Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

98. zk., 2018ko maiatzaren 23a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2723

97/2018 EBAZPENA, maiatzaren 17koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Oiartzungo Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, administrazioaren eta kudeaketa elektronikoaren esparruko zerbitzuak elkarri emateko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Oiartzungo Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren testua, administrazioaren eta kudeaketa elektronikoaren esparruko zerbitzuak elkarri emateko dena.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 17a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 17KO 97/2018 EBAZPENARENA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN ETA OIARTZUNGO UDALAREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA, INFORMAZIOAREN, ADMINISTRAZIOAREN ETA KUDEAKETA ELEKTRONIKOAREN ESPARRUKO ZERBITZUAK ELKARRI EMATEKO

Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 16a.

HONAKO HAUEK BILDU DIRA:

Alde batetik, Josu Iñaki Erkoreka Gervasio, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ordezkari gisa, esleituta dauzkan eskumen hauek baliatuta: lehendakariak azaroaren 26an eman zuen 24/2016 Dekretuaren bidez agindutakoak (dekretu horren arabera sortu, ezabatu eta aldatzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak, eta baita haien egitekoak eta jardun-arloak finkatu ere); apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 11. artikuluaren arabera dagozkionak (Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena); eta ekainaren 30eko 7/1981 Legeak, Eusko Jaurlaritzari buruzkoak, 26. artikuluan adierazitakoekin eta indarreko legediak esleitzen dizkion gainerako guztiekin bat etorrita.

Bestetik, Jexux Leonet Elizegi, Oiartzungo Udaleko alkatea, Udalaren izenean, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legean ezarritakoa aplikatuta, eta tokiko araubidearen gaietan indarrean dauden xedapenen testu bateginak (apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzako Errege Dekretu bidez onartuta) eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legeak esleitutako eskumenak erabilita.

Bi alderdiek elkarri aitortzen diote administrazioen arteko lankidetza-hitzarmen hau sinatzeko lege-gaitasun nahikoa dutela. Horrez gain, Gobernu Kontseiluak 1996ko urtarrilaren 9an hartutako erabakian adierazitako baldintzak ere betetzen dira (erabaki horretan zehaztuta daude Gobernu Kontseiluak baimendu behar dituen hitzarmenak). Hori dela eta, honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Oiartzungo Udalak, besteak beste, betebehar hauek dituzte: herritarrei kalitateko zerbitzuak esleitzea, baliabide publikoak eraginkortasunez esleitzen eta erabiltzen saiatzea eta administrazio-izapideak sinplifikatzea. Horrez gain, beste administrazio publiko batzuekin batera, helburu partekatuak lortzeko jarduten dutenean, parte-hartzearen, objektibotasunaren, gardentasunaren eta lankidetzaren printzipioak bete behar dituzte. Kasu zehatz honetan, EAEko Administrazioaren eta Tokiko Administrazioaren arteko elkarlana ezartzen da. Hala izan behar duela agintzen da lege hauetan: Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legea (1. eta 4. artikuluak) eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea (3. eta 140. artikuluak). Horretarako, 140.2 artikuluak ezartzen duenez, tokiko administrazioarekiko harremanak tokiko araubidearen oinarrizko legeen bitartez arautuko dira, III. tituluan araututa ez dauden gaietan.

Helburu horiek lortuko badira, ezinbestekoa da urriaren 1eko 40/2015 Legearen 144.1.e) artikuluan zehazten den administrazio publikoen arteko lankidetza sendotzea, lankidetza-hitzarmenen alderdi sinatzaileek beren gain hartzen dituzten baldintzak eta konpromisoak ere kontuan hartuta, lege beraren 144.2 artikuluaren arabera. Zehatz-mehatz, informazioa elkarri trukatzeko sistemak eraiki behar dira, administrazio-prozeduran dokumentuak edo datuak ekarri behar ez izateko, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan –Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea– ezarrita dagoenarekin bat etorrita.

2.– Horretarako, beharrezkoa da administrazio elektronikoaren garapenean azkar eta eraginkortasunez aurrera egitea, honako bi lege hauek benetan betetzeko: urriaren 1eko 40/2015 Legea (administrazio publikoen araubide juridikoari eta funtzionamenduari dagokienez) eta urriaren 1eko 39/2015 Legea (14. artikuluan ezarritakoaren arabera, administrazio publiko guztiak behartuta daude harreman elektronikoak ezartzera edo ezartzen laguntzera). Hori dela-eta, ezinbestekoa da administrazio guztien eskura jarritako zerbitzu elektroniko batzuk lehenbailehen edukitzea, legez ezarritako betebeharra benetan betetzea lortu ahal dadin.

Administrazio Elektronikoari buruzko 21/2012 Dekretuan, otsailaren 21ekoan, ezarritakoaren arabera, datuak eta dokumentuak ez emateko eskubidea baliatzen laguntzeko, Administrazioak gainerako administrazio publikoekin hitzarmenak egitea sustatuko du, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 155. artikuluan ezarritakoarekin bat. Erregelamendu horretako 68. artikuluan ezarrita dago hitzarmen horietan zenbait prozedura ezarriko direla, organo lagatzaileek ziurta dezaten ea aipatutako eskubidea erabili den, sarbide-eskaeren xede izan diren datu edo dokumentuei dagokienez.

Era berean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeek estatu- eta foru-administrazioekin izenpetutako hitzarmenen bidez formalizatutako zerbitzuetan, eta geroago erabakitzen direnetan parte har dezaten, beharrezkoa da mekanismo egoki bat jartzea, aipatutako toki-erakundeek aipatutako hitzarmenak erraz balia ditzaten, baina, edonola ere, zerbitzu bakoitzean erabiltzaileari ezarritako betebeharrak beti beteko direla bermatzen duen prozedura baten bidez.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Estatuko Administrazio Orokorrak 2017ko martxoaren 24an lankidetza-hitzarmen berri bat sinatu dute, administrazio elektronikoaren esparruko zerbitzuak elkarri emateko. Lankidetza-hitzarmen horrek 2010eko urriaren 18ko hitzarmena ordeztu du.

4.– Urriaren 1eko 40/2015 Legearen 141.1.c) artikuluak ezartzen du gainerako administrazioei eman behar dietela haien eskumenak baliatuz egiten duten jarduerari buruz edo herritarrek arlo bati buruzko informazio osoa eskuratu ahal izateko behar duten informazioa.

Ondorio horietarako, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 142.a) artikuluak ezartzen duenaren arabera, honako hauek dira administrazio publikoen elkarlan-betebeharretik eratortzen diren betebeharrak: eskabidea jaso duen erakunde publikoak edo entitateak dituen informazio, datu, agiri edo frogabideak ematea, baldin eta administrazio eskatzaileak halakoak eduki behar baditu bere eskumenak baliatzeko; administrazio-informazioko sistema integratuak sortu eta mantentzea, lurralde nazional osoan administrazio-jardueraren esparru batzuei eta besteei buruzko datu eguneratu, oso eta iraunkorrak edukitzeko; laguntza-betebeharra beste administrazio batzuek beren eskumenak hobeto baliatzeko egindako eskariei arreta egiteko, bereziki administrazio horien jarduera beren lurralde-eremutik kanpo hedatzen bada.

Sinatzaileek datu jakin batzuk behar izaten dituzte beren egitekoak burutzeko eta esleituta dauzkaten eskumenak erabiltzeko. Beraz, administrazio publikoen arteko harremanetan elkarri laguntzeak nagusi izan behar duela kontuan hartuta eta beraien jardunean eta harremanetan baliabide publikoak eraginkortasunez esleitzeko eta erabiltzeko printzipioa eta herritarrei zerbitzu eraginkorra eman beharraren printzipioa aplikatuta, alderdiek uste dute beren arteko datu-trukea arautu behar dutela. Trukean baliabide informatikoak edo telematikoak erabiliko dira, eta, administrazio publikoek dauzkaten datuak direnez, herritarrei dagozkien bermeak eta eskubideak errespetatu beharko dira.

5.– Horregatik, bi alderdiek uste dute zerbitzuak linean ematea sustatu behar dela, zerbitzuen, izapideen, prozeduren eta informazioaren elkarreragingarritasuna handitzeko.

Horren harira, sinatzaileek, beren eskumenen eremuetan, beharrezkotzat jo dute Administrazioaren jabetzako sistemen eta aplikazioen arteko koordinazioa sustatzea. Sistemen eta aplikazioen berrerabilera ezin handiagoa izango da, administrazioen eta interes publikoaren premiak, hobekuntzak edo eguneratzeak gauzatzeko helburua ezarrita. Horretarako, sistemak eta aplikazioak alderdien eskura jarriko dira.

Erabiliko den elkarreragingarritasunerako sisteman, paperezko ziurtapenen edo ziurtagirien ordez, datuak trukatzeko plataformak edo horretarako prestatu diren beste sistema elektroniko batzuk baliatuko dira. Hori horrela, administrazio publikoen sareak elkarrekin konektatuta egongo dira, bertako informatika-mekanismoak bateragarriak izango dira, eta administrazio publikoen sareetako transmisio telematikoa gauzatuko da. Horrelako komunikazio-sare batean informazio-sistemak elkarrekin konektatuta egongo dira, administrazioen arteko informazioa eta zerbitzuak trukatzeko aukera egongo da, eta interesdunek datuak erabili ahal izango dituzte (datuok erabilgarri badaude), beren eskumenen arloko izapideak, prozedurak eta jarduketak gauzatzeko. Horrek guztiak bat etorri behar du bere araudi arautzaileekin eta abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan –Datu Pertsonalen Babesari buruzko Legea da, hain zuzen ere– eta lege hori garatzeko araudietan ezarritakoarekin; betiere segurtasuna, osotasuna eta erabilgarritasuna ezin hobeto bermatuta. Alde horretatik, kontuan hartu behar da urriaren 1eko 40/2015 Legearen 158.1 artikuluan ezarritakoa; zehatz-mehatz, administrazio publikoek aplikazioen aurkibide eguneratuak edukiko dituztela, libreki berrerabiltzeko, Elkarreragingarritasunerako Eskema Nazionalean xedatuta dagoenaren arabera. Aurkibide horiek elkarreragingarriak izan beharko dute, Estatuaren Administrazio Orokorraren aurkibide orokorrarekin bateragarritasun informatikoa eta konexioa bermatzeko.

Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan ezarrita dago herritarrek eskubidea daukatela edozein administraziok eginiko dokumentuak, jatorrizko dokumentuak, araudi arautzaile aplikagarriak eskatzen ez dituen datuak edo dokumentuak edo interesdunak edozein administraziori jada eman dizkion datuak edo dokumentuak ez emateko.

6.– Alderdiek elkarreragingarritasunerako sistema ezarri nahi dute; eta sistema horren bidez elkarri trukatuko dioten informazioa, sistemako euskarriak eta aplikazioak seguru, zainduta eta ondo araututa egongo dira. Administrazio publikoek horiek guztiak kontuan hartu beharko dituzte, erabaki teknologikoak hartzen dituztenean.

Helburu horiek eraginkortasun handiagoz lortzeko, eta administrazio publikoen arteko lankidetza- eta koordinazio-printzipioei jarraituta, erabaki hau bereziki baliagarria da bi administrazio sinatzaileentzat.

Horregatik guztiagatik, alderdiek administrazioen arteko lankidetza-hitzarmen hau sinatu dute.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea eta helburua.

Hitzarmen honen xedea da baldintza eta irizpide orokorrak finkatzea: alde batetik, sinatzaileek ematen dituzten zerbitzu elektronikoen aprobetxamendu komuna egin dezaten; eta, bestetik, informazioa truka dezaten beraien artean.

Horren ondorioa da zerbitzu jakin batzuk erabilgarri egotea, eta alderdietako bakoitzak emandako zerbitzuetarako sarbidea eta haien erabilera komuna erraztea. Zerbitzu horiek hitzarmen honetan eta hitzarmeneko hiru eranskinetan adierazi bezala emango dira.

Urriaren 1eko 40/2015 Legearen 155.2 artikuluan ezarrita dagoen bezala, honako datu hauek baizik ez dira eskainiko aurreko paragrafoan aipatutako eran: gainerako administrazioek beren eskumeneko prozedurak eta jarduerak dagozkien arauen arabera izapidetzeko eta ebazteko interesdunei eskatzen dizkietenak.

Hauxe da hitzarmenaren xede nagusia: edozein administraziok egin dituen dokumentuak, jatorrizko dokumentuak, araudi arautzaile aplikagarriek eskatzen ez dituzten datuak edo dokumentuak edo lehendik beste administrazio bati eman zaizkionak ez emateko eskubidea egikaritzea, zeinaren onarpen presuntzioa izango den, prozeduran kontrakotasun espresua adierazi edo aplikatzekoa den lege bereziak ez badu agintzen adostasun espresua adierazi beharra dagoela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan jasotako baldintzetan.

Hitzarmen honek beste xede bat ere du: atxikitze-mekanismoa ezartzea, III. eranskina betez, hitzarmen hau sinatu duen Oiartzungo Udalak atxikitzeko administrazio elektronikoaren esparruko oinarrizko irtenbideak elkarri emateko Estatuko Administrazio Orokorrarekin 2017ko martxoaren 24an sinatu den lankidetza-hitzarmenari, aplikagarriak diren alderdi guztietan. Aipatutako lankidetza-hitzarmen horrek Lehendakaritza Ministerioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean administrazio elektronikoaren esparruko zerbitzuak elkarri emateko 2010eko urriaren 18an sinatu zuten lankidetza-hitzarmena ordezkatu du.

Amaitzeko, hitzarmenaren xede ere bada hitzarmenak indarra duen bitartean sortzen diren administrazio elektronikoaren funtzionalitate eta zerbitzu berriak, haren xedearekin erlazioa dutenak, baliatzea alderdi sinatzaileek, etorkizunean horretara eranskin berriak gehitzen dituen prozeduraren bidez; nolanahi ere, prozedura horrek bermatuko du bai haren edukiari bai zerbitzu bakoitzean erabiltzailearentzat ezarritako betebeharren betetze-mailari buruzko erabakiak egon badaudela.

Hitzarmena sinatzeko helburuak honako hauek dira: kudeaketa publikoa eraginkorragoa izatea, baliabide eta zerbitzu publikoak batera eta errazago erabiltzea, erabilera publikoko jarduerak egiten laguntzea, aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari buruzko legeak betetzen laguntzea eta administrazioko bikoiztasunak ezabatzea. Horretan, honako artikulu hauek bete beharko dira: urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48.3 artikulua; Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 57. artikulua, Toki-administrazioaren Arrazionalizazio eta Iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legearen lehenengo artikuluan jasotako idazkeraren arabera; eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 100. artikulua.

Bigarrena.– Aplikazio-eremua.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Oiartzungo Udalak hitzarmen honetako bi eranskinetan zerrendatzen diren eta Eusko Jaurlaritzari dagozkion zerbitzuen funtzionalitateak baliatu ahal izango dituzte. Eranskinak honako hauek dira:

– I. eranskina. Datuak transmititzea.

– II. eranskina. Jakinarazpenen eta komunikazio elektronikoen zerbitzua.

Halaber, 2017ko martxoaren 24an sinatutako Estatuko Administrazio Orokorraren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko lankidetza-hitzarmen berrian sinatzaileek ematen dituzten administrazio elektronikoaren oinarrizko irtenbide teknologikoak baliatu ahalko dituzte, hamabigarren klausulan eta III. eranskinean xedatutakoaren arabera.

Hirugarrena.– Informazio-trukearen arduradunak.

1.– Administrazio lagatzaile bakoitzak erabakiko du zer protokolo eta baldintza bete behar diren datuak trukatzeko eskaintzen diren zerbitzuetan sarbidea izateko. Datuak bitartekotza bidez trukatzeko eskabideak koordinatu, izapidetu eta kontuan izateko organo arduraduna hauxe da:

– Oiartzungo Udalean: administrazio elektronikoaren eskumena duen organoa.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan: administrazio elektronikoaren eskumena duen zuzendaritza.

2.– Datuen lagapena hartzen duen administrazio bakoitzak datuetara sarbidea izateko baldintzak beteko ditu, eta baimendutako administrazio-izapide eta -prozeduren esparruan lagatzaileak emandako informazioa eskuratu nahi duten pertsonen eta organoen sarbidea kudeatuko du. Hau da datuak bitartekotza bidez trukatzeko eskabideak koordinatu, izapidetu eta kontuan izateko organo arduraduna:

– Oiartzungo Udalean: administrazio elektronikoaren eskumena duen organoa.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan: administrazio elektronikoaren eskumena duen zuzendaritza.

Laugarrena.– Baldintza teknikoak eta funtzionalak.

Datuen bitartekotza-protokoloen Elkarreragingarritasun Arau Teknikoan jasotako baldintzak (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 2012ko uztailaren 26koa) hitzarmen hau aplikatuz egiten den datuen truke bitartekotuari aplikatuko zaizkio.

Bosgarrena.– Hitzarmenaren jarraipena, zaintza eta kontrola egiteko batzordea.

Jarraipena, zaintza eta kontrola egiteko batzordea eratuko da, hitzarmen honetan eta eranskinetan alderdi sinatzaileek hartu dituzten konpromisoen kudeaketa, jarraipena eta kontrola egiteko. Honako kide hauek izango ditu: Oiartzungo Udalak izendatutako bi kide eta Eusko Jaurlaritzak izendatutako beste bi.

Jarraipena, zaintza eta kontrola egiteko batzordeak ohiko bilkura bat izango du urtean. Horrez gain, aparteko bilkura egingo du alderdietako batek eskatzen duen bakoitzean.

Jarraipena, zaintza eta kontrola egiteko batzordeak ebatziko ditu hitzarmen hau interpretatzean eta betetzean sortutako arazoak, bai eta alderdi sinatzaileei hitzarmenaren edozein aldaketa proposatzea ere.

Horretan, kontuan hartu beharko da urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51.2 c letran ezarritakoa: sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebeharrak edo konpromisoak betetzen ez baditu, hitzarmena azkendu ahal izango da.

Gainera, Jarraipena, zaintza eta kontrola egiteko batzordeak aldaketa teknikoak ezarri ahalko ditu, betiere hitzarmenaren funtsa aldatzen ez badute.

Seigarrena.– Norberak egin behar dituen jarduketak eta araubide ekonomikoa.

Lankidetza-hitzarmen honek ez du sortzen sinatzaileen arteko kontraprestazio ekonomikorik. Hala ere, alderdiek inbertsioak egin beharko dituzte beren instalazioetan, hitzarmen hau sinatutakoan, beren gain hartu dituzten betebeharrak eta, zehazki, alderdi sinatzaile bakoitzak egin behar dituenak betetzeko, betiere egingarriak badira.

Zazpigarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.

Hitzarmen honen indarraldia lau urtekoa da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epe hori amaitu aurreko edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez adostu ahalko dute hura luzatzea, beste lau urteko aldi baterako gehienez, edo hura azkentzea. Hala eta guztiz ere, sinatzaile guztiak ados jarrita, hitzarmena azkendu ahalko da.

Hitzarmenaren formalizazioa eta haren azkentzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gipuzkoako lurralde historikoko aldizkari ofizialean eta Oiartzungo udaletxeko iragarki-taulan argitaratuko dira.

Zortzigarrena.– Hitzarmena aldatzea.

Alderdiek noiznahi proposatu ahal izango dute hitzarmena berrikustea, egokitzat jotzen dituzten aldaketak egiteko. Hitzarmenaren edukia aldatu aurretik, alderdi sinatzaileek aho batez onartu beharko dute.

Klausulak berrikusten badira, alderdiek sinatutako eranskin batean jaso beharko dira, eta eranskina hitzarmenari erantsiko zaio.

Halaber, eranskin prozedura horren bidez, alderdiek adostu ahalko dute hitzarmenak indarra duen bitartean sortzen diren eta haren xedearekin erlazioa duten administrazio elektronikoaren funtzionalitate eta zerbitzu berriei buruz lehenengo klausulan ezarritako eranskinak gehitzea, baina horrek ez du ekarriko hitzarmen honen klausulak berrikustea.

Bederatzigarrena.– Araubide juridikoa.

Honako hauek dira hitzarmen honen manu arautzaileak: Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47. artikulutik 53. artikulura bitartekoak; Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 57. artikulua eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 100. artikulua, Tokiko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak tokiko zerbitzu publikoetan edo guztiontzako intereseko gaietan elkarrekin adosten duten lankidetza ekonomiko, tekniko eta administratiboa arautzeko lankidetza-hitzarmenei dagokienez.

Hamargarrena.– Gatazkak konpontzea.

Hitzarmen hau sinatu duten alderdiek konpromisoa hartu dute hura betetzean sortzen diren gorabeherak elkarrekin ados jarrita konpontzeko, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.f) artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.

Hitzarmenaren garapenean eta betearazpenean alderdien artean auziren bat sortzen bada, eta bosgarren klausulan aipatutako jarraipena, zaintza eta kontrola egiteko batzordeak konpondu ezin badu, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan errekurtsoa jarri ahal izango da, jurisdikzio hori arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoarekin bat etorrita.

Hamaikagarrena.– Komunikazioa.

Alderdiek hitzarmenaren beste sinatzailea ere aipatuko dute, bakarka zein batera hitzarmenaren gaiaz egiten dituzten komunikazio-egintza guztietan.

Hamabigarrena.– Oiartzungo Udala atxikitzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta Estatuaren Administrazio Orokorraren artean 2017ko martxoaren 24an sinatutako hitzarmenari.

Klausula honen bidez, atxikitze-mekanismoa ezartzen da, hitzarmen hau sinatu duen toki-erakundea atxikitzeko administrazio elektronikoaren esparruko oinarrizko irtenbideak elkarri emateko Estatuko Administrazio Orokorrarekin 2017ko martxoaren 24an sinatu den lankidetza-hitzarmenari, aplikagarriak diren alderdi guztietan, eta hitzarmen horren bigarren klausulan ezarritakoari jarraituta. Horretarako, toki-erakundearen izenean diharduen ordezkariak atxikitze-eskaeraren protokoloa sinatu beharko du. Protokolo horren bidez konpromisoa hartuko du soluzio teknologikoak eskuratzeko eta erabiltzeko betebeharrak, hitzarmenean zehaztuta, betetzeko. Horrez gain, Toki-erakundeak bere gain hartuko du Euskal Autonomia Erkidegoko erabiltzaileei ezarritako betebeharrak ere, bere eskumenen arloan, betetzea. Hori guztia III. eranskinaren arabera egin behar da.

Hitzarmen hau Estatuko Administrazio Orokorrari jakinaraziko zaio.

Eusko Jaurlaritzaren Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

Oiartzungo udaleko Alkatea,

JEXUX LEONET ELIZEGI.

HITZARMENAREN I. ERANSKINA
DATUEN TRANSMISIOA

1.– Helburua.

Eranskin honen xedea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta toki-erakundeen artean datuak eskuratzeko eta transmititzeko baldintzak arautzea da. Hortaz, bi alderdiak informazioaren lagatzaile moduan nahiz lagatakoaren hartzaile moduan ari daitezke.

Urriaren 1eko 40/2015 Legearen 155.2 artikuluan ezarrita dagoen bezala, honako datu hauek baizik ez dira eskainiko aurreko paragrafoan aipatutako eran: gainerako administrazioek beren eskumeneko prozedurak eta jarduerak dagozkien arauen arabera izapidetzeko eta ebazteko interesdunei eskatzen dizkietenak.

Lagatzaileak informazioa bere zereginetan diharduen bitartean biltzen du, administrazioak baitira, eta lagapen-hartzaileak, berriz, esleituta dauzkan eginkizunak betetzeko eskatzen du.

Nolanahi ere, informazioa indarreko arau-esparrua eta, bereziki, datu pertsonalen babesari buruzkoa errespetatuta eman eta eskuratuko da beti. Elkarri trukatuko dizkioten datu pertsonalak egoki eta beharrezkoak izateaz gain, ez dira gehiegizkoak izango, datu horiek zein esparrutan eta zein xedez lortu eta halakoei begira. Gainera, esparruek eta xedeek zehatzak, argiak eta legitimoak izan beharko dute, Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko Legearen 4. artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita, bai eta lege hori garatzeko arauekin ere bat etorrita. Gainera, datu horiek eskuratzeko baldintzak, protokoloak eta funtzionamenduari zein teknikari lotutako irizpideak ere zehaztu beharko dira, segurtasunari, osotasunari eta eskuragarritasunari buruzko bermeak ezin handiagoak izan daitezen.

Datuen transmisioa urriaren 1eko 40/2015 Legearen 155.3 artikuluan ezarritakoaren arabera egingo da –Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legea–. Horretarako behar diren teknologia zehatzak erabiliko dira, administrazio publikoen informazio-sistemak elkarrekin konektatzeko komunikazio-sarea sortzeko, eta administrazioen arteko datuen eta zerbitzuen trukea gauzatzeko.

2.– Informazioa zertarako ematen den.

Toki-administrazioen eta Euskal Autonomia Erkidegoaren mende dauden organoek eta erakundeek eskatzen dituzten dokumentuak eta datuak egiaztatzeko xedez emango da informazioa. Organo eta erakunde horiek dokumentuok eta datuok eskatzen dituzte, beren eskumeneko prozedura administratiboak eta jarduketak izapidetzeko eta ebazteko, horien araudi arautzailean ezarritakoarekin bat etorrita, betiere prozedura horietan datu horiek emateko eskakizuna ezarrita badago, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 28.1 artikuluan ezartzen duenarekin bat etorrita.

3.– Informazioaren edukia.

Datuen lagatzaile bakoitzak elkarreragingarritasun-zerbitzuen katalogoa osatu eta argitaratuko du, eta lagapen-hartzaile diren erakundeen eskura jarriko du, nahi dutena kontsulta dezaten. Zerbitzu-katalogo horretan, zehatz jasoko dira trukatuko diren datuak, zerbitzuetara sarbidea izateko baldintza teknikoak, izapidetze-baldintzak eta lagapen-hartzaileak jakin beharreko beste edozein informazio.

Urriaren 1eko 40/2015 Legearen 38.5 artikuluak ezartzen du egoitza elektronikoetan informazioak, zerbitzuak eta transakzioak argitaratzen direnean, irisgarritasun- eta erabilgarritasun-printzipioak bete beharko direla, horri buruz ezarritako arauekin bat etorrita; gainera, estandar irekiak erabili beharko dira, eta, hala balegokio, baita herritarren artean erabilera hedatua duten beste batzuk ere.

4.– Informazioa transmititzeko baldintzak.

Datuen bitartekotza-protokoloen Elkarreragingarritasun Arau Teknikoan jasotako baldintzak (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 2012ko uztailaren 26koa) hitzarmen hau aplikatuz egiten den datuen truke bitartekotuari aplikatuko zaizkio, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 156.1 artikuluan ezarritakoari jarraituta.

5.– Datu pertsonalen babesa.

Alderdiek honako hauek betetzeko konpromisoa hartu dute: 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Pertsonalen Babesari buruzkoa; 1720/2007 Errege Dekretua, abenduaren 21ekoa, 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Pertsonalen Babesari buruzkoa, garatzeko erregelamendua onartzen duena; eta Eusko Legebiltzarraren otsailaren 25eko 2/2004 Legea, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzkoa, hala nola hura garatzeko estatu- edo autonomia-mailako arautegia.

Datuen kontsulta egitean, datu horien jabeak, hots, pertsona interesdunak, baimena eman duelako presuntzioa baliatuko da, prozeduran kontrakotasun espresua adierazi edo aplikatzekoa den lege bereziak ez badu agintzen adostasun espresua adierazi beharra dagoela. Horrek guztiak bat etorri behar du urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan ezarritakoarekin –Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea–.

Ematen diren datu pertsonalen arduradunak, informazioa laga baino lehen, fitxategi horiek behar bezala deklaratuta eduki behar ditu, datuen babeserako kasuan kasuko agentzian. Tratamenduaz norbait arduratzen bada, aurreko arduradun horrek argibide egokiak emango dizkio datuetarako sarbidea eman dezan, hitzarmen honen xede diren zerbitzuak gauzatzeko.

6.– Informazioaren erabilgarritasuna.

Informazio-sistema asteko zazpi egunetako 24 orduetan egongo da erabilgarri.

7.– Konpromisoak: batetik, ez eskatzeko informazioa beste sistema batzuk erabiliz bidaltzeko; eta, bestetik, herritarrei ez eskatzeko informazioa banan-banan ekar dezaten.

1.– Lagapena hartzen duen administrazioak ez dio eskatuko lagatzaileari informazioa hitzarmenean, eranskinetan edo alderdiek ituntzen dituzten aldaketetan adierazitakoak ez diren beste bitarteko batzuk erabiliz bidaltzeko.

2.– Lagapen-hartzailea den administrazioak ez die eskatuko pertsona interesdunei lagatzaileak emandako ziurtagiriak edo bestelako agiriak aurkezteko. Aitzitik, informazio hori hitzarmen honetan ezarritako sistemaren bidez transmititzeko eskatuko dio lagatzaileari; non eta ez den ezinezkoa, arrazoi teknikoengatik edo antolamenduagatik, lagatzaileak informazio hori bidaltzea.

HITZARMENAREN II. ERANSKINA
JAKINARAZPEN ETA KOMUNIKAZIO ELEKTRONIKOEN ZERBITZUA

1.– Helburua.

Eranskin honen xedea da toki-erakundeek jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen esparruko zerbitzua erabiltzeko dituzten eskubideak eta betebeharrak arautzea. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak garatu du zerbitzu hori.

Nolanahi ere, zerbitzua indarreko arau-esparrua eta, bereziki, datu pertsonalen babesari buruzkoa errespetatuta erabiliko da beti.

2.– Irismena.

a) Interesdunek erretilu birtual bakar batean jasoko dituzte jakinarazpen eta komunikazio elektronikoak. Erretilu horrek aukera emango du itxura pertsonalizatzeko, udalek beren atarietatik erabili ahal dezaten.

b) Baimena ematen da toki-erakundearen mendeko organo edo erakundeen edozein aplikazio informatikotan jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen zerbitzua erabiltzeko.

c) Toki-erakundeak herritarren eskura jartzen dituen prozedura guztietarako erabili ahal izango du Euskal Autonomia Erkidegoko jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen zerbitzua, eta Udalak arduratu beharko du zerbitzua bere aplikazio informatikoetan funtzionamenduan jartzeaz, eguneratzeaz eta mantentzeaz.

d) Bi alderdiek hitzematen dute elkarri jakinaraziko diotela zerbitzuaren bateragarritasunari eragin diezaiokeen edozein informatizazio-neurri.

3.– Zerbitzu-emailearen betebeharrak.

Euskal Autonomia Erkidegoak, jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen esparruko zerbitzuaren emaile gisa, bere gain hartzen ditu honako betebehar hauek:

a) Zerbitzuaren funtzionamendu ona zaintzea.

b) Proba-ingurune bat izatea, zerbitzuan hobeto integratzeko.

c) Behar diren mekanismoak prestatzea, zerbitzuen erabiltzaileak herritarrei informazio- eta arreta-laguntza eman diezaien; eta erakundeei, beharrezko euskarria.

4.– Zerbitzuen erabiltzailearen betebeharrak.

Toki-erakundeak, Euskal Autonomia Erkidegoko jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen esparruko zerbitzuaren erabiltzaile gisa, bere gain hartzen ditu honako betebehar hauek:

a) Herritarrei ematea jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen zerbitzua erabiltzeko behar diren bitartekoak.

b) Jakinarazpen eta komunikazio elektronikoak zein prozeduretan jaso ahal diren jakinaraztea eta jakinarazpen eta komunikazio elektronikoak kanal elektronikoaren bidez jaso nahi direla adierazteko aukera ematea, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41.1 artikuluan ezarritakoaren arabera nahitaezkoa izan ezean.

c) Herritarrei informazioa eta arreta ematea eta jakinarazpen zein komunikazio elektronikoak bidaltzeko zerbitzuaren antolaketan laguntzea, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluko 2. eta 3. zenbakiak –administrazio publikoekin baliabide elektronikoen bidez harremanetan jartzeari buruzkoak– barne hartuta egon ezean.

5.– Ezaugarri teknikoak eta zerbitzu-maila.

Atal honetan zehazten diren ezaugarri teknikoak eta zerbitzu-maila izango dituzte eranskin honen xede diren zerbitzuek.

a) Zerbitzuaren erabilgarritasuna.

Jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen zerbitzua asteko egun guztietako ordu guztietan erabili ahal izango da.

b) Jakinarazpen eta komunikazio elektronikoaren zerbitzurako sarbidea.

Bi modu daude jakinarazpen eta komunikazio elektronikoaren zerbitzuan sartzeko:

– Alde batetik, bada interfaze bat, zerbitzua darabilen toki-erakundeak behar bezala identifikatu eta baimendu dituen pertsonei zuzenduta. Interneteko nabigatzaile baten bidez sar daiteke.

– Bestetik, bada Web-zerbitzuko interfaze automatizatu bat ere, W3C The World Wide Web Consortium (W3C) deritzonean une bakoitzean ezarritako erreferentziazko estandarren araberakoa. Toki-erakundeak behar bezala identifikatu eta baimendu dituen aplikazioak sartu ahal izango dira zerbitzuan.

EAEko Administrazio Publikoaren Euskalsarea sarearen bidez sartuko da jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen zerbitzura.

c) Segurtasun-, konfidentzialtasun- eta auditoria-betebeharrak.

Jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen zerbitzuan interfaze grafikoaren edo zerbitzu-interfazearen bidez egiten diren eragiketa guztiak zifratu egingo dira.

Toki-erakundearen aplikazio erabiltzaileen eta jakinarazpen nahiz komunikazio elektronikoen zerbitzuaren arteko komunikazio guztiak dena delako komunikazioaren osotasuna eta benetakotasuna bermatuz egingo dira.

Gainera, jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen zerbitzuak sisteman egiten diren eragiketen beharrezko jarduera-arrastoak gordeko ditu.

d) Euskarria eta gorabeheren konponketa

Zerbitzua erabiltzen duen toki-erakundeak konpromisoa hartzen du zerbitzu batzuk martxan jartzeko, administrazio elektronikoaren zerbitzuen erabiltzaileei eta, bereziki, jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen zerbitzuak erabiltzen dituzten toki-erakundearen zerbitzuen azken erabiltzaileei gorabeheretan laguntzeko. Toki-erakundeak informazioa emango du bere administrazio-prozedura bereziei buruz, bai eta bere prozeduren esparruan egiten den jakinarazpen eta komunikazio elektronikoaren zerbitzuaren erabilerari buruz ere.

Eusko Jaurlaritzak bigarren mailako laguntza-zerbitzu bat eskainiko dio toki-erakundeari, jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen zerbitzuaren erabileran sor daitezkeen arazoak konpontzeko. Zerbitzu hori kanal elektroniko eta telefonikoen bidez emango da, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 18:00etara bitarte.

Hala ere, plataforma asteko egun guztietako ordu guztietan erabilgarri egotea bermatzeko, Eusko Jaurlaritzak gorabeheretan laguntzeko 24x7 zerbitzu bat prestatzeko konpromisoa hartzen du, jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen zerbitzuaren funtzionamendu onari eragiten dioten arazoak konpontzeko.

Ziurtagiriak egiten dituzten Ziurtapenerako Zerbitzu Emaileek eskainiko dituzte ziurtagiri elektronikoen erabilerarekin zerikusia duten laguntza-zerbitzuak.

HITZARMENAREN III. ERANSKINA
ADMINISTRAZIO ELEKTRONIKOAREN ESPARRUKO OINARRIZKO IRTENBIDEAK ELKARRI EMATEKO ESTATUKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREKIN 2017KO MARTXOAREN 24AN SINATU DEN LANKIDETZA-HITZARMENARI ATXIKITZEKO PROTOKOLOA

Jexux Leonet Elizegi jaunak, Alkate gisa, Oiartzungo Udalaren ordez, hauxe

ADIERAZTEN DU:

Oiartzungo Udaleko Udal Osoak 2018ko apirilaren 25ean erabaki du administrazio elektronikoaren oinarrizko irtenbideak elkarri emateko Estatuko Administrazio Orokorrarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenari atxikitzea, jarraian zehazten diren baldintzei jarraituta eta hitzarmenaren 1.2 klausularen arabera. Hitzarmen hori 2017ko apirilaren 21eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, 76 zenbakikoan, argitaratuta dago, eta 2017ko martxoaren 24an sinatu zen.

Oiartzungo Udalak hitzarmena ezagutu eta erreparorik gabe onartzen du, hari atxikitzeari dagozkion alderdi guztietan; horrez gain, konpromisoa hartzen du hitzarmenean jasotako betebeharrak betetzeko, alderdi sinatzaileek ematen dituzten administrazio elektronikoaren oinarrizko irtenbide teknologikoak (bigarren klausulan zerrendatu dira) edo eguneratu edo etorkizunean aldatzen direnak eskuratzeari eta erabiltzeari dagokienez. Horrez gain, bere eskumenen arloan, hitzarmenean Euskal Autonomia Erkidegorako ezarritako betebeharrak ere bere gain hartzen ditu.

Horren guztiaren ondorioz, honako hau

ESKATZEN DU:

Oiartzungo Udala, toki-erakunde horren ordezkari izanik, administrazio elektronikoaren esparruko oinarrizko irtenbideak elkarri emateko Estatuko Administrazio Orokorrarekin 2017ko martxoaren 24an sinatutako lankidetza-hitzarmenari atxikitzea, lehenengo klausularen 2. atalean aurreikusitakoaren arabera.

Oiartzungo udaleko Alkatea,

JEXUX LEONET ELIZEGI.


Azterketa dokumentala