104. zk., 2023ko ekainaren 2a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (618 KB - 33 orri.)
- EPUB (574 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LAN ETA ENPLEGU SAILA
2596
EBAZPENA, 2023ko maiatzaren 26koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, ekintzaileei laguntzeko 2023ko dirulaguntzen deialdia argitaratzeko dena.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2023ko maiatzaren 25eko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, ekintzaileei laguntzeko 2023ko ekitaldiko dirulaguntzen deialdia onartu du. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onetsitako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren p) apartatuan xedatutakoaren arabera, organismo autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio deialdia argitara ematea.
Azaldutakoa dela-eta, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ekintzaileei laguntzeko 2023ko dirulaguntzen deialdia argitara ematea. Deialdi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren bidez onartu zen, 2023ko maiatzaren 25eko batzarrean, eta ebazpen honi erantsi zaio.
Bigarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak laguntzen deialdia onartzeko hartutako erabakiak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.
Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 26a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.
ERANSKINA
EKINTZAILEEI LAGUNTZEKO 2023KO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA
Dinamismo ekintzailea ezinbesteko faktorea da hazkunde ekonomikoa eta aurrerapena bultzatzeko, era horretan enplegu- eta aberastasun-aukera berriak sor daitezen. Horregatik, guztiz beharrezkoa da beren proiektuarekin banaka eta sozialki konprometituta dauden ekintzaileei modu integral batez laguntzea prozesu ekintzailearen fase guztietan.
Euskal gizarteak badaki ekintzaileak izateak zer nolako garrantzia duen: norberaren laneko etorkizuna diseinatzearen eta sortzearen aldeko apustua egiten dute, eta aldi berean, beste pertsona batzuentzako lan-aukerak sortzen dituzte.
Horrelako proiektuek enplegua sortzeko duten ahalmena dela eta, guztiz beharrezkoa da haiei laguntza integrala ematea.
Ekintzailetzaren bidea ideia sortzearekin batera hasten da, eta hori egoki balioetsi eta landu ondoren, negozio edo enpresa bat abiaraztea ekar dezake, sustatzaileari behar dituen prestakuntza eta laguntza emanez gero; sendotzeko aldi bat beharko da ondoren, harik eta enpresa-ehunean sartzen den arte.
Negozio-ideia sortzeko, aztertzeko eta horren egituratze sistematikoa egiteko lehenengo fase horretan, funtsezkoa da sustatzaileari laguntzea, bideari ekiteko. Izan ere, horri esker, haren ideia baliozkotzat jo ahal izango da edo birmoldatzeko beharra ikusiko da. Aldi berean, sustatzaileak ekintzailetzarekin lotutako gaitasunak eta trebetasunak hartuko ditu, aholkularitza- eta laguntza-jardueren bitartez.
Negozio-ideia zehatz bat duten sustatzaileei laguntza ematea funtsezko une kritiko bat da bide horretan; aipatutako laguntza hori enpresa-jarduera hasteko egin beharreko jarduerak bultzatzeko laguntza eta tutoretzako jardueren bitartez eman daiteke; eta horrek, aldi berean, lagundu egiten du sustatzaileek ekintzailetzarekin lotutako hainbat gaitasun eta trebetasun beregana ditzaten.
Horretaz gainera, jarraipena ematen zaio honako dirulaguntza-lerro honi: norberaren konturako langile gisa jarduera bati ekiteko, aktibo finkoetan inbertsioak egiten dituzten pertsonei laguntza emateko lerroari, hain zuzen ere enpresa-proiektua finantzatzeko laguntza bat bermatuta izan dezaten hura ezartzeko lehen faseetan.
Azkenik, laguntza eman nahi zaie, baita ere, enpresa-jarduerari berriki ekin dioten pertsonetatik bultzada ekonomiko bat behar duten horiei, pertsona horiek gutxieneko errentagarritasun bat izango dutela ziurtatzeko eta, modu horretan, proiektua finkatzen laguntzeko.
Europa 2030 estrategiaren lehentasunetako bat da eskualdeen kohesio- eta garapen-politika, Europa adimentsuago bat ardatz hartuta, tresna hauen bidez: berrikuntza, digitalizazioa, eraldaketa ekonomikoa eta enpresa txiki eta ertainentzako laguntzak.
Eurostat erakundeak 2022ko hirugarren hiruhilekoari buruz emandako datuen arabera (horiek dira argitaratutako azkenak), 30 urtetik beherako pertsonen langabezia-tasa % 11,76koa da Europar Batasunean. Gure lurraldeari dagokionez, Eustatek 2022ko hirugarren hiruhilekoari buruz jasotako datuen arabera, kolektibo horrek % 14,1eko langabezia-tasa du, eta % 42,45eko enplegu-tasa; EAEko enplegu-tasa orokorra, berriz, % 69,92koa da.
Bestalde, deialdi honek ezin ditu alde batera utzi lan-merkatuan emakumeen eta gizonen artean dauden diferentziak eta desberdinkeriak; horien erakusgarri dira Eustatek 2022ko hirugarren hiruhilekoari buruz emandako datuak: emakumezkoen enplegu-tasa ia 7 puntu txikiagoa da gizonezkoena baino (emakumezkoen enplegu-tasa % 66,59koa da, eta, gizonezkoena, berriz, % 73,26koa); 30 urtetik beherakoen kasuan, diferentzia 6 puntukoa da (emakumeen enplegu-tasa % 39,31koa izanik eta gizonezkoena % 45,39koa). Horrek agerian uzten du badagoela desagerrarazi beharreko arrakala bat lan-esparrura iristeko eta bertan irauteko aukeretan.
Deialdi honetako laguntzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2023ko ekitaldiko Dirulaguntza Plan Estrategikoan daude aurreikusita. Erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak onartu zuen plana, 2022ko abenduaren 21eko bileran hartutako Erabakiaren bidez, eta, hartara, bete egin zuen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa. Deialdia 1.10 gako estrategikoan kokatzen da: «Ingurunean sustraituta dauden enpresa-ekimenak babestea» Plan hori Lanbideren webgunean dago argitaratuta: www.lanbide.euskadi.eus. «Laguntzak eta dirulaguntzak» atalean.
Horregatik guztiagatik, Lanbideko zuzendari nagusiak egindako proposamena kontuan hartuta, organismo autonomo horretako Administrazio Kontseiluak, 2023ko maiatzaren 25eko bilkuran, ekintzaileei laguntzeko deialdia onartu du, baldintza hauek betetzekotan.
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Deialdiaren xedea.
1.– Deialdi honen xedea da enpresa-proiektuen sustatzaileei 2023an eman beharreko dirulaguntzen oinarri arautzaileak ezartzea, lau laguntza-lerroren bitartez:
a) Ekintzaile izan daitezkeen pertsonei zuzendutako laguntzak, enpresa-ideiak sortu, aztertu eta egituratzeko lanak egin ditzaten arduraldi osoan, ekintzailetzako toki-proiektuen esparruan (ENPRESA-IDEIAK GARATZEKO LAGUNTZAK)
b) Tokiko ekintzailetza-proiektuen esparruan, negozio-ideia zehaztua duten ekintzaileek enpresa-proiektu berriak abian jar ditzaten bultzatzeko laguntzak (ENPRESA-PROIEKTU BERRIAK ABIAN JARTZEKO LAGUNTZAK)
c) Enpresa-jarduera bat hasi duten eta hura ezartzeko laguntza ekonomikoa behar duten pertsonentzako laguntzak (PROIEKTUA EZARTZEKO LAGUNTZAK).
d) Enpresa-jarduera bati ekin dioten pertsonentzako laguntzak, jarduera hori sendotzeko (ENPRESA-JARDUERA BAT SENDOTZEKO LAGUNTZAK).
2.– Era berean, deialdi honen xede dira aurreko paragrafoko a) eta b) idatzi-zatietan aipatzen diren laguntzen onuradun diren pertsona ekintzaileak hautatu eta horiei laguntza edo tutoretza emateko laguntzak; 3. artikuluan aurreikusitako toki-erakunde laguntzaileek egin beharrekoa da lan hori.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Deialdi honek arautzen dituen laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa 3.700.000 eurokoa da, eta, horietatik, 2.300.000 euro 2023. urteko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 1.400.000 euro, 2024. urteko konpromiso-kredituari, hala aurreikusita baitago 32110– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren aurrekontuaren erabilera izeneko programan.
2.– Aurreko zenbakian aurreikusitako baliabide ekonomikoen zenbateko osoa aipatu diren dirulaguntza lerroen artean banatzekoa da, honela:
a) Enpresa-ideia bat garatzeko laguntzak, II. kapituluan arautuak, finantzatzeko: 420.000 euro, 2023ko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkionak.
Zenbateko hori honela banatuko da:
– 231.000 euro bideratuko dira 18 urte baino gehiago eta 30 urte baino gutxiago dituzten gazte ekintzaileentzako laguntzetarako.
– 189.000 euro bideratuko dira 30 urte edo gehiago dituzten ekintzaileentzako laguntzetarako.
b) Negozio-ideia zehaztu bat duten ekintzaileek enpresa-proiektu berriak abian jartzeko laguntzak, III. kapituluan arautuak, finantzatzeko: 400.000 euro; horietatik, 200.000 euro 2023ko ordainketa-krediturako dira, eta, 200.000 euro, 2024ko konpromiso-krediturako.
Zenbateko hori honela banatuko da:
– 220.000 euro –110.000 euro 2023ko ordainketa-kreditutik eta 110.000 euro 2024ko konpromiso-aurrekontutik– 18 urtetik gora eta 30 urtetik beherako gazte ekintzaileentzako laguntzetarako.
– 180.000 euro –90.000 euro 2023ko ordainketa-kreditutik eta 90.000 euro 2024ko konpromiso-aurrekontutik– 30 urte edo goragoko ekintzaileentzako laguntzetarako.
c) Enpresa-proiektu bat ezartzeko laguntzak, IV. kapituluan arautuak, finantzatzeko: 700.000 euro, 2023ko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkionak.
d) Enpresa-jarduera bat sendotzeko bideratutako laguntzak, V. kapituluan arautuak, finantzatzeko, 1.800.000 euro; horietatik, 720.000 euro 2023ko ordainketa-krediturako dira, eta, 1.080.000 euro, 2024ko konpromiso-krediturako.
e) Erakunde laguntzaileek onuradunak hautatzeko eta laguntzeko jarduerak finantzatzeko (deialdi honetako 3. artikuluan aipatua), 380.000 euro; horietatik, 260.000 euro 2023ko ordainketa-kreditukoak, eta, 120.000 euro, 2024ko konpromiso-kreditukoak.
Zenbateko hori honela banatuko da:
– 140.000 euro (2023ko ordainketa-kreditukoak) II. kapituluan -Enpresa-ideia bat garatzea- jasotako laguntzen onuradun diren sustatzaileak hautatu eta laguntzeko dirulaguntzetara bideratuko dira.
– 240.000 euro (120.000 euro 2023ko ordainketa-kreditukoak eta 120.000 euro 2024ko konpromiso-aurrekontukoak) III. kapituluan –Enpresa-proiektu berriak abian jartzea– jasotako laguntzen onuradun diren sustatzaileak hautatu eta laguntzeko dirulaguntzetarako.
3.– Diruz laguntzeko lerroak finantzatzeko erabiliko diren baliabide ekonomikoei dagokienez, aurreikusitako bi kolektiboetako batean, pertsona ekintzaileentzako laguntzetarako kreditua agortzen ez bada, soberakina beste kolektiborako aurreikusita dauden laguntzak ordaintzeko erabiliko da. Era berean, baldin a), b), d) eta e) lerroengatik emango diren dirulaguntzen zenbatekoa iristen ez bada izendatutako aurrekontu maximora, funtsen soberakina erabili ahal izango da osorik finantzatu ezin izan diren beste lerro batzuk finantzatzeko.
3. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.
1.– Deialdi honetako II. eta III. kapituluetan (negozio-ideia bat aztertu eta garatzea, eta enpresa-proiektu berriak abian jartzea) araututako laguntzen onuradunen hautaketa, laguntza edo tutoretza Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriek, udalerri-elkarteek, mankomunitateek edo kuadrillek eta horien mendeko erakundeek egin beharko dituzte, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren baimena jaso badute erakunde laguntzaile gisa jarduteko.
2.– Nolanahi ere, hartarako gaitasun tekniko nahikoa dutela egiaztatzea baldintza izango da sustatzaileei laguntza edo tutoretza emateko erakunde laguntzaile gisa jardun ahal izateko. Horretarako, ondoren adierazten diren baldintzak bete beharko dira:
– Gutxienez, 2 urteko esperientzia izatea pertsona ekintzaileei laguntzeko lanetan.
– Sustatzaileei laguntzeko langile egokiak eta nahikoak izatea. Betekizun hori betetzen dutela ulertuko da, laguntzaren hasieran honako hauek badituzte: gutxienez kontratupeko teknikari bat, unibertsitate-ikasketak amaituta dituena; giza baliabide horiek urtebetetik gorako esperientzia izan behar dute, eta curriculum egiaztatua autoenplegurako laguntza- eta tutoretza-lanen arloan. Gainera, diruz laguntzen diren ekintzak egiteko langile propio nahikoa izateko konpromisoa hartuko dute, eta langile horiek gai izan behar dute erabiltzaileei behar bezalako arreta emateko.
3.– Sustatzaileak hautatu eta haiei laguntza eta tutoretza emateko jarduerez gain, deialdi honen II. eta III. kapituluetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatu eta ordainduko dituzte erakunde horiek.
4.– Erakunde laguntzaileek dirulaguntza jaso ahalko dute pertsona ekintzaileak hautatu eta haiei tutoretza emateagatik, baldin eta pertsona ekintzaile horiek deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte eta dirulaguntza esleitu bazaie. Dirulaguntza horiek, pertsonako, 400 eurokoak izango dira, enpresa-ideia bat garatzeko proiektuetan, eta 1.000 eurokoak, enpresa-jarduera berriak abian jartzeko proiektuen kasuan.
Laguntza horiei deialdi honen VI. kapituluan jasotako aurreikuspenak aplikatuko zaizkie, prozeduraren instrukzioari eta ebazpenari buruz 25. artikuluan xedatutakoa eta 26. artikuluko 2, 3, 4, 5 eta 6. puntuetan xedatutakoa izan ezik; prozeduraren instrukzioa eta ebazpena artikulu honetan bertan xedatzen dira.
5.– Programa honetan erakunde laguntzaile gisa parte hartzeko eskabideak, eta dagokion dirulaguntza eskatzekoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa. Horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian.
Izapidetzeko jarraibideak eta ereduak jasotzen dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa eskuragarri dago, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/servicios/1102112. Eta fitxa horren bitartez eskura daiteke, halaber, eskabidea egiteko inprimakia.
Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu
Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu ahalko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
6.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
– Ekintzailetza-proiektua, non hauek jasoko baitira: aholkularitza- eta laguntza-prozesuan sustatzaileekin garatuko diren jarduerak; arreta emango zaien pertsonen kopurua; desberdindu egingo dira aholkularitza- eta tutoretza-jarduerak, enpresa-ideia bat garatzeko badira edota enpresa-proiektu berri bat abian jartzeko badira; halaber, jarduera bakoitzeko, zehaztu egingo dira arreta emango zaien 30 urtetik beherako pertsona-kopurua eta 30 urteko edo hortik gorako pertsona-kopurua, datuak sexuaren arabera bereizita. Nolanahi ere, proiektuan aurreikusi behar da emakume ekintzaileen % 40ri arreta ematea.
– Erakunde eskatzailearen ziurtagiria, laguntza-zereginak gauzatzeko gaitasun tekniko eta materialari buruzkoa, esperientzia egiaztatuko duena eta jarduera aurrera eramango duten pertsonak zehazten dituena.
– Proiektuan parte hartuko duten sustatzaileak hautatzeko prozesuaren deskribapena; publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioak errespetatu beharko ditu prozesuak, genero-aldagaia barne, hautatutako pertsonen % 40 gutxienez emakumeak izan daitezen ahalegintzeko.
– Halaber, 24.1.f) artikuluan aurreikusitako kasuan, galeren eta irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten sozietateen kasuan, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da.
7.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
8.– Lanbideren Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak kudeatu, izapidetu eta ebatziko ditu eskabideak.
9.– Eskabideak aurkezteko epea amaituta, aztertu egingo dira, eta erakunde laguntzaile gisa jarduteko baimena emango zaie deialdian aurreikusitako baldintzak betetzen dituztenei –horietako bakoitzak artatu beharreko pertsona-kopurua eta -mota zehaztuz– eta dagokien dirulaguntza emango zaie.
Erakunde laguntzaileek artatuko dituzten pertsonen kopurua eskabidean proposatutakoaren arabera zehaztuko da, betiere deialdi honen II. kapituluan (Enpresa-ideiak garatzea) eta III. kapituluan (Enpresa-proiektu berriak abian jartzea) sustatzaileei emateko laguntzak estaltzeko aurreikusitako baliabide ekonomikoak ahalbidetzen duten mugaraino, 2. artikuluan araututako baldintzetan.
Baldin eta baliabide ekonomiko horiek ez badira aski erakunde laguntzaileek artatu nahi dituzten pertsona guztientzako laguntzak estaltzeko, murriztu egingo da, laguntza-lerro bakoitzean, erakunde laguntzaile bakoitzak artatu beharreko pertsona-kopurua, prozedura honen arabera:
– Lehenik eta behin, aurreko urteko deialdiko egikaritze-mailaren arabera (arreta eman zaien pertsonen kopurua, onartutakoekin alderatuta), zuzenketa-faktore bat aplikatuko da, eskatutako 30 urtetik gorako pertsonen kopurua murrizteko, formula honen arabera:
(Ikus .PDF)
– Oraindik ere baliabideak nahikoak ez badira, aholkularitza eman beharreko pertsonen kopurua murriztuko da eskatutakoaren proportzioan, edo, bestela, hala badagokio, aipatutako zuzenketa-faktorea aplikatu osteko emaitzaren arabera, lehentasuna emanez 30 urtetik beherakoei.
10.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak ebazpen baten bidez emango du baimena deialdi honetan erakunde laguntzaile gisa jarduteko sustatzaileei aholkularitza eta tutoretza ematen eta deialdian aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzen eta ordaintzen. Horretarako, dagokion lankidetza-hitzarmena sinatu beharko da, baimenaren baldintzak zehazteko, betiere I. eranskinean jasotako ereduaren arabera.
Prozedurari buruzko ebazpena bakarra izango da, eta erakunde interesdunei jakinaraziko zaie, Lanbideren web-orrian argitaratuz (http://www.lanbide.euskadi.eus). Gainera, EHAAn argitaratuko da zein diren laguntzaile gisa jarduteko baimena duten erakundeak, bai eta erakunde bakoitzak zenbat pertsona hartuko dituen ere.
Ebazpenean zehaztuko da zenbat pertsona artatuko diren, sexuaren arabera, dirulaguntza lerro eta kolektibo bakoitzeko, bai eta pertsona horiek hautatu eta horiei laguntza edota tutoretza emateagatik erakunde laguntzaileari eman beharreko dirulaguntza ere.
Prozedura ebazteko eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori amaitu eta esanbidezko ebazpenik ematen ez bada, eskabidea ezetsitzat joko da.
Sustatzaile interesdunak jakitun egon daitezen, Lanbideren web-orrian (http://www.lanbide.euskadi.eus) jakinaraziko da zein diren deialdi hau egikaritzeko laguntzaile gisa jarduteko baimena duten erakundeak, bai eta erakunde bakoitzak zenbat pertsona hartuko dituen ere.
11.– Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal da Lanbideko zuzendari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
12.– Ebazpena jakinarazi ostean, dagokion lankidetza-hitzarmena sinatuko da.
Enpresa-ideia bat garatzeko laguntzen kasuan, hilabeteko epea izango dute erakunde laguntzaileek, hitzarmena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, ekintzaileei laguntza edo tutoretza emateko jarduerak hasteko.
Enpresa-jarduera berriak abian jartzeko laguntzen kasuan, berriz, 2023ko urriaren 31ra arteko epea izango dute erakunde laguntzaileek, hitzarmena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, ekintzaileei laguntzeko edo tutoretza emateko jarduerak hasteko.
13.– Hautaketa-prozesuan, erakundeak lehentasun-hurrenkera hau aplikatuko du, kontuan hartuta artikulu honen 6. apartatuan aipatzen den genero-aldagaia:
a) 30 urtetik beherako pertsonak.
b) 45 urtetik gorako pertsonak.
c) DSBEa jasotzen duten titularrak edo onuradunak.
14.– Honela ordainduko zaie dirulaguntza erakunde laguntzaileei, hitzarmenean zehaztutako baldintzetan:
a) Enpresa-ideia bat garatzeari laguntzeko jarduerei dagokienez, pertsona bakoitzeko 400 euroko ordainketa bakar bat egingo da, laguntzeko prozesua hasten denean, 2023ko ordainketa-kredituaren kargura; halere, aldez aurretik, honako hauek egin beharko dira: sustatzaileek eginiko dirulaguntza eskaeren azterketaren emaitza-txostenak aurkeztu, eta betekizunak betetzen dituztela egiaztatu Lanbideri. «Ordainketa aurreratu hori EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 49.11 artikuluan xedatutakoari jarraituz egingo da»
b) Enpresa-proiektu berriak abian jartzeko laguntzei dagokienez, bi alditan ordainduko dira:
– Pertsona bakoitzeko 500 euroko lehen ordainketa bat, 2023ko ordainketa-kredituaren kargura, laguntzeko prozesua hasten denean; halere, aldez aurretik, honako hauek egin beharko dira: sustatzaileek eginiko eskaeren azterketaren emaitza-txostenak aurkeztu, eta betekizunak betetzen dituztela egiaztatu Lanbideri. «Ordainketa aurreratu hori EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 49.11 artikuluan xedatutakoari jarraituz egingo da»
– Pertsona bakoitzeko 500 euroko bigarren ordainketa bat, 2024ko konpromiso-kredituaren kargura, prozesua osatzen duen eta Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta hartzen duen pertsona sustatzaile bakoitzeko. Erakunde laguntzaileak deialdi honen 13. artikuluaren azken paragrafoak aipatzen duen dokumentazioa Lanbiden aurkezten duenean egingo da bigarren ordainketa hori.
II. KAPITULUA
«ENPRESA-IDEIA» BAT GARATZEKO LAGUNTZAK, EKINTZAILETZAKO TOKIKO PROIEKTUEN ESPARRUAN
4. artikulua.– Diruz laguntzeko modukoa zer den zehazteko.
1.– Kapitulu honen babespean dirulaguntza jaso ahal izango da negozio-ideia bat aztertu eta garatzeko, edozein jarduera-adarretan eta arduraldi esklusiboko erregimenean, 5. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten sustatzaileen aldetik, betiere deialdi honen 3. artikuluan aipatutako erakunderen baten laguntzako edo tutoretzako tokiko proiektuetan parte hartzen badute.
2.– Kapitulu honen babespean garatutako jarduerek bi hilabeteko iraupena izango dute gutxienez.
3.– Sustatzaileak arduraldi esklusiboaren betekizuna betetzen duela ulertuko da, baldintza hauek betetzen baditu: diruz lagundutako aldi guztian lanaldi osoan 18 egun baino gehiago lan ez egitea edo lanaldiaren % 30 baino gehiago lan ez egitea.
Ondorio horietarako, lan egindako eguntzat zenbatuko dira Gizarte Segurantzan alta emanda egin dituen egunak. Lanaldi partzialeko kontratuen kasuan, zenbatu beharreko egunak hauek izango dira: alta-egunak bider kontratatutako lanaldi-ehunekoa.
5. artikulua.– Onuradunak.
1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izan ahalko dira laguntza-prozesua hasteko unean eta eskabidea aurkeztekoan betekizun hauek betetzen dituzten ekintzaileak:
a) EAEn erroldatuta egotea eta benetan bertan bizitzea. Betekizun horri eutsi egin beharko zaio, gutxienez laguntza-prozesua amaitu arte.
b) Langabea izatea eta Lanbiden lan-eskatzaile gisa izena emanda egotea. Ondorio horietarako, langabetzat hartuko da lanaldi partzialeko kontratuarekin eta % 30eko edo hortik beherako lanaldiarekin ari denean.
c) Laguntza-prozesua hasi aurreko urtean alta emanda ez egotea ez Ekonomia Jardueren gaineko Zergan, ez eta Langile Autonomoen Araubide Berezian ere.
d) Edozein jarduera-adarretako enpresa- edo negozio-proiektu bat garatzeko ideia bat izatea.
e) Deialdi honen 3. artikuluan aurreikusitako erakunderen batek ekintzailetzari aholkularitza eta laguntza emateko abian jarritako prozesuren batean sartuta egotea.
f) Aurreko deialdietan, enpresa-ideia bat garatzeko edo enpresa-jarduera berriak abian jartzeko laguntzen onuradun ez izatea –Lanbidek ekintzaileei laguntzeko kudeatu dituen deialdietan jasota dauden laguntzak–.
2.– Laguntza horien onuradun izateko, hauxe egiteko konpromisoa hartu behar dute sustatzaileek:
a) Euren enpresa-ideia aztertzeko eta garatzeko zereginetan arduraldi esklusiboan jardutea.
b) Enpresa-ideia bat sortze eta garatze aldera deialdi honen kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek aholkularitza emateko eta laguntzeko finkatutako jarduera guztietara bertaratzea.
c) Helburu bererako beste laguntzarik ez jasotzea.
6. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.
Sustatzaileei euren enpresa-ideia garatzeko eman beharreko laguntzaren zenbatekoa 1.000 eurokoa izango da.
Zenbateko hori % 15 handituko da baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada, laguntza-prozesua hasteko unean, eta beste % 15, baldin eta emakumea bada.
7. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.
1.– Kapitulu honetako dirulaguntzak jasotzeko eskabideak II. eranskinean jasotako eredu ofizialean aurkeztu beharko dira (http://www.lanbide.euskadi.eus web-orrian), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimendutako erakunde laguntzaileen bitartez, betiere erakunde horiek ekintzaileei laguntza edo tutoretza emateko zereginak egiten badituzte. Erakunde horiek erregistratuko dituzte aurkeztutako eskabideak, eta egiaztatuko dute eskatzaileek bete egiten dituztela dirulaguntzak emateko beharrezkoak diren baldintzak eta betekizunak.
2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
a) NANaren fotokopia.
b) EAEko errolda-ziurtagiria edota erroldako datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena.
c) Erakunde laguntzailearen ziurtagiria, eskatzaileak laguntza edo tutoretzako programan parte hartzen duela egiaztatzen duena; laguntza edo tutoretzako planean aurreikusitako jarduerak jasoko dira bertan, bai eta prozesuaren hasiera-data ere.
d) Lan-bizitzari buruzko txostena, laguntza-prozesuaren hasiera-datan eguneratua.
e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dauzkatela egiaztatzen duten ziurtagiriak.
3.– Kapitulu honetan araututako laguntzen eskabideak aurkezteko 10 egun balioduneko epea egongo da, laguntzeko prozesua hasi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta.
8. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.
Kapitulu honetan aurrez ikusitako laguntza ordainketa bakarrean ordainduko zaie onuradunei, laguntza eman eta gero, 3. artikuluan aurrez ikusitako erakunde laguntzaileen aldetik.
III. KAPITULUA
EKINTZAILETZAKO TOKI-PROIEKTUEN ESPARRUAN, ENPRESA-JARDUERA BERRIAK ABIAN JARTZEA SUSTATZEKO LAGUNTZAK
9. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.
1.– Kapitulu honen babespean, diruz lagundu ahal izango da 10. artikuluan aurrez ikusitako betekizunak betetzen dituzten sustatzaileek enpresa- edo negozio-proiektu bat abian jartzeko beharrezkoak diren jarduerak garatzea, arduraldi esklusiboko erregimenean; jarduera horiek deialdi honen 3. artikuluan aipatutako erakunde laguntzaileetako baten laguntza eta tutoretza izan beharko dituzte.
2.– Kapitulu honen babespean garatutako jarduerek hiru hilabeteko iraupena izango dute gutxienez.
3.– Sustatzaileak arduraldi esklusiboaren betekizuna betetzen duela ulertuko da, baldintza hauek betetzen baditu: diruz lagundutako aldi guztian lanaldi osoan 27 egun baino gehiago lan ez egitea edo lanaldiaren % 30 baino gehiago lan ez egitea.
Ondorio horietarako, lan egindako eguntzat zenbatuko dira Gizarte Segurantzan alta emanda egin dituen egunak. Lanaldi partzialeko kontratuen kasuan, zenbatu beharreko egunak hauek izango dira: alta-egunak bider kontratatutako lanaldi-ehunekoa.
10. artikulua.– Onuradunak.
1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izan ahalko dira laguntza-prozesua hasteko unean eta eskabidea aurkeztekoan betekizun hauek betetzen dituzten ekintzaileak:
a) EAEn erroldatuta egotea eta benetan bertan bizitzea. Betekizun horri eutsi egin beharko zaio, gutxienez laguntza-prozesua amaitu arte.
b) Langabea izatea eta Lanbiden lan-eskatzaile gisa izena emanda egotea. Ondorio horietarako, langabetzat hartuko da lanaldi partzialeko kontratuarekin eta % 30eko edo hortik beherako lanaldiarekin ari denean. Betekizun hori bete beharko da, baita ere, Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta emateko unean.
c) Laguntza-prozesua hasi aurreko urtean alta emanda ez egotea ez Ekonomia Jardueren gaineko Zergan, ez eta Langile Autonomoen Araubide Berezian ere.
d) Bideragarritasun-plan bat izatea enpresa edo negozio berri bat abian jartzeko, zeina dagokion erakunde laguntzaileak balioztatu beharko baitu laguntza emateko fasearen barruan.
e) Deialdi honen 3. artikuluan aurreikusitako erakundeetako baten aholkularitza eta laguntza jasotzeko prozesuan sartuta egotea.
f) Aurreko deialdietan jarduera berri bat martxan jartzeko asmoz Lanbidek ekintzaileei laguntzeko kudeatu dituen deialdietan jasota dauden laguntzetako bakar baten onuradun ez izatea.
2.– Laguntza horien onuradun izateko, hauxe egiteko konpromisoa hartu behar dute sustatzaileek:
a) Enpresa edo negozioa abian jartzen soilik aritzea.
b) Deialdi honen kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek enpresa edo negozioa ezartzeko zehaztutako aholkularitzako eta laguntzako jarduera guztietara joatea.
c) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta ematea, gehienez ere 3 hilabeteko epean, negozioa abian jartzeko diruz lagundutako tutoretza eta laguntzako prozesua amaitzen denetik zenbatzen hasita. Alta horren titularrak edozer forma juridiko har dezake, baldin eta sustatzaileak egiaztatzen badu, hala dagokionean, sozietate-harremana duela harekin eta baldin eta xede soziala bat badator tutorizatutako proiektuarenarekin.
Epe horretan ekintzaileek Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta ematen ez badute, dirulaguntzaren bigarren ordainketa jasotzeko eskubidea galduko dute.
d) EAEn jartzea enpresa-jardueraren egoitza soziala eta fiskala, eta lantokia ere EAEn kokatzea.
e) Ez jasotzea beste inolako laguntzarik helburu berarako.
11. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
Sustatzaileei 1.500 euroko dirulaguntza emango zaie (sustatzaile bakoitzeko), enpresa-proiektu berriak abian jartzeko.
Zenbateko hori % 15 handituko da baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada, laguntza-prozesua hasteko unean, eta beste % 15, baldin eta emakumea bada.
12. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.
1.– Kapitulu honetako dirulaguntzak jasotzeko eskabideak II. eranskinean jasotako eredu ofizialean aurkeztu beharko dira (http://www.lanbide.euskadi.eus web-orrian), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimendutako erakunde laguntzaileen bitartez, betiere erakunde horiek ekintzaileei laguntza edo tutoretza emateko zereginak egiten badituzte. Erakunde horiek erregistratuko dituzte aurkeztutako eskabideak, eta egiaztatuko dute eskatzaileek bete egiten dituztela dirulaguntzak emateko beharrezkoak diren baldintzak eta betekizunak.
2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
a) NANaren fotokopia.
b) EAEko errolda-ziurtagiria edota erroldako datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena.
c) Erakunde laguntzailearen ziurtagiria, eskatzaileak laguntza edo tutoretzako programan parte hartzen duela egiaztatzen duena; laguntza edo tutoretzako planean aurreikusitako jarduerak jasoko dira bertan, bai eta prozesuaren hasiera-data ere.
d) Lan-bizitzari buruzko txostena, laguntza-prozesuaren hasiera-datan eguneratua.
e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dauzkatela egiaztatzen duten ziurtagiriak.
3.– Kapitulu honetan araututako laguntzen eskabideak aurkezteko 10 egun balioduneko epea egongo da, laguntzeko prozesua hasi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta.
13. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.
Deialdi honen 3. artikuluan aurreikusitako erakunde laguntzaileek honela ordainduko dizkiete dirulaguntzak onuradunei:
– Lehenengo ordainketa: emandako dirulaguntzaren % 50, 2023ko aurrekontuko ordainketa-kredituaren kargura, dirulaguntza eman ostean eta bideragarritasun-plana eratu eta enpresa-proiektua ezartzeko aholkularitza-prozesua hasi eta gero.
– Bigarren ordainketa: gainerako % 50a, 2024ko konpromiso-kredituaren kargura, Ekonomia Jardueren gaineko Zergan (EJZ) alta eman eta gero; ordainketa hori egiteko, lehenengo, erakunde laguntzaileari aurkeztu beharko dio EJZn alta eman izanaren kopia eta eginiko jarduerak zehaztuko dituen azken memoria pertsonal eta indibidualizatua, gehienez ere hiru hilabeteko epean laguntza-prozesua amaitu zenetik. Gainera, aldez aurretik, erakunde laguntzaileak egiaztatu beharko du 10.1 artikuluaren a) eta b) apartatuetan jasotako betekizunak betetzen direla.
IV. KAPITULUA
ENPRESA-JARDUERA BAT HASI ETA «PROIEKTUA EZARTZEKO» LAGUNTZA BEHAR DUTEN PERTSONENTZAKO LAGUNTZA EKONOMIKOAK
14. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.
1.– Dirulaguntza jaso ahalko dute, deialdi honen babespean, zuzenean jarduerarekin lotuta dauden aktibo finko hauetan egiten diren inbertsioek, kontabilitate-plan orokorrak eta hura garatzen duten arauek ezarritako definizioaren arabera:
a) Eraikuntza-lanak (arkitektoaren azterlan teknikoa barnean), lokalak erostea izan ezik.
b) Makinak.
c) Instalazioak.
d) Tresnak.
e) Altzariak.
f) Informazio-prozesuetarako ekipoak.
g) Enpresa-jarduerari edo jarduera profesionalari zuzenean eta esklusiboki lotutako garraio-elementuak.
Ondorio horietarako, hauek bakarrik egongo dira zuzenean eta esklusiboki jarduerari lotuta:
– Salgaiak garraiatzeko erabilitako ibilgailu mistoak.
– Kontraprestazio bidez bidaiariak garraiatzeko zerbitzuak ematerakoan erabiltzen direnak.
– Kontraprestazio bidez gidariei edo pilotuei irakasteko zerbitzuak ematerakoan erabiltzen direnak.
– Probak, saiakuntzak, erakustaldiak egiterakoan edo salmentak sustatzerakoan ekoizleek erabiltzen dituztenak.
– Lanbideari lotutako joan-etorrietan merkataritza-ordezkari edo -agenteek erabilitakoak.
– Zaintza-zerbitzuetan erabilitakoak.
h) Frankizia-kontratuak.
i) Aplikazio informatikoak; webguneak egiteko gastuak ere hemen sartzen dira, hainbat ekitalditan erabiltzeko asmoarekin egiten badira.
j) Merkataritza-funtsa.
k) Eskualdatze-eskubideak.
2.– Onuradunak egindako inbertsioak, aurreko paragrafoan adierazitakoak, diruz lagundu ahal izateko, horiek 5.000 euro edo gehiagokoak izan behar dute, eta 2023ko urtarrilaren 1etik dirulaguntza eskatu duen egunaren arteko aldian eginak izan beharko dira.
3.– Diruz lagundutako inbertsioek enpresa-jarduerari lotuta jarraitu beharko dute gutxienez bi urtez, eskuratu zirenetik aurrera (diruz lagundutako lehen fakturaren data).
4.– Zeharkako zergak ezin izango dira diruz lagundu, baldin eta berreskuratu edo konpentsatu ahal badira, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.
5.– Halaber, egindako inbertsioak ez dira diruz lagunduko, baldin eta 2. mailara arteko odolkidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko harremana badago zerbitzuaren saltzailearekin edo hornitzailearekin, edo pertsona hori bazkidea edo partaidea bada dirulaguntza eskatu duen pertsona fisiko edo juridikoarena.
15. artikulua.– Onuradunak.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun honako hauek izango dira:
a) Enpresaburuak eta banako profesionalak.
b) Ondasun-erkidegoetako eta sozietate zibiletako kideak, betiere dirulaguntza nork bere izenean eskatzen badu.
2.– Onuradunek gutxieneko betekizun hauek bete beharko dituzte eskabidea aurkezteko unean:
a) EAEn erroldatuta egotea eta benetan bertan bizitzea.
b) EJZn alta emateko egunaren bezperan lanik gabe eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea.
c) Alta emanda egotea EJZn, 2023ko urtarrilaren 1a eta dirulaguntza eskatu den eguna bitartean (enpresaburua, norbanako profesionala edo ondasun-erkidegoa edo sozietate zibila, hala badagokio) eta langile autonomoen araubide berezian edo, norberaren konturako langile gisa, kasu bakoitzean Gizarte Segurantzan dagokionean, edo nahitaezko mutualitate profesionalean.
d) Enpresa-jardueraren egoitza soziala eta fiskala EAEn egotea, eta lantokia ere EAEn kokatzea.
e) Jarduera bera gauzatu ez izana, norberaren konturako langile gisa, Ekonomia Jardueren Zergan alta eman aurreko sei hilabeteetan.
f) Lanbidek kudeatutako aurreko deialdietan, IV. eta V. kapituluetan araututako laguntza-lerroen onuradun ez izatea.
3.– Aurreko 2. apartatuaren a) eta d) letretan jasotako betekizunak gutxienez bi urtez mantendu beharko dira, diruz lagundutako inbertsioaren eskuratze-datatik aurrera (diruz lagundutako lehen fakturaren data).
16. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1.– Kapitulu honetan araututako laguntzaren zenbatekoa 3.500 eurokoa izango da onuradun bakoitzeko.
Zenbateko hori % 15 handituko da baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada, eskaera aurkezteko unean, eta beste % 15, baldin eta emakumea bada.
2.– Ondasun-erkidegoak edo sozietate zibilak osatzen dituzten kideen kasuan, dirulaguntza ez da inola ere 10.000 euro baino handiagoa izango kide guztientzat. Muga hori aplikatu behar baldin bada, formula hau erabiliko da bazkide bakoitzari zer dirulaguntza dagokion kalkulatzeko: deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskatzaile bakoitzaren partaidetza-ehunekoa aplikatuko zaie 10.000 euroei, harik eta 1. apartatuan xedatutakoaren arabera legokiokeen dirulaguntzaren zenbatekora iritsi arte.
17. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.
1.– Kapitulu honetako laguntzen eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/; horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian.
Izapidetzeko jarraibideak eta ereduak jasotzen dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa eskuragarri dago, https://www.euskadi.eus/servicios/1102109 helbidean; eta fitxa horren bitartez eskura daiteke, halaber, eskabidea egiteko inprimakia
Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu
Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu ahalko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
a) EJZn alta eman izanaren egiaztagiria. Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, non eta pertsona edo erakunde eskatzailea berariaz aurka agertzen ez den; kasu horretan, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko du.
b) Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Erregimen Berezian alta eman izanaren egiaztagiria, norberaren kontura lan egiten dutenei dagokien araubide berezian, edo kasuan kasuko mutualitate profesionalean.
c) Ondasun-erkidegoa edo sozietate zibila eratu izana egiaztatzen duen agiria, hala badagokio.
d) Inbertsioen plana, diruz lagun daitezkeen aktibo finkoen araberakoa.
e) Gauzatutako inbertsioak frogatzen dituzten fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan antzeko froga-balioa duten dokumentuak, edo eraginkortasun administratiboa dutenak, bai eta ordaindu izanaren egiaztagiriak ere (noiz ordaindu den jaso behar dute). Fakturaren datak eta ordainketarenak 14.2 artikuluan adierazitako egikaritze-epean sartuta egon beharko dute.
3.– Baldin eskatzaileak ondasun-erkidego edo sozietate zibil batean sartuta badaude, horietako bazkide bakoitzak, bere izenean, eskabide bat egin beharko du, eta guztiek batera aurkeztu beharko dituzte beti eskabideak. Bazkide bati edo bat baino gehiagori dirulaguntza eman ondoren, ondasun-erkidego edo sozietate zibileko beste kide batek eskaera aurkezten baldin badu, hura ebaztean kontuan hartuko dira gainerako bazkideei emandako laguntzak. Horrelakoetan, aurretik emandako dirulaguntzen zenbatekoa aldatu ahal izango da, 16.2 artikuluan aurreikusitako dirulaguntza osoaren muga ez gainditzeko, eta kide bakoitzari dagokion zenbatekoa egokitu ahal izango da berdintasunez, aipatu xedapenean araututakoari jarraituz.
4.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2023ko urriaren 31n bukatuko da.
5.– Ondasun-erkidego edo sozietate zibil batek egindako inbertsioen frogagiriak entitate hori osatzen duen kide bakoitzari egotziko zaizkio, betiere bakoitzak duen partaidetza-ehunekoaren arabera.
18. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.
Aldi bakarrean ordainduko zaie dirulaguntza onuradunei, hura eman ondoren.
Dirulaguntzaren xedea den jarduera ekonomia-jardueren gaineko zergaren tarifen bigarren eta hirugarren ataletan sailkatutako jarduera profesionala bada, dirulaguntzatik kenduko dira Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagozkion atxikipenak, zerga erregulatzen duen araudia aplikatuz egin behar direnak alegia.
V. KAPITULUA
ENPRESA-JARDUERA BAT HASI ONDOREN, «PROIEKTUA SENDOTZEKO» LAGUNTZA BEHAR DUTEN PERTSONENTZAKO LAGUNTZAK
19. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.
1.– Deialdi honen babespean dirulaguntza jaso ahal izango da enpresa sortu berri baten proiektua sendotzeko beharrezko diren sustapen-, funtzionamendu- eta kudeaketa-gastuak ordaintzeko:
Langile Autonomoen Araubide Berezian norberaren konturako langile gisa eginiko kotizazioaren ordainketari dagozkion kuotak, edo, hala badagokio, Gizarte Segurantzakoak edo nahitaezko mutualitate profesionalari dagozkionak. Gastu hori ez da hartuko diruz lagundu daitekeen gastutzat, baldin eta Lanbidek edo beste administrazio publiko batzuek diruz lagundu badute.
Proiektuari lotutako komunikazio-gastuak. Publizitate- eta merchandising-kanpainak, saltoki eta ibilgailuen errotuluak, errotuluen argiztapena eta diseinua.
Web-orrien eta sare sozialen mantentze-kuotak, publizitate bannerrak beste enpresa baten web orrian, web-orrian pluginak sartzearekin loturiko gastuak, web-orriaren domeinua eta posta elektronikoa eta Facebook sustatzeko zerbitzuen kostua.
Aholkularitza (zerga-, lan-, kontabilitate- edo administrazio-arloan, arlo juridikoan edo negozioaren kudeaketaren arloan, liburu-edukitzailetzarekin eta eguneroko zerga- eta kontabilitate-arloko betebeharrekin loturikoak, lan arriskuekin loturikoak, erakusleihoak aldatzeko eta hobetzekoak...) eta coaching-gastuak.
Ekintzaileak eginiko prestakuntza-ikastaroak, zuzenean enpresa abian eta funtzionamenduan jartzearekin lotura dutenak, baldin eta diruz lagundutako aldiaren barruan hasten badira.
Negozio-lokalen errentamendua, betiere baldintza hauek betetzen badira: ez izatea familia-etxebizitzaren zati edo beste enpresa batekin partekatutako eremu; ez egotea 2. maila arteko odol- edo ezkontza-ahaidetasunik lokalaren errentatzailearekin; eta ez izatea errentatzaile diharduen pertsona fisiko edo juridikoaren bazkide edo partaide. Coworking-espazioak ere deialditik kanpo geratuko dira, salbu eta errentamendu-kontratua onuradunaren izenean badago, eta erabilera indibidualeko espazio bat badago negozioa garatzeko.
2.– Diruz lagundutako aldia:
a) Aurreko paragrafoaren a), d) eta f) letretan adierazitako gastuei dagokienez, diruz lagunduko dira 10 hilabeteko epean egindako gastuak, dirulaguntza baiesteko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. 10 hilabete horiek hartuko dira diruz lagundutako alditzat.
b) Bestalde, b), c) eta e) letretan adierazitako gastu diruz lagungarriak izango dira EJZn alta ematen den egunetik aurrera sortu eta ordaindutakoak, 10 hilabeteko epera arte, dirulaguntza baiesteko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta.
3.– Aholkularitza emateaz eta laguntzeaz ardura daiteke legez eratutako edozein erakunde edo enpresa, haren jardueran sartzen badira diruz lagunduko diren jarduerak.
4.– Zeharkako zergak ezin izango dira diruz lagundu, baldin eta berreskuratu edo konpentsatu ahal badira, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.
5.– Fakturatutako zenbatekoaren zati bat diruz lagungarria ez den aldi bati egotzi beharreko gastuei badagokie, modu proportzionalean egokituko zaio fakturan jasota dagoen eta diruz lagun daitekeen aldiaren zatiari.
20. artikulua.– Onuradunak.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun honako hauek izango dira:
a) Enpresaburuak eta banako profesionalak.
b) Ondasun-erkidegoetako eta sozietate zibiletako kideak, betiere dirulaguntza nork bere izenean eskatzen badu.
2.– Onuradunek betekizun hauek bete beharko dituzte eskabidea aurkezteko unetik aurrera:
a) EAEn erroldatuta egotea eta benetan bertan bizitzea.
b) EJZn alta emateko egunaren bezperan lanik gabe eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea.
c) Alta emanda egotea EJZn, 2022ko azaroaren 1a eta dirulaguntza eskatu den eguna bitartean (enpresaburua, norbanako profesionala edo ondasun-erkidegoa edo sozietate zibila, hala badagokio) eta langile autonomoen araubide berezian edo, norberaren konturako langile gisa, kasu bakoitzean Gizarte Segurantzan dagokionean, edo nahitaezko mutualitate profesionalean.
d) Enpresa-jardueraren egoitza soziala eta fiskala EAEn egotea, eta lantokia ere EAEn kokatzea.
e) Dirulaguntzen lerro horren beraren onuradun suertatu ez izana aurreko deialdietan.
3.– Aurreko 2. apartatuaren a) eta d) letretan jasotako betekizunei eutsi egin beharko zaie, gutxienez 19.2 artikuluan adierazitako diruz laguntzeko aldia amaitu arte. Halaber, onuradunak honako hauetan alta emanda jarraitu beharko du diruz lagundutako aldia amaitu arte: EJZ eta autonomoen araubide berezia, dagokion norberaren konturako araubide berezia edo dagokion lanbide-mutualitatea c) apartatuan adierazitako taldeetakoren batean.
21. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1.– Kapitulu honetan araututako laguntzaren zenbatekoa 2.500 eurokoa izango da onuradun bakoitzeko.
Zenbateko hori % 15 handituko da baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada, eskaera aurkezteko unean, eta beste % 15, baldin eta emakumea bada.
2.– Ondasun-erkidegoak edo sozietate zibilak osatzen dituzten kideen kasuan, dirulaguntza ez da inola ere 6.000 euro baino handiagoa izango kide guztientzat. Muga hori aplikatu behar baldin bada, formula hau erabiliko da bazkide bakoitzari zer dirulaguntza dagokion kalkulatzeko: deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskatzaile bakoitzaren partaidetza-ehunekoa aplikatuko zaie 6.000 euroei, harik eta 1. apartatuan xedatutakoaren arabera legokiokeen dirulaguntzaren zenbatekora iritsi arte.
22. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.
1.– Kapitulu honetako laguntzen eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/; horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian.
Izapidetzeko jarraibideak eta ereduak jasotzen dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa eskuragarri dago https://www.euskadi.eus/servicios/1102114 helbidean; eta fitxa horren bitartez eskura daiteke, halaber, eskabidea egiteko inprimakia.
Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu
Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu ahalko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
a) EJZn alta eman izanaren egiaztagiria. Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, non eta pertsona edo erakunde eskatzailea berariaz aurka agertzen ez den; kasu horretan, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko du.
b) Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Erregimen Berezian alta eman izanaren egiaztagiria, norberaren kontura lan egiten dutenei dagokien araubide berezian, edo kasuan kasuko mutualitate profesionalean.
c) Ondasun-erkidegoa edo sozietate zibila eratu izana egiaztatzen duen agiria, hala badagokio.
3.– Baldin eskatzaileak ondasun-erkidego edo sozietate zibil batean sartuta badaude, horietako bazkide bakoitzak, bere izenean, eskabide bat egin beharko du, eta guztiek batera aurkeztu beharko dituzte beti eskabideak.
4.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2023ko urriaren 31n bukatuko da.
23. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.
1.– Dirulaguntzak honela ordainduko zaizkie onuradunei:
a) Lehenengo ordainketa: dirulaguntzaren % 40 dirulaguntza hori ematea onartu ostean, 2023ko aurrekontuko ordainketa-kredituaren kargura.
b) Bigarren ordainketa: 2024ko konpromiso-kredituaren kargura, benetan egindako eta egiaztatutako gastuengatik, eta gehienez ere gainerako % 60a. Aldez aurretik, 19.1 artikuluan aurrez ikusitako gastuak justifikatzeko agiriak aurkeztu beharko dira. Diruz laguntzeko gastuak negozio-lokalen errentamendu-gastuak badira, gainera, errentamendu-kontratua aurkeztu beharko da. Fakturekin batera, ordainketa egin izana eta zein egunetan egin den justifikatzeko agiriak aurkeztu beharko dira.
2.– Dirulaguntzaren xedea den jarduera ekonomia-jardueren gaineko zergaren tarifen bigarren eta hirugarren ataletan sailkatutako jarduera profesionala bada, dirulaguntzatik kenduko dira Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagozkion atxikipenak, zerga erregulatzen duen araudia aplikatuz egin behar direnak alegia.
3.– Ondasun-erkidego edo sozietate zibil baten faktura aurkezten bada, entitate hori osatzen duen kide bakoitzari egotziko zaio, betiere bakoitzak duen partaidetza-ehunekoaren arabera.
4.– Justifikatutako zenbatekoa emandako dirulaguntza baino txikiagoa bada, dirulaguntza doituko da, eta, hala badagokio, aldea itzuli beharko da.
5.– Egindako gastua justifikatzeko agiriak aldi bakarrean aurkeztuko dira, 19.2 artikuluan adierazitako diruz lagundutako aldiaren hurrengo hilabetea amaitu baino lehen.
VI. KAPITULUA
DIRULAGUNTZEN XEDAPEN KOMUNAK
24. artikulua.– Dirulaguntzen pertsona eta erakunde onuradunak.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradun diren pertsonek eta erakundeek betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
3.4 artikuluan araututako dirulaguntzetan, organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du onuradunek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin aurretik. Hala ere, erakunde eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten baldin badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.
b) Dirulaguntzen arloko itzulketa-betebeharrak egunean izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).
c) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen penalik edo administratiborik, honako arrazoi hauengatik ezarritakoak barne:
– Sexuagatiko diskriminazioa eragiteagatik edo, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabe Bizitzeko Legearen Testu Bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.1 artikuluan jasotako askotariko diskriminazioa eragiteagatik.
– Abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak (Lan-arloko arau-hausteei eta zehapenei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak) 46.1.b) eta 46 bis.1.b) artikuluetan xedatutako zehapen osagarri batek hala ezarri izana, ebazpen irmo bidez.
d) Legez ezarritako kausaren bat ez izatea, laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten diona, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan aurreikusitakoak barne:
– Ez edukitzea berdintasun-planik indarrean, nahiz eta enpresa Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta egon.
– Ez edukitzea ezarrita neurririk sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena edota indarkeria sexualak prebenitu eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.
e) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.
f) 30.000 euro baino gehiagoko dirulaguntzetarako, abenduaren 29ko 3/2004 Legean (lege horren bidez merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dira) aurreikusitako ordainketetarako ezarritako epeak beteta izatea.
2.– Artikulu honetan aurreikusitako baldintzak, 1.a) paragrafoko bigarren lerrokadan adierazitakoak izan ezik, eskaera-inprimakiaren parte den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira. Erantzukizuneko aitorpenaren bidez egiaztatuko da f) apartatuari buruzko eskakizunaren kasuan, galdu-irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen sozietateen kasuan. Gainerakoek, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribaturiko auditore batek egindako egiaztagiria aurkeztu beharko dute.
3.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, pertsona edo erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta behar du.
Pertsona ez badago erregistratuta, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduari jarraituz: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/
4.– IV. eta V. kapituluetan araututa dauden dirulaguntzen lerroei dagokienez, laguntza edo dirulaguntza ematen bada ekonomia-jardueren gaineko zergaren tarifen bigarren eta hirugarren ataletan sailkatutako jarduera profesionalak egiteagatik, jarduera hasteagatiko (jarduera-hasieraren zergaldia eta hurrengo biak) pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipen-tasa aplikatzeko, eskatzaileak Lanbideri jakinarazi beharko dio aplikatzea eragiten duten gorabeherak gertatzen direla, eta, horretarako, komunikazioa sinaturik aurkeztu beharko dute, hemengo eredu honetan: http://www.lanbide.euskadi.eus web-orriko ereduaren arabera.
25. artikulua.– Prozedura izapidetzea eta ebaztea.
1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak kudeatu eta izapidetuko ditu eskabideak, eta prozedura ebatziko, alde batera utzi gabe II. eta III. kapituluetan araututako laguntzak izapidetzeko erakunde laguntzaileei esleitzen zaizkien zereginak, zeinak aipatutako Zuzendaritzarekin lankidetzan egingo baitituzte.
2.– Aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira, IV. eta V. kapituluetan aurreikusitako dirulaguntzen eskabideak, eta hurrenkera horretan emango zaizkie dirulaguntzak deialdiko baldintzak eta eskakizunak betetzen dituzten guztiei, harik eta finantzaketarako funtsak amaitu arte. Kreditua handitzen ez bada, aurrekontu-zuzkidura amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuko da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez.
3.– Eskaerak ebazteko eta jakinarazteko, gehienez sei hilabeteko epea izango da, eskaera aurkezten den egunetik zenbatzen hasita, eta epe horretan esanbidezko ebazpenik ematen ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsitzat hartuko da.
4.– Pertsona eta erakunde onuradunek jaso badituzte ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntza batzuk Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomoen eskutik, eta laguntza horien inguruko itzulera- edo zigor-prozesuren bat izapidetzen ari bada, prozesu horrek amaituta egon behar du entitate horiei dirulaguntza esleitzeko edo esleituta dutenei dagokiena ordaintzeko.
5.– Lanbideko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpenek ez diote amaierarik emango administrazio-bideari, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
6.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, Lanbideko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpenez honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, deialdi honen babesean dirulaguntza zer onuradunek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer onuraduni emandako dirulaguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, ebazpena berariaz eta banan-banan ere jakinaraziko da.
26. artikulua.– Laguntzaren justifikazioa.
1.– Hirugarren artikuluan aurreikusitako laguntzen erakunde onuradunek 13. artikuluaren azken paragrafoan zehazten diren justifikazio-agiriak aurkeztu beharko dituzte.
Era berean, artatutako pertsonen eta erakunde onuradunen titularren eta haien plantillaren informazioa eman beharko dute, sexuaren arabera banakatuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Indarkeria Matxistarik Gabe Bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.3.d) artikuluan xedatutakoa betez.
2.– II. kapituluan aurrez ikusitako laguntzen onuradunek memoria bat aurkeztu beharko dute erakunde laguntzailearen aurrean, laguntza edo tutoretza amaitu eta hurrengo hilabetean. Memoria horretan, hauek zehaztu beharko dira: laguntza jasotzeko aldian enpresa-proiektuaren bideragarritasuna aztertzeko esparruan egin diren lanak eta proiektuaren bideragarritasunari buruzko txostena. Laguntzeaz edo tutoretzaz arduratutako erakundeak baliozkotu beharko ditu dokumentu horiek.
3.– III. kapituluan aurreikusitako laguntzen onuradunek Ekonomia Jardueren gaineko Zergan emandako altaren kopia eta amaierako memoria bat –egindako jardueren zehetasunak adieraziz– aurkeztu beharko dizkiote erakunde laguntzaileari, hiru hilabeteko epean, laguntzeko prozesua amaitu den egunetik zenbatzen hasita. Erakunde laguntzaileak baliozkotzat jo beharko du memoria hori, eta memoriaren edukiak lan-plangintzaren eta lortutako emaitzen jarraipena egiteko aukera eman beharko du.
Ekintzaileak ez badu alta ematen Ekonomia Jardueren gaineko Zergan 10.2.c) artikuluan ezarritako epean –3 hilabete, negozioa abian jartzeko tutoretza eta laguntza prozesua amaitu den egunetik zenbatzen hasita–, onetsitako dirulaguntzaren bigarren zatia jasotzeko eskubidea galduko du, horretarako dagokion espedientea izapidetu ostean.
4.– Deialdi honen V. kapituluan jasotako laguntzei dagokienez, 23. artikuluan ezartzen den moduan eta epean justifikatuko dira.
5.– Dirulaguntza aurreikusitako epeen barruan justifikatu ezean, jasotako dirulaguntza guztia itzuli beharko dute onuradunek; horrenbestez, artikulu honetan aurreikusitako epeak amaitzen badira justifikazioa gauzatu gabe, dagokion prozedurari ekingo zaio jasotako zenbatekoak itzuli beharra adierazteko eta ordaintzeke daudenak eskuratzeko eskubidea galdutzat jotzeko.
6.– Deialdi honetan jasotako laguntzak justifikatzeko egotz daitezkeen fakturen ordainketa guztiak honako hauen bidez egiaztatu beharko dira: transferentziaren, taloiaren, txekearen edo ordainketa justifikatzeko beste edozein agiriren kopia, edo dagokion zordunketa adierazten duen banku-laburpenaren fotokopia, edo finantza-erakundeak eginiko ziurtagiria. Eskudiruz eginiko ordainketak ez dira kontuan hartuko. 50 eurotik beherako (zergak kanpoan direla) gastuak frogatzeko fakturak eta agiriak ere ez dira kontuan hartuko justifikaziorako.
27. artikulua.– Pertsona eta entitate onuradunen betebeharrak.
Pertsona eta erakunde onuradunen betebehar izango dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan oro har ezarritakoak, baita Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan jasotakoak ere, eta, bereziki, honako hauek:
– IV. kapituluan aurreikusitako dirulaguntzen onuradunek diruz lagundutako jardueran alta emanda egon beharko dute, eta 15.1 artikuluan adierazitako onuradun-taldeetako baten barruan egon, bi urtez gutxienez ere, diruz lagundutako aktiboaren eskuratze-datatik hasita (diruz lagundutako lehen fakturaren data).
– V. kapituluan aurreikusitako dirulaguntzen onuradunek diruz lagundutako jardueran alta emanda egon behar dute, eta 20.1 artikuluan aipatutako talde onuradunetako baten barruan egon, hamar hilabetez gutxienez, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.
– Frogatzea dirulaguntza emateko edo jasotzeko bete beharreko betekizunak eta baldintzak betetzen dituela, baita jarduera egin izana ere.
– Honako hauen egiaztatze- eta kontrol-jarduketei baiezkoa eman beharko diete: erakunde laguntzaileak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Lan eta Enplegu Saila, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa eta Herri Kontuen Euskal Epaitegia.
– Helburu berberarekin beste edozein administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatutatik dirulaguntzak edo laguntzak jasoz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.
– Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa zein subjektiboa, aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.
– Diruz lagundutako jardueren helburuari edo izaerari funtsean eragiten dion zerbait bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi, eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.
– Enpresaren dokumentazio, publizitate, irudi eta material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabili behar da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rol eta genero-identitate pluraltasuna sustatzen dutenak.
– Erakunde onuradunek ekintzaileei helarazi beharko diete 32. artikuluan aipatzen den datu pertsonalen babesari buruzko informazioa.
28. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan gertatu den aldaketa orok ekarri ahal izango du emandako dirulaguntza aldatzea, deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira, betiere. Gutxieneko baldintza horiek artikulu hauetan jasota daude: II. kapituluko laguntzen kasuan, 5. artikuluan; III. kapitulukoetan, 10. artikuluan; IV. kapitulukoetan, 15. artikuluan, eta V. kapitulukoetan, 20. artikuluan. Era berean, 3. artikuluan aurreikusitako erakunde laguntzaileentzako laguntzetarako, 3.2 artikuluan jasota daude gutxieneko baldintzak.
Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, hasiera emango zaio itzulketa-prozedurari.
29. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Deialdi honen 3.4 artikuluan eta II. eta III. kapituluetan aurreikusitako dirulaguntzak ez dira bateragarriak izango beste edozein administrazio edo erakunde publikok zein pribatuk kontzeptu eta xede bererako emandako dirulaguntza edo laguntzekin.
IV. eta V. kapituluetan aurreikusitako dirulaguntzak ez dira bateragarriak bata bestearekin, ez eta beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatuk emandako beste edozer eratako dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrerarekin ere, baldin eta azken horien helburua autoenplegua sustatzea bada, salbu eta langabezia-prestazioaren kapitalizazioa ez bada.
30. artikulua.– Ez-betetzea eta emandako dirulaguntzak itzultzea.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jaso dituzten pertsona edo erakunde onuradunek ez badituzte betetzen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan modu orokorrean aurreikusitako betebeharrak, edo baldin badaude Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91., 92. eta 93. artikuluetan adierazitako egoeraren batean, edo ez badute betetzen deialdi honetan ezarritako baldintzetatik edozein, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak dagokion ebazpenaren bidez ezarriko du, hala baldin badagokio betiere, jasotako kopuruak osorik edo hein batean itzuli beharra eta dirulaguntza ordaindu zen unetik sortutako berandutze-interesak ordaindu beharra, hori guztia egoki diren gainerako ekintzak eragotzi gabe, eta abenduaren 17ko 698/1981 Dekretuan ezarritakoa betez (698/1981 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako dirulaguntzen bermeen eta itzultzeen erregimen orokorra arautzen du eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu). Aipatutako kopuru horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.
2.– II. eta III. kapituluetan aipatutako laguntza edo tutoretzako prozesua aldez aurretik utziz gero, horren zergatia edozein dela ere, edo ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanez gero negozioa abian jartzeko diruz lagundutako tutoretza- eta laguntza-prozesua amaitu baino lehen, hauxe izango da emandako dirulaguntza itzultzeko araubidea:
a) Prozesua hasi eta hilabete igaro aurretik utziz gero edo EJZn alta emanez gero, jasotako dirulaguntza osorik itzuli beharko du, eta egin gabe dauden ordainketak ezeztatuko dira, horrelakorik badago.
b) Lehenengo hilabetea igaro ondoren eta laguntza-lana amaitu baino lehen utziz gero prozesua edo EJZn alta emanez gero, zenbateko hauek itzuli beharko ditu:
II. kapituluan araututako dirulaguntzaren kasuan, emandako dirulaguntzaren % 50 itzuli beharko da.
III. kapituluan araututako dirulaguntzaren kasuan, jasotako diru-kopuruaren 1/3 itzuli beharko da. Halaber, ordaindu gabe dagoen dirulaguntzaren bigarren zatia jasotzeko eskubidea galduko du.
Nolanahi ere, proiektua bertan behera utzi aurretik edo EJZn alta eman aurretik gauzatutako jarduerei buruzko memoria aurkeztu beharko da. Bestela, dirulaguntza justifikatuta ez dagoela ulertuko da mantentzen den zenbatekoari dagokionez, eta 26.5 artikuluan xedatutakoa aplikatuko da. Horren ondorioz, dirulaguntza osoa itzuli beharko da.
3.– II. eta III. kapituluetan aipatutako laguntza- edo tutoretza-prozesuan sustatzaileak besteren konturako jarduerak egiten baditu 18 egun edo 27 egun baino gehiagotan, hurrenez hurren, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko du, eta jasotako dirulaguntza itzuli beharko du.
4.– Baldin eta IV. kapituluko (Enpresa-proiektua ezartzea) dirulaguntzen onuradun diren pertsona ekintzaileak ez badaude jardueran alta emanda, edo alta emanda bai baina ez badaude deialdiaren 15.1 artikuluan aipatutako taldeetakoren bateko kide bezala alta emanda, 27. artikuluan adierazitako 2 urteko gutxieneko epean, jasotako dirulaguntza osorik itzuli beharko dute. Hala ere, betekizun horiek gutxienez urtebetez etengabe bete badira, jasotako dirulaguntza itzuli beharko da, bi urtera iristeko falta den denboraren proportzioan.
5.– Baldin eta V. kapituluko (Enpresa-jarduera bat sendotzea) dirulaguntzen onuradun diren pertsona ekintzaileak ez badaude jardueran alta emanda, edo alta emanda bai baina ez badaude deialdiaren 20.1 artikuluetan aipatutako taldeetakoren bateko kide bezala alta emanda, 27. artikuluan adierazitako 10 hilabeteko gutxieneko epean, jasotako dirulaguntza osorik itzuli beharko dute. Halaber, ordaindu gabe dagoen dirulaguntzaren bigarren zatia jasotzeko eskubidea galduko dute.
31. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.
1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak abiaraziko du itzulketa-prozedura, eta idazkia bidaliko dio onuradunari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaera edo gertaerak jakinarazteko, eta adieraziko dio hamabost eguneko epea duela egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko. Prozedura hori hasiz gero, eten egingo dira egiteko dauden ordainketak, baleude.
2.– Alegazioak aurkezteko epea igaro eta halakorik aurkeztu ez bada, edo aurkeztutakoak onartu ez badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak ebazpena emango du. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
3.– Ebazpenak arauren bat bete gabe utzi dela iritzi, eta dirulaguntza osorik edo zati bat jasotzeko eskubidea galdutzat emanez gero, interesdunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-kopuruak; horretarako, bi hilabeteko epea izango du, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori borondatezkoa izango da.
4.– Borondatezko epean dirulaguntza itzultzen ez bada, hura berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.
32. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazioa.
Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bi xedapen hauen arabera jokatuko du: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortutako datu pertsonalak «Enplegurako eta enplegu-prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide da, eta haren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketarako erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie.
Datuen titularrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko eskubideak erabili ahal izango dituzte tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez. Prozedura hori www.euskadi.eus/servicios/10842 helbidean argitaratu da.
Datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza kontsultatzeko: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml
33. artikulua.– Lehiari buruzko Europako araudia.
Deialdi honen IV. eta V. kapituluetan jasotako dirulaguntzak Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren mende egongo dira; erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria merkatu erkidearekin bateragarri deklaratzen dira, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorra, KSEO). Zehazki, enpresa-proiektu berrietarako laguntzak arautzen dituen 22. artikuluaren mende egongo dira.
34. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.
Laguntzen programa honi dirulaguntzen arloko arau hauetan bildutako oinarrizko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua). Hori guztia honako hauek alde batera utzi gabe: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen testu bategin hori– eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, zeinak arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra, eta ezarri baitzituen horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen eskakizunak, araubidea eta betebeharrak.