Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

83. zk., 2023ko maiatzaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
2076

AGINDUA, 2023ko apirilaren 14koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio Vitoria-Gasteiz udalerrian, Arriagako atean, 6 zuzkidura-bizitoki esleitzeko prozedurari.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Zuzkidura-bizitoki horiek esleitzeko prozedurak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduak ezarritakoari jarraituko dio (agindu hori etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoa da), hala ezarrita baitago babes publikoko etxebizitzen araubideari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluan. Aipatutako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduak, 210/2019 Dekretuaren azken xedapenetako zazpigarrenak eraginda, aldaketak izan ditu III. Kapituluan, zeinak alokairuko etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien esleipenak erregulatzen baititu (210/2019 Dekretua, abenduaren 26koa, kreditu-erakundeen eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko finantza-lankidetzakoa eta etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak aldatzekoa).

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak zuzenean sustatu ditu araubide autonomikoko 6 zuzkidura-bizitoki, Vitoria-Gasteizen, Arriagako atean, eta bera da titularra. Sustapenaren espediente-zenbakia EB1-0642/10-AA da. Zuzkidura-bizitoki horiek 2014ko ekainaren 17ko Aginduaren bidez (EHAA 2014ko ekainaren 25ean, 199 zk.) esleitu ziren 79 zuzkidura bizitoki osatzera datoz.

Hirugarrena.– 6 zuzkidura-bizitoki horietako 1 mugikortasun murriztu iraunkorra duten pertsonentzat egokituta dago, logela bakarrekoa da, eta 59,66 m2-ko azalera du; gainontzeko 5 zuzkidura-bizitokiak logela bakarrekoak dira eta 39,92 m2 eta 50,75 m2 arteko azalera dute. Zuzkidura-bizitoki horiek ebazpenaren bosgarren puntuan zehazten diren kupoetan banatuko dira.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak du agindu hau emateko ahalmena, araudi hauek ahalbideturik: babes publikoko etxebizitzen araubideari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoa (aurrerantzean, 39/2008 Dekretua), eta etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 48. artikuluan xedatutakoa (aurrerantzean, 2012ko urriaren 15eko Agindua).

Bigarrena.– Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 23.4 artikuluak ezartzen du zuzkidura-bizitokiak titulartasun publikokoak izango direla eta erabiltzaileek aldi baterako okupatuko dituztela.

Hirugarrena.– Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 23.3 artikuluaren arabera, etxebizitza bat legez okupatzeko zailtasunak dauzkatenei emango zaizkie aldi baterako zuzkidura-bizitokiak, hala nola gazteei, migratu duten pertsonei, etxebizitza partekatua erabiltzeko eskubidea galdu duten pertsona bananduei edo dibortziatuei, hirigintzako eragiketak direla-eta beste bizitoki baten zain daudenei eta antzeko beste pertsona batzuei. Erabili ahal izango dira, halaber, aldi baterako bizitokia eskaintzeko bai gizarteratzen ari diren kolektiboetako pertsonei, bai babes berezia behar dutenei, hala nola genero-indarkeria jasan duten emakumeei, adineko pertsonei, etxegabeei, desgaitasun fisiko, psikiko edo intelektuala dutenei eta antzeko egoeretan dauden beste batzuei.

Laugarrena.– Abenduaren 26ko 210/2019 Dekretuak (Kreditu-erakundeen eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko finantza-lankidetzakoa eta etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak aldatzekoa) azken xedapenetako zazpigarreneko 4. puntuan 2012ko urriaren 15eko Aginduaren II. tituluko III. kapitulua aldatzen du (Agindua, 2012ko urriaren 15ekoa, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena, etxebizitzaren arloan eskumena duen sailak babes ofizialeko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak errentamendu-araubidean esleitzea arautzen duena). Aipatutako dekretuaren 47. bis artikuluan esaten denez, sustapen guztietan –kolektibo jakin bati berariaz bideratutako araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak izan ezik–, etxebizitza-kupo batzuk gordeko dira kolektibo hauen premiei erantzuteko: elbarritasun fisikoa duten pertsonak, 36 urtetik beherako pertsonak (adin horretatik beherako gutxienez kide bat duten bizikidetza-unitateak barne), etxebizitza bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa duten pertsonak, etxebizitza-premia berezia duten pertsonak, gainerako eskatzaileak edo kupo orokorra.

Bosgarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 50. artikuluak, egungo erredakzioan, esaten du etxebizitzak, eta hala erabakitzen bada zuzkidura-bizitokiak ere bai, 47 bis artikuluan aipatzen diren irizpideen arabera esleituko direla, hots, kupoen arabera, etxebizitzen egokitasunaren arabera eta 51. artikuluan aipatzen den baremoaren arabera, betiere prozeduran onartutako pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-ordenari jarraituz. 51. artikulu horrek baremoa arautzen du, hau kontuan izanik: eskatzaileen diru-sarrerak, bizikidetza-unitateko kide-kopurua, etxebizitza-eskatzaileen erregistroan duten antzinatasuna, eta etxebizitza-premia berezia.

Bizikidetza-unitateko kide-kopuruagatik ematen den puntuazioa bizikidetza-unitateko kide-kopuruaren eta sustapeneko etxebizitzek edo zuzkidura-bizitokiek duten logela-kopuruaren arabera emango da. Hala, logela bateko etxebizitza eta zuzkidura-bizitokien kasuan (edo espazio irekien kasuan), puntu 1 emango zaie bi kidez osatutako bizikidetza-unitateei, eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei.

Seigarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 27. artikuluak zehazten du noiz den egokia etxebizitza edo zuzkidura-bizitoki bat, bizikidetza-unitateko kide-kopuruaren eta esleitu beharreko etxebizitzak dituen logelen arabera.

Zazpigarrena.– Ekainaren 28ko 80/2022 Dekretuaren 5.artikuluko 4, 5 eta 6. apartatuetan esaten da noiz gertatzen den gainokupazioa etxebizitza edo bizitoki batean (80/2022 Dekretua, ekainaren 28koa,Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien gutxieneko bizigarritasun-baldintzak eta diseinu-arauak arautzen dituena).

Zortzigarrena.– Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2022ko ekainaren 30eko Aginduak zehazten ditu babes publikoko etxebizitzen gehieneko prezioak eta errentak eta zuzkidura-bizitokien kanona.

Horrenbestez, aipatutako legezko manuak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa–- Hasiera ematea Vitoria-Gasteizko udalerrian, Arriagako atean, Euskal Autonomia Erkidegoaren titulartasuneko 6 zuzkidura-bizitoki erabilera-lagapenean esleitzeko prozedurari. Sustapen horren espediente-zenbakia EB1-0642/10-AA-01 da.

Bigarrena.– Zuzkidura-bizitoki horien lagapena aldi baterako izango da. Hilez hil emango da, eta gehienez urtebeterako eskuratu ahal izango dira, nahiz eta epe hori urtero luzatu ahal izango den lau aldiz.

Hirugarrena.– Hileko kanonak kalkulatuko dira 2022ko ekainaren 30eko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren Aginduaren arabera, zeinaren bidez zehazten baitira babes publikoko etxebizitzen gehieneko prezioak eta errentak eta zuzkidura-bizitokien kanona. Kanon hori ezin izango da izan esleipendunen diru-sarrera haztatuen % 30 baino gehiago.

Laugarrena.– Esleipen-prozedura honetan parte hartuko dute agindu hau argitaratzen den egunean Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan altan daudenek, betiere honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Agindu hau argitaratzen denean eskabidearen titular batek behintzat 36 urte baino gutxiago izango ditu. Mugikortasun murriztuaren kupoan sartzen direnek ez dute baldintza hori bete beharrik izango.

b) Titularretako bat behintzat Vitoria-Gasteizko udalerrian erroldatuta egongo da agindu hau argitaratzen den egunean.

c) Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alokairuko eskatzaile gisa Araba Erdialdeko eremu funtzionaleko udalerriren batean altan daudenak (Agurain, Añana, Armiñón, Arraia-Maeztu, Arratzua-Ubarrundia, Asparrena, Barrundia, Berantevilla, Bernedo, Burgelu, Donemiliaga, Alegría-Dulantzi, Erriberagoitia, Erribera Beitia, Vitoria-Gasteiz, Gaubea, Harana, Iruña Oka, Iruraiz-Gauna, Kanpezu, Kuartango, Lagrán, Lantarón, Legutio, Otxandio, Urkabustaiz, Ubide, Peñacerrada-Urizaharra, Zalduondo, Zambrana, Zigoitia eta Zuia). Mugikortasun murriztua duten pertsonek zein genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek parte hartu ahal izango dute edozein dela eskatzen duten udalerria.

d) 2021. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak 3.000 euro baino txikiagoak ez direla eta 39.000 euro baino handiagoak ez direla egiaztatzea eskatzen da. Baldintza egiaztatzeko, kontuan hartuko da zein den izen ematearen titular guztien diru-sarreren batura. Mugikortasun murriztua duten pertsonek, desgaitasun psikikoa dutenek edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek ez dute gutxieneko diru-sarrerarik egiaztatu beharko, ezta etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa onartuta daukaten eskatzaileek ere.

e) Agindu hau argitaratzen den eguneko aurreko bi urteetan, etxebizitzarik ez edukitzea, ez jabetzan, ez azalera eskubidean edo gozamenean. 2012ko urriaren 15eko Aginduko 9. artikuluan jasotako etxebizitza premiaren baldintzaren salbuespenak ezarriko dira.

f) Gehienez 2 kideko bizikidetza unitatea izatea.

Bosgarrena.– Esleitu beharreko 6 zuzkidura-bizitoki horietatik honako kupoak gordeko dira:

a) Zuzkidura bizitoki 1, mugikortasun murriztu iraunkorreko desgaitasuna duten pertsonei egokitutakoa. Etxebizitza hori esleitzeko, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko 52. artikuluan ezarritako lehentasun hurrenkerari jarraituko zaio, bat etorriz 888/2022 Errege Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoarekin (888/2022 Errege Dekretua, urriaren 18koa, desgaitasun-maila aitortu, deklaratu eta kalifikatzeko prozedura ezartzen duena):

Lehenik eta behin, egokitutako zuzkidura-bizitokiak esleituko zaizkie desgaitasun-maila onartu, aitortu eta sailkatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren 2. eranskinean A letrarekin kalifikatuta dagoen desgaitasunen bat duten pertsonei; gero, 2. eranskin horretan B letrarekin kalifikatuta dagoen desgaitasunen bat duten pertsonei, eta, azkenik, 7 puntu edo gehiago eskuratzen dituztenei eranskin bereko D eta H bitarteko letretan ezarritakoak batuz.

b) Gainerako 5 zuzkidura-bizitokiak gazteen artean esleituko dira, betiere bizikidetza-unitateko titular batek gutxienez 36 urte baino gutxiago baditu.

Seigarrena.– Agindu honek eta esleipen prozedura honi aplikagarriak zaizkion arauek zehazten dituzten baldintzak betez esleipen-prozeduran parte hartu nahi dutenek dagokion inprimakia aurkeztu beharko dute, 2023ko maiatzaren 10a eta 30a bitartean (biak barne), leku hauetan:

– Telematikoki: http://www.etxebide.euskadi.eus webgunearen bidez.

– Postaz: Bidali dokumentazioa Arabako Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzara, Samaniego kalea 2, 1. solairua, 01008 Vitoria-Gasteiz, Araba. Posta administratiboa erabiltzea gomendatzen da, posta bulegoko sarrera-data kontuan har dadin.

– Aurrez aurre: Zuzenean zerbitzua (aurrez hitzordua hartuta), Ramiro de Maeztu kalea 10, 01008. Vitoria-Gasteiz, Araba.

Zazpigarrena.– Onartutako eskaerak barematzeko, hurrengo lerroetan jasotako irizpideak hartuko dira kontuan, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 51. artikuluak dioenari jarraituz.

a) Diru-sarrerak: 10 puntu emango zaizkie 0 eta 9.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei; 9 puntu, 9.001 eta 15.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituztenei; 8 puntu, 15.001 eta 25.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei, eta 5 puntu 25.001 eta 39.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituztenei.

b) Bizikidetza-unitateko kide-kopurua: bizikidetza-unitateko kide-kopurua puntuatzeko orduan, zuzkidura-bizitokien logela-kopurua hartuko da kontuan. Hala, logela bakarreko etxebizitzen kasuan, puntu 1 emango zaie 2 kide dituzten bizikidetza-unitateei, eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei.

c) Antzinatasuna etxebizitza-eskatzaileen erregistroko inskripzioan: puntu 1 emango da antzinatasunik handiena duen bizikidetza-unitateko kidearen inskripzio-urte bakoitzeko (7 puntu emango dira gehienez ere).

d) Etxebizitza-premia berezia: 4 puntu emango zaizkie etxebizitza-premia bereziko kolektiboren bateko titularren bat duten espedienteei. Desgaitasun intelektual edo garapen-desgaitasunen bat duten pertsonei eta gaixotasun mentalen bat duten pertsonei dagokienez, 4 puntu emango zaizkie hori egiazta dezaketen bizikidetza-unitateko kideren bat duten espedienteei. Kolektibo bateko baino gehiagoko kide direnei, 4 puntu emango zaizkie horietako bakoitzeko (8 puntu emango dira gehienez ere).

Zortzigarrena.– Baremazioa kalkulatzeko, Agindua hau publikatuko den eguna hartuko da erreferentziatzat. Berdinketa kasuan, antzinatasun handiena duen eskaeraren aldeko ebazpena emango da, eta, antzinatasuna ere berdina bada, etxebizitza-eskatzaileen erregistroan lehenengo sartu zena aukeratuko da.

Bederatzigarrena.– Sustapen honetako logela bakarreko zuzkidura-bizitokiak esleitzerakoan, gehienez 2 kideko bizikidetza unitateei esleituko zaizkie.

Hamargarrena.– 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 50. artikuluan ezarri bezala, etxebizitzak esleitzeko orduan kontuan hartuko dira 47 bis artikuluan aipatzen diren kupoak, etxebizitzen egokitzapena eta prozeduran sartutako pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-ordena, 51. artikuluan xedatutako baremoa aplikatuz.

Hamaikagarrena.– Esleipena amaitutakoan, prozeduran dauden kupoak bezainbeste itxarote-zerrenda egingo dira, eta horien barruan sartuko dira parte hartu bai baina etxebizitzarik eskuratu ez dutenak. Itxaron zerrendak agortu ondoren, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 59. artikuluak ezarritakoari jarraituko zaio esleipenak egiteko.

Hamabigarrena.– Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak, etxebizitza-esleipenak eta itxaron-zerrendak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko dira (www.euskadi.eus > egoitza elektronikoa > iragarki taula).

Hamahirugarrena.– Agindu honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da errekurtso biak aurkezteko epea.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko apirilaren 14a.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala