235. zk., 2022ko abenduaren 12a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (209 KB - 7 orri.)
- EPUB (241 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
SEGURTASUN SAILA
5341
AGINDUA, 2022ko azaroaren 25ekoa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarena, zeinaren bidez argitara ematen baita ostatu-jarduerak egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoek nola bete behar dituzten erregistro-betekizunak eta Ertzaintza informatzeko betekizunak.
Herritarren segurtasuna babesteari buruzko martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoaren 25.1 artikuluak ezartzen du herritarren segurtasunerako garrantzitsutzat jotzen diren jarduerak egiten dituzten pertsona fisikoek edo juridikoek dokumentu-erregistroaren eta informazioaren betekizunak bete beharko dituztela, aplikatu beharreko xedapenetan ezarritako moduan. Jarduera horien artean daude ostatu-jarduerak, modu profesionalean edo ez-profesionalean, egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoei aplikatu behar zaizkienak.
Erabili beharreko xedapenei dagokienean, Errege Dekretu honetan jasotakoak aipatu behar dira: 933/2021 Errege Dekretua, urriaren 26koa, zeinaren bidez ezartzen baita zer betebehar dituzten ostatu-jarduerak egiten eta motordun ibilgailuak alokatzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoek dokumentu-erregistroari eta informazioari dagokienez.
Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 17. artikuluan ezarritakoarekin bat, Euskal Autonomia Erkidegoak du bere lurraldean pertsonak eta ondasunak babesteko eta ordena publikoa eta herritarren segurtasuna zaintzeko eskumena. Hori dela eta, Ertzaintzak du herritarren segurtasunerako jarduera garrantzitsu horiek kontrolatzeko ahalmena.
Herrizaingoko sailburuaren 2012ko maiatzaren 18ko Aginduren bidez, argitara eman zen nola bete behar dituzten turismo-ostatuko enpresek Ertzaintzari eman beharreko erregistro- eta informazio-betebeharrak. Agindu horren bidez, betebehar horiek ezartzen zitzaizkien Euskadin dauden turismo-ostatuko enpresei, beren izena edozein dela ere, baldin eta lanbide gisa eta ohiko jardun gisa, aisialdi-helburuekin edo negozio edo bestelako arrazoiengatik, pertsonei aldi baterako ostatua ematen badiete, prezio baten truke, zerbitzu osagarriekin edo zerbitzu osagarririk gabe, eta ostatu-hartzailearentzat bizileku-aldaketarik eragin gabe.
Globalizazio- eta teknifikazio-prozesu batean murgilduta gaude eta Administrazio publikoak, gizartearen parte diren aldetik, ezin dira kanpoan geratu. Administrazio guztiek, bakoitzak bere mailan eta bere jarduketa-eremuan, beren jardueraren barruan informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak txertatu dituzte.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak ekarri zuen Administrazioaren eta administratuen arteko harremanetan, modu orokortuan, komunikazio elektronikoa sartzea; Administrazio Publikoen jarduera zuzendu behar duten efikazia- eta efizientzia-printzipioak egokiago betetzeko helburuarekin, baita herritarren eta enpresen bermeak indartzeko helburuarekin ere, zioen azalpenean berariaz aipatzen duen bezala.
Ildo horretan, Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legeak behartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten instituzio eta enteak bitarteko elektronikoen erabilera ezartzera, zerbitzuak emateko, komunikazioetarako eta herritarrekin dauzkaten harremanetarako.
Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren jardueretan eta herritarrekiko nahiz beste administrazioekiko harremanetan bitarteko elektronikoak erabiltzeko, ordenamendu juridikoak ezartzen dituen mugak bete beharko dira, hango printzipio orokorrei uneoro men eginez, eta, bestalde, herritarrek aitortuak dituzten eskubideen erabilera osoa errespetatu beharko da eta Legeak ezartzen dituen printzipioei jarraitu beharko zaie.
Agindu honen bidez argitara ematen da ostatu-jarduerak egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoek dauzkaten erregistro-betekizunak eta Ertzaintza informatzeko betekizunak nola bete behar dituzten.
Hori dela eta, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea eta eremua.
1.– Agindu honen bidez argitara ematen da ostatu-jarduerak, modu profesionalean zein ez-profesionalean, egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoek nola bete behar dituzten herritarren segurtasuna babesteari buruzko araudiak ezartzen dizkien erregistro informatikoaren betekizunak eta Ertzaintza informatzeko betekizunak.
2.– Agindu honen aplikazio-eremuak barne hartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan gauzatzen diren ostatu-jarduera guztiak; modalitatea, titularraren nortasuna edo antolaketa-eredua edozein direla ere.
2. artikulua.– Informazioa gordetzeko eta erregistratzeko betebeharrak.
1.– Ostatu-jarduera horiek burutzen diren establezimenduen titularrek Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/ erregistratu eta alta eman behar diete agindu honen eranskinean zehazten diren identifikazio-datuei.
2.– Era berean, eragiketa bakoitza informatikoki erregistratu behar dute, eta informazio hori gorde eta Ertzaintzaren eskura jartzeko betebeharra daukate. Informazio hori hiru urtez gorde beharko da.
3.– Betebehar horren mende daudenak arduratu behar dira jasotako datuak nortasun-agiri ofizial onartuetan azaltzen direnekin bat datozela egiaztatzeaz.
4.– Betebehar horren mende dauden pertsona fisiko eta juridikoak, ostatu-jarduerak modu ez-profesionalean egiten badituzte, salbuetsita daude artikulu honetan ezarritako dokumentuen erregistro- eta gordetze-betebeharretatik, eta hurrengo artikuluan aurreikusten diren komunikazio-beharren menpe baino ez dira egongo.
3. artikulua.– Jakinarazteko betebeharra.
1.– Betebehar horren mende daudenek, jardueran hasi aurretik, Ertzaintzari jakinarazi beharko dizkiote eranskineko A) edo B) ataleko 1 eta 2 tartekietan aipatzen diren datuak. Emandako datuetatik edozein aldatzen bada, beste jakinarazpen bat egin beharko da.
2.– Horrez gain, betebehar horren mende daudenek Ertzaintzari gauzatzen duten jarduerari buruzko datuak jakinarazi beharko dizkiote, eranskineko A) edo B) ataleko 3 eta 4 tartekietan agertzen direnak.
Jakinarazpen hori berehala egin behar da eta, gehienez ere, 24 orduko epean, une hauetatik zenbatzen hasita, hurrenez hurren:
a) Erreserba egin edo kontratua formalizatzen denetik edo, hala badagokio, deuseztatzen denetik.
b) Kontratatutako zerbitzuak hasten direnetik.
3.– Artikulu honetan aurreikusten diren jakinarazpenak prozedura telematikoen bidez egin behar dira. Betebehar horren mende egonda, ostatu-jarduerak modu ez-profesionalean burutzen dituztenak, ordea, salbuetsita daude eta telematikoak ez diren bitartekoen bidez egin ahal izango dituzte.
4. artikulua.– Ostatu-establezimenduetako sarrera-parteak.
1.– Ostatu-jardueren titularrek erabiltzaileen datuak jasoko dituzte, horiek erregistratzeko eta jakinarazteko, legez hori egiteko betebeharra baitaukate.
2.– Ostatu-zerbitzuek erabiltzen dituzten sarrera-parteak zerbitzu horien erabiltzeek sinatu behar dituzte, baldin eta hamalau urtetik gorakoak badira, ezartzen den sistema eta eredua erabiliz. Hamalau urtetik beherakoak badira, haien datuak haiekin batera doan adineko pertsonak eman beharko ditu.
3.– Parteak eta orriak ostatu-establezimenduak emango ditu, eta parte eta orri horietako datuen zehaztasunaren erantzulea izango da, hau da, datu horiek erabiltzaileen identitatea egiaztatzen duten dokumentuekin bat etorri behar dute eta identitate-dokumentu horiek erabiltzaileek erakutsi edo aurkeztu behar dituzte.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabeturik geratzen da Herrizaingoko sailburuaren 2012ko maiatzaren 18ko Agindua, turismo-ostatuko enpresek Ertzaintzari eman beharreko erregistro- eta informazio-betebeharrak betetzeko modua garatzen duena, baita Agindu honetan ezarritakoaren aurka dauden maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak ere.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau 2023ko urtarrilaren 2an jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 25a.
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.