Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

41. zk., 2023ko otsailaren 28a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1087

EBAZPENA, 2023ko otsailaren 6koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita 1. HJE – «Alde zaharra» (1.5 ZJ: Kale Nagusia 39) eremuari lotutako Andoaingo (Gipuzkoa) HAPOren aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2022ko azaroaren 10ean, Andoaingo Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, 1. HJE – «Alde zaharra» 1.5 ZJ: Kale Nagusia 39 (aurrerantzean, Plana) eremuari lotutako Andoaingo HAPOren aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa egin zedin, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2022ko abenduaren 1ean, eragindako administrazio publikoekin eta interesdunekin. Jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Andoaingo Udalari jakinarazi zitzaion abiarazi egin zela prozedura.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri jarri zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, horretan interesa zuen orok aukera izan zezan ingurumen-arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Erantzuteko legezko epea amaituta eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluaren arabera.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta haien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, hauek zehazteko: ingurumen-eragin esanguratsurik ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin esanguratsua izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, aipatu legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideei jarraikiz eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura xedatutakoa betez, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatzeko eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Formulatzea 1. HJE – «Alde zaharra» (1.5 ZJ: Kale Nagusia 39) eremuari lotutako Andoaingo HAPOren aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskripzioa: helburuak eta jarduketak.

Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aldaketa puntualaren helburua da 1. HJE – «Alde zaharra» eremuari dagokion «1.5 ZJ: Kale Nagusia 39» izeneko zuzkidura-jarduketaren araudi partikularra aldatzea. Hala ere, HAPOren aldaketa horren ondorioz, 39 zenbakiko eraikina ez ezik, kale horretako 37 eta 35 zenbakiko eraikin mugakideak ere 1.5 ZJ zuzkidura-jarduketan sartuko dira, eta, horrenbestez, aldaketa egin eta gero, «1.5 ZJ: Kale Nagusia 35, 37 eta 39» izena hartuko du.

Hiru eraikin horiek (35, 37 eta 39 zenbakikoak) kale horretan aurrez aurre dauden gainerako eraikin mugakideetara (IV+I) egokitzea eta erregularizatzea aurreikusten du aldaketak, altuerari eta profilari dagokienez. Horrek eraikigarritasuna areagotzea dakar. Horrez gain, 37 zenbakiko lurzatiak lursail elkartua duenez, 250 m2 inguruko azalerakoa, HAPOren aldaketak aukera bat ekarriko luke eraikin horien atzeko fatxadaren mugakide den hiri-espazioa berroneratzeko, Kale Nagusia Atzealdea izeneko kalezuloko zaku-hondoa.

Eremuaren azalera 545,60 m2-koa izatera pasatuko litzateke, eta, lehendik dauden eraikinak eraitsi ondoren, proposatutako eraikigarritasun berria 1.122 m2(t)-koa da sestra gainean; horietatik 972 m2(t) etxebizitzari dagozkio (hiru bizitegi-solairutan banatuta, bakoitza hiru etxebizitzakoa) eta 150 m2(t) erabilera tertziarioari (beheko solairua); eta 350 m2(t) sestrapean erdisotoan (erabilera osagarriak: garajeak, trastelekuak, etab.). Aldaketaren ondorioz, eraikigarritasuna 326,49 m2(t) gehituko da, aurretik gauzatutako eraikigarritasuna 795,51 m2(t) izanik. Eraikigarritasuna areagotze horren justifikazioa behar bezala jasota dago ingurumen-dokumentu estrategikoan.

Ingurumen-dokumentu estrategikoak (IDE) 0 aukera, edo ez jardutekoa, eta 1. eta 2. aukerak biltzen ditu (Aldaketaren Memorian «2. aukera» eta «3. aukera» gisa identifikatuta).

Indarrean dagoen araudi partikularrak edo 0 aukerak – edo ez jardutekoak–, gaur egun, 39 zenbakian dagoen eraikinaren ordez (66 m2-ko guztizko azalera eraikia duen beheko solairu bakar batean garatua) beste bat jartzea planteatzen zuen. Eraikin horrek eraikigarritasun berria izango luke, honela banatuta: 290 m2(t), sestra gainean, IV solairuko gehieneko profilerako eta sestra azpiko % 50eko eraikigarritasuna, II solairuko gehieneko profilerako. Indarrean dagoen 1.5 ZJ-ren eremuaren azalera da 0 aukeraren arazo nagusia; izan ere, ez du ahalbidetzen etxebizitzaren batez besteko tamaina (75 m2(t)/etxebizitza) betetzea, ez eta HAPOn proposatutako etxebizitzaren gutxieneko azalera erabilgarria (40 m2(t) betetzea ere. Era berean, ez die erantzuten eraikinen atzealdea berriro urbanizatzeko eta birgaitzeko premiei. Horrez gain, sotoko bi solairu egitea aurreikusten du, eta kontuan izan behar da eremu horrek baldintzatzaile bat duela: 500 urteko errepikatze-denborari dagozkion uholdeek partzialki eragiten diote. Horregatik guztiagatik, aukera hori baztertu da.

1. aukerak, 2. aukerak bezala, planteatzen du 35 eta 37 zenbakiei dagozkien higiezinak sartzea 1.5 ZJ-n, bai eta 37 zenbakiari lotutako lursaila ere. Hala ere, aukera horretan V+I profila planteatzen da. Profil hori, iparraldean mugakide den eraikinari dagokionarekin bat etorri arren (33 zk.), ez dator bat mugakide den hegoaldeko eraikinarekin, ez eta kalea (Kale Nagusia) osatzen duten eta aurrez aurre dituen gainerako eraikinen batez besteko profilarekin ere; beraz, bolumetria neurriz kanpokoa da.

2. aukerak, aukeratutakoak (Aldaketaren Memorian «3. aukera» gisa identifikatua), aurrekoarekin partekatzen du jarduketa-eremua, nahiz eta, kasu horretan, eraikuntza-profilaren osaera IV+I den. Horrela, eta Kale Nagusiak duen malda kontuan hartuta, ondoz ondoko eraikinen mailaketa bat dago, eta, horren ondorioz, multzo bolumetriko harmonikoa eta paisaian hobeto integratua lortzen da. 1. aukeran bezala, sestra azpian erdisotoko 390 m2-ko solairu bat proposatzen da, garaje-erabilera edo eraikinaren erabilera osagarria izan lezakeena.

Ingurumenaren ikuspegitik, bi aukera horiek antzeko ondorioak izango lituzkete, lurzoruaren okupazioa antzekoa izango litzatekeelako eta garapena lehendik dauden azpiegitura, sare eta zerbitzu publiko orokorretan oinarritzen delako. 1. eta 2. aukeren arteko alde nagusia eraikigarritasun berriaren altuera eta profila egokitzea eta erregularizatzea da (txikiagoa, hautatutako 2. aukeran).

B) Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluaren arabera, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion edo ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:

a) Planak proiektuetarako esparrua ezartzen duen neurria: proposatutako planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legerian zerrendatutako kategorietakoren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak beste plan edo programa batzuetan nolako eragina duen, hierarkizatuta daudenak barne: Plana garatzeko proposatu diren jarduketak eta aurkeztu den dokumentazioa aztertuta, ez da detektatu ingurumen-eragin nabarmenik, ez eta beste plan edo programa batzuekiko bateraezintasunik ere.

c) Planaren egokitasuna ingurumenaren arloko alderdiak integratzeari dagokionez, bereziki, garapen jasangarriaren sustapena: Plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko ingurumen-alderdiak integratzeari dagokionez. Planaren eremua hiri-lurzoru finkatua da, eta, beraz, Planak ez dakar berekin lurzoru natural berriak erabiltzea; gainera, aurreikusitako garapenean energia-aurrezpena eta efizientzia indartzeko neurriak sar daitezke.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: aurreko puntuetan adierazitakoari jarraituz eta aintzat hartuta bai eremuaren ingurumen-ezaugarriak bai Planaren irismena, ez da detektatu Plana gauzatuz gero ingurumen-arazo esanguratsurik egongo litzatekeenik, betiere, besteak beste, uholde-arriskuari, ingurumenari, kultura-ondareari, segurtasun eta osasunari, lurzoru kutsatuei, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira eremuarekin lotutako jarduketak.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak:

Aldez aurretik eraldatutako eta urbanizatutako lurzoru-eremua da, non egun dauden hiru eraikinak eraistea eta haien ordez beste eraikin bat egitea planteatzen baita.

Jarduketa-eremuak 545,60 m2 inguruko azalera du, eta Kale Nagusian dago, Andoaingo Alde Zaharrean, Oria ibaiaren eskuineko ertzean. Eremua 45 eta 50 metro arteko altitudean dago itsas mailatik gora, eta 5 metroko desnibela du Kale Nagusiaren eta Kale Nagusiaren atzealdearen (Kale Nagusia Atzekaldea) artean. Azterketa-eremuaren topografia erregularra da, eta kaleak inklinazio apur bat du eremuaren hegoalderantz.

Hidrologiari dagokionez, Oria ibaiaren ibilgu nagusia eremuaren mendebaldeen dagoen aldetik 30-40 metrora dago, eta Leitzaran ibaia ere –Oria ibaiaren ibaiadarra– oso hurbil dago, 100 bat metrora.

Eremuko berdeguneetan dagoen landarediari dagokionez, ekialdean harrizko horma bat mugakide duen baratze abandonatu bat, toki antropizatuetako berezko landaredia da. Landaredi nagusia belarkara (gramineoak), zuhaixka-erakoa (Rubus sp, Ligustrum vulgare) eta igokaria (Hedera helix) da. Halaber, tamaina handiagoko beste landare batzuk ere badaude: Sambucus nigra, Ficus carica eta Fraxinus excelsior. Oro har, balio ekologiko txikiko landaredia da.

Lurzoruaren artifizializazio-maila dela eta, ez da aurreikusten erabiliko dutenik, Andoaingo alde zaharraren erdian, Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan katalogatutako eta eremuaren kokalekuan dagoen UTM 30TWN78 (10x10 km) laukitxorako bildutako 23 fauna-espezieek.

Oria ibaia eta haren adar Leitzaran ibaia bisoi europarraren (Mustela lutreola) Lehentasunezko Banaketa-eremu gisa daude sailkatuta. Espezie horrek, galzorian dagoenak, kudeaketa-plana du, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Mustela lutreola bisoi europarraren (Linnaeus, 1761) kudeaketa plana onartzen duen 2004ko maiatzaren 12ko Foru Aginduaren bidez onartua. Arau horretan, bisoi europarrarentzako interes bereziko gunetzat jotzen da Leitzaran ibaia, haren Gipuzkoako ibilbide osoan. Hala ere, ez da aldaketarik aurreikusten Oria ibaiaren eta haren ibaiadarraren ingurumen-kondizioetan, eremuko hondakin-urak ez baitira ibai-sarera isurtzen.

Planaren xede den eremuan ez dago ez naturagune babesturik, ez EAEko bilbe berdeko korridore ekologikorik, ez interes geologikoko lekurik. Halaber, ez dago jasota beste katalogo batzuetan (EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekian, ezta Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako natura-intereseko guneen zerrendan ere). Eremutik hurbil daude Oria eta Leitzaran ibaietako ur-ibilguak, EAEko korridore ekologikoen sarekoak biak ala biak, eta «bilbe urdin» gisa identifikatzen dira.

Kultura-ondareari dagokionez, nabarmendu behar da Donejakue bidea, zehazki, «Barnealdeko bidea», Kale Nagusitik igarotzen dela Andoain udalerrian. Donejakue bidea, urtarrilaren 25eko 14/2000 Dekretuaren bidez, kultura-ondasun sailkatu zuen Eusko Jaurlaritzak, «monumentu multzo» kategoriarekin. Gerora, beste aitorpen berri baten xede izan zen Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue bidearen zatia monumentu multzoa kategoriako kultur ondasun sailkatua izendatzeko urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretuaren bidez, eta aldaketa egin zitzaion maiatzaren 24ko 66/2022 Dekretuaren bidez, zeinaren bidez aldatzen baita Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue bidearen zatia monumentu multzo kategoriako kultur ondasun sailkatu izendatzen duen Dekretua. Eremu horiei aplikatu beharreko araubidea 15. artikuluan jasotzen da, ibilbidea hiri-lurzoruan zehar igarotzen delako. Dekretuaz gain, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak kultura-ondare higiezinaren babes-kategoriak ezartzen ditu, eta Donejakue bidea «monumentu multzo» kategorian sartzen du ondasun higiezin gisa.

Zaratari dagokionez, 1. HJE «Alde zaharra» (1.5 ZJ) eremuari lotutako HAPOren aldaketa puntualerako azterlan akustikoari buruzko agiriaren arabera, kanpoko zaratari buruz lortutako emaitzek adierazten dute gaur egungo eta etorkizuneko egoera egokitzat jo daitekeela aztertutako hiru aldietarako, eta eremurako ezarritako kalitate akustikoko helburuak ez direla gainditzen. Fatxadako zarataren kasuan, gainditze txikiak gertatzen dira gauez mendebaldeko eta ipar-mendebaldeko fatxadaren goialdean, N-I errepidearen zirkulazioa dela eta. Gainditze horiei soluzioa emateko, fatxadako isolamenduaren bidezko neurri zuzentzailea zehazten da.

Eremuaren ekialdeko mugatik gertu partzialki lurperatuta dagoen trenbide-lineatik nagusiki eratorritako lurzatiaren bibrazio-mailen azterketak erakusten du lursailaren kotan erregistratutako bibrazio-maila handiena (60,5 dBA), neurketa-puntuaren pasabideetan lortutakoa, 213/2012 Dekretuan eraikinen barnealdeari aplikatu beharreko kalitate akustikoko helburuetarako ezarritako muga (75 dBA) baino txikiagoa dela.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, Andoaingo hirigunetik igarotzen den Oria ibaiaren zatia Uholde Arrisku Handiko Eremu (UAHE) izendatu da –«Andoain (ES017-GIP-15-3)» gisa identifikatua– eta 2. taldeko Uholde Arrisku Handiko Eremuen artean dago («Arrisku handiko UAHE, zeinaren egiturazko babesari nolabaiteko azkartasunez heldu behar baitzaio»). Uholde-emariek ibilgu nagusiaren edukiera gainditzearekin lotuta dago gainezkatzearen kausa.

Eremuaren mendebaldea ur-masaren lehentasunezko fluxu-eremutik 20 metrora dago, gutxi gorabehera. Hala ere, eremuaren zatirik handiena uholde-arriskuak eragindako eremutik kanpo geratzen da; izan ere, eremu osoaren (113,43 m2) % 13,32k soilik, Kale Nagusiaren parean 500 urteko errepikatze-denborako uholdeen eragina izango luke.

Akuiferoak kutsatzeko arrisku oso handia duten zonen gainean dago eremua.

Salgai arriskutsuen garraioaren ondoriozko arriskuari dagokionez, eremutik 100 metrora baino gutxiagora igarotzen da Renfeko trenbidea (Irun-Madril). Euskal Autonomia Erkidegoko Salgai Arriskutsuen Garraioaren Fluxuaren Maparen arabera, trenbide hori arrisku ertaineko bidetzat deskribatzen da, eta eremuak, ia osotasunean, haren 100 metroko afektazio-bandaren barruan daude. Azterlanak Urumea – Iparraldeko autobidearen (N1-A15) bide-azpiegituraren ezaugarriak ere aipatzen ditu, zeinak eremurako arrisku ertaina baitu, haren 600 metroko afektazio-bandan dagoelako.

Espero diren ondorioak oraingo eraikinak eraisteko lanekin eta etxebizitza berriak eraikitzeko obrak egitearekin egongo dira lotuta: hondakinak, lur-mugimenduak eta soberakinak sortzea; uholde-arriskuari eragitea; makinak joan-etorrian ibiltzea; lurpeko fluxuei eragitea; istripuzko isurketengatik lurzoruari eta/edo akuiferoari eragitea; emisio atmosferikoek eta akustikoek eragozpenak sortzea; baliabideak kontsumitzea, eta abar. Dena den, inpaktu horiek ez dira oso desberdinak izango, indarrean dagoen antolamenduarekin sortuko liratekeenen aldean.

Laburbilduz, kontuan hartuta eremuaren ezaugarriak, proposatutako jarduketak eta egungo Planarekin sortzen diren inpaktuak, uste da eraginak txikiak izango direla, eta, gehienak, aldi baterakoak, itzulgarriak eta leheneratzeko modukoak, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada –bereziki, uholde-arriskuari buruzkoa, lurzorua babesteari buruzkoa eta lurpeko urak zaratarekin, hondakinekin eta isurketekin kutsatzeko arriskua duten eremuak babesteari buruzkoa– eta betiere obrak horrelako jarduketetarako jardunbide egokiak betez egiten badira, behar-beharrezkoa den azalera baino gehiagori eragin gabe.

3.– Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira Planean.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dauden arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera.

Aplikatu beharreko neurrien artean, Plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmentzen dira, hala obra-faseari nola jardueraren funtzionamendu-faseari lotutakoak. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

Nahiz eta Uraren Euskal Agentziak bere txostenean ezarri duen proposatutako erabilerak bateragarriak izango liratekeela indarrean dagoen Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoaren araudian horretarako ezarritako zehaztapenekin, Uraren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 25.4 artikuluan aipatutako txostenean administrazio hidrauliko eskudunak ezarritakoa bete beharko du proiektuaren garapenak.

Planaren ondoriozko eragin posibleak minimizatzeko, lurzoruaren zehaztapen eraldatzaileen garapena, ahal den neurrian, garapen berria hartzeko kondizio onak dituzten eta dagoeneko artifizializatuta dauden lurzatietako eremuetara mugatu beharko da.

Zaratari dagokionez Planean hartu beharreko erabakien artean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, etorkizunean ezingo da hirigintza-garapenik gauzatu eremu batean baldin eta kanpoaldean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez badira, hargatik eragotzi gabe aipatu arauaren 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.

Garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira honako gai hauen jardunbide egokien eskuliburuarekin: obrak, lurren eta soberakinen kudeaketa, hondakinen sorkuntza eta kudeaketa, induskatutako lurzoruen kontrola, intereseko balio naturalen babesa, eta uren, airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa. Besteak beste, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira Planaren ondoriozko obrak gauzatzeko:

– Obrako langileek erabili beharreko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, ur-isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, etab.

– Planak proposatzen duen antolamenduaren ondoriozko obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako operazio osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barne hartuta makinak gordetzeko guneak, lan-txabolak, landare-lurra eta obrako material eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxiena eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Ekonomia Zirkularrerako Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne. Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak. Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: prebentziozko neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isuriek eragindako kalteak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Ahal dela, iragazgaiztu gabeko eremuetan ez da egingo makineria mantentzeko lanik. Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

Arreta berezia jarriko da saneamendu-sarea gauzatzean eta sare orokorrarekin lotzean; izan ere, beharrezkoak diren neurriak hartu beharko dira ur beltzen isuriak edo ihesak eragozteko.

– Obretako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, zeinak hartu beharreko neurriak adieraziko dituen.

– Paisaian integratzea: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta balizko eraikin berriak inguruko paisaian integratzeko helburuarekin, zenbait eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak, etab.), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.

– Obrek kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesurik ez gertatzeko, solidoak drainatze-sarera ez arrastatzeko eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizaziorik ez gertatzeko. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

– Espazio libreen tratamendua: espazio libreak landareztatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak aplikatuko dira. Espezie autoktonoak erabiliko dira.

– Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko, bai eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko ere. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortzen den energiaren sorkuntza eta/edo kontsumoa gutxitzea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak gutxitzea.

– Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, konforta eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera eta, betiere, sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, ez dela aurreikusten 1. HJE – «Alde zaharra» (1.5 ZJ: Kale Nagusia 39) eremuari lotutako Andoaingo HAPOren aldaketa puntualak ondorio kaltegarri nabarmenik eragingo duenik ingurumenean, eta, beraz, Planari ez zaiola ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Andoaingo Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean 1. HJE – «Alde zaharra» (1.5 ZJ: Kale Nagusia 39) eremuari lotutako Andoaingo HAPOren aldaketa puntuala onesten ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, salbu eta ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen bazaio. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko otsailaren 6a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala