Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

83. zk., 2023ko maiatzaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2066

AGINDUA, 2023ko apirilaren 25ekoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, deialdia egiten duena 2023an arrantza-jardueraren aldi-baterako gelditzeari laguntza emateko, oinarrizko portua Euskal Autonomia Erkidegoko barruko uretan duten tresna txikien erroldako artisau-flotaren atseden biologikoaren ondorioz.

Arrantza Politika Erkidearen funtsezko helburuetako bat da itsasoko baliabide biologikoen ustiapen jasangarria bermatuko duen eta ekonomikoki errentagarria izango den flota profesional bat sustatzea, aprobetxamendu ezin hobea ahalbidetuz, eta ustiatutako populazioen oreka biologikoa eta ingurune fisikoaren osotasuna arriskuan jarri gabe. Zentzu horretan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 11ko 1380/2013 (EB) Erregelamenduak Arrantza Politika Erkideari buruzko arau-esparru berri bat ezarri du, baita haren aplikazio-eremua, helburuak eta gobernantza egokirako printzipioak ere.

Bestalde, Arrantza Politika berriaren oinarrietako bat den heinean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren Europako Itsas eta Arrantza Funtsari buruzko 2014ko maiatzaren 15eko 508/2014 zenbakiko Erregelamenduan (EB) Arrantza Politika Erkidea aplikatzeko Batasunaren finantza-neurriak ezartzen dira, baita Itsas Zuzenbideari buruzko neurriak, arrantza- eta akuikultura-guneen eta barne-arrantzarako guneen garapen jasangarrirako neurriak eta Itsas Politika Integratuaren neurriak ere. Hain zuzen ere, 33. eta 34. artikuluetan ezartzen dira arrantza-jarduera aldi baterako eta betiko geldiarazteagatiko laguntzak.

Era berean, 2015eko azaroan Europako Itsas eta Arrantza Funtsaren Programa Operatibo espainiarra onartu zen egiturazko neurri horiek eragindako autonomia-erkidego guztien adostasunarekin. Programa horrek Espainiako arrantza-sektorean garatu beharreko neurri guztiak hartzen ditu, eta arrantza eta akuikultura lehiakorrak sustatzea du helburu, betiere horiek ingurumenari dagokionez jasangarriak, ekonomikoki bideragarriak eta sozialki arduratsuak badira. Horrez gain, 2015ean Euskadi 2020 Arrantza eta Akuikulturaren Plan Estrategikoa prestatu zen. Hark arrantza-jardueraren eta arrantzaren mendeko arrantza-gune eta –komunitateen hazkunde ekonomiko integratzailean, adimendunean eta jasangarrian lagunduko du. 2016ko maiatzean, «Europako Itsas eta Arrantza Funtsaren Programa Operatiboaren esparruko laguntzak emateko hautaketa-irizpideak» jasotzen dituen dokumentu bateratua argitaratu zen; dokumentu horrek aldaketak izan zituen 2017an.

Testuinguru horretan, abenduaren 29ko 1173/2015 Errege Dekretua onartu zen (Itsas eta Arrantzaren Europako Funtsa garatzekoa, arrantza-jarduera behin betiko eta aldi baterako eteteko laguntzei dagokienez). Errege-dekretu horren azken xedapenetako lehenengoan jasotzen denez, oinarrizko araua da arrantza-sektorea antolatzeko arloan. Gero, 2017ko maiatzaren 13an, maiatzaren 12ko 486/2017 Errege Dekretua argitaratu zen (honako hauek aldatu zituena: 1173/2015 Errege Dekretua, abenduaren 29koa, Itsas eta Arrantzaren Europako Funtsa garatzekoa, arrantza-jarduera behin betiko eta aldi baterako eteteko laguntzei dagokienez; 1549/2009 Errege Dekretua, urriaren 9koa, Arrantza sektorea antolatzeari eta Arrantzaren Europako Funtsera egokitzeari buruzkoa).

Halaber, Itsas eta Arrantzaren Europako Funtsaren Espainiarako Programa Operatiboaren Kudeaketa Agintaritzaren gidalerroekin bat etorriz, beharrezkoa da dokumentazio jakin bat sartzea, maiatzaren 15eko 508/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoa bete dadin.

Azkenik, oinarrizko portua Euskal Autonomia Erkidegoko barruko uretan duten tresna txikien erroldako artisau-flotaren atseden biologikoa ezartzen duen Arrantza eta Akuikultura zuzendariaren 2022ko azaroaren 4ko Ebazpenaren bidez (2023ko urtarrilaren 13ko EHAA, 9. zk.), atseden hori 2023ko urtarrilaren 15etik 2023ko otsailaren 15era bitartean ezarri da, bi egun horiek barnean direla.

Arau-esparru horrek aukera ematen du, besteak beste, zenbait eremutan egindako inbertsioetan laguntzeko, eta horietako bat da, hain zuzen ere, arrantza-jarduerak aldi baterako geldiaraztea.

Agindu honen bitartez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren Europako Itsas eta Arrantza Funtsari buruzko 2014ko maiatzaren 15eko 508/2014 zenbakiko Erregelamenduan (EB) araututako laguntza-eskaerak aurkeztutako epea irekiko da; Batasuneko Erregelamenduak Europar Batasun osoan zuzenean eta nahitaez aplikatu beharko dira, eta ez dute transposiziorik behar estatu kideetan.

Agindu hau honako hauetan aurreikusitakoaren arabera ematen da: Euskal Autonomia Erkidegoko 2023. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legean; Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2021erako, 2022rako eta 2023rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, 2021eko martxoaren 17ko Aginduaren bidez onetsia; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta azken honen erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan.

Ekainaren 30eko 7/1981 Legeak, Jaurlaritzari buruzkoak, 26.4 artikuluan arautzen du sailburuen eskumena dela, besteak beste eta Jaurlaritzako kide diren aldetik dituzten eskumenak galarazi gabe, haien sailei dagozkien gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak ematea. Horrenbestez, hau.

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Laguntzen deialdia egitea, oinarrizko portua Euskal Autonomia Erkidegoko barruko uretan duten tresna txikien erroldako artisau-flotaren atseden biologikoa ezartzen duen Arrantza eta Akuikultura zuzendariaren 2022ko azaroaren 4ko Ebazpenaren ondorioz (2023ko urtarrilaren 13ko EHAA, 9. zk.), aldi baterako geldialdia egiten dutenentzat.

Bigarrena.– Arrantza jardueraren aldi baterako geldialdirako laguntza deialdiaren oinarriak onartzea, oinarrizko portua Euskal Autonomia Erkidegoko barruko uretan duten tresna txikien erroldako artisau-flotaren atseden biologikoaren ondorioz. Agindu honen eranskinean jaso dira.

Hirugarrena.– Deialdi honen zenbatekoa 340.000 eurokoa izango da. Funts horietatik 170.000 euro Europako Itsas eta Arrantza Funtsari dagozkio, eta, 170.000 euro, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrei, zeinak 2023ko ekitaldiko ordainketa-kredituak baitira.

Deialdi honen barruan emango diren laguntzen guztizko kopuruak ezingo du gainditu aipatutako aurrekontu-zuzkidura. Horrenbestez, guztizko diru-kopuru hori agortutakoan, ezin izango da dirulaguntza gehiago eman, eta beraz, hortik aurrera, ondoriorik gabe geratuko da xedapen hau. Guztizko diru-kopuru hori agortzen bada, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen baten bitartez jakinaraziko da.

Laugarrena.– Laguntzaren onuradun izateko betekizunak, eranskinaren 3. artikuluan jasotako orokorrez gain, eranskin horretako 11. eta 12. artikuluetan jasotakoak izango dira. Hauek dira 12.1.c) artikuluan aipatzen diren modalitateak: otarreak, mailabakarra, tresmaila, tretza, esku-aparailuak eta kazako aparailuak.

Bosgarrena.– Ezarritako laguntzaren intentsitatea % 100ekoa izango da.

Arrantza-jarduera aldi baterako geldiarazi izanaren ziurtagiri guztiak egiaztatu ostean ordainduko da laguntza.

Seigarrena.– 2023ko ekitaldian agindu honetan araututako laguntzak jasotzeko eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau ondorioak sortzen hasten denetik aurrera.

Zazpigarrena.– Agindu honen aurka interesdunek berraztertze-errekurtsoa aurkeztu dezakete Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Zortzigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko apirilaren 25a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

ERANSKINA
ARRANTZA-JARDUERA ALDI BATERAKO GELDIARAZTEKO LAGUNTZEI APLIKATU BEHARREKO ARAUDIA, OINARRIZKO PORTUA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO BARRUKO URETAN DUTEN TRESNA TXIKIEN ERROLDAKO ARTISAU-FLOTAREN ATSEDEN BIOLOGIKOREN ONDORIOZ

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea 2023ko laguntzetarako deialdia egitea da, arrantza-jarduera aldi baterako geldituko dutenentzat, Arrantza eta Akuikultura zuzendariaren 2022ko azaroaren 4ko Ebazpenak oinarrizko portua Euskal Autonomia Erkidegoko barruko uretan duten tresna txikien erroldako artisau-flotaren atseden biologikoa ezarri izanaren ondorioz (2023ko urtarrilaren 13ko EHAA, 9. zk.). Laguntza horiek erregelamendu honen 33. artikuluan aurreikusita daude: 508/2014 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2014ko maiatzaren 15ekoa, Europako Itsas eta Arrantza Funtsari buruzkoa.

2. artikulua.– Onuradunak.

Honako hauek izan daitezke agindu honetan iragartzen diren laguntzen onuradunak:

1.– Arrantza Flotaren Erregistro Nagusian aktibo gisa erregistratuta dauden eta geldialdia hasi aurreko bi urte zibiletan itsasoan gutxienez 120 eguneko arrantza-jarduera gauzatu duten arrantza-ontzien armadoreak.

Izaera juridikorik ez duten pertsona fisiko eta juridiko pribatuen elkarteen eta ondasun-erkidegoen kasuan, kide guztiek sinatutako dokumentua aurkeztu beharko dute eskaera egiterakoan. Dokumentu horretan, hauek jasoko dira: kide bakoitzak bere gain hartzen duen egikaritze-konpromisoa partaidetza-ehunekoaren arabera, eta elkartearen edo ondasun-erkidegoaren ordezkariaren izena.

2.– Geldialdia hasi aurreko bi urte zibiletan, gutxienez 120 egun itsasoan lan egin duten arrantzaleak, aldi baterako geldialdiaren eraginpeko arrantza-ontzietan ibili badira.

3. artikulua.– Betekizun orokorrak.

1.– Agindu honetan jasotzen diren baldintza eta betekizun partikular zein espezifikoez gain, onuradun izateko honako betekizun orokor hauek bete beharko dira:

a) Arrantza-ontziek Euskal Autonomia Erkidegoan izan behar dute egoitza-portua.

b) Pertsona juridikoen kasuan, horien egoitza sozialak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-esparruan egon beharko du.

c) Armadoreen kasuan, pertsona fisikoak, Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egon beharko dira.

d) Eskatzaileek egunean egon beharko dira zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan, eta hirugarrenen erregistroan inskribatuta egon beharko dira beren aldeko lehenengo obligazioa onartu baino lehen.

e) Eskatzaileek jakinarazi behar dute diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, baita eskuratu duten ala ez.

f) Eskabidean jakinaraztea ea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasiera eman zaion itzultze- edo zehapen-prozeduraren batean sartuta dauden ala ez. Sartuta badaude, prozedura horiek zeintzuk diren adierazi beharko dute.

g) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak edo haren mendeko erakundeek emandako dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketan egunean egotea. Betebehar horien ordainketak egunean dituela ulertuko da zorrak atzeratuta eta zatituta badaude, eta, gainera, zor, interes eta gastu guztiak estaliko dituen bermea eratu bada.

h) Ezin izango da inolako dirulaguntza edo laguntzarik eman sexuaren ziozko bereizkeria eragiten duen ezein jardueratarako. Sexuaren ziozko bereizkeria dela-eta edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio-zehapena edo zigor penala jaso duten pertsona fisiko edo juridikoak ere egoera berean geratuko dira, dena delako zehapen edo zigorrak dirauen denboran. Era berean, ezin izango dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten eta halakorik ez duten enpresek, ez eta 50 langiletik gorako enpresek ere, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez badute, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko Estatuko legeriak ezarritako baldintzetan.

i) Konkurtso-deklaraziorik eskatuta ez izatea, prozeduraren batean kaudimengabetzat deklaratuta ez egotea, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren eraginpean ez egotea, edo desgaituta ez egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu gabe.

j) Administrazioarekin eginiko kontraturen baten suntsiarazpen irmorik eragin ez izana.

k) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkaritza legala dutenak ez egotea Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean zehaztutako egoeretan edo ez izatea Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautetsiak, horietan zehaztutako baldintzetan.

l) Ezin izango dira agindu honetan araututako laguntzak jaso kasu hauek egiaztatzen badira:

– Eskabidea ezin onartuzkoa izatea dakarren arau-hauste astun bat egin bada, 1005/2008 Erregelamenduaren 42. artikuluari edo 1224/2009 Erregelamenduaren 90.1 artikuluari jarraikiz.

– 1005/2008 Erregelamenduaren 40.3 artikuluan jasotzen den Europar Batasuneko INDNR ontzien zerrendan sartutako arrantza-ontzien edo Erregelamendu horren 33. artikuluan zehazten diren hirugarren herrialde ez-kooperanteen pabilioian jasotzen diren ontzien ustiaketan, kudeaketan edo jabetzan nahastuta egon bada.

– Arrantza Politika Erkidearen aurkako arau-hauste astunak egin baditu.

– 2008/99/EB Zuzentarauko 3. artikuluan zehaztutako delituren bat egin badu.

Horri dagokionez, iruzur edo irregulartasun gisa har daitekeen edozein gertakari SNCAri jakinarazi ahal izango zaio iruzurraren aurkako koordinaziorako zerbitzu nazionalari, honako honen bidez:

https://www.igae.pap.hacienda.gob.es/sitios/igae/eu-ES/snca/paginas/inicio.aspx

2.– f) apartatutik l) apartatura bitartean ezarritako betekizunen eta egoeren egiaztatzea erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egingo da.

3.– 1. apartatuaren c) azpiapartatuan ezarritako betekizuna onuradun izateko eta emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko da. Beraz, betekizun horiek betetzen direla egiaztatuko da dirulaguntza ematean eta ordainketak egitean.

4.– 1. apartatuaren l) azpiapartatuan ezarritako baldintzak betetzen jarraitu beharko dute eskabidea aurkeztu eta gero, eta, onuradun gertatzen badira, diruz lagundutako jarduerak gauzatzen diren aldi osoan eta onuradunei dirulaguntzaren azken ordainketa egin eta hurrengo bost urteko epean.

4. artikulua.– Eskabideak eta agiriak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau indarrean sartzen denetik.

2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, pertsona juridikoek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dituzte eskabideak, euskadi.eus-en egoitza elektronikoan:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1230401 (Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Katalogoaren prozeduraren kodea).

Helbide horretan eskuratu ahal izango dira: eskabide-orria, erantzukizunpeko adierazpenaren eredua eta inprimakien ereduak, bai eta eskaerak modu telematikoan aurkezten eta justifikatzen laguntzeko beharrezkoa den informazioa ere.

3.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, artikulu hauetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluak.

https://www.euskadi.eus/ordezkariak

4.– Eskabidearen ondorengo izapideak «Nire karpetaren» bitartez egin eta jakinaraziko dira:

https.// www.euskadi.eus/nirekarpeta

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

5.– Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.1 artikuluaren arabera, pertsona fisikoek aukeratu dezakete administrazioarekin harremanetan jartzea bitarteko ez elektronikoen bidez; horrela, dagokion eskabide-inprimakiaren bidez eskatu ahal izango dute laguntza, eta inprimaki hori Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren bulegoetan eskura dezakete, ondoren zehazten diren helbideetan eta https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/nekazaritza-arrantza-elikagai-industria/hasiera/ helbidean; gero, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzara bidali beharko dira, zuzenean edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak xedatzen duen edozein bidetatik. Hona hemen Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren bulegoen helbideak:

– Eusko Jaurlaritza. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila. Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritza, Donostia kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz.

– Eusko Jaurlaritza. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila. Arrantza Egituren Zerbitzua, Concha Jeneralaren kalea 23, 2.– 48010 Bilbao.

– Eusko Jaurlaritza. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila. Arrantza Antolamenduko Zerbitzua, Easo kalea 10 – 20006 Donostia.

6.– Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dituzte armadoreek:

a) Aurkezten dituzten dokumentu guztiak egiazkoak direla dioen erantzukizunpeko adierazpen bat, inprimakiaren arabera.

b) Eraketa-eskrituraren kopia eta Identifikazio Fiskaleko Txartela.

c) Eskatzailearen ordezkaritza-ahalmena egiaztatzen duen eskrituraren kopia.

d) Hirugarrenen datuen alta edo aldaketa, baldin eta Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta badago; ez badago, inskribatu egin beharko da, bere aldeko lehenengo betebeharra onartu baino lehen. Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke (izapidetze elektronikoa egitera behartuta daudenek horrela egin beharko dute) dagokion zerbitzuaren bidez, egoitza elektronikoan ere, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

e) Dagokion portuko Itsas Kapitaintzan rola gordailutu izanaren ziurtagiria, zeinak geldialdia berariaz adieraziko baitu.

f) Ontziaren titulartasunaren ziurtagiria, Merkataritza Erregistroak egina.

7.– Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dituzte arrantzaleek:

a) Honako hauei buruzko erantzukizunpeko adierazpena: formularioaren arabera aurkeztutako agiri guztiak egiazkoak direla, eta aurreko artikuluaren 1. apartatuaren d) azpiapartatutik k) azpiapartatura bitartean – biak barnean direla- adierazitako betekizun orokorrak betetzen dituztela.

b) Hirugarrenen datuen alta edo aldaketa, baldin eta Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta badago; ez badago, inskribatu egin beharko da, bere aldeko lehenengo obligazioa onartu baino lehen.

8.– Laguntzak eskatzen dituztenek 11. eta 12. artikuluetako betekizunak betetzen dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

Eskatzaileek administrazio honetan edo beste edozein administrazio publikotan aurkeztu badute eskatutako dokumentazioa, eta aldaketarik ez dela egin berariaz adierazten bada, ez dute aurkeztu beharko dokumentazio hori, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 3. Zenbakian xedatutakoarekin bat etorriz. Eskatzaileak adierazi beharko du, hala ere, noiz eta zer administrazio-organotan aurkeztu zituen agiri horiek. Laguntza-eskabidea aurkezteak berekin dakar organo kudeatzaileari baimena ematea dokumentazio hori eskuratzeko, hargatik eragotzi gabe baimena berariaz ukatu ahal izatea. Hala eginez gero, adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

9.– Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoarekin bat eginez, dirulaguntzaren eskaera aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen du Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak zuzenean eskura ditzan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzen duten dokumentuak eta NAN/IFK nortasuna. Hala ere, eskatzaileak baimen hori berariaz uka dezake, baina kasu horretan adierazitako agiriak aurkeztu beharko ditu.

10.– Nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira laguntza-eskabidea eta eskatutako agiriak. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

11.– Eskabideak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio ezen, horrela egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela; aldez aurretik Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak ebazpena emango du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat.

12.– Nolanahi ere, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak beste edozein agiri edo informazio eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatu ahal izateko. Arau honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

5. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.

1.– Deialdi honetan araututako laguntzak modu ordenatuan adjudikatuko zaizkie agindu honetan xedatutakoa betetzen duten eskatzaileei, espedientea osorik beteta dagoen unearen arabera, lehiaketa teknikara jo gabe.

2.– Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari dagokio eskatutako laguntzen ebazpena ematea.

3.– Ebazpen horren bidez, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren eta Europako Itsas eta Arrantza Funtsaren kontura emango da laguntza.

4.– Ebazpenaren gutxieneko edukia:

a) Diruz lagundu daitekeen zenbatekoa.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura eta Europako Itsas eta Arrantza Funtsaren kontura diruz lagundutako zenbatekoa.

5.– Eskabide bakoitza osorik aurkeztu eta gehienez ere sei hilabetean emango eta jakinaraziko da ebazpena. Sei hilabete igaro eta berariazko ebazpenik ez badago, eskabideak ezetsi egin direla ulertu beharko dute interesdunek, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testutu Bateginaren 51.9 artikuluan ezarritakoaren arabera.

6.– Arrantza eta Akuikulturako zuzendariaren ebazpenaren aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari. Horretarako, hilabeteko epea izango du ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo hiru hilabeteko epea administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta hurrengo egunetik aurrera.

7.– Hargatik eragotzi gabe aurreikusitako laguntzei buruzko ebazpena banan-banan jakinaraztea, EHAAn argitaratuko da agindu honen babesean eman diren laguntzen onuradun izango diren eskatzaileen zerrenda; emandako zenbatekoak eta diruz lagundutako proiektua ere adieraziko dira.

8.– Ebazpenen jakinarazpen elektronikoak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

6. artikulua.– Onuradunen betebehar orokorrak.

Orokorrean, agindu honek arautzen dituen laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, baldin eta dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean onuradunek ez badiote berariaz uko egiten, onartu egiten dutela ulertuko da.

2.– Dirulaguntza zertarako eman den, xede horrexetarako erabiltzea.

3.– Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren eta Europar Batasunaren esku jartzea arrantza-jarduera aldi baterako geldiarazi dela egiaztatzeko behar diren agiri guztiak.

4.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, agindu honen kargura jasotako laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko eginkizunen barruan, eskatzen dieten informazio guztia eskaintzea.

5.– Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barnean direla, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzen xede izan daitezkeen heinean. Era berean, Europako Batzordearen eta Europako Kontuen Auzitegiaren eskura jarri beharko dira diruz lagundutako gastuei dagozkien egiaztagiriak, bi urteko epean, eragiketaren gastuak jasotzen dituzten kontuak aurkeztu eta hurrengo abenduaren 31tik aurrera, eragiketa amaitu ostean.

6.– Eranskin honen 3.1.d) artikuluak xedatzen duena eragotzi gabe, beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskatzen badizkiote administrazioren bati edo erakunde publiko edo pribaturen bati xede bera finantzatzeko, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari jakinarazi behar diote, eta, hala badagokio, eman egin dizkietela ere jakinarazi behar diote, idatziz, beste dirulaguntza edo laguntza horiek eman dizkietela jakin eta hamabost eguneko epean.

7.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako inguruabarretako bat, objektiboa zein subjektiboa, aldatuz gero, horren berri eman behar diote idatziz Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari.

8.– Merkataritza-legeriak eskatutako terminoetan ikuskatutako kontabilitate-liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentu guztiak izatea, eta deialdi bakoitzean finantzatutako inbertsioarekin lotutako inbertsio eta gastu guztietarako kontabilitate-kode egoki bat edo kontabilitate-sistema bereizi bat mantentzea, araudiak finkatzen dituen kontrolak egin ahal izateko.

9.– Diruz lagundutako gastuen eta jardueren inguruan egindako publizitate edo informazio guztietan ikusteko eta ulertzeko moduan adierazi beharko da, batetik, Europako Itsas eta Arrantza Funtzaren funtsak erabiltzen direla, 2014ko maiatzaren 15eko 508/2014 zenbakiko Erregelamenduaren (EB) 119. artikuluarekin bat etorriz, V. eranskinean adierazten den moduan, eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzaren funtsak erabiltzen direla, abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuak araututako Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan zehaztutakoari jarraikiz.

10.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. eta 46. artikuluetan ezarritako eginbeharrak betetzea.

11.– Laguntza onartzeak berekin dakar onuraduna eragiketen zerrenda publiko batean sartzea. Zerrenda hori elektronikoki edo beste bide batzuetatik argitaratuko da, hauetan aurreikusitakoaren arabera: 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 115.2 artikuluan eta XII.1 eranskinean, eta Europako Itsas eta Arrantza Funtsaren 508/2014 Erregelamenduaren 119.2 artikuluan eta V. eranskinean.

12.– Europako Itsas eta Arrantza Funtsaren 508/2014 Erregelamenduaren V. tituluko I. kapituluan jasotako laguntza denez, laguntzaren onuradun den ontziaren jabeak ezin izango du laguntzaren xede den ontzia EBtik kanpo transferitu laguntza hori ordaindu eta hurrengo bost urteetan, gutxienez. Ontzia bost urte igaro aurretik transferitzen bada, «prorrata temporis» bat aplikatuko zaio igarotako denborari dagokionez, Europako Itsas eta Arrantza Funtsaren 508/2014 Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

7. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

1.– Laguntzak ordaintzeko gehieneko epea hiru hilekoa izango da diruz lagundu daitekeen jarduera justifikatzeko dokumentazioa behar bezala aurkezten denetik, dagokion laguntza ebatzi ostean, aldeko ebazpena; zuzenean onuradun direnei egingo zaizkie ordainketak.

2.– Onuradunei laguntzak emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek eman dituzten izaera bereko laguntza eta dirulaguntzen esparruko itzulketa- edo zehapen-prozedura oro amaituta izatea.

8. artikulua.– Uko egitea.

Onuradunak galdu egingo du ebazpenaren bidez aitortutako eskubidea, bai eta, kasuaren arabera, laguntza osoa edo haren zati bat jasotzeko eskubidea ere, baldin eta laguntzari uko egiteko idazki bat aurkezten badu. Uko egiteko idazkia Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari bidaliko zaio. Ondoren, bidezkoa bada, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako itzulketa-prozedurari ekingo zaio. Administrazioak uko egitea onartu eta amaitutzat emango du prozedura; hala ere, ez du prozedura amaitutzat emango, baldin eta hirugarren interesdunak aurkeztu eta prozedura aurrera eramateko eskatzen badute, jakinarazpena egin eta 10 eguneko epean.

9. artikulua.– Laguntza emateko ebazpena aldatzea eta ez betetzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako inguruabarretako bat aldatzen bada edo beste erakunde publiko naiz pribatu batek beste laguntza edo dirulaguntzaren bat emanez gero, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio idatziz, eta gerta liteke horren ondorioz dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea. Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak aldaketa-ebazpena emango du, zeinetan birdoitu egingo baitira oinarri berriaren arabera emandako dirulaguntzaren zenbatekoak.

2.– Edonola ere, onuradunek ez badute betetzen agindu honetako betebeharren bat edo dirulaguntzak emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, edota dirulaguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badaude Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeko 53. artikuluarekin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluarekin bat, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak, onuradunek beren betebeharrak ez betetzeagatiko espedientea bideratu eta interesdunak entzun ondoren, dirulaguntza osoa edo zati bat hartzeko eskubidea kenduko die onuradunei, ebazpen bidez, eta, hala badagokio, aginduko die Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzul diezazkiotela, guztiz edo partzialki, proiektuaren agikaritze-mailaren arabera, hartu dituzten laguntzak eta dirulaguntzen alorrean aplikagarri den berandutze-interesa. Hori guztia Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagozkion gainerako neurriak hartzea bazter utzi gabe.

Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

3.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari jakinarazi behar zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.

10. artikulua.– Bateragarritasunak.

1.– Arrantza-jarduera aldi baterako geldiarazteko laguntza sei hilabeterako eman ahal izango da, gehienez ere, itsasontzi eta arrantzale bakoitzeko, Europako Itsas eta Arrantza Funtsaren 2014-2020 aldirako programazioaren esparruan.

2.– Aldi baterako geldiarazteko laguntza bateraezina izango da geldialdian beste edozein administrazio publikotatik edo erakunde pribatutatik jasotako edozein prestaziorekin (langabezia-prestazioa, desgaitasun-prestazioa, etab.).

3.– Gastua Europako Itsas eta Arrantza Funtsaren ekarpenarekin diruz lagundu ahal izango da, ordainketa-agenteak 2014ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra bitartean ordaintzen badu dagokion laguntza.

11. artikulua.– Dirulaguntza eskatzen dutenek bete behar dituzten baldintza orokorrak.

1.– Eskatzen den 120 eguneko edo hortik gorako arrantza-jarduera barnealdeko uretan edo Higer badian egindakoa izan beharko da, ebazpen honetan zehaztutako modalitatean eta kalan: Ebazpena, 2022ko azaroaren 4koa, Arrantza eta Akuikultura zuzendariarena, oinarrizko portua Euskal Autonomia Erkidegoko barruko uretan duten tresna txikien erroldako artisau-flotaren atseden biologikoa ezartzen duena.

2.– Jarduera geldiarazi den aldian zehar, arrantza-jarduerarik eza erabatekoa izango da, eta ontziak portuan amarratuta egon beharko du geldialdiari dagokion aldi osoan zehar; hala, ontzia ezin izango da inolako jardueratarako atera. Portu horrek ez du nahitaez oinarri-portua izan behar. Egoera hori behar bezala jasota geratu beharko da despatxo-rolean; gainera, bertan berariaz adieraziko da itsasontzia arrantza-jarduera aldi baterako geldiarazteko helburuarekin sartu dela portuan, eta, irteteko egunean, etenaldi hori amaitutzat eman dela adieraziko da.

Agintaritza eskudunak eskatutako eta segurtasun-arrazoiek eragindako itsasontziaren mugimenduak salbuetsita geratu ahal izango dira, baita mantentze-lanak eta konponketak egiteko ontzitegira egindako lekualdatzeak ere (kasu horretan, onuradunak agiri bidez egiaztatu beharko du hori). Edonola ere, jarduera zehatz horietarako egin beharko da itsasontziaren despatxoa, eta irteera-eguna eta helmuga-portura iritsi den eguna adierazi beharko dira.

Era berean, eta salbuespen gisa, itsasontziaren mugimenduak onartu ahal izango dira, baldin eta debekualdian edo aldi baterako geldialdian itsasontziek itsas jai tradizionaletan parte hartzen badute. Mugimendu horiek agiri bidez egiaztatu beharko ditu onuradunak, ekitaldi horretan parte hartu duten itsasontzien zerrenda aurkeztuta. Zerrenda hori ekitaldia antolatzen duen arrantzale-kofradiak ziurtatu beharko du. Zerrendan, ekitaldian parte hartzen duten itsasontzien izena edo kodea jasoko dira, lekualdatzearen eguna eta ordua, eta zein eremutan egin den.

3.– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko 508/2014 (EB) Erregelamenduaren 33.3 artikuluan aipatzen diren itsasoko jarduera-egunak ofizioz egiaztatuko dira ontziak satelite bidez kokatzeko gailuen bitartez (VMS). Ontziek gailu horiek instalatuta izateko betebeharrik ez badute, egunkari elektronikoen (DEA) bitartez egiaztatuko dira. Ontziek aurreko bi gailu horiek instalatuta izateko betebeharrik ez badute, arrantza-egunkarien bitartez egiaztatuko dira jarduera-egunak.

Gailu horiek ontzian instalatuta izateko edo arrantza-egunkariak betetzeko betebeharrik ez duten gainerako ontzien kasuan, jarduera salmenta-oharren bitartez egiaztatuko da, betiere salmenta-oharrari dagokion eguna eta lehorreratze- edo harrapatze-eguna bat datozela bermatu badaiteke; era berean, itsasoko jarduera-egunak modu fede-emailean egiaztatzea ahalbidetzen duten beste gailu, dokumentu edo bitarteko batzuk erabili ahal izango dira. Itsasontziak satelite bidez lokalizatzeko gailuak dituzten itsasontzi guztiek piztuta izan beharko dituzte gailu horiek aldi baterako galdialdiak irauten duten bitartean. Aurreko bigarren paragrafoan aipatutako salbuespeneko kasuetan, helmugarako ibilbidean piztuta egon beharko du lokalizazio-gailuak, eta itsasontzian mantentze-lanak eta konponketak egiten diren bitartean itzalita edo deskonektatuta egon ahal izango da.

Itsasontziak debekualdian edo aldi baterako geldialdian, salbuespen gisa, itsas jai tradizionaletan parte hartzen badu, armadoreak edo patroiak, itsas prozesioa edo itsas jaia egin baino gutxienez zazpi egun lehenago, Arrantzako Idazkaritza Nagusiaren Itsasontzien Jarraipenerako Zentroari jakinarazi beharko dio. Jakinarazpen horretan itsasontziaren izena eta kodea zehaztuko dira, bai eta ekitaldia zein egunetan egingo den eta zer ordutegi izango duen ere. Itsasontziaren lokalizazio-gailuak piztuta egon behar du egun horretan egindako ibilbidean zehar. Hala ere, ez dela arrantzan aritu frogatzeko, kontuan hartuko dira agiri bidezko beste froga batzuk ere; besteak beste, harrapaketen deklarazioak edo salmenta-oharrak, armadoreak jai-egun horretan eta jai-ekitaldi horren ondorengo zazpi egunetan arrantzan egin duen egiaztatzeko; edo ikuskapenak egin daitezke ontzian, arrantza-aparailurik ez dagoela edo guztiz jasota daudela begiratzeko.

Ontzitegian sartzeagatik lokalizazio-gailua deskonektatzen bada, ontziolak edo ontzitegiak itsasontziaren sarrera eta irteera egunak ziurtatu beharko ditu. Kasu horretan, interesdunak horren berri emango die Itsasontzien Jarraipenerako Zentroari eta laguntzak kudeatzeko organo eskudunari.

Gailuaren beraren edo itsasontziaren arazo teknikoengatik lokalizazio-gailua aldi baterako itzali edo deskonektatzen bada, armadoreak horren berri eman beharko dio Arrantzako Idazkaritza Nagusiaren Itsasontzien Jarraipenerako Zentroari, gailuak emititzeari utzi zion ordutik 48 ordura gehienez ere. Era berean, laguntzen organo kudeatzaileari agiri bidezko froga guztiak bidaliko zaizkio, itzaltzea edo deskonexioa eragin zuten inguruabarrak egiaztatzeko. Agiri bidezko frogatzat onartuko dira itsasontzian egindako konponketen edo mantentze-lanen fakturak, baldin eta interesdunak hori alegatu badu lokalizazio-gailua itzali edo deskonektatzeko arrazoi gisa.

Lokalizazio-gailuaren bateria agortzeak eragin badu itzaltzea, interesdunak, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, horren berri emango dio Arrantzako Idazkaritza Nagusiaren Itsasontzien Jarraipenerako Zentroari, gailuak emititzeari utzi zion ordutik 48 ordura gehienez ere, eta bateria berriz kargatuko den edo ordeztu egingo den adierazi beharko da. Gehienez ere, 48 orduko epea izango du beste bat jartzeko edo 24 orduko epea berriz kargatzeko. Bi kasuetan, itzali zen orduan hasiko da epea kontatzen, eta ez dira egun baliogabeak kontuan hartuko.

Beste bateria bat jartzen bada, agiri bidezko frogatzat onartuko da bateria berriaren erosketa-faktura, eta laguntzak kudeatzeko eskumena duen organoari aurkeztu beharko zaio.

4.– Arrantza-jarduera geldiarazi izana behar bezala egiaztatu beharko da, iristen den momentuan bertan, portuko Itsas Kapitaintzari rola aurkeztuz, aurreko atalean adierazitako gailuen bitartez egiaztatzeko aukera baztertu gabe. Itsasontzia ontzitegira lekualdatu behar bada, despatxo-rola helmugako Itsas Kapitaintzan utzi beharko da.

5.– Laguntzak kudeatzeko eskumena duen organoak eskatuta, Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Arrantza Antolatzeko Zuzendaritza Nagusiak ziurtatuko du zein egun eta ordutan itzali zen gailua, baita zein egunetan egon zen itzalita eta zein egun eta ordutan konektatu zen berriro ere. Era berean, interesdunak zein egun eta ordutan egin zuen jakinarazpena ziurtatuko du, eta bertan adieraziko du zer alegatu zuen itzaltzea edo deskonexioa gertatzeko arrazoi gisa.

6.– Lokalizazio-gailua itzali edo deskonektatzeko arrazoi gisa interesdunak artikulu honetako 3. zenbakian aipatutako gerora azaldutako arrazoi teknikoren bat alegatzen badu, beste proba osagarri batzuk egingo dira egiaztatzeko. Proba horien bidez, egiaztatuko da harrapaketen deklaraziorik eta salmenta-oharrik dagoen gailua itzali edo deskonektatu den egunetik geldialdiari dagokion aldi konputagarria amaitzen den egunera arte, bai eta, gutxienez, aldi konputagarria amaitu eta hurrengo zazpi egunetan ere. Zazpi eguneko tarte hori zabaldu ahal izango da, diruz lagundutako geldialdia egin duen flotak arrantzatzen duena merkaturatzeko dauden inguruabar zehatzak kontuan hartuta.

Laguntzak kudeatzeko eskumena duen organoak eskatuta, Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Arrantza Antolatzeko Zuzendaritza Nagusiak apartatu honetako aurreko paragrafoan aipatutako aldian egin diren harrapaketen deklarazioak eta salmenta-oharrak ziurtatuko ditu.

7.– Laguntza hauen ondorioetarako, aldi konputagarritzat hartuko da Arrantza eta Akuikulturako zuzendariaren 2022ko azaroaren 4ko Ebazpenean (2023ko urtarrilaren 13ko EHAA, 9. Zk.), oinarrizko portua Euskal Autonomia Erkidegoko barruko uretan duten tresna txikien erroldako artisau-flotari ezarritako atseden biologikoa.

8.– Diruz lagundu daitekeen gehieneko aldia 30 egunekoa izango da, aldi konputagarriaren barruan.

12. artikulua.– Laguntza eskatzen dutenei eskatu beharreko betekizunak.

1.– Armadoreak:

a) Ontziak Ontzien eta Ontzi-enpresen Erregistroko hirugarren zerrendan egon beharko du.

b) Ontziak alta-egoeran egon beharko du Arrantza Flotaren Erregistro Nagusian. Ontzia aktibo dagoela jotzen da baldin eta Arrantza Flotaren Erregistro Nagusian behin-behineko nahiz behin betiko alta-egoeran badago, eta laguntza eskatu aurreko urtean zehar arrantzan jardun badu (aurreko 365 egunak zenbatzen dira edo, aurreko urtea bisurtea bada, aurreko 366 egunak).

c) Arrantza-lizentzia eta Arrantza eta Akuikulturako zuzendariaren 2022ko azaroaren 4ko Ebazpenean adierazitako kala eta modalitateetarako baimenak izatea.

d) Itsasoan, barnealdeko uretan edo Higer badian, gutxienez 120 eguneko arrantza-jarduera egin izana geldialdia hasi aurreko bi urte zibiletan, aipatutako ebazpenean ezarritako modalitatean eta kalan.

Arrantza-ontzi batek 2 urte baino gutxiago badarama Arrantza Flotaren Erregistro Nagusian inskribatuta, eskaera aurkezten den egunean, ontzi horretarako eskatzen diren arrantza-jardueraren gutxieneko egunak honela kalkulatuko dira: 120 eguneko proportzioa geldialdia hasi aurreko azken 2 urte zibiletan. Horrela, betekizun hori betetzeko itsasoan eskatzen diren jarduera-egunak honela kalkulatuko dira: seirekin zatituko dira Arrantza Flotaren Erregistroko alta-egunak aldi horretan. Era berean, arrantza-ontzia ustiatzen 2 urte baino gutxiago daramaten armadoreen kasuan ere aplikatuko da sistema hori.

e) Enpresariak lan-agintzaritzari egindako jakinarazpena aurkeztea, zeinaren bidez jakinarazi baita kontratuak eten direla edo lanaldia murriztu dela, eta ezinbesteko kasuetan lan-agintzaritzaren ebazpena ere, Langileen Estatutuaren 47. artikuluarekin bat etorriz, geldialdia abiarazteko helburuarekin porturatu den azken egunean ontzian erroldatuta zeuden tripulatzaile guztiei dagokienez.

Kontratuen eteteak edo lanaldiaren murrizketak, ezinbesteko kasuetan, ezinbestea sorrarazi zuen egintzaren egun beretik izango ditu ondorioak, eta arrazoi ekonomikoen, arrazoi teknikoen, antolaketa-arrazoien edo produkzio-arrazoien kasuan, lan-agintzaritzari jakinarazi zaion egunetik, salbu eta enpresariaren erabakian geroagoko beste bat ezartzen bada. Hala ere, ez da betekizun hori bete beharrik izango, baldin eta agiri bidez justifikatzen bada geldialdia abiarazteko helburuarekin ontzia porturatu denean ontziko tripulatzaileen lan-kontratuak, daukaten izaeragatik, une horretan azkendu edo eteten direla, edota armadoreak ontziko tripulatzaileak eurak badira eta Gizarte Segurantzan autonomo gisa alta emanda badaude.

2.– Tripulatzaileak:

a) Arrantza-jarduera aldi baterako geldiarazi izanak ukitutako arrantza-ontziren batean erroldatuta egotea, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariaren 2022ko azaroaren 4ko Ebazpenean adierazitako atseden biologikoaren arabera (2023ko urtarrilaren 13ko EHAA, 9. zenbakia).

b) Artikulu honen 1.e) apartatuan jasotako lan-kontratuak eteteko edo lanaldia murrizteko prozesuetan sartuta egotea.

c) Gizarte Segurantzan alta-egoeran egotea eta geldialdian zehar flota geldiarazi den momentuan erroldatuta zeuden itsasontziko enpresa armadorearekin lan-harremana izatea.

d) Lan-bizitza osoan zehar, Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian gutxienez hamabi hilabeteko kotizazio-aldia egiaztatzea.

e) Arrantzale batek beste itsasontzi batean arrantza-jarduerari berriro ekiten badio, aldi baterako geldialdiak dirauen bitartean, laguntza jasotzeko eskubidea galduko du.

f) Tripulatzaile gisa erroldatuta azaltzen diren armadoreek laguntza tripulatzaile gisa jasotzeko eskubidea ere izango dute.

g) Itsasoko Gizarte Institutuaren egiaztagiria, lan egindako eta kotizatutako egun-kopurua zehatz adierazita.

13. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa.

1.– Arrantza-jarduera aldi baterako geldiarazi duten ontzietako armadoreei emandako laguntzaren gehieneko zenbatekoa kalkulatzeko, hurrengo koadroan zehaztutako baremo aplikagarria ontziaren tonaje gordinarekin (ETG) eta diruz laguntzeko moduko ezarritako egun-kopuruarekin biderkatuko da.

ARRANTZA-JARDUERA ALDI BATERAKO GELDIARAZTEKO PRIMAREN GEHIENEKO ZENBATEKOA
ARMADOREENTZAKO BAREMOA
KALTE-ORDAINETARAKO GEHIENEKO ZENBATEKOAK
(Ikus .PDF)

Ondorio horietarako, tonaje gordinaren (GT) zenbakia itsasontziko inskripzio-orrian agertzen dena izango da.

2.– Tripulatzaileei eman beharreko laguntzaren zenbatekoa honela kalkulatuko da:

a) Diruz lagundu daitekeen aldia 15 egunekoa edo luzeagoa bada eta gehienez ere 31 egunekoa edo laburragoa, arrantzaleentzako laguntzaren gehieneko zenbatekoa lanbide arteko gutxieneko soldataren bikoitza izango da hileko.

b) Diruz lagundu daitekeen aldia 15 egun baino laburragoa bada edo 31 egun baino luzeagoa, arrantzaleentzako laguntzaren gehieneko zenbatekoa honela kalkulatuko da: gehienez ere 60 euro biderkatuta diruz laguntzeko moduko egun-kopuruarekin.

3.– Armadoreentzako laguntzak kalkulatzeko diruz lagundu daitekeen aldiaren iraupena berbera izango da geldialdiak ukitutako itsasontzi guztientzat, bakoitzaren oinarri-portua edozein dela ere.

14. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa eta ordainketa.

Laguntzaren intentsitatea Europako Itsas eta Arrantza Funtsean ezarritako guztizko ekarpen publikoari egokituko zaio. Diruz lagundutako arrantza-jarduera aldi baterako geldiarazi izanaren ziurtagiri guztiak egiaztatu ostean ordainduko da laguntza, dagokion laguntzaren aldeko ebazpena eman eta gero.

15. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak «Arrantza-sektorerako laguntzak» izeneko tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira.

– Arduraduna: Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritza, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila.

– Helburua: Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren laguntzen jarraipena, kontrola eta kudeaketa.

– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean misio bat egiteko edo tratamenduaren arduradunari aitortzen zaizkion botere publikoak egikaritzeko.

– Hartzaileak: autonomia-erkidegoko beste organo batzuk; Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioa, Nekazaritza eta Arrantzako Estatistika Ofizialen Zerbitzua (SEAS).

– Eskubideak: interesdunak eskubidea du datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

– Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta xehea kontsulta dezakezu gure web-orrian: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/001400-capa2-eu.shtml

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala