76. zk., 2023ko apirilaren 21a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (870 KB - 55 orri.)
- EPUB (2150 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
1919
AGINDUA, 2023ko martxoaren 24koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baita errepideko garraio-zerbitzuak ematen dituzten bidaiarien garraioko enpresa pribatuak eta salgaien errepideko garraioan esku hartzen duten enpresa pribatuak modernizatzeko laguntzen deialdi publikoa, eta ezartzen baitira horretarako oinarriak, urriaren 25eko 902/2022 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan –Europar Batasunak sustatua– Next Generation EU.
Euskal Herrirako Autonomia Estatutuaren 10.32 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoko trenbideko, lehorreko, itsasoko ibaietako eta kable bidezko garraioaren eta portu, heliportu, aireportu eta meteorologia-zerbitzuaren arloko eskumen esklusiboa, horrek Konstituzioaren 149.1.20 artikuluan xedaturikoa ezertan galarazi gabe. Garraio-gaietan, zama-kontrataguneak eta -terminalak.
Arlo horietan Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak diren funtzioak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 11. artikuluak eman dizkio Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari, bai eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuak ere.
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren funtzioen artean, bere eskumenekoak diren eremuekin lotutako sektoreak laguntzeko politika aurrera eramatea dago, eta adierazitako sail horri esleitutako ahalmenetako bat da Euskal Autonomia Erkidegoan bidaiarien eta salgaien garraioa planifikatzea eta antolatzea, aipatutako 11/2021 Dekretuaren 15.2 artikuluko d) apartatuan agertzen den bezala.
2020ko abenduaren 31n argitaratu zen Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana gauzatzeko premiazko neurriak onartzen dituen 36/2020 Errege Lege Dekretua.
Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa (SEM) ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamendua betez, Ministro Kontseiluak, 2021eko apirilaren 27ko bileran, Espainiako Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana (SEEP) onartu du. Plan hori 2021-2024 aldian abian jarriko diren proiektuetan kontzentratzen da, ekonomiaren berreskuratzean eta eraldaketa azkarrean izango duen eragina maximizatzeko. Europako Batzordeak 2021eko ekainaren 16an egin zuen planaren ebaluazio positiboa, eta Europako Kontseiluak 2021eko uztailaren 13an onartu zuen.
Bat etorriz Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren gidalerroekin, SEEPek barne hartzen ditu, besteak beste, 6. osagaia, «mugikortasun jasangarri, seguru eta konektatua.»
Urriaren 25eko 902/2022 Errege Dekretuaren bidez onartu zen autonomia-erkidegoei eta Ceuta eta Melilla hiriei zuzeneko dirulaguntzak ematea, errepideko garraio-zerbitzuak ematen dituzten bidaiarien garraioko enpresa pribatuak eta salgaien errepideko garraioan esku hartzen duten enpresa pribatuak modernizatzeko, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan –Europar Batasunak sustatua– Next Generation EU (2022ko urriaren 26ko BOE, 257. zk.), ohiz kanpo, eta interes publiko, sozial eta ekonomikoko arrazoiengatik, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 22.2.c), 28.2 eta 28.3 artikuluetan aurreikusitakoarekin.
Laguntza horiek Estatuaren laguntzen arloko araudiarekin duten bateragarritasunari dagokionez, urriaren 25eko 902/2022 Errege Dekretuak dio diruz lagun daitezkeen jarduketetarako laguntzak Estatuaren laguntzatzat hartzen direla, eta, beraz, Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamendua bete beharko dutela.
Urriaren 25eko 902/2022 Errege Dekretuaren 6. artikuluaren arabera, programa honetan aurreikusitako laguntzen zuzeneko onuradun izango dira autonomia-erkidegoak eta Ceuta eta Melilla hiriak, eta horien zenbatekoa errege-dekretu horren 14. artikuluan zerrendatutako subjektuei bideratu beharko diete, errege-dekretu horren 19. artikuluan ezarritako jardueretarako.
Urriaren 25eko 902/2022 Errege Dekretuaren 9.1 artikuluaren arabera, 2022ko urriaren 28an, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioak Euskal Autonomia Erkidegoari jakinarazi dio Errege Dekretuaren arabera emandako dirulaguntzaren zenbateko osoari dagokion aurrekontua erabilgarri dagoela.
Urriaren 25eko 902/2022 Errege Dekretuaren 9.2 artikulua betez, 2022ko azaroaren 8an, Euskal Autonomia Erkidegoak berariaz eta zalantzarik gabe eskatu eta onartu du emandako dirulaguntza, errege-dekretuari egokituta. Era berean, behar bezala aurkeztu du urriaren 28ko jakinarazpenean eskatutako dokumentazioa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikulua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Erregelamenduaren 18., 19., 24.6 eta 25. artikuluak eta abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuaren 61.3 artikulua betez.
Azkenik, 2022ko azaroaren 30ean, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Estatu Idazkaritzak ebazpena eman zuen, Euskal Autonomia Erkidegoari urriaren 25eko 902/2022 Errege Dekretuan araututako bost milioi ehun eta hogeita hemeretzi mila bostehun eta hirurogeita hamahiru (5.139.573,00) euroko dirulaguntza eman eta ordaintzeko agindua emateko.
Garraio-enpresa pribatuak, garraio-operadoreak eta enpresa kargatzaileak modernizatzeko programa hori gauzatzeak lagunduko du Euskal Autonomia Erkidegoan enpresen eta garraio-sistemaren eraginkortasuna handitzeko helburua lortzen, digitalizazioaren, jasangarritasunaren, konektibitatearen, sistemak berritzearen eta sektorean teknologia berriak sartzearen bidez. Salgaien garraioan diharduten eragileen sistemen eta prozesuen elkarreragingarritasuna lortzeko, beharrezkotzat jotzen da garraio-enpresen modernizazioa ez ezik, garraio-operadoreena eta enpresa kargatzaileena ere sustatzea, garraio-katearen ezinbesteko kide diren aldetik.
Era berean, sektoreari lagundu nahi zaio aplikatzekoa den araudi sektoriala betetzen. Hala, laguntza horiekin finantzatutako modernizazio-soluzioak sektoreko araudi aplikagarriarekin lerrokatuta egoteko baldintzak sartu dira.
Bestalde, agindu hau bat etorriko da irailaren 29ko HFP 1030/2021 Aginduarekin (Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa-sistema konfiguratzen duena) eta irailaren 29ko HFP 1031/2021 Aginduan araututakoarekin (Estatuko, Autonomia Erkidegoko eta Tokiko sektore publikoko erakundeek eman beharreko informazioaren prozedura eta formatua ezartzen dituena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren osagaien neurrien mugarriak eta helburuak betetzearen jarraipena egiteko eta haien aurrekontua eta kontabilitatea gauzatzeko).
Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legean xedatutakoa beteko da, zehazki II. tituluko V. kapituluan (Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planari lotutako funtsen kudeaketa) ezarritakoa, bai eta Gobernu Kontseiluaren 2022ko otsailaren 8ko Erabakia ere, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planari lotutako jarduketen eta proiektuen aurrekontu- eta kontabilitate-betearazpenari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoa.
Horren arabera, eta irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak eta urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuak ematen didaten eskumena baliatuz, eta urriaren 25eko 902/2022 Errege Dekretuan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduan, abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuan, irailaren 29ko HFP 1030/2021 Aginduan, irailaren 29ko HFP 1031/2021 Aginduan, Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan eta urtarrilaren 24ko HFP/55/2023 Aginduan (Berreskuratze, Eraldaketa eta Eraldaketa Plana betearazten duten prozeduretako interes-gatazken arriskuaren analisi sistematikoari buruzkoa), Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua; Gobernu Kontseiluaren 2022ko otsailaren 8ko Erabakia, SEEPari lotutako jarduketen eta proiektuen aurrekontu- eta kontabilitate-betearazpenari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoa; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; Iruzurraren Aurkako Neurrien Plana, Gobernu Kontseiluaren 2022ko martxoaren 29ko Erabakiaren bidez onartua; eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legean xedatutakoaren arabera, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da urriaren 25eko 902/2022 Errege Dekretuan ezarritako laguntzen deialdi publikoaren oinarriak garatu eta antolatzea. Errege-dekretu horren bidez, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, laguntzak ematen zaizkie autonomia-erkidegoei eta Ceutako eta Melillako hiriei, errepideko garraio-zerbitzuak ematen dituzten bidaiarien garraioko enpresa pribatuak eta salgaien errepideko garraioan esku hartzen duten enpresa pribatuak modernizatzeko. Plan hori Europar Batasunaren Next Generation EU funtsak sustatutakoa da, eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko Mugikortasun Iraunkor, Seguru eta Konektatuko 6. osagaiaren barruko Garraio Jasangarri eta Digitalerako 4. inbertsio-laguntzan sartzen da. 15. ekintza-ildoa «Bidaiarien eta salgaien garraio-zerbitzuak autonomia- eta toki-eremuan digitalizatzeko inbertsio-proiektuak», eta, bereziki, horren barruan, bidaiarien eta salgaien garraioko enpresa pribatuak, garraio-operadoreak eta enpresa kargatzaileak digitalizatzeko laguntzak, salgaien garraioan esku hartzen duten enpresa gisa. Helburua da enpresen eta garraio-sistemaren eraginkortasuna handitzea, digitalizazioaren, jasangarritasunaren, konektagarritasunaren, sistemen berrikuntzaren eta sektorean teknologia berriak sartzearen bidez.
2.– Oinarri arautzaile hauen babesean emandako dirulaguntzak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduak ezarritako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez finantzatuko dira. Erregelamendu horrek Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen du. Europako funtsen bidez finantza daitezkeen dirulaguntza horiek izapidetzeko eta emateko, Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko premiazko neurriak onartzen dituen abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuan aurreikusitakoa aplikatuko da, hargatik eragotzi gabe gainerako araudi aplikagarria.
2. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.
1.– Diruz lagundu ahal izango dira jarraian zerrendatzen diren eta I. eranskinean ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten modernizazio-soluzioen kategoriak:
a) 1. kategoria: kontrol-dokumentu elektronikoen kudeaketa.
b) 2. kategoria: bigarren belaunaldiko takografo adimendunaren sistema.
c) 3. kategoria: kontrol-dokumentu elektronikoak kudeaketa-sistemetan integratzea.
d) 4. kategoria: TMS/ERP sistemak ezartzea.
e) 5. kategoria: SAE sistemak ezartzea.
f) 6. kategoria: SAE sistemak eguneratzea.
g) 7. kategoria: bidaiarien garraio-zerbitzuetarako laguntzak.
h) 8. kategoria: bitarteko elektronikoen bidezko erreklamazioetarako aplikazioak ezartzea.
i) 9. kategoria: ticketing-sistemak hobetzea.
2.– Agindu honen bidez onartutako programako laguntzak estatu-laguntzatzat hartuko dira, eta laguntza horiek emateko, Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako betekizunak eta mugak bete beharko dira, hargatik eragotzi gabe aplikatzekoak izan daitezkeen gainerako xedapenak, hala Espainiako zuzenbidekoak nola Europar Batasunekoak, bereziki Suspertze eta Erresilientzia Mekanismo Europarraren eta SEEPeren betearazpen- eta kudeaketa-eremuari dagozkionak.
Azken hartzaile horietako bakoitzari guztira eman dakiokeen minimis laguntzen zenbatekoa ezin izango da 200.000 eurotik gorakoa izan hiru zerga-ekitaldiko edozein alditan.
Era berean, salgaiak errepidez garraiatzeko eragiketak besteren kontura egiten badituzte, azken hartzaile horietako bakoitzari eman ahal izango zaion minimis laguntzen guztizko zenbatekoa ezin izango da 100.000 eurotik gorakoa izan hiru zerga-ekitaldiko edozein alditan.
Hala ere, laguntza horiek Espainiako aldi baterako esparru batean sartu ahal izango dira.
Laguntza-eskabidearekin batera, jasotako laguntzen adierazpena aurkeztu beharko da. Dirulaguntza ematean, onuradunari jakinaraziko zaio zein den dirulaguntza emateko tresna juridikoa.
3.– Laguntzak pizgarriak direnez, laguntza-eskabidea erregistratu ondoren azken hartzaileek hasitako jarduketak baino ez dira onartuko. Testuinguru horretan, jarduketak hasteko datatzat hartuko da azken hartzailearen eta modernizazio-soluzioen hornitzailearen arteko kontratua sinatzen den eguna.
4.– Aurreko apartatuetan aurreikusitakoa betetzen dela bermatuko du organo emaileak, eta horietan ezarritako inguruabarrak egiaztatzeko moduan egon beharko du, bai Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioaren aurrean, bai estatuko edo Europako beste edozein agintaritza eskudunen aurrean.
5.– Aurrekoa betetzen ez bada, jasotako zenbateko guztiak itzultzeko prozedura hasiko da, eta dirulaguntza ordaindu zenetik sortutako berandutze-interesak eskatuko dira, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan ezarritakoaren arabera.
6.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31.8 artikuluaren arabera, ez da diruz lagunduko ez Balio Erantsiaren gaineko Zerga, ez eta modernizazio-soluzioak hartzeagatik sortzen den antzeko beste ezein zerga ere.
7.– Zerbitzuak edo produktuak eskuratzeko kostua ez da inoiz izango merkatuko balioa baino handiagoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.
3. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura eta programaren indarraldia.
1.– Agindu honen xedea betetzera bideratutako baliabide ekonomikoak berariaz eta horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik etorriko dira, urriaren 25eko 902/2022 Errege Dekretuaren 5. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legean xedatutakoaren arabera.
Programa honetara bost milioi ehun eta hogeita hemeretzi mila bostehun eta hirurogeita hamahiru (5.139.573,00) euro bideratuko dira.
2.– Agindu honen bidez onartutako laguntza-programa indarrean egongo da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera 2024ko ekainaren 30era arte, egun horretan amaitzen baita laguntza-programaren indarraldia, urriaren 25eko 902/2022 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera.
4. artikulua.– Laguntzen esparru juridiko orokorra.
1.– Dirulaguntzen onuradunen araubide juridikoa, aplikatu beharreko araudi espezifikoa, betekizunak eta betebeharrak eta emateko prozedura deialdi-agindu honetan eta arau hauetan ezarritakoak izango dira:
– 902/2022 Errege Dekretua, urriaren 25ekoa, zeinaren bidez onartzen baita autonomia-erkidegoei eta Ceuta eta Melilla hiriei zuzeneko dirulaguntzak ematea errepideko garraio-zerbitzuak ematen dituzten bidaiarien garraioko enpresa pribatuak eta salgaien errepideko garraioan esku hartzen duten enpresa pribatuak modernizatzeko, Europar Batasunaren Next generation EB funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.
– 2021/241 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2021eko otsailaren 12koa, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena.
– 36/2020 Errege Lege Dekretua, abenduaren 30ekoa, Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko premiazko neurriak onartzen dituena.
– HFP 1030/2021 Agindua, irailaren 29koa, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa-sistema eratzen duena.
– HFP 1031/2021 Agindua, irailaren 29koa, Estatuko, Autonomia Erkidegoko eta Tokiko Sektore Publikoko erakundeek eman beharreko informazioaren prozedura eta formatua ezartzen dituena Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren osagaien neurrien mugarrien eta helburuen betetze-mailaren jarraipena egiteko eta haien aurrekontua eta kontabilitatea betearazteko –Kontseiluaren Betearazpen Erabakiaren 100. eta 101. mugarriak (CID, ingelesezko siglen arabera)–.
– Gobernu Kontseiluaren Erabakia, 2022ko otsailaren 8koa, SEEPari lotutako jarduketen eta proiektuen aurrekontu- eta kontabilitate-betearazpenari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoa.
– Gobernu Kontseiluaren Erabakia, 2022ko martxoaren 29koa, zeinaren bidez onartzen baita «Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzean iruzurraren, interes-gatazkaren, finantzaketa bikoitzaren eta estatu-laguntzen eta ingurumenari egindako kalte ez-esanguratsuaren betekizunak betetzeko neurrien Plana.»
– HFP/55/2023 Agindua, urtarrilaren 24koa, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzen duten prozeduretan interes-gatazka izateko arriskuaren analisi sistematikoari buruzkoa.
– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzeko erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua.
– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua.
– 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.
– 15/2022 Legea, abenduaren 23koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena.
Araudi honetan aurreikusi gabekoetarako, Administrazio Zuzenbideko arauak aplikatuko dira.
2.– Agindu honen xedea da laguntzak emateko deialdiaren arau bereziak ezartzea, bat etorriz azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 22.2.c) eta 28. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Erregelamenduaren 67. artikuluan xedatutakoarekin.
3.– Era berean, honako hauek ere aplikatuko dira: Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa, eta Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez laguntza-kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen baitira Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz; hargatik eragotzi gabe Espainiako zuzenbideko eta Europar Batasuneko gainerako xedapen aplikagarriak, bereziki Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduak ezarritako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren (EB) betearazpenaren eta kudeaketaren esparruan onartzen direnak.
5. artikulua.– Laguntzen azken hartzaileak.
1.– 2. artikuluan araututako laguntzen azken hartzaileak izango dira, egoitza fiskala Euskal Autonomia Erkidegoan badute eta agindu honetan adierazitako gainerako baldintzak betetzen badituzte, bai enpresa txiki eta ertainen definizioan sartzen diren pertsona juridiko pribatuak, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritakoaren arabera, bai pertsona fisikoak, baldin eta, bi kasuetan, baldintza hauetakoren bat betetzen badute:
a) Laguntzak eskatzen diren egunean indarrean dagoen baimen hauetakoren baten titularrak badira:
1) Salgaien garraio publikorako baimen bat, gehienez 3,5 tonatik gorako masa duten ibilgailuekin edo ibilgailu-taldeekin garraiatzeko gaitzen duena, MDPE kodearekin identifikatua.
2) Bidaiarien eskatu ahalako autobus bidezko garraio publikorako baimena, VDE kodearekin identifikatua.
3) Salgaien garraio publikorako baimena, gehienez 3,5 tonako masa duten ibilgailuekin garraiatzeko gaitzen duena eta MDLE kodearekin identifikatzen dena.
4) Salgaien garraio publikoen kontratazioan bitartekari aritzeko gaitzen duen garraio-operadorearen baimena, erregistroan OT kodearekin identifikatuta.
b) Laguntza eskatzen den egunean, hiri barruko autobus bidezko garraio-zerbitzu publikoa ematen badute eta apartatu honetako a) letran jasotako baimenen bat eskuratzetik salbuetsita badaude.
c) Salgaiak garraiatzeko prozesuan kargatzaile/deskargatzaile edo bidaltzaile/hartzaile gisa esku hartzen dutenak, uztailaren 30eko 16/1987 Legean adierazten den bezala, kontrol-agirian eta ADRn.
2.– Honako hauek ezingo dira laguntzen azken hartzaile izan:
a) Krisi-egoeran dauden enpresak, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduan ondorio horietarako ematen den definizioaren arabera.
b) Azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan zerrendatutako egoeraren batean dauden pertsonak edo erakundeak.
c) Aurretik emandako edozein laguntza edo dirulaguntzari dagokionez, berreskuratzeko agindu baten menpe dauden enpresak, laguntza hori legez kanpokotzat edo barne-merkatuarekin bateraezintzat jo delako edo emakidan esleituta dituzten betebeharrak ez betetzeagatik.
d) Hiriko garraio publikoaren zerbitzua ematen duten titulartasun publikoko enpresa edo erakundeak.
e) Sexu-diskriminazioagatik dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko ezgaitzen duen legezko debekua duten enpresak, bat etorriz Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako legea bigarren aldiz aldatzen duen martxoaren 3ko 1/2022 Legearen azken xedapenetako laugarrenean xedatutakoarekin.
6. artikulua.– Azken hartzaileen betebeharrak.
1.– Azken hartzaileak azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko ditu, bai eta urriaren 25eko 902/2022 Errege Dekretuan eta agindu honetan eta laguntzak emateko ebazpenean jasotakoak ere.
2.– Azken hartzaileak organo emaileari jakinarazi beharko dio diruz lagun daitekeen gastu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik jaso duen, estatuko, Europar Batasuneko edo nazioarteko edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik, horren berri izan bezain laster eta, nolanahi ere, jasotako funtsen erabilera justifikatu baino lehen.
3.– Azken hartzaileak diruz lagundutako jarduerarekin lotutako transakzio guztien xehetasuna erregistratu beharko du bere kontabilitatean, kontabilitate-kode bereizi batean. Era berean, kontabilitate-liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentuak eduki beharko ditu, azken hartzaileari aplikatzekoa zaion merkataritzako eta sektoreko legeriak eskatutako baldintzetan, eta gorde egin beharko ditu, halaber, froga-balio baliokidea duten gastuen fakturak eta gainerako egiaztagiriak, bai eta ordainketa-frogagiriak eta jasotako funtsen aplikazioaren frogagiriak ere, «modernizazio-txekea» erabili izana justifikatuz, diruz lagundu daitekeen jarduketagatik modernizazio-soluzioen hornitzaileari ordainketa gisa emandako zenbatekoan. Dokumentu multzo hori emandako laguntza justifikatzeko euskarria da, azken hartzaileen kontabilitatean behar bezala islatzen dela bermatzen du, eta gutxienez bost urtez gorde beharko da, laguntza justifikatzeko epea amaitzen denetik aurrera.
4.– Azken hartzaileak aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta indarrean dagoen ekitaldi fiskalean jasotako minimis laguntza guztiak adierazi beharko dizkio organo emaileari. Laguntzak Espainiako aldi baterako esparru bati atxiki ahal izanez gero, bertan xedatzen diren betebeharrak aplikatuko dira.
5.– Azken hartzaileak, 2. artikuluan diruz laguntzeko modukotzat jotako modernizazio-soluzioak hartu eta dirulaguntzaren zenbatekoa jarduera horietara bideratzeko, modernizazio-soluzioak emateko akordioak formalizatu beharko ditu modernizazio-soluzioen hornitzaile atxikiekin, agindu honen 16. artikuluan ezarritakoaren arabera.
6.– Azken hartzaileak neurri eraginkor eta proportzionatuak ezarri beharko ditu, dirulaguntza publikoen araudian eskatutakoa betetzean iruzurra saihesteko, bai eta finantzaketa bikoitza eta dokumentazioaren faltsutzea eragozteko ere. Era berean, baldintzarik gabe eta erreparorik gabe onartu beharko du Eusko Jaurlaritzak onartutako Iruzurraren aurkako Neurrien Plana. Plan horren xedapenek oso-osorik errespetatuko dute Autonomia Erkidegoko, Estatuko eta Europako araudia iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitzeari, hautemateari eta zuzentzeari dagokionez, bai eta Europar Batasunaren finantza-interesak babesteari buruz erakundeek egiten dituzten erabakien arabera ere.
7.– Azken hartzaileak agindu honen 19. artikuluko betebeharra bete beharko du formalizatzen den modernizazio-soluzioak emateko akordio bakoitzean. Hala, azken hartzaileak bermatu beharko du erabat betetzen dela DNSH – Do Not Significant Harm Printzipioa (ingurumenari kalte esanguratsurik ez eragiteko printzipioa), bai eta etiketatze klimatikoaren (% 0) eta digitalaren (% 100) baldintzak ere, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean, Espainiako suspertze eta erresilientzia planaren ebaluazioa onartzeari buruzko Kontseiluaren Betearazpen Erabakian (Council Implementing Decision – CID), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamenduan eta irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 5. artikulua (HFP/1030/2021 Agindua, irailaren 29koa, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren eta hura garatzeko araudiaren kudeaketa-sistema konfiguratzen duena proiektuak diseinatzeko eta gauzatzeko fase guztietan eta jarduketa bakoitzerako). Nolanahi ere, erakunde onuradunek printzipio hori betetzen dela egiaztatzeko mekanismoak eta hura ezartzen dela ziurtatzeko neurri zuzentzaileak aurreikusiko dituzte, eta horren berri emango dute dirulaguntza justifikatzeko memorian.
Horrela, jarduera-ildo honi eragiten dioten DNSHrako berariazko eskakizunak ekonomia zirkularraren ingurumen-helburuarekin zerikusia dutenak dira, hondakinen prebentzioa eta birziklatzea barne, eta honela zehazten dira:
Produktuen eta ezarritako tresna elektriko eta elektronikoen iraunkortasuna eta konpontzeko, eguneratzeko eta berrerabiltzeko aukera areagotzeko neurriak hartuko dira. Neurri egokiak egokituko dira 2009/125/EE Zuzentarauaren esparruan ezarritako TEEHak berrerabiltzea eta tratatzea errazten duten diseinu ekologikoko baldintzak aplikatzeko, haien balio-bizitza amaitu arte, Tresna elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko 2012/19/EB Zuzentarauak (TEEH) ezartzen dituen jarraibideak aplikatuz.
8.– Europako Batzordeak, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Bulegoak (OLAF), Europako Kontuen Auzitegiak eta Europako Fiskaltzak ezarritako kontrolak onartzea. Horretarako, organo horiei dirulaguntzari buruz behar den informazio guztia emango zaie, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.e) artikuluaren arabera.
9.– Berariazko baimena ematea Europako Batzordeari, OLAFi, Europako Kontuen Auzitegiari eta, hala dagokionean, Europako Fiskaltzari, Finantza Erregelamenduaren 129. artikuluko 1. apartatuan aitortzen zaizkien eskubideak erabil ditzaten, eta suspertze eta erresilientzia planean sartutako erreformak eta inbertsio-proiektuak aplikatzeko neurrietarako ordaindutako funtsen azken jasotzaile guztiak behartzea, edo planaren aplikazioan esku hartzen duten gainerako pertsona edo erakunde guztiak, eta berariazko baimena ematea Batzordeari, OLAFi, Kontuen Auzitegiari eta, hala dagokionean, Europako Fiskaltzari, Finantza Erregelamenduaren 129. artikuluko 1. apartatuan aitortzen zaizkien eskubideak erabil ditzaten, eta antzeko betebeharrak ezartzera funtsen azken hartzaile guztiei.
10.– Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten dokumentuak zaintzea eta gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapen- eta kontrol-jarduketak egin ahal izateko, bost urteko epean edo, finantzaketaren zenbatekoa 60.000 eurokoa edo txikiagoa bada, hiru urteko epean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren 132. artikuluan ezarritakoaren arabera, bai eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamenduaren 22.2.f) artikulua ere.
11.– Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa-sistema eratzen duen irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 9. artikuluak ezartzen dituen komunikazio-betebeharrak betetzea. Bereziki, inbertsioak garatzen dituzten jarduketen informazio- eta komunikazio-neurrietan (informazio-kartelak, plakak, argitalpen inprimatuak eta elektronikoak, ikus-entzunezko materiala, web-orriak, iragarkiak eta prentsako txertaketak, ziurtagiriak, eta abar), honako logo hauek sartu beharko dira: a) Europar Batasunaren ikurra; b) Europar Batasunaren ikurrarekin batera, «Europar Batasuna-Next Generation EU finantzatuta» testua jasoko da. c) 821/2014 Betearazpen Erregelamenduaren II. eranskinean ezarritako arau grafikoak eta kolore normalizatuak hartuko dira kontuan.
12.– Identifikazio-datuak datu-base bakar batean sartzea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamenduaren 22.2.d) artikuluan eta SEEPeren kudeaketa-sistema eratzen duen irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 8. artikuluan adierazitakoaren arabera.
7. artikulua.– Modernizazio-soluzioen hornitzaile atxikiak.
1.– Honako baldintza hauek betetzen dituzten eta urriaren 25eko 902/2022 Errege Dekretuaren 17.6 artikuluan ezarritako prozeduraren bidez programari atxikitzen zaizkion enpresak izan daitezke modernizazio-soluzioen hornitzaile atxikiak:
a) Egoitza fiskala eta diruz lagunduko diren jardueren prestazio-zentroa Europar Batasunean izatea.
b) Atxikitzeko eskabidea aurkeztu aurreko bi urteetan, gutxienez 100.000 euroko fakturazio metatua, edo 50.000 eurokoa aurreko urtean, 19.1 artikuluan diruz lagun daitezkeen jarduerak modernizatzeko adierazitako edozein soluziotan azken hartzaileentzat azken horientzat garatu behar diren proiektuen antzekoetan. Beren kargura langilerik ez duten autonomoen kasuan, gutxienez 70.000 eurokoa izan beharko da fakturazio metatua atxikimendu-eskabidea aurkeztu aurreko bi urteetan, edo 35.000 eurokoa aurreko urtean, 19.1 artikuluan diruz lagun daitezkeen jarduerak modernizatzeko adierazitako edozein soluziotan azken hartzaileentzat garatu behar diren antzeko proiektuetan. Egiaztatzen den fakturazioa Europar Batasuneko merkatukoa izan beharko da.
c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.
d) Krisian dagoen enpresatzat ez hartzea, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2.18 artikuluan xedatutakoaren arabera.
a) letratik d) letrara bitartekoetan aurreikusitako baldintzak betetzen direla egiaztatu beharko da atxikipen-iragarkian zehaztutako moduan eta bitartekoekin.
2.– Modernizazio-soluzioen hornitzaile atxikiek 2. artikuluan aipatzen diren dirulaguntzaren xede diren modernizazio-soluzioak eman ahal izango dituzte.
3.– Modernizazio-soluzioen hornitzaile atxikiek betebehar hauek izango dituzte:
a) Hala eskatuz gero, modernizazio-soluzio bakoitza zer enpresarekin emango duen jakinaraztea, halakorik badago.
b) Komunikazio-ekintzetan, argitalpenetan, web-orrietan edo antzekoetan, laguntza-programa honi atxikita egotearen berri emateko, laguntzak Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren funtsekin finantzatzen direla aipatzea. Plan hori Next Generation EU Europako Planak finantzatzen du, Suspertze eta Erresilientzia Erregelamenduaren 34. artikuluan eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 50. artikuluan ezarritakoaren arabera.
c) Behar den laguntza ematea diruz lagundutako jarduerak behar bezala egin direla egiaztatzeko lanetan, bereziki auditoretzen kasuan.
d) Justifikazioan laguntzea eta horretarako dokumentazioa aurkeztea, urriaren 25eko 902/2022 Errege Dekretuaren 23. artikuluaren eta III. eranskinaren arabera.
e) Agindu honen 2. artikuluan jasotako jarduera diruz lagungarriekin bat ez datozen produktuak eta zerbitzuak ez sustatzea programa honetarako eskuragarri jartzen diren bideen eta bitartekoen bidez, eta azken hartzailea ez baldintzatzea aipatutako jarduketei ez dagokien beste edozein produktu kontrata dezan.
f) Modernizazio-soluzioen hornitzaile izateko atxikimendu-iragarkian jasotako baldintza guztiak betetzea.
g) Egoitza fiskala eta diruz lagunduko diren jardueren prestazio-zentroa Europar Batasunean mantentzea.
h) «Kalte esanguratsurik ez eragiteko» printzipioa betetzea (Do Not Significant Harm DNSH printzipioa), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduan jasota dagoena, formalizatzen den modernizazio-soluzioak emateko akordio bakoitzean.
i) Neurri eraginkorrak eta proportzionalak ezartzea dirulaguntza publikoen araudiak eskatutakoa betetzean iruzurra saihesteko, eta finantzaketa bikoitza eta dokumentazioaren faltsutzea eragozteko.
4.– Modernizazio-soluzioen hornitzaile atxikiek beren borondatez joan ahal izango dute azken hartzaileengana dagozkien laguntzak eskatzera eta kudeatzera. Laguntza-programa honi atxikitzeak berekin dakar enpresei zerbitzuak emateko jardunbide egokiak gauzatzeko konpromisoa.
5.– Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioak horretarako prestatutako erregistroan argitaratuko dira modernizazio-soluzioen hornitzaile atxikiak eta haien zerbitzu-eskaintza. Hona hemen erregistro horren esteka: https://www.mitma.gob.es/ministerio/proyectos-singulares/prtr/listado-proveedores-prtr
6.– Modernizazio-soluzioen hornitzaile atxikiek instrukzio-organoaren kontrol-prozedura bete beharko dute. Kontrol-prozedura horrek urriaren 25eko 902/2022 Errege Dekretuan hornitzaile horientzat ezarritako baldintzak eta betebeharrak bilduko ditu, eta etengabe ezarriko da laguntza-programaren indarraldian. Baldintzaren edo betebeharren bat betetzen ez dela antzemanez gero, baja emango zaie modernizazio-soluzioen hornitzaile atxikiek alta eman dien diruz laguntzeko moduko jarduketei buruzko erreferentzia guztiei, hornitzaile horri hamar eguneko epean entzunaldia eman ondoren, hargatik eragotzi gabe azaroaren 17ko 38/2003 Legea aplikatuz dirulaguntzak itzuli eta zehapenak ezartzea.
7.– Programari atxikitako modernizazio-soluzioen hornitzaileak izaera galdu ahal izango da interesdunak berariaz eskatuta, baldin eta azken hartzaileekin formalizatutako modernizazio-soluzioak emateko akordioen ondorioz egin edo justifikatu gabeko lanik ez badago.
8.– Programari atxikitako modernizazio-soluzioen hornitzaileak alta emanda egongo dira, eta, beraz, modernizazio-soluzioen hornitzaile gisa gaituta, 2. artikuluan definitutako eta I. eranskinean jasotako jarduketa diruz lagundu daitekeen tipologia baterako edo batzuetarako.
9.– Alta-baldintza hori ofizialtzat joko da, baldin eta modernizazio-soluzioen hornitzaile atxikiek eta haren zerbitzu-eskaintzak argitaratzen badute artikulu honen 5. apartatuan aipatzen den erregistroan.
10.– Modernizazio-soluzioen hornitzaile atxikiek Europar Batasunaren subiranotasun digitalaren eta autonomia estrategikoaren helburuak lortzen lagundu beharko dute, bai eta hornidura-katearen segurtasuna bermatzen ere, nazioarteko testuingurua eta soluzioaren parte izan daitekeen edozein osagai edo azpisistema teknologiko sentikor erabilgarri dagoela kontuan hartuta, hala badagokio, Europar Batasunean kokatutako hornitzaileei lotutako ekipamenduak, osagaiak, sistemen integrazioak eta softwarea erosiz.
8. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.
1.– Azken hartzaileentzako laguntzen zenbatekoa agindu honen I. eranskinean ezartzen da, diruz lagun daitezkeen jarduketetarako eta haien tamainaren eta jarduera-motaren arabera.
2.– Azken hartzaile bakoitzak gehienez bi modernizazio-soluzio aukeratu ahal izango ditu I. eranskinean hautagarri gisa ezarritakoen artean, euren tamainaren eta jarduera-motaren arabera.
9. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.
1.– 2. artikuluan araututako jardueretarako dirulaguntzak bateraezinak izango dira diruz lagun daitezkeen kostu berberetarako eman daitezkeen beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin, baldin eta horiek edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatuk emandakoak badira, Espainiakoak zein nazioartekoak.
2.– 2. artikuluan aurreikusitako jarduketetarako dirulaguntzak bateraezinak izango dira Europar Batasuneko beste programa eta tresna batzuetatik datozen eta kostu bera estaltzen duten beste laguntza batzuk jasotzearekin, Suspertze eta Erresilientzia Erregelamenduaren 9. artikulua eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren 191. artikulua aplikatuz.
3.– Bateraezintasun hauek ezartzen dira abenduaren 29ko ETD/1498/2021 Aginduaren bidez araututako Kit Digital Programari dagokionez (agindu horren bidez onartzen dira enpresa txikiak, mikroenpresak eta autoenplegu-egoeran dauden pertsonak digitalizatzeko laguntzak emateko oinarri arautzaileak, Espainia Digitala 2025 Agendaren, 2021-2025 ETEak Digitalizatzeko Planaren eta Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan –Europar Batasunaren Next Generation EU funtsak finantzatua–):
a) 10 langile baino gutxiago dituzten eta digitalizazio-soluzioaren IV. kategoriako Kit Digital Programako laguntzen onuradun izan diren azken hartzaileak. Bezeroen kudeaketa: ezin izango dituzte eskatu 2. artikuluan aurreikusitako modernizazio-soluzioen kategoria hauek:
1.– Kategoria 8: bitarteko elektronikoen bidezko erreklamazioetarako aplikazioak ezartzea.
2.– Kategoria 9: Ticketing-sistemak hobetzea.
b) 10 langile baino gutxiago dituzten eta VI. Digitalizazio Soluzioaren Kategoriari dagozkion Kit Digital Programako laguntzen onuradun izan diren azken hartzaileak. Prozesuak kudeatzea. Ezingo dituzte 2. artikuluan aurreikusitako modernizazio-soluzioen kategoria hauek eskatu:
1.– kategoria 1: Kontrol-dokumentu elektronikoen kudeaketa.
2.– kategoria 3: kontrol-dokumentu elektronikoak kudeaketa-sistemetan integratzea.
3.– kategoria 4: TMS/ERP sistemak ezartzea.
4.– kategoria 5: SAE sistemak ezartzea.
5.– kategoria 6: SAE sistemak eguneratzea.
10. artikulua.– Laguntzak izapidetzea.
1.– Agindu honetan araututako laguntzak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan xedatutakoaren arabera izapidetuko dira.
2.– Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko uztailaren 30eko 16/1987 Legearen 56. artikuluan ezarritakoa betez, agindu honen 5.1.a) artikuluan jasotako baimenen baten titular diren eta eskabidea egiten den egunean indarrean dauden azken hartzaileak behartuta daude komunikazioa bitarteko elektronikoen bidez soilik egitera.
Hala ere, agindu honen 5. artikuluko lehenengo apartatuaren b) eta c) letretan aipatzen diren azken hartzaileak ez dira behartuta egongo bitarteko elektronikoen bidez komunikatzera.
3.– Administrazioarekiko harremana bitarteko elektronikoz izatera behartuta dauden interesdunen ordezkariak ere behartuta daude bitarteko elektronikoen bidez izatera, 39/2015 Legearen 14.2.d) artikuluan jasotakoaren arabera.
Laguntza hauek izapidetzeko baliabide elektronikoak erabiltzeko zehaztapenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/
11. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta epea.
1.– Pertsona fisikoek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Plangintzaren Zuzendaritzara jo beharko dute (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), eta aurrez aurre aurkeztu ahal izango dute eskabidea, Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Arreta Bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan, behar bezala betetako eskabide normalizatuaren bidez. Eskabide-eredua helbide honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1230501
Izapidetzeko jarraibideak eta ereduak eskuragarri dauden administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, zeinaren bidez eskabide elektronikoaren formulariora sartzen baita, aurreko paragrafoan adierazitako web-helbidean dago eskuragarri.
Era berean, eskabidearen osteko izapideak, kanal elektronikoaren bidez, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/
Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
2.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.
3.– Eskabideak aurkeztu diren ordena hertsian erantzungo dira, funtsak agortu arte.
4.– Aurrekontua agortutzat joko da programa honi esleitutako zenbatekoa guztira biltzen duen azken laguntza-eskabidea erregistratzen denean. Esleitutako aurrekontua agortzen bada, eta betiere programen indarraldia amaitu ez bada, behin-behineko erreserba-zerrendan eskabideak erregistratzen jarraitu ahal izango da. Eskabide horiei sarrera-hurrenkeraren arabera erantzungo zaie, baldin eta aurrekontua askatu dezaketen aurretiazko laguntza-eskabideei uko egiten bazaie edo atzera egiten bada. Behin-behineko erreserba-zerrendan eskabide bat aurkezteak ez du inola ere eskubiderik sortuko eskatzailearentzat, eskabidea baliozkotu arte.
5.– Erabilgarri dagoen aurrekontua agortu dela jakinaraziko da, bai EHAAn, bai Interneteko helbide honetan: https://www.euskadi.eus/servicios/1230501
6.– Nolanahi ere, eskabideak aurkezteko azken eguna 2024ko ekainaren 30a izango da.
12. artikulua.– Eskabidean aurkeztu beharreko dokumentazioa, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoan ezarritakoa betetzeko.
Eskabidearekin batera, dokumentazio orokorrari hauek gehituko zaizkio:
a) Onuradunaren eta, hala badagokio, azpikontratisten benetako titulartasunaren identifikazioa. Identifikazio hori egingo da hura Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2015eko maiatzaren 20ko 2015/849 (EB) Zuzentarauaren 3. artikuluko 6. apartatuan definitzen den zentzuan, irailaren 29ko HFP/1031/2021 Aginduaren 10. artikuluak ezartzen duenaren arabera, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamenduaren 22. artikuluarekin lotuta (agindu honen V. eranskina).
Urtarrilaren 24ko HFP/55/2023 Aginduaren 4. artikuluan aipatzen den egiaztapenaren arabera, eskatzaileren baten benetako titulartasunari buruzko daturik ez badago, administrazioak eskatutako datuak 5 egun balioduneko epean aurkezteko eskatuko zaie eskatzaileei. Informazio hori ezarritako epean ematen ez bada, prozeduratik kanpo geratuko da.
b) Erantzukizunpeko adierazpena, «kalte esanguratsurik ez eragiteko» printzipiora egokitzen dela adierazten duena («Do Not Significant Harm – DNSH» printzipioa), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamenduaren 2. artikuluko 6. apartatuan ezarritako zentzuan, eta, hala badagokio, etiketa klimatiko eta digitalari dagokiona, Ministro Kontseiluak 2021eko apirilaren 27an onartutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean aurreikusitakoaren arabera, agindu honen VI. eranskinean jasotako inprimakiaren arabera, erakunde eskatzaileak behar bezala beteta.
c) Interes-gatazkarik ez dagoelako adierazpena (IGEA), agindu honen VII. eranskinean ezarritakoaren arabera.
d) Eusko Jaurlaritzak onartutako Iruzurraren aurkako Neurrien Plana baldintzarik gabe eta erreserbarik gabe onartzen duela dioen adierazpena (2022ko apirilaren 13ko EHAA, 74. zk., Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren apirilaren 6ko 40/2022 Ebazpena betez), agindu honen VIII. eranskinaren arabera.
e) Funtsen erabilera ikuskatzeko eta kontrolatzeko, inplikatutako administrazio publikoen artean datuak lagatzea onartzen duen adierazpena, indarrean dagoen araudiaren arabera (agindu honen IX. eranskina).
13. artikulua.– Azken hartzaileei laguntzak emateko prozedura.
1.– Azken hartzaileek agindu honen 11. artikuluan xedatutakoaren arabera aurkeztuko dituzte eskabideak.
2.– Agindu honetan araututako laguntzak jasotzeko, II. eranskinean jasotzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da, behar bezala betetako eta erakunde eskatzailearen legezko ordezkariak sinatutako eskabide-inprimakiarekin batera.
3.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte laguntza-eskabidea eta horri erantsitako egiaztagiriak. Halaber, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
4.– Dirulaguntzak ematea eta azken hartzaileari «modernizazio-txekea» entregatzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Plangintzaren zuzendariaren ebazpen bidez egingo da, ezarritako baldintzak eta betekizunak eta aurkeztutako dokumentazioa osorik betetzen direla egiaztatu ondoren. Ebazpen horrek ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Administrazio horretako Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari, hilabeteko epean.
Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei, 39/2015 Legearen 40. artikuluan ezarritako moduan, eta sei hilabeteko epean, eskabidea aurkezten den egunetik aurrera. Ebazpenean zehaztuko da eskatutako dirulaguntzak ematen edo ukatzen diren. Ematen badira, erakunde onuraduna eta emandako zenbatekoa adieraziko dira, eta ukatzen badira, ukatzeko arrazoiak.
5.– Aurreko apartatuan ezarritako epean ez bada laguntzak esleitzeko berariazko ebazpenik eman, interesdunek eskabideak ezetsi egin direla ulertu ahal izango dute, administrazio-isiltasuna dela-eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.9 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.
6.– Laguntzak esleitzeko prozedurari amaiera ematen dion ebazpena interesdunei jakinarazteaz gain, onuradunen zerrenda eta emandako zenbatekoak argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Era berean, urtero argitaratuko da Eusko Jaurlaritzaren gardentasunaren atarian onuradunen zerrenda eta eman zaizkien laguntzen zenbatekoa. Hori guztia dagokion dirulaguntzen datu-baseari dagokion informazioa emateari kalterik egin gabe.
7.– Abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuaren 62.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eta kontuan hartuta agindu honetan aurreikusitako laguntzak beste proposamen batzuekiko balorazio konparatiborik behar ez duten jarduketa edo egoera zehatzak finantzatzeko direla, eskabideak aurkeztu diren ordenaren arabera eman ahal izango dira laguntzak emateko ebazpenak, dirulaguntza jaso dezakeen egoera edo jarduketa bat dagoela eta eskatzen diren gainerako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, deialdietan esleitutako aurrekontu-kreditua agortu arte.
8.– Azken hartzaileentzako laguntzak emateko ebazpenetik sortzen den kobrantza-eskubideari «modernizazio-txekea» deritzo, laguntzaren xede diren jarduketei dagokien zenbatekoan. «modernizazio-txekea» ezin izango da gauzatu modernizazio-soluzioen hornitzaile atxikiak, azken hartzailearen izenean eta azken arduraduna izanik, dirulaguntzaren xede den jarduera egin dela justifikatzen duen dokumentazioa aurkeztu eta organo emaileak dirulaguntza justifikatuta dagoela irizten dion arte.
9.– Azken hartzaileak emandako laguntza, «modernizazio-txekea», erabili beharko du 2. artikuluan jasotako eta I. eranskinean zehaztutako modernizazio-soluzioak kontratatzeko, eta, horretarako, modernizazio-soluzioak emateko akordioak formalizatu beharko ditu, 16. artikuluan jasotako baldintzak bete beharko dituztenak, modernizazio-soluzioen hornitzaile atxikiekin.
10.– Ildo horretatik, laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hiru hilabete izango dira azken hartzaileek eta modernizazio-soluzioen hornitzaile atxikiek modernizazio-soluzioak emateko akordioak formalizatzeko. Epe hori igarota, azken hartzaileak galdu egingo du emandako dirulaguntzaren zenbatekoa kobratzeko eskubidea, baldin eta formalizatutako modernizazio-soluzioak emateko akordioei lotuta ez badago.
11.– Modernizazio-soluzioak emateko akordioa formalizatu ondoren, modernizazio-soluzioen hornitzaile atxikiak aukeratutako soluzioaren modernizazio soluzioari ekingo dio. Modernizazio-soluzioen hornitzaileak faktura bakar bat emango dio azken hartzaileari, modernizazio-soluzioak emateko akordioari lotuta kontratatutako modernizazio-soluzioaren guztizko zenbatekoarekin. Fakturak azken hartzaileak ordaindu beharreko zenbatekoaren murrizketa islatuko du, «modernizazio-txekea» delakoan emandako dirulaguntzaren zenbatekoari dagokionez.
12.– Prestazioaren ordainketa azken hartzaileak egingo du, modernizazio-soluzioak emateko akordioari lotutako «modernizazio-txekea» delakoaren zatia hornitzaile atxikiari lagata eta diruz lagundu ezin diren kostuei dagokien zatia ordainduta.
14. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura agindu, izapidetu eta ebazteko organo eskuduna.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Plangintzaren zuzendariari dagokio agindu honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozedura agintzea, izapidetzea eta ebaztea, bat etorriz urriaren 25eko 902/2022 Errege Dekretuan ezarritakoarekin.
15. artikulua.– Agiriak zuzentzea.
Laguntzen instrukzio-organoak ikusten badu eskatzaileak aurkeztutako agiriek ez dituztela agindu honetan eskatutako baldintzak betetzen, hala jakinaraziko dio eskatzaileari, eta hamar egun balioduneko epea emango dio, okerrak zuzen ditzan edo behar diren agiriak aurkez ditzan. Gainera, adieraziko dio, hala egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren araberako ebazpena eman ondoren.
16. artikulua.– Modernizazio-soluzioak emateko akordioak.
1.– Bat etorriz 13. artikuluarekin, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubideaz baliatzeko («modernizazio-txekea»), azken hartzaileak modernizazio-soluzioak emateko akordioak sinatu beharko ditu modernizazio-soluzioen hornitzaile atxikiekin, baldin eta akordio horiek diruz lagundu daitezkeen jardueretarako merkatuan eskuragarri dauden modernizazio-soluzioak eskaintzen badituzte, eta aldez aurretik kontratua sinatu badute.
2.– Modernizazio-soluzioak emateko akordioak III. eranskinean ezarritako ereduaren arabera bete beharko dira.
3.– Azken hartzaileak modernizazio-soluzioak emateko akordioak formalizatu ahal izango ditu hainbat modernizazio-soluzioen hornitzaile atxikirekin, diruz lagun daitekeen jarduketa bakoitzeko bat. Hala ere, azken hartzaileak erabakitzen badu diruz lagun daitezkeen jarduketak egitea modernizazio-soluzioen hornitzaile atxiki bakar batekin hautatutako bi modernizazio-soluzioei dagokienez, biak akordio berean sartu eta aurkeztu ahal izango dira.
4.– Modernizazio-soluzioak emateko akordioak ezarriko du aplikatutako dirulaguntzaren zenbatekoa edo horri lotutako «modernizazio-txekea» delakoaren zatia, bai eta modernizazio-soluzioen hornitzaile atxikiaren eta azken hartzailearen arteko klausulak eta baldintzak ere, emandako dirulaguntzaren esparruan, besteak beste:
a) Azken hartzaileak modernizazio-soluzioen hornitzaile atxikiari lagako dio kobratzeko eskubidea («modernizazio-txekea»), modernizazio-soluzioak emateko akordioari lotutako zenbatekoan.
b) Azken hartzaileak onartu egingo du modernizazio-soluzioen hornitzaile atxikiaren lankidetza laguntza justifikatzeko lanetan, agindu honetan ezarritakoaren arabera, bai eta dirulaguntza honetatik eratortzen diren gainerako kontrol-jardueretan ere.
c) Azken hartzaileak eta modernizazio-soluzioen hornitzaile atxikiak erantzukizunez adieraziko dute konpromisoa hartzen dutela «kalte esanguratsurik ez eragiteko» printzipioa (Do Not Significant Harm DNSH printzipioa), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduan jasotakoa, betetzen dela bermatzeko, urriaren 25eko 902/2022 Errege Dekretuan xedatutakoa betez.
d) Azken hartzaileak modernizazio-soluzioen hornitzaile atxikiari eragindako kostuak ordainduko dizkio, baldin eta lehenengoaren ondorioz kobratzeko eskubidea guztiz edo partzialki galtzen bada.
e) Ez-betetzeak gertatuz gero alderdiek jaso beharreko kalte-ordainak eta gatazkak konpontzeko mekanismoak.
5.– Modernizazio-soluzioak emateko akordio horiek sinatzeko, azken hartzaileak aldez aurretik kontratua formalizatu beharko du modernizazio-soluzioen hornitzaile atxikiarekin, diruz lagundu daitezkeen jarduketetan oinarrituta, hartu nahi duen modernizazio-soluziorako.
6.– Azken hartzaileak, edo bere legezko ordezkariak, eta modernizazio-soluzioen hornitzaile atxikiak elektronikoki sinatu beharko dute modernizazio-soluzioak emateko akordio-proposamena, gaztelaniazko kopia bat ziurtatuz, eta proposamen horretan ezartzen diren baldintzak onartuz.
7.– Modernizazio-soluzioak emateko akordio-proposamena sinatu ondoren, azken hartzaileak organo emailearen esku jarriko du dirulaguntza emateko ebazpena, agindu honekin bat datorrela egiaztatzeko. modernizazio-soluzioak emateko akordioarekin batera, azken hartzaileak akordioa sinatuko duen modernizazio-soluzioen hornitzaile atxikiarekin formalizatu duen aurretiazko kontratua aurkeztu beharko du.
8.– Organo emaileak hamar egun balioduneko epea izango du adostasuna adierazteko. modernizazio-soluzioak emateko erabakiak baliozkoak izango dira, eta dirulaguntza ematen duen organoak ados dagoela adierazten duenean izango dituzte ondorioak. Era berean, azken hartzaileak ez badu aurkeztutako erabakiari buruzko adostasun-adierazpenik jaso ezarritako epean, erabaki hori baliozkoa izango da, eta ondorioak izango ditu. Adostasun-egiaztapena laginketa-tekniken bidez egin ahal izango da.
9.– Ezingo da modernizazio-soluzioak emateko akordiorik formalizatu honako kasu hauetan:
a) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68.2 artikuluaren a), b), d), e), f) eta g) letretan jasotako kasuetan, modernizazio-soluzioen hornitzaile atxikiaren eta azken hartzailearen artean lotura dagoenean, diruz lagundutako jarduera azpikontratatzen den kasuetarako.
b) Modernizazio-soluzioen hornitzaile atxikia eta azken hartzailea enpresa-talde berekoak direnean.
10.– Ez da onartuko modernizazio-soluzioak emateko akordioak aldatzeko proposamenik.
17. artikulua.– Jarraipena, kontrola eta ebaluazioa. Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.
1.– Ezarritako baldintzak bete direla eta agindu honetan araututako laguntzak emateko egintzan aurreikusitako helburuak lortu direla egiaztatzeko, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan eta hura garatzeko erregelamenduaren 72. eta 75. artikuluetan ezarritako prozedurak erabiliko dira, eta abenduaren 30eko 36/2020 Legegintzako Errege Dekretuaren 63. artikuluan eta, hala badagokio, Europar Batasunean aplikatu beharreko araudian aurreikusitako neurri bereziak aplikatuko dira.
2.– Modernizazio-soluzioa eman ondoren, modernizazio-soluzioen hornitzaile atxikiak, azken hartzailearen izenean, egindako ekintzen justifikazioa aurkeztu beharko du, hau da, eskatutako dokumentazioa eta, hala badagokio, zuzenbidean onartutako gainerako frogak, hamabi hilabeteko gehieneko epean, azken hartzaileari dirulaguntza emateko ebazpena ematen den egunetik aurrera.
Horretarako, agindu honen IV. eranskinean ezarritako dokumentazioa aurkeztu beharko da. Jarduera gauzatu dela justifikatzeko aurkezten den dokumentazioak koherentea izan behar du laguntza eskatzeko formularioan emandako informazioarekin, eta aipatutako eranskinean ezarritako gutxieneko edukiak bete behar ditu.
Instrukzio-organoak gehienez sei hilabeteko epea izango du, modernizazio-soluzioen hornitzaile atxikiak justifikazioa aurkezten duenetik aurrera, dirulaguntzaren xede den jarduketa gauzatu dela egiaztatzeko eta, hala badagokio, modernizazio-soluzioen hornitzaile atxikiei «modernizazio-txekea» ordaintzeko.
Salbuespen gisa, artikulu honetan zehaztutako epeak luzatu ahal izango dira, baldin eta jarduketa guztiak 2026ko apirilaren 30a baino lehen justifikatuta badaude, betiere.
Modernizazio-soluzioen hornitzaile atxikiak azken hartzaileari modernizazio-soluzioa eman diola eta eskatutako dokumentazio guztia ezarritako epearen barruan entregatu duela egiaztatu ondoren, modernizazio-soluzioen hornitzaile atxikiari ordaintzeko aginduko da, azken hartzailearekin sinatutako modernizazio-soluzioak emateko akordioari lotutako laguntzari dagokion «modernizazio-txekea» delakoaren zenbatekoan, SEEPeko funtsen jatorria berariaz aipatuz, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioa aipatuz, bai eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismo Europarra ere, horri buruz ezar daitekeenaren arabera.
Era berean, modernizazio-soluzioak emateko akordioari lotutako laguntzari dagokion «modernizazio-txekea» delakoaren zenbatekoak, azken hartzailearekin sinatutakoak, modernizazio-soluzioen hornitzaile atxikiak egindako diruz lagun daitekeen jardueraren kostua gainditzen badu, dirulaguntza diruz lagun daitekeen jarduketaren kostuaren zenbatekoan ordainduko da, fakturetatik, froga-balio baliokidea duten gastuen frogagirietatik eta agindu honen IV. eranskinean eskatzen diren gainerako justifikazio-agirietatik ondorioztatzen den zenbatekoan.
3.– Azken hartzaileak, modernizazio-soluzioen hornitzaile atxikiaren bidez, aurreko apartatuan ezarritako justifikazio-betebeharra betetzen ez badu, ez da «modernizazio-txekea» delakoari dagokion dirulaguntza ordainduko, hura kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da, eta, hala badagokio, dagokion itzulketa-prozedura hasiko da. Laguntzaren ordainketa ezin bada egin azken hartzailearen ez-betetzearen ondorioz, aurreko apartatuan adierazitakoaren arabera, hartzaileak bere gain hartu beharko du sortutako kostuak modernizazio-soluzioen hornitzaile atxikiaren ordaintzeko betebeharra, eta horrela jasota geratuko da modernizazio-soluzioak emateko akordioan.
4.– Tresna juridiko honen bidez osorik edo zati batean Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoko funtsen kargura finantzatutako proiektu edo eragiketei dagokienez, iruzurra, ustelkeria, interes-gatazka edo irregulartasuna eragin dezaketen gertakarien berri duen pertsona orok gertakari horien berri eman ahal izango dio (Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioko langileen kasuan) Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioko Barne Kontroleko Unitateari, bitarteko elektronikoen bidez, Ministerioak bere web-atarian horretarako gaitutako kanalaren bidez, edo, bestela, posta-helbide honen bidez (gutun-azal itxian): Barne Kontroleko Unitatea, Zerbitzuen Ikuskaritzako eta Herritarren Arretarako Zuzendariordetza Nagusia, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioa, Castellana pasealekua 67, 28046 Madril.
5.– Erakunde onuradunek honako hauek onartu beharko dituzte: laguntza eman duen administrazioak egindako egiaztapen-jarduketak, Kontu Hartzailetza Nagusiari dagozkion finantza-kontroleko jarduketak eta Kontu Auzitegiaren legerian aurreikusitakoak, bai eta Europako Erkidegoetako Batzordeak eta Kontuen Auzitegiak, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoak, Auditoretza Bulego Nazionalak eta, hala badagokio, Europako Fiskaltzak egin ditzaketenak ere bai.
6.– Nolanahi ere, oinarri hauetan araututako dirulaguntzak Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planerako ezartzen diren jarraipen, kontrol eta ebaluazioaren mende egongo dira, bai eta informazioari eta publikotasunari, kontrolari, egiaztapenari, jarraipenari eta ebaluazioari buruzko betebehar espezifikoen mende ere, eta EBko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismorako ezartzen diren eta nahitaez aplikatu behar diren barne-araudiak eta Europar Batasunak ezarritako gainerako betebeharren mende.
7.– Bereziki, Administrazio-emaileek datuen kategoria harmonizatuak eskatuko dituzte, formatu elektronikoan, Suspertze eta Erresilientzia Planaren esparruan erreformak eta inbertsio-proiektuak gauzatzeko neurriekin lotutako funtsen erabileraren auditoretza- eta kontrol-ondorioetarako, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamenduaren 22.2.d) artikuluan zehaztutakoari jarraikiz.
8.– Erakunde onuradunek frogagiriak eta finantzaketari buruzko gainerako agiriak gorde beharko dituzte, formatu elektronikoan, eragiketa egiten denetik bost urtez, edo, dirulaguntzaren zenbatekoa 60.000 eurotik beherakoa bada, hiru urtez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren («Finantza Erregelamendua») 132. artikuluan. ezarritako baldintzetan.
18. artikulua.– Dirulaguntzak itzultzea.
1.– Agindu honetan, urriaren 25eko 902/2022 Errege Dekretuan, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betekizunak eta betebeharrak, bai eta, hala badagokio, dirulaguntzaren emate ebazpenean ezarri diren baldintza bereziak ere, betetzen ez badira, jasotako laguntzak eta dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko dira, dagokion itzulketa-prozedura egin ondoren, edo baliatu gabeko kobrantzarako eskubidea galduko da, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen I. kapituluko II. tituluan xedatutakoaren arabera.
2.– Agindu honen ondorioetarako, laguntza eman zeneko helburuak ez direla bete ulertuko da honako kasu hauetan:
a) Laguntza edo dirulaguntza lortzea horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe.
b) Emandako laguntza agindu honetan zehaztutakoez bestelako jardueretarako erabiltzea.
c) Modernizazio-soluzioen hornitzaile atxikiek modernizazio-soluzioak emateko akordioetan ezarritako soluzioak, produktuen entregak edo zerbitzuak I. eranskinean ezarritako baldintzen arabera ez instalatzea.
d) Finantzatutako jarduerak egin izanaren justifikazioa agindu honetan ezarritako epean ez aurkeztea.
e) Ingurumenari «kalte esanguratsurik ez eragiteko» printzipioa (Do Not Significant Harm DNSH printzipioa) ez betetzea.
f) Agindu honetan eta aplikatzekoa den araudian ezarritako kontrol-jarduketei uko egitea edo oztopoak jartzea.
3.– Azken hartzaile batek modernizazio-soluzioak emateko akordio bat baino gehiago formalizatu baditu, horietako bat ez egitea ez-betetze partzialtzat hartuko da.
4.– Ez-betetze partzialen kasuan, itzuli beharko den zenbatekoa proportzionaltasun-printzipioa aplikatuz zehaztuko da, eta kontuan hartuko da betetze-maila guztizko betetzera nabarmen hurbiltzen dela eta azken hartzaileek beren konpromisoak betetzeko joera argia dutela egiaztatzen dutela. Publikotasunaren arloko betebeharrak ez betetzeak eragindako ez-betetze partzialaren kasuan, agindu honen 20. artikuluan ezarritakoaren arabera, itzuli beharreko zenbatekoa emandako laguntzaren ehuneko hamarrekoa izango da.
5.– DNSH printzipioa, klima-etiketatzea edo agindu honen 19. artikuluan jasotako baldintzak betetzen ez badira, onuradunak itzuli egin beharko ditu ordura arte jasotako zenbatekoak, 698/1991 Dekretuan ezarritako moduan (698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).
19. artikulua.– Kalte esanguratsurik ez eragiteko printzipioa.
1.– Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Erregelamenduan eta hura garatzeko araudian xedatutakoa betez, bereziki «kalte esanguratsurik ez eragiteko» printzipioa aplikatzeari buruzko Gida Batzorde Teknikoaren Komunikazioa (2021/C 58/01), bat etorriz Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren (CID) ebaluazioa onartzeari buruzko Kontseiluaren Betearazpen Erabakian eta haren dokumentu erantsian eskatutakoarekin, bai eta Akordio Operatiboei buruzko Erabakian ere, azken hartzaileak eta modernizazio-soluzioen hornitzaileak, laguntza-programa hau betetzeko egiten diren jarduketa guztietan ingurumenari kalte esanguratsurik ez eragiteko printzipioa errespetatuz (DNSH printzipioa ingeleseko sigletan, «Do Not Significant Harm»). Zehazki, Planaren baldintza espezifikoak errespetatuko dira ekonomia zirkular baterako trantsizioa egiteko jarduera-ildo honetarako: neurriak hartuko dira ezarritako produktuak, tresna elektrikoak eta elektronikoak konpontzeko, eguneratzeko eta berrerabiltzeko aukeren iraunkortasuna areagotzeko. Neurri egokiak hartzen dira 2009/125/EE Zuzentarauaren esparruan ezarritako diseinu ekologikoko baldintzak aplikatzeko, TEEHak berrerabiltzea eta tratatzea barne, haien balio-bizitza amaitu arte, tresna elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko 2012/19/EB Zuzentarauak (TEEH) ezartzen dituen jarraibideak aplikatuz.
2.– Horretarako, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduan jasotako «kalte esanguratsurik ez eragiteko» printzipioa (Do Not Significant Harm DNSH printzipioa) ingurumen-helburu bakoitzerako betetzen dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute azken hartzaileek eta modernizazio-soluzioen hornitzaile atxikiek, baita aplikatzekoa den ingurumen-legeria betetzen dela adierazi ere. Adierazpen horrek modernizazio-soluzioak emateko akordioen zati bat formalizatuko du, agindu honen 16. artikuluan ezarritakoaren arabera.
3.– Nolanahi ere, ingurumen-ebaluazioko prozedurak errespetatuko dira, indarrean dagoen legeriaren arabera aplikagarriak direnean, bai eta ingurumen-legeriaren arabera aplikagarriak izan daitezkeen eraginen beste ebaluazio batzuk ere.
20. artikulua.– Publikotasuna.
1.– Agindu honen bidez araututako laguntzen xede den jarduerari buruzko aipamen orok (argitalpenetan, hedapen-jardueretan, web-orrietan eta, oro har, edozein hedabidetan) Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa erregelamenduaren 34. artikuluan ezarritakoa bete beharko du, bai eta SEEPeren irudi-eskuliburuan eta, hala badagokio, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioak onartzen duen eskuliburuan agertzen diren betekizunak ere. SEEPeri eta Europako funtsei lotutako proiektuen komunikazio-, publikotasun- eta hedapen-betebeharrak bete beharko dituzte Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren funtsak erabakitzen eta betearazten dituzten erakundeek, bai eta, agindu hau aplikatuz, onuradun, azken hartzaile edo modernizazio-soluzioen hornitzaile atxikiak direnek ere. Honako webgune honetan kontsultatu ahal izango dira:
Aurrekoa gorabehera, jarduketa SEEPeko funtsen bidez finantzatu dela eta Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioak kudeatu duela aipatu beharko da, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 18.4 artikuluan aurreikusitako baldintzetan.
2.– Laguntzen azken hartzaileak publikoari jakinaraziko dio Europako funtsetatik lortutako laguntza, eta eragiketaren deskribapen labur bat egingo du bere webgunean, halakorik badu, emandako laguntza-mailaren proportzioan, helburuak eta emaitzak adierazita, eta Europar Batasunaren finantza-laguntza nabarmenduta.
3.– Modernizazio-soluzioen hornitzaile atxikiak ematen dituen modernizazio-soluzioen berri emango dio jendeari, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana argi eta garbi aipatuz.
4.– Nolanahi ere, azken hartzaileek eman behar duten informazioaren formari eta edukiari buruz eman daitekeen edozein jarraibide bete beharko dute.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Iruzurraren, ustelkeriaren eta interes-gatazken arriskua prebenitzeari dagokionez:
1.– Balizko onuradunak hautatzeko prozesuan edo baldintzak betetzen direla egiaztatzeko prozesuetan parte hartzen duten pertsonek adierazi beharko dute ezagutzen eta onartzen dituztela, inolako erreparorik gabe, «Iruzurraren aurkako betekizunak, interes-gatazka, finantzaketa bikoitza eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko eskatzen diren estatu-laguntzak eta ingurumenari kalte ez-esanguratsua egiteko laguntzak estaltzeko neurrien plana» (Gobernu Kontseiluaren 2022ko martxoaren 29ko Erabakiaren bidez onartu zen plan hori). Nolanahi ere, iruzurraren aurkako neurrien plana ezagutu eta onartu beharko dute dirulaguntza emateko eskumena duen organoaren arduradunak, dirulaguntzaren oinarriak eta/edo deialdia idazten dituzten langileek, bai eta eskabideak ebaluatzen dituzten adituek eta batzordeko kideek ere, jarduketa horietan Administrazioari laguntzen eta aholkuak ematen dioten erakunde pribatuetako pertsona fisiko guztiak barne.
2.– Urtarrilaren 24ko HFP/55/2023 Aginduan adierazitako ondorioetarako, bertan ezarritako prozedurak aplikatuko dira.
Gainera, agindu hori betetzeko, dirulaguntzak emateko organo eskudunak eta eskabideak baloratzeko kide anitzeko organoetako kideek, eskabideak baloratzeko eta laguntzak emateko ebazpenak emateko fasean, agindu horrek arautzen duen interes bereziko gatazkarik ez dagoela adierazten duen adierazpena sinatu beharko dute (VII. eranskina). Gainera, eragiketaren arduradunak balizko interes-gatazka egiaztatzeko prozesua egin beharko du, HFP/55/2023 Aginduaren 4. artikuluan xedatutakoaren arabera. Prozesu horren ondorioz bandera beltz bat edo batzuk detektatu badira, HFP/55/2023 Aginduaren 7. artikuluan xedatutako prozedurari jarraitu beharko diote. Horretarako, eskatzaileei benetako titulartasunari buruzko informazioa 5 egun balioduneko epean aurkezteko eskatu beharko diete, ezarritako epean aurkeztu ezean, prozeduratik kanpo geratuko dira.
3.– Aurreko apartatuetan aipatutako pertsonek Interes Gatazkarik Ezaren Deklarazioa (IGED) beteko dute, oinarri hauei VII. eranskin gisa erantsi zaien ereduaren arabera, kontuan hartuta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren («Finantza Erregelamendua») 61.3 artikuluan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan ezarritakoa.
4.– Interes-gatazka eragin dezakeen arrazoiren bat duten agintariek eta langileek ez dute esku hartuko ukitutako prozeduretan. Interes-gatazka bat egoteko aukera aztertzen denean, eragindako pertsonak idatziz jakinaraziko dio egoera hierarkian gorago dagoenari, eta kasuan kasuko zerbitzu juridikoek txosten bat egingo dute, kasuan kasuko erabakia hartzeko. Hargatik eragotzi gabe HFP/55/2023 Aginduan ezarritako kasu zehatzetarako ezartzen den prozedura berezia.
5.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, bere kabuz edo IGAErekin lankidetzan (III. maila), auditoretza espezifikoak egin ahal izango ditu, interes-gatazkak prebenitzeko, detektatzeko eta zuzentzeko neurri egokiak dauden jakiteko.
6.– Behin interes-gatazka bat antzemanda, kasu bakoitzean aplikatu beharreko legezko arauen eta barne-erregelamenduen araberako neurriak hartuko dira. Era berean, interes-gatazkari publikotasuna eman beharko zaio beti, gardentasun-printzipioa betetze aldera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Agindu hau errekurritzeko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da kontatzen.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko martxoaren 24a.
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.