98. zk., 2023ko maiatzaren 25a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (191 KB - 7 orri.)
- EPUB (114 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
2445
EBAZPENA, 2023ko maiatzaren 17koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, zeinaren bidez lan-kontratudun finkoak hartzeko barne sustapen txandaren bidez hautaketa-prozesurako deia egiten baita Sistema eta Administrazioko eta Zerbitzuetako teknikari kategoriarekin eta non oinarri espezifikoak onartzen diren.
Apirilaren 20ko 3/2007 Legeak Etxepare Euskal Institutua sortu eta arautzen du, zuzenbide pribatuko erakunde publiko gisa, euskara eta euskal kultura Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzeko, hedatzeko eta proiektatzeko, hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan.
2008ko maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuak, zeinak onesten baitu Etxepare Euskal Institutuaren antolaketa eta funtzionamendu erregelamendua, 6. Artikuluaren 4. Apartatuan, xedatzen du Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari dagokiola erabakitzea hartako lanpostuetara sartzeko araubidea, hautaketa-proben betekizunak eta ezaugarriak, eta orobat lanpostuak betetzeko eta sustapen profesionalerako prozedurak kudeatzea eta ebaztea, merezimendu, gaitasun, berdintasun eta publikotasun printzipioen arabera.
2009ko martxoaren 25eko, Etxepare Euskal Institutuko (EEI) zuzendariaren ebazpenak Institutuaren Lanpostuen Zerrenda argitaratzea agintzen zuen eta ebazpen hau 2009ko martxoaren 26an Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian publikatu zen.
Hala ere, aipatutako ebazpen hori indar gabe utzi zuen 2010eko uztailaren 23an EEI-ko zuzendariak emandako ebazpenak. Horrek, lanpostuen berraztertze baten ondorioz, lan zerrenda berri bat beharrezkoa zela adierazi zuen eta 2010eko abuztuaren 30ean publikatu zen Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian.
Adierazitakoaren ildora, EEI-k 2010. urtetik jardunean dirau eta urteak aurrera egin ahala praktikak EEI-k egitura berria behar duela frogatu du bere egunekoari aurre egin ahal izateko. Hori dela eta, EEI-ko zuzendariak 2023ko martxoaren 17ko emandako Ebazpenaren bidez lanpostu berrien zerrenda argitaratzeko agindu zuen 2023ko martxoaren 17an Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian publikatu zelarik.
2023ko maiatzaren 17ko ebazpenak agindutakoaren arabera, lan-kontratudun finkoak hartzeko hautaketa-prozesurako deia egiten zen Komunikazio Digitalerako, Sistema eta Administrazioko eta Zerbitzuetako teknikariaren eta Administrari laguntzaile kategoriarekin eta prozesuaren oinarri orokorrak ezartzen ziren.
Aipatutako ebazpenean, eskaerak oinarri espezifikoak argitaratzen zirenean egin ahalko zirela adierazten zuen eta horren ondorioz oinarri espezifikoak argitaratu eta eskaerak egiteko epea zabaltzen da.
Beraz, Euskal Funtzio Publikoaren uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 23. Artikuluan eta II. tituluko IV. kapituluan langileak hautatzeko ezarritakoarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko lan-kontratuko langileen hitzarmen kolektiboa kontuan harturik, eta aipatutako legearen 6.1.i artikuluak aurreikusitako eskumenak erabiliz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Barne sustapen bidez kontratatuko den Administrazioko eta Zerbitzuetako teknikari mailako hautaketa proben deialdia egitea.
Jarraituko den sistema oposizio-lehiaketa delarik.
Bigarrena.– 2023ko martxoaren 17ko Ebazpenaren ondorioz, Etxepare Euskal Institutuko lan-kontratuko Administrazioko eta Zerbitzuetako teknikari mailako hautaketa-prozesuen oinarri espezifikoak onartzea. Oinarriok ebazpen honen I. eranskinean biltzen dira.
Hirugarrena.– Hautaketa-prozesuak amaitu ondoren, hala badagokio deialdiko lanpostuetako bakoitzari dagokion lan-poltsak eratzea.
Laugarrena.– Eskaintza hau eta deialdiaren oinarriak Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratzea.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honek bide-administrazioa amaitzen du. Haren aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu dezakete interesdunek Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritza Aldizkaria argitaratu eta hurrengo egunean hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.
Donostia, 2023ko maiatzaren 17a.
Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,
IRENE LARRAZA AIZPURUA.
ERANSKINA
PLAZA BAT: ADMINISTRAZIOKO ETA ZERBITZUETAKO TEKNIKARIA.
1.– Plazaren ezaugarriak:
– Postua: Komunikazio digitalerako teknikaria; kodea: EL11; zuzkidura: 1; ordainsari-maila: 12, EAEko Administrazio Orokorreko lan-kontratuko langileen hitzarmenean.
– Destinoa: Donostia / San Sebastián.
2.– Xedea eta eginkizunak.
2.1.– Xedea:
Arlo ekonomiko-administratiboan, pertsonalaren arloan, giza baliabideen arloan eta barne-araubidearen arloan hainbat espediente eta prozedura kudeatzea. Era berean, proposamen desberdinak egingo ditu bere jardun-eremu bakoitzari buruz.
2.2.– Eginkizun nagusiak:
– Etxepare Euskal Institutuaren administrazioa kudeatzea.
– Aurrekontu-proposamenak egitea.
– Arlo ekonomiko-administratiboko espedienteak kudeatzea.
– Pertsonalaren arloan nominak kudeatzea.
– Pertsonaleko espedienteak kudeatzea.
– Langileak kudeatzea.
– Giza baliabideen arloan hornikuntza prozesuak kudeatzea.
3.– Deialdian parte hartzeko baldintzak:
3.1.– Titulazioa:
Lizentziatura, Goi-mailako Injinerutza, Arkitektura.
3.2.– Euskara:
3. hizkuntza-eskakizuna.
3.3.– Berariazko ezagutzak:
Ingeleseko ezagupenak maila aurreratuan (B2).
4.– Hautaketa Prozedura.
Barne promozio txandaz gauzatuko da eta oposizio-lehiaketa prozedura jarraituz egingo da.
4.1.– Oposizio-fasea:
Gehieneko puntuazioa: 55 puntu.
Kasu honetan barne txandako deialdia izanik oposizio-faseak zati bakarra izango du, hau da, zati praktikoa, bete nahi diren lanpostuetarako beharrezko jakintza eta gaitasuna baloratzeko.
Hori dela eta, 2023ko maiatzaren 17ko ebazpenean non prozesuaren oinarri orokorrak arautzen diren, barne sustapen txandako izangaiak lehen ariketa hori egiteaz salbuetsita egongo direla eta horri dagozkien 20 puntuak emango zaizkiela ezartzen da.
Ariketa praktikoa:
Gehienez 35 puntuko balioa izango du. Proba teoriko-praktiko bat edo batzuk egin beharko dira, lanpostuaren funtzio eta zeregin nagusiekin zerikusia dutenak. Ariketa gainditzeko gutxienez 17,5 puntu lortu beharko dira.
Epai-mahaiak zuzenketa irizpideak adieraziko ditu ariketen txostenean.
4.2.– Lehiaketa-fasea:
Gehieneko puntuazioa: 45 puntu.
Merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu eta balioestea, haien puntuazioa edo balioa zenbatesteko:
a) Esperientzia:
Bakar-bakarrik balioetsiko da lan-bizitzaren ziurtagiriaren eta dagokion administrazio publikoan egindako zerbitzu eta eginkizunen ziurtagiriaren bidez behar bezala justifikatutako esperientzia. Gehienez 33 puntu lortu ahal izango dira.
– Sektore publikoa eta hari lotutako erakundeak barne, eskaintzen den lanpostuko kategoriako lanetan emandako zerbitzuak azken zortzi (8) urtetan: 0,35 puntu esleituko dira lan egindako hilabete bakoitzagatik.
– Lanpostuko eginkizunekin zerikusi zuzena duten lanpostuetan azken zortzi urtetan (8) herri-administraziotik kanpo bildutako esperientzia: 0,11 puntu lan egindako hilabete bakoitzagatik.
Ondorio horietarako, hilabetetzat 30 eguneko multzoa hartuko da.
Etxepare Euskal Institutuan egindako zerbitzuak alegatu egin beharko dira, eta ofizioz zenbatuko dira. Gainerako herri-administrazioetan lanean egindako zerbitzuak alegatu eta egiaztatzeko egiaztagiria aurkeztea derrigorrezkoa izango da. Egiaztagiri hori administrazio bakoitzak erabakitzen duen ereduan aurkeztu daiteke. Nolanahi ere ziurtagirian, lan-denboraldiak bereizita adierazi behar dira, eta ondoko datuak zehaztu: lanpostuaren kidegoa, eskala, azpieskala eta mota edo kategoria, eta bertan izandako eginkizunak eta dedikazio-araubidea. Datu hori zehazten ez denetan, lanaldi osoaren % 50 zenbatuko da.
b) Deialdiko lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duen prestakuntza espezifikoa.
Ikastaroak, betiere, ikastaroaren ziurtapeneko fotokopia konpultsatuaren bidez egiaztatuko dira, ikastaroaren amaierako data eta ikastaroaren iraupeneko orduak adierazita.
Deitutako lanpostuarekin zerikusia duten trebakuntzako eta hobekuntzako ikastaroak: gehienez ere 2 puntu lor daitezke eta kurtso bakoitzak 0,4 puntuko balioa izango du.
Lortu nahi den lanpostuaren berezko atazekin eta eginkizunekin zerikusia duten gaietako ikastaroak gainditzeagatik, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak, Nafarroako Administrazio Publikoen Institutuak, unibertsitateek edota beste herri-administrazio batzuek antolaturik edota homologaturik badaude, edo prestakuntza-gaietan, giza baliabideen garapenean, lanbide-gaikuntzan edo ikerketa-arloan izen handia duten erakundeek emandakoak badira.
Gutxienez 30 orduko iraupeneko ikastaroak besterik ez dira baloratuko. Azken 10 urteotan eginiko ikastaroak besterik ez dira baloratuko. Egiaztagirian ikastaroa noiz eginikoa den adierazita dutenak besterik ez dira baloratuko eta ordu kopuruak edota kredituak adierazita egon beharko dira. Egiaztagirian kreditu kopurua soilik agertzen bada ordu-kopuruak zehaztu gabe kreditu bakoitzeko 25 ordu zenbatuko ditugu.
c) Titulazio gehigarriak.
Titulu ofizialak egiaztatzeko, tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua eskuratzeko ordaindu beharrekoa ordaindu izanaren agiria aurkeztu beharko da.
Gehienez ere 6 puntu lor daitezke atal honetan.
Titulu ofizialengatik (diplomatura, ingeniaritza teknikoa, arkitektura teknikoa, lizentziatura, ingeniaritza, arkitektura edo baliokideak), lanpostu horretarako baldintza gisa eskatu ez badira, gehienez ere 5 puntu titulu bakoitzeko.
Lanpostuaren eginkizunekin lotutako master, espezialitateko titulu ofizial, doktoretza, gradu-ondoko titulu eta unibertsitateen berezko tituluengatik (gutxienez 150 ordu), gehienez ere 2,5 puntu titulu bakoitzeko.
d) Beste hizkuntza batzuen edo eskatutakoa baino goragoko mailen ziurtagiriak.
Behar bezala egiaztatutako titulu ofizialak bakarrik balioetsiko dira.
Hizkuntza bakoitzean aurkeztutako maila goreneko egiaztapena balioetsiko da, eta gehieneko puntuazioa 2,5 puntu dira.
Meritu gisa kontutan hartuko dira, betiere, ez baldin badira prozesuan parte hartzeko funtsezko eskaera, kasu horretan ez da aparteko meriturik gehituko.
Gehienez ere lau (4) puntu emango dira, betiere baremo honen arabera:
Ingelesa:
– C1 jakite-maila (menderatze operatibo eraginkorra): 0,5 puntu.
– C2 jakite-maila (maisutza): 2 puntu.
Frantsesa:
– B2 jakite maila (ezagupenak maila arruntean): 0,25.
– C1 jakite-maila (menderatze operatibo eraginkorra): 0,5 puntu.
– C2 jakite-maila (maisutza): 2 puntu.
Adierazten diren merituak izateko erreferentzia-data eskaera aurkezteko epearen amaiera-data izango da eta ez da egingo probarik titulu horiek egiaztatzeko. Titulu ofizialak soilik kontutan hartuko dira.
GAI ZERRENDA
1.– Auditoretza (I). Auditoretzaren Legea. Oinarrizko kontzeptuak.
2.– Auditoretza (II). Metodologia.
3.– Auditoretza (III). Informeak eta iritziak.
4.– Auditoretza (IV). Sektore publikoaren auditoretza-printzipioak eta -arauak.
5.– Kontabilitatea (I). Kontabilitatearen kontzeptua.
6.– Kontabilitatea (II). Eginkizuna eta helburua.
7.– Kontabilitatea (III). Kontabilitatearen plan orokorra.
8.– Kontabilitatea (IV). Balantzea.
9.– Kontabilitatea (V). Egitura eta ondare-masak.
10.– Kontabilitatea (VI). Emaitzen kontua. Prestakuntza egiteko egitura eta arauak.
11.– Kontabilitate publikoa (I). Kontabilitate publikoaren plana.
12.– Kontabilitate publikoa (II). Aurrekontu-kontabilitatea eta ondare-kontabilitatea.
13.– Kontabilitate publikoa (III). Aurrekontu-emaitza eta diruzaintzako gerakina.
14.– Euskal Administrazioaren jarduera ekonomikoaren kontrola: Araudi erregulatzailea; 14/1994 Legea, ekainaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzkoa (I). Xedea eta printzipio orokorrak.
15.– Euskal Administrazioaren jarduera ekonomikoaren kontrola: Araudi erregulatzailea; 14/1994 Legea, ekainaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzkoa (II). Kontabilitatea eta kontabilitate kontrola.
16.– Euskal Administrazioaren jarduera ekonomikoaren kontrola: Araudi erregulatzailea; 14/1994 Legea, ekainaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzkoa (III). Kontu-hartzailetzako kontrola eta horren helburua.
17.– Euskal Administrazioaren jarduera ekonomikoaren kontrola: Araudi erregulatzailea; 14/1994 Legea, ekainaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzkoa (IV). Kontrol kontu-hartzaile motak: kontrol ekonomiko-finantzarioa eta kudeaketakoa, kontrol ekonomiko-fiskala, kontrol ekonomiko-normatiboa, kontrol ekonomiko-administratiboa.
18.– Herri Kontuen Euskal Epaitegia (1/1988 Legea). Eginkizunak eta jarduna. Fiskalizazio-funtzioa.
19.– Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak (I). Modalitateak.
20.– Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak (II). Bazkideak eta onuradunak.
21.– Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak (III). Kontingentziak eta prestazioak.
22.– Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak (IV). Araubide ekonomikoa.
23.– Minimis erregelamendua. Kontzeptua. Betekizunak.
24.– 2/2012 Lege Organikoa, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzkoa (I). Printzipio orokorrak.
25.– 2/2012 Lege Organikoa, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzkoa (II). Aurrekontu-egonkortasuna eta finantza-iraunkortasuna.
26.– 2/2012 Lege Organikoa, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzkoa (III). Prebentzio-, zuzentze- eta hertsatze-neurriak.
27.– 2/2012 Lege Organikoa, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzkoa (IV). Gardentasuna.
28.– Etxepare Euskal Institutuaren araubide ekonomikoa.
29.– 11/2022 Legea, abenduaren 1ekoa, Euskal Enplegu Publikoari buruzkoa (I). EAEko administrazio publikoetako langileak (II. titulua).
30.– 11/2022 Legea, abenduaren 1ekoa, Euskal Enplegu Publikoari buruzkoa (II). Zuzendaritzako langileak (III. titulua).
31.– 11/2022 Legea, abenduaren 1ekoa, Euskal Enplegu Publikoari buruzkoa (III). Ordainsari-sistema (IX. titulua).
32.– 11/2022 Legea, abenduaren 1ekoa, Euskal Enplegu Publikoari buruzkoa (IV). Eszedentziak (140-160. Art-ak)
33.– 11/2022 Legea, abenduaren 1ekoa, Euskal Enplegu Publikoari buruzkoa (V). Eskubide indibidualak (XI. titulua. I. kapitulua).
34.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko lan-kontratudunen kolektiboen hitzarmen kolektiboa.
35.– Etxepare Euskal Institutuaren lan-baldintzen akordioa.
36.– EIKA programaren erabilera eta ezagutza.
37.– IZARO programaren erabilera eta ezagutza.
38.– Zirkularra, Lan Harremanen zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko funtzionarioen eta lan-kontratuko langileen lanaldi eta ordutegiei buruzkoa.