Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

224. zk., 2021eko azaroaren 11, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5747

AGINDUA, 2021eko urriaren 27koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, 2021erako nekazaritza-azpisektorearen dibertsifikaziorako laguntzetarako deialdia egiten duena, ekoizpenaren eraldaketari edo kalitateari lotutako berrikuntzaren eremuan, minimis laguntzen erregimenaren pean.

Euskal nekazaritza-sektorearen ezaugarri nabarmenetako bat da haren jarduera ekoizpen-azpisektore askotan dibertsifikatuta egotea, eta hori, era berean, gure eremu geografiko txikiak iparraldetik hegoaldera duen egiturazko aniztasun agroklimatikoaren ondorioz gertatzen da.

Hori dela eta, euskal nekazaritzan, honako azpisektore hauek daude presente: baratzezaintza, frutagintza, zereala, patata, erremolatxa, oleaginosoak, olibadiak eta mahastizaintza; bai eta abeltzaintzako azpisektoreak ere, hala nola esnetarako behiak, haragitarako behiak, ardi-esnea, arrautzetarako eta haragitarako hegaztiak, txerriak, zaldiak, untxiak eta erlezaintza. Horrez gain, basogintzako azpisektore indartsu bat dago, papera eta egurra ekoizteko espezieen landaketei lotua.

Aniztasun horren ondorioz, eta azpisektoreren batek izan ditzakeen koiuntura ekonomiko txarrak gorabehera, EAEko BPGd-ari ekarpen makroekonomiko orekatua eta egonkorra egiten zaio.

Hala ere, gure nekazaritzako ikerketa- eta berrikuntza-zentroak ekoizpen-nitxo oso berritzaileak eta errentagarritasun onak izan ditzaketenak detektatzen ari dira, Sail honi hiru helburu estrategiko lortzen laguntzen diotenak:

– Gure herrialdean elikagaiak eraldatzeko eta merkaturatzeko egitura berriak finka daitezen ahalbidetzea.

– Kalitate ziurtatuko erregimenen pean elikagaiak ekoizteko dugun politika indartzea.

– Ekintzaile gazteak nekazaritza-sektorean sartzeko ekoizpen-aukera berriak ematea, sektore hori gaztetze aldera.

Ildo horretan, agindu honek minimis erregimenaren peko laguntzak planteatzen ditu, jarraitutasun-bokazioarekin, berrikuntza, kalitate edo eraldaketarekin lotutako ekoizpen-nitxo berritzaile berri horietan sartzearen aldeko apustua egiten duten edo haietan jada presente dauden ekintzaileei laguntzeko.

Agindu honek aurten ustiategiaren titularrak lagunduko ditu diruz, baldin eta ustiategiaren ekoizpena, edo zati bat, azpisektore hauetakoren batean inskribatuta badago: lupulu-ekoizpena, barietate jakin batzuetako ogitarako zerealak, fruitu lehorreko zuhaitzen landaketa (intxaurrondoa eta hurritza), eta ahuntz-esnea.

Deialdiak aurrekontu-kreditu nahikoa du Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legean.

Era berean, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko martxoaren 17ko Aginduak (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2021erako, 2022rako eta 2023rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen du agindu horrek) onetsitako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa aldatzen duen 2021eko ekainaren 30eko Aginduaren barruan dago dirulaguntzen deialdi hau, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz.

Laguntza horiek honako hauen babesean emango dira: 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Batzordearen Erregelamendua, nekazaritza-sektorerako Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu-itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa; eta Europako Batzordearen 2019ko otsailaren 21eko 2019/316 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez aldatzen baita 1408/2013 (EB) Erregelamendua, nekazaritza-sektorerako Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu-itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa. Eta, era berean, honako hauek ere aplikatzekoak dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; Sektore Publikoaren Testu Bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua; azaroaren 11ko 1/1997 Errege Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua; 8/2015 Legea, urriaren 15ekoa, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzkoa; eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta azken horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.

Eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearekin bat etorriz (lege horren 26.4 artikuluaren arabera, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenei kalterik egin gabe, sailburuek beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskudantzia izango dute), honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Laguntzaren xedea.

1.– 2021erako laguntzak deitzea, lupulu, ogitarako zereal, ahuntz-esne eta fruitu lehorreko zuhaitzen (intxaurrondoa eta hurritza) azpisektore produktiboetako ustiategietarako, berrikuntzarekin eta kalitatearekin lotutako nekazaritza-nitxo berriak abian jartzea sustatzeko, eta, era berean, euskal nekazaritza-sektorea eraldatzeko eta gaztetzeko prozesuak bultzatzeko.

Bigarrena.– Finantzaketa.

1.– Agindu honen arabera eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura 2021eko ekitaldian eman beharreko dirulaguntzen gehieneko zenbatekoa 298.000 eurokoa izango da, eta honela banatuko da ustiategien artean:

a) Lupulu-ustiategiak: 60.000 euro.

b) Ogitarako zerealen ustiategiak: 28.000 euro.

c) Fruitu lehorren ustiategiak (intxaurrondoak eta hurritzak): 90.000 euro.

d) Ahuntz-esnearen ustiategiak: 120.000 euro.

2.– Emango diren laguntzen zenbateko guztia ezingo da izan baliabide horiek baino handiagoa, ez eta baliabideok eguneratzean ateratzen den zenbatekoa baino handiagoa ere, indarrean dagoen legedia betez aurrekontu-aldaketak onartzen diren kasuetan. Zenbatekoa aldatuz gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Hirugarrena.– Onuradunak.

1.– Laguntza horien onuradun izan ahalko dira eskabidea egiteko unean Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko eginbeharrak eta honako eginbehar orokor hauek betetzen dituzten pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako ustiategi baten titularra izatea, edo sektorean sartzeko prozesuan egotea Gaztenek programaren barruan (onetsitako proiektua).

b) Ustiategia EAEko Nekazaritza Ustiategien Erregistro Orokorrean inskribatuta egotea.

c) Abereen osasunari, higieneari, ongizateari eta trazabilitateari buruzko indarreko arauak betetzea, eta zigorrik jaso ez izana arlo horietan beraietan deialdi honen aurretiko azken hiru urteetan.

d) Zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

e) Beste edozein kontzeptugatik 20.000 euroko laguntzarik jaso ez izana minimis erregimenaren barruan, deialdi honen aurreko bi zerga-ekitaldietan, edo indarrean dagoen zerga-ekitaldian.

f) Jakinaraztea diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten ala ez administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, eta eskuratu duten ala ez. Hala bada, dirulaguntza ematen duen erakundearen identitatea eta laguntzaren zenbatekoa jakinarazi beharko dira.

Era berean, jakinarazpen horrekin batera berariazko adierazpen bat egin beharko da aurreko bi zerga-ekitaldietan eta abian den ekitaldian zehar jasotako gainerako minimis laguntzei dagokienez.

Eginbehar horiek bete beharko dira bai onuradun izateko bai dirulaguntzaren likidazioa egin arte onuradun izaten jarraitzeko.

2.– Honako hauek ezin izango dira Agindu honetan xedatutako laguntzen onuradun izan:

a) Dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen ebazpen edo epai irmoren batekin zehatuta edo kondenatuta daudenak; prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe erabiltzeagatik, eragimen-trafikoagatik, iruzurragatik, legearen aurkako ordainarazpenak egiteagatik edo hirigintza-delituengatik zigortuak daudenak; eta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekuren bat dutenak, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako 4/2005 Legearen (otsailaren 18ko 4/2005 Legea) azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

b) Konkurtso-deklarazioa eskatu dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo direnak edo konkurtsoan deklaratuta egon direnak, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean badaude edo desgaitu egin badira, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu gabe.

c) Administrazioarekin egindako edozer kontratu ebazpen irmoz indargabetu bada, dena delako kausagatik errudun deklaratuz gero.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza izan, kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritako kasuren batean daudenak, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat izatea, horietan ezarritako baldintzetan.

e) Zerga-egoitza erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean dutenak.

f) Berreskuratze-agindu baten mende daudenak, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

3.– Arestian adierazitako kondizio orokorrez gain, honako berariazko kondizio hauek bete beharko dira:

a) Lupulu-ustiategien titularrei dagokienez:

– Behar bezala erregistratutako lupulu-ekoizleen elkarte bateko kide izatea.

– 2021ean, gutxienez 0,15 hektarea lupulu haztea.

– Ustiategia ekoizpen merkaturagarrian badago:

• Batzordearen 2006ko abenduaren 14ko 1850/2006 (EE) Erregelamenduaren arabera ziurtatuta egotea ekoizpena.

• Garagardoa ekoizteko, ekoizpena Euskal Garagardo Elkarteko egileei komertzializatzea.

• Beste ekoizpen batzuetarako, ekoizpena EAEko operadoreei jartzea lehentasunez.

b) Ogitarako zerealen ustiategietako titularrei dagokienez:

– 2020. urtean (2020-2021 kanpaina) gutxienez 20 hektarea zereal erein izana, honako ogitarako espezie eta barietate hauetakoren batenak: garia (Espelta, Soissons edo Filon barietateak) eta zekalea (ogitarako edozein barietate).

– Basque Label Okindegiak Elkarteko kide izatea eta ekoizpena Hazi Fundazioak ziurtatuta egotea.

– Ekoizpena Euskal Ogia Eusko Labelentzat komertzializatzea.

c) Fruitu lehorreko zuhaitzen (intxaurrondoak eta hurritzak) ustiategietako titularrei dagokienez:

– 2021. urtean, gutxienez, intxaurrondo eta/edo hurritz hektarea bat haztea.

– Ekoizpen ekologikoaren ziurtagiriaren pean edo 4.0 nekazaritzari lotutako aholkularitza egiaztatuaren bidez laboratzea (fertiirrigazioa, ureztatzea, hala badagokio, tantaka edo mikroaspertsio bidez, lurzoruen analisia, ongarritze selektiboa eta abar).

– Ekoizpenean egonez gero, ustiategian ontziratzea fruituak edo kontratua izatea enpresa eraldatzailearekin.

d) Ahuntz-esnearen ustiategietako titularrei dagokienez:

– Ustiategia Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan inskribaturik egotea.

– Behar bezala erregistratutako ahuntz-ekoizleen elkarte bateko kide izatea.

– 2021. urtean, gutxienez, jezteko 50 ahuntz-buru izatea.

– Esnearen errendimendu- eta kalitate-kontrolak egitea, EAEn erregistratutako aholkularitza-zentro baten bidez, eta erreferentziako laborategi baten ziurtagiria izatea.

– Esnea ustiategian eraldatzea, artisau-gazta, gazta ekologikoa edo Label Gaztaberri markako gazta ekoizteko, edota esne-ekoizle gisa erregistratuta egotea Label Gaztaberri gazta ekoizteko.

Laugarrena.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gastuak eta gauzatze-epea.

Diruz lagundu daitezkeen gastuei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

Zehazki, honako gastu hauek lagun daitezke diruz:

1.– Lupulu-ustiategietarako, ekitaldirako aurkeztutako laborantza-azalera.

2.– Ogitarako zerealen ustiategietarako, kanpainan aurkeztutako laborantza-azalera.

3.– Fruitu lehorreko zuhaitzen ustiategietarako (intxaurrondoak eta/edo hurritzak), ekitaldirako aurkeztutako laborantza-azalera.

4.– Ahuntz-esnearen ustiategietarako, ekitaldirako aurkeztutako ustiategiko jezteko abereen kopurua.

Bosgarrena.– Laguntzen izaera eta haiek emateko prozedura.

1.– Programari dagozkion laguntzak honako erregelamendu hauetan ezarritako erregimenaren pean eman dira: 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Batzordearen Erregelamendua, nekazaritza-sektorerako Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu-itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa; eta Europako Batzordearen 2019ko otsailaren 21eko 2019/316 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez aldatzen baita 1408/2013 (EB) Erregelamendua, nekazaritza-sektorerako Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu-itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa.

2.– Estatu kide bakoitzak enpresa bakar bati emandako minimis laguntzen zenbateko osoa ez da 20.000 eurotik gorakoa izango hiru ekitaldi fiskaleko edozein alditan.

Muga hori gaindituz gero, gutxitu egingo da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa: gehiegizko kopurua zenbat, hainbat gutxituko da.

3.– Minimis laguntzak emantzat joko dira, onuradunari laguntza eman zaiola jakinarazten zaion unetik aurrera.

4.– Dirulaguntzak lehiaren eta zenbateko erabilgarriaren arabera emango dira, eta oinarrietan ezarritako mugaraino esleituko dira, kreditu erabilgarriaren barruan. Laguntzak jasotzeko kondizioak betetzen dituztenek eskatutako zenbatekoen batura handiagoa bada deialdiaren lerro bakoitzaren zenbatekoa baino, zenbateko hori onuradunen artean hainbanatuko da, dagokion proportzioan. Hala ere, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legearen 15. artikuluan xedatutakoaren arabera, titulartasuna emakume batena bada edo titulartasun partekatukoa, edo portzentajea edo emakumeen esku dauden partaidetza sozialak gutxienez % 50 diren pertsona juridiko batena bada titulartasuna, bazkideak bi izanik, edo, gutxienez, orekatua gainerako kasuetan, esleitutako aurrekontu-partida agortuz gero, aipatutako ustiategiek zenbateko osoa jasoko dute, hainbanatu gabe.

Seigarrena.– Laguntzen zenbatekoa, esleipen-irizpideak eta bateragarritasuna.

1.– Laguntzen zenbatekoak ezingo du gainditu onuradun bakoitzeko 7.000,00 euroko gehieneko zenbatekoa.

2.– Dirulaguntza bakoitzaren zenbatekoa honela kalkulatuko da:

a) Lupulu-ustiategietako titularren kasuan, onuradun bakoitzeko laguntzaren zenbatekoa laborantza-azaleraren arabera barematuko da, honako tarte hauen arabera:

– 0,15 ha-tik 0,50 ha-ra: 5.000 euro.

– >0,50 ha-tik 1 ha-ra: 6.000 euro.

– >1 ha: 7.000 euro.

b) Ogitarako zerealen ustiategietako titularren kasuan, onuradun bakoitzeko laguntzaren zenbatekoa laborantza-azaleraren arabera barematuko da, tarte hauen arabera:

– 30 ha-ra arte: 6.000 euro.

– >30 ha: 7.000 euro.

c) Fruitu lehorreko zuhaitzen (intxaurrondoak eta hurritzak) ustiategietako titularren kasuan, onuradun bakoitzeko laguntzaren zenbatekoa labore-azaleraren arabera barematuko da, tarte hauen arabera:

– 1 ha-tik 2 ha-ra: 5.000 euro.

– >2 ha-tik 3 ha-ra: 6.000 euro.

– >3 ha: 7.000 euro.

d) Ahuntz-esnearen ustiategietako titularren kasuan, jezteko abereen kopuruaren arabera barematuko da onuradun bakoitzeko laguntzaren zenbatekoa:

– 50 eta 100 abelburu artean: 5.000 euro.

– 101 eta 200 abelburu artean: 6.000 euro.

– >200 abelburu: 7.000 euro.

3.– Dirulaguntzaren zenbatekoak –Estatuko edo nazioarteko beste administrazio publiko batzuen edo beste erakunde pribatu edo publiko batzuen laguntzekin eta dirulaguntzekin batera– ezin izango du onuradunak egin beharreko jardueraren kostua gainditu.

4.– Dirulaguntza horiek bateragarriak izango dira beste administrazio publiko batzuek helburu berarekin ematen dituztenekin, guztien artean diruz lagundutako jardueraren gainfinantzaketa gertatzen ez bada. Hala izanez gero, Agindu hau betez eman beharreko zenbatekoak laguntzaren xede den jardueraren kostu errealera gutxituko dira. Hala ere, 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Batzordearen Erregelamenduan eta 1408/2013 (EB) Erregelamendua aldatzen duen Europako Batzordearen 2019ko otsailaren 21eko 2019/316 (EB) Erregelamenduan ezarritako minimis erregimenarekin bat, onuradun batek ezingo du 20.000 eurotik gorako zenbatekoa jaso hiru ekitaldi fiskaletako aldian, laguntzaren xedea nahiz laguntza ematen duen administrazio-organoa edozein delarik ere.

Zazpigarrena.– Eskabideak eta agiriak.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Pertsona juridikoek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte eskabideak aurkeztu eta ondorengo izapideak egiteko, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 14. artikuluan. Pertsona fisikoek modu presentzialean zein elektronikoan aurkez ditzakete eskabideak:

– Bide presentziala: eskabideak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bulegoetan aurkeztuko dira zuzenean (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), edo Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako lekuetako edozeinetan. Eskabideak Zuzenean zerbitzuaren bulegoetan aurkeztu ahalko dira, aldez aurretik Zuzenean zerbitzuan hitzordua eskatuta (https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean) edo aldez aurreko hitzorduak eskatzeko edo ezeztatzeko berariazko telefono-zenbakira hots eginda: 945 01 90 00.

– Bide elektronikoa: bitarteko elektronikoak erabilita aurkeztuko dira eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0012070).

Helbide horretan eskuratu ahal izango da eskabide-orria, bai eta eskabideak aurrez aurre nahiz modu telematikoan aurkezten eta justifikatzen laguntzeko informazioa ere.

3.– Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak:

https://www.euskadi.eus/ziurtagiriak (euskara).

4.– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak. Ordezkaritza-ahalmena eman behar bazaio beste pertsona bati, jardun dezan, ordezkaritza hori justifikatu beharko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

5.– Izapide elektronikoaren kasuan, eskabidea aurkeztu ondoko izapideak «Nire karpeta» aplikazioan egingo eta jakinaraziko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).

6.– Eskatzaileak euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzake eskaera eta dokumentazioa. Era berean, prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

7.– Emandako datuak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Zerbitzuen zuzendaria da emandako datuen arduraduna, eta zuzendaritza horretan gauzatu ahal izango dira datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideak; horretarako, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Zortzigarrena.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskaera egiten duen erakundearen ezaugarriak eta egin nahi den ekintza kontuan hartuta, eskabide guztiekin batera, ezinbestez, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira.

2.– Dokumentazioa:

a) Ustiategien erregistroan eta Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan (ahuntz-esnearen ustiategiak) izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiria.

b) Ustiategi asoziatiboen kasuan, erakundearen IFKren kopia (ustiategiaren titularraren edo titularkidearen NANa aurkezten den kasuetan, automatikoki egiaztatuko da, 3. apartatuan adierazitako moduan). Halaber, bazkideen kopurua adierazi beharko da, gizonen eta emakumeen banaketarekin batera, bai eta emakumeen esku dauden partaidetza sozialen ehunekoa ere.

c) Hirugarrenen altaren inprimakia.

d) Abeltzaintza-erroldaren edo ustiategi eskatzaileari atxikitako azaleraren ziurtagiria.

e) Hala badagokio, hirugarren ebazpen-zatiko 3. apartatuko betekizun espezifikoen arabera elkartuta dagoela egiaztatzen duen agiria.

f) Eraldaketa- eta merkaturatze-baldintzatzaileei buruzko egiaztagiriak, hirugarren ebazpen-zatiko 3. apartatuan xedatutako berariazko betekizunen arabera, hala badagokio.

g) Ziurtapen- edo aholkularitza-baldintzatzaileei buruzko egiaztagiriak, hirugarren ebazpen-zatiko 3. apartatuan xedatutako berariazko betekizunen arabera, hala badagokio.

h) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena. Erakundearen legezko ordezkariak egindako erantzukizunpeko aitorpena, eskabideari atxikita dagoen ereduaren arabera, non honako hauek egiaztatuko diren:

– Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan kokatutako ustiategi baten titularra dela, edo sektorean sartzeko prozesuan dagoela Gaztenek programaren barruan (onetsitako proiektua).

– Abereen osasunari, higieneari, ongizateari eta trazabilitateari buruzko indarreko arauak betetzen dituela, eta zigorrik ez duela jaso arlo horietan deialdi honen aurretiko azken hiru urteetan.

– Minimis erregimeneko laguntzen esparruan ez dituela jaso 20.000 euro, kontzeptua edozein dela ere, deialdi honen aurretiko bi ekitaldi fiskaletan eta indarrean dagoen ekitaldi fiskalean.

– Diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dion administrazio publiko edo ente publiko edo pribaturen bati, eta eskuratu duen ala ez. Hala bada, dirulaguntza ematen duen erakundearen identitatea eta laguntzaren zenbatekoa jakinarazi beharko dira. Era berean, jakinarazpen horrekin batera berariazko adierazpen bat egin beharko da aurreko bi zerga-ekitaldietan eta abian den ekitaldian zehar jasotako gainerako minimis laguntzei dagokienez.

– Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa ebatzita ez izatea.

– Inongo itzulketa- edo zehapen-prozeduretan sartuta ez dagoela. Eta, EAEko Administrazio Orokorreko edo beraren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi bada prozedura, oraindik izapidetzan egotea.

– Ez dagoela dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penalik zein administrazio-zehapenik, eta ez duela horretarako legezko inolako debekurik, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan xedatutakoak barne hartuz; sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne direla, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean jasotako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargurik ez izatea, horietan ezarritako baldintzetan.

– Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez duela zerga-egoitza.

– Berreskuratze-agindu baten mende ez dagoela, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki ondoren laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

– Konkurtso-deklarazioa eskatu ez izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo ez izana, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan hitzarmen batek eraginkortasuna hartu badu, esku-hartze judizialaren mende ez egotea.

3.– Organo kudeatzaileak behar beste aldiz egiaztatuko ditu zerga-eginbeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta NANa ere, eta, horretarako, ez du haien baimenik behar izango, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren arabera (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena). Eskatzaileak baimenaren aurka egin dezake, modu arrazoituan betiere, eta, kasu horretan, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Bederatzigarrena.– Eskabideak zuzentzea.

1.– Eskabidea puntu guztietan behar bezala beteta ez badago, edo aurreko artikuluan adierazitako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, 10 eguneko epea emango zaio eskatzaileari akatsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren agiriak aurkezteko. Epe hori igarota hala egin ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, eta hala adieraziko da, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzako titularraren ebazpen bidez, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan.

2.– Eskabidea izapidetzea onartu ondoren, dirulaguntzak kudeatzeko organo arduradunak interesekotzat jotako informazioa eskatu ahalko dio eskatzaileari, aurkeztutako proiektua egoki baloratzeko, eta horretarako 10 eguneko epea emango dio, informazioa eman ezean proiektua eskatutako informazioa kontuan hartu gabe aztertuko dela jakinarazita.

Hamargarrena.– Organo Kudeatzailea eta Ebazpena.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari dagokio.

2.– Eskatzaileek aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak laguntza-lerro bakoitzari dagozkion ebazpenak emango ditu. Ebazpen horietan eskatzaileari eskatutako laguntza eman edo ukatuko zaio, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Aurreko apartatuan aurreikusitako epean berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ezean, eskaerak ez-onartutzat joko dira, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.9 artikuluan xedatutakoaren arabera.

4.– Aurreikusitako laguntzei buruzko ebazpena banan-banan jakinarazi behar bada ere, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren ebazpen baten bidez EHAAn argitaratuko da emandako dirulaguntzen eta laguntza jasoko duten onuradunen zerrenda, bai eta horiei dagozkien zenbatekoak ere, herritarrak jakinaren gainean egon daitezen.

5.– Laguntza eman den edo ez zehaztuko da ebazpenean; gainera, laguntza eman bada, zehaztuko da zer erakundek jaso duen, diruz lagundutako azalera edo animaliak zein diren eta zenbateko laguntza eman den; eta, aitzitik, eman ez bada, laguntza ez emateko arrazoiak adieraziko dira, bai eta dagozkien errekurtsoak ere.

6.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo, edozein unetan, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.

Hamaikagarrena.– Justifikazioa eta ordainketa.

1.– Eskatzaileak, eskabidearekin batera, gastuak justifikatzeko kontu bat aurkeztu beharko du, behar bezala sinatuta. Kontu horrek informazio hau edukiko du:

a) Diruz lagundutako jardueraren gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua, eta bertan alderdi hauek zehaztuta: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, zer datatan eman den, eta ordainketa-data.

b) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako diru-sarreren edo dirulaguntzen zerrenda xehatua, zenbatekoa eta jatorria adierazita.

Dirulaguntza horiek emateko, dirulaguntza jasotzeko behar diren kondizioak eta betekizunak egiaztatu beharko dira. Hori dela eta, dirulaguntza ematen den unean justifikatutzat joko dira, alde batera utzi gabe Administrazioaren egiaztapen-jarduketak eta finantza-kontrola haren zehaztasuna egiaztatzeko.

2.– Laguntza emateko ebazpena eman eta gehienez ere hiru hilabeteko epean ordainduko dira laguntzak, agindu honen zortzigarren artikuluan aurreikusitako dokumentazioa eta justifikazio-kontua aurkeztu ondoren.

3.– Ordainketa bakarra izango da eta aldi bakarrean egingo da, laguntza jasotzeko kondizioak betetzen direla egiaztatu ondoren.

4.– Edonola ere, eskatzaileei ez zaie laguntzarik ordainduko, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo bere erakunde autonomoek emandako gisa bereko laguntza edo dirulaguntzengatik hasitako itzultze- edo zehapen-prozeduraren batean sartuta badaude, eta prozedura horiek amaitu gabe badaude.

5.– Ez da inolako ordainketarik egingo onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak edo itzulketa-ebazpen batek adierazita zordun bada.

6.– Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak, emaitzak, egiaztapenak eta aurkeztutako dokumentazioa oinarri hartuta, ordainketa bakarra egingo du, dagokion ebazpenaren bidez.

7.– Onuradunak aurkezturiko dokumentazioaren datuak egiazkoak direla frogatzeko, Nekazaritza eta Abeltzaintzako Zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio eta informazio osagarri guztia eska dezake.

8.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean egon beharko du. Alta eman edo hirugarren interesduneko datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrengoentzako erregistro elektronikora jo beharko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak.

Hamabigarrena.– Onuradunen betebeharrak.

Artikulu hauetan xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikulua, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak. Zehazki, betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Emandako laguntza onartzea. Hala, bada, laguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta 15 eguneko epean onuradunak berariaz eta idatziz laguntzari uko egiten ez badio, laguntza onartutzat joko da.

b) Dirulaguntza eman den xede zehatzerako erabiltzea.

c) Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren esku jartzea gastuak egin direla egiaztatzeko behar diren agiri guztiak.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari laguntzak nola erabili diren eta laguntzen xedeak bete diren egiaztatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.

e) Administrazio baten edo erakunde publiko zein pribatu baten beste laguntza edo dirulaguntzaren bat lortuz gero xede bera betetzeko, horren berri ematea idatziz Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari, bai eta 2019, 2020 eta 2021eko ekitaldietan zehar jasotako beste minimis laguntza batzuen kasuan ere.

f) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako kondizioren bat aldatuz gero, objektiboa zein subjektiboa izan, horren berri ematea idatziz Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari.

g) Eman den dirulaguntzaren indarraldian zehar egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta jasotako funtsak itzultzea, itzultzeko ebazpen baten ondorioz zorrak izanez gero.

h) Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta hura garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera eska daitekeen beste edozein eginbehar betetzea.

i) Publizitatea emateko betebeharra –Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18. artikuluan jasotakoa– betez , erakunde onuradunek laguntzen deialdi honen bitartez lortutako babesaren berri emango dute jendaurrean. Horretarako, hau egin beharko dute:

Jardueraren sustapenarekin zerikusia duten argitalpen, liburuxka edo publizitate guztietan, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren dirulaguntza berariaz aipatzea. Era berean, kartel bat jarri beharko da, gutxienez, Agindu honetan araututako dirulaguntza lortu dela adierazteko. Kartelak A3 tamaina izan beharko du, gutxienez, eta jendeak ikusteko moduko leku batean egon beharko du jarrita, eraikineko ateetatik edo ateburutik hurbil. Kartel hori 6 hilabetez egongo da ikusgai gutxienez, dirulaguntza ematea jakinarazten denetik aurrera.

Zabalkunderako egiten diren kartel, testu eta dokumentu guztiak euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira.

Publizitatea Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburuan xedatutakoarekin bat etorriz egingo da (https://www.euskadi.eus/erakunde-ikurrak-eta-nortasuna/web01-s1ezaleh/eu/).

Hamahirugarrena.– Dirulaguntzaren kondizioak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako kondizioetako bat aldatuz gero edo beste erakunde publiko nahiz pribatu batek beste laguntza edo dirulaguntzaren bat emanez gero, Nekazaritza eta Abeltzaintzako Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio idatziz, eta gerta daiteke horren ondorioz dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea eta betetzat jotzea horren helburua; kasu horretan, dena dela, agindu honetan ezarritako betekizunak bete beharko dira, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak 49.12 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Ondore horietarako, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak dagokion ordainketa-ebazpena emango du; ebazpen horretan, emandako dirulaguntzaren kopurua doitu egingo da, edota, hala badagokio, jasotako gehiegizko zenbatekoak itzultzeko eskatuko da, bai eta berandutze-interesak ere.

Hamalaugarrena.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntza-eskatzaileek atzera egin ahalko dute, betiere laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, atzera egiteko eskaera helarazi beharko diote Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari, idatziz, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eskaera, eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.

2.– Onuradunak galdu egingo du ebazpenaren bidez aitortutako eskubidea, bai eta laguntza osoa edo haren zati bat jasotzeko eskubidea ere, baldin eta laguntzari uko egiteko idazki bat aurkezten badu hamaikagarren ebazpen-zatian ezarritako epean; Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak uko-egitea onartu beharko du, ebazpen bidez.

Hamabosgarrena.– Ez-betetzeak.

1.– Baldin eta onuradunek ez badute Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren dirulaguntza eskatutako eta emandako xede espezifikorako erabiltzen, ez badute dirulaguntza ematea eragin zuen jarduera egiten, ez badute justifikatzen dirulaguntza jaso zuen xederako baliatu duela, edo, oro har, ez badute betetzen erakunde eskudunak ezarritako kondizioren bat, pertsona horiek dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dutela adieraziko da, betiere aldez aurretik interesdunari entzun ondoren; gainera, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzuli beharko diote Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, gehi legezko berandutze-interesak, proportzionaltasun-printzipioari jarraikiz betiere, hala ezarrita baitago azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, zeinaren bidez onartzen baita Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako dirulaguntzen berme eta itzulketen erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan.

2.– Era berean, onuradunak itzuli egin beharko du dirulaguntza honen xede den jardueraren kostuaren gainetik jasotako diru kopurua, beste laguntza edo dirulaguntza batzuekiko bateragarritasun-muga gainditzen bada, seigarren ebazpen-zatian adierazitakoarekin bat; horretaz gain, zehapenak eta kalte-ordainak ordainarazi ahal izango zaizkio, sortutako kalteengatik, eta, hala badagokio, zigor-erantzukizuna eskatu ahal izango zaio. Aipatu zenbatekoek diru-sarrera publikoen izaera izango dute, dagozkien ondoreetarako.

3.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.2 artikuluaren arabera, onuradunaren betetze-maila nabarmen hurbiltzen bada guztiz betetzera, eta onuradunek argi eta garbi egiaztatzen badute beren konpromisoak betetzeko jarduna egin dutela, dirulaguntzaren zati bat ordainduko da, edo, hala badagokio, zati baten itzulketa egin beharko da, eta egindako jarduera osoaren aldean dagoen proportzioan zehaztuko da haren kalkulua. Edonola ere, onuradunak kobratzeko eskubidea duen zenbatekoa benetan eta behar bezala justifikatuta eman den dirulaguntzaren zenbatekoa izango da, erakunde emaileak justifikazioa egiaztatu eta onartu ondoren.

4.– Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak hasi eta ebatziko du ez-betetzeagatiko itzulketa-espedientea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 27a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala