Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

19. zk., 2018ko urtarrilaren 26a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
454

AGINDUA, 2018ko urtarrilaren 17koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2018. urtean arte eszenikoak sustatzera bideratutako programak garatzeko diru-laguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eskumenekoak dira arte- eta kultura-jarduerei dagozkien zereginak eta jardun-arloak. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuak –Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena–.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak egoki deritzo, berari dagozkion eskumenen barruko zeregina den aldetik, arte eszenikoen esparruan izaera profesionala duten prestakuntza, sustapena eta erakusketa jarduerak sustatzeko aukera emango duen bidea antolatzeari. Horretarako, diru-laguntzak emango dira arte eszenikoen sustapena ahalbidetzen duten prozesuak finantzatzeko.

Antzerkiko eta dantzako profesionalen prestakuntza bultzatzeko, arlo publikoa eta pribatuaren arteko elkarlana erraztuko duen bidea eskaintzeko eta dantza eta kaleko arteen ikuskizunen erakusketa sustatzeko aurrerapausoak eman nahi dira sektorearen profesionalizazioan eta, gainera, herritar guztiei bermatu kalitateko kultura-eskaintza eskuragarri eta kalitatekoa.

Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– 2018. urtean arte eszenikoak sustatzera bideratutako prestakuntza, sustapen eta erakusketa programak garatzeko diru-laguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena.

2.– Deialdi honek aurreikusten dituen modalitateetako bakoitzari buruzko kapituluan zehazten diren jarduerak lagundu ahal izango dira.

2. artikulua.– Modalitateak eta diru-baliabideak.

1.– Diru-laguntza hauetarako, guztira, 523.000 euro daude jarrita.

2.– Zenbateko globala honela banatuko da deialdiko 5 laguntza-mota desberdinen artean:

a) Prestakuntzarako laguntza-motak.

– 88.000 euro antzerkiko profesionalen prestakuntzarako (83.000 euro prestakuntza integralerako, 5.000 euro arlo zehatzetako prestakuntzarako).

– 70.000 euro dantzako profesionalen prestakuntzarako.

b) Sustapenerako laguntza-motak:

– 80.000 euro EAE-ko antzokietan egoitza-proiektuetarako.

c) Erakusketarako laguntza-motak:

– 125.000 euro kaleko arte eszenikoen ikuskizunen programak garatzeko.

– 160.000 euro SAREA Dantza Zirkuitua garatzeko.

3.– Modalitate bakoitzean adierazitako zuzkidura dena dela ere, eskabiderik ez dagoelako, eskakizunak betetzen ez dituztelako edo aurkeztutako proiektuen kalitatea eskasa delako, modalitateetako batean ezarritako diru-kopurua agortzen ez bada, beste modalitaterako diru-laguntzaren zenbatekoa handituko da, betiere delako modalitate hori artean erabaki gabe badago. Horretarako honako irizpide hauek jarraituko dira: lehentasuna izango du artikulu honen 2. ataleko talde berean dagoen laguntzak. Aldaketa hau posiblea ez den kasutan eskatutako diru kopuru orokorra eta hasierako kopuruaren arteko desoreka handien duen modalitateak lehentasuna izango du.

Zenbatekoa handitzearen onarpenaren berri eman beharko da Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bitartez.

3. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunak.

1.– Diru-laguntzak eskatu ahal izango dituzte, artikulu honetan ezarritako eskakizunez gain, modalitate bakoitzerako ezartzen diren bestelako berariazko eskakizunak betetzen dituztenek.

2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jaso ahal izateko, beharrezkoa da zerga-betebeharrak egunean izatea, baita Gizarte Segurantzakoak ere.

Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, diru-laguntza eskatu duten pertsonek Gizarte Segurantzarekiko baldintzak betetzen dituztela, eta horretarako ez du pertsona horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak. Hala ere, eskatzaileak baimen hori berariaz ukatu dezake, baina, kasu honetan, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

3.– Ezingo dituzte deialdi honetako diru-laguntzak jaso:

a) Laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik dutenek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekua dutenek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legezko azken xedapenetako seigarrena urratuz sexu diskriminazioa egiteagatik debeku horrekin zigortuta daudenak barne.

b) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan jasotako ezein egoeratan dauden pertsona edo entitateak.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomoek ezaugarri bereko laguntza edo diru-laguntza batzuk eman badizkiote eta horiek itzultzeko edo zigorren bat ezartzeko prozeduraren bat izapidetzen ari bada, prozedura bukatu arte ezingo da diru-laguntza onartu, eta hala badagokio, ordaindu.

5.– Eskatzaile bakoitzak proiektu bat baino gehiago aurkez dezake, baina onuradun bakoitzari modalitate bakoitzean proiektu bakarragatik baino ez zaio diru-laguntza emango. Hala, bada, balorazio onena lortzen duen eskabideari emango zaio eta gainerakoak ezetsi egingo dira.

4. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskaerak aurkezteko epeak honako hauek izango dira:

a) Kaleko arte eszenikoen ikuskizunen programak garatzeko laguntza-motak: agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita 2018ko martxoaren 30ean bukatuko da.

b) Gainerako laguntza-motak: agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita hilabetekoa izango da.

2.– Pertsona fisikoek eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:

– Aurrez aurre: eskabideak, Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean aurkeztu ahal izango dira.

– Bide elektronikoa: eskabideak aurkeztu ahalko dira, euskadi.eus gunean artikulu honetako 4. atalean adierazitako helbidean.

Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiliz gero –presentziala edo elektronikoa–, horrek ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea.

3.– Pertsona juridikoek eskabideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, aurretik adierazitako helbide elektronikoan.

4.– Eskaerak nola izapidetu aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-en honako helbide honetan daude ikusgai: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/arte_eszenikoen_sustapena/y22-izapide/eu/

Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

5.– Pertsona eta erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duen moduan.

6.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

7.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharko da hurrengo kapituluetan modalitate bakoitzerako zehazten den dokumentazioa.

5. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak ezartzen duenaren arabera (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar hauek:

– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.

– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik laguntza publikoak lortzeko, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik.

– Kaleko arte eszenikoen ikuskizunen programak garatzeko laguntza-motan udalerriko biztanle-kopurua egiaztatu, agindua argitaratzen den egunean indarrean dagoen udaleko biztanle-erroldaren arabera.

– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak konplitzen dituela adieraztea.

6. artikulua.– Diru-laguntzen kudeaketa.

Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren diru-laguntzak kudeatzeko lanak egitea eta Kultura Sustatzeko Zuzendaria izango da laguntza horien arduraduna.

7. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

1.– Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

2.– Pertsona juridikoek eskaera aurrez aurre egiten badute aurkezpen elektronikoaren bitartez zuzen dezala eskatuko zaie eta ondorio horietarako, zuzenketa hori egin den eguna joko da eskaeraren aurkezpen-datatzat.

8. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Deialdi honetara aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko balorazio-batzorde bana eratuko da modalitate bakoitzeko, SAREA Dantza Zirkutuko laguntza-motan izan ezik. Hona kideak:

a) Batzordeburua: Kultura Sustatzeko zuzendaria.

b) Bokalak: Kulturako sailburuordeak agindu honetako xedean aditu diren pertsonen eta arte eszenikoekin zerikusia duten profesionalen artean izendatutako 2 edo 3 kide.

c) Idazkaria: Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat izango da, zuzendariak izendatua. Hitza izango du baina botorik ez.

2.– Beste eginkizunen artean, Idazkariak Balorazio Batzordearen jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaindu beharko du.

3.– Balorazio Batzordearen behin betiko osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Kultura sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da, Batzordea eratu aurretik, interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabil ahal izan dezaten, legez ezarritako zehaztapen eta baldintzetan.

4.– Balorazio Batzordeko kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.

5.– Batzordeak, ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, adostasunez ebatziko du Kultura sailburuordeari aurkeztuko dion diru-laguntzak emateko proposamena.

9. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako modalitate bakoitzeko diru-laguntzak esleitzeko ebazpena Kulturako sailburuordeak emango du Balorazio Batzordearen proposamena edo, SAREA Dantza Zirkuituaren kasuan, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak egindako txostena ikusita.

2.– Ematen diren ebazpenek ez dute administrazio-bidea amaitzen. Beraz, haien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera kontatuta, horrela dago-eta xedatuta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan.

3.– Hartutako Ebazpenak banan-banan jakinaraziko zaizkie pertsona onuradunei. Dena den, jendeak horren berri izan dezan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko dira.

4.– Eskaerak ebazteko eta pertsona interesdunei jakinarazteko epeak sei hilabete iraungo du gehienez, agindu hau argitaratu zen egunetik zenbatzen hasita. Ebazteko epea amaituta, inolako jakinarazpenik egin gabe, interesdunek eskabidea errefusatutzat jo dezakete, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

5.– Interesdunari bide batetik baino gehiagotatik egiten bazaio jakinarazpena, lehenik egin zaionarena hartuko da jakinarazpen-datatzat.

10. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak, Kaleko arte eszenikoen ikuskizunen programak garatzeko laguntza-mota izan ezik, eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandako laguntzak sarrerak edo bestelako baliabideak batera erabil daitezke helburu berbererako, betiere Aginduan aurreikusitako mugak ez badira gainditzen eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion mugaraino.

2.– Halere, deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak ez dira bateragarriak izango Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako diru-laguntzekin: ez proiektu bera egiteko, ez proiektuaren zatiren bat egiteko. Diru-laguntzak, berriz, izendunak, zuzenak, edota musika, dantza, ikus-entzunezko, antzerki, ikusizko arte, liburugintza eta literatura alorretako aginduen babesean emandakoak izan daitezke.

11. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzak jasotzen dituztenek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.

b) Diru-laguntza eskatzen duen pertsona edo erakundea erregistratu gabe badago Eusko Jaurlaritzako Ogasuna eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edota Erregistroan dauden bere bankuko datuak aldatu nahi baditu, eskabidearekin batera Eusko Jaurlaritzako hirugarrenaren altari buruzko agiria, aurkeztu beharko du.

c) Diruz lagundutako proiektua deialdirako aurkeztu diren baldintzetan garatzea. Dena den, aldaketak ere egin ahal izango dira, baldin eta aldaketok funtsezkoak ez badira eta ez badute bideragarritasun ekonomikoa eragiten. Aldaketa horiek idatziz jakinaraziko zaizkio Kultura sailburuordeari eta hark, jakinarazpena jasotzen duen egunetik hamabost eguneko epea izango du horiek onartu edo gaitzesteko. Epea inolako jakinarazpenik gabe igaroz gero, aurkeztu den aldaketa onartu dela ulertuko da.

d) Diru-laguntza ematen duen organoari Estatuko nahiz mundu mailako beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek xede bererako ematen dituzten bestelako laguntza edo diru-laguntzak jasotzen diren jakinaraztea.

e) Ogasuna eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.

f) Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa berariaz aipatzea katalogo, egitarau, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafikoan. Material hori euskaraz egingo da, eta beste hizkuntza batzuetan ere egin ahal izango da.

g) Halaber, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluko eskakizunak bete behar dituzte onuradunek.

12. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

Agindu honen kargura esleitutako diru-laguntzak honela ordainduko dira:

a) Diru-laguntzaren % 75 esleipen-ebazpena eman ondoren eta 11.a artikuluan ezarritako epea igaro ondoren ordainduko da.

b) Gainerako % 25a diruz lagundutako jarduera gauzatu dela egiaztatu eta jarduera osoa aurkeztutako aurrekontuaren arabera justifikatu ondoren, 13. artikuluan eta modalitate bakoitzari dagokion artikuluan zehaztutako eran gastuen aurrekontuaren arabera eta, betiere, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera.

13. artikulua.– Justifikazioa: modua eta tokia.

1.– Diru-laguntza jasotzen duten pertsona/entitate onuradunek, lagundutako jarduera bukatu eta hiru hileko epean, betiere 2019ko martxoaren 12a baino lehen, modalitate bakoitzean zehaztutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

2.– Pertsona fisikoek justifikazioak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:

– Aurrez aurre aurkeztu ahal izango dituzte Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.

– Justifikazioak bide elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahalko dituzte, http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak gunean.

3.– Pertsona juridikoek justifikazioak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, aurretik adierazitako helbide elektronikoan.

4.– Justifikazioak, bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola izapidetu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-en egongo dira ikusgai, agindu honetako 4.4 artikuluan adierazitako helbideetan.

14. artikulua.– Likidazio-ebazpena.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskal Herriko Ogasun Orokorreko Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.12 artikuluarekin bat etorriz, diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira edo beste administrazio edo entitate publiko zein pribatuetatik beste laguntzarik jaso bada, edo helburu berbererako beste edozein diru-sarrera badago, horrek diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea ekar dezake, betiere laguntza arautzen duen xedapenak ezarritako gutxieneko betekizunak gordetzen badira. Horretarako, Kultura sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du, emandako diru-zenbatekoak doitzeko.

15. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluak xedatutakoaren arabera, hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan edo diru-laguntza emateko egintzan adierazitako betebeharrak ez betetzea.

c) Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).

d) Diru-laguntzekin lotutako xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.

2.– Ez betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuaren arabera (hurrenez hurren, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzudan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua).

II. KAPITULUA
ANTZERKIKO PROFESIONALEN PRESTAKUNTZA

16. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen arloak.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak 2018. urtean zehar burutuko diren antzerkiko profesionalak prestatzeko programa eta jarduerei daude zuzenduta.

2.– Ez dira diruz lagunduko, goi mailako hezkuntzaren arloren bateko edozein eremuri atxikitako programa arautuak aurkezten dituzten proiektuak, zentro publikoetako zein pribatuetakoak izan.

17. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunak.

Laguntza hauek eskatu ahal izateko, 3. artikuluko baldintzez gain, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

– Bizilekua edo egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duen pertsona fisiko edo juridiko-pribatua izatea.

– Deialdi hau argitara eman aurretik, jarduera ekonomikoen gaineko zergaren baitako antzerki-jarduerei dagokien epigrafean alta emanda egotea eta pertsona juridikoa izanez gero, antzerki-jarduerak gauzatzearekin bat datorren xede edo helburu soziala edukitzea.

18. artikulua.– Modalitateak eta baliabide ekonomikoak.

1.– Diru-laguntza hauen gehienezko zenbateko orokorra 88.000 eurokoa da eta era honetan banatuko da kapitulu honetako bi azpi-modalitateen artean:

a) 83.000 euro antzerkiko profesionalen prestakuntza integrala lortzera zuzendutako ikastaroak antolatzeko.

b) 5.000 euro antzerkiko profesionalen prestakuntzarekin lotutako arlo zehatzetako prestakuntza jarduerak antolatzeko.

2.– Proiektu-proposamenik ez dagoelako edo proiektuek gutxieneko kalitatea ez dutelako azpi-modalitateetako bati dagokion zuzkidura agortzen ez bada, Balorazio Batzordeak gainerako kopurua beste azpi-modalitateetako proiektuetara bideratuko du.

3.– Administrazio publiko desberdinetatik jasotako guztizko gehienezkoak ezin gaindituko du honako kapituluan aurreikusitako edozein laguntza-motarako eskatutako jardueraren kostuaren % 70, ezein kasutan.

19. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskatzaileari dagokion dokumentazioa:

a) Pertsona fisikoa izanez gero:

– Eskaera sinatu duenaren identitatea egiaztatzeko agiriak.

b) Pertsona juridikoa izanez gero:

Administrazio honetako erregistroetan dauden erakundeak:

– Eskabidean adieraziko dute zein erregistrotan dauden eta ez dute erregistro horren agiririk aurkeztu beharko.

Beste administrazioetako erregistroetan dauden erakundeak egiaztatu beharko dute bere nortasun juridikoari dagokion legezko eraketa, ordezkaria den pertsonaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritzako ahalmena honako dokumentazio honen bitartez:

– Sortze-eskritura eta estatutuak eta dagozkion erregistro publikoetan izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiria.

– Identifikazio Fiskalaren Zenbakiaren txartela.

– Pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritzako ahalmenaren egiaztagiriak.

c) Pertsona fisikoen zein juridikoen kasuan, euskadi.eus eskuragarri dagoen eredua erabilita erantzukizunpeko adierazpena, zeinaren bidez jakinaraziko baitute aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta unekoan agindu honen lehen xedapen gehigarrian deskribatzen den minimis erregimenari lotutako beste laguntzarik jaso duten ala ez, eta, baiezkoan, haien jatorria, helburua eta zenbatekoa zehaztuta.

2.– Proiektuari dagokion dokumentazioa. Dokumentazio hau formatu elektronikoan aurkeztu beharko da:

a) Aurkeztutako proiektuaren memoria zehaztuarekin batera, euskadi.eus webgunean aurkituko duzun inprimakia behar bezala beteta.

b) 2016-2017 ikasturtean zehar garatutako prestakuntza-formazioaren memoria.

c) Proiektuaren sarreren eta gastuen aurrekontu banakatu eta zehaztua, euskadi.eus webgunean aurkituko duzun inprimakia erabiliz.

d) Eskaera baloratzeko aurkeztu nahi diren agiri gehigarriak.

3.– Aurkeztuko diren dokumentu elektronikoak, erabilitako bidea (presentziala edo elektronikoa) edonolakoa dela ere, ondorengo ezaugarriak izan beharko dituzte:

a) Deskargatzeko ereduak erabiliko dira holakoak daudenean. Bestelako kasuetan, ahal bada dokumentazioa PDF formatuan aurkeztuko da.

b) Dokumentazio elektroniko guztiaren gehienezko tamaina 30 Mb izango da.

c) Bideoak web helbide baten bidez aurkeztu ahal izango dira.

20. artikulua.– Hautapena eta kuantifikazioa egiteko irizpideak.

1.– Diru-laguntzei buruzko ebazpen-proposamena egiteko eta horien zenbatekoa finkatzeko orduan, Balorazio Batzordeak ondorengo ataletan ezarritako irizpideak erabiliko ditu:

2.– Antzerkiko profesionalen prestakuntza integrala lortzera zuzendutako programei diru-laguntzak emateko irizpideak:

a) Irakasle-taldearen ibilbide profesionala eta era honetako programak egiten entitate eskatzaileak duen esperientzia (irizpide honek guztizko puntuazioaren % 35 balioko du).

b) Arte dramatikorako indarrean dauden arauek ezartzen dutenarekiko zentroaren egokitasuna (instalazioak, curriculum-a, irakasle-taldea) (Guztizko puntuazioaren % 25. Gehienezko puntuazioa arte dramatikoko titulazio ofiziala lortzeko Hezkuntzari buruzkoa den maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako xedapenetan ezarritakoa betetzen duten zentroek izango dute).

c) Euskararen erabilera. Prestakuntza-programak lurralde historiko bakoitzeko egoera soziolinguistikoarekiko duten egokitasuna baloratuko da (% 20).

d) Proposatutako proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa, bereziki aurrekontuaren egokitasunari eta enpresa-baliabideei begiratuko zaie (% 20).

3.– Antzerkiko profesionalen prestakuntzarekin lotutako arlo zehatzetako prestakuntza jarduerentzako diru-laguntzak emateko irizpideak:

a) Baloratu behar den programaren interes artistikoa eta kalitatea. Irizpide honek guztizko puntuazioaren % 35eko balioa izango du.

b) Irakasle-taldearen ibilbide profesionala eta era honetako programak egiten entitate eskatzaileak duen esperientzia (% 25).

c) Proposatutako proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa, bereziki aurrekontuaren egokitasunari eta enpresa-baliabideei begiratuko zaie (% 20).

d) Euskararen erabilera. Prestakuntza-programak lurralde historiko bakoitzeko egoera soziolinguistikoarekiko duten egokitasuna baloratuko da (% 20).

4.– Baztertu egingo dira eta ez dira aukeraketaren baitan sartuko gutxienez balorazio-baremoaren % 50 lortzen ez duten proiektuak.

5.– Proiektu bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa proportzionala erabiliko da. Alegia, diru-kopuru osoa proportzionalki banatuko da, balorazio-fasean eskabideek ezarri diren irizpideak aplikatuta lortu duten puntuazioari jarraituz.

21. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa: aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Diru-laguntza jasotzen duten pertsona/entitate onuradunek, 13. artikuluan ezarritako epean, honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

a) Lagundutako jarduerari buruzko txosten zehatza, exekuzioa, betetze-maila eta ebaluazioa azaltzen dituena.

b) Diruz lagundutako jardueraren behin betiko exekuzio-aurrekontua (gastuak eta diru-sarrerak), ahalik eta zehatzena, erantzukizunpeko aitorpen bidez, Euskadi.eus webgunean horretarako dagoen inprimakia erabiliz.

Diru-sarreren atalean honako datu hauek, besteak beste, zehaztu beharko dira:

– Entitate onuradunaren behin betiko ekarpena.

– Beste administrazio edo entitateen ekarpenak, publikoenak eta pribatuenak. Entitate onuradunak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandakoaz gain bestelako diru-laguntzarik jaso ezik, hori horrela dela adierazten duen zinpeko aitorpena ere aurkeztu beharko da.

– Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako diru-laguntza.

c) Diruz lagundutako programa edo jarduera gauzatzeak sorturiko gastuak justifikatzen duten dokumentu guztien zerrenda, Euskadi.eus webgunean horretarako dagoen inprimakia erabiliz. Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagokion zenbateko kengarria ezingo da egindako gastutzat hartu.

d) Emandako diru-laguntzaren adinako gastuak, gutxienez, justifikatzen dituzten egiaztagiri eta fakturak (jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak).

Hala ere, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak artikulu honetako lehenengo paragrafoan ezarritako epearen barruan hala eskatzen badu, pertsona onuradunek konpromisoa hartuko dute aurkeztutako aurrekontu osoa justifikatuko duten egiaztagiriak Zuzendaritzaren eskura uzteko.

e) Katalogo, iragarpen-kartel, argazki eta gainerako material grafiko edo soinuzkoaren hizkuntz bertsio desberdinen aleak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa espresuki adierazita dutelarik.

22. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Agindu honetan ezarritako ondorioetarako, honako gastuak lagun daitezke diruz: diruz lagundutako jarduera motari erantzuten diotenak, baldin eta ezinbestekoak badira eta oinarri arautzailea hauetan eta laguntzak emateko ebazpenean ezarritako epearen barruan burutzen badira. Diruz lagun daitezkeen gastuen kontua ez da izango, sekula ere, merkatuan duten baliotik gorakoa.

2.– Edozein kasutan, agindu honen harira diru-laguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan esandakoarekin bat datozenak.

3.– Ezin izango da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartu BEZaren zenbateko kengarria, erakunde eskatzaileak zerga horren aitorpena egin beharra duenean. Halako kasuetan egotzi ahal izango den gastu kopurua, justifikazio-agirien zerga oinarriari dagokiena izango da.

23. artikulua.– Azpikontratazioa.

1.– Onuradunak hirugarren batzuekin azpikontratatzen duen jarduera, diruz lagundutako jardueraren % 50era iritsi ahal izango da, azpikontratu guztien prezioak batuta.

2.– Kontzeptu honetatik kanpo geratzen dira onuradunak prestakuntza-jarduera emateko irakasleak kontratatzea eta diru-laguntza jaso duen jarduera bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.

3.– Edozein kasutan, onuradunei eta kontratistei diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritako muga eta betebeharrak aplikatuko zaie.

III. KAPITULUA
DANTZAKO PROFESIONALEN PRESTAKUNTZA

24. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen arloak.

1.– Modalitate hau 2018an egiten diren dantzako profesionalentzako etengabeko prestakuntza eta laguntzako jardueretara zuzenduta dago.

2.– Modalitate honetan kontuan hartuko diren jarduera zehatzak honako hauek izango dira:

a) Dantzako profesionalei espresuki zuzendutako etengabeko prestakuntzarako ikastaro edo tailerrak.

b) Ekoizpen eta sorkuntza profesionala laguntzeko jarduerak, adibidez, arte-egoitzak, laguntza administratiboa, teknikoa edo zabalkunderako laguntza. Honelako jarduerek gutxienez bi konpainia profesionali zerbitzua eman eta haien abala izan beharko dute.

3.– Jarduera hauek ez dira diruz lagunduko:

– Dantzaren praktika edo formakuntza aisia jarduera gisa.

– Berez aurre-profesionalak diren ikastaroak, arautuak izan ala ez.

Bi kasuotan, ikastaroen maila, estiloa edo formatua gorabehera.

25. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunak.

Laguntza hauek eskatu ahal izateko, 3. artikuluko baldintzez gain, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

– Bizilekua edo egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duen pertsona fisiko edo juridiko-pribatua izatea.

– Deialdi hau argitara eman aurretik, jarduera ekonomikoen gaineko zergaren baitako antzerki-jarduerei dagokien epigrafean alta emanda egotea eta pertsona juridikoa izanez gero, dantza-jarduerak gauzatzearekin bat datorren xede edo helburu soziala edukitzea.

26. artikulua.– Modalitateak eta baliabide ekonomikoak.

1.– Diru-laguntza hauen gehienezko zenbateko orokorra 70.000 eurokoa da.

2.– Onuradun batek jaso dezakeen gehienezko diru-laguntza 20.000 eurokoa izango da.

27. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskatzaileari dagokion dokumentazioa:

a) Pertsona fisikoa izanez gero:

– Eskaera sinatu duenaren identitatea egiaztatzeko agiriak.

b) Pertsona juridikoa izanez gero:

Administrazio honetako erregistroetan dauden erakundeak:

– Eskabidean adieraziko dute zein erregistrotan dauden eta ez dute erregistro horren agiririk aurkeztu beharko.

Beste administrazioetako erregistroetan dauden erakundeak egiaztatu beharko dute bere nortasun juridikoari dagokion legezko eraketa, ordezkaria den pertsonaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritzako ahalmena honako dokumentazio honen bitartez:

– Sortze-eskritura eta estatutuak eta dagozkion erregistro publikoetan izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiria.

– Identifikazio Fiskalaren Zenbakiaren txartela.

– Pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritzako ahalmenaren egiaztagiriak.

c) Pertsona fisikoen zein juridikoen kasuan, euskadi.eus eskuragarri dagoen eredua erabilita erantzukizunpeko adierazpena, zeinaren bidez jakinaraziko baitute aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta unekoan agindu honen lehen xedapen gehigarrian deskribatzen den minimis erregimenari lotutako beste laguntzarik jaso duten ala ez, eta, baiezkoan, haien jatorria, helburua eta zenbatekoa zehaztuta.

2.– Proiektuari dagokion dokumentazioa. Dokumentazio hau formatu elektronikoan aurkeztu beharko da:

– Proiektuaren memoria.

– Aktibitate bakoitzak duen arduradunaren ibilbidearen memoria.

– Diru-laguntza eskatzen duen pertsona/entitatearen ibilbidearen memoria.

– Formularioak: 1.– Eskaeraren laburpena; 2.– Aurrekontua; 3.– Beste diru-laguntzen aitorpena.

– Hala badagokio, proiektuaren aldeko artisten edo konpainien abal sinatua.

3.– Aurkeztuko diren dokumentu elektronikoak, erabilitako bidea (presentziala edo elektronikoa) edonolakoa dela ere, ondorengo ezaugarriak izan beharko dituzte:

a) Deskargatzeko ereduak erabiliko dira holakoak daudenean. Bestelako kasuetan, ahal bada dokumentazioa PDF formatuan aurkeztuko da.

b) Dokumentazio elektroniko guztiaren gehienezko tamaina 30 Mb izango da.

c) Bideoak web helbide baten bidez aurkeztu ahal izango dira.

28. artikulua.– Hautapena eta kuantifikazioa egiteko irizpideak.

1.– Diru-laguntzei buruzko ebazpen-proposamena egiteko Balorazio Batzordeak ondorengo irizpideak erabiliko ditu:

a) Aktibitateen interesa eta egokitasuna Euskadiko dantzako profesionalei begira. (25 puntu gehienez).

b) Aktibitateen arduradunek duten ibilbidea (15 puntu gehienez).

c) Programaren zehaztasuna: xedeak, metodologia eta organizazioa (15 puntu gehienez).

d) Aktibitatearen aurrekontu- eta finantza-planteamendua (15 puntu gehienez).

e) Emakumearen parte hartzea aktibitateen arduradunen artean (5 puntu gehienez).

f) Euskararen erabilera ikastaroetan, materialetan eta dagokion zerbitzuetan (10 puntu gehienez).

g) Entitate eskatzailearen profila eta ibilbidea, betiere kontuan hartuta aurkeztutako proiektuaren tipologia (15 puntu gehienez).

2.– Baztertu egingo dira eta ez dira aukeraketaren baitan sartuko gutxienez balorazio-baremoaren % 50 lortzen ez duten proiektuak.

3.– Proiektu bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa proportzionala erabiliko da. Alegia, diru-kopuru osoa proportzionalki banatuko da, balorazio-fasean eskabideek ezarri diren irizpideak aplikatuta lortu duten puntuazioari jarraituz.

29. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa: aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Diru-laguntza jasotzen duten pertsona/entitate onuradunek, 13. artikuluan ezarritako epean, honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

a) Lagundutako jarduerari buruzko txosten zehatza, exekuzioa, betetze-maila eta ebaluazioa azaltzen dituena.

b) Diruz lagundutako jardueraren behin betiko exekuzio-aurrekontua (gastuak eta diru-sarrerak), ahalik eta zehatzena, erantzukizunpeko aitorpen bidez, Euskadi.eus webgunean horretarako dagoen inprimakia erabiliz.

Diru-sarreren atalean honako datu hauek, besteak beste, zehaztu beharko dira:

– Entitate onuradunaren behin betiko ekarpena.

– Beste administrazio edo entitateen ekarpenak, publikoenak eta pribatuenak. Entitate onuradunak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandakoaz gain bestelako diru-laguntzarik jaso ezik, hori horrela dela adierazten duen zinpeko aitorpena ere aurkeztu beharko da.

– Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako diru-laguntza.

c) Diruz lagundutako programa edo jarduera gauzatzeak sorturiko gastuak justifikatzen duten dokumentu guztien zerrenda, Euskadi.eus webgunean horretarako dagoen inprimakia erabiliz. Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagokion zenbateko kengarria ezingo da egindako gastutzat hartu.

d) Emandako diru-laguntzaren adinako gastuak, gutxienez, justifikatzen dituzten egiaztagiri eta fakturak (jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak).

Hala ere, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak artikulu honetako lehenengo paragrafoan ezarritako epearen barruan hala eskatzen badu, pertsona onuradunek konpromisoa hartuko dute aurkeztutako aurrekontu osoa justifikatuko duten egiaztagiriak Zuzendaritzaren eskura uzteko.

e) Katalogo, iragarpen-kartel, argazki eta gainerako material grafiko edo soinuzkoaren hizkuntz bertsio desberdinen aleak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa espresuki adierazita dutelarik.

30. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Agindu honetan ezarritako ondorioetarako, honako gastuak lagun daitezke diruz: diruz lagundutako jarduera motari erantzuten diotenak, baldin eta ezinbestekoak badira eta oinarri arautzailea hauetan eta laguntzak emateko ebazpenean ezarritako epearen barruan burutzen badira. Diruz lagun daitezkeen gastuen kontua ez da izango, sekula ere, merkatuan duten baliotik gorakoa.

2.– Edozein kasutan, agindu honen harira diru-laguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan esandakoarekin bat datozenak.

3.– Ezin izango da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartu BEZaren zenbateko kengarria, erakunde eskatzaileak zerga horren aitorpena egin beharra duenean. Halako kasuetan egotzi ahal izango den gastu kopurua, justifikazio-agirien zerga oinarriari dagokiena izango da.

31. artikulua.– Azpikontratazioa.

1.– Onuradunak hirugarren batzuekin azpikontratatzen duen jarduera, diruz lagundutako jardueraren % 50era iritsi ahal izango da, azpikontratu guztien prezioak batuta.

2.– Kontzeptu honetatik kanpo geratzen dira onuradunak prestakuntza-jarduera emateko irakasleak kontratatzea eta diru-laguntza jaso duen jarduera bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.

3.– Edozein kasutan, onuradunei eta kontratistei diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritako muga eta betebeharrak aplikatuko zaie.

IV. KAPITULUA
EAEKO ANTZOKIETAN EGOITZA-PROIEKTUAK

32. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen arloak.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko konpainia egoiliarren eta udal titulartasun publikoa duten harrerako gune eszenikoen arteko lankidetza-programak 2018. urtean garatzeko zuzenduta daude.

2.– Lankidetza programa hauek jarraian aipatzen diren baldintzak bete behar dituzte:

a) Proiektua bururatzeko behar diren instalazio administratiboak, gune eszenikoa, makineria eta material eszenikoa eta zerbitzu profesionalak erabiltzeko lagatzea, aurrez hitzartutako baldintzen arabera.

b) Ekoitzitako ikuskizunaren emanaldia(k) edo ekoizpena egitea harrerako antzokian.

c) Bere ingurune hurbilean antzerkia sustatzeko programa bat aurkeztea (sentsibilizazioa, ikusleria sustatzea, prestakuntza, dinamizatzea...), proposatzen diren helburu, jarduerak eta egutegia zehatz-mehatz azalduko dituena.

33. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Agindu honetan 3. artikuluan ezartzen diren bestelako eskakizunez gain, diru-laguntza hauek eskatu ditzaketen udalek edo beren udal-erakunde autonomoek, tokiko enpresa-entitate publikoek eta tokiko merkataritza-sozietateek, sozietatearen kapitala titulartasun publikokoa bada, nahitaezkoa izango dute, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, honako baldintza hauek betetzen dituen ekipamendu eszeniko egonkor baten titular izatea:

a) Programatzen diren ikuskizunetarako indarreko legediak eskatzen dituen segurtasun-neurri guztiak betetzea, bai eta erantzukizun zibileko aseguru bat izatea ere.

b) Arte eszenikoen programazio egonkor profesionala eskaintzeko behar diren baliabide ekonomikoak, teknikoak eta giza baliabideak edukitzea.

c) Konpainia profesional bat izatea barnean, zeinarekin gutxienez 32.2. artikuluan aipaturiko puntuak jasoko dituen lankidetza-programa bat sinatu baita.

34. artikulua.– Diru-baliabideak eta laguntza hauen muga.

1.– Diru-laguntza hauetarako, guztira, 80.000 euro erabiliko dira.

2.– Proiektu bakoitzari emandako diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa 25.000 eurokoa izango da, betiere proiektu horren gastu osoa gainditu gabe.

35. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Erakunde eskatzailearen legezko ordezkariaren nortasun-datuen egiaztagiria.

b) Aurreko urteetan entitate eskatzaileak eta konpainia egoiliarrak elkarrekin, edo horietako bakoitzak beste entitate batzuekin, egindako antzeko egoitza-programen edo lankidetza-programen memoria.

c) Aurkeztutako proiektuari buruzko txosten zehatza.

d) Proiektuaren diru-sarrerei eta gastuei buruzko aurrekontu zehatza eta banakatua, euskadi.eus webgunean aurkituko duzun inprimakia erabiliz.

e) Eskaera baloratzeko aurkeztu nahi diren agiri gehigarriak.

2.– Aurkeztuko diren dokumentu elektronikoak ondorengo ezaugarriak izan beharko dituzte:

a) Deskargatzeko ereduak erabiliko dira holakoak daudenean. Bestelako kasuetan, ahal bada dokumentazioa PDF formatuan aurkeztuko da.

b) Bideoak web helbide baten bidez aurkeztu ahal izango dira.

36. artikulua.– Hautapena eta kuantifikazioa egiteko irizpideak.

Diru-laguntzei buruzko ebazpen-proposamena egiteko Balorazio Batzordeak ondorengo irizpideak erabiliko ditu:

a) Aurkeztutako proiektuaren garrantzia eta interesa. Irizpide hau erabiltzerakoan proiektua bere osotasunean hartuko da eta honako alderdi hauek baloratuko dira, besteak beste: erabiliko diren baliabideak, proposatutako jarduerak edo jarduera horien jasotzaileak nor diren (puntuazio osoaren % 50).

b) Arte eszenikoak sustatzeko helburuarekin (zabalkundea, sentsibilizazioa, prestakuntza, ikusleria sustatzea...) entitate eskatzaileak edo konpainia egoiliarrak aurreko urtaldietan egindako lankidetza-programak, erakusketa soiletik harago. Kontuan hartuko dira bai entitate eskatzaileak eta konpainia egoiliarrak elkarrekin egindako programak, bai horietako bakoitzak beste entitate batzuekin egindakoak ere (puntuazio osoaren % 25).

c) Aurkeztutako proiektuari entitate eskatzaileak egiten dion diru-ekarpena (puntuazio osoaren % 25).

2.– Baztertu egingo dira eta ez dira aukeraketaren baitan sartuko gutxienez balorazio-baremoaren % 50 lortzen ez duten proiektuak.

3.– Proiektu bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa proportzionala erabiliko da. Alegia, diru-kopuru osoa proportzionalki banatuko da, balorazio-fasean eskabideek ezarri diren irizpideak aplikatuta lortu duten puntuazioari jarraituz.

37. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa: aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Diru-laguntza jasotzen duten entitate onuradunek, 13. artikuluan ezarritako epean, honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

a) Lagundutako jarduerari buruzko txosten zehatza, exekuzioa, betetze-maila eta ebaluazioa azaltzen dituena.

b) Diruz lagundutako jardueraren behin betiko exekuzio-aurrekontua (gastuak eta diru-sarrerak), ahalik eta zehatzena, erantzukizunpeko aitorpen bidez, euskadi.eus webgunean horretarako dagoen inprimakia erabiliz.

Diru-sarreren atalean honako datu hauek, besteak beste, zehaztu beharko dira:

– Entitate onuradunaren behin betiko ekarpena.

– Beste administrazio edo entitateen ekarpenak, publikoenak eta pribatuenak. Entitate onuradunak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandakoaz gain bestelako diru-laguntzarik jaso ezik, hori horrela dela adierazten duen zinpeko aitorpena ere aurkeztu beharko da.

– Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako diru-laguntza.

c) Diruz lagundutako programa edo jarduera gauzatzeak sorturiko gastuak justifikatzen duten dokumentu guztien zerrenda, euskadi.eus webgunean horretarako dagoen inprimakia erabiliz. Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagokion zenbateko kengarria ezingo da egindako gastutzat hartu.

d) Emandako diru-laguntzaren adinako gastuak, gutxienez, justifikatzen dituzten egiaztagiri eta fakturak (jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak).

Hala ere, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak artikulu honetako lehenengo paragrafoan ezarritako epearen barruan hala eskatzen badu, pertsona onuradunek konpromisoa hartuko dute aurkeztutako aurrekontu osoa justifikatuko duten egiaztagiriak Zuzendaritzaren eskura uzteko.

e) Katalogo, iragarpen-kartel, argazki eta gainerako material grafiko edo soinuzkoaren hizkuntz bertsio desberdinen aleak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa espresuki adierazita dutelarik.

38. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Agindu honetan ezarritako ondorioetarako, honako gastu hauek lagun daitezke diruz: diruz lagundutako jarduera motari erantzuten diotenak, baldin eta ezinbestekoak badira eta oinarri arautzailea hauetan eta laguntzak emateko ebazpenean ezarritako epearen barruan burutzen badira. Diruz lagun daitezkeen gastuen kontua ez da izango, sekula ere, merkatuan duten baliotik gorakoa.

2.– Edozein kasutan, agindu honen harira diru-laguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan esandakoarekin bat datozenak.

3.– Ezin izango da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartu BEZaren zenbateko kengarria, erakunde eskatzaileak zerga horren aitorpena egin beharra duenean. Halako kasuetan egotzi ahal izango den gastu kopurua, justifikazio-agirien zerga oinarriari dagokiena izango da.

4.– Gune eszenikoa programatzearen ondoriozko gastuek ez dute diru-laguntzarik jasoko.

5.– Proiektuari egotzitako erakunde onuraduneko langileen kostua ezingo du kostu osoaren % 30 gainditu.

Proiektuan parte hartzen duten berezko langileen kostua erabakitzeko, kasu bakoitzean orduaren kostua kalkulatuko da eta aurkeztutako proiektuari eskainitako ordu kopuruari dagokion zatia egotziko zaio.

39. artikulua.– Azpikontratazioa.

1.– Onuradunak hirugarren batzuekin azpikontratatzen duen jarduera, diruz lagundutako jardueraren % 50era iritsi ahal izango da, azpikontratu guztien prezioak batuta.

2.– Kontzeptu honetatik kanpo geratzen dira onuradunak diru-laguntza jaso duen jarduera bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa. Tailerrak edo antzeko prestakuntza saioak sartuz gero prestakuntza-jarduera emateko irakasleak kontratatzea ere kanpoan geratzen da.

3.– Edozein kasutan, onuradunei eta kontratistei diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritako muga eta betebeharrak aplikatuko zaie.

V. KAPITULUA
KALEKO ARTE ESZENIKOEN IKUSKIZUNEN PROGRAMA

40. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen arloak.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak 2018. urtean aire zabaleko gune publikoetan euskal konpainiek egiten dituzten arte eszenikoen ikuskizunen (teatroa, dantza eta zirkua) programen garapenera zuzenduta daude.

2.– Ondoren aipatzen diren baldintzak betetzen dituzten programazioetarako dira laguntza hauek:

a) Biztanleria-tarte bakoitzerako ezarritako gutxieneko teatro, dantza edota zirku ikuskizunak programatuko dira:

– 20.000 biztanletik gorako herrietan: bost ikuskizun.

– 20.000tik 10.001era biztanleko herrietan: lau ikuskizun.

– 10.000tik 5.001era biztanleko herrietan: hiru ikuskizun.

– 5.000tik 1.001era biztanleko herrietan: bi ikuskizun.

– 1.000 biztanletik beherako herrietan: ikuskizun bat.

b) Ikuskizunak Euskadiko Autonomia Erkidegoan helbidea edo sozietate-egoitza duten konpainia profesionalen eskutik eskainiko dira. Prozedura ezberdinetan eskatutako gutxieneko ikuskizunak betetzeko xedearekin, Euskal Autonomia Erkidekotik kanpoko konpainien ikuskizunak aurkeztu daitezke.

c) Berariaz aire zabaleko gune publikoetan erakusteko moduko diseinua duten ikuskizunak soilik onartuko dira.

d) Ezingo da sarrerarik kobratu ikuskizuna ikusi ahal izateko.

e) Zaindariaren jaietan programatutako ikuskizunak jaso daitezke. Gehienez ere bi.

3.– Baztertu egingo dira:

a) ekitaldi tradizionalekin loturiko emanaldiak.

b) beste herri batzuetan antzeztuak izateko diseinatuta ez dauden ikuskizunak.

c) Soilik musikalak diren ikuskizunak.

41. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Agindu honetan 3. artikuluan ezartzen diren bestelako eskakizunez gain, diru-laguntza hauek eskatu ahal izango dute, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean honako baldintza hauek betetzen dituzten udalek edo beren udal-erakunde autonomoek, tokiko enpresa-entitate publikoek eta tokiko merkataritza-sozietateek, sozietatearen kapitala titulartasun publikokoa bada:

a) Antzezleku egokiak izatea, seinaleztatuak eta mugatuak, indarreko legediak eskatzen dituen segurtasun-neurri guztiak beteko dituztenak, bai eta programatzen diren ikuskizunetarako erantzukizun zibileko asegurua eta artisten gela eta aldagela moduan erabiltzeko moduko lokalak ere.

b) Programaren alderdi tekniko guztiak koordinatuko dituen pertsona arduradun bat izatea.

42. artikulua.– Diru-baliabideak eta laguntza hauen muga.

1.– Diru-laguntza horietarako, guztira, 125.000 euro erabiliko dira.

2.– Diru-kopuru hori honela banatuko da, deialdiak hartzen dituen bost prozeduren artean:

a) 35.000 euro, kale-antzerkiko programazioak 20.000 biztanletik gorako herrietan antolatzeko.

b) 30.000 euro, kale-antzerkiko programazioak 20.000tik 10.001era biztanleko herrietan antolatzeko.

c) 20.000 euro, kale-antzerkiko programazioak 10.000tik 5.001era biztanleko herrietan antolatzeko.

d) 35.000 euro, kale-antzerkiko programazioak 5.000tik 1.001era biztanleko herrietan antolatzeko.

e) 5.000 euro, kale-antzerkiko programazioak 1.000 biztanletik beherako herrietan antolatzeko.

3.– Prozedura bakoitzean adierazitako zuzkidura dena dela ere, eskabiderik ez dagoelako edo eskakizunak betetzen ez dituztelako prozeduretako batean ezarritako diru-kopurua agortzen ez bada, beste prozeduretako diru-laguntzaren zenbatekoa handituko da.

4.– Horrelako kasurik gertatzen bada, biztanle gutxien dituzten udalerriak jasotzen dituen prozeduran hasiko da diru-zuzkiduraren handitzea.

43. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Erakunde eskatzailearen legezko ordezkariaren nortasun-datuen egiaztagiria.

b) Aurkeztutako proiektuaren memoria, euskadi.eus webgunean aurkituko duzun inprimakia behar bezala beteta barne.

44. artikulua.– Hautapena egiteko irizpideak.

1.– Diru-laguntzak lehiaketa bidez esleituko dira eta, horrela, 40.2 artikuluan ezarritako prozedura bakoitzean aurkeztutako eskaera guztiak alderatu egingo dira, hurrenkera jakin batean jartzeko, eskabidean aurkeztutako ikuskizunen kontratazio kostua kontuan harturik.

2.– Behin eskabideak prozedura bakoitzean ordenatu egin direnean, laguntzak horrela esleituko dira:

a) Lehen fase batean esleituko dira aurkeztutako programako lehenengo hiru ikuskizunei dagozkien laguntzak, harik eta, hala gertatzen bada, prozedura bakoitzaren zuzkidura agortzen den arte. Ikuskizunen hautaketa aurkezpen-hurrenkeraren arabera egingo da.

b) Lehen fase horretan deialdiaren zuzkidura agortuko ez balitz, gainditu ahal izango da hiru ikuskizunen muga, puntuazio altuena jaso duen eskabidetik hasita laugarren ikuskizunari dagokion diru-laguntza banatuz eta horrela gainerakoak, deialdiaren zuzkidura agortu arte.

45. artikulua.– Diru-laguntzak kuantifikatzeko irizpideak eta mugak.

1.– Emanaldi bakoitzari dagokion diru-laguntza kalkulatzeko, kontuan hartuko dira aurkeztutako kaxetak (BEZa barne). Kontratatuak eskainitako emanaldiagatik jasotzen duen kontraprestazio ekonomikoari deitzen zaio kaxeta.

a) 2.000 eurotik beherako ordainsaria duten ikuskizunen emanaldien laguntza: ordainsariaren % 35.

b) 2.000 eta 3.500 euro bitarteko ordainsaria duten ikuskizunen emanaldien laguntza: ordainsariaren % 40.

c) 3.500 eurotik gorako ordainsaria duten ikuskizunen emanaldien laguntza: ordainsariaren % 45.

2.– Ez dira muga hauek gaindituko:

a) Ikuskizun bakoitzari ematen zaion laguntza ez da inoiz 3.000 euro baino handiagoa izango.

b) Onuradun bakoitzari ematen zaion laguntza ez da inoiz 10.000 euro baino handiagoa izango.

c) Ikuskizun beraren emanaldi bat baino gehiago egiten badira, horietako bat bakarrik lagunduko da diruz.

46. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa: aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Diru-laguntza jasotzen duten entitate onuradunek, 13. artikuluan ezarritako epean, honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

a) Diru-laguntza eskuratzeko eskabide-orriarekin batera aurkeztutako jardueraren gaineko memoria, ahalik eta zehatzena, non haren exekuzioa, betetze-maila eta ebaluazioa ere jaso behar baitira.

b) Diruz lagundutako programaren barruan egindako emanaldi guztien kontratuak. Kontratu hauek kontratatutako erakundeak hartzen dituen legezko, lan arloko eta zerga betebeharrak jaso beharko dute.

c) Diruz lagundutako programaren barruan egindako emanaldi guztien fakturak.

d) Katalogo, egitarau, iragarpen-kartel, argazki eta gainerako material grafiko edo soinuzkoaren hizkuntz bertsio desberdinetako aleak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa espresuki adierazita dutelarik.

VI. KAPITULUA
SAREA DANTZA ZIRKUITUA

47. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen arloak.

Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak 2018. urtean SAREA dantza-zirkuitua garatzera zuzenduta daude.

48. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunak.

Agindu honetan 3. artikuluan ezartzen diren bestelako eskakizunez gain, diru-laguntza hauek eskatu ditzakete SAREAren antzokien programazioetan ikuskizunen bat emanez parte hartzen duten dantza-konpainiek. Ikuskizunak Eusko Jaurlaritzak bultzatutako dantza-zirkuituan sartutako antzokietan eman behar dira, betiere. Gainera, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

– Bizilekua edo egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duen pertsona fisiko edo juridiko-pribatua izatea.

– Deialdi hau argitara eman aurretik, jarduera ekonomikoen gaineko zergaren baitako antzerki-jarduerei dagokien epigrafean alta emanda egotea eta pertsona juridikoa izanez gero, dantza-jarduerak gauzatzearekin bat datorren xede edo helburu soziala edukitzea.

Dantza-zirkuituaren antzokien zerrenda osoa eranskinean dago jasota.

49. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Diru-laguntza hauetarako, guztira, 150.000 euro erabiliko dira.

50. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskatzaileari buruzko agiriak.

a) Pertsona fisikoen kasuan:

– Eskabidea izenpetzen duen pertsonaren identitatea egiaztatzeko agiria.

b) Pertsona juridikoen kasuan:

– Pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren identitatea egiaztatzeko agiria, bai eta haren ordezkaritza-ahalordea egiaztatzeko agiria ere.

– Identifikazio fiskalaren zenbakiaren txartela.

2.– Proiektuari buruzko dokumentazioa.

a) euskadi.eus-en eskuragarri dagoen inprimakia, aurkeztutako emanaldiei buruzko datuak behar bezala adierazita.

b) Dantza-zirkuituko antzokiak kudeatzen dituen erakundeetakoren batekin kontratatutako emanaldien kostua egiaztatzeko, kontratuak, aurrekontratuak, hitzezko kontratuak edo zuzenbidean balioa duen beste edozein betebehar-dokumentu aurkeztu behar da.

51. artikulua.– Laguntzak kuantifikatzeko eta mugatzeko irizpideak.

1.– Emanaldi bakoitzari dagokion diru-laguntza kalkulatzeko, aurkeztutako programan bildutako ikuskizunen kaxeten gainean honako ehuneko hauek aplikatuko dira, BEZa barne. Kontratatuak eskainitako emanaldiagatik jasotzen duen kontraprestazio ekonomikoari deitzen zaio kaxeta:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko konpainiak: gehienez, ordainsariaren % 55; nolanahi ere, emanaldi bakoitzeko ez dira 2.500 euro baino gehiago emango.

b) Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko konpainiak: gehienez, ordainsariaren % 40, betiere dantza-zirkuituan egindako emanaldi-kopuruaren arabera; nolanahi ere, emanaldi bakoitzeko ez dira 3.000 euro baino gehiago emango.

– Zirkuituan, emanaldi bakarra: ordainsariaren % 30.

– Zirkuituan, bi emanaldi: ordainsariaren % 35.

– Zirkuituan, hiru emanaldi edo gehiago: ordainsariaren % 40.

2.– Jasotako eskabideei aurreko atalean ezarritako zenbatekoetan erantzuteko diru-ahalmenik ez bada, laguntzak hainbanatuko dira, aurreko paragrafoan ezarritako irizpideen arabera eskabide bakoitzari dagokion diru-laguntza oinarri hartuta.

52. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa: aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Diru-laguntza jasotzen duten entitate onuradunek, 13. artikuluan ezarritako epean, honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

a) Diruz lagundutako programaren barruan egindako emanaldi guztien kontratuak. Kontratu hauek kontratatutako erakundeak hartzen dituen legezko, lan arloko eta zerga betebeharrak jaso beharko dute.

b) Diruz lagundutako programaren barruan egindako emanaldi guztien fakturak.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetako II. eta III. kapituluetan jasotako laguntzek honako hau bete beharko dute: 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 Erregelamendua, Itunaren 107. eta 108. artikuluak «minimis» laguntzei aplikatzeari buruzkoa (DOUE, L 352/1, 2013-12-24). Laguntza horiek minimis gisa sailkatzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko bati emandako laguntza guztizkoak ez du gainditzen 200.000 euroko zenbatekoa, hiru ekitaldi fiskaleko ezein alditan. Uste da ezen muga horretatik behera laguntzek ez diotela eragiten merkataritzari eta ez dutela lehia faltsutzen; hortaz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107.1 artikuluaren aplikazio eremuan.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetako IV, V. eta VI. kapituluetan jasotako laguntzek ez dituzte Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluaren 1. atalean ezarritako baldintza guztiak betetzen. Horregatik ez da beharrezkoa Europako Batzordeari jakinaraztea, ez baitira Estatuko laguntzak.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Interesdunek eskabideetan emandako datuak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren titulartasuneko fitxategi batean sartuko dira, hala ezarritako baitago Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan. Fitxategiak «Kultura sortzeko eta hedatzeko laguntzak eta diru-laguntzak» du izena, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko abenduaren 2ko Aginduaren bidez araututa dago eta haren xedea da laguntza-espedienteak kudeatzea. Datuak Babesteko Euskal Bulegoari lehendik eman zaio fitxategi horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko beharrezko diren segurtasun-neurriak ditu; datu horiek ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legez agindutako kasuetan izan ezik.

Izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko araudiarekin bat etorriz, datuok eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta datuoi aurka egiteko eskubideez baliatu ahalko da Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzaren aurrean. Horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak ere aztertu eta egiaztatu ahalko ditu emandako datuak, laguntzak zuzen esleitzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, bere aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hileko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko urtarrilaren 17a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala