Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

41. zk., 2023ko otsailaren 28a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1085

EBAZPENA, 2023ko otsailaren 6koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Bilboko (Bizkaia) Zorrotzaurreko eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezian egindako aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

Bilboko Udalak, 2022ko urriaren 27an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskabide bat aurkeztu zuen, hasiera emateko honako plan honen ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari: Zorrotzaurreko eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezian egindako aldaketa (aurrerantzean, Plana). Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2022ko abenduaren 12an, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Bilboko Udalari izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.

Espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Erantzuteko legezko epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluaren arabera.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, hauek zehazteko: ingurumen-eragin esanguratsurik ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin esanguratsua izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Bilboko Zorrotzaurreko eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezian egindako aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, baldintza hauen arabera:

A) Planaren azalpena: helburuak eta jarduketak.

Zorrotzaurreko eremuak 838.781 m2-ko azalera du, eta Bilboko itsasadarraren ondoan dago. Hiri-eraldaketako eta -berrikuntzako eragiketa garrantzitsu bat egiten ari dira bertan. Industria-erabilerarako eta biltegiratzeko eraikin-multzo zehaztugabe batek osatzen zuen eremu hori. Eraikin haietako asko zaharkituta eta aurri-egoeran zeuden, eta bizitegi-izaeradun zenbait eraikinekin nahasita zeuden.

Eremua berroneratzeko egindako jardueren artean, nabarmentzekoa da Deustuko kanala irekitzea, Zorrotzaurreko penintsula itsasadarraren eskuineko ertzearekin lotzen zuen lur-mihia kenduz, Deustu auzoan. Egindako edo abian jarritako beste jarduketa batzuk dira industria-instalazio zaharkituak eraistea, kutsatutako lurzoruak berreskuratzea eta bizitegi-eraikin berriak eraikitzea, batez ere Deustuko ubidearen eskuinaldean.

Jarduketa horiek bat datoz 2012an behin betiko onartutako Zorrotzaurreko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren garapenarekin. Plan berezi horri ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aplikatu zitzaion (Ebazpena, 2012ko irailaren 25ekoa, Ingurumen Sailburuordetzarena, zeinaren bidez formulatzen baita «Zorrotzaurreko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren» ingurumen-eraginaren behin betiko txostena).

2017ko uztailaren 17an, Ingurumen Administrazioaren zuzendariak ebazpen bat eman zuen, Bilboko (Bizkaia) Zorrotzaurreko eremu mistoko 1. Jarduketa Integratuaren 1. Egikaritze Unitatearen urbanizazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko. Proiektu hori Zorrotzaurreko 1. Egikaritze Unitateko Ituntze Batzarrak sustatu zuen, Bilboko udal-mugartean.

Zorrotzaurreko eremurako indarrean dagoen plangintza aldatzea; horra orain izapidetzen ari diren Planaren xedea. Hala, azpiegitura-lurzati berri bat sortuko da (IF-2) energia elektrikoko azpiestazio bat hartzeko, ekipamendu-lurzati publiko batzuk berregokituko dira erabilera berrietara egokitzeko, eta tranbiaren behin-behineko kotxetegiak kenduko dira, hasiera batean RZ-7 izeneko azpieremuan aurreikusita zeudenak.

Honako hauek dira ingurumen-inpaktuak eragin ditzaketen jarduketak:

– Azpiegitura-lurzati berri bat mugatzea, IF-2 izenekoa, energia elektrikoko azpiestazio bat kokatzeko. Lurzati hori Zorrotzaurreko eremuaren iparraldean dago, eta 1.345 m2-ko azalera du. Lurzatia bat dator gaur egungo RZ-9 eta RZ-10 azpieremuekin, hurrenez hurren hirugarren sektoreko eta industriako erabileretarako zuzenduta zeudenak.

– Ekipamendurako lurzati berriaren (EQ-14) mugaketa, gaur egun EQ-9 eremuaren barruan dagoena. Planak ekipamendurako lurzati berri bat (EQ-14) sortzen du, 888,30 m2-ko azalera duena, lehendik zegoen eraikina mantentzeko, eta EQ-9 lurzatia 6.963,03 m2-ra murrizten da. Eraikigarritasuna handitu egingo da EQ-9 lurzatian (12.000 m2-tik 18.000 m2-ra, sestra gainean), eta oinplanoko gehieneko okupazioa 5.000 m2-koa izango da, indarrean dagoen plangintzan aurreikusitako 4.000 m2-en aldean. Azpieremuko eraikigarritasunaren gehikuntza horrek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren beharrei erantzuten die.

– AA-1 jarduketa isolatua AdD-3 zuzkidura-jarduketa izatera aldatzea. Aldaketa horrek Elorri zeharkaleko bizitegi-eraikin bati eragiten dio. Eraikin hori Plan Berezian aurreikusitako urbanizazio berria baino kota baxuago batean dago. Eraikina antolamendutik kanpo geratuko da, eta utziko da zuzkidura-jarduketa batean (AdD-3) eraikin berri bat eraikitzen. Eutsiko zaie oinplanoko okupazioaren eraikuntza-parametroei eta eraikinaren altuera-kopuruari, eta aldameneko urbanizazioaren sestra uholde-kota segurura egokituko da.

– RZ-7 azpieremuko jarduketak. Indarrean dagoen plangintzak aurreikusten du hirugarren sektoreko RZ-7 azpieremuan tranbiarako kotxetegien behin-behineko erabilera ezartzea. Planak kotxetegiak kentzea proposatzen du.

Planak honako jarduketa hauek ere jasotzen ditu:

– EQ-8 ekipamendu-lurzatiaren eraikigarritasuna handitzea.

– Aldatu egiten dira RZ-6.2 gorputz eraikiaren beheko solairuetarako ezarritako zehaztapenak, RZ-6 bizitegi-azpieremuan.

– RZ-10 azpiprodukzio-eremuan zortasun bat egongo da IF-2 lurzatiaren sarrerako eta irteerako zirkuitu elektrikoetarako, eta bertan azpiestazio elektriko berria kokatuko da, RZ-9 lurzatiaren mugakide den muga osoan. Azpieremu horretan, gorputz eraiki bakarra osatu ahal izango da, lehendik dauden bi eraikinak lotuz eta ezarritako gehieneko eraikigarritasunari eutsiz.

– RZ-9 azpieremu tertziarioan, sestra gainean eraikitako gorputzen kopurua 2 unitatera murriztu ahal izango da. Unitate horiek puntualki lotuta geratu ahal izango dira, eta 10 m-ko zabalerako bide-zortasuna jarriko da, IF-2 lurzatiaren mugakide den muga osoan.

– EQ-2 ekipamendu-lurzatia ixteak aukera eman behar du uholde-arriskurik gabeko kotan pasealeku bat egiteko, itsasertzak babesteko zortasun-eremuan.

– Plan Bereziaren arau-testua aldatu da, kontzeptu batzuk argitzeko eta Bilboko Hiri Antolamenduko Plan Orokor berriari buruzko erreferentziak eguneratzeko.

B) Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluaren arabera, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion edo ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zer neurritan eragiten dien beste plan edo programa batzuei, hierarkizatuta daudenei barne: ez da aurkitu aintzat hartzeko moduko bateraezintasunik beste plan edo programa batzuekin.

c) Plana egokia den ala ez ingurumen-alderdiak barne hartzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-alderdiak barne hartzeko; izan ere, etorkizuneko eraikinak bateragarriak dira baliabideen (ura, energia, etab.) kontsumo efizienteagoa sustatzeko neurriak hartzearekin. Planak ez dakar artifizializatu gabeko lurzorurik okupatzea, hiri-berroneratzeko prozesuan dagoen eremu batean eragiten baitu.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: eremuaren ingurumen-ezaugarriak eta Planaren irismena kontuan hartuta, ez da hauteman Plana gauzatuz gero ingurumen-arazo adierazgarririk egongo litzatekeenik, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

Planaren xede diren lurzatiak Zorrotzaurreko uhartean daude, eta eremu horretan hiri-berroneratzeko jarduketa garrantzitsuak egiten ari dira. Zorrotzaurreko hirigintza-eremuak 838.781 m2-ko azalera du, eta Nerbioi-Ibaizabal ibaiaren itsasadarrean dago; beraz, eremuaren zati bat itsas-lehorreko jabari publikoan (ILJP) eta haren zortasun-eremuan dago.

Eremuan ez dago ez naturagune babesturik, ez korridore ekologikorik, ez interes geologikoko lekurik. Halaber, ez dago beste katalogo edo zerrenda batzuetan jasotako espazio naturalen barruan (EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekian, LAGetako natura-intereseko guneen zerrendan), ezta Plan Hidrologikoko Gune Babestuen Erregistroko elementuen barruan ere. Akuiferoak kutsatzeko arrisku gutxi dago. Bertako landaredia eremu urbanizatuei lotutako landaredi erruderal-nitrofiloa da. Ez da identifikatu Batasunaren intereseko habitatik edo mehatxatutako flora-espezierik.

Plana presio antropogeniko handia jasan duen hiri-eremu batean garatuko da, eta eremuko lursail asko eta asko lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako kokalekuaren gainean egongo dira.

Organo substantiboak emandako informazioaren arabera, kutsatuta egon daitezkeen eta Planaren eremuan sartuta dauden lurzoruak dituzten lurzatiak ikertu eta kudeatu dira. Hala, RZ-7, RZ-9 eta IF-2 lurzatiak D-1 eremuaren barruan daude, eta eremu horrek Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren ebazpena du, zeinaren bidez Bilboko udal-mugarteko (Bizkaia) Zorrotzaurreko Egikaritze Unitateko D1 faseko lurzatien lurzoruaren kalitatea deklaratzen baita, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean araututako prozeduraren arabera.

EQ-14 lurzatia C1 eta C-2 eremuen barruan dago, eta eremu horiek Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren ebazpenaren xede dira. Ebazpen horren bidez, Vicinay Cadenas lantegi zaharreko eta haren aldameneko lurzatien (EQ-9 lurzatia izan ezik) lurzoruaren kalitatea deklaratzen da. Lurzati horiek saneamenduaren xede izan dira, eta Bilboko udal-mugarteko Zorrotzaurreko Egikaritze Unitatearen C-C1-C2 fasean sartuta daude, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean araututako prozeduraren arabera. Ebazpen honetatik kanpo geratzen da EQ-9 lurzatia, lurzorua tratatzeko prest zeuden biopilek okupatzen baitzuten. Tratamendua amaitzean, ingurumen-organoak baliozkotu beharko du lurzati hori, Berreskuratze-lanak baimendu zituen 2020ko martxoaren 2ko Ebazpenaren hamalaugarren apartatuan adierazitakoaren arabera.

Uholde-arriskuari dagokionez, Planaren xede diren lurzatiak 100 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua duen eremuan sartuta daude. Gainera, IF2, AdD-3 eta EQ-9 lurzatiak lehentasunezko fluxu-eremuaren barruan daude. Bilboko itsasadarra, eremuarekin bat datorren zatian, «Bilboko Itsasadarreko» Uholde Arrisku Handiko Eremuan (UAHE) dago (ES017-BIZ-IBA-01).

Organo substantiboak igorritako informazioaren arabera, onartutako Plan Bereziaren dokumentuak URA-Uraren Euskal Agentziaren nahitaezko txostena jasotzen du. Txosten horretan, Deustuko kanala irekitzeari, bide-sistemari, zubiei eta urbanizazio-kotei buruzko kontsiderazio sektorialak ezartzen dira. Plan Bereziaren aldaketa puntualak ez die eragiten URAren txostenean adierazitako alderdiei, eta ez dago aldaketarik uholde-arriskuko eremuei dagokienez. Era berean, planteatzen diren aldaketek ez dituzte aldatzen indarrean dagoen Plan Bereziaren zehaztapenak, Kostaldeei buruzko legeriaren alderdi sektorialei dagokienez.

Zaratari dagokionez, Zorrotzaurreko Hiri Antolamenduko Plan Bereziari azterlan akustiko bat erantsi zitzaion, non etorkizuneko hiri-garapenaren egoera akustikoa aztertzen baitzen eta dagozkion prebentzio-neurriak erabakitzen baitziren. Azterlan akustikoaren emaitzek erakutsi zuten ez zirela bete bizitegi-eremu berrietarako ezarritako kalitate akustikoko helburuak (aurrerantzean, KAH) (uhartean dagoen erabilera nagusia). Beraz, Zorrotzaurre osoa Babes Akustiko Bereziko Eremu (BABE) izendatu da, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 45. artikuluaren arabera; BABEak bere Zonako Plana du, dekretuaren 47. artikuluan aipatzen dena, eta Bilboko Udaleko Gobernu Batzordeak behin betiko onarpena eman zion 2017ko martxoaren 29an (Bizkaiko Aldizkari Ofiziala, 69. zk., 2017ko apirilaren 7koa).

Indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera kontuan hartuta baloratu behar dira ingurumen-ondorioak. Emandako informazioaren arabera, Planak indarreko plangintzari dagokionez egindako aldaketa nagusiak honako hauek dira: ekipamenduetara bideratutako lurzati batzuen hirigintza-eraikigarritasuna handitzea eta energia elektrikoko azpiestazio berri baten kokapena aurreikustea.

Ustiapen-fasean, inpaktu nagusiak uholde-arriskutik eta eremuaren egoera akustikotik datoz; alderdi horiek, oro har, Zorrotzaurreko eremu osoan ohikoak dira. Espedientean jasotako dokumentazioaren arabera, Planean aurreikusitako jarduketek ez dituzte aldatzen uholde-arriskua eta eremuaren egoera akustikoa. Beste inpaktu batzuk azpiestazio elektrikoko soinu-igorpenekin eta mantentze-lanei lotutako hondakinen sorrerarekin lotutakoak izango dira.

Zorrotzaurreko Plan Bereziaren eremu osorako proposatutako garapenaren ondorioak baloratu dira, bai Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozeduran, bai Zorrotzaurreko Eremu Mistoko 1. Jarduketa Integratuaren 1. Egikaritze Unitatearen Urbanizazio Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozeduran. Orain proposatzen den aldaketak ez dakar arestian aipatutako prozeduretan aurreikusi ez diren beste inpaktu batzuk agertzea, eta ez du aldatzen haien garrantzia.

Kontuan hartuta Plan Bereziak antolatutako azalera eta haren aldaketa azalera txikiko eremu oso lokalizatuetara mugatzen dela, indarrean dagoen legeria eta bereziki lurzoruei, zaratari, hondakinei eta isuriei buruzkoa betetzen bada, afekzioak txikiak izango dira. Bestalde, hirigintza-garapena trinkotzea eragin positibotzat jotzen da, lurzorua modu arrazionalagoan erabiltzen delako eta baliabideen kontsumoko sistema efizienteak (ura, energia, etab.) ezartzeko aukera handiagoa ematen duelako.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Bilboko Zorrotzaurreko eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezian egindako aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Planaren onarpenetik eratorritako proiektuak garatzeko neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2017ko uztailaren 17ko Ebazpenean ezarritakoarekin bat etorriz, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan jasotakoarekin bat etorriz. Ebazpen horren bidez, Bilboko Zorrotzaurreko eremu mistoko 1. Jarduketa Integratuaren 1. Egikaritze Unitatearen urbanizazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten da. Proiektu hori Bilboko udal-mugarteko Zorrotzaurreko 1. Egikaritze Unitateko Ituntze Batzarrak sustatu du.

Era berean, kultura-ondarea babesteko neurriei dagokienez, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren 2023ko urtarrilaren 12ko txostenean adierazitako irizpideak hartuko dira erreferentziatzat, txosten horretan adierazitako kultura-intereseko elementuetarako.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Bilboko Zorrotzaurreko eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezian egindako aldaketak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Bilboko Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Bilboko Zorrotzaurreko eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketa onartuko ez balitz. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatu ezean. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko otsailaren 6a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala