baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan eduki beharko dira. Informazio hori egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpen bat egingo da (erantzukizunpeko adierazpena eskabidean jasota dago).
Erakunde onuradunek azterlana egiteko betebeharra osorik edo partzialki azpikontratatu ahalko dute, baina hura zuzendu eta koordinatzea beti izango da erakunde onuradunaren erantzukizuna, 2.1 artikuluaren hirugarren paragrafoan aurreikusitako baldintzetan.
Azpikontratatuz gero, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. eta 31.3 artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da.
Horrenbestez, kontratuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 118. artikuluan ezarritako kontratu txikien zenbatekoa gainditzen duenean, enpresa edo erakunde onuradunak gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu, salbu eta ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan zerbitzua ematen duten erakundeen kopuru nahikoa ez badago. Aurkeztutako eskaintzen arteko aukera eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da, eta berariaz justifikatuko da memoria batean, aukeratutakoa ez bada proposamen ekonomiko onena.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak aldez aurretik eman behar du baimena kontratua egiteko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluko 3. eta 7.d) apartatuetan aurreikusitako kasuetan. Horretarako, onuradunak, dirulaguntzaren eskabidearekin batera, sinatu gabeko kontratuaren kopia aurkeztu beharko du, baimena lortzeko. Baimena emandakotzat joko da, baldin eta ebazpenean onuradun deklaratzen bada.
Ezingo da azpikontrataziorik egin 38/2003 Legearen 29.7 artikuluan eta Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 71. artikuluan jasotako egoeraren batean dauden erakundeekin. Salbuespena izango da aipatutako artikuluko d) apartatuan aurreikusitako kasuan emandako aldez aurreko baimena, aurreko paragrafoan ezartzen den bezala.
Azpikontratazioa adosteko sinatutako kontratuan edo hitzarmenean, datu pertsonalen tratamendurako berme zehatzak biltzen direla egiaztatu beharko du, eta hori betetzeko behar diren klausulak sartu beharko ditu, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera.
9.– Erakunde eskatzaile bakoitzari azterlan bat egiteko bakarrik emango zaio dirulaguntza, sektorearteko erakundeei izan ezik; horiei bat baino gehiago lagundu ahal izango zaie, betiere jarduera-sektore desberdinetakoak badira.
4. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
1.– Sektoreko prestakuntza-beharrak aztertu eta antzemateko azterlanen proiektuak honako irizpide hauen arabera baloratuko dira:
a) Aurkeztutako azterlana egiteko erabilitako metodologiaren sendotasuna eta irmotasuna, eta haren egokitzapena metodologia horren ezaugarri espezifikoekiko:
– Proiektuaren justifikazioa. Metodologia, zehaztutako helburu orokor eta zehatzen arabera. Metodologia objektiboa eta ebidentzian oinarritua izan behar da.
– Egin beharreko lanak, informazioa jasotzeko metodologian oinarrituta, sistema kualitatibo eta kuantitatiboak uztartzen ditu: berrikuspen bibliografikoa eta iturri dokumentalen, elkarrizketen eta galde-sorten azterlana:
– Azterlanean kontaktatuko diren enpresa inplikatuen kopurua.
– Elkarrizketatu beharreko langileen kopurua.
– Aurreikuspenen arabera beteko diren galde-sorten kopurua.
b) Aurkeztutako azterlanaren koherentzia, aipatzen dituen sektore eta enpresekin lotuta. Laneko gidoi moduan zehaztuko dira kontaktatu beharreko enpresa inplikatuen kopuruaren, elkarrizketatu beharreko langileen kopuruaren eta aurreikuspenen arabera beteko diren galde-sorten kopuruaren gainean aurreikusitako gutxieneko zenbatekoak:
– Sektoreko zeharkako gai komunen identifikazioa, lanpostuak era egokian garatzeko beharrezko ezagutzen nahiz gaitasunen gainean.
– Azterlana datu-iturri esanguratsu eta fidagarrietan oinarritu beharko da, besteak beste langileei egindako inkestetan, lanaren azterketan eta gaitasunen ebaluazioetan.
– Egin beharreko azterlanaren proiektuaren aurkezpenak interesa dauka, sektorean dauden egungo joeren eta aldaketen arabera.
c) Azterlan bakoitza bereizten duten ezaugarriak, sektorearekin lotuta:
– Sektore ekonomikoaren identifikazioa: sektorearen deskribapen eta ezaugarritze zehatza eta zorrotza (egitura, bilakaera...).
– Sektorean eragina duten ingurune orokor eta espezifikoko faktoreen azterketa, sektoreko enpresetan eragina izan dezaketen mehatxuak eta aukerak antzemateko.
– Prestakuntza-eskariaren azterketa eta prestakuntza-eskaintzaren ebaluazioa. Ezaugarri bereizgarriak identifikatzea: prestakuntzaren eskaria eta eskaintza aztertutakoan, prestakuntza-beharren azterlana sektore ekonomikoarekin lotuta esanguratsu eta bakar bihurtzen duten ezaugarri bereizgarriak identifikatzen dira.
d) Agente desberdinen partaidetza sektorearen barruan, azterlana egiteko. Partaidetza aktiboa sektorean esanguratsua den enpresa baten edo hainbaten azterlana egin eta garatzeko orduan:
– Partaidetza aktiboa sektorean esanguratsuak diren beste erakunde batzuen azterlanak egin eta garatzeko orduan (fundazioak, enpresa-sareak...).
e) Azterlana egiteko dedikazioa:
– Azterlana egiten emandako denboraren plangintza egokia aurkeztea eta horretarako egunean edo astean behar adina ordu eskainiko direla bermatzea.
– Zereginen lehenespena eta epeen kontrola aurkeztea, kudeatzaileak azterketa egiteko ezarritako epeen barruan lan egingo duela egiaztatuz eta garaiz osatuko dela bermatzeko beharrezko doikuntzak eginez.
f) Xede-sektorerako egindako azterlanaren erabilgarritasuna. Sektore eskatzailearen egoera espezifikora transferitu daitekeen beste azterlanik ez egotea:
– Sektorerako garrantzia. Sektore ekonomiko espezifikorako azterlan garrantzitsua, gaur egun merkatuan dauden joera eta erronkekin bat datorrena. Prestakuntza-ekintzak azterlanean aipatzen den sektorearen beharretara egokitu behar dira.
– Produkzio-eremuei lotutako kolektibo guztiak barne hartzen dituzten prestakuntza-beharrak, prestakuntza praktikoak barne.
g) Beharren eskari egituratua, zehatza eta lehenetsia:
– Egin beharreko azterlanaren egitura, identifikatutako prestakuntza-beharren sailkapen argia eta logikoa barne hartzen duena: arlo funtzionalen, sailen edo posizioen arabera. Prestakuntza-premia bakoitza behar bezain zehatz deskribatu behar da, ulergarria izan dadin eta egin ondoren haren eragina neurtu ahal izan dadin.
– Lehentasunak ezartzea: identifikatu beharreko prestakuntza-beharrak, produktibitatean duten eraginaren, bezeroaren gogobetetzearen, enplegatuen atxikipenaren eta abarren arabera lehenetsiak.
h) Aurkeztutako azterlanaren beharra, aukera eta lehentasuna:
– Proiektuaren justifikazioa, helburu orokorrak eta espezifikoak zehaztuta.
– Egungo eta etorkizuneko profil profesionalen deskribapen zehatza, ezagutzak eta eskumenak eguneratzea behar dutenak kontuan hartuta.
i) Hornitzailearen eskumena eta aurretiazko eskarmentua proposatutako metodologia aplikatzen:
– Profesionalen aurrekariak eta prestakuntza: kudeatzailearen prestakuntza eta lanbide-historia, sektorean duen eskarmentua eta proiektuen kudeaketan duen berariazko prestakuntza barne.
– Antzeko proiektuetan izandako aurretiazko eskarmentua.
j) Dagokion sektorean prestakuntza-beharrak antzeman eta aztertzeko tresnak:
– Prestakuntza-beharrak jasotzeko ereduak eta formularioak.
– Prestakuntza-beharrak lehenetsi eta haztatzeko fitxak edo galde-sortak.
2.– Kontzeptu horri eman ahal zaion gehieneko puntuazioa 100 puntukoa izango da. Irizpide guztiek dute pisu berdina. Hala, 0, 5 edo 10 puntu izango dituzte, honela kalkulatuta:
– 0 puntu: ez da informaziorik eman, edo oso orokorra, hutsala, eskasa edo desegokia da.
– 5 puntu: eskabidean jasotako informazioa partziala da, eta itemeko azpi-apartatuen zati bati baino ez dio ematen erantzun egokia.
– 10 puntu: emandako informazioa osoa eta zehatza da, eta item bakoitzeko azpi-apartatu gehienei ematen die erantzun egokia.
3.– Azterketa eta balorazioa egin ondoren gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten azterlanak ez dira finantzatuko.
5. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa eta diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Eskatzaile bakoitzari emango zaion dirulaguntzaren zenbateko osoa honela zehaztuko da:
a) Lehenik eta behin, diruz lagun daitekeen gehieneko zenbatekoa zehaztuko da.
Horretarako, honako hauek hartuko dira kontuan: aurreikusitako langile-kopurua, egin beharreko azterlanean parte hartzen duten EAEko lantokien kopurua, eta azterketa egiteko egin beharreko galde-sorten eta elkarrizketen kopurua.
Titularrak aurkeztutako eskabidean emandako datu horien arabera, banaketa hau egingo da diruz lagun daitekeen gehieneko zenbatekoa zehazteko:
(Ikus .PDF)
Nolanahi ere, eskatutako dirulaguntza a) apartatuan xedatutakoa aplikatzearen ondoriozko zenbatekoa baino txikiagoa bada, eskatutako zenbatekoa diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekotzat hartuko da.
b) Bigarrenik, diruz lagun daitekeen gehieneko zenbatekoari dagokion ehunekoa aplikatuko zaio, 4. artikuluan adierazitako irizpideen arabera eskabidearen balorazioan lortutako puntuazioari jarraikiz, honako tarte hauek kontuan hartuta:
(Ikus .PDF)
2.– Finantza daitezkeen gastuak.
Honako hauek dira finantza daitezkeen gastuak:
a) Kanpoko erakunde aditu batek egindako azterlanetan:
– Emandako kanpoko zerbitzuen kostua.
– Azterketaren zuzendaritzaz, koordinazioaz eta kudeaketaz arduratzen diren pertsonen dedikazio-orduei dagokien soldata-kostua eta Gizarte Segurantzakoa.
b) Erakunde eskatzaileko langileek egindako azterlanetan:
– Azterketa egin duten langileen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak.
– Azterketaren zuzendaritzaz, koordinazioaz eta kudeaketaz arduratzen diren pertsonen dedikazio-orduei dagokien soldata-kostua eta Gizarte Segurantzakoa.
c) Beste kostu batzuk ere onartuko dira, zuzenekoak eta zeharkakoak, erakunde titularrak bere gain hartzen dituenak eta proiektua gauzatzeari eta kudeatzeari egotz dakizkiokeenak, hala nola enpresekiko topaketen antolaketa, joan-etorriak, komunikazioak edo erakundearen gastu orokorrak. Gastu horiek ezingo dute gainditu kostu finantzagarrien % 15eko muga.
Diruz lagundu daitezkeen gastuei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatua aplikatuko da. Alde horretatik, gastua diruz laguntzeko modukotzat jotzeko, beharrezkoa izango da azterlana gauzatzeko epean egin izana, 3.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta benetan ordaindu izana dirulaguntza justifikatu aurretik, 8.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Era berean, kontratatutako gastuaren zenbatekoak gainditzen baditu Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 118. artikuluan kontratu txikietarako ezarritako zenbatekoak, 38/2003 Legearen 31.3 artikuluan aurreikusitakoa bete beharko da.
6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Dirulaguntza-eskabideak, behar bezala eta guztiz beteta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa. Horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren webgunean.
Honako helbide honetan daude eskuragarri izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak eta eskabideak: https://www.euskadi.eus/servicios/1231602.
Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu ahalko da ordezkaritza hori, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.
2.– Eskabide bakarra aurkeztuko da erakunde eta jarduera-sektore bakoitzeko. Jarduera-sektore desberdinei buruzko azterlan bat baino gehiago egiteko dirulaguntza eskatu nahi duten sektorearteko erakundeek proiektu bakoitzeko eskabide bat aurkeztu beharko dute.
Eskabide bat aurkezteko unean erakunde berak jarduera-sektore bererako aurretik aurkeztutako beste eskabide bat oraindik ebatzi gabe badago, aurrekoan atzera egin duela ulertuko da, eta atzera egiteko dagokion ebazpena emango da, eta egindako azken eskabide aztertu eta ebatziko da. Erakunde berak lehendik jarduera-sektore bererako eskatutako dirulaguntza bat badu, aurkeztutako eskabide berria ukatuko da.
3.– Eskabide bakoitzarekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:
a) Aurkeztutako proiektuaren deskribapena, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak erakunde eskatzaileen eskura jarritako eskabide-ereduaren araberakoa, elektronikoki sinatua, garatu beharreko azterketa-proiektuaren azalpen laburra jasoko duena.
Bertan, egin beharreko azterlanaren xede den sektorearen eraginpeko EJSN kodeak ere zehaztuko dira, lau digitutakoak.
b) Azterlana egitearen gutxi gorabeherako kostua, hots, dirulaguntza gisa eskatzen den zenbatekoa, eurotan. Zenbateko hori, era berean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak erakunde eskatzaileen eskura jarritako eskabidean ere jasoko da.
c) Inbertsioa, dirulaguntzaren bidez ez ezik, funts propioen edo beste dirulaguntza edo bitarteko batzuen bidez ere finantzatu bada, zenbatekoa eta jatorria egiaztatu beharko dira.
d) Erakunde eskatzailea kide den elkarteko langileek zuzendu eta koordinatzen badute azterlana: sinatu gabeko akordioa edo kontratua, Lanbideren aurretiazko baimena lortzeko.
e) Azterlana kanpoko enpresa batekin azpikontratatzen bada: kontratuaren kopia, sinatu gabe, Lanbideren aldez aurreko baimena behar izanez gero, bai eta aurkeztutako hiru eskaintzen justifikazioa eta egindako aukeraketaren justifikazioa ere, ekonomikoki onuragarriena ez bada.
4.– Aurkeztutako dokumentazioak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko, errekerimendua jaso eta hurrengo egunetik aurrera. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, horretarako ebazpena eman ondoren, eta bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin.
5.– Eskabideak aurkezteko epea 2024ko urtarrilaren 2an hasiko da, eta 2024ko urriaren 15ean amaituko.
7. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.
1.– Prozedura izapidetu eta ebazteko eskumena duen organoa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendaria da.
2.– Laguntzak diruz laguntzeko prozedura ondoz ondoko lehiaketa izango da.
Eskabideek deialdi honetako eskakizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, ordenan emango dira laguntzak, eskabidea aurkezten den unearen arabera, jarduera horietarako 1.2 artikuluan xedatutako aurrekontu-zuzkidura amaitu arte.
Behin hasierako aurrekontu-zuzkidura amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuko da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariaren ebazpen baten bidez.
3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpena emango du, eta banan-banan jakinaraziko du, egoitza elektronikoaren bidez. Dirulaguntza ematekoa bada, dirulaguntzaren onuradunak bost egun balioduneko epean onartu beharko du, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igaro eta dirulaguntza onartzen ez bada, dirulaguntzari uko egiten zaiola ulertuko da, eta dagokion ebazpena emango da.
4.– Eskabideak ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko epea, gehienez ere, bi hilabetekoa da, eskabide telematikoa egoitza elektronikoaren bidez erregistroan sartzen den egunetik aurrera. Epe hori igarotakoan erakunde interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, erakunde horrek ulertu ahal izango du bere dirulaguntza eskabidea ezetsi egin dela, hargatik eragotzi gabe Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak espresuki ebazteko duen betebeharra.
5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariaren ebazpenek ez dute amaitzen administrazio-bidea, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
6.– Onuradunei dirulaguntzak eman eta, hala dagokionean, ordaintzea baldintzapean dago; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetze-fasean dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaitzearen baldintzapean.
7.– Publikotasunaren printzipioa betetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariaren ebazpen baten bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da jakitera zer erakundek jaso duten dirulaguntza deialdi honen babesean, eta zenbateko laguntza jaso duten.
8. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak eta emandako dirulaguntzak justifikatzea.
1.– Erakunde onuradunaren betebehar izango dira, deialdi honetako artikuluetan ezarritakoez gain, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan oro har ezarritakoak, baita Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) 50.2 artikuluan jasotakoak ere, eta, bereziki, honako hauek:
a) Jasotako funtsak erabili izana justifikatzen duten agiriak gordetzea, baita agiri elektronikoak ere, egiaztapen- eta kontrol-jardueren xede izan baitaitezke.
b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari informazioa ematea deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz, beren eginkizunak betetzean hala eskatzen denean.
c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen eskutik dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu direla, deialdi honetan aurreikusitako xede bererako.
d) Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.
e) Berariaz jasotzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzutik jasotzen den finantzaketa diruz lagundutako jarduera guztietan, bai eta jarduera horien zioz bideratzen diren ekintzetan ere. Finantzaketa hori hedatzeko neurri gisa, euskarri informatikoetan nahiz bestelakoetan honako adierazpen hau sartuko da: «Sektoreko prestakuntza-beharrak aztertu eta antzemateko azterlan honek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren kofinantzaketa jaso du 2024. urteko deialdian».
f) Honako hauen egiaztatze- eta kontrol-jarduketei baiezkoa ematea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Lan eta Enplegu Saila, Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoa eta Herri Kontuen Euskal Epaitegia.
2.– Diruz lagundutako jarduera eta emandako dirulaguntza egin direla justifikatzeko, erakunde onuradunek azken justifikazio-memoria bat aurkeztu beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, 2024ko abenduaren 13a baino lehen. Memoria horretan, aurkeztuko da zein den egindako lanaren azken emaitza eta sortutako gastuen justifikazio ekonomikoa. Memoria horretan, gutxienez honako hauek agertu beharko dira:
a) Sektoreko prestakuntza-beharrak aztertu eta antzematen dituen azterlana jasotzen duen dokumentua, bai eta egindako azterlanaren laburpen exekutiboa ere. Laburpen hori azterlanaren funtsezko alderdiak argi eta zehatz laburbiltzen dituen dokumentu labur bat izango da, eta, bertan, azterlanaren ondorio nagusiak jasoko dira.
Bertan, sektoreko prestakuntza-beharrak aztertu eta antzemateko azterlanaren emaitzak jaso beharko dira, gutxienez alderdi hauek zehaztuz:
– Enpresaren eta enpleguaren egitura.
– AMIA analisia.
– Sektorearen jardueran, enpresetan eta langileen gainean eragina duten proiektuak eta aldaketak.
– Prestakuntza-kultura.
– Antolaketa-egitura.
– Eskumenen profila.
– Kualifikazio-beharrak eta prestakuntza-ibilbideak.
– Prestakuntza-ekintzak eta prestakuntza-plana.
b) Fakturen zerrenda, honako hauek identifikatuta: hornitzailearen/finantza-erakundearen identifikazioa, faktura-zenbakia, fakturaren igorpen-data eta ordainketaren data, bai eta horien kopia egiazkoa eta ordainketaren egiaztagiria ere, eta diruz lagundu beharreko gastuen bestelako egiaztagiriak.
Diruz lagundu daitezkeen langileen gastuen kasuan, 5.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, diruz lagundutako jarduerak egin dituzten pertsonen zerrenda aurkeztu beharko da, bakoitzak emandako orduak adierazita, baita nominen kopia, Gizarte Segurantzako kotizazio-agiriak eta bi kontzeptu horiek ordaindu direla egiaztatzen duten agiriak ere.
Gizarte Segurantzako kotizazioaren 2024ko azaroko gastua justifikatzeko, 2025eko urtarrilaren 7an amaituko da justifikazio-agiriak aurkezteko epea.
Diruz lagundutako gastu justifikatuen zenbatekoa emandako dirulaguntza baino txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa doitu egingo da, eta, hala badagokio, dagokion itzulketa-prozedura izapidetuko da.
c) Diruz lagundutako azterlanaren egikaritza osorik edo zati batean finantzatu duten bestelako sarrerei edo dirulaguntzei buruzko aitorpena, zenbatekoa eta jatorria adierazita, edo halakorik ez dagoela dioen adierazpena.
9. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
1.– Dirulaguntza bi ordainketan ordainduko da, hura emateko ebazpena ezarri ondoren.
a) Lehenengo ordainketa erakunde onuradunari emandako zenbateko osoaren % 50 izango da, onuradunak dirulaguntza emateko ebazpena onartu ondoren.
b) Bigarren ordainketa gainerako zenbatekoarekin egingo da, diruz lagundutako azterlana eta jasandako gastuak 8.2 artikuluan aurreikusitako moduan justifikatu ondoren.
2.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, erakunde eskatzaileak inskribatuta egon behar du Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoko Hirugarrenen Erregistroan.
Erakundea ez badago erregistratuta, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, helbide honetan egin ahal izango du: https://euskadi.eus/hirugarrenak.
10. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.
Dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako baldintzaren bat aldatuz gero, baliteke emandako dirulaguntza bera ere aldatzea; betiere, deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza itzuli behar bada, itzulketa-prozedurari hasiera emango zaio.
11. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak bateragarriak dira edozein erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako ematen dituenekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Kasu honetan, beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskuratu direla jakinarazi beharko da. Gainfinantzaketa egonez gero, deialdi honen arabera emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, harik eta laguntzen baturak azterlana egitearen kostuaren zenbatekoa gainditzen ez duen arte.
12. artikulua.– Dirulaguntzak itzultzea.
1.– Ezin izango da eskatu dirulaguntza ordaintzeko, eta, hala badagokio, jasotako kopuru osoak itzuliko dira, eta dirulaguntza ordaintzen den unetik aurrera dirulaguntzen arloan ezar daitekeen berandutze-interesa eskatuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) 53.1 artikuluan aurreikusten diren kasuetan. Bereziki, honako hauetan:
a) Jarduera egin izana eta laguntza ematea edo baliatzea baldintzatzen duten baldintza eta betekizunak bete izana justifikatu beharra ez betetzea.
b) Dirulaguntza lortzea horretarako eskatutako baldintzak bete gabe.
c) Jarraipen- eta kontrol-jardunak ukatzea edo oztopatzea.
d) Diruz lagundutako ekintzak egikaritzeko baldintzei buruzko datu faltsuak ematea, errealitatearekin bat ez datozenak.
e) Deialdi honen 8.1 e) artikuluan jasotako komunikazio-betebeharrak ez betetzea.
f) Ez betetzea deialdi honetan zehaztutako beste betebehar, baldintza edo betekizunak.
2.– Era berean, emandako dirulaguntza osoa itzuliko da, baldin eta dirulaguntzaren helburua edo dirulaguntza justifikatzeko betebeharra betetzen ez bada.
3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntzaren onuraduna den erakundeari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela ere jakinaraziko dio.
4.– Alegazioak aurkeztu ondoren edo alegazio horiek aurkezteko epea igaro ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak ebazpena emango du.
Itzulketa-prozedura gehienez hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.
5.– Ebazpenak iritziz gero ez-betetzeren bat izan dela, galdutzat emango da dirulaguntza jasotzeko eskubidea, eta, hala badagokio, horrek ekarriko du dagozkion diru kopuruak itzuli behar izatea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, ebazpena jakinarazi, eta gehienez ere bi hilabeteko epean. Epe hori borondatezko epetzat hartuko da.
Dirua borondatezko aldian itzuli ezean, izapideak hasiko dira premiamendu bidez berreskuratzeko itzuli beharreko kopuruak.
13. artikulua.– Datu-babesari buruzko informazioa.
Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera honako bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Biltzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua da, eta jardueraren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Eskuratzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.
Datuen titularrek eskubidea dute datuak eskura izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eta informazioaren tratamendua mugatzeko nahiz aurka egiteko tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez. Prozedura hori www.euskadi.eus/servicios/10842/ helbidean argitaratu da.
Datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza kontsultatzeko: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml
14. artikulua.– Aplikatu beharreko araudia.
Dirulaguntzen programa honi dirulaguntzen araubide juridikoa arautzen duten arau-xedapen hauek aplikatu behar zaizkio: dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua), oinarrizko legeria baitira; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. Kapitulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, azken horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeko erregimen orokorra eta itzultzeak kudeatzen dabiltzan erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak.