104. zk., 2023ko ekainaren 2a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (246 KB - 13 orri.)
- EPUB (133 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LAN ETA ENPLEGU SAILA
2597
EBAZPENA, 2023ko maiatzaren 26koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita toki-erakundeek gazteak kontratatzeko laguntzen 2023ko ekitaldiko deialdia, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2023ko maiatzaren 25eko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, toki-erakundeek gazteak kontratatzeko laguntzen 2023ko ekitaldiko deialdia onartu du, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2023-2027 Programaren esparruan. Eta, Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren n) apartatuan xedatutakoaren arabera (maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartuta), organismo autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio deialdia argitaratzea.
Hori guztia dela eta, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Argitaratzea toki-erakundeek gazteak kontratatzeko laguntzen 2023ko ekitaldiko deialdia, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak onartu du deialdia, 2023ko maiatzaren 25eko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, eta ebazpen honen eranskinean dago jasota.
Bigarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak laguntzen deialdia onartzeko hartutako erabakiak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.
Hirugarrena.– Adieraztea deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 26a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.
ERANSKINA
TOKI-ERAKUNDEEK GAZTEAK KONTRATATZEKO LAGUNTZEN 2023KO EKITALDIKO DEIALDIA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO EGF PLUS 2021-2027 PROGRAMAREN ESPARRUAN.
Euskal Autonomia Erkidegoan, Europar Batasun osoan bezala, beharbada gazteak izan dira krisiaren ondorio zuzenak gehien pairatu dituztenak; izan ere, murriztu egin zaizkie lan-aukerak, eta, zehatzago esanda, aukera erakargarri eta kalitatezkoak. Ondorioak, ordea, ez dira enpleguaren esparrukoak soilik: gazteen gizarteratzea eta bizi-proiektuen garapena ere baldintzatzen ditu egoera horrek.
Langabezian bizi duten egoera ez da homogeneoa gazte guztientzat; izan ere, askotarikoak dira euren egoerak. Gazte batzuek kualifikazio apala dute; beste batzuek, berriz, kualifikazio handia, baina lan-eskarmentu urria, eta, ondorioz, lan-aukera gutxi izaten dute lan-merkatuan. Horrenbestez, dagokion irtenbidea eman behar zaio egoera bakoitzari.
Eurostatek 2022ko hirugarren hiruhilekoari buruz emandako datuen arabera (horiek dira argitaratutako azkenak), 30 urtetik beherako pertsonen langabezia-tasa % 11,76koa da Europar Batasunean. Gure lurraldeari dagokionez, Eustatek 2022ko hirugarren hiruhilekoari buruz emandako datuen arabera, kolektibo horrek % 14,10eko langabezia-tasa du, eta haren enplegu-tasa % 42,45ekoa da; EAEko enplegu-tasa orokorra, berriz, % 69,92koa da.
Europako Plus Gizarte Funtsa (EGF+) ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1057 (EB) Erregelamenduak xedatzen du estatu kide guztiek gazteen langabeziari heldu behar diotela beren gastu-programetan, bereziki Gazte Bermea aplikatuz. Europako Plus Gizarte Funtsa (EGF+) Europar Batasunak (EB) pertsonengan inbertitzeko duen tresna nagusia da, eta hori izango da, koronabirusaren pandemiaren ondoren, Europar Batasunaren susperraldi sozioekonomikoaren giltzarrietako bat; izan ere, pandemiak hankaz gora jarri ditu lan-merkatuan parte hartzeko igoerak, kolokan jarri ditu hezkuntza- eta osasun-sistemak, eta areagotu egin ditu desberdintasunak.
Krisi larri baten ondoren susperraldi ekonomiko inklusiboa ahalbidetzeko eta etengabe aldatzen ari den lan-munduan gazteen enplegua babesteko asmoz, eta zenbait estatu kidetan eta eskualdetan gazteen langabezia oso altua dela ikusita, beharrezkoa da estatu kideek EGF+ arloan dituzten baliabideen zenbateko egokia inbertitzea gazteen enplegua eta gaitasunak babesteko neurrietan, baita Gazte Bermearen esparruan ekimenak aplikatuz ere. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1304/2013 (EB) Erregelamenduari jarraiki, 2014tik 2020ra bitarteko programazio-aldian Gazte Enplegurako Ekimenak babestutako jarduketetan oinarrituta (jarduketa horiek pertsona fisikoei zuzenduta daude) eta ikasitakoa kontuan hartuta, estatu kideek berrintegraziorako ibilbideak sustatzen jarraitu behar dute, kalitatezko hezkuntzan eta enpleguan oinarrituta eta gazteen prebentzio goiztiarrean eta komunikazio eraginkorrean inbertituta, lehentasuna emanez, hala dagokionean, denbora luzez langabezian, inaktibo eta baztertuta dauden gazteei; eta hori guztia, gazteei zuzendutako lanaren bitartez. Estatu kideek, halaber, eskolatik lanerako trantsizioa ahalbidetzeko neurrietan inbertitu behar dute, eta enplegu-zerbitzuen gaitasunak egokitu behar dituzte, gazteei laguntza pertsonalizatu eta integrala emateko eta haientzat eskaintza zehatzagoak aurkezteko. Gazte Enpleguaren Ekimena EGF+ delakoan erabat txertatzean, gazteen enplegurako ekintza espezifikoen eskaintza eraginkorragoa eta efizienteagoa izango da, eta aplikazio-esparrua neurri eta erreforma estrukturaletara hedatuko da; horrela, Batasunaren babes finantzarioaren eta Gazte Berme indartuaren betearazpenaren arteko egokitzapena handiagoa izango da.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bat egiten du Europako Enplegu Estrategiarekin. Eta, hain zuzen ere estrategia hori erreferentziatzat hartuta, Eusko Jaurlaritzaren Enpleguaren Euskal Estrategiak (2030) aukera-berdintasuna du enplegurako euskal politikaren funtsezko ardatz, era zabalean ulertuta: lan-arloan emakumeen eta gizonen berdintasuna abiapuntutzat hartuta, beste dimentsio batzuk ere hartzen ditu, hala nola belaunaldien arteko berdintasuna, aniztasun funtzionala eta kultura-aniztasuna. Enpleguaren Euskal Estrategia 2030en estrategia-gakoetako bat da gazteei laguntza ematea, kalitatezko enpleguak lor ditzaten. Horretarako, laneratzea ahalbidetuko dien programak sustatuko dira, hainbat dimentsiotan zeharkako ekintzak eginez; hartara, arlo profesionalean eta pertsonalean garatzeko behar dituzten kualifikazio, konpetentzia eta esperientziak eskuratuko dituzte. Alde horretatik, deialdi honen helburua da ikasketak amaitu ondoren edo langabezian geratu ostean lanik gabe dauden gazteen enplegagarritasuna hobetzea eta, horretarako, haien prestakuntzaren araberako enpleguak ematea.
Deialdi honetako laguntzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2023ko ekitaldiko Dirulaguntza Plan Estrategikoan daude aurreikusita. Organismo autonomo horren administrazio-kontseiluak onartu zuen plana, 2022ko abenduaren 21eko bileran hartutako erabakiaren bidez (www.lanbide.euskadi.eus webgunean argitaratuta), eta, hartara, bete egin zuen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa. Deialdia «Gazteei kalitatezko enplegua lortzen laguntzea» deritzon 4.2 gako estrategikoan dago kokatuta.
Beste alde batetik, toki-erakundeek, beren mugen eta aukeren barruan betiere, ekoizpen-sistemaren, enpresen eta langileen premiei erantzun behar diete, arreta berezia jarriz langabeengan, eta, batez ere, laneratzeko zailtasun handienak dituzten pertsonengan.
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, organismo autonomo horren administrazio-kontseiluak, 2023ko maiatzaren 25eko egindako bilkuran, onartu egin du toki-erakundeek gazteak kontratatzeko laguntzen 2023ko ekitaldiko deialdia, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan. Hona hemen deialdiaren ezaugarriak:
1. artikulua.– Laguntza-deialdiaren xedea.
Deialdi honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeei Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan eta Gazteen Berme Sisteman izena emanda dauden gazte langabeak kontratatzeagatik emango zaizkien laguntzen oinarriak ezartzea eta laguntza horiek arautzea, esperientzia profesionalaren bitartez gazte horien enplegagarritasuna sustatzeko neurri gisa.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa.
1.– Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko, 8.000.000 euro erabiliko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2023ko aurrekontuaren ordainketa-kredituaren kontura, 32110-Enplegua programan.
2.– Deialdi honen babespean diruz lagundu diren kontratuek Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa izan dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan.
3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.
1.– Deialdi honetan, gazteekin egindako lan-kontratuak lagunduko dira diruz, baldin eta 5. artikuluan arautzen diren baldintzak betetzen badituzte.
Toki-eremuak sustatutako kontratuak izan behar dute, eta zuzenean egingo dituzte dirulaguntzen onuradun diren udalek, mankomunitateek, kuadrillek edo toki-garapeneko agentziek.
Edonola ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatuko ditu enplegu-eskaintzak.
2.– Eskakizun hauek bete behar dituzte kontratazioek:
a) Onura publikoko edo interes sozialeko jardueren alorrean egin behar dira, toki-eremuan.
b) Kontratazio horien bidez ez dira ordeztu behar entitateren baten egiturazko lana egiten duten langileak.
c) Toki-erakundeek ezin izango dituzte pertsona jakin batzuk kontratatu; hain zuzen ere, entitate berak, 2022ko ekitaldiko Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan, kontratatutako pertsonak, edo gazteak kontratatzeko 2022ko ekitaldiko laguntzen deialdietan kontratatutako pertsonak.
d) Kontratuek 8 edo 12 hilabete iraungo dute eta enplegu-politika aktiboko programei loturiko kontratuen bidez formalizatuko dira.
e) Kontratuak lanaldi osorako izango dira.
f) Kontratatutako pertsonak bere kualifikazio-mailari dagokion lanpostu bat bete behar du.
g) Dirulaguntzan, gehienez, 70 kontratu egongo da entitate onuradun bakoitzeko.
3.– Ez zaie dirulaguntzarik emango Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren edozein deialditan diruz lagundutako jarduerei lotuta formalizatu daitezkeen kontratuei.
4. artikulua.– Entitate onuradunak.
1.– Deialdi honetako laguntzen onuradun izan daitezke, aldez aurretik berariazko eskaera egin ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko mankomunitateak, kuadrillak eta udalerriak, edo horien mendeko toki-garapeneko agentziak, baldin eta nortasun juridikoa badute.
Eskaera bakarra aurkeztuko da udalerri, mankomunitate edo kuadrilla bakoitzeko, egin beharreko kontratazio guztietarako, eta erakunde bakarra izan daiteke onuradun, hau da, udala, mankomunitatea edo kuadrilla, lehentasunez, edo tokiko garapen-agentzia.
2.– Entitate onuradunek eskakizun hauek bete beharko dituzte:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
b) Dirulaguntzen arloko itzulketa-betebeharrak egunean izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).
c) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen penalik edo administratiborik, honako arrazoi hauengatik ezarritakoak barne:
– Sexuagatiko diskriminazioa eragiteagatik edo, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.1 artikuluan jasotako askotariko diskriminazioa eragiteagatik.
– Lan-arloko arau-hausteei eta zehapenei buruzko legearen testu bategina onartzen duen abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren 46.1.b) eta 46.bis.1.b) artikuluetan xedatutako zehapen osagarri bat ebazpen irmo baten bidez jasotzeagatik.
d) Laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten dion kausaren bat ez izatea legez ezarritako, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoak barne:
– Ez edukitzea berdintasun-planik indarrean, nahiz eta enpresa Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta egon.
– Ez edukitzea ezarrita neurririk sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena edota indarkeria sexualak prebenitu eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.
e) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.
f) 30.000 euro baino gehiagoko dirulaguntzetarako, abenduaren 29ko 3/2004 Legean (lege horren bidez merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dira) aurreikusitako ordainketetarako ezarritako epeak beteta izatea.
3.– Artikulu honetan adierazita dauden eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuakegiaztatzen ez dituen betekizunak egiaztatzeko, a) apartatuan adierazitakoa izan ezik, eskabideari dagokion inprimakiko erantzukizunpeko adierazpena egingo da. Erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da f) apartatuari buruzko eskakizunaren kasuan, galdu-irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen sozietateak badira. Gainerakoek, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribaturiko auditore batek egindako egiaztagiria aurkeztu beharko dute.
5. artikulua.– Deialdi honen babesean kontratatuko gazteei buruzko betekizunak.
Eskakizun hauek bete behar dituzte dirulaguntzen azken hartzaile izango diren gazteek:
a) 16 urte baino gehiago eta 30 baino gutxiago izatea.
b) Enplegu-eskatzaile izatea, alta egoeran, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, eta bete behar duten lanpostuari dagokion hezkuntza-maila izatea.
c) Gazte Bermerako Sistemaren Fitxategian inskribatuta egotea eta, kontratazioari eta ekintzailetzari laguntzeko jarduketa baterako hautatua izateko, onuradun izatea 18/2014 Legean xedatutakoaren arabera.
Kontratazioaren unean bete behar da a) apartatuan adierazitako betekizuna, eta kontratua hasi aurreko egunean bete behar dira b) eta c) apartatuetan adierazitako betekizunak.
6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.
1.– Gazteak kontratatzeagatik, soldata-kostuek jaso ahal izango dute dirulaguntza, Gizarte Segurantzari dagozkion kontzeptu guztien ondoriozko kotizazioa barne.
2.– Aurreko apartatuan zehaztutako gastu-kontzeptu guztiengatik eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, aurkeztutako kontratazio-planean adierazitako aurreikuspenak hartuko dira kontuan: kontratatuko diren pertsonen kopurua, horietako bakoitzaren kontratazio-hilabeteak, eta eskatutako kualifikazio-mailaren arabera aplikatu beharreko modulu hau:
(Ikus .PDF)
7. artikulua.– Programan parte hartuko duten gazteak hautatzeko prozedura.
1.– Entitate onuradunek, dirulaguntza ematen duen ebazpena jaso ostean, enplegu-eskaintzak kudeatzeko eskabide bat aurkeztu beharko dute, bete behar den lanpostu-profil bakoitzeko.
Enplegu-eskaintzak kudeatzeko eskabideak erregistratzeko orduan, eskabide horiek jasotzen dituen bulegoak egingo du aipatutako erregistroa, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartekaritza-sisteman geratuko dira identifikatuta.
2.– Eskaintzak hautagaitzen parekatze automatikoaren bidez kudeatuko dira, eta Lanbideren webgunean argitaratuko dira: https://www.lanbide.euskadi.eus
3.– Curriculumen eta hautagaien balorazioa egiteko, curriculum vitae itsuak erabili beharko dira, eta inolako diskriminaziorik ez egiteko printzipioa bermatuko da.
4.– Hautaketa-prozesuan, lehentasun-ordena hau beteko du toki-erakundeak:
a) Dirulaguntza-eskabidean aipatzen den Euskal Autonomia Erkidegoko inguru geografikoan bizi diren pertsonak.
b) DSBEaren titularrak edo onuradunak.
c) 30 urte betetzetik gertuen dauden pertsonak.
d) 5. artikuluko eskakizunak betetzen dituzten gainerako gazteak.
5.– Entitate onuradunak hautaketa-prozesuaren akta egingo du, eta ahalegina egin beharko da prozesuan emakume batek parte har dezan; halakorik lortzen ez bada, zergatikoa azaldu beharko da.
6.– Kontratuak bi hilabeteko epean hasi beharko dira, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako arrazoiak daudenean salbu. Kasu horretan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimendu beharko du atzerapena. Edonola ere, kontratuak hasteko epea 2023ko azaroaren 30ean amaituko da.
7.– Kontratuak Contrat@ aplikazioaren bidez jakinarazi beharko dira, kontratua hasi eta hamar egun balioduneko epean, eta «GEL–2023» identifikazioa izan beharko dute, aplikazioan ezarritakoaren arabera.
8. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta aurkezteko epea.
1.– Dirulaguntza-eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa. Hara iristeko esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian.
Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (bertan daude izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak) helbide honetan dago: https://www.euskadi.eus/servicios/1073706. Fitxa horren bitartez eskuratu daiteke eskabidea egiteko inprimakia.
Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» apartatuaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu.
Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.
Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.
2.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da, eta 2023ko irailaren 29an amaituko da.
3.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
a) Toki-eremuko kontratazio-plana. Deialdiaren eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko aski informazio eman behar du kontratazio-planak, eskabidean zehaztutako moduan.
Edonola ere, berariaz aipatu beharko da 3.2 artikuluaren a) eta b) letretan xedatutakoa betetzen dela.
Era berean, memoria labur bat aurkeztuko da, kontratazio-planak genero-ikuspegia nola barneratu duen azaltzeko.
b) Memoria ekonomikoa, kontratazio-plana gauzatzeko gastuei buruzko datuak jasoko dituena.
c) Halaber, 4.2.f) artikuluan aurreikusitako egoeran, galeren eta irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten sozietateak badira, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek egindako ziurtagiria aurkeztu beharko da.
4.– Eskabideak ez badaude behar bezala guztiz beteta, edo haiekin batera ez bada aurkezten aurreko apartatuan adierazitako dokumentazio guztia, entitateari hamar eguneko epea emango zaio akatsa zuzen dezan edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan. Gainera, jakinaraziko zaio ezen, hori egiten ez badu, ulertuko dela eskabideari uko egin diola. Hala bada, Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpena eman beharko du espresuki, bai eta jakinarazi ere.
9. artikulua.– Ebazpena emateko, prozedura izapidetzeko, instrukzioa egiteko eta emakida-proposamena egiteko organo eskuduna.
1.– Prozedura kudeatzeko, izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritza izango da.
2.– Aurkeztutako hurrenkeran aztertuko dira eskabideak, eta hurrenkera horretan emango zaizkie dirulaguntzak deialdiko baldintzak eta eskakizunak betetzen dituzten guztiei, finantzaketarako funtsak amaitu arte. Behin aurrekontu-zuzkidura amaituz gero, geratzen diren eskabideei ezezkoa eman, eta horren berri argitaratuko da EHAAn eta www.lanbide.euskadi.eus webgunean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez.
3.– Prozedura ebazteko eta ebazpen hori jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdia EHAAn argitaratzen denetik aurrera. Epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskabidea ezetsitzat jo ahal izango da.
4.– Entitate onuradunek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntza batzuk jaso badituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren organismo autonomoen eskutik, eta laguntza horien inguruko itzulketa- edo zehapen-prozesuren bat izapidetzen ari bada, prozesu horrek amaituta egon behar du entitate horiei dirulaguntza esleitzeko edo esleituta dutenei dagokiena ordaintzeko.
5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpenek ez diote amaierarik emango administrazio-bideari, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
6.– Publikotasun-printzipioa betetzeko asmoz, eta dirulaguntzak emateko ebazpenak berariaz eta banaka jakinarazteaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez, xedapen honen babesean emandako dirulaguntzen onuradun diren entitateen zerrenda, eta jasoko duten zenbatekoa ere adieraziko da. Halaber, entitate bati emandako dirulaguntza aldatzea erabaki bada, hori ere adieraziko da, eta berariaz aipatuko da EGFren kofinantzaketa izan dela, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan.
Halaber, dirulaguntzaren entitate onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 49. artikuluko 3. apartatuan aurreikusitako zerrenda publikoan.
10. artikulua.– Lan-kontratua azkentzea.
1.– Diruz lagundutako lan-kontratuak dirulaguntzaren epealdia amaitu aurretik azkentzen badira, horren berri eman beharko zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, 7 eguneko epean, kontratua azkentzen denetik hasita; eta azkendutako kontratuaren kontura jasotako dirulaguntza itzuli beharko da, osorik. Halaber, dagokion prozedura izapidetuko da, 16. eta 17. artikuluek arautzen dituzten jarraibideak beteta. Nolanahi ere, kontratua azkentzeko arrazoia probaldia ez gainditzea, langileak lana bere borondatez uztea, bidezkotzat jotako kaleratzea edo kontratatutako pertsonaren heriotza edo baliaezintasuna izan baldin bada, lan-kontratuak iraun duenaren proportzioan murriztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.
2.– Aukera egongo da kontratua azkendu zaion pertsona ordezteko, arrazoia hauetako bat izan bada: probaldia ez gainditzea, langileak lana bere borondatez uztea, bidezkotzat jotako kaleratzea edo kontratatutako pertsonaren heriotza edo baliaezintasuna. Kontratatutakoa ordezteko gehieneko epea 15 egunekoa izango da, eta, haren ordez, deialdi honetan kontratazioa egiteko ezarritako eskakizunak betetzen dituen beste bat hartu ahal izango da. Halakoetan, kontratazio-aldien batura, gutxienez, hasierako kontratuarena izango da, eta kontratu berria 6 hilabetekoa izango da gutxienez. Kontratatutako gazteak ordezteagatik ez da handituko, inolaz ere, emandako dirulaguntza.
11. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa, ordainketa eta likidazioa.
1.– Emandako dirulaguntza ordainketa bakarrean ordainduko da, 7 eguneko epean, diruz lagundutako azken kontratazioa hasi eta hurrengo egunetik aurrera, eta honako dokumentazio hau aurkeztu ondoren:
a) Kontratatutako langileen zerrenda, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak dirulaguntza emateko ebazpenarekin batera eskuragarri jarritako eredu normalizatuan emana.
b) Lan-kontratuen kopia.
c) Kontratatutako pertsonen hautaketari dagokion akta eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak igorritako pertsona langabeen zerrenda. Aktak egiaztatu behar du hautaketa-prozesuan gutxienez emakume batek hartu duela parte. Bestela, hori egitea ezinezkoa izan dela justifikatzeko arrazoiak eman beharko dira.
d) Kontratatutako langileari Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketaren berri eman izana.
e) Entitatearen ordezkariaren adierazpena, non adierazi beharko baita ez dutela kontratazioek 3. artikuluaren 2.c) eta 3 apartatuetan araututako baztertze-kausarik.
f) Kotizaziorako Datuen Txostena, kontratatutako pertsona bakoitzarena.
g) Entitate onuradunen titularren eta haien plantillaren eta kontratatutako langabeen informazioa, sexuaren arabera banakatuta, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.3.d) artikuluan xedatutakoa betez.
2.– Ordainketa egin baino lehen, Lanbidek egiaztatuko du kontratatutako langileak Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean alta emanda daudela eta beren kualifikazioari dagozkion lanpostuak betetzen dituztela. Kontratatutako pertsonen kualifikazio-maila bat etorriko da entitateak aurkeztutako eta dirulaguntza-emakidaren ebazpenean onartutako kontratazio-planean zehaztutakoarekin.
3.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, entitate eskatzaileak Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean agertu beharko du.
Entitatea ez badago erregistratuta, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, helbide honetan egin ahal izango du: https://euskadi.eus/hirugarrenak.
4.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta amaierako likidazioa egiteko, toki-erakunde onuradunek dokumentu hauek aurkeztu behar dituzte, egindako kontratu guztiak amaitu ondorengo hilabetean eta, betiere, 2024ko abenduaren 16a baino lehen:
a) Jardueraren amaierako memoria, alderdi hauek behintzat identifikatuta:
– Kontratatutako pertsonek egindako jardueren deskribapena.
– Kontratatutako pertsonei buruzko xehetasuna, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren www.lanbide.euskadi.eus webgunean eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera.
b) Toki-erakunde onuradunaren idazkariaren edo kontu-hartzailearen egiaztagiria, aipatutako jarduketek eragindako gastuak eta egiaz ordaindutakoak justifikatuta.
5.– Dokumentazioa ez bada aurkezten ezarritako epean, edo aurkezturiko dokumentaziotik ondorioztatzen bada justifikatutako kopurua ordaindutakoa baino txikiagoa dela, itzulketa-prozedura abiaraziko da, 17. artikuluan arautzen den prozedurari jarraituz.
12. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak
Entitate onuradunek, oro har, hemen xedatutako betebeharrak izango dituzte: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 artikulua. Eta, bereziki, honako hauek:
a) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, enplegu-eskaintzak kudeatzeko eskabideak aurkeztea.
b) Arau honen 11. artikuluko 1. apartatuan adierazten den dokumentazioa aurkeztea, diruz lagundutako azken kontratua abiatu ondorengo 7 eguneko epean.
c) Egiaztatzea laguntza emateko eta hura baliatzeko bide eman duten eskakizunak eta baldintzak betetzen dituztela eta jarduera gauzatu dutela.
d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea noiz azkentzen den kontratua, 10. artikuluaren 1. apartatuak adierazten duen moduan.
e) Beste administrazio edo ente publiko edo pribaturen batek xede bererako emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat jasoz gero, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari horren berri ematea.
f) Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako egoera objektibo edo subjektiboren bat aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari horren berri ematea.
g) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek, zuzenbide pribatuko ente publikoek eta sozietate publikoek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura jakinaraztea.
h) Honako hauen egiaztatze-jarduketei baiezkoa ematea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritza, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, eta Europako funtsen kontrol-instantziak.
i) Gastuaren kontularitza-erregistro bat izan behar dute entitate onuradunek, eta kontularitza-kode espezifiko baten bidez emakida eta kobrantza kontabilizatu behar dituzte, hain zuzen ere diruz lagundutako gastuek Europako Gizarte Funtsaren hautagarritasun-eskakizunak bete ditzaten.
j) Laguntza hauek Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa duten aldetik, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2021eko ekainaren 24ko bilkuran onartu zuten 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 82.1 artikuluak araututako epean gordeko dira egiaztagiriak (dokumentu elektronikoak barne).
k) Emakumeen eta gizonen tratu- eta aukera-berdintasunari buruzko betebeharrak:
– Bermatzea emakumeen eta gizonen tratu- edo aukera-berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioa aplikatzen dela lanpostuei loturiko hautaprobetan, elkarrizketetan eta hautaketetan.
– Zer hautagai aukeratu erabaki behar denean, gutxienez emakume batek parte hartu behar du erabakia hartzeko prozesuan. Ezinezkoa bada, justifikatu egin behar da.
– Dokumentazio, publizitate, irudi eta material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabili behar da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rolen eta genero-identitatearen pluraltasuna sustatzen dutenak.
13. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Deialdi honetan xedatutako dirulaguntzak ezin dira bateratu kontzeptu eta helburu berberetarako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak edo beste administrazio edo entitate pribatu edo publiko batzuek emandako dirulaguntza edo laguntzekin; bai, berriz, Gizarte Segurantzako kotizazioetan legez ezarritako hobariekin edo murrizketekin.
14. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.
1.– Dirulaguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako dirulaguntza aldatu ahal izango da, betiere deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eusten bazaie, eta horiek emateko ezarritako irizpideak eta mugak betetzen badira.
2.– Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedura hasiko da.
15. artikulua.– Babesletza.
Entitate onuradunek berariaz adierazi behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren babesa jaso dutela deialdi honen esparruan finantzatutako jarduera guztietan, baldin eta jarduera horiei dibulgazioa eta zabalkundea ematen bazaie edo, hala badagokio, argitaratzen badira. Zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan Europar Batasunaren kofinantzaketa aipatu beharko da, esaldi honen bidez: «Europar Batasunak kofinantzatuta».
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ikuskatuko ditu ekintza horiek guztiak, eta nahitaezkoa izango da Lanbideri aldez aurretik dibulgazio publikoko ekitaldi guztiak jakinaraztea eta bertara gonbidatzea. Entitate onuradunak ekintza horien berri ematen ez badu, 15 eguneko epea emango zaio obligazio hori betetzeko neurriak har ditzan. Ez-betetzeak berekin ekar dezake emandako laguntzaren % 10 itzuli beharra, edo laguntza osoa, jokabide hori errepikatzen bada.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Europar Batasunaren identifikazio grafikoa erantsi behar da komunikazio-ekintza eta jakinarazpen guztietan.
Entitate onuradunek berariazko ekintzak gauzatu behar dituzte pertsona onuradunak eta, oro har, herritarrak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Europako Gizarte Funtsaren ekarpenaz ohar daitezen.
16. artikulua.– Ez-betetzeak.
Deialdi honetako dirulaguntzen entitate onuradunek ez badituzte betetzen oro har ezarri zaizkien betebeharrak (Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikulua), edo deialdi honetan berariaz ezarri zaizkienak, edo azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan adierazitako dirulaguntza itzultzeko kasuren batean sartzen badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak ordaintzeke dagoen dirua jasotzeko eskubidea galdu dela erabakiko du, dagokion ebazpenaren bidez, eta Euskadiko Ogasun Nagusiari jasotako kopuruak eta dirulaguntza ordaindu zenetik aplikagarriak diren berandutze-interesak itzuli behar zaizkiola xedatu ere, bidezkoak diren bestelako ekintzak eragotzi gabe, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz (698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren).
Kopuru horiek diru-sarrera publikotzat joko dira dagozkien lege-ondorioetarako, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 64. artikuluan xedatutako erantzukizun-araubidea beteko da.
17. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.
1.– Aurreko artikuluan aipatutako ez-betetzeren bat gertatzen baldin bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak entitate interesdunari jakinaraziko dio itzultzeko prozedura hasi dela, eta zergatik hasi den, eta 15 eguneko epea emango dio egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan.
2.– Alegazioak jasotakoan edo, halakorik aurkeztu ez bada ere, epea igarotakoan, prozedura amaituko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
3.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpenak ez-betetzeren bat izan dela adierazten baldin badu, bertan deklaratuko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela, eta ezarriko da, hala badagokio, dagozkion zenbatekoak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra; itzultzeko epea bi hilekoa izango da ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Borondatezko alditzat joko da epe hori.
4.– Borondatezko aldi horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.
18. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazioa.
Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bi xedapen hauen arabera jokatuko du: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortutako datu pertsonalak «Enplegurako eta enplegu-prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna LANBIDE da, eta haren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketarako erabiltzea ere. Bildutako datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretako administrazio publiko eskudunei jakinarazi ahal izango zaizkie.
Datuen titularrek datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eta informazioaren tratamendua mugatzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideak erabili ahal izango dituzte tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez. Prozedura hori www.euskadi.eus/servicios/10842/ helbidean argitaratu da.
Datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza kontsulta dezakezu hemen: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml
19. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak
Laguntzen programa honi dirulaguntzen arloko arau hauetan bildutako oinarrizko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua). Era berean, xedapen hauek aplikatuko dira: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori–, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra, eta kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileen eskakizunak, araubidea eta betebeharrak ezarri.
Laguntzek Europako Plus Gizarte Funtsaren kofinantzaketa dutenez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren mende ere badaude. Hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen dira Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak, bai eta funts horietarako finantza-arauak eta Asilo, Migrazio eta Gizarteratzeko Funtserako, Barne Segurtasuneko Funtserako eta Mugak eta Bisatuen Politika Kudeatzeko Laguntza Finantzariorako Tresnarako finantza-arauak ere. Era berean, laguntza hauek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1057 (EB) Erregelamenduaren mende ere badaude, eta, hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen da Europako Plus Gizarte Funtsa (EGF+) eta indargabetzen da 1296/2013 (EB) Erregelamendua.