Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Buscar

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

98. zk., 2023ko maiatzaren 25a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
2446

EBAZPENA, 2023ko maiatzaren 17koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, zeinaren bidez langile lan-kontratudun finkoen hautaketa-prozesurako deia egiten baita, kategoria hauetan: Komunikazio Digitaleko teknikaria, Sistemen teknikaria, Administrazioko eta Zerbitzuetako teknikaria eta Administrari laguntzailea.

Apirilaren 20ko 3/2007 Legeak Etxepare Euskal Institutua sortu eta arautzen du, zuzenbide pribatuko erakunde publiko gisa, euskara eta euskal kultura Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzeko, hedatzeko eta proiektatzeko, hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan.

2008ko maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuak, zeinaren bidez onartzen baita Etxepare Euskal Institutuaren antolakuntza- eta jarduera-araudia, 6. artikuluaren 4. apartatuan, xedatzen du Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari dagokiola erabakitzea lanpostuak betetzeko araubidea, betekizunak eta hautaketa-proben ezaugarriak, eta orobat lanpostuak betetzeko eta sustapen profesionalerako prozedurak kudeatzea eta ebaztea, merezimendu-, gaitasun-, berdintasun- eta publizitate-printzipioen arabera.

Etxepare Euskal Institutuko (EEI) zuzendariaren 2009ko martxoaren 25eko Ebazpenak institutuaren lanpostu-zerrenda argitaratzea agintzen zuen, eta ebazpen hori 2009ko martxoaren 26an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian.

Hala ere, aipatutako ebazpen hori indarrik gabe utzi zuen 2010eko uztailaren 23an EEIko zuzendariak emandako ebazpenak. Izan ere, lanpostuak birplanteatu ondoren, beharrezkotzat jo zen lanpostu-zerrenda berri bat egitea, eta 2010eko abuztuaren 30ean argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian.

Adierazitakoaren ildotik, EEI-k 2010. urtetik jardunean dihardu, eta, urteek aurrera egin ahala, praktikak erakutsi du EEI-k bere egunekoari aurre egin ahal izateko egitura berria behar duela. Hori dela eta, EEI-ko zuzendariak 2023ko martxoaren 17an emandako Ebazpenaren bidez Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian lanpostu berrien zerrenda argitaratzeko agindu zuen, eta 2023ko martxoaren 17an argitaratu zen.

Azaldutakoagatik, ezinbestekoa da lanpostu-zerrenda berrira egokitutako kasuan kasuko hautaketa-prozesuen deialdia egitea, eskumena duten organoek aldez aurretik txostena idatzita.

Beraz, Euskal Funtzio Publikoaren uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 23. artikuluan eta II. tituluko IV. kapituluan langileak hautatzeko ezarritakoarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko lan-kontratuko langileen hitzarmen kolektiboa kontuan harturik, eta aipatutako legearen 6.1.i artikuluak aurreikusitako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Lanpostuak txanda ezberdinetan betetzeko hautaketa-prozesurako deialdia onestea lan-kontratudun finkoak hartzeko.

Hautaketa-prozedura honi jarraituko zaio, eskainitako lanpostu bakoitzean:

Komunikazio Digitaleko teknikaria: txanda irekiko sarbidea. Hautaketa-prozedura: oposizio-lehiaketa.

Titulazioa: Informazio Zientzietako titulua (Kazetaritza, ikus-entzunezko irudia, publizitatea eta harreman publikoak)

Sistemen teknikaria: txanda irekiko sarbidea. Hautaketa-prozedura: oposizio-lehiaketa.

Titulazioa: Goi-mailako informatika-teknikaria.

Administrari laguntzailea: txanda irekiko sarbidea. Hautaketa prozedura: oposizio-lehiaketa.

Titulazioa: eskola-graduatua.

Administrazioko eta Zerbitzuetako teknikaria: barne-sustapena. Hautaketa-prozedura: oposizio-lehiaketa.

Titulazioa: lizentziatura, goi-mailako ingeniaritza, Arkitektura.

Bigarrena.– 2023ko martxoaren 17ko Ebazpenaren ondorioz Etxepare Euskal Institutuko lan-kontratuko langile izateko hautaketa-prozesuen oinarri orokorrak onartzea. Oinarriok ebazpen honen eranskinean biltzen dira.

Hirugarrena.– Hautaketa-prozesuak amaitu ondoren, deialdiko lanpostuetako bakoitzari dagokion lan-poltsak eratzea.

Laugarrena.– Eskaintza hau eta deialdiaren oinarri orokor hauek Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratzea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek administrazio-bidea amaitzen du. Haren aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu diezaiokete interesdunek Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritza Aldizkaria argitaratu eta hurrengo egunean hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Donostia, 2023ko maiatzaren 17a.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,

IRENE LARRAZA AIZPURUA.

ERANSKINA
ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUAN LAN-KONTRATUKO LANGILE GISA JARDUNGO DUTEN 4 LANGILERENTZAKO LANPOSTUAK BETETZEKO HAUTAKETA-PROBEN DEIALDIA EGITEN DUTEN PROZESUEN OINARRI OROKORRAK

1.– Xedea.

1.1.– Oinarri hauen xedea da Etxepare Euskal Institutuko lan-kontratuko langileen kategoriei dagozkien honako plaza hauek hurrengo sistemaren bitartez betetzea:

– Komunikazio Digitaleko teknikariaren plaza bat: txanda irekiko sarbidea. Oposizio-lehiaketa sistemaren bidez.

Kodea: EL08; zuzkidura: 1; ordainsari-maila: 12, EAEko Administrazio Orokorreko lan-kontratuko langileen hitzarmenean, 4. mailako euskara hizkuntz eskakizuna.

– Sistemen teknikariaren plaza bat: txanda irekiko sarbidea. Oposizio-lehiaketa sistemaren bidez.

Kodea: EL09; zuzkidura: 1; ordainsari-maila: 7, EAEko Administrazio Orokorreko lan-kontratuko langileen hitzarmenean, 3. mailako euskara hizkuntz eskakizuna.

– Administrazioko eta Zerbitzuetako teknikariaren plaza bat: barne-sustapen txanda. Oposizio-lehiaketa sistemaren bidez.

Kodea: EL11; zuzkidura: 1; ordainsari-maila: 13, EAEko Administrazio Orokorreko lan-kontratuko langileen hitzarmenean, 3. mailako euskara hizkuntz eskakizuna.

– Administrari laguntzailearen plaza bat: txanda irekiko sarbidea. Oposizio-lehiaketa sistemaren bidez.

Kodea: EL07; zuzkidura: 1; ordainsari-maila: 4, EAEko Administrazio Orokorreko lan-kontratuko langileen hitzarmenean, 3. mailako euskara hizkuntz eskakizuna.

1.2.– Hautaketa-prozesu bakoitzaren berezitasunak deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan arautuko dira.

1.3.– Deialdiari buruzko informazioa:

– Webgunean: www.etxepare.eus

– Iragarki-taula elektronikoan.

2.– Baldintza orokorrak.

2.1.– Hautatutako pertsonek lan-kontratu finkoa sinatuko dute Etxepare Euskal Institutuarekin eta arlo horretan indarrean dauden xedapenek ezarritako eskubide eta betebehar guztiak edukiko dituzte.

2.2.– Lanpostuaz jabetzen diren egunean alta emango zaie Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean, eta bertan afiliatuko zaie baldin eta lehenagotik afiliatuta ez bazeuden.

2.3.– Baldintzaren bat ezarrita duten lanpostuak betetzeko, izangaiek nahitaez bete beharko dute baldintza hori.

2.4.– Epaimahaiak ezingo ditu hautatu deitutako lanpostuak baino izangai gehiago. Muga hori gainditzen duten proposamenak erabat deusez izango dira.

Dena den, hautaketa-organoek eskaintzen ziren lanpostuak adina hautagai kontratatzea proposatu badute, eta lanpostuak beteko direla ziurtatzeko hautatukoren batek uko egiten dion kasuetarako, deialdia egin duen organoak hautaketaz arduratzen den organoari beste hautagai osagarri batzuen zerrenda ere eskatu ahal izango dio, beharrezkoa balitz lan-kontratu finkodun moduan kontratatu ahal izateko.

Era berean, hautaketa prozesua gainditu arren puntuazio gutxiago izateagatik hautatuak izan ez diran izangaiak Etxepare Euskal Institutuko lan poltsaren barne geldituko dira lortutako puntuazioaren hurrenkera errespetatuz.

3.– Izangaien baldintzak.

3.1.– Baldintzak betetzeko datak.

Hautagaiek eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehenago bete beharko dituzte ondorengo puntuan aurreikusitako baldintzak, eta baldintza horiek betetzen jarraitu beharko dute kasuan kasuko lan-kontratua formalizatu arte, euskarazko hizkuntza-eskakizunaren kasuan izan ezik, kasu horretan 5 oinarrian aurreikusitakoari jarraituko baitzaio.

3.2.– Parte hartzeko baldintza orokorrak.

Iragarritako hautaketa-prozesuetan parte hartu ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Europar Batasuneko kide den edozein estatutako nazionalitatea edukitzea. Parte hartzeko aukera izango dute, halaber, Europar Batasunaren estatu kideetako herritarren ezkontideek, edozein dutela ere nazionalitatea eta, betiere, zuzenbidez bananduta ez badaude, haien ondorengoek eta, zuzenbidez bananduta ez badaude, ezkontidearen ondorengoek, baldin eta hogeita bat (21) urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira. Era berean, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan dauden pertsonek ere parte hartu ahal izango dute, baldin eta tratatu horietan langileen zirkulazio askea aplikatzen bada.

Gainera, aurreko paragrafoan aipatu gabeko atzerritarrek ere har dezakete parte, legezko egoitza Espainiako estatuan badute. Plaza baterako hautatuek kontratuaren xede den jarduera egiteko administrazio-baimena eduki beharko dute, kontratua formalizatu baino lehen.

b) Gaitasun funtzionala izatea, sartu nahi den kategoriako zereginak betetzeko.

c) Gutxienez hamasei (16) urte beteta izatea eta gehienez nahitaezko erretiro-adina beteta ez izatea.

d) Oinarri espezifikoetan eskatutako titulazioa izatea edo titulua eskuratzeko eskubideak ordainduta izatea. Titulazioak atzerrikoak badira, haien homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

Azken baldintza hori ez zaie aplikatuko araututako lanbideen eremuko lanbide-kualifikazioa Europar Batasuneko Zuzenbideko xedapenekin bat aitortua dutenei. Izangaien betebeharra da aitorpen hori egiaztatzea.

e) Funtzio publikoak betetzeko erabat edo bereziki ezgaitua ez egotea, eta edozein administrazio publikotako zerbitzutik disziplina-espediente bidez bereizita ez egotea. Beste estatu bateko herritartasuna izanez gero, ezgaituta edo antzeko egoeran ez egotea eta beraren estatuan funtzioa publikoan sartzea eragozten duen diziplinako zigorrik edo baliokiderik ez jaso izana.

f) Indarrean dagoen araubidearen arabera, ezintasuneko edo bateraezintasuneko legezko auziren batean sarturik ez egotea; hala ere, araudiak ematen duen aukera-eskubidea errespetatuko da.

g) Langileak hautatzeko deialdietako inskripzio-tasa ordainduta izatea, zeina parte hartu nahi den prozesuaren eta lanpostuari dagokiona izango baita eta zeinaren diru-zenbatekoa oinarri espezifikoetan zehaztuko baita.

h) Barne-sustapeneko txandan parte hartu ahal izateko, langileek berariazko betekizun hauek bete behar dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako: zerbitzu aktiboan egotea, EII-ko lan legepeko langile finko gisa bi urte beteta izatea bere mailan, sartu nahi den mailarako beharrezkoa den titulazioa edukitzea eta gainerako betekizunak betetzea.

i) Oinarri espezifikoetan eskatzen den beste edozein betekizun.

4.– Eskabideak aurkeztea.

4.1.– Prozesuan onartua izatea.

Deialdi honetako hautaketa-prozesuren batean parte hartu nahi dutenek eskabide bana aurkeztu beharko dute parte hartu nahi duten kategoria bakoitzeko, oinarri espezifikoekin bat etorriz.

Onartuak izateko eta, hala dagokionean, hautaketa-prozesuetan parte hartu ahal izateko, hautagaiek:

– Eskabideko atal guztiak bete beharko dituzte.

– Eskabidea epe barruan aurkeztu beharko dute.

– Ezarritako tasak ordaindu beharko dituzte.

– Titulazio akademikoari eta ingeleseko eskakizunei buruzko egiaztagirien fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute.

– Euskararen jakite-mailari dagokionez, 5. oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

Gainera, eskatutako baldintza guzti-guztiak esandako epea bukatzen den egunean betetzen dituztela adierazi behar dute, euskararen jakite-mailari dagokiona izan ezik, horretan 5. oinarrian ezarritakoari jarraituko baitzaio.

4.2.– Eskaerak aurkezteko epea.

Oinarri orokor hauen ondoriozko deialdi espezifikoetan parte hartu nahi dutenek hogei (20) egun naturaleko epean aurkeztu beharko dute eskabidea, deialdi espezifiko horiek Euskal Herriko Agintaritzan Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da zenbatzen epea.

4.3.– Eskabideak aurkezteko modua:

Eskaerak eredu ofizial eta normalizatuan aurkeztu beharko dira, web-orrian (www.etxepare.eus) eskuragarri egongo dira ere, eta Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari bidaliko zaizkio, helbide honetara: Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileen plaza 1, Tabakalera eraikina, 3. solairua, 20012 Donostia.

Era berean, oinarri espezifiko bakoitza argitaratzen denean, eskabidea zein bide telematikotik gauzatu daitekeen adieraziko da ere.

Halaber, Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean zerbitzuaren bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan aurkeztu ahal izango dira.

Posta-bulegoen bidez aurkezten diren eskabideak kartazal irekian aurkeztu beharko dira, ziurtatu aurretik posta-zerbitzuko funtzionarioek data eta zigilua jar diezazkieten.

4.4.– Eskabidearen edukia.

Eskabide-orriko honako atal hauek bete beharko dira:

a) «1. dokumentua. Eskabidea»: eskaera-orria, bertan izangaiak deialdiaren oinarrietan eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela adieraziko du (eskaera-eredua www.etxepare.eus web orrian eskuragarri egongo da).

b) Prozesua zuzen kudeatzeko norberari buruz eskatzen diren datu pertsonalak. Horretarako NAN-aren edo agiri baliokidearen fotokopia aurkeztu beharko da.

c) Zein kategoriatarako lehiatu nahi den.

d) Oposizio-aldiko ariketak egiteko hautatu den hizkuntza ofiziala, hau da, euskara edo gaztelania. Atal horretan ezer adierazten ez badute, probak euskaraz egin nahi dituztela esan nahiko du.

e) Deialdian parte hartzeko eskatu den titulu ofizialaren kopia konpultsatua.

– Titulazio akademiko ofizialaren kopia.

– Euskararen hizkuntza-eskakizunaren titulu ofizialaren kopia (hala badagokio).

f) Dagokion tasa ordaindu izanaren egiaztagiria, 4.5 puntuan zehaztatukoaren arabera.

Izangaiek eskabidean emandako informazio guztia fitxategi batean sartuko da, eta fitxategi hori hautaketa-prozesua kudeatzeko eta behin-behineko langileak kontratatzeko sortuko diren lan-poltsak kudeatzeko baino ez da erabiliko. Abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa, eta otsailaren 25eko 2/2004 Legean, Datu Pertsonalak Babesteko eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren sorrerakoan esaten dena beteko dute fitxategi horiek erabiltzeko orduan.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria da fitxategi horren arduraduna. Datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuak ezerezteko edo datuen aurka egiteko eskubideak haren aurrean baliatu ahal izango dira, helbide honetan: Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileen plaza 1, Tabakalera eraikina, 3. solairua, 20012 Donostia.

Eskabidea aurkezteak berekin dakar deialdian eskatutako baldintzak eta betekizunak onartzeko konpromisoa. Inork datu faltsurik ematen badu, hautatze-prozesutik kanpo utziko da.

4.5.– Deialdian izena emateagatik tasak ordaintzea.

Deialdi honetako 3.2.g) oinarrian ezarritako baldintza betetzeko, tasa hori eskabideak aurkezteko epearen barruan ordaindu beharko da, banku transferentziaren bidez, kontu honetan, zeinaren titularra Etxepare Euskal Institutua baita: ES79 2095 0611 0910 6365 8446.

Tasaren ordainketa nominala eta banakatua izango da lanpostu bakoitzerako. Ordain-agiria eskaerarekin batera aurkeztu beharko da.

Izangaiek, langileak hautatzeko deialdian izena emateagatik, tasa eskabideak aurkeztutako epearen barruan ordaintzen ez badute, prozesutik kanpo geratuko dira. Hala ere, ordaindutako zenbatekoen akatsen bat izanez gero, errekerimendua egingo zaie 10 egun balioduneko epean akatsa zuzen dezaten.

Langileak hautatzeko deialdian izena emateagatik tasa ordaintzea ez du inola ere ordezkatuko eskabidea garaiz eta behar bezala aurkezteko izapidea, oinarri honetako aurreko ataletan adierazitakoaren arabera.

1/2007 Legegintzako dekretuak, irailaren 11koa, euskal autonomia erkidegoko administrazioaren tasa eta prezio publikoei buruzko legearen testu bateginaren testua onartzen duenaren arabera tasak zenbatekoa hurrengoa izango da:

Komunikazio Digitalerako teknikaria: 19, 78 euro.

Sistema teknikaria: 19,78 euro.

Administrazioko eta Zerbitzuetako teknikaria: 19,78 euro.

Administrari laguntzailea: 7,82 euro.

5.– Hizkuntz eskakizuna.

Dagokion egiaztagiria ez dutelarik hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko probak egin nahi dituzten izangaiek eskabidean adierazi beharko dute; izan ere, ez zaie horietan parte hartzeko aukerarik emango eskabideak aurkezteko epean hala adierazten ez dutenei. Eskuratu nahi den lanpostuari zein maila dagokion, maila horretarako azterketa egitea eskatu ahalko da, ez goragokorik.

6.– Proben egokitzapenak.

6.1.– Probak desgaitasunen bat dutenentzat egokitzea.

Aitortutako desgaitasuna dela eta probetan egokitzapenak egiteko eskubidea dutenek eskabidearen oharren atalean adierazi beharko dute, EEI-ri idatziz jakinaraziz, desgaitasun mota eta eskatzen den egokitzapena zehaztuz; gutxienez idatzizko proba egiteko baino 10 egun baliodun arinago bidali beharko da aipatutako eskaera. Hautatze probak egiteko beharrezko diren denbora eta baliabide-egokitzapenak egingo ditu Epaimahaiak. Nolanahi ere, ezingo du proba horien edukia itxuragabetu, ezta eskatu beharreko gaitasun-maila jaitsi edo murriztu ere, ekainaren 9ko PRE/1822/2006 aginduak ezarritakoaren arabera, non, enplegu publikora sartzeko hautatze prozesuetan desgaitasunen bat duten pertsonei denbora gehigarria emateko irizpide orokorrak arautzen diren.

6.2.– Egokitzapenak amatasuna dela eta.

Haurdunaldian edo edoskitze aldian daudenek ere egokitzapenak eskatu ahalko dituzte; horretarako, gutxienez proba egin baino 10 egun baliodun arinago idatziz jakinarazi beharko zaio EEI-ri.

7.– Epaimahai kalifikatzailea.

7.1.– Osaera.

Espezialitate bakoitzagatik erreferentziazko epaimahai bakarra egongo da.

Epaimahaia epaimahaiburuak, 4 epaimahaikidek eta idazkariak osatuko dute, eta haiei dagozkien ordezkoek. Epaimahaikide guztiek izango dute hitza eta botoa idazkaria izan ezik, azken honek soilik hitz egin ahal izango du. Berdinketarik izanez gero, Epaimahaiburuak kalitateko botoa izango du.

Epaimahai burua Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria izango da, gainontzeko 4 epaimahaikidek deitutako lanpostuetara sartzeko eskatutako titulazio bardina edo altuagoa izango dute.

Epaimahaiaren osaeran, gaikuntza, gaitasuna eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua sustatuko da. Lau kide baino gehiago duen epaimahaian, sexu bakoitza gutxienez % 40 ordezkatzen denean ordezkaritza orekatua dela esaten da.

Epaimahaiak, komeni dela uste badu, aditu batzuen aholkuak eskatu ahal izango ditu. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoaren alorreko aholkularitza eman besterik ez dute egingo, epaimahaiarekin lankidetzan ari direnean.

7.2.– Izendapena.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren ebazpen baten bidez egingo dira epaimahaiak osatuko dituzten kideen izendapenak. Izendapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.

7.3.– Parte ez hartzea eta errefusatzea.

Epaimahaiko kideren bat urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa arautzen duen 23 eta 24. artikuluetan bildutako kasuetako baten gertatzen bada, ezin izango du prozesuan parte hartu eta deialdia egin duen agintaritzari jakinarazi beharko dio. Gauza bera gertatuko zaie deialdia argitaratu aurreko bost urteetan hautaprobetan parte hartuko duen izangairen bat prestatzen jardun dutenei ere.

Aurreko kasuetakoren bat gertatzen denean ere, interesdunek epaimahaikideak errefusatu ahal izango dituzte, betiere, aipatutako legearen 24. artikuluan ezarritakoarekin bat.

7.4.– Jarduteko arauak.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulutik 18. artikulura bitartean ezarritako arauen arabera jardun beharko du epaimahaiak.

Epaimahaiburuak aginduta eta idazkariak deialdia eginda, epaimahaiak bilera egingo du hautaprobak hasi baino nahikoa denbora lehenago.

Epaimahaia legez eratzeko, ezinbestekoa da ondokoak bertaratzea: epaimahaiburua eta idazkaria (edo haien ordezkoak) eta kideen erdiak gutxienez bertaratzea.

Epaimahaiaren lehenengo saioan barne funtzionamendurako araudia onetsiko da.

Bertaratutakoen botoen gehiengoz hartuko dira erabakiak. Hainbanaketarik gertatuz gero, epaimahaiburuaren kalitatezko botoak erabakiko du.

Epaimahaiburuaren edo beraren ordezkoaren kargua hutsik badago, bertaratu ez bada, gaixorik badago edo bestelako legezko kausaren bat gertatzen bada, epaimahaikide batek jardungo du haren ordez, hurrenkera honetan: hierarkian gorengo maila duenak, antzinatasun handiena duenak eta adinez zaharrenak.

Idazkari titularraren edo beraren ordezkoaren kargua hutsik badago, bertaratu ez bada, gaixorik badago edo titularrari zein ordezkoari eragiten dien legezko kausaren gertatzen bada, epaimahaikide batek jardungo du haren ordez, hain zuzen ere gehiengoaren erabakiaren bidez hautatzen dutenak.

7.5.– Ahalmenak.

Epaimahaiak erabateko autonomia funtzionala izango du, eta haren ardura izango da prozedura legezkotasunez egin dadin zaintzea. Halaber, ordenamendu juridikoarekin bat, batetik, oinarri hauek eta oinarri espezifikoak aplikatzean sortzen diren zalantza guztiak ebatziko ditu; bestetik, deialdia behar bezala garatzeko beharrezko diren erabakiak hartuko ditu, eta, azkenik, oinarrietan aurreikusten ez diren kasuetarako, behar diren irizpideak ezarriko ditu.

Epaimahaiburuak behar diren neurriak hartuko ditu oposizio-faseko ariketen edukiaren isilekotasuna bermatzeko, eta gauza bera egingo du azterketak zuzentzean azterketa bakoitza zeinena den ez jakiteko.

Izangairen batek deialdian ezarritako betekizunen bat betetzen ez duela jakiten badu Epaimahaiak hautatze-prozesuko edozein unetan, hura baztertzeko proposamena egin beharko dio horretarako eskumena duen organoari, aldez aurretik interesdunari entzunaldia eskaini beharko badio ere, izangaien egindako okerren nahiz faltsutasunen berri ematen diolarik.

7.6.– Egoitza.

Jakinarazpenetarako eta gainerako gorabeheretarako, epaimahai kalifikatzaileak Etxepare Euskal Institutuko egoitzan izango du helbidea: Andre Zigarrogileen plaza 1 - 3., 20.012 Donostia.

7.7.– Epaimahaikideen izendapenaren argitaratzea.

Eskatzaileen behin-behineko zerrendarekin batera emango dira argitara epaimahaikide eta ordezkoen izenen zerrenda.

7.8.– Zerbitzuagatik kalte-ordainak.

Epaimahaikideek kalte-ordainak jasoko dituzte beren zerbitzuagatik, bai eta bertaratzeagatik ere, arlo horretako indarrean den arautegiarekin bat etorriz.

Halaber, probetan zaintze- eta kontrol-lanak egiten dituzten langileek bidezko kalte-ordainak jasoko dituzte, indarrean den arautegiarekin bat etorriz.

8.– Egintzen argitaratzea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b artikuluaren arabera, Eusko Jaurlaritzako Iragarki-taula izango da hautatze-prozesuko erabakiak, deiak, azterketa-deialdiak eta bestelako komunikazio-ekintzak argitaratzeko leku ofiziala, eta banan-banako jakinarazpenen ondorio berberak izango dituzte argitalpen horiek.

9.– Izangaiak onartzea.

Epaimahaia eratu ondoren, kideek izangaiek deialdian parte hartzeko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko aurkeztutako agiriak aztertuko dituzte, eta onartuen eta baztertuen zerrenda prestatuko dute.

Ondoren, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratzeko aginduko du. Baztertuen kasuan, baztertzeko zein arrazoi izan diren agertuko da. Ebazpen hori, aurreko puntuan aipatu den bezala, Eusko Jaurlaritzako Iragarki Taula Elektronikoan argitaratuko da.

Prozesutik kanpo geratzen direnek erreklamazioak aurkezteko aukera izango dute, bai eta egindako hutsak zuzentzeko ere, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik hamar (10) egun balioduneko epearen barruan. Prozesura pertsona izangai bakarra aurkeztuko balitz eta onartua izango balitz, kasu horretan, ez lirateke emango erreklamazioa jartzeko hamar (10) egunak azkartasun printzipioa errespetatuz.

10.– Prozesua:

10.1.– Erreklamazioak aurkezteko epea igarota eta erreklamazioak ebatzita, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda Eusko Jaurlaritzako Iragarki Taulan argitaratzeko aginduko du. Ebazpen hori, aldi berean, Eusko Jaurlaritzako Iragarki Taula Elektronikoan argitaratuko da.

10.2.– Hautaprobak egiteko aukera prozesurako onartutako izangaiek izango dute, bai eta baztertuta egon arren egintzan berraztertzeko errekurtsoa jarri dutela eta hura ebatzi gabe dagoela frogatzen dutenek ere.

10.3.– Onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean, halaber, lehenengo ariketa non, noiz eta zein ordutan izango den zehaztuko da.

10.4.– Hurrengo ariketa-saioetara dei egiteko iragarkiak Eusko Jaurlaritzako Iragarki taulan argitaratuko dira gutxienez hamar egun baliodun lehenago.

10.5.– Izangaiei dei bakarra egingo zaie ariketa bakoitzerako, aparteko deialdietan aurreikusitakoa salbu (10.10). Epaimahaiak nahitaezko probak egiteko zehazten dituen egun, ordu eta lekuetan agertzen ez direnak hautatze-prozeduratik kanpo geratuko dira. Berdin jokatuko da nahitaezko probetara haiek egiten hasi ondoren agertzen direnekin. Nahitaezko probek ariketa bat baino gehiago badute, horietako edozeinetara ez agertzea edo berandu agertzea ez aurkeztutzat joko da.

10.6.– Baldin eta aurkeztutako izangaien kopuru oso handia bada edo eraginkortasun zioak direla eta hautagai guztiek ariketak batera egin ezin badituzte, abizenen arabera zehaztuko da parte hartzeko hurrenkera (bakarka edo taldean).

10.7.– Nortasun agiria, pasaportea edo gida-baimena eraman beharko dute lehiakideek probetara, eta edozein unetan eskatu ahal izango zaie. Epaimahaiak proba bakoitzerako ezartzen dituen materialak ere eraman beharko dituzte.

10.8.– Epaimahaiak erabakiko du, aurkeztutako izangaien kopurua eta hautatze-prozeduraren konplexutasuna aintzat harturik, zer egin lehenago, lehiaketa-aldia ala oposizio-aldia.

10.9.– Aurreko probak gainditu ez badituzte eta emaitza horren aurka berraztertze errekurtsoa ezarri duten izangaiak ondorengo frogetara aurkeztu beharko dira (kautelazko neurri gisa), betiere, berraztertze errekurtso horren ebazpenik ez bada eman ordurako.

10.10.– Aparteko deialdia egingo zaie, ezarritako froga egin baino gehienez 15 egun arinago erditu duten izangaiei edo froga aurreikusita zegoen datan ezinbesteko kasu bat jasan badute. Epaimahaiak izangai hauek ez-ohiko deialdi batera konbokatu beharko ditu, eta froga hori ezin izango da burutu deialdia egin eta 15 egun baliodun baino arinago ezta deialdia egin eta 40 egun baliodun beranduago. Epaimahaiak probaren ezaugarriak egokituko ditu, eta behar diren egokitzapen pertsonalak hartuko dira kontuan.

10.11.– Izangaiek ezingo dute epaimahaikideengana jo, ez zuzenean ez hirugarrenen bitartez, hautaketa prozesuarekin lotutako ezein gairi buruz hitz egiteko. Hautaketa-prozesuaren inguruan zalantzarik sortuz gero idatziz azalduko dizkiote Epaimahaiari, eta hark dagokiona erabakiko du, kide anitzeko organoa den aldetik.

10.12.– Epaimahaikideak baimendutako kasuetan bakarrik erabili ahal izango dira gailu elektronikoak.

11.– Hautaketa-prozesua.

Bi fase izango ditu hautaketa-prozesuak: oposizioa eta lehiaketa.

11.1.– Oposizio-fasea. Gehienez 55 puntuko balioa izango du.

Bi proba izango ditu oposizio-faseak, bata teorikoa eta praktikoa bestea, bete nahi diren lanpostuetarako beharrezko jakintza eta gaitasuna baloratzeko.

Lehenengo partea:

– Lehen ariketa edo ariketa teorikoa, izaera baztertzailea izango du eta gehienez 20 puntuko balioa edukiko du. Test erako bi proba egin beharko dira, gai-zerrenda orokorrari dagokionez eta berariazko gai-zerrendari buruz, galdera bakoitzean lau erantzun emango dira aukeran eta hutsegiteak ez dira zigortuko.

Lehenengo fase honetan gutxienez 10 puntu lortu beharko dira prozesuan aurrera egin ahal izateko.

Barne Sustapeneko txandako izangaiak lehen ariketa hori egiteaz salbuetsita egongo dira eta horri dagozkien 20 puntuak emango zaie.

Bigarren partea:

– Bigarren ariketa edo ariketa praktikoa: gehienez 35 puntuko balioa izango du. Proba teoriko-praktiko bat edo batzuk egin beharko dira, lanpostuaren funtzio eta zeregin nagusiekin zerikusia dutenak. Ariketa gainditzeko gutxienez 17,5 puntu lortu beharko dira.

Epai-mahaiak zuzenketa irizpideak adieraziko ditu ariketen txostenean.

11.2.– Lehiaketa-fasea. Gehienez 45 puntuko balioa izango du.

Lehiaketa-fasea oposizio-fasea gainditu dutenek adierazitako eta egiaztatutako merituak aztertuta eta balioetsita ebatziko da.

Merituak berak eta merituak baloratzeko baremoa, deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan egongo dira zehaztuta.

Lehiaketa-fasean ez da inor baztertuko, eta bertan lortzen diren puntuazioak ez dira kontuan hartuko oposizio-faseko probak gainditzeko.

11.3.– Baldintza eta merituak alegatzea eta egiaztatzea.

11.3.1.– Epea.

Oposizio-faseko behin betiko emaitzak argitaratu ondoren, izangaiek hamabost (15) egun balioduneko epealdia edukiko dute merituak alegatzeko eta egiaztatzeko.

11.3.2.– Erreferentzia-data.

Adierazten diren merituen jabe izateko eta baldintzak betetzeko erreferentzia-data prozesuan parte hartzeko eskaera aurkezteko epea bukatzen denekoa izango da.

11.3.3.– Esperientzia.

Eskaintzen den lan-postuarekin zerikusi zuzena duen lan-esperientzia soilik alegatu beharko da, sektore pribatuan izandako esperientzia lan-bizitzaren ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko da.

Etxepare Euskal Institutuan egindako zerbitzuak alegatu egin beharko dira, eta ofizioz zenbatuko dira. Gainerako herri-administrazioetan lanean egindako zerbitzuak alegatu eta egiaztatzeko egiaztagiria aurkeztea derrigorrezkoa izango da. Egiaztagiri hori administrazio bakoitzak erabakitzen duen ereduan aurkeztu daiteke. Nolanahi ere ziurtagirian, lan-denboraldiak bereizita adierazi behar dira, eta ondoko datuak zehaztu: lanpostuaren kidegoa, eskala, azpieskala eta mota edo kategoria, eta bertan izandako eginkizunak eta dedikazio-araubidea. Datu hori zehazten ez denetan, lanaldi osoaren % 50 zenbatuko da.

11.3.4.– Titulu ofizialak.

Titulu ofizialak egiaztatzeko, tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua eskuratzeko ordaindu beharrekoa ordaindu izanaren agiria aurkeztu beharko da.

11.3.5.– Ikastaroak.

Ikastaroak, betiere, ikastaroaren ziurtapeneko fotokopia konpultsatuaren bidez egiaztatuko dira, ikastaroaren amaierako data eta ikastaroaren iraupeneko orduak adierazita.

Gutxienez 30 orduko iraupeneko ikastaroak besterik ez dira baloratuko. Azken 10 urteotan eginiko ikastaroak besterik ez dira baloratuko. Egiaztagirian ikastaroa noiz eginikoa den adierazita dutenak besterik ez dira baloratuko eta ordu kopuruak edota kredituak adierazita egon beharko dira. Egiaztagirian kreditu kopurua soilik agertzen bada ordu-kopuruak zehaztu gabe kreditu bakoitzeko 25 ordu zenbatuko ditugu.

11.3.6.– Euskara-gaitasunaren agiria.

Euskara-gaitasunaren ziurtagiri edo tituluak dituztenek, deialdi honetako gaitasun-probak saihestu nahi badituzte, ziurtagiriaren fotokopia konpultsatua edo titulua eskuratzeko ordaindu beharrekoa ordaindu izanaren agiria aurkeztu beharko dute deialdian parte hartzeko eskaerarekin batera.

11.3.7.– Beste hizkuntza batzuk egiaztatzea.

11.3.7.1.– Hizkuntzen tituluak egiaztatzeko, tituluaren fotokopia konpultsatua bera edo titulua eskuratzeko ordaindu beharrekoa ordaindu izanaren agiria aurkeztu beharko da.

Meritu gisa kontutan hartuko dira, betiere, ez baldin badira prozesuan parte hartzeko funtsezko eskaera, kasu horretan ez da aparteko meriturik gehituko.

11.3.7.2.– Adierazten diren merituak izateko erreferentzia-data eskaera aurkezteko epearen amaiera-data izango da.

11.3.7.3.– Ez da egingo probarik titulu horiek egiaztatzeko.

11.3.7.4.– Hizkuntza bati buruzko egiaztagiri bat baino gehiago aurkezten bada, maila altuena duena balioetsiko da, baldin eta baldintza ez bada.

11.3.7.5.– Deialdi honen ondorioetarako, eskatzen den hizkuntza-titulazio eta -ziurtagiriak baino ez dira baloratuko eta baliokidetzat hartuko.

11.3.8.– Beste batzuk.

Oinarri espezifikoek hemen aurreikusten ez diran beste merezimendu batzuk baloratu ahalko dituzte eskaintzen den lanpostuaren arabera.

12.– Emaitzak argitaratzea.

12.1.– Oposizio-lehiaketako emaitza eta kalifikazio guztiak oinarrietako 4.3 paragrafoan adierazitako bulegoetako iragarki-tauletan jarriko dira agerian.

12.2.– Proba idatziak bukatutakoan, baldin eta test modukoak izan badira, galdera-orriak eta erantzun zuzenen behin-behineko orria argitaratuko ditu Epaimahaiak Institutuko zuzendariaren ebazpenaren bidez, eta argitaratze eta hurrengo egunetik bost egun balioduneko epea emango da izangaiek antzeman duten akatsak jakinarazteko. Alegatutako akatsak kontutan izanda, Epaimahaiak behin betiko erantzun orria onetsiko du, eta ondoren, ariketak edo probak irakurriko ditu eta kalifikatuko dituzte. Irakurketa akatsak alegatzeko, emaitzak publikatu eta hurrengo egunetik 3 egun balioduneko epea emango zaie izangaiei.

12.3.– Idatzizko probak test erakoak ez badira, behin behineko emaitzak argitaratu ondoren 2 egun balioduneko epea emango zaie espedientearen kopia bat lortu ahal izateko, modu horretara, edozein alegazio egin baino arinago informazio guztia izango dute.

Espedientearen kopiaren eskaera, Etxepare Euskal Institutuan eskaria eginez edo mezu elektronikoa helbide honetara helaraziz eskatu beharko da etxepare@etxepare.eus. Izangaiak dagokion prezio publikoen eta tasen ordenantzak ezarritako prezioa ordaindu ondoren, eskaera jaso eta gehienez bi egun baliodunetako epean epaimahaiari helaraziko zaio, une horretatik lau egun balioduneko epean helaraziko zaio ariketaren kopia, zuzenketa-irizpideak eta horien aplikazioa hautagaiari. Dokumentazio hau jasotzeko helbide elektroniko bat zehaztu beharko du. Izangaiek dokumentazioa jasotzen dutenetik 5 egun balioduneko epea izango dute alegazioak aurkezteko.

12.4.– Behin alegazio guztiak jasota, Epaimahaiak Institutuko zuzendariaren ebazpenaren bidez ematen duen ebazpenaren barne aurreikusiko dira, alegazio guztiak eta erantzuntzat joko dira, hau da, ez da erantzun pertsonalik emango.

12.5.– Izangaiek egindako alegazioen eta ariketen emaitzen erabakia argitaratu eta hurrengo egunetik 10 egun balioduneko epea izango du, lehiaketa fasean alegatutako merezimenduen puntuaketa argitaratzeko. Balorazioarekin desadostasunik egonez gero, hautagaiek argitalpena gauzatu eta hurrengo egunetik 5 egun balioduneko epea izango dute alegazioak egiteko. Era berean, epaimahaiak alegazioak egiteko epea bukatzen denetik 5 egun balioduneko epea izango du balorazioen behin betiko erabakia argitaratzeko.

12.6.– Ariketa guztiak eta lehiaketa-aldia burutu ondoren, proba guztiak gainditu dituzten izangaien zerrenda emango da argitara Eusko Jaurlaritzako Iragarki Taula Elektronikoan Etxepareko Euskal Institutuko zuzendariaren ebazpenaren bitartez, guztira lortutako puntuazioen arabera sailkatuta, ariketa bakoitzean lortutako puntuak nahiz azken puntuazioak ageri direla.

12.7.– Behin betiko emaitzei buruzko ebazpenaren kontra aukerazko berraztertze errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute izangaiek, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari zuzenduta, hilabeteko epean, erabakia argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritza Aldizkaria argitaratu eta hurrengo egunean hasita.

13.– Lanpostuen esleipena:

13.1.– Eskainitako lanpostuak interesdunen eskaeren arabera esleituko dira, hautaketa-prozesuan lortutako hurrenkeraren arabera, baldin eta lanpostuen zerrendan lanpostu bakoitzerako zehaztutako betekizun objektiboak betetzen badituzte.

13.2.– Puntuazioak eta erreklamazioak aztertu ondoren, izendapenen-proposamena argitaratuko du Epaimahaiak, eskainitako lanpostuen kopurua gainditu gabe.

13.3.– Hainbanaketarik gertatuz gero, ondoko irizpide hauek erabiliz ezarriko da hurrenkera:

1) Emakume eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 20.4.a) artikulua aplikatuta, hautagaien gaitasun bera dagoela esango dugu hautaketa-prozesuaren amaieran puntuazio-berdinketa gertatzen bada. Alegia, proba guztiak egin eta baloratu ondoren eta, hala badagokio, dagozkion merituak gehitu ondoren, hori gertatzen bada.

Emakumeei lehentasuna emango zaie emakumeen kopurua % 40 baino gutxiagokoa den kidego/eskala/aukeretan nahiz ordainsari-mailetan. Nolanahi ere, neurri hori ez da aplikatuko, horrela egiteko motiboak (sexuagatiko diskriminatzaileak ez badira) badaude, esaterako, beste izangaia enplegatzeko zailtasun handiak dituzten beste kolektibo bateko kidea izatea.

2) Oposizio-aldian puntuaziorik handiena lortu duena.

3) Oposizio-aldiko proba praktikoan puntuaziorik handiena lortu duena.

4) Lehiaketa-aldiko atal bakoitzean puntu gehien lortu duena, oinarri berezietan adierazitako hurrenkeraren arabera.

14.– Dokumentazioaren aurkezpena.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren ebazpen baten bidez hautatutako izangaien behin betiko zerrenda argitaratuko da, eta bertan egutegiko hogei (20) eguneko epea emango zaie izangaiei ondoren adieraziko diren dokumentuak aurkezteko.

14.1.– Eskatutako dokumentuak.

14.1.1.– Hautatutakoen behin betiko zerrendan proposatzen diren izangaiek ondoko dokumentu hauek ekarri beharko dituzte deialdian eskatutako gaitasun-baldintzak eta gainerako betekizunak betetzen dituztela frogatzeko:

a) NANaren fotokopia.

b) Atzerriko izangaiek Administrazioaren jakinarazpen bat jasoko dute eta bertan adieraziko zaie zein dokumentu ekarri behar dituzten nahitaez, beren egoera kontuan hartuta.

c) Zinpeko adierazpena edo agintza ondorengoari buruz: ez dagoela ezgaituta eginkizun publikoetan aritzeko, ez dutela inoiz diziplina-espediente bidez bereizi ez iraitzi herri-administrazio baten zerbitzutik, eta ez dagoela herri-administrazioetan jarduten duten langileen bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako ezgaitasun eta bateraezintasunen legezko inolako kausatan sartuta.

Espainiako naziotasuna ez duten izangaiek, bestalde, zinpeko aitorpena edo agintza egin beharko dute esanez ez dutela jaso beren estatuan funtzio publikoan jardutea galarazten duen diziplina-zehapenik edo kondena penalik.

d) Medikuaren ziurtagiria. Ziurtagiri horretan, oinarri hauek eta deialdiaren oinarri espezifikoek zehazten duten bezala, interesdunak egiaztatu beharko du ez duela gaixotasun edo akats fisikorik dagozkion eginkizunak betetzea galaraziko dionik.

e) Merituak. Lehiaketa-aldian adierazi diren merituen jatorrizko agiriak edo horien fotokopia konpultsatuak.

14.1.2.– Oinarri honetako aurreko puntuen arabera aurkezten diren dokumentuak jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak izan behar dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko 72/2008 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz. Kopia konpultsatuak baliozkoak izango badira, datu hauek agertu behar dira: data eta konpultsa egin duenaren izen-abizenak, NANa eta izenpe irakurgarria.

14.1.3.– Izangai batek aurreko dokumentu guztiak aurkeztu ezin baditu (ezintasuna behar bezala frogatu behar du), Zuzenbidean onartzen den edozein frogabide erabili ahal izango du deialdian ezarritako baldintza guztiak betetzen dituela frogatzeko.

14.2.– Dokumentuak non eta noiz aurkeztu.

Aurreko dokumentuak, dokumentu horien zerrenda batekin batera, hogei (20) eguneko epean, hautatutako izangaien behin betiko zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Etxepare Euskal Institutuaren egoitzan Andre Zigarrogileak Plaza 1, 3.a Donostia (20.012) edo oinarri espezifikoetan ezarriko den bide telematikoa erabiliz.

14.3.– Dokumenturen bat ez aurkeztea.

Adierazitako epearen barruan dokumentuak aurkezten ez dituztenak, ezinbesteko kasua gertatu ezean, ezin izango dira kontratatu, eta gauza bera gertatuko zaie aurkeztutako dokumentuen arabera hirugarren oinarrian ezarritako baldintzetako bat betetzen ez dutenei eta lanpostuaren eginkizunetan aritzeko eskatzen den gaitasun fisikoa edo psikikoa ez dutenei ere. Kasu horietakoren bat gertatuz gero, egindako jarduketa guztiak deuseztatuko dira, eta, gainera, baliteke izangaiak erantzukizuna izatea eskabidea faltsutzeagatik.

Horrelakoetan, epaimahaiak hurrengo izangaia kontratatzeko proposamena egingo du, hau da, hautaketa-prozesua gainditu dutenen behin betiko zerrendako puntuazio-hurrenkeran hurrengoa dena. Horretarako, aurreko paragrafoko inguruabarren eraginez bete gabe geratu diren plaza beste izangai hautatuko ditu epaimahaiak.

15.– Lanpostuaz jabetzea.

15.1.– Dokumentazioa aurkezteko epea amaitu ondoren, 30 egun balioduneko epean gehienez, hautatze prozesua gainditu dutenak izendatzeko proposamena egingo du Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak, azken puntuazioari jarraiki, bete beharreko lanpostu guztiak bete arte. Hautatutakoen artean inork bere plazari uko egingo balio ere, lanpostuaz jabetu aurretik, zerrendaren hurrenkeran ondoren datorrenari egingo litzaioke eskaintza. Ebazpen horretan lanpostuan hasteko data zehaztuko da.

15.2.– Epaimahaiak hautatuko izangaien erabakia argitaratu lanpostu horretan hasteko data zehazten duen ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik 15 egun balioduneko epea izango dute lan-kontratua sinatzeko.

Ezarritako epearen barruan lanpostuaz jabetzen ez direnek, non eta ez den halabeharragatik, galdu egingo dituzte Etxepare Euskal Institutuko lan-kontratuko langile finko izateko eskubide guztiak, deialdiaren ondoriozkoak. Horrelakoetan, epaimahaiak hurrengo izangaia kontratatzeko proposamena egingo du, hau da, hautaketa-prozesua gainditu dutenen behin betiko zerrendako puntuazio-hurrenkeran hurrengoa dena. Horretarako, bete gabe geratu diren plaza beste izangai hautatuko ditu epaimahaiak.

16.– Probaldia.

Lanpostu bakoitzaren deialdiko oinarri espezifikoetan dagokion probaldi epea ezarriko da. Epaimahai kalifikatzaileak baloratzeko hautaproba izango da hori ere.

Probaldian kontratatuen gaitasun edo alderdi hauek ebaluatuko dira: produktibitatea, kalitatea, eraginkortasuna (ahaleginak), harremanetarako gaitasuna, eta lidergoa.

Ebaluazioak fase hauek edukiko ditu:

a) Izangaiei ebaluazio-neurriak eta aplikatuko diren metodoa eta irizpideak jakinaraziko zaizkie.

b) Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak kontratatutako izangaiari buruzko txostena idatziko du.

c) Epaimahaiak txosten hori baloratuko du. Epaimahaiko kide bakoitzak 0-10 bitarteko puntuazioa emango dio txostenari, eta batez beste 5 puntu edo gehiago lortzen dituztenak lanposturako gai izango dira.

d) Gutxieneko puntuazioa lortzen ez dutenek ez dute gaindituko probaldia.

Hautatuetako batek probaldia gainditzen ez badu, epaimahaiak hautaketa-prozesua gainditu dutenen behin betiko zerrendako puntuazio-hurrenkeran hurrengoa den izangaia kontratatzeko proposamena egingo du. Horretarako, bete gabe geratu diren plaza beste izangai hautatuko ditu epaimahaiak.

Probaldia gainditu ondoren, izangaia lan-kontratuko langile finko bihurtuko da Etxepare Euskal Institutuan.

Probaldia ez zaio barne sustapeneko txandari aplikatuko.

17.– Lan-poltsa osatzea.

Lanposturik lortu ez duten baina, prozesu guztian gutxienez 50 puntu lortu duten eskatzaileak Etxepare Euskal Institutuaren lan-poltsetan sartuko dira, eskabidea aurkeztu duten kategoria berean.

18.– Datuen babesa.

Datu pertsonalak «Giza Baliabideak» deritzon tratamendu-jardueran sartuko dira, xedapen hauek betetzeko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamendua (EB), Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra); Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta datuen babesaren arloan indarrean dagoen gainerako araudia.

– Tratamenduaren arduraduna: Etxepare Euskal Institutua/Basque Institute.

– Tratamenduaren helburua eta aurreikusitako erabilerak: langileen kudeaketa. Langileen espedientea. Lan-bizitza. Administrazio-egoerak. Ordutegi-kontrola. Bajak. Ezintasunak. Bateraezintasunak. Prestakuntza. Prestakuntza-planak. Pentsio-planak. Gizarte-ekintzaren kudeaketa.

Laneko arriskuen prebentzioa. Nominaren jaulkipenak. Jarduera sindikalaren kudeaketa.

– Legitimazioa: interesduna alderdi den kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesdunak eskatuta kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko eta aplikatzekoak diren legezko betebeharrak betetzeko.

– Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, bai eta informazio gehigarrian azaltzen diren beste eskubide batzuk ere.

– Informazio gehigarria: webgune honetan kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza:

www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/133800-capa2-eu.shtml

19.– Deialdiaren aurka egitea.

Interesdunek deialdiaren, oinarrien eta horien zein epaimahaien jardunaren ondoriozko administrazio-egintza guztien aurka egin dezakete. Aurka egiteko kasuak eta horretarako bideak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean zehaztutakoak dira.


Azterketa dokumentala