Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

76. zk., 2023ko apirilaren 21a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIA
1920

EBAZPENA, 2023ko apirilaren 4koa, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariarena, zeinaren bidez iragartzen baitira profesionalak espezializatzeko eta prestatzeko lau beka, 2023rako, garapenerako lankidetzaren arloan.

Martxoaren 21eko 62/2017 Dekretuak (2017ko martxoaren 24ko EHAA, 59. zk.) arautzen ditu garapenerako lankidetzaren arloan profesionalak espezializatzeko eta prestatzeko bekak.

Dekretu horren 4.1 artikuluan xedatutakoarekin bat, garapenerako lankidetzaren arloan profesionalak espezializatzeko eta prestatzeko 2023ko beken deialdia egin behar da.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Kontseilu Errektoreak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen ekainaren 9ko 5/2008 Legearen 10.b) artikuluan ematen zaizkion eskumenez baliaturik, 2023ko otsailaren 8ko bileran, erabaki zuen Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariari proposatzea beken deialdia eta horiek emateko oinarrizko irizpideak onartzea.

Lankidetzaren arloko profesionalak espezializatzeko eta prestatzeko beken deialdia Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren 2023. urterako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan sartzen da (Kontseilu Errektoreak onartua, 2023ko otsailaren 8ko bileran). Dirulaguntzen Plan Estrategikoak lehentasunezko arloen artean du agenteak indartzea. Hala, beka-deialdiak helburu hori lortzen lagunduko du, gazteei garapenerako lankidetzaren arloan espezializatzeko aukera emanez.

Era berean, beken deialdiak bete egiten ditu Garapenerako Lankidetzaren IV. Gida Planean (2018-2021) aurreikusitako azken helburuak (plan hori 2022-2024 aldirako luzatu zen, Gobernu Kontseiluaren 2022ko abenduaren 20ko akordioaren bidez).

Bai Garapenerako Lankidetzaren IV. Gida Plana (luzatua), bai Dirulaguntzen 2023ko Plan Estrategikoa argitaratuta daude Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren web-orrian: www.elankidetza.euskadi.eus, «Nortzuk gara» atala, «Plangintza» azpi-atala.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren 2023ko ekitaldirako aurrekontuak –Euskal Autonomia Erkidegoko 2023. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legearen bidez onartuak– kreditu nahikoa aurreikusten du lankidetzaren arloan profesionalen espezializazio eta prestakuntzarako beken deialdia finantzatzeko.

Hori dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta helburua.

1.– Garapenerako lankidetzaren arloan profesionalak espezializatzeko eta prestatzeko lau beka deitzea 2023ko ekitaldirako. Beka horien helburua da, bekak arautzen dituen martxoaren 21eko 62/2017 Dekretuaren hitzaurrean adierazitakoaren arabera, gazte profesionalen gaitasunak, ezagutzak, prestakuntza eta espezializazioa garatzen laguntzea garapenerako lankidetzaren eremuan.

2.– Hauek izango dira beka bakoitzaren espezializazio- eta prestakuntza-eremuak:

a) Generoa eta garapena. Genero-ikuspegia txertatzea, bai genero-ikuspegia zeharka sartuz lankidetzako proiektu eta ekimenetan, bai ekintza espezifikoak garatuz.

b) Ekintza humanitarioa. Antolakunde humanitarioak indartzea; krisi humanitarioak jasan dituzten komunitateak eta pertsonak babestea; euskal herritarrak sentsibilizatzea; eta agenteak koordinatzea.

c) Gizarte-eraldaketarako hezkuntza eta komunikazioa. Prestakuntza eman eta gaitasunak sortzea; eragin eta komunikazio hezitzaileko zereginak betetzea; erakundearteko eremua koordinatzea; eta ikaskuntzaren kultura sustatzea.

d) Giza eskubideak defendatzen dituzten komunitate, antolakunde eta pertsonak babestea. Hau da, ezagutza sortzea; babesaren gaineko ekimenei laguntza ematea, eta babes eta eragin politikoaren alde komunikatzea.

2. artikulua.– Onuradunak.

Beken onuradun izan ahalko dira laguntza hauek arautzen dituen martxoaren 21eko 62/2017 Dekretuaren 3. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten eskatzaileak.

Ezingo dira beka hauen onuradun izan honako hauetan aurreikusitako inguruabarren batean dauden pertsonak: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikulua; Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 109.4 artikulua; Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 116. artikulua; eta Trans pertsonen benetako berdintasun eraginkorra lortzeko eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikulua.

