80. zk., 2023ko apirilaren 27a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (389 KB - 34 orri.)
- EPUB (968 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2004
AGINDUA, 2023ko apirilaren 19koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen eta iragartzen baitira 2023ko ekitaldian jarduera fisikoaren arloko orientazio-zerbitzuak sortzeko eta mantentzeko dirulaguntzak, Europar Batasunaren Next Generation EU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, agindu honen bidez, dirulaguntzen lerro bat ezartzen du jarduera fisikoaren arloko orientazio-zerbitzuak sortu eta garatzen laguntzeko. Jarduera fisikorik ezak eta sedentarismoak arazo asko eragiten dituzte gizartean, jarduera fisikoaren bidez konpon daitezkeenak, eta deialdi honek horri erantzuten dio.
Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legeak printzipio gidarietan xedatzen du kirola interes publikoko gizarte-jarduera dela, pertsonak bete-betean prestatzeko eta garatzeko, haien bizi-kalitatea hobetzeko eta norbanakoak eta gizartea ondo izateko lagungarria. Era berean, kirola askatasunez eta borondatez egitea pertsona guztien oinarrizko eskubidea dela aitortzen du. Horretarako, xedatzen du botere publikoek, beren eskumenen esparruan, eskubide hori behar den bezala erabiltzen dela bermatu behar dutela, kirol-jarduera gizarte-sektore guztietara hedatzeko, bereziki behartsuenetara, programa bereziak onartzeko eta gauzatzeko zereginean oinarritutako kirol-politika baten bidez.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduak Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen du. Mekanismo horrek indartu egiten du Batasunaren eta haren estatuen susperraldia lortzeko eta erresilientzia sendotzeko ideia, sei zutabetan egituratutako Europa mailako eremu politikoei dagozkien neurriak babestuz: trantsizio ekologikoa; eraldaketa digitala; hazkunde adimenduna, jasangarria eta integratzailea, barnean hartuko dituena kohesio ekonomikoa, enplegua, produktibitatea, lehiakortasuna, ikerketa, garapena eta berrikuntza, eta enpresa txiki eta ertain sendoekin (ETE) behar bezala funtzionatuko duen barne-merkatua izango duena; gizarte- eta lurralde-kohesioa; osasuna; eta erresilientzia ekonomikoa, soziala eta instituzionala. Mekanismo horren helburu espezifikoa estatu kideei finantza-laguntza ematea izango da; horretarako, EBk lankidetza estua eta gardena lortu nahi du estatu kide horiekin.
Hori guztia dela eta, ezinbestekoa eta premiazkoa da inbertsio- eta erreforma-plan hau abian jartzea, hiru helbururekin: epe laburrean, laguntza ematea osasun-krisiaren osteko susperraldiari; epe ertainean, egiturazko eraldaketa-prozesu bat bultzatzea; eta, epe luzera, garapen jasangarriago eta erresilienteago bat garatzea, ekonomiaren, finantzen, gizartearen, lurraldearen eta ingurumenaren ikuspegitik. Testuinguru horretan, Europar Batasuneko finantzaketa-tresna berriek (Next Generation EU) aparteko aukera ematen dute plan hori hedatzeko eta, modu horretan, pandemiak inbertsioan eta jarduera ekonomikoan izan duen eraginari aurre egiteko, bai eta susperraldia bultzatzeko eta Espainiako ekonomiaren modernizazioari ekiteko ere. Hala, helburu horiek lortzeko, Batasunak mekanismo bat diseinatu du, zeinaren helburu espezifikoa baita estatu kideei laguntza finantzarioa ematea, «Next Generation EU» funtsen bidez. Funts horiek aukera aparta ematen dute suspertze-plan espezifikoak hedatzeko eta pandemiak inbertsioan eta jarduera ekonomikoan izan duen eraginari aurre egiteko.
Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren esparruan funtsak eskuratu ahal izateko, estatu kideek suspertze eta erresilientzia plan bat aurkeztu behar izan zuten, eta, espainiar Estatuak aurkeztutako planaren kasuan, 2021eko ekainaren 16an onartu zuen Europako Batzordeak.
Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana zeharkako lau ardatzen inguruan egituratuta dago: trantsizio ekologikoa, eraldaketa digitala, genero-berdintasuna eta gizarte- eta lurralde-kohesioa. Lau ardatz horiek, era berean, hamar palanka-politikatan eta hogeita hamar osagaitan zehaztuta daude, eta horiek egituratzen dute 2023. urteari begirako erreformen eta inbertsioen programa. Osagai bakoitzean, erronka edo helburu zehatz batean jartzen da arreta, eta aipatutako helburuak lortzen laguntzen duten erreformak eta inbertsioak jasotzen dira. Horietarako guztietarako, erdibideko jomugak eta mugarriak identifikatzen dira, bai eta espero diren emaitzak, onuradunen kopurua eta elementu bakoitzaren kostu xehatua ere.
9. palanka-politikaren helburua kultura- eta kirol-industria sustatzea da, kirolaren sektorea nazioarteko erreferentzia bat eta erakargarri turistiko garrantzitsua delakoan eta herritarrak osasuntsu egoteko funtsezko elementua delakoan. Esparru horretan, 26. osagaiaren xedea kirol-sektorea sustatzeko plana da, hau da, kirol-sektorea dinamizatzea, berregituratzea eta modernizatzea eta eraldaketa digitalaren eta trantsizio ekologikoaren bidez errealitate sozioekonomiko berrira egokitzea.
Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 26. osagaiari dagokionez («Kirol-sektorea sustatzea»), 2022ko maiatzaren 9an, Kirolaren Konferentzia Sektorialean, erabaki bat onartu zen, zeinaren bidez baimena ematen baitzaio autonomia-erkidegoek eta Ceutako eta Melillako hiriek Kirol Kontseilu Gorenaren aurrekontuaren kargura kudeatutako kredituen lurralde-banaketarako eta banaketa-irizpideetarako proposamenari. Hala, 2022ko maiatzaren 9an, Kirolaren Konferentzia Sektorialean, EAEk bat egin zuen «Next Generation» kredituak banatzeko proposamena eta horiek banatzeko irizpideak baimentzen dituen erabakiarekin.
C26.I01.P2 proiektuan agertzen diren inbertsioen artean, Jarduera eta Ariketa Fisikoaren Preskripzioren nazio-mailakoa dago. Inbertsio horren deskripzioa hau da: Osasun- eta arreta-sistemen erresilientzia, irisgarritasuna eta efizientzia, eta krisialdietan irisgarritasuna eta prestakuntza hobetzea, osasunerako jarduera fisikoa eta kirola (AFBS) modu seguruan, jasangarrian eta inklusiboan sustatuz herritar guztientzat. Horri «Kirol segurua, osasungarria eta inklusiboa» esaten diogu.
Azkenik, SEM laguntzen inguruko Estatuko corpus legegilea honako bi arauen bitartez osatzen da: batetik, irailaren 29ko HFP/1030/2021 Agindua, zeinaren bitartez Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana kudeatzeko sistema eratzen baita; eta, bestetik, irailaren 29ko HFP/1031/2021 Agindua, zeinaren bitartez ezartzen baita Estatuko, autonomia-erkidegoetako eta tokiko sektore publikoko entitateek informazioa emateko prozedura eta formatua, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren osagaietako neurrien mugarri eta helburuen betetze-mailari eta neurrion aurrekontu- eta kontabilitate-betearazpenari jarraipena egiteko.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak egokitzat jotzen du 2023. urtean dirulaguntzen lerro bat arbitratzea jarduera fisikoaren arloko orientazio-zerbitzuak sortzeko eta garatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko toki-entitateetan. Dirulaguntza horiek Espainiako Gobernuaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan sartzen dira, eta Next Generation EU funtsek finantzatzen dute. Jarduketa hori aipatutako sailaren eskumen-eremuan sar daiteke, eta, horretarako, dirulaguntzak emango dira mota horretako orientazio-zerbitzuak antolatzeko.
Hala, Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak, 14.1 artikuluaren f) eta g) letretan, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari esleitu dizkio jarduera fisikoak eta kirol-jarduerak sustatzeko eskumenak.
Bestalde, otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzaren esku utzi du jarduera fisikoa sustatzea eta arlo horretako politika integralak garatzea eta zeregin horietarako erakundearteko eta sailarteko lantaldeak koordinatzea.
Horregatik guztiagatik, jarduera fisikoaren arloko orientazio-zerbitzuak sortzeko eta garatzeko laguntzen lerroaren deialdia egiten zaie Euskal Autonomia Erkidegoko toki-entitateei eta haiei atxikitako entitateei. Laguntzen lerro hori 26. osagaian dago sartuta: Kirolaren sektorea sustatzea, zeina aldi berean Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plan Nazionalaren Kultura eta Kirolaren Industria Bultzatzeko IX. politika-palankan sartuta dagoen. Palanka horren helburua da, hain zuzen, kirolaren sektorea eraldatzea kirol-erakundeak digitalizatuz eta kirol-azpiegiturak garatuz, azpiegituren ingurumen-jasangarritasuna eta irisgarritasuna bermatzeko eta kirola osasunarekin lotuta sustatzeko. Zehazki, «Kirol Sektorearen Digitalizazio Plana» (C26.I1.P2) izeneko inbertsioaren proiektuetako bat da, eta inbertsio hori jarduera eta ariketa fisikoaren preskripzioa ezartzekoa da.
Kontuan hartuta zer xedatzen duen Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen II. tituluaren IV. kapituluak, modu aktiboan hartuko da aintzat emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren helburua, diruz laguntzekoa den programa hau landu eta aplikatzeko orduan.
Era berean, Agindu hau honako plan hauetan dago sartuta: alde batetik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2021-2024 epealdiko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (Kultura eta Politikako sailburuaren 2021eko otsailaren 18ko Agindu bidez onartutakoa), eta, bestetik, 2023ko Dirulaguntzen Urteko Planean (Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2023ko urtarrilaren 26ko Agindu bidez onartutakoa). Biak daude aipatutako sailaren webgunean argitaratuta, eta esteka honen bitartez kontsultatu daitezke: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/sail-plana/sailaren-dirulaguntzen-plan-estrategikoa-2021-2024/
Hori dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea eta helburua.
1.– Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko toki-entitateetan eta haiei atxikitako entitateetan 2023ko ekitaldian jarduera fisikoaren arloko orientazio-zerbitzuak sortzeko eta mantentzeko finantzaketarako oinarriak ezartzea eta dirulaguntzen deialdia egitea.
Deialdi honen ondoreetarako, honi esaten zaio jarduera fisikoaren arloko orientazio-zerbitzu: jarduera fisikorik egiten ez dutenak jarduera fisikoa egiteko behar duten aholkua, gidaritza eta laguntza profesional baten eskutik jasotzera eta hura maiztasunez egiteko ohitura hartzeko asmoz joan daitezkeen zerbitzuari.
2.– Dirulaguntza C26.I1.P.2 azpiproiektuan sartuta dago («Kirol Sektorearen Digitalizazio Plana»), eta, hain zuzen ere, azpiproiektu hori Europar Batasunaren Next Generation EU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 26. osagaiaren barruan dago.
Onuradunek Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoko funtsen kargura jasotako zenbatekoen bitartez garatutako proiektuek bete egin beharko dute Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren ebaluazioa onartzeari buruzko Kontseiluaren Betearazpen Erabakiaren (Council Implementing Decision – CID) 370. helburua.
3.– Oinarri hauen arabera emandako dirulaguntzak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamenduak ezarritako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez finantzatuko dira (aurrerantzean, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko Erregelamendua).
Europako funtsekin finantza daitezkeen dirulaguntza horiek izapidetzeko eta emateko, Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana egikaritzeko presako neurriak onartzeko abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuan aurreikusitakoa aplikatuko da, aplikatzekoa den gainerako araudiari kalterik egin gabe.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Dirulaguntza hauetarako, 341.600,56 euro jarriko dira guztira, eta zenbateko guztia 2023. urteari dagokio.
Eman beharreko laguntzen bolumen osoak ez du gaindituko zenbateko hori, edo zenbateko horren gehikuntza baten ondoriozkoa, baldin eta Europar Batasunak Next Generation EU funtsen bidez finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planari lotutako funts berriak daudelako aurrekontua handitu egiten bada. Aurrekontuaren handitzea Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren agindu bidez egingo da, eta indarrean dagoen legediarekin bat etorriz, aurrekontuak aldatuko dira. Hori aldatuz gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
3. artikulua.– Etika eta Jokabide Kodea.
1.– Deialdia egiten duen administrazioko enplegatu publikoek eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kargura finantzatutako funtsen onuradun diren entitateko langileek Etika eta Jokabide Kodea bete beharko dute (I. eranskina), 8., 16.2 eta 21. artikuluetan arautzen den bezala.
2.– Alde horretatik, egiaztatuko balitz II. eranskinean identifikatutako kasuren bat gertatu dela, egoera hori iruzur-zantzu gisa hartu ahal izango litzateke.
4. artikulua.– Entitate onuradun izateko betekizunak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko toki-entitateak eta haiei atxikitako entitateak izan daitezke onuradun.
2.– Entitate onuradunek baldintza hauek bete behar dituzte, laguntza-eskabidea aurkezten denetik hasi eta emandako laguntzaren edo dirulaguntzaren azken ordainketa egiaztatu arte bete ere:
a) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
Deialdi hau kudeatzen duen organoak automatikoki egiaztatuko du dirulaguntza eskatu duten entitateek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, eta, horretarako, ez du haien baimenik beharko.
b) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.
Hori guztia Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoaren arabera egin behar da (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).
3.– Entitate onuradunak dira proiektua aurkeztutako aurrekontuaren arabera garatzearen eta gastua ere hala betearaztearen erantzuleak.
4.– Honako hauek ezin izango dituzte jaso agindu honetan araututako dirulaguntzak:
a) Sexuan oinarrituta diskriminatzen duten jarduerak egiten dituzten entitateek, ezta sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien entitateek ere, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan, 1/2022 Legearen (martxoaren 3koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen bigarren aldaketa egitekoa) azken xedapenetako laugarrenean ezarritakoari jarraikiz. Xedapen horren bidez, hain zuzen, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50. artikuluko 5. paragrafoa aldatzen da.
b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan zehaztutako egoeretako batean dauden entitateek.
c) Laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela deklaratu duen Europar Batasuneko Batzordearen aurretiazko erabaki baten ondoren, bete gabe dagoen berreskuratze-agindu baten mende dauden entitateek.
5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta bete beharreko eskakizunak.
1.– Laguntza hauen xede diren proiektuek jarduera fisikoaren arloko orientazio-zerbitzuak sortzeko eta mantentzeko izan behar dute.
Zerbitzu horiek, gainera, baldintza hauek bete behar dituzte:
– Jarduera fisikoaren arloko orientazio-zerbitzuak deribazioak jaso behar ditu osasun-zentrotik, Osabide Global plataforma informatikoaren bidez.
– Orientazio-zerbitzuaz arduratzen diren langile teknikariak jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzietan graduatuak izan beharko dira, bi hauetan xedatutakoaren arabera: 8/2022 Legearen (ekainaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideetan sartzeari eta jarduteari buruzkoa) 8. artikuluko 7. apartatua, batetik, eta Kirol Kontseilu Goreneko presidentearen 2022ko uztailaren 4ko Ebazpena (zeinaren bidez argitara ematen baita Kirolaren Konferentzia Sektorialaren 2022ko maiatzaren 9ko erabakia, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren lurralde-banaketari eta banaketa-irizpideei buruzkoa), bestetik. Gainera, jarduera fisikoko orientatzaileentzat Kirolaren Euskal Eskolak emandako prestakuntza izan behar dute.
2.– Orientazio-zerbitzuek sortuta egon beharko dute agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean, eta funtzionatzen jarraitu behar dute eskaera egiten den egunean.
3.– Proiektuek honako hauek bete behar dituzte: alde batetik, ingurumenari kalte handirik ez eragiteko printzipioa (DNSH printzipioa) eta, bestetik, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean ezarritako etiketatze berde eta digitalaren baldintzak (III. eranskina).
Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean jasotakoaren arabera, kirol sektorea sustatzeari buruzko C26 osagairako, koefiziente hauek esleitu dira: etiketatze berdea (% 0) eta etiketatze digitala (% 100). Esku-hartze eremua 011 izango da – IKT soluzioak Administrazioarentzat, zerbitzu elektronikoak, aplikazioak.
6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta azpikontratazioa.
1.– Diruz lagundutako jardueraren izaerari inongo zalantzarik gabe erantzuten diotenak jotzen dira diruz lagundu daitezkeen gastutzat, baldin eta behar-beharrezkoak badira eta 2020ko otsailaren 1aren eta deialdi hau EHAAn argitaratzen den egunaren artean egin badira.
Diruz lagundu daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua ezin da izan inola ere merkatuko baliokoa baino handiagoa.
2.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira jarduera fisikoaren arloko orientazio-zerbitzuak prestatu, antolatu, kudeatu, ebaluatu eta hobetzearekin lotutakoak.
Gastu horien artean hauek sartzen dira, besteak beste: zerbitzuaren erabiltzaileen arreta, orientazio eta laguntzarako teknikarien kontratazioa, publizitaterako baliabideak, zerbitzua garatzeko beharrizan materialak, espazioen erabilera, teknikarien prestakuntza, erabiltzaileen atxikipena bultzatzera bideratutako pizgarriak, gizarte-arlo bateko eta besteko eragileekiko koordinazioak dakartzan beharrizanak eta zerbitzuaren inguruan eskuragarri dauden baliabideen mapaketa edo bilketa.
Ez dira zeharkako gastu egozgarritzat joko erabaki honen xede diren jarduketak kudeatzeaz arduratzen diren entitateen eratzeari, funtzionamenduari edo beren egitura egonkor edo ohikoari lotutako gastuak.
3.– Azpikontratazioa: entitate onuradunek hirugarrenekin itundu dezakete diruz lagundutako jarduera gauzatzea, zenbatekoaren % 100eraino, azpikontratu guztien prezioak batuta, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.
Azpikontratazioak dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, aldez aurreko baimena beharko da eta kontratua idatziz egin beharko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan adierazitakoaren arabera.
Ez da azpikontrataziotzat hartuko onuradunak dirulaguntza jaso duen jarduera bere kontura gauzatu ahal izateko egin behar dituen gastuak.
Hala badagokio, hirugarrenekin itunduko den eta diruz lagunduko den gastuaren zenbatekoak gainditu egiten baditu Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikietarako ezarritako zenbatekoak, hiru eskaintza eskatu beharko dira.
Organo emaileak kontratista eta azpikontratista posibleen identifikazio-datuak gorde behar ditu, hala badagokio, funtsen azken hartzaile gisa, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko Erregelamenduaren 22.2.d) artikuluan ezarritakoaren arabera. Era berean, kontratistak edo azpikontratistak egonez gero, entitate onuradunek IGEAk aurkeztu behar dituzte, hala dagokionean.
4.– Nolanahi ere, onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan aurreikusitakoa bete behar dute. Horretarako, egiaztatu behar dute diruz lagundu daitezkeen gastuak erabat beharrezkoak direla diruz lagundutako jarduerarako, gastu horiek merkatuko balioarekin bat datozela, eta, onuradunak Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31.3 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean egonez gero, aurreikuspen horiek beteko dituztela.
7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Eskabideak modu elektronikoan aurkeztu behar dira, apartatu honetan adierazitako helbidetik Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora sartuta.
Eskabide-inprimakia eta tramitazioari buruzko azalpenak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragai: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1074004
Eskabide elektronikoaren osteko izapideak bide elektronikoz egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez: https://euskadi.eus/nirekarpeta
3.– Identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutakoak, helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/
4.– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez egin daiteke. Pertsona hori aldez aurretik egon daiteke inskribatuta Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistroan (helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/), edo prozeduran egiaztatu daiteke ordezkari gisa
5.– Entitate eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ditzakete eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako agiriak. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko Oinarrizko Legeak (azaroaren 24ko 10/1982 Legea) 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
6.– Eskabideak aurkezteak adierazten du espresuki eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarriak definitzen dituzten baldintzak.
7.– Eskatzaile bakoitzak eskabide bakarra aurkeztu ahal izango du gehienez. Entitate berak eskabide bat baino gehiago aurkezten badu, aurkeztu duen lehen eskabidea ebaluatuko da, erregistro-dataren arabera, eta gainerakoak baztertutzat joko dira.
8.– Ezaugarri hauek izan behar dituzte aurkeztu beharreko dokumentu elektronikoek:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dauden eta jaisteko modukoak diren ereduak erabiliko dira, eta ereduaren formatu berean aurkeztuko dira.
b) Gainerako dokumentazioa PDF formatuan aurkeztuko da, ahal izanez gero.
8. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Proiektuari buruzko dokumentazioa:
a) Eskabidearekin batera, azalpen-memoria bat aurkeztu behar da, 13. artikuluan sartutako eta baloratu beharreko alderdiak biltzen dituena.
b) Proiektuari lotutako gastuen memoria xehatua, partidaka banakatua eta xehatua.
Eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, honako betebehar hauek bete direla egiaztatu ahal izango da:
– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo entitate publiko zein pribatuei eskatu zaizkien eta, hala badagokio, haiengandik jaso diren dirulaguntzen, laguntzen, diru-sarreren edo baliabideen berri ematea.
– Entitate eskatzailea ez egotea laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zigor administratibo edo penalen baten eraginpean edo horretarako ezgaitzen duen lege-debekuren baten eraginpean, ezta sexu-bazterkeriagatik zigortuta ere, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoaren arabera.
– Entitate eskatzailea ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan ezarritako gainerako debekuen eraginpean.
– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta betetzen direla laguntza hauen entitate onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak.
– Adieraztea betetzen direla Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.5 artikuluan ezarritako baldintzak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartuak, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legea bigarrenez aldatzen duen martxoaren 3ko 1/2022 Legearen azken xedapenetako laugarrenak emandako idazketan.
2.– Europar Batasuneko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko dokumentazio gehigarria.
Aurreko apartatuetan adierazitako dokumentuez gain, pertsona eta entitate eskatzaileek honako agiri hauek aurkeztu behar dituzte (eredu normalizatuak euskadi.eus webgunean daude eskuragarri, agindu honen eranskinen arabera).
a) «Kalte nabarmenik ez eragiteko» printzipiora («Do Not Significant Harm – DNSH» printzipioa) Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko Erregelamenduaren 2. artikuluko 6) apartatuan xedatzen den moduan egokitu izanaren erantzukizunpeko adierazpena (III. eranskina).
b) Interes Gatazkarik Ezaren Adierazpena (IGEA) (IV. eranskina).
c) Iruzurraren aurkako politika ezagutzen delako eta harekin bat egiten delako adierazpena (V. eranskina).
d) Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko jarduketak betetzeari dagokionez datuak lagatzeko eta tratatzeko adierazpena (VI. eranskina).
e) Berariazko baimena Europako Batzordeak, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoak (OLAF), Europako Kontuen Auzitegiak eta Europako Fiskaltzak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduak (aurrerantzean, Finantza Erregelamendua) 129. artikuluaren 1. apartatuan aitortutako eskubideak balia ditzaten, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat etorriz (VII. eranskina).
f) Ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko erantzukizunpeko adierazpena (DNSH printzipioa) (VIII. eranskina).
g) Titulartasun errealaren erantzukizunpeko adierazpena (IX. eranskina).
h) Finantzaketa bikoitzik ez dagoela ziurtatzeko erantzukizunpeko adierazpena (X. eranskina).
Horri dagokionez, ohartarazi behar da entitate onuradunen datuak Titulartasun Errealen Erregistroan jasoko direla. Arlo horretan eskumena duten administrazioek erregistro horretara sartzeko aukera izango dute, eta informazio hori Europako Funtsen sistemari laga ahal izango zaio.
9. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.
1.– Eskabidearen izapidetzea onartzeko beharrezkoa den dokumenturen bat falta bada edo dokumentu horietan zerbait gaizki dagoela ikusten bada, edo baloratzeko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkitzen badira, hamar egun balioduneko epea emango zaio pertsona edo entitate interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko zaio ezen, eskatutakoa egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela edo izapideak egiteko eskubidea galdu duela ulertuko dela.
2.– Entitate interesdunek eskabidea aurrez aurre aurkezten badute, Administrazio Publikoek eskatuko diete eskabidea elektronikoki aurkezteko. Halakoetan, zuzenketa egin den eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-eguntzat.
3.– Zuzenketa-fasea amaitu ondoren, organo kudeatzaileak aztertu egingo ditu aurkeztutako eskabideak eta dokumentuak, kasu bakoitzean egiaztatuko du 4. artikuluan ezarritako deialdiaren baldintza orokorrak betetzen direla, eta Balorazio Batzordearen esku jarriko du aurkeztutako eskabideen zerrenda, onarpen-irizpideak betetzen direla adierazita, eta gauza bera egingo du baloratu beharreko proiektuei dagozkien dokumentuekin ere.
10. artikulua.– Dirulaguntzen kudeaketa.
1.– Eusko Jaurlaritzaren Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak du agindu honetan araututako dirulaguntzen programa kudeatzeko eskumena.
2.– Organo kudeatzaileak egokitzat jotzen dituen egiaztapen guztiak egingo ditu, prozedura osoan iruzurrik ez dagoela bermatzeko. Hala, beste zenbait jarduketa posibleren artean, kudeatzaileek Interes Gatazkarik Ezaren Adierazpena (IGEA) sinatuko dute, ebaluazioa egin eta inpaktua eta arrisku-probabilitatea aztertuko dituzte (interes-gatazkaren testa), eta adierazleen katalogoko egiaztapen-zerrenda egingo dute, iruzurrik ote dagoen zehazteko (23. artikulua eta II. eranskina – bandera gorriak).
11. artikulua.– Dirulaguntzak emateko prozedura.
Laguntzen zenbatekoa zehazteko, lehia-konkurrentziako prozedura erabiliko da, objektibotasunaren, gardentasunaren, berdintasunaren, diskriminaziorik ezaren eta publizitatearen printzipioei jarraituz; haren arabera, 13. artikuluan jasotako irizpideak aplikatuta eskabideek balorazio-fasean lortutako puntuazioarekiko proportzioan banatuko da agindu honen 2. artikuluan esleitutako zuzkidura ekonomikoa.
12. artikulua.– Proiektuak baloratzeko batzordea.
1.– Balorazio Batzorde batek ebaluatuko ditu deialdi honetara aurkeztutako proiektuak. Honako kide hauek osatuko dute batzordea:
a) Presidentea: Gorka Iturriaga Madariaga, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria. Hura ez badago, batzordekide zaharrenak ordeztuko du.
b) Batzordekideak: Elisabet Altube Bengoa, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzako Aholkularitza Juridikoaren Arloko arduraduna, eta Mikel Bringas Diez eta Ainhoa Herran Reino, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzako teknikariak.
c) Idazkaria: Jorge Abaitua Amezaga, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzako teknikaria. Idazkaritzako lanez arduratuko da, eta hitza izango du, baina botorik ez.
2.– Batzordea balio osoz eratuko da, batzordeburua, idazkaria eta, gutxienez, gainerako bi batzordekide bertan direla.
3.– Aztertu beharreko gaien inguruko jakintza espezifikoa duten pertsonak ere joan daitezke Balorazio Batzordearen bileretara, bertaratutako gehienek onartuz gero. Pertsona horiek hitza izango dute, baina botorik ez.
4.– Hauek dira Balorazio Batzordearen zereginak:
a) Proiektuek deialdiaren xedea eta 5. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen ote dituzten egiaztatzea, eta aurkeztutako proiektuak 13. artikuluan araututako irizpideen arabera baloratzea, konparatiboki.
b) Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari ebazpen-proposamena aurkeztea, eduki hau duena:
– Baloratutako proiektuen zerrenda eta balorazio-irizpide bakoitzean lortutako puntuazioa, diruz lagunduko diren pertsonak, entitateak eta proiektuak identifikatuz eta proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuz.
– Laguntza ukatu zaien pertsonen, entitateen eta proiektuen zerrenda, eta ukatu izanaren arrazoiak; bai eta onartu ez diren pertsonak, entitateak eta proiektuak eta onartu ez izanaren arrazoiak ere.
5.– Balorazio Batzordearen osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, batzordea eratu aurretik, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren ebazpen baten bidez, interesdunek errekusaziorako eskubidea baliatu ahal izan dezaten, legez ezarritako kasu eta baldintzetan.
6.– Balorazio Batzordeko kideen osaketan, emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izateko ahalegina egingo da, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legean zehaztutako irizpideen arabera.
7.– Balorazio Batzordearen funtzionamendua bat etorriko da Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoentzat ezarritako araubidearekin. Nolanahi ere, Balorazio Batzordeak egokitzat jotzen dituen txostenak eta iritziak eskatu ahal izango ditu, esleituak dituen eginbeharrak bete ahal izateko.
13. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
Balorazio-batzordeak jasotako eskabideetan aurkeztu diren azalpen-memoriak aztertuko ditu, eta zehazten diren alderdiak ebaluatuko ditu, baremo eta irizpide hauen arabera:
1.– IPAQ edo haren baliokidea erabiliz erabiltzaileen jarduera fisikoaren zenbaterainokoa kuantifikatzea 0 eta 5 puntu artean.
Helduen (15-69 urte) jarduera fisikoaren maila aztertzeko galde-sorta da jarduera fisikoari buruzko nazioarteko inkesta (international physical activity questionnaire edo IPAQ).
2.– Dibertsitaterako arreta kudeatzea (hots, hauentzako arreta kudeatzea): ezberdintasun sozioekonomikoak dituztenak, bakarrik bizi direnak, mendekotasuna dutenak, instituzionalizatuak, zaintzaileak edo genero-ezberdintasunak: 0 eta 5 puntu artean.
3.– Zerbitzuaren komunikazioa, komunikabideen, sare sozialen edo beste bitarteko batzuen bidezkoa: 0 eta 5 puntu artean.
4.– Jarraipen-adierazleak eta zerbitzuaren ebaluazio-irizpideak: 0 eta 5 puntu artean.
– Erabiltzaileen kopurua: zerbitzua erabili duten pertsonen kopurua.
– Hitzorduen kopurua: elkarrizketen guztizko kopurua.
– Jokabide aktiboaren ehunekoa: lehen jarduera fisikorik egiten ez zuten eta orain egiten duten pertsonen ehunekoa, edo jarduera fisikoa egiten zuten eta orain ere egiten duten pertsonen ehunekoa.
– Utzitakoen kopurua: jarduera fisikoaren programa amaitu aurretik eta orientatzailearen «alta» hartu aurretik zerbitzua utzi dutenak.
– Osasun-zentrotik egindako deribazioen kopurua: osasun-zentrotik egindako deribazioen bidez zerbitzura iritsi diren pertsonen kopurua.
5.– Herritarrei arreta kirol-instalazio batetik kanpo toki bakar batean ematea edo txandakako tokietan ematea: 0 eta 10 puntu artean.
– Osasun-zentroan: 5 puntu.
– Beste toki batzuetan: 0 eta 5 puntu artean.
6.– Orientazio-zerbitzura bideratzen duen eragile-kopurua (ez pertsonak, baizik eta entitateak: anbulatorioa, zerbitzu sozialak, eskola, berdintasun-zerbitzua...); memorian adierazi behar da eragileen zerrenda. 1-3 eragile: 10 puntu; 4 eragile edo gehiago: 20 puntu.
7.– Orientazio-zerbitzua eskaintzen duten pertsonen kontratuan zehaztutako asteko orduen kopurua, orientaziora bideratua (kontratuan ezarritakoaren kopiaren bidez egiaztatua). 6-10 ordu: 20 puntu; 11-15 ordu: 30 puntu; 16-20 ordu: 40 puntu; 21 ordu edo gehiago: 50 puntu.
14. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.
1.– Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Balorazio Batzordeak egindako proposamena ikusita, deialdi honetako dirulaguntzak emateko agindua emango du.
2.– Onartzen den agindua banan-banan jakinaraziko zaie entitate interesdunei. Aipatutako jakinarazpenak egiteaz gain, agindu horren edukia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Lehenik egin den jakinarazpenarena hartuko da jakinarazpen-datatzat. Agindua elektronikoki jakinaraziko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
3.– Prozedura ebazteko eta ebazpena pertsona interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, eskabideak aurkezteko 5.1 artikuluko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, entitate interesdunek pentsatu beharko dute dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin zaiela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan xedatutako ondorioetarako.
4.– Lehenengo puntuan aipatutako aginduak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluei jarraikiz.
5.– Entitateak, izapidetzen ari den itzulketa-prozeduraren batean sartuta badago, prozedura amaituta arte ez du jasoko dirulaguntza, eta itzulketa-prozedura amaitu ondoren entitateak itzulketa egin behar badu, dirulaguntza jasoko badu, borondatezko aldian erantzun beharko dio zorrari, edo geroratu edo bermatu egin beharko du itzulketa, edo akordio bidez geldiarazi, itzultze-ebazpena aurkaratuta.
Kasu horietatik kanpo, entitatea ezingo da onuradun izan dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak bete gabe izateagatik, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketarako Erregelamendu Orokorra onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriarekin.
15. artikulua.– Bateragarritasunak.
1.– Agindu honetan araututako laguntzak bateragarriak dira helburu bera duen eta kostu berberak finantzatzen dituen beste edozein dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderekin, baina ez Europar Batasuneko beste egitura-funts batzuekin, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko Erregelamenduaren 9. artikuluaren arabera.
2.– Nolanahi ere, ezin izango da gainfinantzaketarik sortu; hau da: laguntza horrek, beste edozein dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderekin batera, ezin izango du gainditu onuradunak egiten duen jardueraren kostua.
Beste entitate batzuek emandako laguntzen edo finantzaketaren ondorioz gainfinantzaketarik badago, murriztu egingo da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, dagokion gehieneko mugaraino.
16. artikulua.– Pertsona edo entitate onuradunaren betebeharrak.
1.– Agindu honetan ezarritakoaren arabera araututako dirulaguntzak jasotzen dituzten entitateek honako betebehar hauek dituzte:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza emateko aginduaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean –Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak emango du agindu hori– entitate onuradunek ez badiote berariaz uko egiten, onartu egin dutela pentsatuko da.
b) Diruz lagundutako proiektua deialdira aurkeztu den baldintzetan egikaritu izana.
c) Nazioko edo nazioarteko beste administrazio edo entitate publiko zein pribatu batek emandako dirulaguntzak edo laguntzak eskuratu badira eta laguntza horiek helburu bera badute, horren berri ematea dirulaguntza eman duen organoari.
d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan ezarritakoak.
e) Laguntza eman duen administrazioak nahiz Estatuko eta Europako gainerako agintariek finantzaketaren jatorriagatik ezartzen dituzten betebeharrak betetzea, eta, bereziki, hurrengo paragrafoan jasotako berariazko betebeharrak.
2.– Finantzaketa Europar Batasunaren Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoko funtsen bidezkoa dela-eta onuradunek dituzten betebehar espezifikoak:
a) «DNSH Printzipioa – Do Not Significant Harm» (ingurumenari kalte handirik ez eragiteko printzipioa) erabat betetzen dela bermatzea proiektuak gauzatzeko diseinuaren fase guztietan eta jarduera bakoitzerako modu indibidualean, honako hauek ezarritakoarekin bat: Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana; Kontseiluaren Exekuzio Erabakia, Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren ebaluazioa onartzeari buruzkoa (Council Implementing Decision – CID); Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko Erregelamendua; eta irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 5. artikulua, zeinaren bitartez Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa-sistema eta hura garatzeko araudia eratzen baitira.
Gainera, onuradunek printzipio hori betetzen dela egiaztatzeko mekanismoak eta neurri zuzentzaileak aurreikusiko dituzte, eta horren berri emango dute dirulaguntza justifikatzeko memorian.
b) Interes-gatazkarik, iruzurrik eta ustelkeriarik ez dagoela bermatzea, eta baldintzarik eta erreparorik gabe onartzea dirulaguntza eman duen administrazioak onartutako Iruzurraren Aurkako Neurrien Plana (iruzurrak, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitzeari, aurkitzeari eta zuzentzeari dagokionez). Hala, horren xedapenen mende egongo da erabat, eta guztiz beteko ditu autonomia-erkidegoko, Estatuko eta Europako araudiak, bai eta Europar Batasuneko erakundeek beren finantza-interesak babesteari buruz hartzen dituzten erabakiak ere.
c) Europako Batzordeak, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoak (OLAF), Europako Kontuen Auzitegiak eta Europako Fiskaltzak ezarritako kontrolak onartzea. Horretarako, dirulaguntzari buruz eskatutako informazio guztia emango zaie organo horiei, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko Erregelamenduaren 22.2.e) artikuluan ezarritakoaren arabera.
d) Batzordeari, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoari (OLAF), Kontuen Auzitegiari eta, hala dagokionean, Europako Fiskaltzari Finantza Erregelamenduaren 129. artikuluaren 1. apartatuak aitortzen dizkien eskubideak egikaritzeko baimena ematea, eta Suspertze eta Erresilientzia Planean sartutako erreformak eta inbertsio-proiektuak aplikatzeko neurrietarako ordaindutako funtsen azken hartzaile guztiak behartzea, edo aplikazioan esku hartzen duten gainerako pertsona edo entitate guztiak behartzea.
e) Jasotako funtsen aplikazioaren egiaztagiriak zaintzea eta gordetzea bost urtez, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapen- eta kontrol-jarduerak egin ahal izan daitezen, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren 132. artikuluan eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko Erregelamenduaren 22.2.f) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
f) Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa-sistema zehazten duen irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 9. artikuluak ezarritako komunikazio-betebeharrak betetzea. Bereziki, inbertsioak garatzen dituzten jarduketen informazio- eta komunikazio-neurrietan (informazio-kartelak, plakak, argitalpen inprimatuak eta elektronikoak, ikus-entzunezko materiala, web-orriak, iragarkiak eta prentsako iragarkiak, ziurtagiriak, eta abar), logo hauek jarri beharko dira:
– Europar Batasunaren ikurra;
– Europar Batasunaren ikurrarekin batera, testu hau jarriko da: «Europar Batasunaren Next Generation EUk finantzatua»;
– 821/2014 Exekuzio Erregelamenduaren II. eranskinean ezarritako arau grafikoak eta kolore normalizatuak hartuko dira kontuan.
g) Identifikazio-datuak datu-base bakarrean sartzea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.d) artikuluan eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana kudeatzeko sistema eratzen duen irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 8. artikuluan adierazitakoaren arabera.
17. artikulua.– Justifikazioa: aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Ematen diren laguntzen azken justifikazioa Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzan egin behar da, dirulaguntza emateko agindua jakinarazten denetik hilabete igaro baino lehen.
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak, era berean, finantzatutako proiektuari buruzko informazioa eskatuko die entitate interesdunei, funtsen jatorriaren araberako jarraipena egiteko.
2.– Laguntzen onuradun izan diren entitateek proiektuko gastu guztiak justifikatu behar dituzte, eta ez soilik jasotako laguntzari dagokion zatia.
3.– Entitate onuradun guztiek agiri hauek aurkeztu behar dituzte:
a) Jardueraren amaierako memoria: diruz lagundutako proiektuan aurreikusitako jarduerak gauzatzeari buruzko txostena eta horiek egin direla egiaztatzen duten materialak edo elementuak. Era berean, deialdi honen 1. artikuluan aurreikusitako helburuen betetze-mailari buruzko ebaluazioa ere aurkeztu beharko da. Proiektuaren garapenean izandako edozein aldaketa jaso behar da memorian.
b) Memoria ekonomikoa. Memoria horrek honako hauek jaso behar ditu:
b.1.– Diruz lagundutako proiektuari dagozkion gastuen eta sarreren balantzearen erantzukizunpeko adierazpena.
b.2.– Diruz lagundutako proiektua gauzatzearen ondoriozko gastuak justifikatzen dituzten dokumentu guztien zerrenda sailkatua, bai eta proiektua garatzeko egon diren diru-sarreren zerrenda sailkatua ere. Gastu bakoitzari dagokionez, honakoak identifikatu beharko dira: hartzekoduna, dokumentua, zenbatekoa, jaulkipen-data eta ordainketa-data.
c) Fakturen bidez eta zuzenbide- eta merkataritza-zirkulazioan froga-balio baliokidea duten edo administrazio-efikazia duten gainerako agirien bidez egiaztatuko dira gastuak. Faktura elektronikoen bidez ere egiaztatu ahal izango dira gastuak, baldin eta zerga-arloan onartuak izateko betekizunak betetzen badituzte, betiere.
Faktura eta egiaztagiri guztiak espediente elektronikoan kargatuko dira. Aurkeztutako fakturek emandako dirulaguntza osoa justifikatu behar dute.
d) Hirugarrenekin itunduko den eta diruz lagunduko den gastuaren zenbatekoak gainditu egiten baditu Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikietarako ezarritako zenbatekoak, entitate onuradunak egiaztatu egin beharko du hiru eskaintza eskatu dituela.
e) Dokumentu edo sustapen-elementu grafikoak, non berariaz aipatuko baita Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eta Next Generation EU funtsen babesa, agindu honen 16.2 artikuluaren f) letran zehazten den moduan.
4.– Laguntza 60.000 eurotik beherakoa bada, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartutako Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorraren 75. artikuluan (justifikazio-kontu sinplifikatuaren modalitateari buruzkoa) aurreikusitako moduan justifikatuko da, hargatik eragotzi gabe aurreko apartatuko e) letran adierazitako dokumentazioa aurkeztu behar izatea.
5.– Justifikazioak elektronikoki aurkeztu beharko dira, agindu honen 8.2 artikuluan aipatutako helbide elektronikoaren bitartez. Horretarako zehaztapenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri, artikulu horretan adierazitako helbidean.
6.– Era berean, artikulu honen 1. apartatuan adierazitako xederako, proiektuen jarraipena egiteko dokumentazio nahikoa eskatuko da hiru hilean behin, modu honetan:
a) Proiektua gauzatzeari, neurriak ezartzeari eta mugarriak eta helburuak lortzeari buruzko informazioa.
b) Desbideratzeei buruzko informazioa: kostu errealak zenbatetsitako kostuarekiko izan ditzakeen desbideratzeak, inbertsio osoarekiko izan ditzakeenak, eta hura osatzen duten neurrietako bakoitzarekiko izan ditzakeenak.
7.– Bereziki, administrazio emaileek datu-kategoria harmonizatuak bilduko dituzte formatu elektronikoan, funtsen erabilera ikuskatu eta kontrolatzeko, hala xedatzen baitu Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko Erregelamenduaren 22.2 d) artikuluak.
18. artikulua.– Aldaketa-agindua.
Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere dirulaguntzaren xedea bete bada– edo beste entitate publiko zein pribatu batzuetatik beste dirulaguntzaren bat edo laguntzaren bat jaso bada, dirulaguntza emateko agindua aldatu ahal izango da. Horretarako, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak likidazio-agindua emango du, non doituko baitira esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoak.
19. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.
1.– Dirulaguntza aldi bakar batean ordainduko da, dirulaguntza 17. artikuluan eskatzen den bezala justifikatu ondoren.
2.– Ez da inolako ordainketarik egingo entitate onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo, itzulketa-ebazpen baten ondorioz, zordun bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 34.5 artikuluan ezarritakoaren arabera.
Era berean, entitateak itzultzeko prozeduraren bat badu tramitazioan, prozedura hori amaitzearen mende egongo da ordainketa, eta itzultzeko prozedura amaitu eta itzultzeko betebehar bat badu, dirulaguntza jaso ahal izateko, ezinbestekoa izango da zorra borondatezko epean ordaintzea, edo atzeratu eta bermatzea, edo eten egingo dela erabakitzea, itzultzeko ebazpena aurkaratuta.
Kasu horietatik kanpo, entitatea ezingo da pertsona edo entitate onuradun izan, dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketak egunean ez baditu, hala xedatzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketarako Erregelamendu Orokorra onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuko lehenengo xedapen gehigarriak.
3.– Entitate onuradunak bere banku-datuak aurkeztu edo eguneratu behar ditu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan. Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu ahal izango da, egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen zerbitzuaren bitartez, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
20 artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketak.
1.– Hauek izango dira ez-betetzeak:
a) Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.
b) Agindu honetan xedatutako betebeharrak ez betetzea.
c) Dirulaguntzaren likidazioa egiteko aginduan adierazitako zenbatekoa epe barruan ez itzultzea, hala badagokio.
d) DNSH printzipioa edo etiketatze berdea ez betetzea.
e) Dirulaguntzei buruzko xedapenetan oro har ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.
2.– Betetze partzialen kasuan, itzuli beharreko zenbatekoa zehazteko, proportzionaltasun-printzipioa aplikatuko da, eta kontuan hartuko da aipatutako betetzea nabarmen hurbildu ote den erabateko betearazpenera, eta entitate onuradunen aldetik egiaztatu ote den konpromisoak betetzeko joera argia izan dutela.
3.– Horrelako kasuren bat egon dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, honako bi araudi hauetan xedatutakoa betez: alde batetik, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretu bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.
21. artikulua.– Iruzurraren, ustelkeriaren eta interes-gatazken arriskua prebenitzea.
1.– Balizko onuradunak hautatzeko prozesuan edo baldintzak betetzen direla egiaztatzeko prozesuetan parte hartzen duten pertsonek adieraziko dute osorik eta inolako erreserbarik gabe ezagutzen eta onartzen dituztela «Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana egikaritzeko eskatzen diren iruzurraren aurkako borrokari, interes-gatazkei, finantzaketa bikoitzari eta estatu-laguntzei buruzko betekizunak eta ingurumenari kalte nabarmenik ez egitekoak betetzeko neurrien planaren» baldintzak, bai eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2022ko abenduaren 22ko Aginduaren bidez ondoren planari egindako aldaketa ere (plana 2022ko martxoaren 29ko Gobernu Kontseiluaren Erabakiaren bidez onetsi zen).
2.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, dirulaguntza emateko eskumena duen organoaren arduradunak, dirulaguntzaren oinarriak edo deialdia idazten dituzten langileek, eskaerak ebaluatzen dituzten aditu eta batzordekideek, baita jarduera horietan Administrazioari laguntza eta aholkularitza ematen dioten entitate pribatuetako pertsona fisiko guztiek ere, iruzurraren aurkako neurrien plana ezagutu eta onartu behar dute.
3.– Aurreko apartatuetan adierazitako pertsonek Interes Gatazkarik Ezaren Adierazpena (IGEA) beteko dute (V. eranskina), hala ezartzen baita Finantza Erregelamenduaren 61.3 artikuluan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan.
4.– Interes-gatazka eragin dezakeen kausaren batean dauden agintariek eta langileek ez dute parte hartuko prozeduretan. Norbaitek uste badu interes-gatazkaren bat egon daitekeela, hierarkian gorago dagoenari jakinaraziko dio, idatziz; zerbitzu juridikoek txostena egingo dute, eta hartu beharreko erabakia hartuko da.
5.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, bere kabuz edo Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiarekin lankidetzan (III. maila), interes-gatazkak prebenitzeko, antzemateko eta zuzentzeko neurri egokiei buruzko auditoretza espezifikoak egin ahal izango ditu.
6.– Interes-gatazka bat hautematen denean, kasuan kasuko legezko arau eta barne-erregelamendu aplikagarrien araberako neurriak hartuko dira. Era berean, interes-gatazkaren egoeraren berri eman beharko da gardentasun-printzipioa betetzeko.
22. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta izen hau duen tratamendu-jardueran sartuko dira: Kirolaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak.
Arduraduna: Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.
Xedea: kirol-arloko laguntzak eta dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea.
Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin beharreko eginkizun bat betetzeko.
Hartzaileak: ez da datuen komunikaziorik aurreikusten.
Eskubideak: datuak kontsultatzeko, zuzentzeko eta deuseztatzeko eskubidea duzu, bai eta informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri zehatza gure webgunean kontsultatu dezakezu: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/025200-capa2-eu.shtml
Araudia: Datuak Babesteko Araudi Orokorra eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, deialdi honen babesean emandako laguntzak ez dira estatu-laguntzak. Izan ere, ez dute murrizten Europar Batasunaren barruko lehia askea, eta ez dute faltsutzen lehia edo aldatzen merkataritza-trukeak, edo ez dakarte truke horiek aldatzeko arriskurik.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– DNSH printzipioari (ingurumenari kalte nabarmenik ez egiteko printzipioa) buruzko klausula orokorra.
IT ekipamenduek bete egin beharko dituzte 2009/125/EE Zuzentarauaren araberako energia-baldintzak. Zuzentarau hori zerbitzari eta datu-biltegiei, ordenagailuei eta ordenagailu edo pantaila elektronikoen zerbitzariei buruzkoa da.
Material horiek eskuratzeko garaian, neurriak aktibatuko dira energetikoki efizienteak diren eta Europar Batasunaren Code of Conduct for ICT kodea oso-osorik betetzen duten ekipoak erosten direla bermatzeko. Halaber, ekipo horietan txertatutako gailu elektriko eta elektronikoen iraunkortasuna hobetzeko eta produktuak konpontzeko, eguneratzeko eta berrerabiltzeko aukerak handitzeko neurriak ere hartuko dira.
IT ekipamenduek bete egin beharko dituzte 2009/125/EE Zuzentarauaren araberako materialen efizientziari buruzko baldintzak. Zuzentarau hori zerbitzari eta datu-biltegiei, ordenagailuei eta ordenagailu edo pantaila elektronikoen zerbitzariei buruzkoa da. Erabilitako ekipamenduek ez dute edukiko 2011/65/EB Zuzentarauaren II. eranskinean zerrendatutako substantzia debekaturik, salbu eta substantzia horiek material homogeneoetan duten pisuaren kontzentrazio-balioek ez badituzte gainditzen eranskin horretan zerrendatutako gehieneko mugak.
Bizitza baliagarriaren amaieran, berrerabiltzeko, berreskuratzeko edo birziklatzeko operazioetarako prestatuko dira ekipamenduak, edo tratamendu egokia emango zaie, jariakin guztiak desagerraraztea eta gaikako tratamendua egitea barne, 2012/19/EB Zuzentarauaren VII. eranskinaren arabera.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, pertsona edo entitate interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko apirilaren 19a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.