Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

121. zk., 2021eko ekainaren 21a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
3515

ERABAKIA, 2021eko ekainaren 3koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena: onartzea Argitalpen Zerbitzuaren Arautegiaren aldaketa.

Argitalpen Zerbitzuaren Arautegiaren azken bertsioa 2013ko martxoaren 7an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Ordutik hona denbora igaro denez, zerbitzuko zuzendariak beharrezko ikusi du arautegia eguneratzea. Proposatutako aldaketa nagusia da Estilo Liburuaren ordez Argitalpenen Eskuliburua jartzea, eta nazioartean ospe handiko erakundeek, COPE adibiderako, sustatutako jokabide-kodeei eta etika editorialeko jardunbide egokiei erantzutea. Bide batez eguneratu egin dira arautegiko artikulu batzuk eta, horrexegatik, testu osoa aurkezten da.

Proposatutako aldaketak Lege Zerbitzuaren aldeko txostena du, bai eta Estatutuak eta Arautegiak Garatzeko Batzordearena ere.

Adierazitakoarengatik, eta Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordeak hala proposatuta, Gobernu Kontseiluak honako hau

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Onartzea Argitalpen Zerbitzuaren Arautegiaren bertsio berria, eranskinean jasota dagoen moduan.

Bigarrena.– Agindua ematea Argitalpen Zerbitzuaren Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Leioa, 2021eko, ekainaren 3a.

Errektorea,

EVA FERREIRA GARCÍA.

Idazkari nagusia,

AITOR ZURIMENDI ISLA.

ERANSKINA
ARGITALPEN ZERBITZUAREN ARAUTEGIA
Atarikoa

Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuek diote zazpigarren tituluan, unibertsitateko kideei laguntza emateko zerbitzuei buruzkoan, 296. artikuluan, UPV/EHUk, bere helburuak hobeto betetzeko, interesgarritzat jotzen diren lan zientifiko, tekniko edo artistikoen hedapena lortzera zuzendutako zerbitzuen eskaintza sustatuko duela, besteak beste. Eginkizun hori UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuaren bidez eramaten da aurrera.

Kontuan hartutako aurreko xedapenak, arautegi honen helburua da arautzea UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuaren funtzionamendua, egitura, jarduera eta eginkizunak.

I. KAPITULUA.
IZAERA, HELBURUAK ETA EGINKIZUNAK

1. artikulua.– Izaera.

1.– UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua material inprimatu, digital eta ikus-entzunezkoaren nahiz beste euskarriren bateko materialaren argitalpenak programatzeaz eta gauzatzeaz arduratzen da, bai eta beste batzuekin batera egiten dituen argitalpenak programatu eta gauzatzeaz ere, interesgarritzat jotzen diren lan zientifikoak, teknikoak, artistikoak edo bestelakoak zabaltzeko.

2.– Argitalpen Zerbitzua Euskal Herriko Unibertsitatearen argitalpen zigilu bakarra da. Hori dela eta, UPV/EHUko sail, ikastegi, institutu, zerbitzu edo bestelako egiturek ezin izango dute argitaratu, ez noizean behin ez serie gisa, liburu, aldizkari zientifiko edo argitalpen produkturik UPV/EHUren izendapen, marka, sinbolo edo bestelako nortasun ikurren bat erabilita, errektoreorde eskudunak berariaz hala baimendu ezean.

3.– UPV/EHUk bermatzen du argitalpenen kalitate zientifikoa eta irakats kalitatea, baldin eta argitalpen horiek bete badituzte arautegi honen bidez araututako aurkezpen eta ebaluazio prozesuak, Argitalpen Zerbitzuaren eskumena eskuordetuta daukan errektoreordeak emandako jarraibideetan garatzen direnak. Jarraibide horiek erraz kontsultatu ahal izateko, arautegi honetako 12. artikuluan aipatzen den Argitalpenen Gidaliburuan jasoko dira.

4.– Argitalpen Zerbitzuak arautegi honen eta eragiten dioten unibertsitatearen gainerako xedapenen eta xedapen orokorren arabera jardungo du.

2. artikulua.– Helburuak.

Argitalpen Zerbitzuak Euskal Herriko Unibertsitatearen baitan hezkuntza, irakaskuntza, ikerketa eta kultura sustatzen lagundu nahi du argitalpen produkzioaren bidez. Arreta berezia jartzen du euskaraz aurkezten diren materialetan, beste organo batzuek gai honen inguruan izan ditzaketen eskumenei kalterik egin gabe.

3. artikulua.– Eginkizunak.

Argitalpen Zerbitzuak eginkizun hauek ditu:

a) Lanak edozein eratako euskarritan argitaratzea.

b) Bere argitalpenak zabaltzea, banatzea, merkaturatzea eta kudeatzea.

c) UPV/EHUren argitalpenak ustiatzeko eskubideak kudeatzea.

d) Beste unibertsitate eta erakunde ofizial nahiz pribatu batzuekin edozein eratako argitalpenak sustatzea eta trukatzea. Jasotako lanak Unibertsitateko Bibliotekara bidaliko dira.

e) Erakunde publiko zein pribatuekin batera bi aldeen intereserako diren lanen argitalpena sustatzea.

f) Inprimatze zerbitzu azkarra eta erreprodukzio digitaleko zerbitzua izatea.

II. KAPITULUA
ZERBITZUAREN EGITURA ETA ORGANOAK

4. artikulua.– Mendekotasuna.

Bete behar dituen eginkizunen izaera aintzat hartuta, Argitalpen Zerbitzua egongo da atxikita argitalpen eta hedapen zientifikoko lanak koordinatzeko eta zuzentzeko eskumena izango duen errektoreordetzara, errektorearen eskuordetzaz.

5. artikulua.– Egitura.

Bere helburuak eta eginkizunak betetzeko, Argitalpen Zerbitzua organo eta zerbitzu hauetan egituratuta dago:

1.– Zuzendaria.

2.– Argitalpen Kontseilua.

3.– Zerbitzu tekniko eta administratiboak.

III. KAPITULUA
ARGITALPEN KONTSEILUA

6. artikulua.– Eginkizunak.

Hauek dira Argitalpen Kontseiluaren eginkizunak:

1.– Onartzea zerbitzuaren argitalpen politikako ildo orokorrak.

2.– Erabaki arrazoituaren bidez, argitalpen ildo berriak zabaltzea eta aldizkari zientifikoak gehitzea, edo horiek bertan behera uztea.

3.– Sustatzea interes akademikoa edo komertziala duten argitalpenak.

4.– Testuliburuak prestatzea, unibertsitateko kideen eta, hala badagokio, beste unibertsitate batzuen lankidetzaz. Euskarazko idatziei emango zaie lehentasuna merkatuan antzekorik ez dagoenean.

5.– Proposatzea unibertsitatearen argitalpen jarduera sustatzeko eta hobetzeko aproposak izan daitezkeen ekimenak.

7. artikulua.– Osaera.

1.– Argitalpen Kontseiluaren burua izango da Argitalpen Zerbitzuaren gaineko eskumena eskuordetuta duen errektoreordea.

2.– Beste kide hauek ere izango ditu:

a) Bi errektoreorde:

– Ikerketaren arloko errektoreordea.

– Euskararen arloko errektoreordea.

Bi errektoreorde horietakoren bat kontseiluko burua balitz, errektoreak izendatzen duen beste errektoreorde bat izango litzateke Argitalpen Kontseiluko kidea.

b) Argitalpen Zerbitzuko zuzendaria, kontseiluko burua izango dena errektoreorde eskuduna ez dagoenean.

c) Kontseiluko kideak izango dira UPV/EHUko ospe handiko pertsonak, jakintza arlo hauetakoak: hiru Arte eta Giza Zientzien arlokoak, bi Zientzia Esperimentalen arlokoak, bi Osasun Zientzien arlokoak, hiru Gizarte eta Lege Zientzien arlokoak, eta bi Ingeniaritza eta Arkitekturaren arlokoak. Kide elebidunen (euskara-gaztelania) eta elebakarren kopurua orekatua izango da. Dena dela, arlo bakoitzeko argitalpenen heterogeneotasuna ikusita, edo zerbitzuaren premien arabera beharrezkotzat joko balitz, ordezkari bat gehiago jarri ahal izango da.

Kontseiluko kide horiek errektoreak izendatuko ditu, Argitalpen Zerbitzuaren gaineko eskumena duen errektoreordeak hala proposatu eta Gobernu Kontseiluari entzun ondoren. Izendapena lau urterako izango da eta, gehienez ere beste lau urtez luzatu ahal izango da.

d) Argitalpen Zerbitzuko burua, idazkaria izango dena.

8. artikulua.– Bilera deiak eta batzordeak.

1.– Argitalpen Kontseilua gutxienez urtean behin bilduko da, Argitalpen Zerbitzuaren gaineko eskumena daukan errektoreordeak deituta. Horrez gain, bilerak egingo dira kontseiluko buruak hala erabakitzen duenean, kontseiluko kideen eskaerak ikusi eta gero.

2.– Deialdia eta dokumentazioa bitarteko elektronikoen bidez bidaliko dira, betiere bitarteko horien bidez ziurtatu ahal bada kontseiluko pertsonek jaso dituztela deialdia eta dokumentazioa. Bai deialdia bai dokumentazioa bilera hasi baino, gutxienez, 48 ordu lehenago egon behar dute Argitalpen Kontseiluko pertsonen eskura.

3.– Argitalpen Kontseiluak bileran dauden pertsonen gehiengo soilaz hartuko ditu erabakiak. Bigarren deialdian beharrezkoa izango da gutxienez kideen heren bat izatea bertan.

4.– Kontseiluko idazkariak bilera bakoitzeko akta egingo du, eta hartutako erabakiak jasoko dira bertan. Akta kontseiluko kideen eskura geratuko da, Argitalpen Zerbitzuaren bulegoetan.

5.– Argitalpen Kontseiluak batzordeen bidez egingo du lan, eta batzorde bat egongo da jakintza arlo bakoitzeko. Batzorde horiek kasuan kasuko arlokoak diren kontseiluko kideek osatuko dituzte, eta burua zerbitzuko zuzendaria izango da.

IV. KAPITULUA
ZERBITZUKO ZUZENDARIA

9. artikulua.– Zuzendaria.

Argitalpen Zerbitzuko zuzendaria errektoreak izendatuko du, Argitalpen Zerbitzuaren gaineko eskumena duen errektoreordeak hala proposatuta, eta Gobernu Kontseiluari horren berri emango zai.

10. artikulua.– Eginkizunak.

Argitalpen Zerbitzuko zuzendariak eginkizun hauek beteko ditu, errektoreorde eskudunaren gidaritzapean:

a) Argitalpen Zerbitzua zuzentzea, Argitalpen Kontseiluak ezarritako jarraibideen arabera.

b) Lanen argitalpena sustatzea.

c) Beste batzuekin batera argitalpenak egiteko hitzarmenak eta trukerako hitzarmenak sinatzea, edo hitzarmen horiek bertan behera uztea.

d) Urteko memoria eta aurrekontu proiektua prestatzea eta zerbitzuari esleitutako aurrekontua kudeatzea.

e) Argitaratze ahalmena handitu ahal izateko finantzabide gehiago lortzera bideratutako gestioak egitea eta, premien memoria prestatzea urtero.

f) Lanak argitaratzeko eta jabetza intelektualeko beste eskubide batzuk eskuratzeko hitzarmenak eta kontratuak sinatzea.

g) Errektoreordeari proposatzea jatorrizko lanak aurkezteko arauak eta lan horien ebaluazioa egiteko kudeaketari buruzkoak, 12. artikuluan aipatzen den Argitalpenen Gidaliburuari jarraituz.

h) Bultzatzea Argitalpen Zerbitzuak eskaintzen dituen zerbitzuen kalitatea gero eta hobea izatea, bat etorrita zerbitzuen kartetan jasotakoarekin.

i) Arautegi honetan aipatzen diren gainerakoak eta zerbitzuari dagozkion bestelakoak, baldin eta ez bazaizkie esleitu beste organo batzuei berariaz.

V. KAPITULUA
ZERBITZU TEKNIKO ETA ADMINISTRATIBOAK

11. artikulua.– Zerbitzu tekniko eta administratiboak.

1.– Zuzendariaren gidaritzapean, zerbitzuko buruak zerbitzuaren jarduera kudeatzen du eta zerbitzuari atxikitako langileak zuzentzen ditu, UPV/EHUko lan monografietan jasotakoaren arabera.

2.– Argitalpen Zerbitzuko zerbitzu teknikoak eta administratiboak UPV/EHUko lanpostuen zerrendan jasotakoaren arabera egituratuko dira.

VI. KAPITULUA
ARGITALPENAK

12. artikulua.– UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuaren Argitalpenen Gidaliburua eta argitalpenen etika printzipioak.

1.– Argitalpen Zerbitzuak Argitalpenen Gidaliburua izango du eta bertan jasoko dira, modu sistematikoan, jatorrizko lanak aurkeztu eta ebaluatzeko arauak. Egileek arau horiek bete beharko dituzte nahitaez.

2.– UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak argitalpen prozesuen etika zainduko du, eta arreta berezia jarriko du Committee on Publication Ethics (COPE) erakundeak eta ospe handiko beste erakunde batzuek bultzatutako jokabide kodeetan eta jardunbide egokietan.

13. artikulua.– UPV/EHUren argitalpen funtsa.

1.– UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuko katalogo orokorra –bere egitura, atal, bilduma, titulu eta bera eratzen duten gainerako elementuen bitartez– Argitalpen Zerbitzuaren liburu, aldizkari eta gainerako produktuak antolatzeko eta nortasun batez janzteko sistema da. Katalogoaren konfigurazioa da zerbitzuaren argitalpen ildoaren ikurrik behinena.

2.– Argitalpen Zerbitzuak argitara emango dituen lanak izan daitezke monografiak, testuliburuak (hala unibertsitate mailakoak nola maila horretakoak ez direnak), aldizkariak, serieak eta/edo bildumak, doktorego tesiak eta bestelako argitalpenak.

UPV/EHUren argitalpen funtseko aldizkariek kalitate zientifikoari eta argitalpenen kalitateari lotutako irizpide finko eta normalizatuak bete beharko dituzte, eta edukien kalitateaz arduratuko diren batzordeak izango dituzte. Lan zientifikoak ebaluatu egingo dira eta Argitalpen Zerbitzuaren kalitate irizpideak bete beharko dituzte. Arautegi honetan adierazten diren eta Argitalpen Zerbitzuaren Argitalpenen Gidaliburuan zehaztuta egongo diren kalitate baldintzak betetzen dituzten argitalpenen kasuan marka baten bidez bermatuko du UPV/EHUk lan horien kalitatea.

3.– Dena den, 14.3 artikuluan adierazitako moduan onartzen badira ere, unibertsitateko organo eta egiturek sustatutako argitalpenak eurek finantzatuko dituzte. Lanaren interesa aintzat hartuta, Argitalpen Kontseiluak finantziazioan parte hartu ahal izango du.

14. artikulua.– Jatorrizko lanak aurkeztea eta aukeratzea.

1.– Argitalpen Zerbitzuak unibertsitateko kideen lanak argitaratzen ditu. Lanak izan daitezke independenteak, lankidetzan eginak, kolektiboak, konposatuak edo eratorriak.

2.– Argitalpen modalitate bakoitzean jatorrizko lanak aurkezteko beste baldintza batzuk zehaztu ahal izango diren arren 12. artikuluan aipatzen den Argitalpenen Gidaliburuan, hau da, oro har, UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuan lanak argitaratu nahi dituzten egileek egin beharrekoa: lana argitaratzeko eskaera bidali behar diote zerbitzuko zuzendariari, datu pertsonalak eta lanaren izenburu osoa adierazita, baita lanaren interes zientifikoa eta merkatuan izan dezakeen hedapena ere. Era berean, egiaztatu beharko dute argitaratzeko aurkeztu duten lanaren eskubideak modu baketsuan baliatu ahal dituztela.

3.– Oro har, Argitalpen Zerbitzuko zuzendariari dagokio jatorrizko lanak onartzea edo atzera botatzea, lana atxikitzen den jakintza arloko batzordearen laguntzaz, 8.5 artikuluan jasotakoaren arabera, eta ezar daitezkeen zehaztapenak aintzat hartuta.

4.– Batzordeek Argitalpen Zerbitzuko gainerako kideen nahiz beste aditu batzuen laguntza eskatu ahal izango dute.

5.– Serieetarako eta bildumetarako proposatuko diren jatorrizko lanen kasuan eta, salbuespen gisa, beste argitalpen zientifiko batzuen kasuan, parekoen ebaluazio bikoitz itsua egingo dute kanpoko informatzaile anonimoek, gai bakoitzean adituak izango direnak. Txosten horiek ikusita, kasuan kasuko batzordeak erabakiko du, arrazoiak azalduta, lana argitaratuko den edo atzera botatzen duen; eta zehaztuko du, baita ere, zein argitalpen ildori dagokion proposamen bakoitza.

6.– Testuliburuak irakaskuntzarako erabiliko dira eta UPV/EHUko ikasketa planen bateko irakasgai baten programa ofizialera egokitu beharko dira; eta izan beharko dute, gutxienez, irakasgaia atxikita dagoen sailaren berme zientifikoa edo, salbuespenez, irakasgaia ematen den ikastegiko dekano edo zuzendariarena.

7.– Lanen bat atzera botatzen bada, egileak erreklamazioa aurkeztu ahal izango dio Argitalpen Kontseiluari, eta hark ebatziko du. Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio errektoreorde eskudunari.

8.– Itzulpenen kasuan, zerbitzuak berak kudeatuko ditu itzulpen eskubideak eta egile edo argitaletxeen eskubideak, baita beste egile batzuen grafikoak edo irudiak erabiltzearekin zerikusia daukan guztia ere.

9.– UPV/EHUko Euskara Zerbitzuak euskarazko argitalpen guztien hizkuntza kalitatea eta zuzentasuna bermatuko ditu.

15. artikulua.– Argitalpen kontratuak eta egile eskubideak.

1.– Argitalpen kontratuak zerbitzuko zuzendariak sinatuko ditu eta klausuletan egileak lana jatorrizkoa dela bermatuko du.

2.– Zerbitzuko zuzendariak kontratua bertan behera utzi ahal izango du egileak kontratuko klausularen bat bete ez duela ikusiz gero. Horretarako, lanaren argitalpena eta banaketa etengo du eta argitaratutako ale guztiak gordetzea aginduko du, halakorik egon bada.

3.– Egile eskubideak kontratuan adierazitako moduan arautuko dira, jabetza intelektualari buruz indarrean egongo den arautegiarekin bat etorrita.

4.– Eskubideen likidazioa, egin behar izanez gero, urtero egingo da eta zenbatekoa izango da aurreko urteko salmentei dagokiena.

5.– Egile bat baino gehiago egonez gero, kontratuan zehaztuko da urteko likidazioak egiteko modua.

16. artikulua.– Finantziazioa.

1.– Argitalpen Zerbitzuak baliabide hauek ditu:

a) Ohiko finantziazioa, unibertsitatearen aurrekontuen kontura.

b) Finantziazio propioa, salmentetatik lortutako etekinei edo eskaintzen dituen zerbitzuengatik jasotako ordainei dagokiena.

c) Kanpoko finantziazioa, dirulaguntzen bidez edo erakundeekin, oro har, sinatutako hitzarmenen bidez lortutakoa, argitalpenak egiteko horien batera.

d) Arautegi honetako 13.3 artikuluaren aplikaziotik sortuak.

2.– Dirulaguntzak jasotzen direnean edo argitalpenak egiten direnean beste batzuekin batera, hitzarmena sinatuko da laguntza ematen duen erakundearekin, eta bertan jasoko dira lanari lotutako baldintza ekonomikoak, argitalpenekoak eta banaketakoak.

3.– Aurrekontuaren likidazioa Argitalpen Zerbitzuko zuzendariak egingo du, eta errektoreorde eskudunari aurkeztuko dio.

17. artikulua.– Truke zientifikoa.

Argitalpen Zerbitzuak trukea egingo du egokitzat jotzen dituen unibertsitate edo erakundeekin. Truke berriak ezartzea eta sustatzea zerbitzuko zuzendariaren erabakia da, eta horien berri emango dio Argitalpen Kontseiluari, baita haiekin zerikusia duen edozein gorabeheren berri ere. Trukea argitalpenen errentagarritasun ekonomikoa aztertzean baloratuko da, bereziki aldizkarien kasuan.

18. artikulua.– Inprimaketa, banaketa komertziala eta gainerako kontratuak.

Banaketa zerbitzuen eta beste edozein zerbitzuren kontratazioa, bai eta Argitalpen Zerbitzuaren funtzionamendurako beharrezkoak diren azpiegitura eta baliabideen kontratazioa ere, unibertsitatearentzat oro har ezarritako araubideari egokituko zaio.

19. artikulua.– Argitalpenen babesa.

Argitalpen Zerbitzuko zuzendariari dagokio, eta ez beste inori, eskatzea zerbitzuaren lanen lege erregistroa (ISBN eta ISSN-a).

20. artikulua.– Komunikazioa.

Argitalpen Zerbitzuak behar diren baliabideak ezarriko ditu iradokizunak eta hobekuntza proposamenak jasotzeko, informazioa trukatzeko eta erabiltzaileekin harremanetan jartzeko, bereziki unibertsitateko kideekin.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da Gobernu Kontseiluak 2013ko otsailaren 14ko bileran onartu zuen Argitalpen Zerbitzuaren Araudia.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Xedapen indargabetzaileari kalterik egin gabe, arautegi hau indarrean sartuko denean argitaratzeko onartuta egongo diren lanei aurreko araudia aplikatuko zaie.

AZKEN XEDAPENA

Errektoreorde eskudunak, Argitalpen Kontseiluari entzun ondoren, arautegi hau betearazteko eta garatzeko beharrezkoak diren jarraibide guztiak ezarriko ditu, besteak beste, argitalpenen araubideari buruzkoak.


Azterketa dokumentala