Beka hauek bateraezinak dira edozein lan ordaindu egitearekin eta garapenerako lankidetzaren eremuan unibertsitate-ikasketak dituzten pertsonei zuzendutako bestelako prestakuntza-bekak jasotzearekin, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargura.

3. artikulua.– Zuzkidura ekonomikoa eta beken zenbatekoa.

1.– Gehienez 80.000,00 eurokoa da iragarritako beka-programaren zuzkidura ekonomikoa.

2.– Onuradun bakoitzak 20.000,00 euroko beka jasoko du gehienez (zenbateko gordina); zenbateko horrek barne hartuko du Gizarte Segurantzari egindako kotizazioengatik, bekaren onuradun gisa, ordaintzea dagokion zatia. Kopuru hori ordaintzeko, hilean 1.666 euro gordin ordainduko dira espezializazio- eta prestakuntza-aldiko lehen hamaika hilabeteetan, eta 1.674 euro, berriz, azken hilabetean.

3.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari eta Gizarte Segurantzari dagozkien arauen mende egongo dira jasotako zenbatekoak, hala dagokionean. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak ordainduko ditu beken onuradunei eragiten dien Gizarte Segurantzaren araubide espezifikoa aplikatuz dagozkion kopuruak.

4. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabete izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

2.– Bitarteko elektronikoz aurkeztu beharko dira eskabideak, https://www.euskadi.eus egoitza elektronikoan (Izapideak; Dirulaguntzak eta bekak atala).

3.– Hemen eskura daitezke eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta aurkeztu beharreko agiriak nola izapidetu behar diren jakiteko xehetasunak: https://euskadi.eus egoitza elektronikoan eta www.elankidetza.euskadi.eus webgunean, deialdien atalean.

4.– Bekak eskatzeko inprimakiaren eredu normalizatua deialdi honen ebazpenari atxiki zaio (I. eranskina), haren edukiaren berri emateko soilik. Eskabidea telematikoki bete beharko da, oso-osorik.

5.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu

6.– Eskabidean eskatzailearen sinadura elektroniko aitortua agertuko da. Hala ere, eskatzaileak ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango dio, haren izenean elektronikoki jardun dezan ebazpen honi dagozkion jarduketa guztietan, eta, horretarako, aukera hauetako bat erabiliko du:

– Ahalordeen Erregistro Elektronikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan kokatua (https://www.euskadi.eus/ordezkariak/), edo

– «Borondatezko legezko ordezkaritza egilesteko inprimaki normalizatua» (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), behar bezala formalizatua, eskabidearekin batera aurkeztu beharko dena.

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

7.– Beka-eskabidea eta eskatutako dokumentazioa nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira (gaztelaniaz edo euskaraz).

8.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du deialdi honen oinarriek zehazten dituzten baldintzak berariaz eta formalki onartzen direla.

5. artikulua.– Eskabideen edukia eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– I. eranskinaren araberako eredu normalizatuko eskabide-inprimakia osorik bete behar da telematikoki, eta eskatzailearen datu pertsonalak eta eskatu diren beka-espezialitateak jasoko dira bertan.

2.– Eskabideak erantzukizunpeko adierazpen bat ere barne hartuko du, zeinean bekaren eskatzaileak onartuko baitu alderdi hauek betetzen dituela:

a) Egiazkoak eta zuzenak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako agirietan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela laguntza hauek jasotzeko ezarrita dauden betekizunak.

b) Ez dagoela sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetzen ari den ezein itzulketa- edo zehapen-prozeduratan. Halako prozeduraren batean badago, beka ordaintzeko, nahitaezkoa izango da eskatzailearen itzulketa- edo zehapen-prozedura amaitzea.

c) Eskatzaileari ez zaio ezarri laguntza eta dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapenik, ez administrazio-arlokorik, ez zigor-bidekorik, eta ez du halakorik eskuratzeko legezko debekurik; ildo horretatik, kontuan izan behar dira Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legean sexuagatiko diskriminazioa zehatzeko ezarritako zigor eta debekuak, eta LGTBIfobia egin, sustatu edo hauspotzeagatik edo bihurketa-terapiak egin edo sustatzeagatik ezarritakoak, Trans pertsonen benetako berdintasun eraginkorra lortzeko eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.

d) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela.

3.– Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Gizarte-eraldaketarako hezkuntzaren edo lankidetzaren eremuan gutxienez urtebeteko esperientzia edukitzea egiaztatzen duten agiriak. Baldintza hau erakundearen ziurtagiriaren edo lan-bizitzaren, lan-esperientziaren edo boluntariotzako esperientziaren kopia digitalizatuaren bidez egiaztatu ahalko da.

b) Justifikazio-agiriak, 7. artikuluan ezarritako gainerako balorazio-irizpideak egiaztatzeko: egindako lanak eta argitalpenak, ikasketak edo ikastaroak, eta ingelesaren, frantsesaren edo portugesaren ezagutzaren egiaztagiriak.

Eskatzaileak ez badu eskabidean baimena ematen Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak alderdi horiek egiazta ditzan, agiri hauek ere aurkeztu beharko ditu:

a) NANaren kopia digitalizatua.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko erroldaren kopia digitalizatua, 2023ko urtarrilaren 1a baino lehenagokoa.

c) Unibertsitate-tituluaren kopia digitalizatua.

d) Euskararen ezagutza egiaztatzen duen tituluaren kopia digitalizatua.

Ez da nahitaezkoa izango eskaera honekin lotutako dokumentazioa berriz aurkeztea, baldin eta aurretik entregatu bada Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzian eta indarrean jarraitzen badu.

6. artikulua.– Hautaketa-batzordea.

1.– Martxoaren 21eko 62/2017 Dekretuaren 9. artikuluan aipatutako hautaketa-batzordea, merezimenduak baloratuko dituena, hauek osatuko dute:

– Alazne Camiña Izkara andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Koordinazio Teknikoko arduraduna; batzordeburua izango da.

– Mónica Fernández Vidal andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria; batzordekidea izango da.

– Santiago Ramírez Cameno jauna, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria; batzordekidea izango da.

– Miren Saiz Alzugaray andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria; batzordekidea eta idazkaria izango da.

2.– Hautaketa-batzordean hutsuneren bat badago edo titularren bat absente badago, gaixorik badago edo legezko beste arrazoiren bat badago, hauek izango dira ordezkoak:

– Batzordeburua: Noemí de la Fuente Pereda andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Koordinazio Estrategikoaren arduraduna.

– Batzordekidea: Edurne Bengoechea Sorozabal andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Genero eta Garapeneko teknikaria.

– Batzordekidea: Maite Garmendia Eguinoa andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria.

– Batzordekidea eta idazkaria: Maria Pilar Díez Arregui andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria.

3.– Hautaketa-batzordeak, behar izanez gero, teknikari espezialisten laguntza izan dezake. Teknikari horiek batzordean hitz egiteko eskubidea izango dute, baina botoa emateko eskubiderik ez.

7. artikulua.– Balorazio-irizpideak:

Balorazio-irizpideak martxoaren 21eko 62/2017 Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoak dira:

1.– Garapenerako lankidetzaren edo hezkuntzaren gaineko ezagutza akademikoak, 20 puntu gehienez.

2.– Garapenerako lankidetzaren edo hezkuntzaren ibilbide profesionala, 20 puntu gehienez. Lan ordaindua eta boluntariotzako lana berdin baloratuko dira.

3.– Eskatzailearen profil akademiko-profesionalaren egokitasuna 25 punturekin baloratuko da gehienez: bekaren edo beken espezializazio-eremuetan izandako esperientzia, prestakuntza eta argitalpenak hartuko dira aintzat.

4.– Euskaraz jakiteagatik 15 puntu emango dira gehienez, irizpide hauen arabera:

B1: 5 puntu.

B2: 10 puntu.

C1 edo goragoko maila: 15 puntu.

5.– Atzerriko hizkuntzengatik 20 puntu emango dira gehienez. Ingelesa, frantsesa eta portugesa baloratuko dira; honela:

B1: 5 puntu.

B2: 10 puntu.

C1 edo goragoko maila: 15 puntu.

8. artikulua.– Ebazpena.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Koordinazio Teknikoaren Zerbitzuak aztertuko du eskatzaileen merezimenduen balorazioa, eta hautaketa-batzordeak deialdiaren ebazpen-proposamena egingo du.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak, ebazpen-proposamena ikusitakoan, dagokion ebazpena emango du. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta interesdunei jakinaraziko zaie, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

Deialdiaren ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabete izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori igarotakoan ez bada jakinarazpenik egin, interesdunek ezetsitzat eman ahalko dute beren beka-eskaria, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.9 artikuluan ezarritakoaren arabera –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua–, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondoreetarako. Hala ere, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak berariaz ebazteko betebeharra izango du.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Garapenerako Lankidetzaren arloan profesionalak espezializatzeko eta prestatzeko bekak arautzen dituen martxoaren 21eko 62/2017 Dekretuan ezarritakoaz gain, ebazpen honetan jasotako bekek honako hauek xedatutakoa bete behar dute: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudia (lege horren erregelamendua 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lehendakariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko apirilaren 4a.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria,

PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala