Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

98. zk., 2018ko maiatzaren 23a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2734

AGINDUA, 2018ko maiatzaren 16koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Euskal Kultura Ondarearen garrantzia azpimarratu eta hedatzeko 2018-2020 aldirako diru-laguntzetarako deialdia egiten duena.

Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 106. artikuluak dio Euskal Autonomia Erkidegoko eta lurralde historikoetako herri-administrazioek nahitaez bideratu behar dutela beren eskumeneko lan publikoen –hirurehun mila eurotik gorakoen– aurrekontuaren ehuneko bat, gutxienez, legeak berak aurreikusten dituen helburuetarako.

Artikulu hori garatuz, Eusko Jaurlaritzak uztailaren 28ko 204/1998 Dekretua eman zuen, aurrekontu-erreserba horren arau erregulatzaileak onartzen dituena. Bertan aurreikusten da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagokionez, erreserba hori bihurtzea, zatika edo osorik, kultura arloan eskumenak dituen sailaren kargurako diru-atal, eta, hala, aurrekontu-erreserba horrek dituen helburuak benetan gauzatzea.

Era berean, Euskal Kultura Ondarea zaindu, aberastu, babestu, hedatu eta sustatzeko inbertsioetarako aurrekontu-funtsak aplikatzeko jarraitu behar diren irizpideak oraindik indarrean den 1999ko otsailaren 19ko Aginduan jasota daude. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko ekainaren 30eko Aginduak aldatu egin zuen agindu hori.

Agindu hau, gainera, sartuta dago sailak 2018-2020 aldirako duen Diru-laguntzen Plan Estrategikoan, zeina onartu baitzen Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2018ko urtarrilaren 31ko Aginduaren bidez.

Aipatutako aurrekontu-erreserbatik datozen kopuruak zuzen bideratzeko eta behar bezala erabiltzeko xedez, agindu honen helburua da aipatu diru-laguntzetarako deialdia egitea, eta, halaber, haiek zein baldintza eta eratan eskatuko eta ebatziko diren arautzea, betiere helburu horretarako esleituko den zenbatekoaren kargura, hau da, «ehuneko bat kulturala» deritzonaren kontura.

Horregatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da, batetik, Euskal Kultura Ondarearen garrantzia azpimarratu eta hedatzeko jarduerak sustatzeko diru-laguntzetarako deialdia egitea, eta, bestetik, diru-laguntza horiek emateko araubidea finkatzea. Agindu honen helburutik kanpo geratzen dira Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeko 102.2 artikuluan jasotako jarduketa oro; izan ere, lurralde historikoetako foru aldundien eskumenekoak dira. 2018tik 2020ra bitartean burutu beharko dira diruz laguntzen diren proiektuak.

2. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

Agindu honen babesean laguntzen diren jarduerek bat etorri behar dute, nahitaez, babes-araudiarekin eta araudi hori garatzen duen hirigintza-plangintzarekin. Hona zein kategoriatan sailkatzen diren jarduerok:

a) Monumentu-multzo kalifikatuak, inbentariatuak edo babestuak izateko espedientea irekita dutenak. Kategoria horretan, honako jarduerak hauek lagundu daitezke bereziki:

– Babestutako monumentu-multzoaren garrantzia nabarmentzeko oztopo diren elementuak eta zatiak, baita eraikuntzak eta eraikin osoak ere, deuseztatzea, eraistea edo kentzea.

– Monumentu-multzo baten jabetzen lotekako banaketari eustea egiturazko ordezkatze-jarduketa bati ekiten zaionean babes-araubideko irizpideei jarraituta.

– Erakinak berrerabiltzea. Berrerabilpentzat ulertuko da eraikinarekin bateragarria den erabilera berri bat baliatzea, edota, landa izaera duten multzoei dagokienez, gutxienez azken bost urteetan etendako erabilera bereizgarriari berriro ekitea. Kontzeptu horren ondorioz, honako hauek lagundu daitezke diruz: erakina berrerabiltzeko beharrezko diren instalazio orokorrak, obra-zuzendaritzak eta proiektu teknikoak.

– Aztarnategi arkeologikoetan garrantzizkoak diren egiturak sendotzea; betiere, balio emateko proiektuak agindu honen aldian hastekoak izan behar dira, bestela deialditik kanpo geratuko dira.

– Orubearen edo egituren gaineko aurretiazko azterlanak (arkeologikoak, dokumentalak ...); betiere, haien helburu badira balioa ematea, berriztatzea, etab. Ondasunaren gainean esku hartzeko proiektuaren parte gisa integratuko dira azterlanok.

b) Kultura ondare sailkatua, inbentariatua edo babestua izateko espedientea irekia duena, landa- edo industria-izaerakoa. Kategoria honetan diruz laguntzekoak izango dira, bereziki, aipatu ondarea berrerabili eta berari balioa eransteko helburua duten proiektuak. Horren arabera, jarduera hauek jaso dezakete diru-laguntza: egitasmo teknikoek eta obra zuzentzeek eta eraikina erabilera berrira egokitzeko behar dituen barne-eskuhartze eta instalazioek. Berrerabilpentzat ulertuko da eraikinarekin bateragarria den erabilera berri bat baliatzea, edota gutxienez azken bost urteetan etendako erabilera bereizgarriari berriro ekitea.

c) Kultura ondare sailkatuari, inbentariatuari edo babestua izateko espedientea irekia duenari balioa ematea: bereziki, ondasunari balioa emateko eta hori burutzeko premiari buruzko azterlan global batetik abiatzen diren ekimenak; eta, haien artean, aipatu kultura ondarea babesteko premiaz gizartea sentsibilizatzea helburutzat duten proiektuak. Helburu nagusitzat honako hauetariko baten bat duten proiektuak kanpo geratzen dira: babestutako lurrak eta ondasunak erostea; kurtsoak eta biltzarrak; lehiaketak; programa informatikoak; ibilbide kulturalak; web-orriak sortu eta mantentzea, eta argitalpenak (liburuak, monografiak...); azken kasu horretan, salbuespen izango dira diruz lagundutako jarduera ulertzeko beharrezko direnak.

d) Kalifikatutako edo inbentariatutako ondasunak eta/edo haien ingurunea desjabetzeko finantzaketa. Kategoria honetan, tokiko administrazioak aipatu diren ondasunak eta haien ingurunea eskuratzea bakarrik lagun daiteke diruz. Toki Administrazio dira: udalak, mankomunitateak, koadrilak, kontzejuak eta hura osatzen duten gainontzeko entitateak. Desjabetzearen helburua izango da deklarazioan sartzen den ondasun kulturalari edo haren parte garrantzizko bati balioa ematea.

d.1.– Ondare arkeologikoa:

Kontzeptu horregatik diruz lagunduko da soilik honako hauek desjabetzea: labar-artedun haitzuloen ingurunea, hiri-eremuetatik kanpoko gotorlekuak eta monumentu megalitikoak, baita bi azken horietako inguruneak ere.

d.2.– Ondare eraikia:

Kontzeptu horregatik, diruz lagunduko dira soilik hirigune historikoetako monumentu-multzoetan sartutako ondasunen edo haien ingurunearen desjabetzeak.

e) Sailkatutako eta inbentariatutako ondarea edo babestua izateko espedientea irekia duena zaindu, aberastu, babestu eta sustatzeko beste edozein jarduera; betiere, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean jasotako helburuekin bat datorrena, eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren beste agindu espezifiko batzuetan jasota ez dagoena.

3. artikulua.– Hartzaileak.

1.– Deialdi honetan deskribatzen diren eta diruz lagun daitezkeen jarduerak burutzen dituzten pertsonak fisikoek edo juridikoek eskatu ahal izango dituzte diru-laguntza hauek, honako zehaztapen hauek aintzat hartuta.

Onuradun izan daitezke, halaber, pertsona fisiko edo juridikoen taldeak (izan publikoak edo pribatuak), ondasun-erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereizi, diruz lagundutako jarduerak garatu ditzakeena, nahiz eta nortasun juridikorik izan ez, hala ezarrita baitago Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11.3 artikuluan.

Taldeak badira (pertsona fisiko edo juridikoak, publiko zein pribatuak, nortasun gabeak), eskabidean nahiz laguntza emateko ebazpenean berariaz jaso behar da taldeko kide bakoitzak exekuzioan zer konpromiso hartu duen bere gain eta bakoitzari zenbateko diru-laguntza aplikatu behar zaion, onuraduntzat joko baitira. Betiere, taldearen ordezkari edo ahaldun bat izendatu behar da, nahiko ahal duena taldeari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko. Taldea ezingo da desegin, harik eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 39. eta 65. artikuluetan ezarritako preskripzio-epea bukatu arte.

2.– Agindu honetako 2. artikuluko a), b), c) eta e) letretan deskribatutako jarduerei dagozkien diru-laguntzak, artikulu horretan aipatu jarduerak burutzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoek –pribatuek zein publikoek– eskatu ahal izango dituzte.

3.– Agindu honetako 2. artikuluko d) letrako jarduerei dagozkien diru-laguntzak honako hauek eskatu ahal izango dituzte: Toki Administrazioko entitateek edo haren menpeko diren organoek; baldin eta aipatu diru-laguntzen helburu diren ondasunak eta lurrak eskuratzen badituzte.

4.– Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuak aipatzen dituen birgaitzeko hirigintza-sozietateak baldin badaude, sozietate horien bitartez bideratu ahal izango dira 2. artikuluaren (Kalifikatutako monumentu-multzoak) a) letrako jarduerak diruz laguntzeko eskabideak, eta, hala badagokio, horien eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren artean hitzarmen bat sinatu ahal izango da (317/2002 Dekretua, Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzkoa).

4. artikulua.– Erakunde edo pertsona eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

1.– Jarduteko behar besteko gaitasuna izatea, eta pertsona juridikoen kasuan, legez eratuta egotea, eta, beharrezkoa bada, erregistro egokian inskribatuta egotea.

2.– Pertsona fisiko nahiz juridikoek beteta izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Alderdi horiek egiaztatzeko betebeharretik salbuetsita daude ente edo erakunde publikoak, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura diru-laguntzak eskuratu dituzten onuradunek zerga-betebeharrak bete dituztela egiaztatzeari buruzko Ogasun eta Finantzako sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan xedatutakoarekin bat etorriz (1991ko urriaren 15eko EHAA, 208. zk.). 2006ko ekainaren 19ko Aginduaz eguneratu zen aipatu aginduaren eranskina.

3.– Ezin izango dira aurkeztu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalak jasotako pertsona edo erakunde eskatzaileak, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik dutenak ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legean ezarritakoa barne (4/2005 Legea, otsailaren 18koa).

4.– Helburu bererako, beste edozein erakunde edo administraziotik –publikotik zein pribatutik– beste diru-laguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako baliabiderik eskatu badu edo, kasua bada, lortu badu erakunde eskatzaileak, horren berri jakinarazi beharko du.

5.– Administrazio publikoek egiaztatu egin beharko dute jarduera egiteko kreditu nahikoa dagoela haien aurrekontuetan; halakorik ezean, organo eskudunak erabaki bat hartu beharko du jarduera hori burutzeko aurrekontu-partida bat gaitzeko.

6.– Lehenago aipatutako baldintzez gainera, aplikatzekoak izango dira onuradun izateko debekuak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan bildutakoak.

5. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Lehenengo artikuluan aurreikusitako helbururako baliabide ekonomikoak bi milioi eta laurehun mila (2.400.00) euro izango dira; horietatik 800.000 euro 2018. urteko ordainketa-kredituei dagozkie, 800,000 euro 2019. urteko konpromiso-kredituei eta, azkenik, 800.000 euro 2020. urteko konpromiso-kredituei.

6. artikulua.– Diru-laguntzen gehieneko kopurua edo muga.

Agindu honetan aurreikusitakoaren arabera emango diren diru-laguntzen gehieneko muga hauxe izango da: diruz lagundu daitekeen aurrekontuko diru-zenbatekoaren (BEZa barne dela) ehuneko ehun (% 100). Monumentu-multzoan diren jabetzen lotekako banaketa-erregimenari eusteko diru-laguntzen kasuan, berriz, diruz lagundu daitekeen aurrekontuko diru-zenbatekoaren ehuneko berrogei (% 40) izango da gehieneko muga (BEZa barne dela). Inoiz ere ez da onartuko gainfinantzaketarik. Agindu honen babespean ematen den diru-laguntza bakoitzaren zenbatekoa ez da inoiz izango 300.000 eurotik gorakoa. Hori guztia, betiere, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bere aurrekontuetan helburu horretarako esleitzen dituen kopuruaren barruan.

7. artikulua.– Proiektuak gauzatzeko epea.

Diruz lagundutako proiektuak 2018ko ekitaldian hasi beharko dira edo hasita egon beharko dute, eta, beranduenik ere, 2020ko abenduaren 31 baino lehenago amaitu beharko dira.

8. artikulua.– Bateragarritasuna.

Agindu honen bitartez deitzen diren diru-laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu bererako deitzen duten beste edozein laguntza edo diru-laguntzarekin –helburu bererako Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailetik jasotako diru-laguntza izendunak izan ezik–, bai eta beste edozein diru-sarrera edo baliabiderekin ere; betiere, laguntzen helburu den jarduerarako jasotzen diren guztien baturak gain-finantzaketarik eragiten ez badu, hain justu ere haiek emateko kontuan izan den aurrekontuarekiko. Halakorik jazotzen bada, deialdi honen babespean emandako laguntza murriztuko da gehiegizkoa den partea kenduta.

9. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta egunaren biharamunetik hasita.

2.– Pertsona fisiko interesdunek bitarteko elektronikoak nahiz presentzialak erabili ahal izango dituzte prozedura honetako izapide guztiak eskatu, kontsultatu eta gauzatzeko, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan. Pertsona juridikoek, ordea, bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte, nahitaez, prozedura administratiboaren edozein izapide egiteko.

3.– Eskabideak modu presentzialean aurkeztu ahal izango dira Kultura Ondarearen Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean; betiere, eskabide normalizatuaren bitartez, zeina osorik eta behar bezala bete beharko den (aipatu erregistro osagarriak zerrendatuta daude apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoan). Eskabide-eredua euskadi.net webguneko egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango da.

Eskabideak, halaber, bitarteko elektronikoz aurkeztu ahal izango dira, euskadi.net-en egoitza elektronikoan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan jasotako erregistro elektronikoetan.

– Gaztelaniaz:

http://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/patrimonio_puesta_en_valor/web01-ejeduki/es/

– Euskaraz:

http://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/ondarea_balioztatu/web01-ejeduki/eu/

4.– Pertsona fisikoek, eskaera egiteko eta dokumentuak aurkezteko, bide presentziala edo elektronikoa erabiltzen badute, horrek ez du esan nahi nahitaez baliabide horiek erabili behar dituztenik prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke-eta.

Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.net/nirekudeaketak

5.– Eskaerak eta erantzukizunpeko adierazpenak –bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz– nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak eta gainerako ereduak honako egoitza elektroniko honetan daude eskuragarri:

– Gaztelaniaz:

http://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/patrimonio_puesta_en_valor/web01-ejeduki/es/

– Euskaraz:

http://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/ondarea_balioztatu/web01-ejeduki/eu/

6.– Erakunde edo pertsona eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete eskabidea eta dokumentazioa, aukeran. Era berean, prozedura osoan zehar, erakunde edo pertsona eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzkoak, 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen duen moduan.

10. artikulua.– Erakunde edo pertsona eskatzaileen betekizunak egiaztatzea.

1.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkezteak berekin dakar organo emaileari baimena ematea ziurtagiri telematikoen bidez zuzenean egiaztatu dezan diru-laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela. Hartara, eskatzaileek ez dute halako ziurtagiririk aurkeztu beharko. Hala ere, eskatzaileek berariaz uka dezakete baimen hori, baina, kasu horretan, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

Interesdunek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.6 artikuluari jarraituz, eskabidearekin batera egindako erantzukizunpeko adierazpen baten bitartez, honako betebehar hauek egiaztatuko dira:

– Helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla adierazi beharko da, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

– Eskaera egiten duen pertsonak edo erakundeak ez du izan behar diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ezta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak barne (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrena).

– Halaber, erakunde edo pertsona eskatzaileak adierazi behar dut eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela.

3.– Eskabideetan jasoko da pertsona fisiko eskatzaileak berariaz onar dezakeela organo kudeatzaileari baimena ematea gainerako datuak edo agiriak lor edo egiazta ditzan, bide presentziala zein elektronikoa erabiltzen duenean, eta, betiere, Administrazio Publikoak dituen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenei kalterik egin gabe.

11. artikulua.– Proiektuari buruzko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskabidearekin batera, betiere, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Jarduera edo proiektuaren gaineko txosten zehatza, diruz lagundutako jarduera hori gauzatzeko gehieneko epeak berariaz jasoko dituena; horiek, betiere, ez dira izango 2020ko abenduaren 31z geroztikoak.

b) Proiektuko diru-sarreren eta gastuen aurrekontu xehatua, egoitza elektronikoan eskura dagoen «Gastuen eta sarreren aurrekontua» izeneko ereduaren araberakoa.

– Gaztelaniaz:

http://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/patrimonio_puesta_en_valor/web01-ejeduki/es/

– Euskaraz:

http://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/ondarea_balioztatu/web01-ejeduki/eu/

Gainera, administrazio publikoek, aipatutako ereduarekin batera, egiaztagiri bat aurkeztu beharko dute, jarduera egiteko aurrekontu nahikoa dagoela egiaztatuko duena; halakorik ezean, organo eskudunak erabaki bat hartu beharko du, jarduera hori burutzeko aurrekontu-partida bat gaitzea onartzen duena.

2.– Eskabidearekin batera, aurreko paragrafoan adierazitakoaz gainera, dokumentazio espezifiko hau aurkeztu beharko da:

– Gutxienez azken bost urteotan etendako higiezinaren erabilera bereizgarriari berriz ekitea helburu duten proiektuen kasuan, gorabehera horren berri ematen duen zinpeko adierazpena, bai eta eraikinaren azken bost urteotako ur eta argiaren ordainagiriak ere.

– Higiezinetan egiten diren lanetan, eta monumentu-multzo baten lotekako banaketa errespetatzen duten jardueren kasuan, diruz lagunduko diren jardueren proiektu teknikoak, lizentziak eta baimenak, edo halakoak eskatu direla egiaztatzen duten agiriak; gero, behin eskuratuta, aurkeztu behar dira, diru-laguntza justifikatze aldera.

– Industria- eta landa-ondarea berrerabiltzea eta hari balioa ematea justifikatuko duen proiektu teknikoa edo txosten zehatza.

– Eta, oro har, eskatutako diru-laguntzaren berme izango den beste edozein agiri, betiere dagokion kalifikazioa eta balorazioa egiteko balio badu.

12. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak.

13. artikulua.– Dokumentazioa aztertzea eta akatsak zuzentzea.

1.– Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egiaztatuko du eskaera epe barruan eta behar bezala egin dela eta eskatzen den dokumentazio guztia aurkeztu dela.

2.– Eskabidea izapidetzea onartzeko beharrezkoa den dokumenturen bat falta bada edo dokumentu horietan zerbait gaizki dagoela ikusten bada, edo balioesteko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkitzen badira, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko zaio ezen, eskatutakoa egiten ez badu izapideak egiteko eskubidea galdu duela ulertuko dela; hartarako, ebazpen bat emango da aldez aurretik. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, pertsona juridiko batek modu presentzialean aurkezten badu eskabidea, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak interesdunari eskatuko dio akatsa zuzen dezan eskabidea bitarteko elektronikoz aurkeztuta. Horretarako, zuzenketa egin zen eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-eguntzat.

14. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, eskabideok aztertu eta horiek onartu ala ez ebazteko eta onartutako eskabideen jarduerak baloratzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legean xedatutakoaren arabera. Batzorde horrek, ezarritako esleipen-irizpideak kontuan hartuta, dagokion ebazpen-proposamena igorriko dio Kulturako sailburuordeari. Honako hauek osatuko dute batzordea:

– Kultura Ondarearen zuzendaria edo horrek eskuordetutako pertsona. Batzordeburua izango da, eta boto-berdinketak gertatuz gero, bere kalitate-botoaz ebatziko ditu.

– Euskal Kultura Ondarearen Zentroko arduraduna.

– Kultura Ondarearen Zuzendaritzako bi teknikari, Kulturako sailburuordeak izendatuak. Haietako bat batzordeko idazkaria izango da. Idazkariaren egitekoa izango da kide anitzeko organo horren jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaintzea, haren jarduketak ziurtatzea eta eraketarako nahiz erabakiak hartzeko prozedura eta arauak errespetatzen direla bermatzea.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Balorazio Batzorderen osaera, hala ezarritako baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2 artikuluan.

2.– Balorazio Batzordeak, egoki deritzonean, proiektuari dagokion gai zehatz eta espezifikoan aditu diren aholkularien laguntza eskatu ahal izango du.

3.– Balorazio Batzordearen eraketa baliozkoa izan dadin, beharrezkoa izango da batzordeburua eta idazkaria presente izatea.

4.– Balorazio Batzordeko kideak abstenitu egingo dira eta ezetsiak izan daitezke, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

15. artikulua.– Diru-laguntzak emateko prozedura.

Agindu honetan jasotako diru-laguntzak emateko, ondoko norgehiagoka prozedura erabiliko da:

– Behin eskabideak aurkezteko epea bukatu ostean, eta, kasua bada, 13. artikuluan aurreikusi izapidea gauzatutakoan, agindu honetan ezarritako betekizunak konplitzen dituzten jarduerak ebaluatu egingo ditu Balorazio Batzordeak, hurrengo artikuluan finkatzen diren irizpideekin bat etorriaz.

– Diru-laguntza jaso ahal izateko, jarduerek gutxienez hirurogei (60) puntu lortu beharko dituzte ebaluazio-fasean.

16. artikulua.– Ebaluazio eta hautaketa irizpideak.

Jarduerak ebaluatzeko eta hautatzeko, honako irizpide hauek erabiliko dira.

1.– 2. artikuluko a), b) c) eta e) letretan jaso eta diruz lagundu daitezkeen jardueren kasuan (monumentu-multzoekin, landa- eta industria-ondarearekin eta kultura-ondarea balorizatzearekin lotutako jarduerak, eta, oro har, ondarea zaindu, aberastu, babestu eta sustatzearekin lotutako beste edozein).

a) Jardueraren interesa eta kalitatea, ikuspegi kulturaletik. Eman beharreko guztizko puntuaziotik, 45 puntu emango zaizkio gehienez.

Jardueraren interesari buruzko balorazioa honelaxe egingo da: monumentu-multzo kalifikatuei eragiten dieten jarduketei dagokienez, halako multzoen barruan gehieneko puntuazioa emango zaie babes berezia duten higiezinei, harresiei eta gotorlekuei eragiten dieten esku-hartzeei, eta lotekako banaketari eustea ahalbidetzen duten esku-hartzeei. Horren ostean, proportzionaltasun-irizpideei jarraituz, higiezinen babes ertaina (35 puntu) eta oinarrizkoa (25 puntu) baloratuko dira, eta gehienez 35 puntu emango zaizkie multzoaren garrantzia azpimarratzen duten beste proiektu batzuei.

Inbentariatutako monumentu-multzoen osotasunari eragiten dien proiektuei 40 puntu emango zaizkie gehienez, eta puntuazio txikiagoa –gehienez 30 puntu– emango zaie multzoaren garrantzia azpimarratzen duten beste proiektu partzial batzuei.

Monumentu indibidualei dagokienez, kalifikatutako monumentu indibidualetan egiten diren jarduerei 40 puntu emango zaizkie, eta inbentariatuei, berriz, 35.

Jardueraren kalitatea, kasu bakoitzaren arabera, lortutako puntuazioaren eta jardueraren interesaren gainean aplikatu beharreko faktore honen bidez baloratuko da:

Kalitatea handia: 1.

Kalitate ertaina: 0,7.

Kalitate txikia: 0,5.

b) Eskabideko helburu den proiektu edo ekimenaren ezaugarri teknikoak. Eman beharreko guztizko puntuaziotik, 25 puntu emango zaizkio gehienez.

Gehienez ere 25 puntu emango zaizkie proposatutako ekimenarekin lortu nahi diren helburuak zehazten dituzten proiektuei eta proiektuaren garapen zehatza aurkezten dutenei; horretaz gainera, finkatutako helburuak erdiesteko behar diren obra-motak zehaztu beharko dituzte.

c) Jarduerak nolako zabalkundea eta eragina duen kanpoan. Eman beharreko guztizko puntuaziotik, 15 puntuko balorazioa emango zaio gehienez ere.

EAEn eragin handia duten ekimenei gehienez 15 puntu emango zaizkie; lurralde- mailako eragina dutenei 10 puntu gehienez, eta udalerri-mailakoa dutenei, berriz, gehienez 5 puntu.

d) Jardueraren autofinantzaketa-maila, aurkeztutako aurrekontu globalari dagokionez. Eman beharreko guztizko puntuaziotik, 10 puntuko balorazioa emango zaio gehienez ere.

Diru-laguntzaren helburua betetzeko guztizko aurrekontuaren % 50 beste baliabide pribatu edo publiko batzuen bitartez ordaindu zaien proiektuei gehieneko puntuazioa (10 puntu) emango zaie. Hala, premisa horretan oinarriturik eta hiruko erregelaren bidez logika matematikoa aplikatuz lortuko da proiektu bakoitzari dagokion puntuazioa.

e) Diru-laguntzaren eskatzailea irabazi asmorik gabeko erakunde izatea. 5 puntu emango dira baldintza hori betetzen bada.

2.– 2. artikuluko d) letran zehaztutako jarduerak, diruz lagun daitezkeenak (Kalifikatutako eta inbentariatutako ondasunak edo haien ingurunea desjabetzeko finantzaketa).

a) Ikuspegi kulturaletik jardueraren interesa eta kalitatea, eta proiektuaren ezaugarri teknikoak. Eman beharreko guztizko puntuaziotik, 40 puntuko balorazioa emango zaio gehienez ere.

Arkeologia-gune kalifikatuei edo babestuak izateko espedientea irekita dutenei eragiten dieten jarduerak, eta, halaber, monumentu-multzo kalifikatuei edo babestuak izateko espedientea irekita dutenei eragiten dieten jarduerak; bada, horiei gehieneko puntuazioa (40 puntu) emango zaie.

Arkeologia-gune inbentariatuei edo babestuak izateko espedientea irekita dutenei eragiten bazaie, eta, halaber, monumentu-multzo inbentariatuei edo babestuak izateko espedientea irekita dutenei eragiten bazaie: 30 puntu.

Arkeologia-gune indibidualki kalifikatuetan edo babestuak izateko espedientea irekita dutenetan egin behar bada jarduera, eta, halaber, monumentu indibidualki kalifikatuetan edo babestuak izateko espedientea irekita dutenetan egin behar bada, 35 puntu emango zaizkie; eta inbentariatuak edo babestuak izateko espedientea irekita dutenak badira, berriz, 25 puntu emango zaizkie.

Jardueraren kalitatea, kasu bakoitzaren arabera, lortutako puntuazioaren eta jardueraren interesaren gainean aplikatu beharreko faktore honen bidez baloratuko da:

Kalitatea handia: 1.

Kalitate ertaina: 0,7.

Kalitate txikia: 0,5.

b) Ingurunean burutu izan den jarduerak eragin kaltegarria izan du ondasun kulturalaren babes egokian. Eman beharreko guztizko puntuaziotik, 35 puntuko balorazioa emango zaio gehienez ere.

Lurrak desjabetzeko jarduerek laguntzen baldin badute balioa ematen hiri-eremuetatik kanpoko gotorlekuei, monumentu megalitiko kalifikatuei eta hirigune historikoetako monumentu-multzo kalifikatuei, halako jarduerei gehieneko puntuazioa (35 puntu) emango zaie.

Lurrak desjabetzeko jarduerek laguntzen baldin badute balioa ematen hiri-eremuetatik kanpoko gotorlekuei, monumentu megalitiko inbentariatuei eta hirigune historiko inbentariatuei, bada, halako jarduerei 20 puntu emango zaizkie.

Labar-artea duten leize edo babeslekuen inguruetan desjabetzen badira lurrak, bada, 15 puntu emango dira.

c) Jarduerak nolako zabalkundea eta eragina duen kanpoan. Eman beharreko guztizko puntuaziotik, 15 puntuko balorazioa emango zaio gehienez ere.

EAEn eragin zabala duten ekimenei gehieneko puntuazioa (15 puntu) emango zaie; lurralde mailako eragina dutenei 10 puntu, eta udalerri mailakoa dutenei, berriz, 5 puntu.

d) Aurkeztutako aurrekontu globalari dagokionez jardueraren autofinantzaketa-gradua. Eman beharreko guztizko puntuaziotik, 10 puntuko balorazioa emango zaio gehienez ere.

Diru-laguntzaren helburua betetzeko guztizko aurrekontuaren % 50 beste baliabide pribatu edo publiko batzuen bitartez ordaindu zaien proiektuei gehieneko puntuazioa (10 puntu) emango zaie. Hala, premisa horretan oinarriturik eta hiruko erregelaren bidez logika matematikoa aplikatuz lortuko da proiektu bakoitzari dagokion puntuazioa.

17. artikulua.– Balorazio eta kuantifikazio irizpideak.

Balorazio-prozesua amaitu ondoren, onuradunen artean banatzekoak diren diru-laguntzen zenbatekoak finkatuko dira. Diru-laguntza bakoitzaren zenbatekoa finkatzeko, Balorazio Batzordeak deialdiari zuzendutako gehieneko diru-kopuru osoaren hainbanaketa egingo du artikulu honetako 15. artikuluan aipatutako gutxieneko puntuazioa lortu duten eskabideen artean, betiere jarraian zehazten diren formulak aplikatuz:

a) Hainbanaketa hori bi aldagai kontuan hartuta egingo da: lortutako puntuazioa eta kasu bakoitzean hasieran proposatutako laguntzaren zenbatekoa. Formula hau erabiliko da horretarako:

(Ikus .PDF)

non,

Si = programa edo jarduera bakoitzari dagokion zenbatekoa.

Ei = Kasu bakoitzean hasieran proposatutako laguntzaren zenbatekoa.

Pi = Programa edo jarduera bakoitzari Epaimahaiak esleitutako puntuazioa.

b) Baldin eta aurreko atalean ezarritako prozeduraren arabera kalkulatutako zenbatekoen baturak aurrekontu-muga gainditzen badu, kasu bakoitzean eman beharreko laguntzaren zenbatekoa formula honen bidez zehaztuko da:

(Ikus .PDF)

non,

Si’ = Programa edo jarduera bakoitzari dagokion behin betiko zenbatekoa.

D = Diru-laguntzaren helburu diren programa edo jardueren artean banatu beharreko zenbatekoa.

Si = Aurreko formularen arabera programa edo jarduera bakoitzari dagokion diru-laguntzaren hasierako zenbatekoa.

18. artikulua.– Ebazpena.

1.– Balorazio-batzordeak ebazpen-proposamen arrazoitu bat egingo du, eta, espediente osoarekin batera, Kulturako sailburuordeari igorriko dio, ebazpena eman dezan.

2.– Ebazpenak honako hauek jasoko ditu, gutxienez:

a) Onartu gabeko proiektuak, arrazoia zehaztuta.

b) Diruz lagunduko diren proiektuak, honako hauek adierazita: proiektuaren zer partida lagunduko diren diruz (proiektu osoa diruz laguntzen ez baldin bada), esleitutako laguntzen zenbatekoa eta ordainketen sekuentziazioa.

c) Eskatutako laguntza ukatu zaien proiektuen zerrenda, horretarako arrazoiak azalduta.

d) Diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko epea, agindu arautzailearen 7. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

e) Behin proiektua amaituta, emandako diru-laguntzak justifikatzeko era eta epea, agindu honetako 24.2 artikuluak dioenari jarraituz.

f) Diruz lagundutako jarduera gauzatzeko berme gisa bidezko iritzitako beste edozein betebehar.

3.– Ebazpena, gehienez, bost hilabeteko epean jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik hasita.

Nolanahi ere, interesdunari akatsak zuzentzeko edo beharrezkoak diren dokumentuak edo epaitzeko bestelako datuak aurkezteko errekerimendua egiten zaionean, epe hori bertan behera geratuko da errekerimenduaren jakinarazpena egiten denetik hartzaileak bete beharrekoa bete arteko denboran edo, hala dagokio, horretarako emandako epea agortu arte, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe.

4.– Esandako epeetan ez bada ebazpenik jakinarazten, eskabideak isiltasun administratiboaren bidez ukatu direla ulertu ahal izango da, administrazio-prozedurari buruzko araudiari jarraituz.

5.– Laguntzak eskatzen dituztenei jakinaraziko zaie ebazpena, eta, horretaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, herritar oro jakitun izan dadin. Dena den, lehenik egin zaion jakinarazpenarena hartuko da jakinarazpen-datatzat.

6.– Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak. Prozedura amaituko balitz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezarriz, eta itzulketa ez balitz gauzatuko ordainketa egiteko borondatezko epean, baldintzapean emandako diru-laguntza hori indargabetu egingo litzateke, onuradun izateko debekua dakarren egoeretako batean egoteagatik.

7.– Jakinarazitako ebazpenaren aurka, edo ebazteko epea igarota berariazko ebazpenik eman ez bada, interesdunek gorako errekurtsoa aurkez dezakete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan xedatuari jarraikiz.

19. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan zehaztu eta arautzen diren diru-laguntzen pertsona edo erakunde onuradunek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean pertsona edo erakunde onuradunek ez badiote diru-laguntzari idatziz espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.

2.– Helburua betetzea, proiektua exekutatzea edo jarduera gauzatzea, diru-laguntzaren oinarri diren aldetik.

3.– Laguntza zertarako eman den, hartarako erabili beharko da, ez beste ezertarako.

4.– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu badira, horren berri eman beharko da.

5.– Diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein baldintza objektibo zein subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea. Batez ere, ahal den lasterren jakinarazi beharko dira diruz lagundutako jardueren exekuzioan atzerapenak eragin ditzaketen jazoerak edo zirkunstantziak –baldin eta proiektua exekutatzeko ezintasuna badakarte.

6.– Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren funtzioak egiten ari direla eskatzen duten informazioa ematea, jasotako diru-laguntzei dagokienez, eta, orobat, haiek dituzten ikuskatze-, segimendu-, egiaztapen- eta kontrol-ahalmen zein -funtzioei men egitea.

7.– Jarduerari buruzko kartel eta testuetan, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren diru-laguntza jaso dela adierazi beharko da, eta, gainera, sailaren logotipo ofiziala jaso beharko da haietan. Afixa eta testuak euskaraz editatuko dira eta, hala nahi izanez gero, beste hizkuntza batzuetan. Betebehar horiek bete egin beharko dira jarduera gauzatzeko epean ere.

8.– Oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako beste edozein betebehar.

20. artikulua.– Azpikontratazioa.

Onuradunak diruz laguntzen den jardueraren % 100 azpikontratatu ahal izango du, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraituz: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan.

21. artikulua.– Diruz lagundutako jardueren gaineko kontrola eta segimendua.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, agindu hau kudeatzeko organo eskuduna den aldetik, diruz lagundutako jardueren kontrola eta jarraipena egingo du.

Horretarako, eta legez beste entitate eta erakunde publiko batzuei dagozkien eskumenak urratu gabe, Euskal Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio diruz lagundutako jarduerak zuzen gauzatzen direla bermatzeko egoki iritzitako ikuskatze eta egiaztapenak egitea.

22. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.

1.– Agindu honen babespean eman beharreko diru-laguntzak atalka ordainduko dira, era honetan:

a) Lehenengo zatian, emandako diru-laguntzaren herena ordainduko da, behin 19.1 artikuluan aipatutako epea igaro ondoren, betiere berariaz uko egiten ez bazaio.

b) Gainerako kopuruari dagokionez, laguntza emateko ebazpenean adierazitako moduan ordainduko da, aurrez gastua justifikatu ondoren. Zatika ere ordaindu ahal izango da, finantzatutako jardueraren gauzatze-mailaren arabera; bi ordainketa egin ahal izango dira, bat urtealdi bakoitzean.

Kasu horretan, ordainketa bakoitzari dagokion laguntza 24. artikuluan adierazi moduan justifikatu beharko da.

2.– Erregistratuta egon ezean, edo Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero:

– bide presentzialean: honako helbide honetan dagoen inprimaki-eredua aurkeztuta:

https://www.euskadi.net/y22-izapide2/es/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/alta_terceros.html

– bide elektronikoa erabilita:

https://www.euskadi.net/y22-izapide2/es/contenidos/informacion/regtelter_infor/es_rtt/infor_rtt.html

23. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

1.– Agindu honen ondorioetarako, baldintza hauek betetzen dituzten gastuak lagunduko dira diruz: diruz lagundutako jardueraren izaerarekin nabarmen lotuta egotea, erabat beharrezkoak izatea eta 7. artikuluan ezarritako epean gauzatzea, betiere agindu honetako 2. artikuluan ezarritako aintzat hartuta. Diruz laguntzeko moduko gastuen eskuratze-kostuak ez du inola ere gaindituko merkatuko balioa.

2.– Betiere, honako hauek aplikatuko dira: diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan eta lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 83. artikuluan xedatutakoa.

24. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.

1.– Pertsona fisikoek modu presentzialean aurkeztu ahal izango dituzte justifikazio-agiriak, Kultura Ondarearen Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean (aipatu erregistro osagarriak zerrendatuta daude apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoan). Pertsona juridikoek, ordea, bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte nahitaez, diru-laguntza justifikatzeko.

Justifikazio-agiriak, halaber, bitarteko elektronikoz aurkeztu ahal izango dira, http://www.euskadi.net/nirekudeaketak webgunearen bidez eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan jasotako erregistro elektronikoetan.

2.– Emandako diru-laguntza justifikatzeko, laguntza eragin duen jarduera jada burutu duela eta egindako gastuak egiaztatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko du entitate edo pertsona onuradunak. Alegia, gutxienez, honako hauek:

a) Egindako jarduera justifikatzen duten agiriak:

Egindako jardueraren memoria, ahalik eta zehatzena; egindako lan edo jarduera azaltzen duen ziurtagiri teknikoa, edo, hala badagokio, halako ondasuna eskuratu dela egiaztatzen duten eskritura publikoak edo kontratu frogagarriak.

b) Gastuak justifikatzeko agiriak, jarraian zehazten denarekin bat datozenak:

Diruz lagundutako jarduera burutzeko sortu diren gastuen fakturak edo egiaztapen-balioa duten gainerako dokumentu baliokideak, zuzenbide- eta merkataritza-zirkulazioan balioa dutenak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak; haien zenbatekoak aurkeztutako gastu-aurrekontuaren bestekoa izan beharko du.

c) Zinpeko adierazpen bidez, diru-laguntza jaso duen jardueraren gastu eta sarreren behin betiko balantze ahalik eta zehatzena, espresuki adieraziz erakunde publiko nahi pribatuetatik jasotako laguntzak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako laguntza barne dela.

d) Onuraduna beste administrazio publiko bat denean, organo eskudunak ziurtagiri bat aurkeztu behar du, emandako diru-laguntzaren helburua bete dela adierazteko eta hartarako erabilitako zenbatekoak zehazteko.

e) Diruz lagundutako jarduerak lizentzia edo baimenik behar badu, eta eskabidea egin den unean agiri horiek eskatu izana baino ez bada egiaztatu, jasotako behin betiko lizentzia horiek aurkeztu beharko dira, lehenago aurkeztu ez badira.

f) Diruz lagundutako jarduera burutzea dela-eta inprimakiak editatu badira edo haren hedapen publikoa egin bada, argitalpen edo hedapen horietan Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren diru-laguntza jaso dela adierazi beharko da, eta sailaren logotipo ofiziala ezarri.

3.– Diruz lagunduko diren proiektuak justifikatzeko epeak honako hauek dira, gehienez ere:

– 2018an gauzatzekoak diren proiektuak: 2019ko urtarrilaren 15a baino lehen.

– 2018-2019 epealdian gauzatzekoak diren proiektuak: 2018an gauzatutako jarduerak 2019ko urtarrilaren 15a baino lehen; 2019an gauzatutako jarduerak, berriz, 2020ko urtarrilaren 15a baino lehen.

– 2018-2020 epealdian gauzatzekoak diren proiektuak: 2018an gauzatutako jarduerak, 2019ko urtarrilaren 15a baino lehen; 2019an gauzatutako jarduerak, 2020ko urtarrilaren 15a baino lehen, eta 2020an gauzatutako jarduerak, 2021eko urtarrilaren 15a baino lehen.

4.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak justifikatzeko, betiere, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

25. artikulua.– Diru-laguntzaren likidazioa.

1.– Helburua eta irizpideak.

Diru-laguntza benetan egindakoari egokitzearren, eta behin betiko likidazioa egitearren, hasierako aurrekontua baino handiagoak diren gastuak justifikatzeak ez du eskubiderik emango diru-laguntzaren hasierako zenbatekoa handitzeko.

2.– Prozedura.

a) Diru-laguntza justifikatzeko bidalitako dokumentuak behin aztertuta egokitzat jotzen badira, ordaintzeke dagoen diru-kopurua ordainduko da.

b) Diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatzen badira, eta diru-laguntzaren xedea bete dela ikusten denean, diru-laguntza emateko Ebazpena aldatu ahal izango da, dela egindako gastua aurrekontuetan dena baino gutxiagokoa delako, dela pertsona edo entitate onuradunek beste erakunde publiko zein pribatuetako sarrera edo laguntza batzuk jaso dituztelako ezarri diren mugak gaindituz.

Halaber, diru-laguntza osorik ezeztatzea bidezkoa bada edo agindu honetako 26. artikuluan zehaztutako kasuetan, aipatu ebazpena aldatu egingo da.

Horretarako, Kulturako sailburuordeak likidazio-ebazpena egingo du, frogagiriak aurkezteko epea bukatzen denetik bi hilabeteko epean, eta, ebazpe horretan, emandako diru-laguntzen zenbatekoak aldatu edo egokituko dira.

Likidazio-ebazpenean jasotako parte bat edo guztia Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar bazaio, itzulketa egiteko bi hilabeteko epea emango da, hura jasotzen denetik hasita; betiere, arau hauetan ezarritako prozedurari jarraituz: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra ezartzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena. Dena den, aurretik, itzulketa-prozeduraren hasiera eta prozedura hori hasteko arrazoiak jakinaraziko zaizkio onuradunari, eta 15 eguneko epea emango egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkezteko.

26. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Honako hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

c) Diru-laguntzaren likidazio-ebazpenean adierazten den zenbatekoa ez itzultzea, hala badagokio, horretarako ezarritako epean.

d) Diru-laguntzen arloan aplikatu daitekeen beste xedapen batek orokorrean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea; batik bat, azaroaren 17ko Diru Laguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatutako ez-betetzeak.

2.– Aipatutako egoera horietako bat gertatu dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere bi arau hauen arabera: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetan ezarritako laguntzak salbuetsita daude Europako Batzordeari haien berri emateko betebeharretik, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduan (2014ko ekainaren 26ko EBAO, L 187/1) horretarako ezarritako betekizunak betetzen baitituzte, zehazki kulturari laguntzeko eta ondarea kontserbatzeko laguntzei buruzko 53. artikuluan ezarritakoa. Erregelamendu horren bidez, laguntza-kategoria batzuk barne-merkatuarekin bateragarriak direla aitortzen da, Europar Batasunaren funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak betez.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritzak jakinarazten du emandako datuak eta diru-laguntzen deialdi honetako eskabidean eta fitxategietan agertzen direnak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko abenduaren 2ko Aginduaren bidez araututako Kultura Ondarearen Laguntzak eta Diru-laguntzak izeneko fitxategi batean sartuko direla. Agindu horren bidez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko (hizkuntza-politikaren, kulturaren eta gizarte-hedabideen arloetako) datu pertsonalen fitxategiak arautzen dira. Fitxategi horren helburua da diru-laguntzen deialdi hau eta horrekin zerikusia duten bestelako administrazio-prozedura edo -espedienteak kudeatzea. Fitxategi horren berri aurretik eman zaio Datuak Babesteko Euskal Bulegoari eta datuen erabateko segurtasuna bermatzeko beharrezko segurtasun-neurriak ditu. Datu horiek ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legez agindutako kasuetan izan ezik.

Datu pertsonalak babesteari buruzko arautegiarekin bat etorrita, pertsona fisikoek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubidea dute, halaxe onartzen baitu beren-beregi Datu Pertsonalak Babesteko Legeak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko dute (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Ulertzen da deialdi honetan parte hartzen duten erakundeek Administrazioari baimena ematen diotela emandako datuak konparatu eta aurkeztutako agiriak benetakoak direla egiazta dezan –Administrazio honen esku zein beste administrazio publiko batzuen esku egon– hain zuzen ere laguntzen onuradun izateko eskatutako baldintzak betetzen direla edo betetzen jarraitzen dela egiaztatzeko, betiere prozeduran ez bada berariazko kontrakotasunik adierazten.

Era berean, jakinarazten da emandako diru-laguntzak EHAAn argitaratuko direla.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. artikulua), hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, lehenago aipatutako data beretik aurrera (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikulua).

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 16a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala