Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

104. zk., 2023ko ekainaren 2a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
2592

AGINDUA, 2023ko maiatzaren 12koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuordearena, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan ezarritako Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko eta Lurralde Batzordeetako kide diren erakunde sindikalei eta Ikuskapen Araubidean parte hartzen dutenei 2023rako dirulaguntzak emateko prozedurari.

Euskal Autonomia Erkidegoko Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak, bigarren xedapen gehigarrian, bertan ezartzen diren organoak osatzen dituzten erakunde sindikalei dirulaguntzak emateko prozedura ezarri zuen.

Halaber, aipatutako dekretuko 8. artikuluak Sindikatu Hauteskundeen Batzordean sindikatuei dagokien ordezkaritza arautu zuen. Ordezkaritza hori proportzionaltasun-irizpidea errespetatuz egingo da, enpresetako eta administrazio publikoetako langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu bakoitzak eskuratutako ordezkatze-mailaren arabera.

Horretaz gain, aipatutako dekretuko II. xedapen gehigarriak aurrekontu-kreditua banatzeko ohiko prozedura zehazten du, eta horren ondorioz, dirulaguntzaren zenbatekoa zati berdinak emanez banatu daiteke, edo proportzionaltasuna aplikatuz, enpresetako eta administrazio publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu bakoitzak eskuratutako ordezkatze-mailaren arabera. Hori guztia, dirulaguntzak emateko aginduan xedatzen denari jarraikiz, eta Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko kide diren sindikatuekiko akordiorik dagoen ala ez ere kontuan hartuz.

Euskal Autonomia Erkidegoaren 2023. urterako Aurrekontuak onartu zituen abenduaren 23ko 15/2022 Legeak, 3112 Programan, 763.138,00 euroko dirulaguntza ezartzen du sindikatuentzat, Sindikatu Hauteskundeen Batzordean eta Lurralde Batzordeetan parte hartzeagatik.

Euskal Autonomia Erkidegoko Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortzen dituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz, hasiera ematen zaio Sindikatu Hauteskundeen Batzordea eta Lurralde Batzordeak osatzen dituzten erakunde sindikalei eta Ikuskapen Araubidean parte hartzen dutenei dirulaguntza emateko prozedurari.

Hori guztia dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Hasiera ematen zaio azaroaren Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan ezarritako Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko eta Lurralde Batzordeetako kide diren erakunde sindikalei eta Ikuskapen Araubidean parte hartzen dutenei 2023rako dirulaguntzak emateko prozedurari.

2. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

2023. urte honetarako aurrekontu-zuzkidura 763.138,00 eurokoa izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura.

3. artikulua.– Prozedura arrunta.

2023ko uztailaren 31ra arteko epea izango dute sindikatuek eta Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzak Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuko bigarren xedapen gehigarriaren bigarren atalean aipatzen den adostasunera heltzeko. Aipatutako epea igarota administrazioak inolako adostasunik lortu ez dela egiaztatuko balu, bigarren xedapen gehigarriaren bigarren apartatuan ezarritakoa aplikatuko litzateke.

4. artikulua.– Entitate onuradunen betekizunak.

1.– Entitate onuradunek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.

b) Ez dute izan behar dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barnean izanik, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Legearen (otsailaren 18ko 4/2005 Legea) azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat.

c) Ezin dira egon Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 13.2. eta 13.3 artikuluetan aurreikusten dituen egoeretako batean ere.

d) Berdintasun-plan bat indarrean izan behar dute, Estatuko araudiarekin bat, horretarako betebeharra dutenean.

e) 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, ezarrita izan behar dituzte sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta eragozteko neurriak, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

2.– Artikulu honetan onuradun izateko ezartzen diren baldintzak betetzen direla justifikatzeko, bestalde, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu ahalko da. Salbuespen bakarra zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean direla ziurtatzeko agiria izango da.

3.– Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, behar adina aldiz, laguntzak eskatzen dituzten erakunde sindikalek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, eta ez du entitateen baimena beharko horretarako.

Alabaina, erakunde sindikalek aukera izango dute modu arrazoituan aurka egiteko. Kasu horretan, ziurtagiri horiek aurkeztu beharko dituzte, araudian zehazten den moduan.

4.– Nolanahi ere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutako Euskal Herriko Ogasun Orokorreko Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.4 artikuluarekin bat etorriz, onuradunei dirulaguntzak eta laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaituta egon behaerko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntza edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik ere izapidean den itzultze- edo zehapen-prozedura orok. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak betetzeke dituztenak ezingo dira onuradun izan.

5. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Nolanahi ere, laguntzen onuradun suertatzen diren erakunde sindikalek bete egin beharko dute azaroaren 17ko 38/2003 Legeak (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak) 14. 18. eta 46. artikuluetan ezarritakoa, bai eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak) 50. artikuluan ezarritako betebeharrak ere: eta, zehazki, honako hau:

a) Dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

b) Jasotako finantzaketaren izaera publikoa agerraraztea.

c) Jarduera burutzen dela egiaztatzea, bai eta dirulaguntza emateko azaltzen diren gainerako baldintzak ere.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia eman beharko zaie.

e) Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzari idatziz jakinaraztea ea jaso den xede bererako beste dirulaguntza edo laguntzarik, edozein administrazio edo ente publiko nahiz pribaturen eskutik.

f) Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzari idatziz jakinaraztea ea aldatu den egoera objektibo edo subjektiborik, baldin eta egoera hori dirulaguntza emateko orduan erabakigarria bada, bai eta Zuzendaritzarekin lankidetzan aritzea ere, datuak egiaztatzeko, jarraipena egiteko eta kontrolatzeko prozeduretan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 12a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala