Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

19. zk., 2018ko urtarrilaren 26a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
447

AGINDUA, 2018ko urtarrilaren 18koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez hauteskundeak iragartzen baitira «Arabako Txakolina/ Txakoli de Álava/ Chacolí de Álava» Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzaileko bokalak hautatzeko.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako sailburuaren 2008ko ekainaren 17ko Aginduaren bidez, «Arabako Txakolina/ Txakoli de Álava/ Chacolí de Álava» Jatorri Deituraren Arautegia aldatu zen, eta haren testu bategina onartu. Bada, aipatutako lehenengo arautegi horretako 32.1 artikuluan, «Arabako Txakolina/ Txakoli de Álava/ Chacolí de Álava» Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzailearen osaera ezartzen da: lehendakaria; lehendakariordea; bi bokal mahats-ekoizleen sektorearen ordezkaritzan, zeinak «Arabako Txakolina/Txakoli de Álava/ Chacolí de Álava» egiteko mahatsa hornitzen duten mahastizainen artetik hautatuko baitira, dagokion erregistroan inskribatuak izango direnak; eta bi bokal elaboratzaileen sektorearen ordezkaritzan, zeinak upeltegi-jabeek haien artean hautatuko baitituzte, dagokion erregistroan inskribatuak izango direnak.

Artikulu beraren 3. zenbakian zehazten denez, Kontseilu Arautzaileko hautetsiak lau urtetik behin berrituko dira, eta lehengoak berriz hautatu ahal izango dira. Bokal hautetsien agintaldia bukatuta dagoenez, haien agintaldia luzatzen da bokal berriak hautatu arte, eta hauteskundeak deitu eta arautu behar dira.

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen bidez, «Arabako Txakolina/Txakoli de Álava/Chacolí de Álava» Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzaileko bokalak hautatzeko prozedura ezartzen da, eta hartarako deia egiten. Bokal horiek Jatorri Deituraren Arautegiaren 32. artikuluko 1. zenbakiko c) eta d) letretan aipatutako sektoreen ordezkariak izango dira: bi mahats-ekoizleen sektorearenak eta beste bi elaboratzaileen sektorearenak, alegia.

2. artikulua.– Hauteskunde-egutegia.

1.– Egutegia I. eranskinean ageri den hauteskunde-prozesura doituko da.

2.– Hauteskunde-egutegian finkatutako egunen bat larunbata, igandea edo jaieguna bada, hurrengo egun balioduna prestatuko da horretarako.

3.– Hauteskunde-egutegia egitean, abuztua baliogabe deklaratuko da.

3. artikulua.– Hauteskunde Batzordea.

1.– «Arabako Txakolina/Txakoli de Álava/Chacolí de Álava» Jatorri Deituraren Hauteskunde Batzordea sortzen da.

2.– Hau izango da Hauteskunde Batzordearen osaera (egoitza: Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritza, Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz 01010):

Lehendakaria: Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak izendatuko du.

Lehendakariordea: Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Sailaren titularrak izendatuko du.

Bokalak:

– (1) Aholkulari juridiko bat, Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak izendatua; batzordeko idazkari-lanak egingo ditu.

– (1) Jatorri Deituraren lurralde-eremuan ezarritako izaera sindikala duten nekazaritzako erakunde profesional bakoitzaren ordezkari bat, akordio bidez izendatua nekazaritzako erakunde profesional horiek.

Hauteskunde Batzordea eratzeko I. eranskinean ezarritakoaren arabera ezarritako eguna baino lehen hitzartu beharko da akordio hori. Ordurako, izendapen-akordiorik ez badago, berriz, Batzordea eratzeko egunean egingo da izendapena.

(1) «Arabako Txakolina/Txakoli de Álava/Chacolí de Álava» Jatorri Deituraren idazkari-gerentearen egitekoak beteko dituen pertsona bat.

3.– Hona hemen Hauteskunde Batzordearen egitekoak:

a) Jatorri Deituraren erregistroetan inskribaturiko hautesleen erroldak argitaratzea, eta 7. artikuluan horretarako zehaztuko diren tokietan ikusgai jartzea.

b) Aipatutako zerrendei buruzko erreklamazioak lehenengo auzialdian ebaztea, eta erabaki horien aurka aurkezten diren errekurtsoen berri ematea Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, zuzendaritza horrek ebazpena eman dezan.

c) Behin betiko erroldak onestea.

d) Bokal izateko hautagaien aurkezpen-paperak jasotzea.

e) Hautagaiak aldarrikatzea.

f) Hauteskunde Mahaia eratzea.

g) Bozketak zaintzea.

h) Bokal hautetsiak aldarrikatzea.

i) Hauteskunde-prozesua bermatzea Kontseilu Arautzaileko lehendakariaren eta lehendakariordearen egitekoak egingo dituztenak proposatu arte.

4.– Agiriak zaintzea eta erabakiak betetzea izango da idazkariaren egitekoa.

II. KAPITULUA
HAUTESLE-ERROLDAK ETA HORIEK IKUSGAI JARTZEA

4. artikulua.– Erroldak prestatzea.

1.– Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzaileak prestatuko ditu hautesle-erroldak eta/edo -azpierroldak, Jatorri Deituraren Arautegiaren 15. artikuluan jasotako erregistroetan inskribaturik dauden pertsonak aintzat hartuz, eta, betiere, agindu hau indarrean jartzen den unean; honela:

A) Ekoizleen erroldan, bi (2) azpierrolda ezarri dira:

A.1: agindu honen egunean inskribatuta dauden 5 hektarea mahasti arteko ekoizleen azpierrolda, zeinak hautatuko baitu bokala izango den pertsona bat.

A.2: agindu honen egunean inskribatuta dauden 5 hektarea mahasti baino gehiagoko ekoizleen azpierrolda, zeinak hautatuko baitu bokala izango den pertsona bat.

B) Elaboratzaileen eta botilatzaileen erroldan, bi (2) azpierrolda ezarri dira:

B.1: 50.000 litro arteko elaboratzaileen eta botilatzaileen azpierrolda, 2016-2017 kanpainarako aurreikusitako elaborazioaren eta/edo botilatzearen arabera, zeinak hautatuko baitu bokal bat.

B.2: 50.000 litro baino gehiagoko elaboratzaileen eta botilatzaileen azpierrolda, 2016-2017 kanpainarako aurreikusitako elaborazioaren eta/edo botilatzearen arabera, zeinak hautatuko baitu bokal bat.

2.– Jatorri Deitura Kalifikatuaren Erregelamendua eta Kontseilu Arautzailearen 32.1.c) eta d) artikuluan ezarritako bokal-kopurua egokituko zaio errolda bakoitzari, ekoizlea eta elaboratzailea.

5. artikulua.– Eskakizunak.

1.– Hautesleen erroldetan egon ahal izateko, beharrezkoa izango da:

a) Agindu honek ondorioak sortzen dituen egunean, Kontseilu Arautzailearen erregistroetan inskribaturik egotea.

b) Jatorri Deituraren Erregelamenduak arautzen dituen arloetan arau-hauste larriak egiteagatik zehapenik jaso ez izana agindu hau argitaratu aurreko urtean.

c) Eskubide zibilez baliatzeko desgaiturik ez egotea.

d) Egunean izatea Jatorri Deiturari dagozkion kuotak eta gainerako betebeharrak.

2.– Eskubidearen pertsona titulartzat joko da Kontseilu Arautzailearen Erregistroetan jasota dagoena.

6. artikulua.– Erroldak prestatzea.

Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak ezarritako ereduaren arabera egingo dira hautesle-erroldak. Errolda horietan, ordena alfabetikoaren arabera azalduko dira titularrak udalerri bakoitzean.

7. artikulua.– Erroldak ikusgai jartzea.

1.– Kontseilua Arautzaileak Hauteskunde Batzordeari bidaliko dizkio hautesle-erroldak, ikusgai jartzeko behar den beste ale bidali ere. Hauteskunde Batzordeak, bestalde, bidezkotzat jotzen dituen egiaztapenak egin ondoren, hautesle-erroldak bideratuko ditu, betiere, Batzordeko idazkariaren izenpearekin eta lehendakariaren oniritziarekin. Orobat, Batzordeak erroldak ikusgai jarriko ditu Kontseilu Arautzailearen egoitzan, Arabako Nekazaritzako Eskualde Bulegoetan eta Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzan.

2.– Errolden gaineko erreklamazioak eta errekurtsoak I. eranskineko egutegira doituko dira.

3.– Ekoizleen sektorearen (mahastien erregistroa) eta elaboratzaileen sektorearen (upeltegi elaboratzaileak eta botilatzaileak) erroldetan aldi berean inskribatuta dauden titularrek bi erroldetarako botoa eman ahal izango dute.

III. KAPITULUA
KONTSEILU ARAUTZAILEKO BOKAL IZATEKO HAUTAGAI-ZERRENDAK AURKEZTEA: HAUTAGAIAK ALDARRIKATZEA ETA FORMA

8. artikulua.– Hautagai-zerrenden eskakizunak.

1.– Errolda/azpierrolda bakoitzaren bokal ordezkari izateko pertsonak hautatzeko, errolda/azpierrolda bakoitzean daudenak izango dira hautagai.

2.– Bokalak eta ordezkoak hautatzeko hautagai-zerrendak irekiak izango dira errolda/azpierrolda bakoitzean.

3.– Hauteskunde Batzordeari aurkeztu behar zaizkio talde bakoitza ordezkatu behar duten bokalak aukeratzeko hautagai-zerrendak. Horretarako, aldarrikatze-eskabidea aurkeztu behar da, I. eranskinean zehaztutako epean.

4.– Inork, ez norberaren izenean ez besteren baten izenean, ezingo du bokal-kargu bat baino gehiago izan Kontseiluan.

9. artikulua.– Hautagai-zerrendak proposatzea.

1.– Nekazaritzako erakundeek, profesionalen elkarteek eta erakunde independenteek aurkeztu ahal izango dituzte hautagai-zerrendak, baina, dena delako errolda edo azpierroldako hautesleen ehuneko hogeiko (% 20) abala gutxienez beharko dute.

2.– Ezein nekazaritza erakunde profesionalek ezin izango du hautagai-zerrenda bat baino gehiago aurkeztu errolda edo azpierrolda bakoitzeko. Hautagai-zerrendak aurkeztean, ezin izango da erabili alderdi politikoen ikur edo bereizgarririk.

3.– Baldin eta nekazaritzako erakunde profesional bat beste handiago batean sarturik badago, ezin izango du hautagai-zerrendarik aurkeztu, handiago horrek aurkeztuz gero.

4.– Nekazaritzako erakundeek hautagai-zerrendarik aurkeztuz gero, haien estatutuen arabera ordezkari direnek izenpetu beharko dituzte zerrendok. Gainerako hautagai-zerrenden kasuan, sustatzaileek aurkeztu beharko dituzte.

5.– Zerrendak hautesleek aurkeztuz gero, izenpetzaileen nortasuna egiaztatu beharko da Hauteskunde Batzordearen aurrean, eta, orduan, proposatutakoak eta atxikimendua adierazi dutenak azaldu beharreko erroldetan azaltzen diren egiaztatuko du Batzordeak.

6.– Hauteskunde Batzordeari aurkeztuko zaizkio zerrendok, honako datu hauek argi azalduta:

a) Proposamena egiten duen erakundearen edo elkartearen izena eta hautagai-zerrendarena.

b) Sartutako hautagaien izen-abizenak.

c) Zerrenda bakoitzeko hautagaien eta ordezkoen hurrenkera.

Hauteskunde Batzordeko idazkariak zerrenda zein egunetan eta zein ordutan aurkeztu den jasoko du eginbidean.

7.– Proposatutako hautagaiek hautagarri izateko baldintzak bete behar dituzte, eta, horrez gain, hautagai-zerrenda onartzen dutelako adierazpena izenpetu behar dute, zeina zerrendarekin batera aurkeztu behar baita.

8.– Hauteskunde Batzordeak hautagai-zerrendak onartzeko, ezinbestekoa da zerrenda bakoitzak ordezkari bat izendatzea, jakinarazpenak berari bidaltzeko. Ordezkari horrek ez du zertan hautagai izan. Zerrenda aurkezten denean, ordezkariaren helbidea adieraziko zaio Hauteskunde Batzordeko idazkariari, aurrerantzean jakinarazpenak ordezkari horri bidaltzeko.

10. artikulua.– Hautagaiak aldarrikatzea.

1.– Agindu honen I. eranskinean jasotakoaren arabera, hautagaiak aurkezteko epea bukatzean, hautagaiak irmoak izango dira, eta Batzar Orokorrak aldarrikatuko ditu. Orobat, Batzarrak bazter utziko ditu, ofizioz edo salaketa bidez, hautagarritasun-eskakizunak edo aurkezteko eta aldarrikatzeko eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituzten hautagaiak.

2.– Hautagaiak aldarrikatzean, Hauteskunde Batzordeak ikusgai jarriko ditu 7.1 artikuluan hautesle-erroldak ikusgai jartzeko adierazitako tokietan.

3.– Hautagaiak aldarrikatu eta ikusgai jarri ondoren, haren aurkako errekurtsoak aurkeztu ahal izango zaizkio Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, I. eranskinean ezarritako epeen arabera, betiere.

4.– Erroldaren edo azpierroldaren batean hautagai-zerrenda bakarra aurkezten bada, Hauteskunde Batzordeak –aurreko paragrafoan aipatutako errekurtsoak ebatzitakoan, halakorik egonez gero– zerrenda horretako hautagaiak aldarrikatuko ditu bokal eta ordezko, eta bozketarik egin gabe esleituko dizkie bokal-karguak. Eta kasu guztietan hori bera gertatuz gero, hauteskunde-prozesuak aurrera egingo du: aldarrikatutako hautagaiak karguez jabetuko dira, eta lehendakaria eta lehendakariordea hautatuko dituzte, horretarako zehaztuko den egunean.

IV. KAPITULUA
HAUTESKUNDE MAHAIAREN ERAKETA, BOZKETA ETA BOTO-ZENBAKETA

11. artikulua.– Hauteskunde Mahaia.

1.– Hauek dira Hauteskunde Mahaiaren egitekoak: bozketaren buru jardutea, botoak zenbatzea eta bozketaren garbitasuna zaintzea.

2.– Hauteskunde Batzordeak izendatutako lehendakari batek (1) eta bi ondokok (2) osatuko dute Hauteskunde Mahaia. Karguok hautesleen artetik zozketaren bidez hautatuko dira agindu honetako I. eranskinean azaltzen den egunean. Jardunbide bera erabiliz, lehendakariaren eta mahaikideen bina ordezko izendatuko dira.

Bokal izateko hautagaiak eta horien ordezkoak ezin izango dira Hauteskunde Mahaiko parte izan.

3.– Hautagai-zerrendek ikuskatzaileak izendatu ahal izango dituzte Hauteskunde Batzordearen aurrean, bozketa eta boto-zenbaketa ikus ditzaten, eta Hauteskunde Mahaian parte hartuko dute. Ikuskatzaile horiek hautesle-erroldan egon behar dira, eta ezingo dira hautagai izan.

12. artikulua.– Hauteskunde Mahaia eratzea.

1.– Nahitaezkoa da Hauteskunde Mahaiko kide izatea. Izendapena egin ondoren, interesdunei jakinaraziko zaie, eta horiek, izendapena ez onartzeko arrazoirik izanez gero, delako arrazoi hori azaldu eta agiri bidez frogatu behar izango dute I. eranskinean ezarritako epean. Hauteskunde Batzordeak ebatziko du, eta ezin izango da errekurtsorik aurkeztu.

2.– Mahaian egotea galarazten duen arrazoia geroago sortzen bada, berehala ohartaraziko da, eta beti Mahaia eratu baino lehenago. Kasu horietan, Batzordeak berehala emango du ebazpena.

3.– Mahaia osatzeko behar diren kide guztiak agertzen ez badira, agertutako kideren batek hala jakinaraziko dio Hauteskunde Batzordeari; Batzordeak, jarraian, hauteskundeak eta boto-zenbaketa ondo egiteko pertsona egokiak askatasunez izendatu ahal izango ditu.

13. artikulua.– Hauteskunde Mahaia eratzea.

1.– Bozketa-egunean, lehendakaria, ondokoak eta ordezkoak 09:00etan bilduko dira Kontseilu Arautzailearen egoitzan, bozketa egingo den tokian, alegia.

2.– Lehendakaria azaltzen ez bada, lehenengo ordezkoak ordeztuko du, eta, hori ere azaltzen ez bada, bigarren ordezkoak. Eta hori ere ez bada azaltzen, lehenengo ondokoak eta bigarren ondokoak, ordena horretan. Ordezkoek hartutako dituzte lehendakaritza duten ondokoen edo azaltzen ez direnen lekuak.

3.– Hauteskunde Mahaia ezingo da inola ere eratu, lehendakaria eta bi ondoko han ez badaude.

4.– 09:30ean, Hauteskunde Mahaiaren eraketa-akta egingo du lehendakariak, eta berak, ondokoek eta, halakorik balego, ikuskatzaileek izenpetuko dute.

5.– Aktan honako hauek jasoko dira, ezinbestean: Hauteskunde Mahaia osatzen duten pertsonak, ikuskatzaileen zerrenda (halakorik balego), eta ze hautagai-zerrenda ordezkatzen duten.

6.– Mahaiko lehendakariak, bozketa egiten den lekuan, aginte-ahalmen osoa izango du ordena zaintzeko, hautesleen askatasuna bermatzeko eta legea betetzen dela ziurtatzeko.

14. artikulua.– Dokumentazioa.

1.– Hauek dira Hauteskunde Mahaiak bete behar dituen eta Hauteskunde Batzordeari bidali behar dion dokumentazioa:

– Mahaia eratzeko akta.

– Ikuskatzaileen zerrenda.

– Boto-zenbaketaren akta.

2.– Zerrenden ordezkariek, hautagai-zerrendetako kideek edo mahaiko ikuskatzaileek eskatuz gero, Hauteskunde Mahaiak boto-zenbaketaren aktaren ziurtagiriak egingo ditu.

3.– Hauteskunde Batzordeak boto-paperak eta gutun-azalak emango dizkio Hauteskunde Mahaiari, lehendakariak izenpetutako jaso-agiriaren truke. Halaber, hautagai-zerrenden ordezkariei emango zaizkie, dagozkien erroldetan inskribatutako hautesleen kopuru proportzionalarekin bat etorriaz.

4.– Boto-paperak eta gutun-azalak Hauteskunde Batzordeak zehaztutako koloreetan egingo dira, eta horien ezaugarriak II. eranskinean adierazita daude.

15. artikulua.– Bozketa.

1.– Mahaia eratzeko akta eginda, 10:00etatik 15:00etara arte bozkatu ahal izango dute.

2.– Ezinbesteko arrazoia beharko da bozketa ez hasteko, edo, hasita badago, bertan behera uzteko. Horren erantzulea mahaiko lehendakaria izango da, zeinak, idazki arrazoitu baten bidez, horri buruzko ebazpena emango baitu. Idazki hori berehala bidaliko zaio Hauteskunde Batzordeari, azaldutako arrazoiak azter ditzan eta, bidezkoa bada, erantzukizunak eska ditzan. Idazkiaren kopia Mahaiko lehendakariaren esku geratuko da.

3.– Bozketa bertan behera geratuz gero, ordura arte emandako botoak ez dira kontutan hartuko, ezta zenbatuko ere. Lehendakariak hautestontzietako boto-paperak suntsitzeko aginduko du, eta horrela jasoko da aurreko paragrafoan aipaturiko idazkian.

4.– Botoa emateko eskubidea egiaztatzeko, beharrezkoa da hauteslea erroldako zerrenda ziurtatuan inskribaturik egon dadin eta bere nortasuna agiriaren edo pasaportearen bidez froga dezan.

5.– Mahastien Erroldan (ekoizleak), agindu honen egunean Jatorri Deituraren erregistroetan jasota dauden 0,0703 hektarea mahastiko unitateak beste bozka dagozkio inskribatutako pertsona bakoitzari, ez da biribiltzerik egingo.

6.– Elaboratzaileen eta Botilatzaileen Erroldan, bozka bat dagokio inskribatutako pertsona bakoitzari.

7.– Ez bozketa-tokian, ez inguruetan, ezin izango da inolako propagandarik egin inolako hautagai-zerrendaren alde.

8.– Bozketa egiten den lekuan, Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzailearen egoitzan, bi hautestontzi jarriko dira: bat, Mahastien Erregistroaren Erroldan inskribatutako pertsonen botoak jasotzeko, eta, bestea, Upeltegi Elaboratzaileen eta Botilatzaileen Erregistroan inskribatutako pertsonen botoak jasotzeko.

9.– Bozketa pertsonala eta isilpekoa izango da, eta mahaiburuak emango dio hasiera, honako hau esanda: «Bozketa hasten da». Hautesleak banan-banan inguratuko dira mahaira, eta ondokoek eta ikuskatzaileek hautesle-erroldak aztertu eta boto-emailearen izena han ageri dela eta, bere nortasuna benetakoa dela egiaztatu ondoren, botoa ematera joan dela idatziko dute. Ondoren, hautesleak eskutik eskura emango dio botoa lehendakariari, gutun-azal batean sartuta. Lehendakariak, hauteslearen izena ahoskatutakoan, «botoa ematen du» esan, eta hautestontzian sartuko du boto-papera.

10.– 15:00etan, mahaiburuak bozketa bukatzeko dagoela iragarriko du, eta ez dio inori bozketa-tokira sartzen utziko. Bozketa-tokian hauteslerik geratuz gero, lehendakariak galdetuko du ea baten bat botoa eman gabe dagoen, eta, horrela izanez gero, bozketa-tokiaren barruan dauden horien botoak onartuko ditu.

Ondoren, mahaikideek eta kontu-hartzaileek –halakorik balego– emango dute botoa, eta haiek guztiek izenpetuko dituzte aktak.

11.– Mahaiko lehendakariak jasotako boto-paperen kopuruak, gutxien-gutxienez, hautesle-kopurua halako bi izan behar du.

12.– Kontseilu Arautzailearen barruko errolda bakoitzari bokal-kopuru jakin bat dagokio, eta, gehienez ere, beste horrenbeste hautagairi eman ahal izango zaio botoa eredu ofizialeko boto-paperen bidez. Hortaz, hortik gorako boto-kopurua dakarten boto-paperak baliorik gabe utziko dira.

16. artikulua.– Zenbaketa.

1.– Bozketa bukatutakoan, mahaiko lehendakariak bozketa itxita dagoela adieraziko du, eta botoak zenbatzeari ekingo zaio. Horretarako, banan-banan aterako dira boto-paperak hautestontzietatik, eta ozenki irakurriko dira hautatutako hautagaien izenak. Lehendakariak boto-paperak irakurriko dizkie ondokoei eta ikuskatzaileei; jarraian, boto-paperak erakutsiko dizkie; eta, azkenean, egiaztatuko da boto-paperen kopurua eta zenbatutako hautesleena bat ote datozen.

2.– Hauek izango dira boto baliogabeak:

a) Ofiziala ez den boto-paperean emandako botoa.

b) Edozein arrazoi dela-eta, hautatutako hautagaia argi zehazten ez dutenak, edo erroldari dagokion bokal-kopurutik gorako boto-kopurua dakartenak.

3.– Ezein hautagairen aldeko aukerarik adierazten ez duten boto-paperak hartuko dira boto zuritzat.

4.– Goiko jarraibideen arabera botoak zenbatuta, lehendakariak galdetuko du proposamenik dagoen boto-zenbaketaren aurka. Proposamenik egiten ez bada, edo egindakoak mahaiko kideen gehiengoz ebatzi ondoren, lehendakariak ozenki adieraziko du bozketaren emaitza: boto-emaileen kopurua, boto-paper baliodunena, baliogabeko boto-paperena, boto zuriena eta hautagai bakoitzak lortutako botoena.

5.– Bertaratutako guztien aurrean apurtuko dira hautestontzietatik ateratako boto-paperak. Hala ere, baliogabeko bototzat jotakoak edo erreklamazioren bat izan dutenak gorde egingo dira, beti ere mahaiko kide guztiek izenpetuta eta bozketako aktari erantsita.

6.– Zeregin guztiak amaituta, lehendakariak, ondokoek eta ikuskatzaileek (halakorik balego) bozketako akta izenpetuko dute. Akta horretan, honako hauek zehaztu beharko dira: erroldaren araberako hautesle-kopurua, botoa eman duten hautesle-kopurua, boto-paper baliodunena, boto-paper baliogabeena, boto-paper zuriena eta aldarrikatutako hautagai bakoitzak lortutako botoena. Horrekin guztiarekin batera, honako hauek azalduko dira laburki: egindako erreklamazioak edo kexak, Mahaiak emandako ebazpenak eta gertatutako gorabeherak (halakorik balego), gorabehera horiek sorrarazi dituztenen izen-abizenak adierazita, betiere (III. eranskina, boto-zenbaketako akta-eredua).

7.– Jarraian, emaitzen ziurtagiria egingo da eta bozketa egin den egoitzako leku ageri batean jarriko da. Boto-zenbaketako jatorrizko akta Hauteskunde Batzordeari igorriko zaio, baita bozketaren eraketako akta, eta baliogabeko boto-paperak eta erreklamazioa izan dutenak ere.

V. KAPITULUA
BOKAL HAUTETSI TITULARRAK ETA ORDEZKOAK ALDARRIKATZEA, ETA KONTSEILU ARAUTZAILEKO LEHENDAKARIA ETA LEHENDAKARIORDEA HAUTATZEKO PROZEDURA

17. artikulua.– Bokal hautetsi titularrak eta ordezkoak aldarrikatzea.

1.– Hauteskunde Mahaiaren hauteskunde-aktak jasota, Hauteskunde Batzordeak bokal-karguak esleituko ditu, honako irizpide hauen arabera:

a) Errolda edo azpierrolda bakoitzean boto gehien lortu dituzten hautagaiei esleituko zaizkie bokal-karguak, eta ordezkoen postuak, berriz, boto-paperetan ordezko agertzen direnei.

b) Berdinketarik egonez gero, zozketaren bidez egingo da hautatutako karguen esleipena.

2.– Karguak esleitu ondoren, Hauteskunde Batzordeak Kontseilu Arautzaileko bokal hautetsiak aldarrikatuko ditu lehendakariaren bidez, hargatik eragotzi gabe 10.4 artikuluan xedatutakoa.

3.– Aldarrikatutako bokalen aurkako errekurtsoak I. eranskineko egutegiari egokituko zaizkio.

4.– Kideak aldarrikatutakoan, kide hautetsiei behar diren agiriak bidaliko zaizkie, I. eranskinean ezarritako dataren arabera.

18. artikulua.– Kontseilu Arautzaileko lehendakaria eta lehendakariordea hautatzeko prozedura.

1.– Hauteskunde-egutegian zehaztutako egunean (I. eranskina), Kontseilu Arautzaileak osoko bilkura egingo du. Bilkura horretan, bokal hautetsiak karguaz jabetuko dira, eta hala egingo dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren aldetik Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko titularrak zein Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak izendatutakoek ere.

2.– Jarraian, eta saio berean, lehendakaria eta lehendakariordea hautatuko dituzte bokalek, osoko bilkurako bokal hautatuen bi hereneko gehiengoarekin. Lehendakari kargua hautatutako bokal bati edo beste pertsona bati egokitu ahal izango zaio. Halere, lehendakariordea Kontseilu Arautzaileko bokal izan ahal izango da. Bi hautaketak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari jakinaraziko zaizkio, izendapena egin dezan. Hautagaiek lortutako botoak jasoko dira.

3.– Karguetako bat bokalen artetik hautatuz gero, ez da bokalaren tokia beteko, parekidetasuna ez galtzeko. Kasu horretan, gainera, lehendakariak kalitateko botoa galduko du.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Jatorri Deituraren egungo Kontseilu Arautzailearen gobernu-organoen agintaldia luzatzen da, eta hauteskunde-deialdi honen arabera hautatutako bokal berriek karguak hartzean amaituko dituzte gobernu-organo horiek haien egitekoak.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Arau hau ezartzean zalantzarik sortuz gero, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren arabera ebatziko da.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Baldin eta, bokalen agintaldiko lau urteetan zehar, arau honetan xedatu legez hautatutako pertsonaren batek ordezkatzen duen enpresarekiko lotura hausten badu edo hautagai proposatu duen erakundekoa izateari uzten badio, orduan baja hartuko du bokal moduan, eta dagokion ordezkoak hartuko du bere tokia. Irizpide bera erabiliko da baldin eta bokalen bat a) bere egitekoetatik baztertzen badu Kontseilu Arautzaileak agintaldian zehar, jatorri-deituren arloko arau-hauste larria egin duelako, dela berak zuzenean, dela bera partaide den izen edo sinadura sozialak, edo b) agintaldian zehar hiltzen bada edo berak ordezkatutako izen edo sinadura soziala desagertzen bada.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren administrazioarekiko auzietako salan bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko urtarrilaren 18a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala