8. zk., 2017ko urtarrilaren 12a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (237 KB - 3 orri.)
- EPUB (195 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
IRAGARKIAK
Pribatuen iragarkiak
EMILIO SOLDEVILLA FUNDAZIOA
160
ERABAKIA, Enpresaren Ekonomiarekin zerikusia duten gaiei buruzko ikerketa-proiektuak egiteko laguntzak esleitzeari buruzkoa.
Enpresaren Ekonomiaren Ikerketa eta Garapenerako Fundación Emilio Soldevilla Fundazioaren Patronatuko Batzordearen 2015eko abenduaren 28ko Erabakia, zeinen bidez iragartzen baita Enpresaren Ekonomiarekin zerikusia duten gaiei buruzko ikerketa sustatzera bideratutako laguntzak esleitzeko merezimendu-lehiaketa; hona hemen
OINARRIAK
Lehenengoa.– Deialdi honen xedea da Enpresaren Ekonomiarekin zerikusia duten gaiei buruzko ikerketa-proiektuak egiteko laguntzak esleitzea.
Bigarrena.– Laguntzen esleipendunak Enpresaren Ekonomiaren alorreko ikerketa-proiektu bat egiten ari beharko dira, edo duela gutxi egin izana beharko dute.
Hirugarrena.– Deialdi honetan parte hartu ahal izateko derrigorrezkoak dira betekizun hauek.
a) Euskal Autonomia Erkidegoan izatea administrazio-egoitza edo erkidego horretan egitea bere lan-jarduera nagusia.
b) Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen unibertsitate publiko bateko sail edo institutu baten kide izatea.
c) Aurkeztu proiektuak erakunde publiko zein pribatuen finantzazioa lortu izana deialdi publikoetan eta lehiaketa bidezko deialdietan, baina finantzazio horren zenbatekoak ez aski izatea proiektua erdiesteko beharrezko gastu guztiak ordaintzeko.
d) Bestela, aurkeztutako proiektuak deialdi publikoren bateko lehiaketan aldeko balorazioa jaso arren, proiektu horretarako finantzazioa lortu ez izana, deialdi horretarako zeuden funtsak mugatuak izateagatik.
e) Bi urte baino gutxiago igaro izana proiektuari laguntza edo ebaluazio positiboa eman zitzaionetik deialdi publikoan, edo urtebete baino gutxiago jasotako azken finantzazioaren likidaziotik.
Laugarrena.– Hauek dira laguntza hauen onuradunen betebeharrak.
a) Diru-laguntzaren emakidaren oinarri den egoeran egotea.
b) Laguntza ematerakoan kontuan hartu diren eskakizunak eta baldintzak bete direla egiaztatzea diru-laguntza eman duen entitateari, bai eta jarduera burutu izana ere.
c) Erakunde esleitzaileak egingo duen egiaztatze-jarduna onartzea.
d) Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik jasotako laguntzen, diru-sarreren edo baliabideen berri ematea erakunde esleitzaileari.
e) Diru-laguntza emateko orduan kontuan hartu den edozein gorabehera objektibo nahiz subjektibo aldatu bada, horren berri ematea erakunde esleitzaileari.
f) Enpresaren Ekonomiaren Ikerketa eta Garapenerako Fundación Emilio Soldevilla fundazioak proiektua kofinantzatu duela aipatzea proiektuari buruzko txosten eta argitalpenetan.
g) Proiektuaren emaitzei buruzko eta proiektuaren ustiapenari eta zabalkundeari buruzko txosten bat aurkeztea Enpresaren Ekonomiaren Ikerketa eta Garapenerako Fundación Emilio Soldevilla fundazioari, fundazioak laguntza eman eta ondorengo hemezortzi hileetan.
h) Enpresaren Ekonomiaren Ikerketa eta Garapenerako Fundación Emilio Soldevilla fundazioak lagundutako proiektuari dagozkion gastu guztien egiaztagiriak aurkeztea.
Bosgarrena.– Gehienez hamabost mila (15.000) eurokoa izango da laguntzen zenbateko osoa, eta Patronatuak ezarritako irizpideen arabera banatuko da proiektu eskatzaileen artean.
Ikerketa-proiektuek, bakarka, bi mila eta bostehun (2.500) euroko laguntza lortuko dute, gehienez ere, kofinantzaketaren kasuan; gainontzeko kasuetan, berriz, bost mila (5.000) eurokoa, gehienez ere.
Gastua justifikatu eta gero ordainduko da laguntza, hiruhileko likidazioen bidez.
Seigarrena.– Proiektua gauzatzeko behar-beharrezko diren eta deialdi publikoetan edo beste finantzazio-iturri batzuetatik lortutako diru-laguntzak erabiliz ordaindu ezin izan diren gastuak bakarrik lagunduko dira diruz.
Ezin izango da diru-laguntzarik erabili proiektuaren ikertzaile titularren zuzeneko lansariak ordaintzeko; bai, ordea, bekadunen eta langile tekniko laguntzaileen lansariak ordaintzeko.
Zazpigarrena.– Diru-laguntza horrek ez dakar ezelako kontratu loturarik Enpresaren Ekonomiaren Ikerketa eta Garapenerako Emilio Soldevilla Fundazioaren eta laguntzaren esleipendunaren artean.
Zortzigarrena.– Enpresaren Ekonomiaren Ikerketa eta Garapenerako Emilio Soldevilla Fundazioari aurkeztu beharko zaizkio diru-laguntzak jasotzeko eskabideak. Posta ziurtatuz bidali beharko dira, helbide honetara:
Recalde zumarkalea 27, 3., 7. atea, 48009 Bilbao.
Egutegiko hamar egunekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.
Bederatzigarrena.– Eskabideekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira.
a) Ikertzaile nagusiaren eta ikertzaile laguntzaileen «Curriculum vitaeak»; bertan honako hauek adieraziko dira: dituzten merezimendu akademiko eta profesionalak eta burututako lan eta argitalpen zientifikoak. Behar bezala kreditatu beharko dira alegatzen diren merezimenduak.
b) Proiektuak aurretiaz diru-laguntza lortu badu, deialdi hartarako aurkeztutako agirien kopia.
c) Ikerketa-proiektuaren onarpena eta jaso dituen diru-laguntzak egiaztatzea.
d) Ikertzaile nagusiaren eta ikertzaile laguntzaileen NANen fotokopiak.
e) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta egotearen ziurtagiria edo lan-jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan burutzen dela egiaztatzen duen agiria.
Hamargarrena.– Aurkeztutako proiektuak ebaluatzeko, hauek hartuko dira kontuan: proiektua bere helburuari egokitzea, ontsa gauzatzeko proiektuak eskaintzen dituen bermeak eta, batik bat, ikerketa-taldeak aldez aurretik burutu dituen ikerketa-jarduerak.
Egoki iritziz gero, hautagaien merezimenduak hobeki baloratu ahal izateko eta ikerketaren helburua lortzeko egoki dela iritziz gero, hautagaiekin elkarrizketa bat egin daiteke, non proiektuaren defentsa egin baitezake hautagaiak.
Hamaikagarrena.– Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunaren biharamunetik egutegiko hamabost egunen barruan esleituko dira diru-laguntzak. Esleipenaren berri idatziz emango zaie esleipendunei.
Hamabigarrena.– Apelaezina izango da Enpresaren Ekonomiaren Ikerketa eta Garapenerako Emilio Soldevilla Fundazioaren Patronatuak laguntzak esleitzeari buruz hartuko duen erabakia.
Hamahirugarrena.– Esleipendunak diru-laguntza onartzeak oinarri hauetan ezartzen diren arauak ere onartu beharra dakar berekin.
Arauok bete ezean, galdu egingo dira laguntzari dagozkion eskubide ekonomikoak.
Hamalaugarrena.– Idatziz jakinarazi beharko da diru-laguntzari uko egin zaiola, eta horrek ekarriko du, batetik, une horretan igaro gabe dagoen epeari legozkiokeen eskubide ekonomiko guztiak galtzea, eta, bestetik, ukoa egin zen arte burututako ikerketa-lanaren edukia aurkeztu beharra.
Hamabosgarrena.– Diru-laguntzak emateari buruz ez bada idatziz ezer jakinarazten oinarri hauetan aurreikusitako epean, ezetsitzat joko da diru-laguntza.
Hamaseigarrena.– Diru-laguntza erabiltzeko epea hemezortzi hilabetekoa izango da, Fundazioak diru-laguntza eman eta hurrengo egunetik aurrera.
Bilbao, 2016ko abenduaren 20a.
Patronatuko lehendakaria,
ARTURO RODRÍGUEZ CASTELLANOS.