Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

176. zk., 2017ko irailaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

DATUAK BABESTEKO EUSKAL BULEGOA
4451

EBAZPENA, 2017ko irailaren 6koa, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendariarena, Datuak Babesteko Sarien V. edizioaren deialdia egiten duena.

Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren nahia da, urtero egin ohi duen Datuak Babesteko Sarien deialdiaren bidez, ohorezko aipamena egitea, datu babesaren eta pribatutasunaren kulturaren zabalkundearen, ikerketaren eta ezagutzaren esparruan eta datu-babesa gizartean hedatzeko egindako lanagatik nabarmendu diren pertsona fisiko edo juridiko, publiko edo pribatuei eta erakundeei.

Datuak Babesteko Euskal Bulegoak, bere jarduera esparrua aintzat hartuta, uste du euskal administrazio eta erakunde publikoek ere merezi dutela aintzatespena, bertako datu tratamenduetan hobekuntzak sustatzeko burutu dituzten proiektuengatik.

Horregatik, eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeak ezartzen dizkion egitekoak gauzatzeko, Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariak honako hau

EBAZTEN DU:

Lehenengoa.– Datu Pertsonalak Babesteko Sarien V. ediziorako deialdia egitea.

Bigarrena.– Deialdia arautuko duten oinarri hauek onartzea.

1. oinarria.– Xedea eta helburua.

Datuak Babesteko Euskal Bulegoak Datuak Babesteko Sarien V. ediziorako deialdia egin du, pribatutasuna babesteko eta haren ezagutzan sakontzeko arloan eta datu pertsonalak babesteko oinarrizko eskubidea hedatzeko arloan egindako lanik garrantzitsuenak goraipatzeko.

Deialdi honen helburua da saritzea oinarrizko eskubide honi loturik izan duten sentikortasunagatik nabarmendu diren pertsona fisikoak edo juridikoak, erakunde publikoak edo pribatuak, eta euskal administrazio eta erakunde publikoak.

2. oinarria.– Sariak.

Sariek honako kategoriak dituzte:

– Datu Babesaren Arloko Ibilbide Profesionalaren Saria.

– Datu Babesaren Ikerkuntza Arloko Saria.

– Datu Babesaren Komunikazio eta Zabalkundearen Arloko Saria.

– Datu Babesaren Arloko Jardunbide Onenen Saria.

Kategoria bakoitzeko sari bakarra emango da. Hala ere, aurkeztutako lanen, baliabideen edo proiektuen kalitatea kontuan hartuta, sariaz gain akzesita ere eman ahal izango da.

Sariak eta, hala badagokio, akzesitak, honako hauek izango dira: jendaurreko gorazarrea, egiaztagiria eta ohorezko saria.

Sariak eman gabe utzi ahal izango dira, epaimahaiaren ustez, aurkeztutako lanek, baliabideek edo proiektuek gutxieneko kalitate mailarik ez badute.

Epaimahaikideek eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoko langileek ezin izango dute sarien deialdian parte hartu.

3. oinarria.– Datu Babesaren Arloko Ibilbide Profesionalaren Saria.

Sari honen xedea da goraipatzea euren lanbidean datu pertsonalak babesteko oinarrizko eskubidea sustatzen eta babesten nabarmendu diren pertsonek egindako lana.

Datuak Babesteko Euskal Bulegoko gobernu-organoetako kideek proposatuko dituzte hautagaiak.

Ezin izango dute sari hau jaso aurreko deialdiren batean sari hau berau jaso dutenek.

4. oinarria.– Datu Babesaren Ikerkuntza Arloko Saria.

Helburua da saritzea pertsonen pribatutasunerako eskubidea aztertzeko eta eskubide horrek gizartean, ekonomian, esparru juridikoan eta teknologikoan duen eragina ikertzeko jarduera zientifikoa eta ikerkuntza indibiduala nahiz kolektiboa.

Sari honetara aurkeztu ahal izango dira datu pertsonalen babesari buruzko lan zientifikoak edo ikerkuntza-lanak, doktoretza-tesiak, monografiak eta artikuluak, indibidualak nahiz kolektiboak, argitaratuak zein argitaragabeak.

Deialdi honetan aurkezteko, lanek ez dute kategoria berean saririk izan behar izan aurreko deialdietan.

Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dira lanak. Lanaren kopia bat edo erreferentzia aurkeztu beharko da formatu digitalean, eta, beharrezkoa bada, paperean ere bai, I. eranskineko eskabide-ereduarekin batera.

5. oinarria.– Datu Babesaren Komunikazio eta Zabalkundearen Arloko Saria.

Helburua da saritzea datu pertsonalak babesteko oinarrizko eskubidea sustatzen laguntzen duten profesionalen eta gizarte-komunikabideen lanak.

«Web sozialeko» bitarteko elektronikoak ere saritu ahal izango dira, baldin eta gai nagusia eta argitaratutako edukiak, edozein ikuspuntutatik begiratuta eta aztertuta, datu pertsonalak babesteari buruzkoak badira, eta oinarrizko eskubide hau zabaltzea eta hedatzea badute xede.

Saria eskuratzeko aukera izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan gizarte-komunikabideek argitaratutako edo hedatutako programek edo atal espezializatuek eta artikuluen edo berrien segidek, bai eta erreportajeek, monografikoek edo eduki bereziek ere.

Era berean, sari honetan lehiatu ahalko dute datu pertsonalen babesaren esparruan espezializatutako blog-egileek, wikiek, eztabaida-talde profesionalek edo bestelako baliabide elektroniko sozialek, baldin eta edukia euskaraz edo gaztelaniaz adierazita badago.

Deialdi honetan aurkezteko, lanek ez dute kategoria berean saririk izan behar izan aurreko deialdietan.

Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dira lanak. Lanaren kopia bat edo erreferentzia aurkeztu beharko da formatu digitalean, eta, beharrezkoa bada, paperean ere bai, II. eranskineko eskabide ereduarekin batera.

6. oinarria.– Datu Babesaren Arloko Jardunbide Onenen Saria.

Sari honen helburua da euskal administrazio publikoei, euren eginbehar publikoak gauzatzean, pribatutasunaren kudeaketa hobetzen laguntzen dieten antolaketa edo teknologia arloko edo beste arlo batzuetako proiektuak saritzea.

Sari honetan parte har dezakete datu-babesa hobetzeko proiektuak sustatzen dituzten euskal administrazio publikoek, eta, banaka edo taldean, halako proiektuak garatzen dituzten pertsona fisikoek edo juridikoek ere bai, administrazio sustatzailearen baimena izanik.

Honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

Proiektua azaltzen duen memoria eta egokitzat jotzen diren dokumentazioa eta materiala.

Proiektua ezarri bada, ezarpenaren gaineko txostena eta egungo egoera.

Ikus-entzunezko aurkezpen bat ere aurkeztu ahal izango da, gehienez ere 10 minutuko iraupenekoa.

Deialdi honetan aurkezteko, proiektuek ez dute kategoria berean sairik izan behar izan aurreko deialdietan.

Proiektuen gaineko dokumentazioa Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahal izango da. Lanaren kopia bat edo erreferentzia aurkeztu beharko da formatu digitalean, eta, beharrezkoa bada, paperean ere bai, III. eranskineko eskabide ereduarekin batera.

7. oinarria.– Eskabideak.

Aurkeztutako lanekin batera, jaso nahi den sariari dagokion eskabide-orria ere aurkeztu beharko da, eta I., II. eta III. eranskinetan daude, hurrenez hurren.

Eskabideak DBEBren Idazkaritza Nagusiari zuzendu beharko zaizkio, eta hemen aurkeztu ahal izango dira: DBEBren Erregistro Nagusia, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren Idazkaritza Nagusia, Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea 7, 3. solairua, 01008 Vitoria-Gasteiz; edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako moduren bat erabilita.

Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu eskatutako baldintzak betetzen, eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio, jakinarazpena jasotzen duenetik hasita, hutsa zuzentzeko eta nahitaezko agiriak aurkezteko. Era berean, adieraziko zaio aurkeztu ezean, eskaera bertan behera geratuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Eskabideak aurkezteko epea urriaren 2017ko azaroaren 30ean bukatuko da.

8. oinarria.– Epaimahaia.

Honako hauek osatutako epaimahaiak emango ditu sariak:

– Lehendakaria: Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendaria.

– Epaimahaikideak: Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren Kontseilu Aholku-emaileko kideak, Lege Aholkularitza eta Ikuskaritzaren arduraduna eta Fitxategien Erregistroaren eta Auditoria Zerbitzuaren arduraduna.

– Idazkaria izango da, hitzarekin, baina borotik gabe, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren idazkari nagusia.

9. oinarria.– Balorazioa.

Datu Babesaren Komunikazio eta Zabalkundearen Arloko Sarira aurkezten diren lanen balorazioa egiteko, epaimahaiak honako irizpideak erabiliko ditu:

– Fidagarria eta zuzena izatea zientifikoki, teknikoki eta juridikoki.

– Landutako gaien originaltasuna.

– Lanaren, hurbilketaren edo emaitzen berritasuna.

Ekarpenaren garrantzia datu pertsonalak babesteko esparruaren errealitatearen ezagutzari eta sakontzeari begira.

– Zenbateraino txertatzen den generoaren ikuspegia lanaren planteamenduan eta garapenean.

Datu Babesaren Arloko Jardunbide Onenen Saria honako irizpide hauen arabera ebaluatuko du epaimahaiak:

– Fidagarritasuna eta proiektuaren kalitate teknikoa.

– Zerbitzu publikoak ematean pribatutasunaren kudeaketa hobetzeko egindako ekarpena.

– Izaera berritzailea.

– Eragin soziala.

– Garapen maila.

– Zenbateraino txertatzen den generoaren ikuspegia lanaren planteamenduan eta garapenean.

Epaimahaiak deitu ahal izango die sarietara aurkeztu diren hautagaiei, lana, baliabidea edo proiektua zuzenean azaldu dezaten, eta, hartara, epaimahaiak hautagaitza ebaluatzeko behar diren azalpenak eta argibideak eskatu ahal izateko.

10. oinarria.– Ebazpena.

Balorazio-prozesua bukatu ondoren, epaimahaiak 2017ko abenduaren 31 baino lehen ebatziko ditu sariak.

Epaimahaiaren erabakia Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendariaren ebazpen baten bidez argitaratuko da. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren web-orrian argitaratuko da, eta hautagaiei jakinaraziko zaie.

Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da, eta ezin izango da errekurtsorik aurkeztu haren aurka.

11. oinarria.– Sari-ematea.

Sari-ematea, eta, halakorik badago, akzesitak ematea, Datuak Babesteko Europako Egunaren inguruan berariaz antolaturiko ekitaldi batean egingo da, eta behar adinako aurrerapenarekin jakinaraziko da Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren web-orrian (www.avpd.eus), eta sarituei ere esango zaie.

12. oinarria.– Datuen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 5. artikuluak xedatutakoa betetzeko, jakinarazi nahi dugu deialdia izapidetzeko behar diren datu pertsonalak «Prestakuntza, jarduera eta gertaeretara bertaratuak eta gonbidatuak» izeneko fitxategian jasoko ditugula eta sarien deialdi hau kudeatzeko eta izapidetzeko baino ez ditugula erabiliko, sarien oinarri arautzaileen arabera. Fitxategiaren organo arduraduna Datuak Babesteko Euskal Bulegoa da. Interesdunek Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren Idazkaritza Nagusira jo dezakete datuak atzitzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta datuen aurka egiteko eskubideez baliatzeko. Helbidea: Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea 71, 3.a, 01008 Vitoria-Gasteiz.

Hirugarrena.– Ebazpen hau argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren web-orrian.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 6a.

Zuzendaria,

MARGARITA URIA ETXEBARRIA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala