235. zk., 2022ko abenduaren 12a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (148 KB - 6 orri.)
- EPUB (113 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
5349
102/2022 EBAZPENA, azaroaren 30ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita EAEko Administrazio Orokorraren eta Bizkaiko Garraio Partzuergoaren arteko lankidetza-hitzarmena, autobusetan eta kable bidezko beste garraiobide batzuetan Bat-Barik garraio-txartelen elkarreragingarritasuna ezartzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta behar bezalako publizitatea emateko asmoz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea EAEko Administrazio Orokorraren eta Bizkaiko Garraio Partzuergoaren arteko lankidetza-hitzarmena, autobusetan eta kable bidezko beste garraiobide batzuetan Bat-Barik garraio-txartelen elkarreragingarritasuna ezartzeko. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 30a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN AZAROAREN 30EKO 102/2022 EBAZPENARENA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA BIZKAIKO GARRAIO PARTZUERGOAREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA, AUTOBUSETAN ETA KABLE BIDEZKO BESTE GARRAIOBIDE BATZUETAN BAT-BARIK GARRAIO-TXARTELEN ELKARRERAGINGARRITASUNA EZARTZEKOA
Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 14a.
HAUEK BATZARTU DIRA:
Batetik, Ignacio Maria Arriola Lopez jauna, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua den aldetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari legez, hitzarmen hau sinatzeko baimena eman baitio Gobernu Kontseiluak 2022ko urriaren 18an hartutako erabakiaren bidez.
Eta, bestetik, Unai Rementeria Maiz jauna, Bizkaiko Garraio Partzuergoko presidentea eta ordezkaria.
Aldeek beharrezko legezko gaitasuna onartzen diote elkarri lankidetza-hitzarmen hau sinatzeko, eta, horrenbestez, honako hau
ADIERAZTEN DUTE:
I.– Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10.32 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio, besteak beste, Euskal Herriko trenbideko, lehorreko, itsasoko ibaietako eta kable bidezko garraioaren eta portu, heliportu, aireportu eta meteorologia zerbitzuaren arloko eskumen esklusiboa, horrek Konstituzioaren 149.1.20 artikuluan xedaturikoa ezertan galarazi gabe. Garraio-gaietan, zama-kontrataguneak eta -terminalak.
Aipaturiko arlo horietan Euskal Autonomia Erkidegoak dituen eskumenak Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren esku utzi ziren irailaren 16ko 18/2020 Dekretuaren 11. artikuluaren bidez (Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen ditu, eta horien egiteko eta jardun-arloak finkatzen ditu), eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta egitekoak finkatzen dituen Dekretua aldatzeko urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren bidez.
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren funtzioen artean, bere eskumenekoak diren eremuekin lotutako sektore ezberdinak laguntzeko politika aurrera eramatea dago, eta adiera- zitako sail horri esleitutako ahalmenetako bat aireko garraioko eskumenak gauzatzea da, baita Euskal Autonomia Erkidegoan bidaiarien garraioa antolatu eta ordenatzea ere, aipatutako 11/2021 Dekretuaren 15.2 artikuluaren d) atalean agertzen den bezala.
Era berean, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila Euskadiko Garraio Agintaritzaren Bat-Barik-Mugi Elkarreragingarritasun Lantaldeko kide da, Euskadin tarifak eta txartel bakarra integratuz garraio publiko kolektibo integratua eta intermodalitatea sustatzeko ekimenarekin bat etorriz (XII. legegintzaldiko gobernu-programan jasota dago).
Bizkaiko Garraio Partzuergoa abenduaren 30eko 44/1975 Legearen bidez eratu zen eta nortasun juridiko propioa duen toki erakundea da, partzuergoan bildutako gainerakoekiko independentea. Partzuergoan sartuta daude EAEko Administrazioa, Bizkaiko Foru Aldundia eta metropoli Bilboko udal batzuk. Partzuergoaren estatutuen arabera, emandako eskumenak erabiltzea xedeetako bat da, 44/1975 Legearen 7. artikuluan (garraio publikoa antolatu, kudeatu eta koordinatzeari buruzkoa) ezarritakoa betez. Aipatutako 44/1975 Legean ezartzen diren eskumenetan ezartzen BGPri dagokiola Bilboko Metropoli-trenbidearen ustiaketa kudeatzea Metro Bilbao SAren bidez (sozietate hori BGPrena da bere osotasunean). BGP ere ATEko Bat-Barik-Mugi Elkarreragingarritasun Ponentziaren osagaien artean dago.
II.– 2014ko otsailaren 13an, EGAren barruan, elkarreragingarritasun-proiektuaren Masterplana onartu zen. Bertan, proiektu honen oinarriak ezartzen dira, behin betiko ezartzen hasteko.
Helburu hori garatze aldera, ATEren baitan, CTBk, Gipuzkoako Garraioen Lurralde Agintaritzak (aurrerantzean, ATTG) eta ET/FVk, BAT txartelaren (aurrerantzean, CCBAT) Konpentsazio Zentroaren titularra den aldetik, adostasuna lortu dute, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde guztietan beren txartelen elkarreragingarritasuna ahalbidetzeko asmoz, eta, horretarako, erakunde jaulkitzaile bakoitzaren lurralde-eremua eskualdatu dute, eta lurralde bakoitzeko garraio-txartelak erabili ahal izango dira.
III.– 2016ko irailaren 14an, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Bizkaiko Garraio Partzuergoaren arteko lankidetza-hitzarmena sinatu zen, Bilboko metroan Bat-Barik-Mugi garraio-txartelen elkarreragingarritasuna ezartzeko. Hitzarmen horren arabera, 2016ko maiatzetik Bat txartela erabil daiteke Metro Bilbaon. Hitzarmen horrek indarra galdu duenez, une honetan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Bizkaiko Garraio Partzuergoaren arteko lankidetza-hitzarmen berri bat izapidetzen ari dira, Bilboko metroan Barik-Mugi txartelen elkarreragingarritasuna ezartzeko lanekin jarraitzeko.
Horregatik guztiagatik, Bat txartela autobus lineetan eta beste garraiobideetan ezartzea hurrengo pausua izan daiteke elkarreragingarritasuna osatzeko. Ezarpen hori Bizkaibus, Bilbobus, Bizkaiko gainerako hiri-autobusetara zabaldu daiteke; baita Barik zerbitzuari atxikitako kable bidezko beste garraio batzuetara ere. Ondorioz, beharrezkoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Bizkaiko Garraio Partzuergoaren arteko lankidetza-hitzarmen bat formalizatzea, autobusetan eta kable bidezko beste garraiobide batzuetan Bat-Barik garraio-txartelen elkarreragingarritasuna ezartzeko.
Ondorioz, indarrean dagoen araudian ezarritakoaren babesean, eta, besteak beste, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean (SPAJL), bertaratutako alderdiek Lankidetzarako Administrazioen arteko Hitzarmen hau formalizatzea erabaki dute, honako klausula hauen arabera sinatuta:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Bizkaiko Garraio Partzuergoak konpromisoa hartzen dute Bizkaibusen, Bilbobusen, Bizkaiko gainerako hiri-autobusetan eta Barik zerbitzuari atxikitako kable bidezko beste garraio batzuetan Bat garraio-txartelaren ezarpena garatzeko eta lortzeko, eta horretarako baldintzak arautzen dira, hitzarmeneko klausuletan jasotakoaren arabera.
Bigarrena.– Bizkaiko Garraio Partzuergoaren konpromisoak.
1.– Autobusetan eta beste garraiobide batzuetan Bat-Barik txartelen elkarreragingarritasun-proiektua gauzatzea, Bizkaiko Barik sistemako operadoreetan egokitzapenak egiteaz arduratzen den organoa baita.
2.– Garraio-ingurune bakoitzean beharrezkoak diren ekipamenduak eta garapenak egokitzeko behar diren inbertsioak bere gain hartzea, sistemek Bat txartela ezagutzeko eta erabiltzeko aukera eman dezaten. Halaber, bere ardura izango da egokitzapen hori egiteko behar diren zehaztapen teknikoen agiriak eta lizitazio-prozedura onartzea. Lan horiek egokitzapenak eskatzen dituzte hainbat arlotan:
– Bizkaiko Garraio Partzuergoaren sistema zentralak egokitzea.
– Segurtasunari loturiko ekintzak.
– Bat txartela tokiko ekipoetan ezartzea.
Guztira, Bat-Barik txartelak autobusen eta beste kable-bidezko garraiobideen elkarreragingarritasunera egokitzeko lanek gutxi gorabeherako kostu hau izango dute: 109.099,65 euro (BEZa barne).
3.– Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari jakinarazi beharko zaio xede bera duten laguntza edo dirulaguntzarik lortu den, eta, hala balitz, zer organok eman dion eta horren zenbatekoa zehaztu beharko dira. Horretarako, hamar egun balioduneko epea egongo da, laguntza edo dirulaguntza eman zaiola jakinarazi zaionetik hasita. Dirulaguntza emateko kontuan hartu den edozein gorabehera objektibo zein subjektibo aldatu den ere jakinarazi beharko da.
4.– Hitzarmen honen ondorioz egiten diren jarduera guztietan garbi azaldu beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak ere parte hartu duela. Horretarako, kontuan izan beharko da Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunari buruzko Eskuliburuaren edukia.
Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren konpromisoak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren bidez, autobusetan eta beste kable-bidezko garraiobideetan Bat-Barik txartelen elkarreragingarritasuna ezartzeko ekintzen kostua finantzatu eta ordainduko du, betiere, gehieneko diru kopuru jakin bat muga duela.
Hitzarmenaren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren bidez, gehienez ere ehun eta bederatzi mila laurogeitahemeretzi euro eta hirurogeitabost zentimo (109.099,65) jarriko ditu 2022-2023 eperako, Horretarako, 1000831000 1.51412.71200 2022/001678 aurrekontu-aplikaziora bideratu da hitzarmenak dakarren gehieneko kostu ekonomikoari aurre egiteko behar den kreditua. Partida hori Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorren kontura gaitu da, beharrezkoak diren kontabilitate-egokitzapenak egin eta gero, oinarri hartuta maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretua, zeinaren bidez Euskadiko aurrekontu-erregimenaren arloko testu bategina onesten baita eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatzeko aurre- kontu-erregimena arautzen baita. Honako urte hauetan banatuko da:
2022: 87.279,72 euro.
2023: 21.819,93 euro.
Laugarrena.– Laguntzaren xedea eta ordainketa.
1.– Laguntzaren zenbatekoa Bizkaiko Garraio Partzuergoaren bidez honako honetarako erabili ahal izango da soilik: autobusetan eta kable-bidezko beste garraiobideetan Bat-Barik garraio txartelen elkarreragingarritasuna ezartzeko jarduerak egiteak dakartzan kostuak finantzatzeko.
2.– Dirulaguntza hau zuzena, egoeraren araberakoa eta bateragarria da helburu bererako beste pertsona fisiko edo juridiko batzuek eman ditzaketen bestelako dirulaguntza edo laguntzekin; baina laguntzen edo dirulaguntzen bidez jasotako diru-kopuruek ezingo dute gainditu, inondik ere, Bizkaiko Garraio Partzuergoak garatu duen jardueran egiaztatutako benetako kostua.
3.– Harik eta finantziazioaren gehieneko zenbatekoa agortu arte, zenbatekoa Bizkaiko Garraio Partzuergoan egindako jardueren egiaztagiriak edo fakturak aurkeztu eta gero ordainduko da (jatorrizkoak nahiz fotokopia konpultsatuak aurkeztu ahal izango dira), horiek egin eta hurrengo urteko martxoaren 31 baino lehen, emandako finantzaketa osoa osatu arte. Dirulaguntzaren xedearekin lotuta egindako gastuak justifikatu ondoren, dagokion ordainketa egingo da banku-transferentzia bidez.
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Plangintzaren Zuzendaritza izango da dirulaguntza kudeatzeko ardura izango duen organoa.
Bosgarrena.– Jarduketen Jarraipenerako Batzordea.
1.– Hitzarmen honen jarraipenerako batzorde bat eratuko da. Batzorde hori lau ordezkarik osatuko dute: bi Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailarenak eta beste bi Bizkaiko Garraio Partzuergoarenak. Ordezkariak alde bakoitzetik hitzarmena sinatzen dutenek izendatuko dituzte eta honako eginkizun hauek izango dituzte:
Hitzarmen honetan aurreikusitako jarduketak normal burutzen direla egiaztatzea, eta elkarri informazioa emateko eta bakoitzak bere konpromisoak behar bezala betetzeko irizpideak eta moduak zehaztea.
Egin behar diren izapideak bizkor egitea galarazten duten oztopoak kentzeko erraztasunak ematea.
Hitzarmenaren xede diren lanak beteko direla bermatzeko behar diren neurrien berri ematea eta proposatzea.
Hitzarmena interpretatu eta burutzerakoan sortzen diren arazoak konpontzen saiatzea.
2.– Hitzarmena indarrean dagoen bitartean, eta edozein alderdik hala eskatzen badu, batzordea behar den guztietan elkartuko da, jarduketak ondo joan daitezen. Erabakiak bertaratutakoen gehiengoz hartuko dira, eta gutxienez alderdi bakoitzaren ordezkarien ehuneko berrogeita hamarra bertaratu beharko da.
3.– Hitzarmenak jarraipen batzordearentzat berariaz jasotzen ez dituen gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren II. kapituluko 3. atalean araututako kide anitzeko organoen araubidea aplikatuko zaio.
Seigarrena.– Hitzarmenaren araubidea eta interpretazioa.
1.– Hitzarmen hau administrazio arlokoa da eta, beraz, hura interpretatu eta garatzeko lankidetza-hitzarmenei aplikatu beharreko araubide juridikoa bete beharko da.
2.– Hitzarmenak edo hori betearazteak sorrarazitako interpretazio arazoak jarraipen batzordeak konponduko ditu aurreko klausulan esandakoari jarraituz eta, hala ezin bada, Administrazioarekiko auzien jurisdikzioko epaitegi eta auzitegietan ebatziko dira, hamargarren klausulan aurreikusitakoaren arabera.
Zazpigarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.
1.– Hitzarmenaren honen indarraldia sinatutako egunean hasiko da, eta bi urteko iraunaldia izango du, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49. artikuluaren 1. zenbakian ezarritakoaren arabera.
2.– Hitzarmena amaitzeko aurreikusitako epea amaitu aurreko edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez erabaki ahal izango dute hitzarmena luzatzea, beste bi urterako gehienez, edo hitzarmena azkentzea.
Zortzigarrena.– Hitzarmena aldatzea.
Hitzarmen hau hitzarmena sinatu duten erakundeen adostasunez aldatu ahal izango da.
Bederatzigarrena.– Hitzarmena suntsiaraztea.
Aldeetakoren batek bere gain hartutako konpromisoak betetzen ez baditu, besteak hitzarmena suntsiarazteko eskatu ahal izango du. Hitzarmena suntsiarazten bada, alderdiek zehaztuko dute zer baldintza bete behar diren egiten ari diren jarduerak amaitzeko eta ordaintzeko.
Hamargarrena.– Araubide juridikoa.
1.– Lankidetza-hitzarmen honi indarreko ordenamendu juridikoan ezarritako xedapenak aplikatuko zaizkio, bereziki Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean jasotako xedapenak.
2.– Lankidetza-hitzarmen hau garatu eta betearaztean alderdien artean sortzen diren auziak, dokumentu honen bosgarren klausulan aurreikusitako Jarraipen Batzordeak ebatzi ezin dituenak, Espainiako administrazioarekiko auzien jurisdikziora eramango dira, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 28/1998 Legean xedatutakoarekin bat etorriz, eta, zehazki, Bilboko Administrazioarekiko Auzien Epaitegira.
Eta batzartutakoek, ados daudela adierazteko, hitzarmenaren bi ale sinatu dituzte idazpuruan adierazitako leku eta egunean.
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.
Bizkaiko Garraio Partzuergoko presidentea,
UNAI REMENTERIA MAIZ.