76. zk., 2023ko apirilaren 21a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (293 KB - 9 orri.)
- EPUB (500 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1918
AGINDUA, 2023ko apirilaren 18koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez 2023ko deialdia egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoko Arabako Lurralde Historikoan kokatutako Errioxa jatorri-deitura kalifikatuko mahastien uzta berderako laguntzak emateko.
2022a urte zaila izan da Errioxa jatorri-deitura kalifikatuaren testuinguruan babestutako ardoa merkaturatzeko. Estatuko merkatuaren agortze-zantzuak sumatzen hasi dira, eta horri herrialde jakin batzuetara esportatzeko zailtasuna gehitu behar zaio, Txinara eta Erresuma Batura batez ere.
Ardo Merkatuaren Espainiako Behatokiak (OeMv) aztertutako datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegotik egindako ardo-esportazioak % 12,7 jaitsi ziren, bolumenari dagokionez, 2022ko lehen 10 hilabeteetan (urrian metatutako aldia); 38,7 milioi litro guztira. Azken 10 urteetako aldi horretan merkaturatutako ardo kantitaterik txikiena da.
Erresuma Baturako esportazioak izandako beherakada handiak markatu du jaitsiera osoa, baina lehen helmuga da oraindik bolumenari dagokionez; gutxiago izan zen, halaber, Suitza, Alemania edo Norvegian saldutakoa. Hala ere, nabarmentzekoa da Estatu Batuetarako esportazioek izandako gorakada itzela; horri esker lehen merkatua da balioari dagokionez, % 60tik gora hazi baita, eta Erresuma Batua gainditu du.
Munduko ardo-merkataritza oso erritmo onean suspertu zen COVID-19aren pandemiaren ondoren, eta errekor historikoak erdietsi zituen 2021ean. Halere, 2022. urtean ziurgabetasuna izan da nagusi (Errusiak Ukraina militarki inbaditu izana, urte-hasierako horniduren eta materialen krisia, eta energiaren eta erregaien garestitze handia zirela eta). Inflazio global handia dugu faktore horien ondorioz. Nazioarteko ardo-merkataritza bolumena galtzen ari da.
Horiek horrela, eta 2023ko aurreikuspenei dagokienez dagoen ziurgabetasuna aintzat hartuta, jarrera kontserbadorea gomendatzen da uztako ekoizpenari dagokionez, nola landan, hala upeltegian. Horregatik, hain zuzen ere, eskatu zion Eusko Jaurlaritzak, 2023ko urtarrilaren 31n, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Fruta eta Barazki eta Mahastizaintza eta Ardogintza Zuzendariordetza Nagusiari berdean uztatzeko neurria aktibatzeko, azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren 76. artikuluari jarraikiz, 2019-2023ko PASVEren esparruan.
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Nekazaritzako Ekoizpen eta Merkatuen Zuzendaritza Nagusiaren 2023ko otsailaren 10eko Ebazpenak uzta berdea abian jartzeko aurrekontua ezarri du Mahastizaintza eta Ardogintza Sektoreari Laguntzeko Programan.
Uzta berdearen neurria mahastizaintza eta ardogintzaren merkatuan eskaintzaren eta eskariaren arteko oreka lortzeko neurri bat da. Horretarako, mahats-mordoak guztiz suntsitu edo deuseztatu egiten dituzte, oraindik heldugabe daudenean, uzta murriztea erdieste aldera; alegia, mahasti-azalera jakin batzuen errendimendua hutsera murrizten dute.
Uzta berdeari dagokionez, 2023ko urriaren 15era arte, oraindik aplikatu behar da, 905/2022 Errege Dekretuaren xedapen indargabetzaile bakarrean ezarritakoari jarraikiz, azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretua (Espainiako mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreari 2019-2023 aldirako laguntza-programako neurriak aplikatzekoa). Hori guztia, nahiz eta duela gutxi 2023-2027 aldirako Nekazaritza Politika Bateratu berria onartu den, bai eta, Espainian, aipatutako urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretua, zeinaren bidez Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan Mahastizaintza eta Ardogintzaren Sektoreko Esku-hartzea arautzen baita, onartu den. Zehazki, uzta berderako laguntza azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuaren II. kapituluaren 5. atalean arautzen da, 2013ko abenduaren 17ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 47. artikuluan ezarritakoarekin bat, zeinaren bidez nekazaritza-produktuen merkatuen antolaketa bateratua sortzen baita, eta 922/72 EEE, 234/79 EEE, 1037/2001 EE eta 1234/2007 EE Erregelamenduak indargabetzen baitira.
Era berean, laguntza horiei honako hauek aplikatu behar zaizkie: 2016/1149 (EB) Erregelamendu Eskuordetua, Batzordearena, 2016ko apirilaren 15ekoa, zeinak, mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko programa nazionalei dagokienez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 (EB) Erregelamendua osatzen baitu eta Batzordearen 555/2008 (EE) Erregelamendua aldatzen baitu; 2016/1150 (EB) Exekuzio Erregelamendua, Batzordearena, 2016ko apirilaren 15ekoa, zeinak, mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko programa nazionalei dagokienez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen baititu; 2018/1046 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, interes-gatazkari eta iruzurraren prebentzioari dagokienez Batasunaren aurrekontu orokorrari aplikatu beharreko finantza-arauei buruzkoa; maiatzaren 7ko 5/2004 Legea, Mahastizaintza eta Ardogintza Antolatzekoa; eta 275/2020 Dekretua, abenduaren 9koa, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuen erakunde ordaintzailearen antolakuntza eta funtzionamendu-araubidea Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzekoa. Era berean, uzta berderako laguntzak xedapen hauetan ezarritakoaren mende egongo dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudia, eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.
Agindu honen bidez deitzen diren uzta berderako laguntzak bat datoz Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2021., 2022. eta 2023. urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren helburuekin, mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko Europako Erkidegoaren neurriei dagokienez.
Eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearekin bat etorriz (lege horren 26.4 artikuluaren arabera, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenei kalterik egin gabe, sailburuek beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskudantzia izango dute).
Hori dela bide, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
Onartzea, 2023. urterako, Euskal Autonomia Erkidegoko Arabako Lurralde Historikoan kokatutako Errioxa jatorri-deitura kalifikatuko mahastien uzta berdeko eragiketarako Europako laguntza-neurriaren deialdiaren oinarriak eta laguntzen deialdia bera, 2019-2023 PASVEren esparruan.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Ezinbesteko kasuak eta salbuespenezko inguruabarrak.
Agindu honetan aurreikusten diren ondoreetarako, ezinbesteko kasuak eta salbuespenezko inguruabarrak daudela aitortu ahal izango da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, bai eta onuradunari egotzi ezin zaizkion beste arrazoi batzuk alegatzen diren kasuetan ere, ukaezina den froga dokumental bat aurkezten bada eta Arabako lurralde historikoko organo kudeatzaileak berariazko ebazpen bidez onargarritzat jotzen baditu.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Interes-gatazka eta iruzurraren prebentzioa.
Kudeaketan zuzenean, zeharka eta modu partekatuan aurrekontua gauzatzen parte hartzen duten finantza-eragile guztiek –horri buruzko prestakuntza-ekintzak, auditoretza edo kontrola barne hartuta–, interes-gatazkarik ez dagoela adierazteko funtzionarioentzako eredu bat sinatu beharko dute.
Halaber, interes-gatazkarako arriskua dagoenean, pertsona horrek hierarkian gorago dagoen pertsonari helaraziko dio gaia, eta hark idatziz berretsiko du interes-gatazkarik dagoen ala ez. Erantzuna baiezkoa bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzaileak zainduko du dena delako pertsonak laguntza-deialdi honen inguruko jarduera oro bertan behera uzten duela.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko apirilaren 18a.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.